
28. zk., 2025eko otsailaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (225 KB - 13 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
660
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Ventaja Solar 8 SL enpresak sustatutako 3,614 MWp-ko FV Igebelar Solar proiektu tekniko-administratiboaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko uztailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Energiaren eta Meategien Zuzendaritzaren Arabako Ordezkaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan (gaur egungo Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan), ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egin zezan Ventaja Solar 8 SL enpresak sustatutako «3,614 MWp-ko FV Igebelar Solar proiektu tekniko-administratiboa» delakoari buruz, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin, eta betiere proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, zeina Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan baitago arautua.
Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko abuztuaren 13an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskineko 4. taldean biltzen diren proiektuei. Energiaren industria: j) Eguzki-energia baliatuta energia elektrikoa ekoizteko instalazioak, alde batera utzita I. eranskinean jasotzen direnak eta eraikinen estalki edo teilatuetan instalatuta daudenak, bai eta 5 ha baino gutxiagoko azalera dutenak ere, salbu eta 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte.
Proiektuak aurreikusten du energia fotovoltaikoaren instalazio berri bat jartzea Aiara eta Amurrio udalerrietako lurzoru urbanizaezinean, 3,83 hektareako azalerarekin, batasunaren intereseko habitatean (6510). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lur-eremu hori kontserbazio-egoera desegokian dago.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-agiria zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (lehengo Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak) ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txostenean, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluaziokoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, zeinaren bidez ezartzen den Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehaztekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, sektore publikoaren araubide juridikoarena eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Ventaja Solar 8 SLk sustatutako 3,614 MWp-ko FV Igebelar Solar proiektu tekniko-administratiboari dagokionez, honela:
A. Proiektuaren xedea da 3,614 MWp-ko instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, Igebelar Solar izenekoa.
B. Ebazpen honetan, zeinaren bidez txostena ematen baita 3,614 MWp-ko FV Igebelar Solar proiektu tekniko-administratiboak ingurumenean izango duen inpaktuari buruz, proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektua Amurrio eta Aiara udalerrien artean dago, Arabako landa-eremu batean, Amurrioko biztanlegunetik 530 metro mendebaldera, gutxi gorabehera.
Instalazio fotovoltaikoa jartzeko eremua 3,83 ha-koa da, eta 13,2 kV-ko lurrazpiko ebakuazio-linea bat izango du, Amurrioko TEAren Amurrio-Aiala Menagarai CTO-5eko 5. linearaino.
Instalazio fotovoltaikoak 3,4 MW-eko potentzia instalatua izango du. Instalazioaren ekoizpen espezifiko aurreikusia 1.211 kWh/kWp da, eta urtean guztira 4.377,52 MWh ekoitziko dituela aurreikusten da.
Instalazio fotovoltaikoa.
Instalazio fotovoltaikoak Longi LR5-72HIBD-540M modulu fotovoltaikoko 6.692 unitate izango ditu guztira, 540 Wp-ko gehieneko potentziakoak, eta bi aurpegiko eraikuntza eta zelula monokristalinoak izango ditu. Moduluak 239 string-etan multzokatuko dira (serieko 28 modulu), egitura finkoko mahaien gainean jarrita.
(Ikus .PDF)
Eguzki-modulu fotovoltaikoak ekialde-mendebaldera begira dagoen egitura baten gainean jarrita daude (mahai finkoa). Panel fotovoltaikoen euskarri den egiturari esker, hormigoia erabiltzea saihestu daiteke, baldintza arruntetan. Profilak zuzenean lurrean iltzatuta instalatuko da. Mahaien artean itzalik sor ez dadin, 9 metroko distantzia diseinatu da ipar-hego norabideko lerrokaduren artean.
Instalazioak egitura bakoitzeko 72, 48 eta 36 moduluko egitura finkoak ditu, instalazioaren eremu osoan banatuta. Kateak bloke edo azpi-instalazio bakoitzaren topologiaren arabera multzokatuko dira, eta horietako bakoitza inbertsore bati konektatuko zaio.
Potentzia proiektatua ebakuatzeko, 2.000 kVA-1.600 kVAko 2 transformazio-zentro instalatuko dira, 215 kVA-ko gehieneko potentzia duten 16 inbertsorerekin guztira. Transformazio-zentroaren zimenduak hormigoitu egingo dira.
Inbertsoreen bidez, modulu fotovoltaikoetatik datorren korronte zuzeneko energia behe-tentsioko korronte alternoko energia bihurtzen da; gero, transformazio-zentroan kokatutako transformadoreek erdi-tentsiora igotzen dute, zehazki 13,2 kV-era, lurpeko sare baten bidez sekzionamendu-zentroraino eramateko eta ondoren sarera konektatzeko.
Parkean sortutako energia ebakuatzeko linea elektrikoa.
«Igebelar» instalazio fotovoltaikoak baimena du Amurrioko TEAren Amurrio-Aiala Menagarai CTO-5eko 5. lineara sartzeko eta harekin konektatzeko, 9009 (2062969) eta 9010 (2097811) euskarrien artean. Beharrezkoa da linea horretan teleagindutako sekzionamendu-zentro bat instalatzea.
Energia instalaziotik ebakuatzeko, 13,2 kV-eko lurpeko zirkuitu elektriko bat joango da (ebakuazio-linea berria) sekzionamendu-zentro berriraino (2471491 SZ, «Igebelar Solar»), zeina Amurrioko udal-mugartean baitago. Ebakuazio-linearen luzera 485 metro ingurukoa da, eta horietatik 340 metro instalazioaren lurzatitik kanpo igarotzen dira, zati handi batean lehendik dagoen bide baten azpitik.
Sekzionamendu-zentroa hormigoi armatuzko inguratzaile monoblokea duen eraikin prefabrikatu bat da, kanpoko neurriak gutxi gorabehera 2.305 mm luze, 1.370 mm sakon eta 2.496 mm garai dituena. Sekzionamendu-zentroaren titularra I-DE Redes Electricas Inteligentes, SAU denez, proiektuak ez du barnean hartzen sekzionamendu-zentroaren eta aipatutako sarbide-puntuaren arteko ondorengo konexioa (9009 eta 9010 euskarrien artean aurreikusia); konexio hori, beraz, proiektu bereizi batean jorratuko da. SZaren kokapena, I-DEren irizpidearen arabera, bide publikotik bertara iristeko beharrak baldintzatuko du.
Beste ekipo batzuk.
Instalazioak datu meteorologikoak neurtzeko estazio bat izango du (instalazioan estrategikoki kokatuta egongo da), monitorizazio-sistemari eta egiturak kudeatzeko sistemari kontrolerako eta segurtasunerako beharrezkoak diren datuak hornitzeko.
Obra zibila.
Instalaziorako sarbidea A-624 errepidetik egingo da, lehendik dauden landa-bideetatik.
Instalazio fotovoltaikoaren barruko bideak ibilgailuak instalazioko eraikinetara eta inbertsoreetara sartu ahal izateko egingo dira. Barruko bideek (4 m zabal izango dira) ZA-20 zabor-legar artifizialezko 10 cm-ko lodierako oinarria izango dute, aukeratu den materialaren 20 cm-ko lodierako azpioinarri baten gainean.
Barneko zangak bideen ibilbideak aprobetxatuz egingo dira nagusiki.
Eraikinak.
Kontrol-zentroa (15 m2 eraiki) instalazio fotovoltaikoaren esparruaren barruan kokatuko da. Oinplano angeluzuzena izango du eta solairu bakarrekoa izango da, eta instalazioa behar bezala aritzeko eta mantentzeko beharrezkoa den ekipoa izango du (hainbat faktore neurtzeko pantailak, kontrolagailuak eta aire girotua, barruan tenperatura egokia ziurtatzeko).
Finkapenak, zimenduak eta kanalizazio elektrikoak.
Egiturak finkatzeko, horiek 1,5 metroko sakoneran tinkatuko dira, eremuaren azterketa geoteknikotik eratorritako lurraren erresistentzia oso txikia denean salbu; kasu horretan, hormigoizko dadoak erabiliko dira.
Hesiak masa-hormigoizko zapata gisa zimendatuko dira. Potentzia-estaziorako zimenduak egiteko, zimendatze-zangak jarriko dira potentzia-estazioaren noranzkorik luzeenaren alboen azpian.
Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda egiteko orduan, hesitik kanpo igarotzen diren erdi-tentsioko zangetarako zortasunak honako hauek erabiliz kalkulatu dira: 0,6 m zabal den afekzio iraunkor bat eta alde bakoitzean 3,6 eta 2 m dituen aldi baterako afekzio bat.
Perimetro-hesia.
Egungo proiektuaren arabera, hesiaren luzera guztira 850,04 metrokoa da. Instalazioaren esparru osoa itxitura zinegetiko batek babestuko du, eta itxitura hori 20/15 bilbea duen bihurdura bakuneko alanbre-sare galvanizatuarekin egingo da. Lurzorutik 15 cm-ko tartea utziko da gutxienez. Hesien gutxieneko altuera 1,5 metrokoa izango da.
Lineako zutoin metalikoek 48 mm-ko diametroa eta 1,5 mm-ko lodiera izango dute. Lurrean ainguratuta egongo dira, 30x30x50 cm-ko masa-hormigoizko zapatekin, eta 3 metroko distantziara jarriko dira gehienez. Sartzeko ateek, perimetroko itxituran jarriak, altuera-baldintza berak dituzte. Ateko zutoinen kasuan ere, idulkiak berdinak izango dira. Euste-hodi diagonalek 1,5 hatzeko diametroa eta 0,9 mm-ko lodiera izango dute.
Drainatzeak.
Parke fotovoltaikoaren drainatzea bermatzeko, bideekiko paraleloa den areka-sare bat egingo da jariatze-uretatik babesteko. Kasu horretan, arekek ez dute estaldurarik izango; 1H/1V-ko ezponda izango dute, metro bateko zabalera eta 0,4 metroko sakonera. Estaldura duten arekak jarriko dira luzetarako malda % 3koa baino handiagoa bada, eremuaren topografia xehatuaren arabera.
Lur-mugimenduak.
Lur-mugimenduak ura ez pilatzeko eta jariatze-urak errazago husteko moduan diseinatu dira, eta egituren artean desnibel handiak ez sortzeko moduan, haien artean itzalak sor baitaitezke.
Proiektu honetarako egituraren perdoiak honako hauek dira: gehieneko malda onargarria, iparraldetik hegoaldera, % 15; gehieneko malda onargarria, hegoaldetik iparraldera, –% 8 (beherantz, hegoaldera aldera); eta gehieneko malda onargarria, ekialdetik hegoaldera eta hegoaldetik ekialdera, % 15.
Alternatibei dagokienez, aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen ditu, batetik, 0 alternatiba edo «esku-hartzerik ez», eta, bestetik, energia ebakuatzeko linearako bi alternatiba (1. alternatiba, aireko soluzioa, eta 2. alternatiba, lurpeko soluzioa).
Eskurik ez hartzeko aukera alde batera utzi da, ez baita lagungarria 2030erako Euskadiko Energia Estrategian ezarritako klima-helburuak lortzeko.
1. eta 2. alternatibei dagokienez, energia ebakuatzeko aireko linea bat egitearen edo lurpeko linea bat egitearen artean, bigarren alternatibaren alde egin da. Energia ebakuatzeko linearako 2. alternatiba hautatu izanaren arrazoia da, hain zuzen ere, handik gertu bide bat dagoela eta haren azpian lurperatu daitekeela, ez diela eragiten ez Natura Sareari ez ibai-ibilguei, eta lursailak erabilgarri daudela.
Ingurumen-agirian, justifikazio gisa azaltzen da alternatiba horrek betetzen dituela eguzki-instalazio fotovoltaiko bat instalatzeko aldez aurreko baldintza teknikoak eta ingurumenekoak: ebakuazio-puntutik hurbil egotea, lurpeko ebakuazio-linea bat proposatzeko aukera egotea, eta eraginik ez izatea ibai-ibilguetan, Natura 2000 Sarean, flora- eta fauna-espezie sentikorretan eta kultura-ondareko elementuetan.
2.– Proiektuaren kokapena.
Instalazio fotovoltaikoa jartzeko eremuak 3,83 ha-ko azalera hartzen du Amurrio eta Aiara udalerrietako lurzoru urbanizaezinean, eta lurzoru hori nekazaritzarako erabiltzen da.
– Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareak babestutako naturagunerik, ezta inbentariatutako beste eremu babestu edo natura-intereseko eremurik ere, eta ez dago katalogatutako paisaia-balioko gunerik edo kalifikatutako edo inbentariatutako kultura-ondareko elementurik ere. Era berean, proiektuak ez du bat egiten EAEko igarobide ekologikoen sareko edo azpiegitura berdeko elementuekin, baina eremutik hurbil badago tokiko igarobide ekologiko bat. Interes naturaleko elementu hurbilena Gorobel mendilerroko eremua da, zeina EAEko Naturagune Garrantzitsuen Katalogo Irekian jasota baitago eta instalazio fotovoltaikotik 750 bat metrora kokatzen baita.
– GeoEuskadin jasotako informazioaren arabera, instalazio fotovoltaikoekiko sentikortasunean oinarrituta egin den EAEko lurraldearen zonakatzeari dagokionez, proiektuaren xede den eremua sentikortasun baxuko eremu gisa kalifikatuta dago. Sekzionamendu-zentroa sentikortasun handiko eremu baten aldirian dago, baina azalera oso txikia du eta bide baten ertzean dago.
– Instalazio fotovoltaikoan eta haren ebakuazio-instalazioetan (ebakuazio-linea eta sekzionamendu-zentroa) ez dago ur-ibilgurik.
– Proiektuaren afekzio-eremuaren barruan ez dago EAEko Interes Geologikoko Guneen Inbentarioan sartutako puntu edo lekurik.
– Instalazio fotovoltaikoak nekazaritzako lurrak hartzen ditu, gaur egun laborantzak direnak eta sailkapen hau dutenak: «Nekazaritzakoa nahiz Abeltzaintzakoa: Trantsizioko Landa Paisaia». Proiektuaren kanpoko ertzek badute eragin pixka bat EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak «Basoa-Mendi Barbana» gisa sailkatutako lursailetan. Lurpeko ebakuazio-linea berriak, sekzionamendu-zentroraino, bat egiten du «Basoa-Mendi Barbana» unitatearekin, baina lehendik dagoen bidea da. Proiektuak ez die eragiten balio estrategiko handiko lurzoruei.
– Landarediaren ikuspegitik, eta Eusko Jaurlaritzaren landarediaren eta habitaten 2007ko kartografiaren arabera (geoEuskadi), okupatuko den landaredia belardiak eta labore atlantikoak dira, eta bat datoz batasunaren intereseko habitatarekin (BIH) (6510 - Sega-belardi atlantikoak, larratu gabeak). Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemak (https://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/ac84aBuscadorWar/habitats/1102602?locale=eu) adierazten du «6510 Altitude baxuko sega-belardi txiroak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis)» BIHaren kontserbazio-egoera (2013-2018) desegokia dela unitate biogeografikoan.
– Ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen eremurik edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako eremurik ere. Ingurumen-agiriaren arabera, proiektuaren eremuan nekazaritza- eta abeltzaintza-izaerakoak diren eta gizakiak eraldatu dituen ekosistemetara egokitutako ugaztunak daude; oro har, tamaina ertaineko edo txikiko ugaztunak dira, hala nola satitsu arrunta (Crocidura rusula), hainbat murido (Mus sp.) edo mikrotinoak (Microtus sp.), baina jasotzen da untxiak eta azeri, erbinude edo katajinetaren bat eta saguzarrak aurkitzeko aukera ere. Gainera, baliteke azterketa-eremuan narrastiak aurkitzea, hala nola muskerrak eta sugandilak, edo sugeak (hegoaldeko suge leuna edo gorbataduna), baita anfibioak eta hegazti multzo handi bat ere, horien artean kutturlio arrunta (Galerida cristata) eta hegatxabal arrunta (Alauda arvensis), bai eta harrapariak ere: mirotz zuria eta mirotz urdina (Circus cyaneus/pygargus), eta, noizean behin, zingira-mirotza (Circus aeruginosus).
– Proiektuak ez du bat egiten kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariatuekin, eta ez du paisaia-balio inbentariatu edo katalogaturik ere, baina metro gutxira dago Zarobe Gainetik, hau da, tokiko interes historiko eta kulturaleko eremu batetik. Eremua ez dago biztanleguneetatik hurbil, baina etxebizitza isolatu batetik 100 metrora baino gutxiagora dago.
– Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egiten dira uholde-arriskua, sismikotasunarekin lotutakoa, higadura-arriskua eta sute-arriskua.
– Proiektuak ez du bat egiten kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzoruekin, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, hauek izango dira instalazioa eraikitzeak obra-fasean sortuko dituen inpaktu nagusiak: belar-sastrakak kentzearen ondoriozkoak, lur-mugimenduak, makinen joan-etorria, eguzki-panelei eusteko egituren instalazioa eta lurpeko instalazioak, lurzatiaren hesitzea, barneko bideak egiteko lanak; eta, lurzatitik kanpo, sekzionamendu-zentrorainoko ebakuazio-linea berria, eta eraikin osagarrien eraikuntza (transformazio-zentroak, kontrol-eraikina, eta, lurzatitik kanpo, sekzionamendu-zentroa).
Jarduketa horien ondorioz, galdu egingo dira batasunaren intereseko habitat gisa sailkatutako belardi-eremuak (6510), unitate biogeografikoan kontserbazio-egoera txarrean daudenak (2013-2018) eta, SIGPACen arabera, belardi naturaleko laborantzak direnak. Fase horretan bertan, behin-behinean eta toki jakin batzuetan, giza habitataren eta faunaren kalitatea murriztuko da, zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko direlako, obra-hondakinak sortuko direlako eta, kasu batzuetan, lur-soberakinak ere sortuko direlako.
Proiektuak eragindako ekologia- eta nekazaritza-produktibitatearen galerari dagokionez, uste da belardi-eremu okupatua txikia dela ukitutako udalerrietan erabilera horretara bideratutako eremu osoarekin alderatuta. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, instalazio fotovoltaikoa A motako zerbitzu-instalazio tekniko ez-lineala da. Instalazio hori ukitutako kategorietan instalatu ahal izango da (Nekazaritzakoa nahiz Abeltzaintzakoa: Trantsizioko Landa Paisaia eta Basoa-Mendi Barbana), baldin eta nekazaritza eta basozaintzako jardueran izango duen eragina aztertzen bada eta neurri zuzentzaileak hartzen badira, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialeko sektore-eragina ebaluatzeko protokoloan jasotzen den bezala (I. eranskineko D dokumentua, «Jarduketa-tresnak»). Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiko Iraunkortasuna, Nekazaritza eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Nekazaritza Zuzendaritzaren txostenak, I. eranskinean, proiektuaren nekazaritzako sektore-eraginaren ebaluazioa dakar, eta ondorioztatzen du ezen, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera, bateragarria dela proiektuak «Nekazaritzakoa nahiz Abeltzaintzakoa: Trantsizioko Landa Paisaia» gisa katalogatutako lurzoruan sortutako inpaktua. Horrez gain, nekazaritza-ustiategi bat identifikatzen du ukitutako gisa, eta adierazten du ziurtatu beharra dagoela haren bideragarritasuna.
Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioaren bizitza baliagarri osoan. Inpaktua lehengoratu ahal izango da epe luzera, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia izango du, eta lehengora itzuli ahal izango da, neurri zuzentzaile soil batzuk hartuta.
Etorkizuneko instalazioa hurbil egongo denez landa-bideetatik eta sortutako energia isurtzeko konexio-puntutik, ez dago zertan eraiki sarbide eta aireko linea berririk (ebakuazio-linea lurpetik joango da); horrenbestez, ez da egongo azpiegitura berriak eraikitzeari loturiko inpakturik.
Pentsatzen da ezen, ustiapen-fasean, eremu horretako jarduera antropikoa handitzeagatik (instalazio fotovoltaikoa kontrolatzeko/kudeatzeko) sortuko direla inpaktu nagusiak, eta, ondorioz, hondakin gehiago sortuko dela eta eragindako mugikortasuna handituko. Era berean, fase horretan, eragin negatiboa sor daiteke Zarobe Gaineko paisaian, tokiko interes historiko eta kulturaleko eremuan. Instalazioa ahalik eta gutxien ikus dadin, aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten da landare-pantaila bat jarriko dela, espezie autoktonoz osatua, A-624 errepidetik hurbilen dagoen eremuan.
Faunari dagokionez, instalazio fotovoltaikoak hartzen duen eremua eta ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, elikadura- eta bizi-eremu gisa nekazaritza-sailak erabiltzen dituen faunak ez du eragin handirik izango. Bestalde, perimetroko hesiek izan dezakete eraginik konektagarritasun ekologikoan, lurreko faunarentzat barrera bat direlako; beraz, iragazkorrak izan beharko dute, faunak zeharkatzeko modukoak.
Instalazioko elementuen artean, korronte-inbertsoreek eta transformadoreak zarata sor dezakete, 45 dB-tik beherako igorpenarekin, aurkeztutako dokumentazioaren arabera. Nolanahi ere, bizitegi-eraikin isolatu batetik 100 metrora baino gutxiagora egongo denez, instalazioak bete egin beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta 3,614 MWp-ko FV Igebelar Solar proiektu tekniko-administratiboari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Epigrafe hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Obrak egin aurretik, sasi-garbiketak eta lur-mugimenduak egingo diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, fauna aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatu, eta ez suntsitzeko.
– Hesitik kanpo utzi beharko dira 302. lurzatia (14. poligonoa, 2. barrutia) eta 597. lurzatia (4. poligonoa, 2. barrutia) (SIGPACen arabera), eremu horretan dagoen landarediaren ezaugarriak direla eta.
– Hesia gutxienez 5 metro atzera eraman beharko da mendebaldeko eta hegoaldeko perimetro osoan, han dauden heskaiak, mugak eta ezpondak babesteko.
– Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, eta modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira, tinkatze-metodoaren bidez, aztertu den dokumentazioan zehazten denari jarraikiz; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta haiek parke fotovoltaikoaren esparruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.
– Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, transformazio-zentroak, sekzionamendu-zentroa eta kontrol-zentroa egiten diren leku guztietan; landare-lur hori modu selektiboan kenduko da, eta lehengoratze-lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako eremuetan, lurzoruaren gainazaleko horizontea bere horretan utziko da.
– Gutxienez 10 euskarri zuzendu beharko dira elektrokuzioaren aurkako gailuekin, eta haien baoak ere bai, talken aurkako gailuekin. Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin adostuko da zein euskarri eta linea zuzenduko diren abifaunarentzako arriskuak minimizatzeko.
– Hesiaren argiak modua emango du fauna txikia sar dadin, hala nola karraskariak eta lagomorfoak (erbia, untxia).
– Inola ere ez da txarrantxarik jarriko, kalte egin baitiezaieke hegaztiei, bai eta hesiaren gainetik salto egiten duten ungulatuei ere (hala nola orkatzei eta oreinei), besteak beste.
– Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta hesi-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Hesia tinkatze bidez finkatuko da. Behealdean, sare-argi zabala jarriko da, hesi osoaren behealdea 20-30 cm goratuz eta 50 metroan behin katazuloak egokituz.
– Instalazioaren perimetroko hesiaren inguru osoan landare-pantaila bat jarriko da, ez soilik hesia estaltzeko, baizik eta faunak harekin talka ez egiteko, igarobide ekologikoak sortzeko eta fauna-espezieentzako habitat aproposak sortzeko.
– Landare-zerrendak gutxienez 5 metroko zabalera izango du hesiarekiko, eta espezie autoktonoak erabiliko dira, bai zuhaiztiak (unitate 1 9 m2-ko), bai zuhaixkak (unitate 1 4 m2-ko). Erkameztiaren serieko espezieak erabiltzea gomendatzen da (Quercus faginea, Sorbus aria, Crataegus monogyna, Ligustrum vulgare, Rosa spp., etab.).
– Proiektuak sortzen duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu egin beharko da, baldintza naturalei eusteko, eta, horrela, faunaren gaineko eragina nahiz gaueko zeruaren baldintzen gainekoa saihesteko.
– Panelak abifaunari deigarri ez gertatzeko eta instalazioaren eragin bisuala murrizteko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, are ilargi beteko gauetan ere.
– Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredi interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko. Alde horretatik, obrek eragindako belardiak landareztatzean, «6510 Altitude baxuko sega-belardi txiroak» BIHari dagozkion espezieak sartuko dira (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis).
– Sustatzaileak proposatutako landare-pantaila instalazioaren perimetro osoan jarriko da, eta 5 metroko zabalerako landare-zerrenda bat osatuko du, eite desberdineko zuhaixka- eta zuhaitz-espezieekin, apartatu honetan adierazitakoaren arabera, instalazio fotovoltaikoa ahalik eta gutxien ikus dadin. Eremuko egoera bioklimatikora egokitutako espezie autoktonoak erabili beharko dira.
– Erkamezti subatlantikoaren serieko espezieetako zuhaixkak landatuko dira plan bereziaren esparru osoan, zuhaixka horien presentziak panel fotovoltaikoen funtzionamendua oztopatzen ez duen eremuetan betiere.
– Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira.
– Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
– Ustiatze-fasean, instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, ahal dela, ardi-aziendaren larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen eremuko landaretza kontrolatzeko.
– Faunaren jarraipena: aipatutako neurriak betetzen direla egiaztatzeko, bisitak egingo dira hamabostean behin oro har, baina migrazio-garaian astean behin egingo dira, gutxienez lehen bi urteetan. Lehenengo urteetako emaitzen arabera, maiztasuna murriztu ahal izango da. Gainera, jarraipenaren metodologia zehaztu beharko da: kontrol-ibilbideak, instalazioan emandako denbora, kontrol mota (gorpuak bilatzea, abifaunaren mugimenduak aztertzea, etab.). Faunan adituak diren langile teknikoek egin beharko dute jarraipena.
Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.
– Energia ekoizteko instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu.
Landa-ingurunea babesteko neurriak.
– Ziurtatuko da ekonomikoki bideragarria dela SIGPAC 302 (14. poligonoa) eta 597 (4. poligonoa) lurzatien okupazioak erasandako nekazaritza-ustiategia (lurzati horien laborantza-eremua belardi naturala da).
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan balorizatzea lehenetsiko da, baita erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan ere. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, teilatupeko espazioetan biltegiratuko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kuboetan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
– Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Paisaia eta kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Faunaren jarraipena: aipatutako neurriak betetzen direla egiaztatzeko, bisitak egingo dira hamabostean behin oro har, baina migrazio-garaian astean behin egingo dira, gutxienez lehen bi urteetan. Lehenengo urteetako emaitzen arabera, maiztasuna murriztu ahal izango da. Gainera, jarraipenaren metodologia zehaztu beharko da: kontrol-ibilbideak, instalazioan emandako denbora, kontrol mota (gorpuak bilatzea, abifaunaren mugimenduak aztertzea, etab.). Faunan adituak diren langile teknikoek egin beharko dute jarraipena.
– Mendebaldeko eta hegoaldeko perimetro osoan, gutxienez 5 metroko tartean, espezie autoktonoak landatuko dira, lehen adierazi bezala, bertan dauden heskaiak, mugak eta ezpondak babesteko. Lehengoratze-proiektu bat aurkeztu beharko da, mantentze-lanak barne izango dituena, eta Natura Ingurunearen Zuzendaritzak baliozkotu beharko du.
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.
– Hondakinik ez isurtzea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuz eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak hartuko dira.
– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.
– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.
Jarduera etetea.
Jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzekoak, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako eremu guztiak leheneratu beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua egikaritzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Ventaja Solar 8 SL enpresak sustatutako 3,614 MWp-ko FV Igebelar Solar proiektu tekniko-administratiboari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzaren Arabako Ordezkaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 23a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS