
28. zk., 2025eko otsailaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (1224 KB - 17 orri.)
- EPUB (636 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
659
13/2025 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita ADIF-Alta Velocidad enpresa-entitate publikoarekin sinatutako hitzarmena, Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sarearekin lotzeko Arkautiko lotuneko (II. zatia) plataformaren eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak egiteko enkargua ematekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ADIF-Alta Velocidad enpresa-entitate publikoarekin sinatutako hitzarmena, Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sarearekin lotzeko Arkautiko lotuneko (II. zatia) plataformaren eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak egiteko enkargua ematekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 4KO 13/2025 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ADIF – ALTA VELOCIDAD ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOAREN ARTEKOA, GASTEIZEN TRENBIDEA INTEGRATZEKO ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TRENBIDE-SAREAREKIN LOTZEKO ARKAUTIKO LOTUNEKO (II. TARTEA) PLATAFORMAREN ERAIKUNTZA-PROIEKTUA IDATZI ETA OBRAK EGITEKO KUDEAKETA-GOMENDIOARENA
Vitoria-Gasteizen, 2024ko abenduaren 20an.
BILDUTA:
Alde aldetik, Susana García Chueca andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, kargu horretarako, IFZ: S0100001G duen zuzenbide pribatuko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoko presidentea eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburua izendatzeko Lehendakariaren ekainaren 24ko 30/2024 Dekretuaren bidez izendatu zen, Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bestetik, Luis Pedro Marco de la Peña jauna, Q-2802152-E duen ADIF-Alta Velocidad (ADIF AV) enpresa-erakunde publikoko presidentea, irailaren 17ko 936/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua kargu horretarako, abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuak onartutako ADIF-Alta Velocidaden Estatutuaren 23.1 eta 2 artikuluek ematen dizkioten ahalmenak erabiliz.
Aldeek, duten ordezkaritzan, agindu-hitzarmen hau formalizatzeko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri. Hori dela eta:
AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa duela interes komunitarioko herri-lanetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik igarotzen diren trenbideko eta lurreko garraioetan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatzeko, garatzeko eta planifikatzeko lanetan ere. Horrez gain, lurraldearen antolamendurako eta hirigintzarako eskumena du, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 25., 31., 32. eta 33. Idatz-zatietan adierazitakoaren arabera.
Bere eskumenak eta bere burua antolatzeko ahalmena baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, zuzenbide pribatuko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa sortzea erabaki zuen. Erakunde horren helburua da, besteak beste, lankidetza teknikoa ematea trenbide-garraioko azpiegiturak planifikatzeko eta programatzeko eta azpiegitura horiek eraikitzeko, kontserbatzeko, kudeatzeko eta administratzeko.
Bigarrena.– ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoa (aurrerantzean, ADIF AV), Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioari atxikitako erakunde publikoa da, nortasun juridiko propiokoa du, bai eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa eta ondare propioa ere, eta Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta hura garatzeko arauetan, estatutuan, aurrekontu-legerian eta aplikatzekoak diren beste arau batzuetan ezarritakoaren arabera arautzen da.
Bere eginkizunak betetzean, ADIF AVk kudeaketa-autonomiaz jarduten du, betiere kontuan hartuta interes publikoaren bermea, gizarte-premiei ahalik eta kalitate handienarekin erantzutea, erabiltzaileen segurtasuna eta trenbide-sistemaren eraginkortasun globala.
Erakunde horrek, abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren arabera Estatuko Administrazio Orokorrarekin edo beste administrazio publiko batzuekin hitzarmenak egin ahal izango ditu bere helburuak hobeto betetzeko.
Hirugarrena.– Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeko 6.1 artikuluaren arabera, trenbide-azpiegituren administratzaileei dagokie beren titulartasuneko trenbide-azpiegituren oinarrizko proiektuak eta eraikuntza-proiektuak onartzea eta eraikitzea.
Era berean, Trenbide Sektoreari buruzko Legearen 6.4 artikuluak ezartzen duenez, trenbide-azpiegituren administratzaileek, hitzarmen bidez, beste administrazio publiko batzuei, zuzenbide publikoko erakundeei eta administrazio horiei lotutako edo haien mendeko sozietateei agindu ahal izango dizkiete Interes Orokorreko Trenbide Sarean trenbideko obrak kontratatzeko ahalmenak, eta ez dute barne hartuko eraikuntza-proiektua onartzeko eman daitekeen agindua, eta horrek ez die eragingo obra gainbegiratzeko eta hartzeko eginkizunei.
Laugarrena.– Bestalde, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 47.2.a) artikuluak aurreikusten duenez, administrazio publikoek, erakunde publikoek eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko erakundeek sinatu beharreko hitzarmen-moten xedearen barruan, beste administrazio publiko, erakunde publiko edo lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko erakunde baten bitartekoak eta zerbitzuak erabili ahal izango dira eskumen propioak edo eskuordetuak baliatzeko.
Bosgarrena.– 2022ko otsailaren 9an, «Abiadura handiko trena Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbide Vitoria-Gasteizera sartzea bultzatzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta ADIF-Alta Velocidad Trenbide Azpiegituren Administratzailearen eta Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia Sozietatearen arteko Protokoloa» sinatu zen.
Bertan ezarritakoaren arabera, sinatzaileek adierazi zuten koordinaziorako oinarrizko printzipio hauek jarraitu nahi zituztela eremu hauetan:
– Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Vitoria-Gasteizko Udala elkarlanean arituko dira Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin, arin eta eraginkortasunez, Informazio Azterlan berriaren ingurumen-ebaluazioan ingurumen-dokumentazio osagarriari buruzko kontsultak ebazteko.
– Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak, ingurumen-izapideak amaitu ondoren, Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko informazio-azterlan berria onartuko du.
– ADIF AVk Vitoria-Gasteizko hirian trenbidea integratzeko oinarrizko proiektua idazteko lizitazioa egingo du, hiri-tartea eta Arkautiko lotunea aintzat hartuta. Oinarrizko proiektu horri esker, jarduketen oinarrizko baldintzak ezarri ahal izango dira, eta horiek gauzatzeko aurreikusitako aurrekontuak zehatzago definitu ahal izango dira. Trenbide ustiapenean eraginik ez duten Arkautiko lotuneko plataformaren obrak Eusko Jaurlaritzari aginduko zaizkio, eraikuntza-proiektuak idazteari eta obra horiek gauzatzeari dagokionez.
– Hitzarmen horretan jasotako konpromisoetan eta 2010eko protokoloaren ereduan oinarrituta, hitzarmen berria idatziko da, alde bakoitzak Vitoria-Gasteizko hirian trenbidea integratzeko proiektu orokorrean hartu beharreko betebeharrak zehazteko, integrazio-eragiketa global honen ondoriozko jarduera zehatzak finantzatu, antolatu eta gauzatzeari dagokionez.
– Sociedad Alta Velocidad Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia SAren (AVVGAH) sozietatearen estatutuak aldatu egingo dira denboran zehar Kapital Sozietateei buruzko Legean izan diren aldaketetara egokitzeko, eta bere xedea protokolo honetan planteatzen den integrazio-soluzioa kontuan hartuta doitzeko. Era berean, sozietatearen barruan beste agindu bat emango zaio Eusko Jaurlaritzari, trenbide-ustiapenean eraginik ez duten obra zibilei ekiteko, protokolokoaren azalpenaren V. puntuan deskribatutako hiri-tartearen eremuan, eraikuntza-proiektuen definizioan aurrera egin ondoren.
Seigarrena.– «Abiadura handiko trena Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbidea Vitoria-Gasteizera sartzea bultzatzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vitora-Gasteizko Udalaren eta ADIF – Alta Velocidad Trenbide Azpiegituren Administratzailearen eta Alta Velocidad Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia Sozietatearen arteko Protokoloa» izenekoan adierazitakoaren babesean, abiadura handia Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbide Vitoria-Gasteizen sartzea sustatzeko, 2019ko uztailaren 3an, orduko Sustapen Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak «Trenbidea Vitoria-Gasteizen integratzeari buruzko informazio-azterlana» behin-behinean onartzea erabaki zuen, eta jendaurreko informazio eta entzunaldi-prozesuari ekin zion (2019ko uztailaren 5eko BOE, 160. zk.).
Zazpigarrena.– «Abiadura handiko tren Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbidea Vitoria-Gasteizera sartzea bultzatzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, ADIF-Alta Velocidad Trenbide Azpiegituren Administratzailearen eta Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia Sozietatearen arteko Protokoloa» izenekoan adierazitakoaren babesean, abiadura handia Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbidea hirian integratzea sustatzeko, 2020ko otsailaren 17an, orduko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak, sustatzailea eta organo substantiboa den aldetik, «Trenbidea Vitoria-Gasteizen integratzeari buruzko informazio-azterlanaren» Kalitate eta Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendaritza Nagusiari bidali zion eta erregistratu zuen.
Zortzigarrena.– ADIF AVk «Abiadura handiko trena Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbidea Vitoria-Gasteizera sartzea bultzatzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, ADIF – Alta Velocidad Trenbide Azpiegituren Administratzailearen etaVitoria-Gasteizko Abiadura Handia Sozietatearen arteko Protokoloa» izenekoan adierazitakoaren babesean, abiadura handia Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbide hirian integratzea sustatzeko, eta informazio-azterlanean oinarrituta «Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko, lurperatzeko eta Arkautiko lotunerako oinarrizko proiektuaren» lizitazioan egin zuen, 24 hilabeteko epearekin (2022ko martxoaren 3ko BOE, 53. zk., 2022ko martxoaren 3koa).
Bederatzigarrena.– Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitate eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko martxoaren 4ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-izapidetzea amaitu zen, «Trenbidea Vitoria-Gasteizen integratzeari buruzko informazio-azterlanaren» ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin (2024ko martxoaren 15eko BOE, 66 zk.).
Hamargarrena.– Egungo Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiaren 2024ko ekainaren 14ko Ebazpenaren bidez, «Trenbidea Vitoria-Gasteizen integratzeari buruzko informazio-azterlana» jendaurrean jartzeko espedientea onartzea eta entzutea eta azterlana behin betiko onartzea ebatzi zen (BOE, 150 zk., 2024ko ekainaren 21ekoa).
Behin betiko onartutako soluzioa Vitoria-Gasteizera sartzeko 1. Tarterako pantailen arteko eraikuntza-aukeran eta Arkautiko lotuneko 2. Tarterako ekialdeko aukeran oinarrituta garatuko da. Informazio-azterlan honek 2012ko otsailaren 29an onetsitakoa ordezten du («Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko proiektuaren informazio-azterlana», 2012ko martxoaren 17ko BOE, 66. zk.), salbu eta azken horren hasierako zatian «Burgos-Gasteiz abiadura handiko linearen proiektuari buruzko informazio-azterlana» izenekoarekin lotzen denetik (2022ko urtarrilaren 8ko BOE, 7. Zenbakian, behin betiko onartua) Iruña Oka inguruan Jundiz inguruko informazio-azterlan honen 0+000 KPra arte. Horrek, indarrean jarraituko du.
Hamaikagarrena.– «Abiadura handiko trena Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbidea Vitoria-Gasteizera sartzea bultzatzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta ADIF-Alta Velocidad Trenbide Azpiegituren Administratzailearen eta Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia Sozietatearen arteko Protokoloa» izenekoan adierazitakoaren babesean, abiadura handiko trena Vitoria-Gasteizera iristea eta trenbidea Vitoria-Gasteizera sartzea sustatzeko, ADIF AVk Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko, lurperatzeko eta Arkautiko lotunean sartzeko oinarrizko proiektua idatzi du. Proiektu horrek 1.122,16 M €-ko zenbatekoa du, BEZik gabe, eta obra guztiak egiteko 8 urteko epea beharko da. Bertan jasotzen da jarduketa hiru tartetan izapidetuko dela:
– I. tartea: Vitoria-Gasteizko lurperatzea (10 km-ko luzera). Vitoria-Gasteiz zeharkatzen duen egungo trenbide-korridorearen azpian trenbidea lurperatzea jasotzen du, gehienak hiri-lurretatik. Vitoria-Gasteizko geltokia lurperatzea barne hartzen du, Abiadura Handia hirira iristea ahalbidetzen duen eraikuntza berria sortuz. Era berean, libre utzitako eremuaren urbanizazioa sartzen da, iparraldearen eta hegoaldearen artean hiria iragazkor bihurtuz eta herritarrentzako espazioak sortuz.
– II. tartea: Arkautiko lotunea (10,7 km). EAEko abiadura handiko linea eta herrialdeko gainerako abiadura handiko linea modu eraginkorrean konektatzeko aukera ematen du.
– III. tartea: Altsasurekiko lotura eta aldagailua (2,4 km-ko luzera). Plataforma berria dagoen linearekin konektatzeko aukera ematen du. Zabalera-aldagailu bat egitea barne hartzen du, Altsasutik abiadura handiko euskal lineara trenak UIC zabalaren igarotzea ahalbidetzen duena.
Hamabigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkotzat jotzen du Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko helburuari ekarpena egitea eta, helburu horrekin, Vitoria-Gasteizko trenbidea Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berrian (ETSB) integratzeko Arkautiko lotuneko (II. tartea) plataformaren obren proiekzioan, gauzatzen eta zuzendaritza fakultatiboan inplikatzeko borondatea adierazten du, interes orokorreko obra horiek egitea Estatuko Administrazio Orokorrari dagokiola eta, azkenik, horretara behartzen duela aitortuta, ADIF AV enpresa-erakunde publikoaren bitartez, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legeko 23.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hamahirugarrena.– Aurretik azaldutakoaren arabera, ADIF AV enpresa-erakunde publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak komenigarritzat jotzen dute, eraginkortasun- eta egokitasun-arrazoiengatik, eta Trenbide Sektorearen Legearen 6.4 artikuluan aurreikusitako espezialitatearen babesean, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, hitzarmen bat sinatzea. Horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari agintzen zaio Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko II. Tartea eraikitzeko eta Arkautiko lotuneko plataformaren obrak egiteko proiektua idazteko eta gauzatzeko.
Horregatik guztiarengatik, ADIF AV enpresa-erakunde publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak agindu-hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko lotuneko (II. tartea) plataformaren obrak egiteko eta eraikitzeko proiektua idazteko, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Agindu-hitzarmenaren xedea.
1.1.– Hitzarmen honen xedea da, Trenbideen Sektoreari buruzko Legearen 6.4 artikuluan xedatutakoaren babesean, ADIF AVk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emandako agindua artikulatzea, administrazio autonomiko horren baliabide eta zerbitzuak erabiliz, eraikuntza-proiektua lizitatzeko eta idazteko behar diren jarduerak egin ditzan, eta, era berean, Arkautiko lotuneko plataformaren obrak (II. tartea) lizitatu eta egikaritu ditzan, Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko, I. eranskineko planoan adierazitako eremuaren mugaketaren arabera; orobat, obra horien zuzendaritza fakultatiboa, segurtasun- eta osasun-zerbitzuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin lotzeko behar den beste edozein zerbitzu.
ADIF AVk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emandako aginduak ez du, inola ere, eraikuntza-proiektua onartzea barne hartuko, ezta horietan egin daitezkeen aldaketak ere, eta ez du eraginik izango obra gainbegiratzeko eta hartzeko eginkizunetan. Eginkizun horiek ADIF AVrentzat erreserbatuta geratuko dira, Trenbide Sektorearen Legearen 6.4 artikuluan horretarako berariaz aurreikusitakoaren arabera.
1.2.– Administrazio honek zuzenean edo zuzenbide pribatuko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bidez ekin ahal izango die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari agindutako jarduketei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunak hala erabakitzen badu. Erakunde hori Mugikortasun Jasangarriaren Sailari atxikita dago gaur egun.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunak dagokion erabakia hartu ondoren, ulertuko da Agindu-hitzarmen honek Administrazio hori aipatzen duen lekuan Euskal Trenbidea Sare (ETS) erakundeari buruz ari dela.
Bigarrena.– Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko lotuneko plataformaren (II. tartea) eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak egiteko beharrezko jarduketen agindua.
2.1.– Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legeak 6.4 artikuluan xedatutakoaren babesean, ADIF AVk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uzten du Arkautiko lotuneko plataformaren (II. tartea) eta Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko obren proiektu- eta egikaritze-faseak garatzeko azterlana, eraikuntza-proiektua eta obrak gauzatzeko, obrak idazteko kontratazioari dagozkion ahalmenak erabiltzea, bai eta horien zuzendaritza fakultatiboa, segurtasun- eta osasun-zerbitzuak eta obra-zuzendaritzari laguntzeko beharrezkoa den beste edozein zerbitzu ere. Administrazio autonomikoak bere gain hartuko ditu, ADIF AVren eskumenekoak izanik, kontratazio publikoari buruzko legeriak proiektua idazteko, obrak gauzatzeko eta obrak zuzentzeko kontratazio-organoari esleitzen dizkion ahalmenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kontratatu eta bere gain hartuko du Arkautiko lotuneko (II. Tartea) plataformaren eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak egiteko ardura, Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko. Hori guztia, faseak gauzatzeko eta obrak egiteko azterlanean horretarako ezartzen denarekin bat etorriz.
Proiektua idazteko eta obrak gauzatzeko faseen azterlana ADIFek eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak onartu beharko dute.
Obra horiek gauzatzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra arduratuko da, Arkautiko lotuneko plataformaren (II. tartea) eta Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko obren eraikuntza-proiektuan sor daitezkeen aldaketak idazteaz. Hala ere, Trenbide Sektoreari buruzko 6.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ADIF AVk proiektuaren balizko aldaketak teknikoki onartzeko erantzukizunarekin jarraituko du, bai eta obrak gainbegiratzeko eta hartzekoarekin ere. Funtzio horiek sektore publikoko kontratuen legeriak zehazten dituen moduan eta epeetan egiaztatu behar dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eska dakizkioke, hitzarmen honen arabera bere erantzukizun-eremuaren barruan, eta, ondorioz, ADIF AVri ere bai, azken batean, berandutzerik edo/eta erantzukizunik ez izateko.
Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko lotuneko (II. tartea) plataformaren obrak eraikitzeko proiektuaren balizko aldaketak onartzeko, eta obrak gainbegiratzeko eta hartzeko, ADIF AVk behar adina giza baliabide erabiliko ditu, obrek kontratuaren egikaritze arruntean eraginik izan ez dezaten, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen barruan.
2.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak obrak zuzendaritza fakultatiboa, segurtasun- eta osasun-zerbitzuak, eta obren zuzendaritzari laguntzeko beharrezkoa den beste edozein zerbitzu, hala nola, ingurumen-zerbitzuak, kalitate-auditoretzak, eta abar, zuzenean edo hirugarrenak kontratatuz landuko ditu, sektore publikoko kontratuei buruzko legeriak zehazten duen moduan.
2.3.– Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko lotuneko (II. tartea) plataformaren obrak eraikitzeko proiektuaren faseen garapenaren azterlanean hasiera batean aurreikusitako kostu horiek 146,33 milioi euro gehi BEZa balioetsi dira, agindu-hitzarmen honen hirugarren klausulan eta II. eranskinean jasotakoaren arabera. Zenbateko horrek ez ditu barne hartzen desjabetzeen kostuak, behin betikoak edo aldi baterakoak izan, ADIF AVk zuzenean hartu eta ordainduko baititu, Hitzarmen honen irismenetik kanpo.
Era berean, aipatutako zenbatekoak ez ditu barne hartzen trenbidearen gainegiturako obren proiektua idazteko eta obrak gauzatzeko hasieran aurreikusitako kostuak, ez eta eragindako zerbitzuak berrezartzeko kostuak eta ingurumen-integrazioko, segurtasuneko eta osasuneko kostuak ere. Hori guztia 34,67 milioi euro gehi BEZa izango da, III. eranskinaren arabera, eta ADIF AVk ordainduko ditu zuzenean, hitzarmen honen irismenetik kanpo.
2.4.– Behin Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko plataformaren (II. tartea) eraikuntza-proiektua idazteko lanak amaituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ADIF AVri emango dio obra hori, gainbegiratu eta onar dezan, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko plataformaren (II. tartea) eraikuntza-proiektua gainbegiratzeko eta onartzeko, ADIF AVk behar adina giza baliabide erabiliko ditu, obra horiek kontratuaren egikaritze arruntean eraginik izan ez dezaten, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen barruan.
2.5.– Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekiko (ETSB) lotzeko Arkautiko (II. tartea) plataformaren obrak amaitu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aktiboak entregatuko dizkio ADIF AVri, obrak jasotzearen aktaren bidez. Akta hori, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren behar besteko baimena duten kideek sinatuko dute, eta, bestetik, ADIF AVren behar besteko baimena duten kideek, bai eta obren zuzendaritzaz arduratuko den fakultatiboak eta obren kontratistak ere. Akta horrekin batera, beharrezko agiriak eta ziurtagiriak aurkeztuko dira, entregatutako aktiboa ADIF AVren inbentarioan sartu ahal izan dadin. Hori guztia, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren Zerbitzu eta Obren Ikuskaritza Orokorraren eskumenak eta eginkizunak alde batera utzi gabe, abenduaren 26ko FOM/2564/2014 Aginduaren arabera. Nolanahi ere, ziurtatuko da horrek ez diola eragingo kontratua behar bezala gauzatzeari, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen barruan. Horretarako, aldeek, seigarren klausulan aipatutako Jarraipen eta Koordinaziorako Batzordean, onartuko dituzte ezarri beharreko jarraipen- eta koordinazio-prozedurak eta -tresnak.
2.6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak obrak zuzentzeko, ikuskatzeko eta zaintzeko lanak egingo ditu obrak jaso arte, eta kontratazio-organoaren berezko prerrogatibak gauzatuko ditu. Zeregin horien artean daude:
– Kontratatutako aseguru-polizak horiek egikaritzean sortzen diren kontratu-gorabeheretara egokitzen diren ala ez kontrolatzea, bai eta estaldurak mantentzea eta berritzea ere, formalizatutako kontratuak indarrean dauden bitartean.
– Eraikuntza kudeatzea, obra zibilak zuzentzea, aholkularitza espezializatuak identifikatzea eta zuzentzea, obrek sortutako kalteak eta eragindako zerbitzuak kudeatzea, eta obra horietan sortzen diren gainerako gorabeherak.
– Beste erakunde batzuekiko kudeaketak eta koordinazioa; kaltetuen erreklamazioak ebaztea eta ezkutuko akatsak eskatzea, eta hitzarmen hau sinatu duten administrazioei horien agerpenaren eta hartutako neurrien berri ematea.
– Kontratistak erreklamazioak ebatziko ditu, halakorik gertatuz gero, eta hitzarmen hau sinatu duten administrazioei jakinaraziko die erreklamazio horiek egon direla eta nola ebatzi diren.
Hirugarrena.– Agindutako jarduketen ondoriozko kostuak eta gastuak.
3.1.– Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko plataformaren (II. tartea) plataformaren obrak egiteko eta obrak egiteko proiektu- eta egikaritza-faseak gauzatzeko azterlana idazteko kostu osoa, obren zuzendaritza fakultatiboa, segurtasun- eta osasun-zerbitzuak eta obra-zuzendaritzari laguntzeko beharrezkoa den beste edozein zerbitzu barne, hau da:
(Ikus .PDF)
3.2.– ADIF AV enpresa-erakunde publikoak Estatuaren Aurrekontu Orokorretan urtero integratzen diren Ustiapen eta Kapital Aurrekontuetan sartuko ditu proiektua idazteko, lantzeko eta, hala badagokio, aldatzeko kostuei dagozkien zenbatekoak, bai eta Arkautiko lotunean (II. tartea) Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) eta horien zuzendaritza fakultatiboarekin lotzeko lanak gauzatzearen kostuak ere, agindutako jarduketak gauzatzen amaitu arte.
3.3.– Arestian aipatutako zenbatekoak zenbatetsitako zenbatekoak dira, eta, hala badagokio, eraikuntza-proiektua idatzi eta behin betiko onartu ondoren sortzen den behin betiko aurrekontuak, esleipen-bajek, laguntza tekniko osagarriek, prezioen berrikuspenek, aldatutakoek eta, oro har, kontratuen garapenean gerta daitezkeen gorabeherek eragingo diete. Beraz, horiek handitzea beharrezkoa bada, agindu-hitzarmen hau zortzigarren klausulan aurreikusitakoaren arabera aldatu beharko da.
Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko lotuneko (II. tartea) plataformaren obrak eraikitzeko eta egikaritzeko proiektuaren eta obren egikaritzearen faseen garapen-azterlana idazteko kostuen urteko banaketa gutxi gorabehera jasotzen da agindu-hitzarmen honen IV. eranskinean.
Laugarrena.– Agindutako jarduketen finantzaketa.
4.1.– Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko Arkautiko plataformaren (II. tartea) plataformaren obrak egiteko eta obrak egiteko proiektu- eta egikaritze-faseak, garapen-azterlana idazteko gastuak, horien zuzendaritza fakultatiboa, bai eta, agindu-hitzarmen honen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egin dituen segurtasun- eta osasun-zerbitzuen kontratuei eta obra-zuzendaritzari laguntzeko beharrezkoa den beste edozein zerbitzuri dagozkien gastuak ere gauzatzeko lanak ADIF AVk ordainduko ditu. Ordainketa, hirugarren klausulan zenbatetsitako eta aurreikusitako zenbatekoen arabera eta IV. eranskinean aurreikusitako urteko kopuruekin bat etorriz egingo du ADIF AVk, bere aurrekontuen kontura, eta horrela sartuko da Estatuko Aurrekontu Orokorretan urtero txertatzen den Ustiapen eta Kapital Aurrekontuetan.
Nolanahi ere, urteko ordainketek ezin izango dute gainditu gauzatutako proiektu edo/eta obra osoaren kostua, kontratazio-organoak ordaindutako ziurtagirien arabera.
Aginduaren xede diren jarduketak gauzatzeko aldi baterako birprogramatu behar izanez gero, Jarraipen eta Koordinazioko Azpibatzorde Teknikoak dokumentu honen IV. eranskinean ezarritako zenbatekoen urteko banaketa berregokitzea erabaki ahal izango du, 3.1 klausulan jasotako guztizko zenbatekoa gainditu gabe. 3.1 klausulan jasotako zenbatekoak gainditzea beharrezkotzat jotzen bada, hitzarmena aldatzeko gehigarri bat izapidetu beharko da aldez aurretik, seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen eta Koordinazioko Azpibatzorde Teknikoak proposatuta.
4.2.– Aurreko 1. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, dagozkion zenbatekoak ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta ETSk hilero faktura egingo du, azken hilabetean egindako lanen zerrenda baloratua eta ziurtagiria euskarria dituela. Zerrenda hori obren proiektuari eta egikaritzeari eta zuzendaritza fakultatiboari dagokie, bai eta segurtasun- eta osasun-zerbitzuen kontratuei dagozkien gastuei eta obra-zuzendaritzari laguntzeko beharrezkoa den beste edozein zerbitzuri ere. Hori guztia aurreko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera zehaztuko da. Faktura lege hauetan ezarritako epeen barruan ordainduko da: 3/2004 Legea, abenduaren 29koa, merkataritza- eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituena, eta lege horren ondorengo aldaketak: 15/2010 Legea, uztailaren 5ekoa, eta 4/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, ekintzaileei laguntzeko eta enpleguaren sorrera eta hazkundea suspertzeko neurriei buruzkoa.
Bosgarrena.– Desjabetzeak.
ADIF AVk eskuratuko ditu eraikuntza-proiektua idazteko behar diren lurzoruak (datuak hartzeko eta proiektua egiteko behar diren prospekzioak egiteko lurrak aldi baterako okupatzea), bai eta Arkautiko lotunean (II. tartea) Vitoria-Gasteizen trenbidea integratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriarekin (ETSB) lotzeko plataformaren obrak egiteko behar direnak ere, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean eta Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako izapideekin eta prozedurekin bat etorriz.
Seigarrena.– Hitzarmenaren jarraipena eta kudeaketa.
6.1.– Jarraipen- eta Koordinazio-batzorde bat eratuko da, agindu-hitzarmen honetan norbere gain hartutako betebeharrak betetzen direla zaintzeko eta hitzarmenaren edukia betearazten dela bultzatzeko, bai eta hura gauzatzeak sor ditzakeen zalantzak argitzeko ere. Batzorde hori ADIF AVk izendatutako bi ordezkarik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatutako bi ordezkarik osatuko dute.
ADIF AVren ordezkarietako bat izango da batzordeburua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkarietako bat idazkaria. Azken horrek hitza eta botoa izango ditu.
Batzordeak aho batez hartuko ditu hartu dagozkion erabakiak, administrazio bakoitzari eskumenei kalterik egin gabe, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Hitzarmen honen jarraipena eta koordinazioa egiteko prozedurak eta tresnak onartzea.
b) Hitzarmen honetan jasotako jarduketen jarraipena egitea.
c) Hitzarmen honetatik eratorritako betebeharrak betetzen direla zaintzea.
d) Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sortzen diren zalantzak eta eztabaidak ebaztea.
e) Prozesuan parte hartzen duten beste administrazio eta eragile batzuekin eta, bereziki, Trenbide Segurtasuneko Estatuko Agentziarekin (AESF) beharrezko koordinazioa sustatzea, agindu-hitzarmenaren helburuak lortzeko beharrezkotzat eta egokitzat jotzen diren ekintza guztiak garatuz.
f) Agindu-hitzarmen honen xede diren lanak egiteko ezartzen diren epeak betetzen direla zaintzea.
Jarraipen Batzorde hori, gutxienez, urtean behin bilduko da, edo, hala badagokio, hitzarmena sinatu duten aldeetako edozeinek eskatuta. Bileraren deialdia idatziz egingo da, gutxienez 48 ordu lehenago, eta aztertu beharreko gaien zerrenda eta horiei buruzko dokumentazioa erantsiko dira. Nolanahi ere, aldeen intereseko beste edozein gai eztabaidatu ahal izango da.
Batzorde horretan parte hartzen duten administrazioetako teknikariak sartu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, bai eta, hala badagokio, hitzarmen honen helburuak betetzeko komenigarritzat jotzen diren beste organismo edo erakunde batzuetako ordezkariak ere.
Batzordea behar bezala eratzeko, Batzordeburua, Batzordeko idazkaria eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ordezkari bat bertaratu beharko dira.
Kide anitzeko organo honen funtzionamendurako arautu ez den guztiari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautuko du.
6.2.– Era berean, Jarraipen eta Koordinaziorako Azpibatzorde Tekniko bat sortuko da, ADIF AVk izendatutako 2 ordezkarik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatutako 2 ordezkarik osatua. Azpibatzorde horren funtzionamendu-araubidea eta erabakiak hartzeko araubidea Jarraipen eta Koordinazio Batzordearentzat aurreikusitako bera izango da, paragrafo honetan jasotzen diren espezialitateekin, eta hauek izango dira bere eginkizunak:
a) Lanean jarraipena egiteko programa bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izapidetu behar dituen kontratazio-espedienteen administrazio-izapidetzean eraginik izan gabe.
b) Eraikuntza-fasea koordinatzea, eta obrak onartzen den eraikuntza-proiektura egokitzen direla bermatzea.
c) Desjabetze-prozesuen egoerari buruzko txostena egitea.
d) Proiektua eta obrak egokitzeko proposamena egitea, ADIF AVk onar dezan.
e) Beharrezkoa izanez gero, agindu-hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren denbora-programazioaren aldaketa berrikusi eta onartzea, bai eta horri lotutako urteroko ekonomikoak ere, betiere urterokoen horrek hitzarmenean jasotako zenbatekoen gehikuntza ekonomikorik ez badakar, ez eta hitzarmenaren indarraldia luzatzea ere.
f) Beharrezkoak diren Hitzarmenaren balizko aldaketen izapidetzea sustatzea, Hitzarmena aldatzen duten Gehigarrien bidez.
Jarraipen eta Koordinazioko Azpibatzorde Teknikoa gutxienez hiru hilean behin bilduko da, edo, beharrezkoa izanez gero, aldeetako edozeinek proposatuta. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan araututako kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da haren funtzionamenduan.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen hau sinatzen denean perfekzionatuko da, eta balio eta eraginkortasun osoa izango du Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen den unetik. Era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratuko da; hori guztia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta, era berean, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 32.1 eta 33 artikuluetan ezarritako publizitate-araubidea errespetatuz.
Hitzarmenaren indarraldia Hitzarmenean aurreikusitako jarduketak gauzatu ondoren amaituko da, aldeek ez badute akordiorik lortu edo hitzarmena ez dela bete salatu ez bada. Nolanahi ere, Hitzarmen honek gehienez hamar urteko iraupena izango du, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 138. xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera. Hala ere, epe hori amaitu aurretik, sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute beste zazpi urtera arte luzatzea, 138. xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldaketa eta iraungipena.
Hitzarmen hau aldatzeko, aldeek aho batez adostu beharko dute, dagokion aldarazpen- gehigarria sinatuz. Administrazio eta erakunde publiko sinatzaileen ekarpen ekonomikoak izapidetzeko eta formalizatzeko, jarduketen kostuak zehatz mehatz ezagutu ondoren, beharrezkoa izanez gero, behar diren gehigarri aldarazleak sinatuko dira, arlo horretan indarrean dagoen legeriaren arabera, eta bertan jasoko dira esku hartzen duten administrazio eta erakunde publikoek beren gain hartu behar dituzten finantza-betebeharrak eta kontraprestazioak.
Agindu-hitzarmen hau bertan jasotako jarduketa guztiak betetzeaz edo amaitzeaz gain, hitzarmena suntsiarazteko arrazoi hauetakoren batengatik ere azkenduko da:
– Hitzarmenaren indarraldia amaitu eta berau luzatzea erabaki ez bada.
– Agindutako jarduketak hitzarmen honetan itundutako baldintzetan egitea ezinezkoa bada.
– Bi aldeak ados jarrita, behar bezala jasota utziz horretarako egindako dokumentuan.
– Sinatzaileetako edozeinek Hitzarmen honetan ezarritako betebehar zehatzak ez betetzeagatik, aldez aurretik idatzizko jakinarazpen fede-emailearen bidez jakinarazita, eta kaltea jasan duen aldeak gutxienez hilabeteko aurrerapenarekin eginda. Horretarako, balizko ez-betetzea gertatzen den unean kaltetuak izan ditzakeen kalte-ordainak zehazteko irizpidetzat ezartzen dira.
– Hitzarmen honen deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.
– Hitzarmen honen edukia urratzen duten legedi-aldaketak.
– Helburua betetzea eragozten duten ezinbesteko kasuetan.
Hitzarmenaren xede diren jarduketak amaitzea ez den beste arrazoiren batengatik azkentzen bada, aldeek, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak proposatuta, egokitzat jotzen dituzten jarduketekin jarraitzeko eta amaitzeko baldintzak adostu ahal izango dituzte, eta amaitzeko epe luzaezina ezarriko dute. Epe hori igarotakoan, jarduketen likidazioa egin beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hitzarmena edozein arrazoirengatik suntsiarazita, alde guztiek berau iraungi aurretik sortutako eskubide eta betebehar guztiak likidatu eta beteko dituzte, hitzarmena azkentzearen ondoriozko eskubideak eta betebeharrak alde batera utzi gabe, legearen edo hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Datu pertsonalak.
Alde sinatzaileak behartuta daude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua betetzera. Erregelamendu hori datu pertsonalen tratamendua eta datu horien zirkulazio librea errespetatzeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta indargabetu egiten ditu 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta unean-unean datuen babesaren arloan aplikatzekoa den gainerako araudia.
Hamargarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
Hitzarmen hau Trenbide Sektorearen Legearen 6.4 artikuluan aurreikusitako aginduetako bat da, administrazio-izaerakoa, eta indarrean dagoen administrazio araudiaren mende egongo da. Bertan aurreikusten ez den guztirako hauek aplikatuko dira: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea edo haren ordezko legeria.
Aldeek adosten dute Jarraipen eta Koordinazioa Batzordeak ebatziko dituela hitzarmen hau interpretatzean edo/eta betetzean sor daitezkeen arazoak.
Hitzarmen hau interpretatzean edo/eta betetzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan sartuko dira.
Eta, ados daudela adierazteko, agiri honen bi ale sinatzen dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,
SUSANA GARCÍA CHUECA.
ADIF AVko presidentea,
LUIS PEDRO MARCO DE LA PEÑA.
RSS