Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2025eko otsailaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
637

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 30ekoa, Trafikoko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean, zinemometroen osagarri moduan, irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko gailuak instalatzea eta erabiltzea baimentzen duena, trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu.

Esperientziak erakutsi du trafikoaren kontrol-, erregulazio-, zaintza- eta diziplina-helburuetarako zinemometroak erabiltzea metodo eraginkorrenetako bat dela, zirkulazio-abiadura biderako ezarritako mugen barruan manten dadin lortzeko. Era berean, A-15eko San Prudentzio eta Belabieta tuneletako obretan Trafikoko Sistema Adimendunak erabili ziren eta argi geratu da horiek erabiltzea neurri egokia eta onuragarria izan zela.

Oraingo honetan, A-15 autobideko Gorosmendi (Donostiaranzko hodia) eta Oindolar (Iruñeranzko hodia) tuneletan estaldura indartzeko eta instalazioak egokitzeko obrak hasi direnez, bi hodi horietan ibilgailuen zirkulazioa eten da eta obra egiten ari ez den hodian bypass bat egin da bi norabideko zirkulaziorako.

Hori dela eta, nahitaezkotzat jotzen da A-15eko zenbait kilometro-puntutan zinemometroak instalatzea; dena den, neurri hori ez da behin betikoa izango, behin-behinekoa baizik, obrek irauten duten bitartean.

Aurreko guztiagatik eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren (Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duena) Hirugarren Xedapen Gehigarrian eta abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta Trafiko Zuzendaritzari esleitzen zaizkion eginkizunak betetzeko (Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuaren 17.3 artikulua), hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu, zinemometroen osagarri moduan, irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko gailu batzuen instalazioa eta erabilera baimentzea, hurrengo bide eta kilometro-puntuetan ezarriko diren 4 kabinatan:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den kilometro-puntuetan herritarrei horretarako egokiak diren seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie zinemometroak badaudela.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak kasuan kasuko zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko organo eskudunetara helaraziko dira. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ez-zilegi penalen bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazio horiek agintaritza judizial eskudunera bidaliko dira.

Laugarrena.– Ebazpen hau Bideozaintza eta Askatasun Batzordeari jakinarazi behar zaio, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriak bere laugarren apartatuko bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 30a.

Trafiko zuzendaria,

ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.


Azterketa dokumentala