Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2025eko otsailaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
614

AGINDUA, 2025eko urtarrilaren 28koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen baita birgaitze integratuko areetarako oro har finkatutako finantzaketa kualifikatua Bilboko udalerriko Uretamendi eremura zabaltzea.

2024ko azaroaren 13an eta abenduaren 10ean, Bilboko Udalak, SURBISA hirigintzako udal-sozietatearen bitartez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatu zion birgaitze integratuko areetarako definitutako laguntzak Uretamendi eremurako emateko. Eskaera horrekin batera, honako hauek aurkeztu ziren: eremuaren mugaketa, memoria deskribatzaile-justifikatzailea, azterlan sozio-urbanistikoa, azterlan ekonomiko-finantzarioa eta jarduketa-programa.

Eremu horren jarduketa-eremuaren mugaketa espedientean dagoen dokumentaziotik jaso da, zehazki, erakunde eskatzaileak aurkeztutako mugaketa-planotik.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila da espediente hau ebazteko organo eskuduna, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren 11.3.c) artikuluan eta Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak adierazitakoaren arabera, sail eskuduneko sailburuak, horretarako emandako aginduaren bidez, birgaitze integratuko areetarako finkatuta dauden dirulaguntzak eman ahal izango dizkie aipatutako Dekretuaren 9.2 artikuluan definitutako eremuei, betiere area horiek kudeatzeko eta gauzatzeko ez bada beharrezkoa birgaitze plan berezia idaztea.

Espedientea aztertu ondoren, uste da eremua area degradatutzat jotzeko 317/2002 Dekretuaren 9.2 artikuluan ezarritako degradazio ekonomiko-sozial eta urbanistiko-arkitektonikoko baldintzak betetzen direla.

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematea abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan birgaitze integratuko areetarako ezarritako dirulaguntzak emateko Bilboko Uretamendi eremuan egiten diren babespeko birgaitze-jarduketei.

Bigarrena.– Agindu honen berri ematea Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Hirugarrena.– Agindu hau eta eremuaren mugaketa-planoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, argitaratu egingo da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 28a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala