Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2025eko otsailaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
613

11/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiekin sinatutako hitzarmena, 2025-2026ko eta 2026-2027ko ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako zabalkundea emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiekin sinatutako hitzarmena, 2025-2026ko eta 2026-2027ko ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 31.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 31KO 11/2025 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO FORU-ALDUNDIEN ARTEKOA, EKONOMIARI ETA FISKALITATEARI BURUZKO UNITATE DIDAKTIKO KOMUN BAT EZARTZEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXEETAN, 2025-2026 ETA 2026-2027 IKASTURTEETAN
ESKU HARTZEN DUTE:

Alde batetik, Noël d’Anjou Olaizola jauna, Ogasun eta Finantza sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (aurrerantzean, EAEko Administrazioa) ordezkatuz.

Bestetik, Itziar Gonzalo de Zuazo andrea, Bigarren diputatu nagusiorde eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru-diputatua, Arabako Foru Aldundia ordezkatuz.

Bestetik, Itxaso Berrojalbiz Zabala andrea, Ogasun eta Finantzen Saileko foru-diputatua, Bizkaiko Foru Aldundia ordezkatuz.

Bestetik, Miren Itziar Agirre Berriotxoa andrea, Ogasuna eta Finantza Departamentuko foru-diputatua, Gipuzkoako Foru Aldundia ordezkatuz.

Alderdiek elkarri aitortzen diote gaitasun juridiko nahikoa dutela hitzarmena sinatzeko; hori dela eta, hau

AZALTZEN DUTE:

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren 2013ko urriaren 14ko Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordea sortu zen. Batzorde horrek lau kide ditu: Eusko Jaurlaritzako bat eta foru-aldundietako bana. Batzordeak iruzurraren aurka bata bestearen ondoren eginiko plan bateratuek, lehentasunezko jarduketa-lerroen artean, jaso dute hezkuntza zibiko-tributarioa sustatu behar dela. Zehazki, Iruzurraren kontrako Borrokarako 2016ko Plan Bateratuak honako hau jasotzen du: «Herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa indartzea, gazte-gaztetatik zerga-kontzientzia handitzea xede duten hezkuntza-ekintzak bultzatzearen bitartez, gai fiskalei prestakuntza etikoaren eta herritarren ikuspegitik helduz». Halaber, Iruzurraren kontrako Borrokarako 2017ko Plan Bateratuaren prebentzio-ekintzen artean, jasota zegoen Euskal Autonomia Osora zabaltzea hezkuntza-modulu bat eman behar zela programari atxikitako ikastetxe guztietan, eta bultzatu behar dela hezkuntza arautuan hezkuntza zibiko-tributarioko edukiak ematea, sartuta daudenak EAEko Oinarrizko Hezkuntzako curriculumean. Era berean, foru-aldundi bakoitzak aurreikusita dauka tributu-arloko hezkuntza bultzatzea ikuskapen- eta egiaztatze-planetan.

2017an zehaztu ziren 2016ko Plan Bateratuak aipatzen zituen hezkuntza-ekintzak; horretarako, erakunde arteko hitzarmen bat sinatu zen hezkuntza-programa bat –ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko komun bat– aurrera eramateko eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietako ikastetxeetan zabaltzeko DBHko 4. mailatik aurrera.

Hitzarmen honek oinarriak ezartzen ditu zerbitzu-kontratu bat formalizatzeko, EAEko Administrazioari gomendatua bera, ikastetxeei laguntza eta sostengua emateko eta aipatutako unitate didaktiko komuna ezartzeko.

Hala hasierako hitzarmenak –2017koak– nola hari lotutako kontratuak –2017-2018 ikasturteko ondorioak zituena– jarraipena izan dute hurrengo urteetan, gaurko eguna arte; izan ere, administrazioekin hitzartu dute berritzea eta aktibatzea zegozkien luzapen-aurreikuspenak.

Parte hartzen duten administrazio publikoek beharrezkotzat jotzen dute beste hitzarmen bat sinatzea, jarraitu ahal izateko unitate didaktiko komun hori ezartzen laguntzeko ekintzei eusten. Eta hala jaso da Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Plan Bateratuan, zeinak jasotzen baitu zein diren irizpide orokorrak eta zer ekintza koordinatuko diren 2024an. Plan horrek, jarduketa-ildo nagusien artean, jasotzen du herritarren kontzientzia fiskala indartzea, eta helburu modura mantentzea kontsolida dadila foru-ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak 2017-2018 ikasturtean martxan jarritako urte anitzeko programa, tributu-arloko hezkuntza. Era berean, plan horrek aurreikusten du prestaketa-lanak hasiko direla berritzeko eta eguneratzeko erakundeen arteko egungo hitzarmena, zeina aurreikusita baitago 2024-2025ean amaitzea eta zeinak definitzen baitu zer ekintza egingo diren batera ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko bat ezartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan; bestalde, hitzarmena eguneratzeari dagokionez, azaltzen du foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak asmoa dutela haren aplikazio-eremua berrikusteko, programa DBHko 4. mailatik beherako ikasleei hedatzeko, eta egokiro moldatzeko programa bera eta hezkuntza-materiala.

Administrazio publiko hitzarmen-sinatzaileek funtzioak esleitu dizkiote hitzarmenak aurreikusitako Jarraipen eta Balorazio Batzordeari aldika jarraipen- eta ebaluazio-lanak egin ditzan aztertzeko ea betetzen diren programatutako helburuak eta ekintzak, eta, nola batzorde horrek emaitzei buruz egindako ebaluazioa positiboa izan den ikastaro bakoitzari dagokionez, administrazio publikoek berretsi egiten dute beren pertzepzioa: EAEko ikastetxeetan ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzeak laguntzen du gazteek euskal erakundeak eta ogasunak ezagu ditzaten, eta horrek, era beran, laguntzen du beste helburu bat lortzen euskal gizartearen balio modura: zerbitzu publikoen sostenguan parte hartzea eta iruzur fiskalarekiko zero tolerantzia.

Ogasun eta Finantza Sailak, EZKO Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan parte hartuz –Harmonizazio, Koordinazio eta Lankidetza Fiskalerako maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen bidez sortu eta arautu zen– eginkizun hau du, besteak beste: «foru-aldundien arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzea tributu-eskumenak erabiltzeko orduan, tributuen kudeaketan eraginkortasun handiagoa lortzearren». Hori dela eta, proiektu honetan, biltzen dira: batetik, ogasunaren arloan sinatzen duten administrazioei dagozkien eskumenak, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari hezkuntza-arloan ematen dion eskumena eta Lurralde Historikoei dagokien tributu-eskumena, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluan eta Ekonomia Itunaren 1. artikuluan ezarritakoa betez.

Horregatik, aldeek hitzarmen hau sinatzen dute, eta klausula hauek hitzartzen dituzte:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Hitzarmen honen xedea da definitzea zer jarduketa bideratuko diren ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzeko hezkuntza arautuko ikasketak egiten dituzten ikasleen artean, kontzientziazio fiskala areagotzeko kurtso hauetako ikasleen artean:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. kurtsoetan.

DBHko 1. eta 2. kurtsoetan.

DBHko 3. eta 4. kurtsoetan, Batxilergoan edo Lanbide Heziketako erdiko mailan.

Era berean, salbuespen modura, prestakuntza-programa lehen aipatutakoez bestelako ikasketak egiten dituzten ikasleen artean ere eman ahal izango da. Horretarako baimena Jarraipen eta Balorazio Batzordeak eman beharko du, seigarren klausulan, hirugarren apartatuan, a) letran aurreikusitakoaren arabera.

Ikastetxe bakoitzak aukeratuko du zer modalitate zehatz eman.

Jarduketa horien artean daude 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetan unitate didaktiko hori ezartzeko zerbitzu-kontratu bat esleitu eta kudeatzekoak, bai eta EAEko Administrazioak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratu hori finantzatzeko irizpideak zehazteko lanak ere.

2.– Halaber, hitzarmenak babesten du alderdi parte-hartzaileek Jarraipen eta Balorazio Batzordearen barruan adostea, zeina hurrengo seigarren aurreikusita baitago, zer ekimen antolatu, diseinatu, egikaritu eta finantzatu ikasle-kolektiboko kontzientziazio fiskala areagotzeko.

Ildo horretatik, alderdiek erabaki ahal izango dute ekintzak batera egitea, finantzaketa partekatuarekin, baina, horretarako, aurretik, parte hartzen duten administrazio guztiek proiektua baimendu beharko dute, eta onartu zer zenbateko egotzi behar zaion dagokion aurrekontu-partidari.

Bigarrena.– Kontratazio-organoa.

1.– EAEko Administrazioari kudeaketa-gomendioa egiten zaio zerbitzuak kontrata ditzan unitate didaktiko komun bat ezartzeko 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetan. Beraz, hitzarmen honen xede-kontratuari dagokionez, baliatu egin beharko ditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratazio-organoari esleitzen dizkion ahalmenak.

Kontratazio-mahaiaren bileretan, seigarren klausulan araututako Jarraipen eta Balorazio Batzordea ere izango da aholkulari espezializatu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuari jarraikiz.

2.– Lehenengo klausulako 2. apartatuan definitzen den hitzarmen horren xedeari dagokionez, baldin eta beste zerbitzu batzuk behar badira aipatutako ekintzak batera betetzeko, kontratazio-espediente bakar bat egingo da, eta seigarren klausulan aurreikusitako jarraipen- eta balorazio-batzordearen barruan adosten den administrazio kontratatzaileak sustatuko du. Administrazio kontratatzailearen organo eskudunek beteko dute organo kontratatzailearen funtzioa, eta haiek idatziko dituzte agiriak, batera finantzatutako ekintzetan parte hartzen duten entitateek Jarraipen eta Balorazio Batzordearen bidez zehazten dituzten jarraibideen arabera.

Dagokion kontratazio-mahaian, seigarren klausulan arautzen den jarraipen- eta balorazio-batzordea ere izango da, aholkulari espezializatu modura.

Administrazio kontratatzaileak ordainduko ditu kontratazio-gastuak, hargatik eragotzi gabe gero horrek ondorioak izatea parte hartzen duten administrazio guztietan; bosgarren klausulako 1.a) apartatuan aurreikusitako finantzaketa-arauen arabera. Ondorio horietarako, administrazio ordaintzaileak fakturen kopiak bidali beharko dizkie gainerako administrazioei, argi adierazita zer zenbateko ordaindu behar duen bakoitzak; haiek, berriz, kopuru hori transferitu beharko dute administrazio kontratatzailearen diruzaintzaren kontura, fakturak jaso eta hurrengo hilabetean.

Baldin eta kostu gehigarririk badago prezioak aldatu edo berrikusi direlako, haiek banatzeko, bete egingo dira parte-hartze finantzarioari buruzko arauak, aditzera ematen direnak bosgarren klausulako 1.a) apartatuan.

Batzuetan, kontratazioek berekin dakartenean urte anitzeko gastua, hitzarmen honetan adierazitako parte-hartze finantzarioko arauei dagokienez, entitateek beste ordainketa-agindu bat ezarri ahal izango dute, hobeto egokituko zaiona administrazio bakoitzak duen aurrekontu-erabilgarritasunari.

Hirugarrena.– Unitate didaktiko komuna.

1.– Unitate didaktiko komunak egitura eta eduki uniformea izango du, funtsean, ematen den ikastetxe guztietan. Edukia finkatzeko, bete egingo dira Jarraipen eta Balorazio Batzordeak zehaztutako ikuskapen-lanak eta jarraibideak. Hala ere, foru-aldundiek beretzat gordetzen dute unitate didaktiko komunaren edukiak euren tributu- edo antolaketa-araubidetik erator daitezkeen berezitasunetara egokitzeko eskubidea, betiere batzordearen baitan hartutako jarraibideak errespetatuz.

2.– Aurrekoaren ondorioz, idatzizko, ikus-entzunezko edo edozein formatu multimediatako eduki eta material didaktiko guztiak, unitate didaktiko komunean oinarrituak eta kanpoko kontratazio baten esparruan garatuak, plataforma batean egongo dira eskuragarri administrazio sinatzaile guztientzat.

3.– Foru-aldundi bakoitzak bere webgune instituzionalean sartu ahal izango ditu unitate didaktikoaren edukiak, klausula honen 1. apartatuan adierazitako berezitasunekin, eta unitate didaktikoaren edukia askatasun osoz zabaldu ahal izango du bere lurralde-eremuan, bere baliabide propioak erabiliz. EAEko Administrazioak, bere aldetik, estekak sartuko ditu Ogasun eta Finantza Sailaren webean, eta lotu egingo ditu unitate didaktikoen edukiak jasotzen dituzten hiru foru-aldundien webetara; era berean, lagundu egingo du haien berri ematen.

Laugarrena.– Jabetza-eskubidea.

Hitzarmena sinatu duten administrazio guztien jabetzakoak izango dira jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideak; baita, oro har, hitzarmen hau gauzatzetik erator daitezkeen emaitza guztiak ere.

Bosgarrena.– Zerbitzu-kontratu bat finantzatzea unitate didaktikoa ezartzeko.

1.– Honela banatuko da unitate didaktikoa ezartzeko kostua:

a) Kostu finkoak, unitate didaktikoa ezartzeko zerbitzuen ondoriozkoak.

Memoriak eta txostenak: behin betiko diseinu-memoria, metodologia eta plangintza, informazio-memoriak eta amaierako memoria.

Material didaktikoa eta plataforma multifuntzionala.

Beste batzuk, zeinen kostua ez baitago zuzenean lotuta programa ezartzen duten ikastetxeen kopuruarekin.

EAEko Administrazioa: % 50.

Foru-aldundiek: Gainerako % 50a banatuko da Baliabideak banatzeko metodologiari eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak zehazteko metodologiari buruzko araudian araututako koefiziente horizontalen arabera, hain zuzen ere hitzarmen hau sinatzeko izapideak hasteko unean indarrean daudenen arabera, hau da, 2024 urtekoak;

(Ikus .PDF)

b) Programa ezartzeko kostuak, ikastetxe bakoitzeko unitate-zenbateko bat oinarri hartuta zehaztutakoak eta egokitu ahal izango direnak; aukeratutako prestakuntza-ibilbideen arabera:

EAEko Administrazioa: EAEn programa irakasten duten ikastetxe guztietan ezartzeko kostuaren % 50a.

Foru-aldundiak: foru-aldundi bakoitzari dagokio bere lurralde historikoko ikastetxeetan ezartzeko kostuaren % 50a.

2.– Kontratazio-espedientean gehieneko kostua finkatzeko erreferentzia-egoera izango da hurrengo helburuen ezarpen-maila lortzea hala programaren indarraldiko kurtso bietako bakoitzean nola ezarpen-modalitate bakoitzean:

(Ikus .PDF)

Ondorioz, parte hartzen duten erakundeek bere gain hartuko dute, gehienez ere, konpromiso ekonomiko hau:

(Ikus .PDF)

Baldin eta erakunde parte-hartzaileek gainditzen ez badute beren gain hartutako gehienezko konpromiso ekonomikoaren muga, Jarraipen eta Balorazio Batzordean onartuko da zer aldaketa egin daitekeen erreferentzia-egoeretan, bai kontratazio-prozesuaren beraren ondoriozkoetan, bai unitate didaktikoa ezartzeko prozesuaren ondoriozkoetan.

3.– Administrazio publiko sinatzaileek eurek finantzatuko dute beren gain hartzen duten gehieneko konpromiso ekonomikoa, programa eta aurrekontu-partida hauen kargura:

(Ikus .PDF)

4.– Administrazio kontratatzaileak bere gain hartuko du kontratazioak eragindako kostuak ordaintzeko betebeharra, hargatik eragotzi gabe ondoren foru-aldundiei jasanaraztea. Ondore horietarako, EAEko administrazioak faktura egiaztagarrien kopia bidaliko die guztiei, adierazita zer zenbateko dagokien ikasturte bakoitzeko, eta, ondoren, zenbateko hori Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiaren kontura transferitu beharko dute urte bakoitzeko urriaren 1a baino lehen.

5.– Bosgarren klausula honen hirugarren apartatuan zehaztutako aurrekontu-esleipenak baldintza etengarri honen mende egongo dira: kreditu egoki eta nahikoa egon beharko da hitzarmen honetatik eratorritako betebeharrak finantzatzeko.

Seigarrena.– Balorazio eta Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen eta Balorazio Batzordearen bitartez gauzatuko da administrazio sinatzaileen arteko lankidetza.

2.– Jarraipen eta Balorazio Batzordeak 4 kide izango ditu, bat administrazio publikoko, edo haiek eskuordetzen dituztenak.

Batzordeburua izango da EAEko Administrazioaren ordezkaria, edo hark administrazio horretako langileen artean eskuordetzen duena, titularrik ez dagoenerako edota kanpoan edo gaixorik dagoenerako, bai eta hura abstenitzen denerako edo errekusatzen dutenerako. Batzordeko idazkaria, berriz, EAEko Administrazioko pertsona bat izango da, eta dagozkion eginkizunak beteko baditu ere, ez du botorik izango.

3.– Jarraipen eta Balorazio Batzordeak funtzio hauek izango ditu:

a) Salbuespen modura onartzea ikasleei prestakuntza-programa ematea baldin eta ez badaude aurreikusita lehenengo klausulako 1 apartatuan.

b) Proposatzea zer ekintza egin behar dituzten batera lehenengo klausulako 2. apartatuan definitzen den xedea betetzeko.

c) Kontratazio-mahaiaren bileretan parte hartzea, bat etorriz bigarren klausulan xedatutakoarekin.

d) Izendatzea zer administraziok kontratatuko dituen batera egin beharreko ekintzak, bigarren klausulako 2. apartatuan aipatzen direnak.

e) Zehaztea zer jarraibide erabili administrazio kontratatzailearen organo eskudunek agiriak idazteko, batera finantzatu beharreko ekintzei dagokienez, zeinak aipatzen baitira bigarren klausularen 2. apartatuan.

f) Jarraibideak finkatzea unitate didaktiko komuna ezartzeko. Foru-aldundiek Batzordeari jakinaraziko diote unitate horretako zer eduki egokitu beharko liratekeen, kontuan izanik zein diren beren tributu- edo antolamendu-araubidearen espezifikotasunak.

g) Onartzea hitzarmen honetan aurreikusitako erreferentzia-egoeretan eragina izan dezaketen aldaketak, bai hitzarmenetik eratorritako kontratazio-prozesuaren ondoriozkoak, bai unitate didaktikoa ezartzeko prozesuaren ondoriozkoak, baldin eta gainditzen ez badute erakunde parte-hartzaile guztiek nork bere gain hartutako gehieneko konpromiso ekonomikoaren muga.

h) Aztertzea zer txosten tekniko egiten diren.

i) Aldian-aldian jarraitu eta ebaluatzea ea betetzen diren aurreikusitako helburuak eta ekintzak.

j) Zaintzea ea hitzarmen hau betetzen den.

k) Proposatzea bederatzigarren klausulan aipatzen den luzapena eta nola banatu kontratuko kostuak luzapenaldiko aurrekontu ekitaldietan; betiere, bosgarren klausulan ezarritako irizpideen arabera.

l) Hitzarmena garatu eta gauzatzeko orduan sor litezkeen interpretazio-auziak argitzea.

m) Hitzarmen honetan zehaztutako beste edozein eginkizun.

4.– Idazkariak egingo ditu batzordeko deialdiak, batzordeburuaren aginduz, eta gutxienez 48 orduko aurrerapenaz. Deialdia, ahal izanez gero, baliabide elektronikoz egin beharko da, atxikita dituela eztabaidatzeko zein erabakiak hartzeko behar diren agiri guztiak.

Batzordea behar bezala eratu eta batzarrak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, buruak eta idazkariak –edo hala dagokionean ordezkoek– eta batzordeko kide-kopuruaren erdiak gutxienez egon beharko dute, aurrez aurre edo urrutitik.

5.– Batzordeak erabakiak hartzeko, bertaratutako kideen gehiengo soila beharko da. Berdinketarik izanez gero, presidentearen kalitate botoak erabakiko du.

Hala ere, batzordearen zenbait erabaki aho batez hartuko dira, hain justu ere hauek: hitzarmenaren luzapenaren proposamenari eta kontratuaren kostua banatzeari buruzkoak eta hitzarmenean espresuki aurreikusita ez dauden bestelako kostu finkoak zehazteko proposamenari buruzkoak, zuzenean lotuta ez daudenak programa ezartzen duen ikastetxe-kopuruarekin.

Batzordekide guztiek izango dute hitza eta botoa. Idazkariak, nola ez batia batzordekidea, hitza izango du bere funtzioak betetzeko, baina botorik ez.

Zazpigarrena.– Ebazpena.

Baldin eta alderdi sinatzaileetako batek betetzen ez baditu bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak, gainerako administrazioetako edozeinek errekerimendua jakinarazi ahal izango dio alderdi ez-betetzaileari, hilabeteko epean bete ditzan betebehar eta konpromiso horiek. Errekerimendu hori Jarraipen eta Balorazio Batzordeari ere jakinaraziko zaio. Behin emandako epea igarota, errekerimenduari erantzun ezean, hitzarmena bertan behera geratuko da, eta horren berri eman beharko zaio Jarraipen eta Balorazio Batzordeari.

Kontratua bertan behera uztearen ondorioei dagokienez, bete egin beharko da urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoa. Gastu batzuk eginda badaude, ordaintzeko, hitzarmen honen laugarren klausulan finkatutako arauei erreparatuko zaie.

Zortzigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, hala xedatzen baitu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluak.

Lankidetza-hitzarmen hau, berriz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluko 2. apartatuko a) letran aurreikusitako motakoa da.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, haren aplikazio-eremutik kanpo dago.

Alderdien artean auzirik sortuz gero hitzarmena garatu eta betearazteko orduan, eta auziok ezin badira ebatzi Jarraipen eta Balorazio Batzordearen barruan administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo beharko da, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoarekin.

Bederatzigarrena.– Indarraldia eta luzapenak.

Hitzarmen honek ondorioak izango ditu sinatzen denetik aurrera, eta indarrean egongo da harik eta bete arte bertan hartutako konpromisoak, aurreikusita daudenak 2027ko urriaren 1a baino lehen betetzea.

Hala ere, hitzarmena beste bi ikasturtez luzatu ahal izango da, administrazio sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute: 2029ko irailaren 30a arte. Horretarako, aurretik, bosgarren klausularen baldintzak eguneratu beharko dira, eta egiaztatu beharko da behar beste aurrekontu esleitzen direla.

Eta ados daudela frogatzeko, Noël d’Anjou Olaizola, Itziar Gonzalo de Zuazo, Itxaso Berrojalbiz Zabala eta Miren Itziar Agirre Berriotxoa jaun-andreek, nork bere administrazio publiko parte-hartzailearen ordez jardunez, elektronikoki sinatzen dute hitzarmen hau.

Egoitza elektronikoa, 2025eko urtarrilaren 21a.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.

Arabako Foru Aldundia.

Bigarren diputatu nagusiorde eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru-diputatua

ITZIAR GONZALO DE ZUAZO.

Bizkaiko Foru Aldundia.

Ogasun eta Finantzen Saileko foru-diputatua,

ITXASO BERROJALBIZ ZABALA.

Gipuzkoako Foru Aldundia.

Ogasuna eta Finantza Departamentuko foru-diputatua,

MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.


Azterketa dokumentala