Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2025eko otsailaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
612

AGINDUA, 2025eko urtarrilaren 28koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuarena; honen bidez, baimena ematen da eta oinarriak onartzen dira Basque Team Fundazioak bekak eman ditzan 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko.

Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuko 12. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko bekak, sariak eta bestelako dirulaguntzak ematea aurreikusita dago, Euskal Sektore Publikoko Fundazioaren bitartez, hots, Basque Team Fundazioaren bitartez, edo Administrazio Orokorrak finantzatutako bestelako beka eta laguntzen bitartez.

Basque Team Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioa da, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzeko eta sustatzeko interes orokorra duena, euskal ordezkaritza zabala ahalbidetzeko nazioarteko goi-mailako kiroletan, baita euskal kirolariek aipaturiko lehiaketa horietan emaitza bikainak lor ditzaten ere.

Arestian adierazitakoaren ondorioz, Basque Team Fundazioak hainbat laguntza edo beka eman ditu duela zenbait urtetik hona, euskal kirolariak behar bezala prestatzeko eta parte hartzeko mundu mailako nazioarteko kirol-lehiaketa garrantzitsuenetan, eta, bereziki, olinpiar eta paralinpiar programen parte diren lehiaketetan. Era berean, beste laguntza batzuk ematen zaizkie Fundazioak emandako bekak jasotzen dituzten euskal kirolarien goi-mailako teknikariei, bai eta nazioarteko lehiaketa jakin batzuetan parte hartzen duten goi-mailako euskal epaileei ere.

Aurrekontu-kreditua dago oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak emateko.

Horren arabera honakoa,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimentzea Basque Team Fundazioak 2025ean bekak eman ditzan Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko.

Bigarrena.– Onestea agindu honen gehiarrian jaso diren oinarriak, Basque Team Fundazioak 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko bekak emateko baitira.

Hirugarrena.– Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hura argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hori ere.

Laugarrena.– Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

1. GEHIGARRIA
2025EKO BASQUE TEAM BEKEN OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Basque Team Fundazioak bekak emateko araubidea arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

2. artikulua.– Definizioak.

1.– «2025eko Basque Team Bekak» izen orokorraren barruan, oinarri hauetan arautu eta goi-mailako kirolari ematen zaizkion beka edo laguntza mota desberdinak sartzen dira.

2.– Oinarri hauetan «kirola» aipatzen denean, goi-mailako kirolaz ari garela ulertu behar da. Goi-mailako kirola da Euskadirentzat interesgarria den kirol-jarduera, Autonomia Erkidegoaren kirol-garapenean funtsezko faktorea den aldetik; izan ere, oinarrizko kirola sustatzeko pizgarria da eta goren mailako kirol-lehiaketa ofizialetan ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoko Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Beka hauen ondorioetarako, definizio hauek ezarri dira:

a) «Kirol lehiaketa» da Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak aintzatetsitako nazioarteko kirol federazioek antolaturiko ekitaldia.

b) «Indarrean dagoen olinpiar edo paralinpiar programan onartutako probak» dira hurrengo Olinpiar edo Paralinpiar Jokoetako olinpiar edo paralinpiar programan sartutako probak.

c) «Kirol modalitateak eta diziplinak» dira Euskal Autonomia Erkidegoko kirol federazioak arautzen dituen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko I. eranskinean eta garapenerako hurrengo arau-xedapenak beren beregi bilduta daudenak.

d) «Kirol emaitzak» dira nazioarteko lehiaketa ofizialetan 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean (biak barne) lorturiko posizioak, eta ekitaldi hauek kontutan hartuko dira: Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak, Munduko Txapelketak eta Europako Txapelketak, edo oinarri hauetan berariaz aurreikusitako beste batzuk.

e) «Kategoria absolutua» da, kirol modalitate zehatz baten barruan, diziplina bakoitzaren maila gorenean kirol lehiaketa egiten den adin kategoria.

f) «Kategoria gorena» da mailarik edo talderik gorena lehiaketa zenbait mailatan antolatuta dagoenean.

g) «Kirol ahalmena» kirolari batek egungo munduko goren mailarekiko duen diferentziari deritzo (ondorio horietarako «erpina edo muturra» dena) hark egiten dueneko proban. Hortaz, kirolariak 2024an lorturiko kirol emaitzarik onenaren eta munduko elitearekiko duen distantziaren (lehen postua Olinpiar Jokoetan, Munduko Txapelketetan edo Europako Txapelketetan) diferentziak zehaztuko du «kirol ahalmena».

h) «Lehiaketaren balioa» ekitaldi batean kasuan kasuko ekitaldiaren arabera emandako puntuazioa da, oinarri arautzaile hauen 10. artikuluari jarraituz.

i) «Lorturiko postuaren balioa» da kirolariak lehiaketa batean lortutako emaitzari ezartzen zaion neurria, oinarri arautzaile hauen 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz.

j) «Banako probak» dira pertsona bakar batek parte hartzen duen lehiaketako probak.

k) Probak «proba kolektibotzat» hartuko dira pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duenean lehian. Talde-probak izan daitezke: (i) multzoka egiten direnak, kirolarien parte hartzea aldiberekoa edo txandakakoa izanda; (ii) talde-probak, kirolarien artean kolaborazio eta oposizio egoerak sortzen direnean, mugikorra den elementu batekin elkarri eraginda beti.

3. artikulua.– Onuradunak izateko betekizunak.

Beka hauen onuradun izan ahalko dira hala eskatzen duten eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak, dagokien estamentuaren arabera:

1.– Kirolariak. Eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Goi-mailako kirolari gisako aitormena indarrean edo izapidetua izatea, Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 26. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Baldintza hori egiaztatzeko, baldintza hori jasotzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko da. Goi-mailako euskal kirolari gisa aitortua izateko eskabidea izapidetuta duten kirolarien kasuan, dagokion administrazio-ebazpena eman ez bada, eskatzaileak horren berri emango dio Basque Team Fundazioari, eta fundazio horrek baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezko egiaztapen-jarduerak egingo ditu.

Ez dute baldintza hau bete beharko kirolari hauek: Basque Team Support beka jaso dutenak, 16 urtetik beherako kirolariak direnak edo 2024ko Parisko Paralinpiar Jokoetan parte hartu dutenak.

b) Oinarri hauetako 10. artikuluak jasotzen dituen kirol merezimenduak egiaztatzea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, kasuan kasuko kirol federazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Baldintza hau betetzetik salbuetsita daude kirol-merezimendua lortzeko erreferentziazko denboraldian (2024, kasu honetan) haurdun zeudela, lesioak edo iraupen luzeko eta larritasun handiko osasun-arazoak izan zituztela agiri bidez eta nahikoa egiaztatzen duten kirolariak. Basque Team Fundazioaren Patronatuak diskrezionalitatez balioetsiko du inguruabar hori, kirolariek aurkeztutako txostenetan oinarrituta.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintza hau betetzetik salbuestea bakarrik aplikatuko zaie, kirolari izanik, aurreko ekitaldian edo, egoerak bere horretan jarraituz gero, aurre-aurreko ekitaldian laguntzak jaso dituztenei.

c) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da, halaber, oinarri hauetan aurreikusitako beka bat jasotzen ari den bitartean.

Beka eskatzen duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da eskakizun hori.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren administrazio-zehapen edo zehapen legal batez zigortua ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, zehapenean ezarritako aldian sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik gertatutakoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatua, oinarri hauetako VI. eranskineko eredua erabiliz.

e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako gainerako debekuetan ez egotea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatua, oinarri hauetako VI. eranskineko eredua erabiliz.

2.– Teknikariak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Oinarri hauetako 4. artikuluko a) eta c) letretan ezarritako beka lortu duen goi-mailako kirolari baten prestakuntzaz arduratzen den pertsona izatea eta kirolariak halakoxea dela aitortua izatea. Kirolari bakoitzak pertsona arduradun bat bakarrik aitortu ahal izango du. Baldin eta bere prestakuntzaz arduratzen den pertsona aldatzen bada, kirolariak idatziz jakinarazi behar dio aldaketa hori Basque Team Fundazioari, eta ondorioak izango ditu, soilik, jakinarazpena egiten den momentutik aurrera.

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatuta, oinarri hauetako VII. eranskinean ezarritako eredua erabiliz.

b) 2025ean, kirolariaren prestakuntzaz arduratzen den pertsona izaten jarraitzea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatuta, VII. eranskinean ezarritako eredua erabiliz.

c) Goi-mailako teknikari gisako aitormena indarrean edo izapidetua izatea, Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 26. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Baldintza hori egiaztatzeko, baldintza hori jasotzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko da. Goi-mailako teknikari gisa aitortua izateko eskabidea izapidetuta duten teknikarien kasuan, dagokion administrazio-ebazpena eman ez bada, eskatzaileak horren berri emango dio Basque Team Fundazioari, eta fundazio horrek baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezko egiaztapen-jarduerak egingo ditu.

d) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da, halaber, oinarri hauetan aurreikusitako beka bat jasotzen ari den bitartean.

Beka eskatzen duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da eskakizun hori.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren administrazio-zehapen edo zehapen legal batez zigortua ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, zehapenean ezarritako aldian sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik gertatutakoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatua, oinarri hauetako VI. eranskineko eredua erabiliz.

f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako gainerako debekuetan ez egotea

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatua, oinarri hauetako VI. eranskineko eredua erabiliz.

3.– Epaileak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Goi-mailako epailea izatea, 2024an goi-mailako nazioarteko kirol-lehiaketa jakin batzuetan parte hartu izana egiaztatzen duena. Epaileak lehiaketa horietan parte hartzeko, aldez aurretik deialdi ofiziala egin beharko du dagokion nazioarteko kirol-federazioak, eta parte-hartze aktiboa izan beharko du ekitaldien garapenean, jokoa garatzeko teknika- eta kirol-arauak aplikatuz.

Baldintza hori dagokion kirol-federazioak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

b) 2025ean nazioarteko epaile izaten jarraitzea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatuta, oinarri hauetako VI. eranskineko eredua erabiliz.

Baldintza hau betetzetik salbuetsita daude haurdun daudelako edo egon direlako, lesioak edo iraupen luzeko eta larritasun handiko osasun-arazoak dituztelako edo izan dituztelako, kirol-lehiaketetan haien jarduera buru ezin duten edo ezin izan duten epaileak; agiri bidez eta nahikoa egiaztatu beharko dute hori. Basque Team Fundazioaren Patronatuak diskrezionalitatez balioetsiko du inguruabar hori, kirolariek aurkeztutako txostenetan oinarrituta

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintza hau betetzetik salbuestea bakarrik aplikatuko zaie, epaile izanik, aurreko ekitaldian edo, egoerak bere horretan jarraituz gero, aurre-aurreko ekitaldian laguntzak jaso dituztenei.

c) Goi-mailako epaile gisako aitormena indarrean edo izapidetua izatea, Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 24. edo 25. artikuluetan ezarritako baldintzetan.

Baldintza hori egiaztatzeko, baldintza hori jasotzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko da. Goi-mailako epaile gisa aitortua izateko eskabidea izapidetuta duten epaileen kasuan, dagokion administrazio-ebazpena eman ez bada, eskatzaileak horren berri emango dio Basque Team Fundazioari, eta fundazio horrek baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezko egiaztapen-jarduerak egingo ditu.

d) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da, halaber, oinarri hauetan aurreikusitako beka bat jasotzen ari den bitartean.

Beka eskatzen duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da eskakizun hori.

e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren administrazio-zehapen edo zehapen legal batez zigortua ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, zehapenean ezarritako aldian sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik gertatutakoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatua, oinarri hauetako VI. eranskineko eredua erabiliz.

f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako gainerako debekuetan ez egotea

Eskakizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du beka eskatu duenak, berak sinatua, oinarri hauetako VI. eranskineko eredua erabiliz.

4. artikulua.– 2025eko Basque Team Beka motak.

Honelakoak izan daitezke «2025eko Basque Team Bekak»:

a) Basque Team Kirolariak bekak:

Kirolarientzako laguntzak dira, entrenamendurako eta lehiaketarako beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatzeko ematen direnak. Kirol merezimendua egiaztatzen duen probaren arabera, Basque Team Kirolariak bekak honako hauek izan daitezke:

– Basque Team Olinpiar Programaren Beka.

– Basque Team Paralinpiar Programaren Beka.

b) Basque Team Teknikariak bekak:

Basque Team Kirolarien Beka edo Basque Team Atzeraeraginezko Beka baten onuraduna den kirolariaren prestakuntzaren arduradun nagusia den teknikariari emandako laguntzak dira.

c) «Atzeraeraginezko» Basque Team Bekak:

Helburu hauek dituzten laguntzak dira: (i) 2024. urtean Basque Team Kirolariak beka baten onuradun izan diren kirolariak, eta, urte horretan, oinarri hauetako 10. artikuluan aurreikusitako emaitza lortu ez dutenak; (ii) 2025ean, 2024an Basque Team Kirolariak beka baten onuradun izan diren kirolariak prestatzeaz arduratzen diren teknikariak, baldin eta urte horretan oinarri hauetako 10. artikuluan aurreikusitako emaitza lortu ez badute.

d) Basque Team «Support» bekak:

Basque Team Kirolarien Bekak lortu ezin badituzte ere, 2024ko denboraldian olinpiar programan onartutako multzo-kolektiboko edo banakako proben Munduko Txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen duten kirolarientzako laguntzak dira.

e) Basque Team Epaileak bekak:

2024an lehiaketa jakin batzuetan parte hartu duten epaileentzako laguntzak dira, dagokion nazioarteko kirol-federazioak egindako deialdi ofizialaren ondoren, eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikatuz lehiaketak garatzen aktiboki parte hartzen duten epaileentzat.

5. artikulua.– 2025eko Basque Team Beken edukia eta zenbatekoa.

Hauexek izango dira Basque Team Fundazioak 2025ean entrenamenduan eta lehiaketan beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatze aldera emandako 2025eko Basque Team Bekak:

1.– Basque Team Kirolariak bekak:

Dirulaguntzak, eduki bereizi hauek izan ditzaketenak:

1.1.– Oinarrizko Beka:

Basque Team Oinarrizko Beka bakoitzerako diru-ekarpena 11.000 eurokoa izango da.

1.2.– Helburuen araberako saria:

2025ean zenbait kirol helburu betetzeagatik emandako diru-ekarpena da.

Honelakoa izango da kirolari bakoitzarentzako sarien diru-ekarpenaren zenbatekoa, baina horien artean ez dira metagarriak; emaitzarik hoberena baloratuko da soilik:

(Ikus .PDF)

1.3.– «Laguntza Osagarriak» bekak:

Basque Team Kirolariei zuzendutako ekarpen ekonomiko bat da, entrenamenduarekin eta lehiaketarekin lotutako jarduera jakin baten kostua estaltzeko berariaz emandakoa.

Laguntza osagarriengatiko ekarpen ekonomikoaren gehieneko zenbatekoa 1.800 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko, eta entrenamenduarekin eta lehiaketarekin lotutako jarduera jakin baten kostua estaltzeko erabiliko da, osorik edo zati batean. Laguntza osagarrien helburua kontzeptu hauen kostua estaltzea izango da: lehiaketak prestatzeko kontzentrazioen gastuak eta lehiaketa mota jakin batzuetara joateko gastuak, joan-etorrien eta ostatuaren kontzeptuengatik bakarrik.

Pertsona berak laguntza osagarri bat edo gehiago jaso ahal izango ditu 2025ean, pertsona bakoitzarentzat adierazitako gehieneko zenbateko osoa estali arte.

2.– Basque Team Teknikariak beka:

Artikulu honetako 1. eta. 3. ataletan aurreikusitako laguntzen onuraduna den kirolari bakoitzeko, beka emango zaio teknikariari, hots, oinarrizko bekaren edo atzeraeraginezko bekaren % 25ari dagokion zenbatekoa eta kirolariari helburuen arabera emandako sarien % 25ari dagokion zenbatekoa.

Teknikari berak bere kirolarietako hiru kirolariri dagokien diru-kopurua jaso dezake gehienez.

3.– «Atzeraeraginezko» Basque Team Beka:

«Atzeraeraginezko» Basque Team Bekaren ekarpen ekonomikoaren zenbatekoa 5.500 eurokoa izango da kirolari bakoitzarentzat, edo dagokion ehunekoarena (% 25), teknikarien kasuan.

Hala denean, 2025eko denboraldian oinarri hauetako 10. artikuluan aurreikusitako kirol emaitzen bat lortzeak ekarpen gehigarria ekarriko luke berekin, kirolariak dagoeneko aintzatetsita edo emanda duenaren zenbateko berdinekoa.

Era berean, «Atzeraeraginezko» Basque Team beka jasotzen dutenek eskubidea izango dute artikulu honetan aurreikusitako helburuengatiko sari-kopuruak jasotzeko, baldin eta 2025ean artikulu honetako 1.2 atalean adierazitako kirol-emaitzak lortzen badituzte.

«Atzeraeraginezko» Basque Team Bekaren ekarpen ekonomikoaz gain, onuradunak artikulu honetako 1.3. atalean xedatutako «Laguntza osagarriak» eskatu eta jaso ahal izango ditu.

4.– Basque Team «Support» Bekak:

Basque Team «Support» Beka bakoitzaren diru-ekarpena 5.500 eurokoa izango da.

Era berean, Basque Team «Support» Beka jasotzen duten kirolariek artikulu honetan aurreikusitako helburuen araberako sarien zenbatekoak jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta 2025ean artikulu honetako 1.2 atalean adierazitako kirol-emaitzak lortzen badituzte.

Basque Team «Support» Bekaren ekarpen ekonomikoaz gain, onuradunak artikulu honetako 1.3. atalean aurreikusitako «Laguntza osagarriak» eskatu eta jaso ahal izango ditu.

5.– Basque Team Epaileak bekak:

Basque Team «Epaileak» Beka bakoitzaren diru-ekarpena 2.750 eurokoa izango da.

6. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.

1.– Interesdunek deialdi honetako izapide guztiak egin ahal izango dituzte Fundazioaren webguneko «Bekak» atalaren bidez (www.basqueteam.eus), posta arrunta erabiliz (gutun ziurtatua hartu-agiriarekin), edo aurrez aurre Basque Team Fundazioaren egoitzan. Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak ez du esan nahi bide hori erabili behar denik prozeduraren hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.

2.– Interesdunek eskabide-eredua betez bidali beharko dituzte eskabideak, oinarri hauetako I., II. edo III. eranskinen arabera, kirolariak, teknikariak edo epaileak diren, hurrenez hurren. Eskabide-idazkiarekin batera, 3. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira.

Eskatzaileak NANaren fotokopia edo atzerritarren kasuan, egoitza-txartela aurkeztu beharko du, eta, kirolari adingabeak izanez gero, aitak, amak edo tutoreak sinatutako baimena aurkeztu beharko du, oinarri hauen V. eranskineko eredua erabiliz.

Goi-mailako kirolari gisako aitormena indarrean edo izapidetua ez dutenek, Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, honako hauek egiaztatu eta aurkeztu beharko dituzte: (i) euskal izaera politikoa dutela, Autonomia Estatutuan xedatutakoaren arabera, eskaera egiten den eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez, eta horretarako, dagokion erroldatzea aurkeztu beharko dute; (ii) euskal federazio batek emandako lizentziarekin lehiatzen direla, eta horretarako, indarrean dagoen federazio-lizentzia aurkeztu beharko dute.

3.– «Laguntza osagarriak» bekaren eskabideak aurkezteko, oinarri hauen IV. eranskineko eredua erabili beharko da.

4.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzea oinarrietan agertzen diren baldintzak, edozein pertsonak oinarrien kontra aurkaratzeko izan dezakeen eskubideari kalterik egin gabe.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

1.– Hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Basque Team Fundazioak, eskabideak eta agiriak jaso ondoren, banako espedientea hasiko du eskatzaile bakoitzeko, eta oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat etorriz ebaluatuko da.

3.– Baldin eta eskabidea eta eskatzaileak aurkezturiko gainerako dokumentazioa aztertzen badira eta akatsak daudela edo dokumentazioa osatugabea dela ikusten bada, horren berri emango zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzenketa egin dezan. Eskatzaileari emandako epea igaro bada eta eskaturiko zuzenketa edo aurkezpena egin ez bada, eskabideari uko egin diola ulertuko da.

4.– Laguntza osagarrien eskabideak 2025ean zehar aurkeztu ahal izango dira. Eskabidea, nolanahi ere, aipatutako Bekaren bidez finantzatu nahi den entrenamendu- edo lehiaketa-jarduera zehatza egin baino lehen aurkeztu beharko da.

5.– Helburuen araberako sariak emateko eskatuz gero, onuradunak 2025ean egin beharko du eskabidea, hau da, urte horretako abenduaren 31 baino lehen.

8. artikulua.– Bekak esleitzeko organo eskudunak.

Basque Team Fundazioaren Patronatuari dagokio, aurretik Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren baimena izanda, oinarri hauetan ezarritako bekak emateari buruzko ebazpena ematea. Bekak ematearekin lotutako prozedurak Patronatuko idazkariak kudeatuko ditu, eta, horretarako, Fundazioaren administrazio-zerbitzuez baliatu ahal izango da.

9. artikulua.– Gehieneko zenbatekoa.

1.– Basque Team Fundazioak, gehienez, 991.500 euro eman ahal izango ditu oinarri hauetan ezarritako beka guztietan. Honelaxe daude banatuta:

a) 5. artikuluko 1.1. atalean (Oinarrizko Beka) ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 742.500 euro.

b) 5. artikuluko 1.2. atalean (Helburuen araberako saria) ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 46.000 euro.

c) 5. artikuluko 2. atalean (Basque Team Teknikariak Beka) ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 63.250 euro.

d) 5. artikuluko 3. atalean («Atzeraeraginezko» Basque Team Beka) ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 77.000 euro.

e) 5. artikuluko 4. atalean (Basque Team «Support» Beka) ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 27.000 euro.

f) 5. artikuluko 5. atalean (Basque Team «Epaileak» Beka) ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 8.250 euro.

g) 5. artikuluko 1.3 atalean (Laguntza Osagarriak) ezarritako laguntza guztien gehieneko zenbatekoa: 27.000 euro.

2.– Baldin eta artikulu honetako aurreko atalean aurreikusitako atal baterako edo gehiagoetarako ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoa ematen ez bada, aurreikusitako gainerako laguntzen diru kopurua handitu ahal izango da, oinarri hauetan jasotakoa betez, onuradun bakoitzarentzako ekarpena bermatzeko beharrezko izanez gero. Atal honetan adierazitakoa oinarri hartuta sortuko liratekeen soberako diru-kopuruak proportzioan banatuko lirateke, oinarri hauetan ezarritakoa betez, ekarpena oraindik osorik jaso ez duten pertsonen artean. Adierazitako hori ez zaio aplikatuko «Laguntza osagarriak» atalari, horien gehieneko zenbatekoa artikulu honetako g) atalean adierazitakoa izango baita.

3.– Baldin eta, aurkezturiko eskabideekin eta eskatzaileek egiaztaturiko kirol merezimenduekin edo emaitzekin bat etorriz, oinarri hauetan ezarritako beketarako gehieneko guztizko zenbatekoa nahikoa ez bada, Basque Team Fundazioak horretarako baliatu dezakeen diru-kopurua handitu ahal izango da, zenbateko horren gehikuntza onesteko sailburuak emandako aginduaren bidez, baita inguruabar horri dagozkion modalitateen gehieneko zenbatekoak ere. Baldin eta beketarako zuzkiduraren zenbatekoa handitu beharra badago –horretarako, aurrekontu-kreditu nahikoa egon beharko da–, halako moldez egingo da ezarpena non onuradun bakoitzak oinarri hauetan aurreikusitako diru-kopuruak jasoko dituela bermatuko baita.

10. artikulua.– Bekak esleitzeko irizpideak.

1.– Bekak emateko Basque Team Fundazioak kontuan hartuko dituen irizpideak oinarrietako artikulu honetan aurreikusitakoak izango dira. Oinarri hauetan aurreikusitako beketako baten onuraduna izateko erreferentziatzat kontuan hartuko diren irizpide bakarrak izango dira indarrean dagoen olinpiar edo paralinpiar programaren barruko proben emaitzekin lotura dutenak, eta bazter utziko dira eskatzailek egiaztatutako gainerakoak.

2.– Oinarri hauetan aurreikusitako beketako baten onuradun izateko, eskatzaileak kirol-merezimendu hauek bete beharko ditu:

– Basque Team Kirolariak beka:

A taldea. Indarrean dagoen olinpiar programan sartutako probetako kirolariak (Los Angeles 2028 eta Milan Cortina 2026).

A.1 – Banakako probetako kirolariak:

Indarrean dauden olinpiar programetan sartutako banakako proben kasuan, gutxienez 40 puntu lortu beharko dituzte beren kirol-ahalmenaren balorazioan; gehienez, 60 lor ditzakete.

Indarrean dagoen neguko olinpiar programan sartutako banakako proben kasuan, gutxienez 2024an Munduko Kopako hiru probatan parte hartu izanak izan beharko dute.

A.2 – Proba kolektiboetako kirolariak

A.2.1.– Multzokako kirolariak: gutxienez 40 puntu lortu beharko dituzte beren kirol potentzialaren balorazioan; gehienez, 60 lor ditzakete.

A.2.2.– Taldeko kirolariak: 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Paris 2024 Olinpiar Jokoetako, Munduko Txapelketako, Europako Txapelketako edo Munduko Kirol Ligetako azken faseari dagokion zerrenda ofizialean sartu izana egiaztatu beharko dute. Une eta leku desberdinetan jokatzen diren Munduko Txapelketetan, Europako Txapelketetan edo Munduko Ligetan, kirolariak gutxienez 2024ko % 75eko partaidetza egiaztatu beharko du.

B taldea. Indarrean dagoen Paralinpiar Programan sartutako proben kategorietako kirolariak (Los Angeles 2028 eta Milan Cortina 2026).

B.1.– Banakako probetako kirolariak: bi baldintza hauetako bat bete behar dute: (i) 2024an domina lortu izana Europako Txapelketan; (ii) 2024an lehen lau postuetako bat lortu izana Munduko Txapelketan.

B.2.– Proba kolektiboetako kirolariak

B.2.1.– Multzokako kirolariak: bi baldintza hauetako bat bete behar dute: (i) 2024an Europako Txapelketan domina lortu izana; (ii) 2024an Munduko Txapelketan lehen lau postuetako bat lortu izana.

B.2.2.– Taldeko kirolariak: bi baldintza hauetako bat bete behar dute: (i) 2024an Europako Txapelketan lehen 4 sailkatuen artean emaitza bat lortu izana; (ii) 2024an Munduko Txapelketan lehen 5 sailkatuen artean emaitza bat lortu izana.

C taldea. Paris 2024 Olinpiar edo Paralinpiar Jokoetan parte hartu duten kirolariak.

Paris 2024 Olinpiar edo Paralinpiar Jokoetan parte hartu izana egiaztatu beharko dute

– Basque Team Teknikariak beka:

2025ean Basque Team Kirolariak beka edo «Atzeraeragina» beka jasotzeko eskubidea duen kirolariren baten prestakuntzaz arduratzen den pertsona dela egiaztatu beharko dute.

– Atzeraeraginezko Basque Team beka:

2024an Basque Team Kirolariak bekaren onuradun izan beharko dute, eta, urte horretan, kirolariak ez du lortu 2025ean Basque Team Kirolariak beka bat lortzeko artikulu honetan eskatzen den emaitza edo kirol-merezimendua.

– Basque Team Support beka:

Indarrean dauden olinpiar programetan sartutako banakako proben kasuan, 2024an Munduko txapelketetan parte hartu izana egiaztatu beharko dute, indarrean dauden olinpiar programetan jasotako banakako edo multzo-kolektiboko probetan bakarrik, nahiz eta kirolariak 2025ean Basque Team Kirolariak beka bat lortzeko artikulu honetan eskatzen den kirol-emaitza edo -merezimendua lortu ez. Indarrean dagoen neguko olinpiar programan sartutako banakako proben kasuan, gutxienez Europako Kopako hiru probatan parte hartu beharko dute 2024an.

– Basque Team Epaileak beka:

2024an nazioarteko kirol-lehiaketa batean epaile gisa parte hartu izana egiaztatu beharko dute, dagokion nazioarteko kirol-federazioak egindako deialdi ofizialaren ondoren, edo Paris 2024 Olinpiar edo Paralinpiar Jokoetan. Ekitaldi hauetako baten garapenean aktiboki parte hartu izana, jokoa garatzeko teknika eta kirol arauak aplikatuz: munduko txapelketak edo olinpiar edo paralinpiar jokoak. Nolanahi ere, olinpiar edo paralinpiar programen barruan sartzen diren probetako kirol-lehiaketei dagozkien ekitaldiak izan beharko dira, kategoria absolutukoak eta kategoria gorenekoak, oinarri hauetan aurreikusitako baldintzetan.

3.– Artikulu honen 2. atalean aipatzen diren kasuetan adierazitako kirol-merezimenduak ebaluatzeko eta egiaztatzeko, honako hau hartuko da kontuan:

a) Baloratu egingo da kirolariek Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak aintzatetsitako nazioarteko kirol federazioek antolatzen dituzten modalitateen lehiaketetan parte hartzea. Beste erakunde edo entitate batzuek antolaturiko lehiaketetara ere zabaldu daitezke beka hauek, betiere Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko sailkapenaren ondorioetarako kontutan hartuko badira.

b) Oinarri hauetan ezarritako laguntza guztiak emateko, oro har, soilik hartuko dira aintzat 2024. urteko urtarrilaren 1etik 2024. urteko abenduaren 31ra arte (biak barne) nazioarteko kirol lehiaketetan eta «kategoria absolutuan» eta «gorengo kategorian», edo Paris 2024 Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lorturiko «kirol emaitzak».

c) Soilik kontutan hartuko dira talde-probetan lorturiko emaitzak baldin eta indarreko olinpiar programaren barruan badaude.

d) Paralinpiar Kiroletan, indarreko paralinpiar programan onartutako proben kategorietan lorturiko emaitzak kontutan hartuko dira soilik.

e) Taldeko kiroletako olinpiar proben kasuetan, 2024an Munduko Ligetan izandako parte-hartzearen ehunekoa kontuan hartu eta baloratuko da.

f) Zirkuitu profesional bat duten banakako kiroletako olinpiar proben kasuan, 2024 Munduko Banakako Rankingeko posizio finala kontuan hartu eta baloratuko da; hala ere, kasu horietan ez dira kontuan hartuko Munduko Txapelketetan lortutako emaitzak, salbu eta azken kasu horretan, Paris 2024 Olinpiar Jokoetan parte hartzeko sarbide-sailkapenerako zenbatutako probak badira.

g) Artikulu honetako aurreko paragrafoko A.2.2 epigrafean eta aurreko ataleko B taldean aurreikusitako taldeko kirolarien kasuan, ez dira Basque Team Support bekak emango.

4.– Artikulu honetan aurreikusitako «Kirol ahalmena» ·kalkulatzeko (gehienez, 60 puntu) kontzeptu hauek izango dira aintzat: «lehiaketaren balioa» eta «lorturiko postuaren balioa».

(Ikus .PDF)

5.– «Lehiaketaren balioa»ri dagokionez, hauexek beteko dira: «Lehiaketaren balioa»ren gehieneko balioa 50 puntukoa izango da. «Lehiaketaren balioa» 35 eta 50 puntuen artekoa izango da, kasuan kasuko nazioarteko lehiaketaren kategoriaren arabera. «Lehiaketaren balioa» zehazteko, maila hauek ezarri dira:

(Ikus .PDF)

«Lehiaketaren balioa» 50, 40 edo 35 puntutik hasi eta mantendu edo gutxitu egingo da kontzeptu hauengatik:

– Kontinente partaideak:

1. mailako probetan: puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 4 edo 5 kontinentek hartzen badute parte, eta ehuneko hauek gutxituko dira kasu hauetan:

– % 5, baldin eta 3 kontinentek hartzen badute parte.

– % 10, baldin eta 2 kontinentek hartzen badute parte.

– % 15, baldin eta kontinente 1ek hartzen badu parte.

– Herrialde partaideen kopurua:

1. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 50 federaziok edo gehiagok hartzen badute parte, eta ehuneko hauek gutxituko dira kasuotan:

– % 5, baldin eta nazioko 50 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 10, baldin eta nazioko 25 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 15, baldin eta nazioko 10 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

2. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 25 federaziok edo gehiagok hartzen badute parte, eta ehuneko hauek gutxituko dira kasuotan:

– % 5, baldin eta nazioko 25 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 10, baldin eta nazioko 10 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 15, baldin eta nazioko 5 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

6.– «Lorturiko postuaren balioa»ri dagokionez, hauexek beteko dira. Gehienez 10 puntu izango dira lorturiko postuan. «Lehiaketaren balioa»ren gainean zuzenketa-koefizientea aplikatuz lortzen da haztapen hori. Izan ere, gorantz edo beherantz egingo du, kirolariak sailkapenean duen posizio erlatiboaren arabera. Balorazio positiboa izango dute txapelketa bakoitzeko lehen 15 postuek: lehen sailkatuak 10 puntu lortuko ditu, eta 0 puntu 16. postuan sailkatuak. 16. postutik atzera, balorazio negatiboa izango da; hartara, 0,625 deskontatuko dira postu bakoitzeko.

7.– «Laguntza osagarriak» emateko, Basque Team Fundazioak bekaren bidez finantzatu nahi den entrenamendu- edo lehiaketa-jarduera jakinaren egokitasuna baloratuko du. Egokitasuna baloratzeko, eskatzaileak dagokion memoria teknikoa, kirolekoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko ditu. Basque Team Fundazioaren erabakia, bekak ematekoa edo ez ematekoa, diskrezionalitate teknikoko irizpideetan oinarrituko da.

8.– 2025eko Basque Team beken oinarri hauetatik kanpo geratzen dira espresuki, dagozkien laguntzak eskuratzearen ondorioetarako, 2024an Parisen jokatutako azken Olinpiar edo Paralinpiar Jokooen programaren barruan egon arren 2028an Los Angelesen jokatuko direnen programaren barruan egongo ez direnak.

9.– Indarrean dagoen kirol-legedian aitortutako liga profesionaletan parte hartzen duten besteren konturako kirolari profesionalek ezin izango dituzte oinarri hauetan aurreikusitako bekak eskuratu. Une honetan, indarrean dagoen kirol-legerian halakotzat onartutako liga profesionaltzat hartzen dira honako hauek: Futbol Profesionaleko Liga Nazionala (LNFP), Emakumezkoen Futboleko Liga Profesionala («F» Liga), Saskibaloiko Kluben Elkartearen Liga (ACB) eta Espainiako Eskubaloiko Kluben Liga Profesionala (ASOBAL).

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebazpena emango duen organoak bekak ematea, ez onartzea edo ukatzea erabakiko du hiru (3) hilabeteko epean, gehienez, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren egunetik zenbatzen hasita edo, oinarri hauen 7. artikuluaren 4.eta 5. ataletan jasotakoei jarraituz, interesdunak eskabidea aurkeztu duenetik.

2.– Zioak bildu beharko dira ebazpenean nolanahi ere, eta banaka jakinaraziko zaie ebazpena beka eskatu dutenei. Era berean, Fundazioak emandako laguntzen zerrenda argitaratuko du, erakunde horrek dituen komunikazio-kanalen bidez eskuragarri egon dadin.

3.– Baldin eta, ebazpena emateko gehieneko epea igarota, ez bazaio jakinarazi eskatzaileari, eskabidea onartu ez dela ulertu ahal izango da.

4.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzekin edo bekekin zerikusia duten ebazpenen kontrako errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio arrunt zibilaren aurrean hilabeteko epean, jakinarazten denetik edo isilbidez ezesten denetik hasita, artikulu honetako aurreko atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Nahi izanez gero, errekurtso hori jurisdikzio zibil arruntean aurkeztu aurretik, ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, interesdunak berrikusteko eskabidea aurkeztu ahal izango dio Fundazioari.

5.– Laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere beken onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

12. artikulua.– Onuradunentzako betebeharrak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunek, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Goi-mailako kirol-jarduera gutxienez 2025ean egitea. Kirolariak bere denbora eta dedikazio nagusia bere kirol-espezialitateari dagozkion goi-mailako lehiaketetan parte hartzeko beharrezkoak diren zereginetara bideratu beharko du, 2025ean maila gorenean lehiatzeko moduan.

Betebehar horretatik salbuetsita daude, laguntza baten onuradun izanik, 2025ean haurdun daudenak, iraupen luzeko lesio edo osasun-arazo oso larria dutenak, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

b) Fundazioak bere kirol-jarduerari buruz eskatzen dion informazio zehatza ematea.

c) Fundazioak dituen egintza, ekitaldi eta jarduera ofizialetara joatea eta haietan parte hartzea.

d) Fundazioaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere, eta «Laguntza Osagarriak» Beka gisa emandako zenbatekoak entrenamenduko edo lehiaketako jarduera zehatzaren kostuak ordaintzeko erabili direla justifikatzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, Fundazioak egin beharreko egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketen mende jartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoen mende eta finantzazioa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenen mende ere.

f) Fundazioari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea Fundazioari. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere.

i) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.

j) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

k) Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

l) Hizkuntza eta irudiak erabiltzean ikuspegi intersekzionala aintzat hartu, eta, bereziki, sexuaren eta generoaren ikuspegiari dagokionez, diruz lagundutako jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.

m) Kirol-lehiaketetan zein lehiaketetatik kanpo hartutako jarreretan joko garbiaren balioen eramailea izatea, eta kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurka administrazioaren eta kirolaren eremuan dauden arauak urra ditzakeen edozein jarduera saihestea.

n) Lehiaketetan parte hartu aurretik, bitartean eta ondoren, gainerako kirolariekin edo parte-hartzaileekin, komunikabideekin, agintariekin, publikoarekin edo ikusleekin, babesleekin eta abarrekin errespetuzko eta zuzentasunezko jarrera eta portaera izatea. Era berean, une oro errespetuzko jarrera izatea Fundazioarekiko eta haren kide edo pertsonalekiko, haien irudia edo ohorea arriskuan jartzen duen adierazpen, jarduketa, adierazpen publiko edo antzekorik saihestuz.

13. artikulua.– 2025eko Basque Team Bekak ordaintzea.

Oinarrien 5. artikuluan aurreikusitako beken ordainketa oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak eman direla jasotzen duen ebazpena interesdunari jakinarazi ondoren egingo da. Ordainketa honela egingo da:

a) 5. artikuluko 1.1. atalean ezarritako laguntzak: zenbateko bereko hileko ondoz ondoko ordainketetan. Horretarako, esleitutako bekaren zenbatekoa zati emate-dataren eta ekitaldiaren amaieraren artean geratzen diren hilabeteak egingo dira.

b) 5. artikuluko 1.2. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, kirol lorpena edo emaitza eskuratutakoan.

c) 5. artikuluko 2. atalean ezarritako laguntzak: zenbateko bereko hileko ondoz ondoko ordainketetan. Horretarako, esleitutako bekaren zenbatekoa zati emate-dataren eta ekitaldiaren amaieraren artean geratzen diren hilabeteak egingo dira.

d) 5. artikuluko 3. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, emakida-erabakia jakinarazi ondoren. Lehendik aitortutakoaren edo emandakoaren zenbateko bereko ekarpen gehigarri bat jasotzeko eskubidea ematen dion kirol-merezimendua lortuz gero, zenbateko hori hainbanatu eta zenbateko bereko hileko ordainketetan ordainduko da.

e) 5. artikuluko 4. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, emakida-erabakia jakinarazi ondoren.

f) 5. artikuluko 5. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, emakida-erabakia jakinarazi ondoren.

g) 5. artikuluko 1.3 atalean aurreikusitako laguntzak («Laguntza osagarriak»): ordainketa bakarrean, dirulaguntza emateko erabakia jakinarazi ondoren, eta eman den entrenamendu- edo lehiaketa-jarduera zehatzaren justifikazioa aurkeztu ondoren, eta, zehazki, jarduera horren hartzaileak ordaindutako gastuen edo kostuen justifikazioa aurkeztu ondoren.

b), d) eta f) ataletan ezarritako kirol lorpenak edo emaitzak egiaztatzeko, kirol federazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du bekaren onuradunak.

Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, ez da bekarik ordainduko. Era berean, zorra dagoen bitartean, ez zaie bekarik ordainduko dirua itzultzeko prozeduran daudenei.

14. artikulua.– Beken bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauetan arauturiko bekak eta sariak bateragarriak dira helburu bera izanik edozein entitate publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein laguntzarekin.

2.– 4. artikuluko a), c) eta d) ataletako bekak bateraezinak dira artikulu bereko b) letran aurreikusitako bekak jasotzearekin; beraz, oinarri hauetan aurreikusitako kirolari gisa beka baten onuradun denak ezingo du beste bat jaso teknikari gisa.

15. artikulua.– Itzulketa.

1.– Dirulaguntzak itzultzeko arrazoiak Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak izango dira.

2.– Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2025 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da itzulketa-prozedura.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera (2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa), emandako datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatuko ditu tratamenduaren arduradun gisa, eta datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko edo eramateko eskubideak baliatu ahalko dira haren aurrean, zehazki eskabidearen arrazoia adierazita eta nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia erantsita. Eskabidea paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da. Erantzunik jaso ezean edo eskaera ezetsi dela ikusiz gero, interesdunak Datuak Babesteko ordezkariarengana jo ahal izango du, edo, erreklamazioz, Datuak Babesteko Espainiako Agentziarengana. Basque Team Fundazioak datu pertsonalak tratatuko ditu helburu hau betetzeko: beka-eskaerak eta emandako laguntzak kudeatzea. Basque Team Fundazioa legitimatuta dago datu horiek tratatzeko, beharrezkoak baitira erakunde horren eta laguntza eskatzen duen pertsonaren artean ezarritako harreman juridikoa gauzatzeko. Laguntza eskatzen duen pertsonak Basque Team Fundazioari emandako datu pertsonalen egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzukizuna du. Basque Team Fundazioak ezinbesteko datu pertsonalak jakinaraziko dizkie honako jasotzaile-kategoria hauei: beste administrazio eta erakunde publiko pribatuei, dagozkien eskumenak eta adierazitako helburuekin bateragarriak direnak gauzatzeko. Datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatu eta gordeko ditu, datuen babesaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera. Basque Team Fundazioak ez du aurreikusten datuak hirugarren herrialdeetara transferitzea.

Getxo, 2025eko urtarrilaren 28a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala