Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2025eko otsailaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
564

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Bermeoko portua antolatzeko plan bereziaren 3. aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzekoa.

AURREKARIAK

2019ko maiatzaren 8ko Ebazpenaren bidez, Bermeoko (Bizkaia) portuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren 3. aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua formulatu zuen orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Bermeoko (Bizkaia) portuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren 3. aldaketari (hemendik aurrera Plana esango diogu) hasierako onespena eman zitzaion Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2020ko urriaren 14ko Aginduaren bidez (agindu hori 2020ko urriaren 22ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 203 zenbakian). 2021eko apirilean, Egindako txostenak eta aipatutako onarpenaren jendaurreko erakustaldian jasotako alegazioak aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak baztertu egin zuen Bermeoko portuko VII. gunearen (Erroxape kaia-Mundaka) lur-azalera handitzea inguru horretako natura-ondare babestuko espazioen gainean (ES2130007 KBE Kontserbazio Bereziko Eremua; Urdaibaiko itsasertzak eta padurak; Urdaibaiko itsasadarreko ES0000144 HBBE Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua; zeharka, Urdaibaiko ibai-sareko Kontserbazio Bereziko Eremua, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba). Horrekin batera, bigarren aldiz aldatu zuen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko abenduaren 13ko Aginduaren bidez hasiera batean onartutako plana (2022ko abenduaren 30eko 248 zenbakiko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen agindu hori).

2024ko urriaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Bermeoko (Bizkaia) portuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren 3. aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa emateko eskaera osatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan (gaur egungo Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan).

Eskaerarekin batera, hauek aurkeztu zituen: Planaren behin betiko proposamena, 2024ko uztailekoa; Ingurumen Azterketa Estrategikoa (hemendik aurrera IAE esango diogu), 2024ko ekainekoa, eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak arautu behar dituzten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publikoek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haiek prestatzea eta onestea beharrezkotzat jotzen badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, kontuan hartuta abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuko 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoa, bai Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (gaur egungo Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza) beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura gauzatzeko. Horretarako, ingurumen-azterketa estrategiko bat egin dute –haren irismena aldez aurretik zehaztuta–, kontsulta publikoak eginez eta eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartuz.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bermeoko portua antolatzeko plan bereziaren 3. aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren eremuaren azalera 429.244,34 m2-koa da: 277.696,38 m2 dira itsaso-azalera eta 151.547,96 m2 lur-azalera. Planak Bermeo eta Mundakako udal-mugarteei eragiten die.

Planaren helburu orokorra da Bermeoko portu-eremuaren kalifikazio orokorra eta antolamendu xehatua zehaztea.

Planaren helburu zehatzak, berriz, hauek dira:

– Portuaren eta hiriaren arteko interakzioa gertatzen den espazioetan hiri-kalitatea hobetzea.

Ontziak eraikitzeko portu-jarduerak ontzitegiko kaitik kendu eta bizitegi-eremutik aldenduago dauden beste portu-eremu batzuetara eramatea. Ontziak eraikitzeko erabilerak eta ontzientzako instalazioak eta eraikinak kalifikatu dira, hain zuzen ere ontzitegiko kaian, antolamendutik kanpo daudenak, eta ainguratze-eremua eta ontzitegi-orgak mantendu dira, bai eta ontzi txikiak mantentzeko konponketa txikiak egiteko jarduerak ere. IV. eremuan bi azpieremu daude: SZVR_B01, non egungo ontzitegiak mantentzen diren, eta SZUC_B02 azpieremua, non portu-erabileren eta hiriaren arteko elkarreragin hobea ahalbidetzeko helburua duten erabilera komunitario publikoak dauden. Titulartasun publikoko komunitate-ekipamenduko erabilera berriak ezarri ahal izateko, eraikin berri bat diseinatu da, solairu bakarrekoa eta SZUC_B02 azpieremu osoa hartzen duena (1.566 m2). Horrez gain, espazioak eta sarbideak hobetu dira Kasinoaren bidegurutzetik Matxikorta kaira (bide-garraioko SZTV_B01 azpieremua).

– Irizpide eta helburuak emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez.

Generoaren araberako eraginaren ebaluazioaren edukia aplikatzearen ondoriozko jarduerak eta genero-berdintasuna hobetzeko egokitzat jotzen den beste edozein jarduera sustatzen dira, eta Plana onartzeko prozesuan emakumeek parte-hartze sozial handiagoa izatea bultzatzen da, horretarako ezarrita dauden legezko izapideen arabera.

– Eraikuntzaren eta dauden erabileren erregimena hobetzea eta malgutzea.

«Antolatzen» eta «antolamenduz kanpo» kategoriei (izotz-fabrika, bulegoak, Bermeoimega/ontziola/tailerra) «ados ez plangintzarekin» kategoria gehitu zaie (Cortazar ontziolak, lonjak, biltegitxoak, etxebizitzak eta biltegitxoak, Gurutze Gorria, Ertzaintza, udalaren arraun-kluba, transformadorea, pilatutako edukiontziak eta Repsolen instalazioak). Eraikuntza-araubidearen eta lehendik dauden erabileren hirigintza-arauetan, kategoria berri horretako eraikinetan eta instalazioetan izan daitezkeen desadostasun-mailak eta eraikuntza-erabilerak eta -esku-hartzeak zehazten dira.

I. eremuko (Frantxuako kaia) SZUC_B01 azpieremuan dauden eraikinen tratamendua.

Dauden eraikinak «ados ez plangintzarekin» bezala kalifikatuta egotera pasatu dira, eta eraikin horietan zer erabilera eta/edo jarduera baimendu ahal izango diren eta eraikuntzako zer esku-hartze egin ahal izango diren adierazi da.

– Frantxuako iparraldean dagoen I-2 azpieremuaren kalifikazio orokorra aldatzea, ES213007 Urdaibaiko itsasertzak eta padurak KBE deklaratzeagatik.

Planaren itsas eremuaren esparruko eremuak, Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak (ES2130007) Kontserbazio Bereziko Eremuarekin bat egiten dutenak, honela kalifikatu dira: Portuko Sistema Orokorra, Itsas Eremua, Itsasertzaren Babesa (SGP-M-B02, eremuaren ipar-mendebaldean kokatua (Frantxua), eta SGP-M-M02, Erroxapeko kaiaren ekialdean kokatua), haien kalifikazio orokorra gainerako itsas azaleraren kalifikaziotik bereizteko helburuarekin.

– Matxikortako kaian dagoen V-2 azpieremuan erabilera gehiago baimentzea.

SZIC_B01 azpieremuan (arraina prozesatzeko hotz-planta bat jarriko da lur horietan), ontzi txikientzako lehorreko kaiaren erabilera ere baimenduko da.

– Bermeo portuko zerbitzuen eraikina handitzea.

SZIC_M02_ED7 eraikinaren gehieneko lerrokatzeen azalera handitzea, 756,80 m2-ko azalera izatera pasatuz.

Planak ezetsi egiten du portuko lur-azalera handitzea, eta, hortaz, hasiera batean aurreikusitako betelana egitea, bai eta portuaren hego-ekialdeko muturreko eremua handitzearekin lotutako gainerako jarduketak egitea ere.

Planean adierazten denez, Bermeoko portuaren plan bereziaren eremuaren antolamendua ezartzeko, hau da, haren lur- eta itsas azaleren antolamendua ezartzeko, Bermeoko portuaren itsaso eta lehorraren arteko jabari publiko osoarena, kontuan hartu behar da sistema orokorra dela; hau da, esparru osoa eremu publikoek osatzen dutela eta bertan ez dagoela jabari pribatuko azalerarik. Beraz, eremu guztiak portuko sistema orokor gisa kalifikatu dira modu orokorrean, kasu bakoitzean lur-azalerak eta itsas azalerak bereizita.

Planak planteatzen du Urdaibaiko Itsasertza ES2013007 KBEarekin bat datozen portuko sistema orokorreko itsaso-zatiak, «Portuko Sistema Orokorra, Itsas Azalera, Itsasertza Babesteko Eremua» bezala kalifikatzea (SGP-M-B02 eta SGP-M-M02). Ildo horretan, Plan Bereziko hirigintza-arauetako 3.2.3 artikuluaren («Itsas azaleretako jarduerak eta zerbitzuak») 2. apartatuak ezartzen du azpieremu horietan balio ekologikoak mantentzeko, kontserbatzeko eta, hala badagokio, hobetzeko jarduerak baino ez direla onartzen.

Kalifikazio xehatua ezartzeko erabiltzen diren erabilera guztiak portu-erabilerak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren 2/2018 Legeko 12. artikuluan ezarritakoaren arabera: merkataritzako erabilerak (SZCP), arrantzako erabilerak (SZPS), aisialdi nautikoko erabilerak (SZNR), erkidegoko erabilera publikoak (SZUC), industria- eta merkataritza-erabilerak (SZIC) eta erabilera mistoak.

Aipatutako erabilerez gain, lurreko garraioko erabilerak ere sartzen dira: errepideko bide-garraioko azpieremua (SZTV), ibilgailuen eta oinezkoen bidegintzarako, eta trenbideko garraioko azpieremua (SZTF); halaber, ezponda-azalerak babesteko espazio libreetarako erabilera ere sartzen da (SZPT). Azkenik, kalifikazio xehatuaren barruan sartzen da ontzitegi-azpieremua (SZVR). Lehen esan bezala, eremu horrek egungo ontzitegiak mantentzen ditu SZVR_B01en eta komunitate-erabilera publikoak SZUC_B02n.

Eraikuntzaren gehieneko lerrokadurak zehaztuz osatzen da kalifikazio xehatua. Lerrokadura horietan, antolamenduaren barruan jasotzen diren lehendik dauden eraikinak, proiektatutako eraikinak eta lehendik dauden eraikinen kokapenean eta forman gerta daitekeen edozein aldaketa kokatu behar dira, eta kasuan kasuko hirigintza-arauetan horiek eraldatzeko jarraibideak eman behar dira, hala badagokio. Proiektatutako eraikin bakoitzaren solairu-kopurua eta gehieneko altuerak ere ezartzen dira.

Azkenik, Planak baldintasun gainjarri hauek biltzen ditu: Natura 2000 Sareko eremuak, interes geologikoko lekuak, paisaiaren babesa, Batasunaren intereseko habitatak eta hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko eremuak.

Planeko Ibilgailuen eta oinezkoen bidegintza diseinatzeko, kontuan hartu da azpieremu bakarra ezartzea, eraikinekin, instalazioekin eta erabilerekin proiektatutako azpieremu guztiak irisgarriak izan daitezen. Ondoren, errepide-irisgarritasuneko eta oinezko irisgarritasuneko beharren arabera, Portu Administrazioak ibilgailuen eta oinezkoen bateragarritasuna erregulatzeko behar diren baldintzekin espezializatu ahal izango ditu bide-garraioko azpieremuaren azalerak, baita portu barruko trenbidean kontserbatu edo mantendu nahi den zortasunaren azalerak ere.

Portuzarra bidearen trazadura diseinatu ahal izateko eta egun dauden kaien egungo egoerara egokitzeko, zuzenketa txiki bat egin da Bermeoko Portuko Plan Bereziaren 2. aldaketaren trazaduretan, horrela SZTV_B01 bide-garraioko azpieremuaren azaleraren barruan behar bezala lotzeko proiektatutako zubi mugikorraren trazadurarekin.

Planaren arabera, kalifikazio orokorraren oinarrizko zehaztapenak ez dira aldatzen Bermeoko Portuaren Plan Bereziaren 2. aldaketako zehaztapenekin alderatuta.

Eraikinen gehieneko okupazioaren azalera osoa (gehieneko lerrokadurak) 38.650,45 m2-koa da; Plan Bereziaren 2. aldaketan, berriz, 40.648 m2-koa zen. Sestra gaineko gehieneko eraikigarritasuna sabaipeko 83.875,19 m2-koa. Aldiz, 2. aldaketan sabaipeko 94.361 m2-koa zen, eta, hortaz, sabaipeko 10.485,81 m2 murriztu dira (% 11,11).

Planaren araudiarekin bat etorriz, Bermeoko portuko Plan Bereziaren 3. aldaketan proposatutako antolamenduko hondakin-urak arazteko irtenbidea, sortzen diren kolektoreak udal-saneamenduko sarera konektatuz egin beharko da, Lamiarango HUAn arazteko.

Planaren eremuko lehorreko zatia eremu artifizializatu bat da, intereseko balio naturalik ez duena. Bermeoko eta Mundakako udalerrietan indarrean dagoen plangintzaren arabera, hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago lurzoru hori.

Planaren eremuko ingurumen-balioen artetik, hauek nabarmentzen dira:

– Planaren eremua Urdaibaiko Biosferaren Erreserban (UBE) kokatuta dago. UNESCOk biosfera-erreserba deklaratu zuen Urdaibai 1984an, eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan bat dauka (EKZP), irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren bidez onartua. Hauek dira aldaketaren eraginpean geratuko diren eremuak: «N2 Itsasertzeko Guneak» eta «B2 Itsasertzaren Babesguneak».

– Natura 2000 Sareko espazioei eragiten die, zehazki Urdaibaiko itsasadarra HBBEari (ES0000144), Urdaibaiko itsasertzak eta padurak KBEari (ES2130007) eta Urdaibaiko Ibai Sarea KBEari (ES2130006). Eremu horiek kontserbatzeko neurriak ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuan jasotzen dira. Dekretu horren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ziren Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren intereseko 4 leku, eta KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak onartu ziren.

Hauek dira, zehazki, Planaren eraginpean egon daitezkeen gune horien kontserbazio-helburuak:

– Habitatak: EB 1170 Arrezifeak kodea eta EB 1230 Atlantikoko eta Baltikoko kostaldeetako landaretza duten itsaslabarrak kodea.

– Batasunaren interesekoak diren Itsasoko habitaten presentzia, 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera (1170 habitata: arrezifeak; 1110 habitata: une oro sakonera txikiko itsasoko urez estalita dauden hondar-bankuak).

– Espezieak: komunitate bentonikoak eta pelagikoak, abifauna eta abar.

– Aipatutako habitaten eta espezieen arteko erlazioek definitutako prozesu ekologikoak.

– Zuzenean eragiten dio Gernikako Antiklinala IGL interes geologikoko lekuari.

– Hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko eremuetan sartzen da eremua, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen.

– Ugaztunei dagokienez, adierazi behar da aldaketaren eremuaren zati bat, zehazki Etxebarrierreka erreka, Bisoi Europarra Kudeatzeko Planaren barruan sartuta dagoela «Hobetu beharreko tarte» gisa, eta beste eremu handiago bat, berriz, arriskuan dauden kiropteroentzako interes-eremua dela.

– Planeko itsas eremua Matxitxako-Getaria kostaldeko ur-masari dagokio (ES111C000020), eta egoera ekologiko, kimiko eta orokor ona izan zuen 2023an.

– Eremu horretako zati bat Paisaia Berezien Katalogoaren barruan dago, Urdaibaiko Itsasadarra (1. eremua) izenarekin.

– BI-2235 errepidearen zortasun akustikoaren eraginpean dago.

– Eremuaren barnean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan identifikatutako lurzati batzuk daude.

– Eremuaren zati bat bat bat dator, alde batetik, Bermeoko Hirigune Historikoaren mugaketarekin (ekainaren 5eko 132/1996 Dekretuak Hirigune Historikoari Kultura Ondasunaren kalifikazioa eman zion, Monumentu Multzo izendapenarekin), eta, bestetik, Kultura sailburuaren 1994ko irailaren 9ko Aginduaren bidez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz inskribatutako Gune Arkeologikoarekin.

– Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, gaur egungo agertokian betetzen dira industria-eremu akustikoetarako kalitate akustikoko helburuak bi metroko altueran eta fatxadetan, aztertutako hiru aldietan bete ere.

B) Ebazpen hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenaren 2019ko maiatzaren 8ko Ebazpenaren bidez emandako irismeneko dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako erreferentzia-dokumentuan eskatutako hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

C) Plana izapidetzeko prozesuan, ez da gehitu jarduketa berririk, ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duenik, eta ez da hauteman Planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik dagoenik.

D) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak hartzeko orduan, kontuan hartuko dira indarrean dagoen araudia eta hurrengo apartatuetan xedatutakoa, bai, halaber, Ingurumen Azterketa Estrategikoan aurreikusitakoa ere –aurrekoa galarazten ez duen heinean–. Era berean, zehaztapen hauek jaso beharko ditu Planak:

D.1.– Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babesari eta uraren kalitateari buruzko neurriak.

Planaren itsas eremua Matxitxako-Getaria ur-masari dagokio. Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoan ezarritako ingurumen-helburuak betetzen ditu, eta egoera ona du.

Planaren azken proposamenarekin bat etorriz, Bermeoko portuko Plan Bereziaren 3. aldaketan proposatutako antolamenduko hondakin-urak arazteko irtenbidea, sortzen diren kolektoreak udal-saneamenduko sarera konektatuz egin beharko da, Lamiarango HUAn arazteko. Portuaren esparruan ematen diren nahitaezko isurketa-baimenen baldintzak bete behar direla kontuan hartuta, Plana garatzeko jarduerak efluente kutsatzaile gutxiago sortuz eta portuko uretara zatiki finen eta bestelako substantzia kutsatzaileen isurketa minimizatuz egin beharko dira, bai obren fasean, bai eremu horretan ezartzen diren jardueren funtzionamenduan; hala, isurketa lokalizatuak bermatu nahi dira, eta, ingurumen-kalitateari buruzko arauak betetzearekin bat etorriz, erasandako ur-masen egoera hondatzea ez ekartzea. Bestela, baimenaren titularrak tratamendu egokia instalatu beharko du, aipatutako kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Gainera, Bermeoko portua, besteak beste, «ltsasertza» Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziaren eremuaren barruan dago. Plan hori Gobernu Kontseiluak onartu zuen, 2019ko apirilaren 9an egindako bileran, eta, agiri horren arabera, Itsas kutsadurari Aurre Egiteko Sistema Nazionala onartzen duen Errege Dekretuan (1695/2012 Errege Dekretua) xedatutakoa betez, itsas portu guztiek, eta horien artean Bermeokoak, istripuzko itsas kutsaduragatiko kontingentzien barne-plana izan behar dute. Plan horren helburua da giza baliabideak eta baliabide materialak ezartzea, bai eta portu-erantzukizuneko eremuan gertatzen den edozein isurketari aurre egiteko jarduera-protokoloa ere.

D.2.– Portuko kultura- eta paisaia-ondareari dagozkion neurriak.

Planaren eremuak ondare- eta paisaia-balio handia duela egiaztatzen dute espedientean dauden txostenek.

Aurrekoaren ondorioz, eta oro har, eraikinak egiteko, eraisteko, urbanizazio berriak egiteko edo hiri-altzariak instalatzeko jarduera orok kontuan hartu beharko du portuaren ingurumen- eta kultura-balioa, eta, ahal den neurrian, portuko jarduera historikoa eta hari lotutako paisaia identifikatzen laguntzen duten elementu garrantzitsuen kontserbazioa bermatu beharko du.

Bestalde, Planaren eremuaren zati bat bat dator, alde batetik, Bermeoko Hirigune Historikoaren mugaketarekin (132/1996 Dekretuaren bidez eta horri egindako aldaketen bidez, hirigune historikoa Kultura Ondasun gisa kalifikatu zen, Monumentu Multzo izendapenarekin –132/1996 Dekretua, ekainaren 5ekoa, Bermeoko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko dena. 1996ko ekainaren 18ko EHAA, 116 zk.–), eta, era berean, bat dator Kultura sailburuaren 1994ko irailaren 9ko Aginduaren bidez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz inskribatutako Gune Arkeologikoarekin (Kultura sailburuaren 1994ko irailaren 9ko Agindua, Bermeoko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartzen duena. Urriaren 11ko EHAA, 194 zk.). Ondorioz, Bermeoko Hirigunea Babesteko Araubide Orokorra Planean jasotako ekintzetan ere aplikatuko da, eta babes-araubide hori aplikatuko zaie aldameneko bi eremu horien parte diren elementuei. Gainera, hirigunearen eta portuaren beraren paisaia- eta ingurumen-balioak zaintzen direla bermatu beharko da, eta kultura-ondasunen ikusizko kutsadurarik ez gertatzeko ahalegina egingo da.

Ustezko zona arkeologikoei dagokienez, lur-mugimenduak, dragatzeak, eraispenak eta abar dakartzan edozein esku-hartze egiteko, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeko 65. artikulua bete beharko da.

Edonola ere, maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako xedapenak betez, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari, eta hark erabakiko du zer neurri ezarri beharko diren.

D.3.– Paisaia leheneratzeko neurriak.

Garapen-proiektuetan, horietan egiten diren proposamenen ingurumen- eta paisaia-integrazioa definituko da, garapena gauzatzeak ukitzen dituen eremu guztiak barne hartuta, eta, batez ere ezpondak babesteko azpieremuetan, eremu horiei eusteko eta/edo hobekuntzak egiteko jarduerak egiten badira, integrazio hori natura- eta paisaia-irizpideen arabera definituko da.

Landareztatze- eta/edo lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax eta abar. Espezie horiek ez hedatzeko neurriak zehaztuko dira, eta kontrol-jarraibideak ezarriko dira lan horietan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.

Eremuan egingo diren lorategi-lanetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua agirian jasotako neurri eta gomendioak kontuan hartuko dira (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20b zenbakia, 2017ko apirilekoa, Eusko Jaurlaritza).

D.4.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako hainbat kokalekurekin, eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, horietako lauri eragin diezaieke Planaren garapenak. Hauei: 48017 – 00032, 48017 – 00035, 48017 – 00036, 48017 – 00037. Aipatutako inbentarioaren arabera, industria-erabilerako kokalekuak dira.

Ondorioz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeko 23. artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatea adierazteko ebazpen baten bidez adierazi beharko ditu lurzati horiek, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraituz.

Oro har, inbentariatutako kokaleku horretan edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea bermatzeko ez dela lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat lurzatiak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den arloko legedia betez.

Plana garatzeko jardueren barnean lurra induskatu behar bada inbentariatutako lekuetan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeko 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta kainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuko 14. artikuluan ezarritakoa ere.

Nolanahi ere, Bermeoko edo Mundakako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-zantzu guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeko 22.2 artikulua betetzeko.

D.5.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Lanek iraun bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki indusketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obren fasean erabiltzen diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora, horiek aplikagarriak zaizkienean.

Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 42. artikulua betez (etorkizuneko hirigintza-garapenetan trenbidetik 75 metro baino gutxiagora eraikinak egiteari buruzkoa da artikulu hori), SZUC_B02 azpieremuan kokatutako eraikina eraikitzeko proiektuak, hezkuntza- edo kultura-erabilerak hartuko baditu, bibrazio-mailen ebaluazioa sartuko du, aplikatu beharreko kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko. Eraikinaren zimenduak bibrazio-iturritik hurbil gera daitezkeenez, eta, proiektuaren arabera, eremua garatu ondoren helburuak beteko badira ere, bibrazio-ebaluazio gehiago egiteko gomendioa ematen da, bai zimendu-kotan, bai eraikinen barruan, eraikina egin eta gero.

Bestalde, SZIC-B02 azpieremuko etorkizuneko eraikinean, hegoaldera begira egongo diren geletan, ezingo da gaueko jarduerarik egin edo, gaueko jarduerak egitea pentsatzen bada, hegoaldeko fatxadak ez du ireki daitekeen leihorik edukiko.

Edonola ere, eraikinaren barruan kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, aurreikusitako erabilerak eta eraikin-mota kontuan hartuta. Fatxadako isolamenduak espezifikoki justifikatu beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Azkenik, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 51. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako arauetan aipatutako isurketa-foku berriei aplikatu beharreko gehieneko kontzentrazio onargarriak bete beharko dituzte erabilera industriala edo tertziarioa duten lurzatietan ezartzen diren jarduerek.

D.6.– Urbanizazio, eraikingintza eta eraikuntza jasangarrirako neurriak.

Planaren esparruan eraikingintza eta eraikuntza jasangarriena egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, kontuan hartu beharko dira modu jasangarrian eraikitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko gidaliburuetako gomendioak, bai industria-eraikinetarako, bai merkataritza-eraikinetarako, Planaren esparruko eraikinetarako aurreikusitako erabileraren arabera, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia energetikoa sustatu eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, kontuan hartu beharko dira «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ko gomendioak. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri ez-berriztagarriekin sortutako energia gutxiago kontsumitzea eta/edo iturri horiekin energia gutxiago sortzea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta/edo kontserbatzea.

– Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

D.7.– Aurreikusitako garapena exekutatzen den bitartean balio naturalak babesteko neurri orokorrak.

Plana garatzeko proiektuak eta jarduerak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak ere, Planaren ondoriozko jarduerak gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira, eta, betiere, Planeko planoetan aurreikusitako mugen barruan. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan, eta natura-intereseko eremuetako lursailik edo portuko kultura-ondarean eragina izan dezakeen lursailik ez da okupatuko. Hala badagokio, eremu horiek in situ mugatu beharko dira, eta obra-ingurunetik hurbil dauden natura- edo kultura-balio handiko elementuak behar bezala babestuta egongo dira, ustekabeko eraginak saihesteko.

Bermeoko portua Kosta-Urdaibai-Gaztelugatxe Sektoreko Hegazti Fauna Babesteko Eremuaren barruan dago, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen. Ondorioz, Planaren esparruan lehendik dauden edo aurreikusita dauden instalazio elektrikoek, baldin eta portuan ibiltzen diren hegazti-faunako espezieentzat elektrokuzio-arriskua eragiten badute, talkaren eta elektrokuzioaren aurkako neurri egokiak hartu beharko dituzte, beharrezkoa izanez gero, horrela hegazti-fauna hiltzeko arriskua murrizteko.

Oro har, esparruko ingurumen- eta kultura-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, ingurumen- eta kultura-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira aurreikusitako garapenetan. Bereziki hauek:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Hauek jasoko ditu gutxienez: obraren okupazio-mugen kontrolarekin zerikusia duten alderdiak, natura- eta kultura-ondareko elementuen presentzia kontuan hartuta (elementu horientzat babes-perimetroa ezarriko da), lan-aldiak, makinak, behin-behineko desbideratzeak, ubideetara isurketarik ez egitea, hautsa eta zarata ahalik eta gutxien sortzea, lasaitasun publikoaren gaineko eragin negatiboak minimizatzea, hondakinen kudeaketa, eta abar.

Halaber, egunez lan egingo da, eta garbi eduki beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarri behar dira obra faserako, istripuzko isuriek kalterik ez egiteko, makinen mantentze-lanetan bereziki (material xurgatzaileak erabiliko dira, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatuko dira, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatu behar dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainetan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legeko 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu behar dira hondakinak. Hauxe da hurrenkera hori: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, eta beste balorizazio-mota batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira hondakinak isuriz gero haien artean nahastu eta arriskutsuagoak edo kudeatzeko zailagoak bihurtzen diren hondakin-moten kasuan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek apirilaren 8ko 7/2022 Legeko 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudia bete beharko dute.

Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek sistemak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, Amiantoak ingurumenean eragiten duen kutsadurari aurre hartu eta hori gutxitzeari buruzko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da, baita Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplika dakizkiokeen segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere.

Obrak egiten diren bitartean hondeaketa-soberakinak sortuko balira, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta 2019ko maiatzaren 8an orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, alderdi hauek azpimarratu behar dira: itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa eta haren igarobide- eta babes-zortasunak babestea, arrisku naturalak arintzea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak eta lehendik dauden eraikinak eraistearen ondoriozko materialak behar bezala kudeatzea, eremuaren kalitate akustikoa, ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria, lurraldearen gaineko esku-hartzeak paisaian behar bezala integratzea, eta kultura-ondarea babestea eta balioestea, kalteen prebentzioa lehenetsiz konpentsazioaren aurretik.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Bermeoko (Bizkaia) portuko hiri-antolamenduaren plan bereziaren 3. aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epe hori igarotakoan, ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriz hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala