
24. zk., 2025eko otsailaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
560
25/2025 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa, 2025eko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta organismo autonomoetan ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoa izango da, edo, luzapenik izanez gero, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudian aurreikusitakoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, muga honekin gehitu ahal izango da: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 490.000.000 eurotik gora.
Beraz, 2024. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2025eko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez gero, 1.284.992.934 euro da. Edonola ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoak bermatu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu-egonkortasuneko helburua betetzen dela zor publikoari dagokionez, Ekonomia Itunaren 62.b artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bestalde 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.
Horri dagokionez, lege horren 30. artikuluak xedatzen du zor publikoaren jaulkipena Gobernu Kontseiluak erabakiko duela, dekretu bidez, zorpetze-arloan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehieneko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenetan aipatzen ez dituen jaulkipen-ezaugarriak, aldiz, zorpetze-arloan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.
Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-entitateekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.
Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaerak eragindakoa denez, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.
Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-arloan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko baliabide eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.
Horregatik, eta dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartze aldera, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztuko da zer baliabide eta modalitate zehatz erabiliko diren zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko eta zer finantza-baldintza ezarriko diren.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.
Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea, eta baimena ematea mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, barruan zein kanpoan, mila berrehun eta laurogeita lau milioi bederatziehun eta laurogeita hamabi mila bederatziehun eta hogeita hamalau (1.284.992.934) euroko zenbatekoan gehienez ere.
2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.
Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:
a) Gehieneko zenbatekoa guztira: 1.284.992.934 euro.
b) Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
c) Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
d) Epea: 50 urte, gehienez.
e) Jaulkipen-modalitatea. Eragiketak honela egin ahal izango dira:
1.– Zor publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen baloreak zirkulazioan jarrita, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.
2.– Beste edozein motatako mailegu- edo kreditu-eragiketen bidez.
3. artikulua.– Xedea.
Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.
4. artikulua.– Onurak.
Aplikatzekoa den araudiarekin bat, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.
5. artikulua.– Konputagarritasuna.
Jaulkitako baloreak gaitzat joko dira, erakunde hauen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako: elkar bermatzeko sozietateak, aseguru pribatuko entitateak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten entitateak.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gaikuntzak.
Baimena ematen zaie Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariari erabakitzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko.
AZKEN XEDAPENA.– Efikazia.
Dekretu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urtarrilaren 28an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.
RSS