
24. zk., 2025eko otsailaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (212 KB - 16 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
557
17/2025 DEKRETUA, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko ikastetxe pribatuetan araubide bereziko kirol-ikasketak emateko baimenaren prozedura.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.6 artikuluan jasotzen denaren arabera, kirol-ikasketak araubide bereziko ikasketak dira. Gainera, lege horren 64.1 artikuluak xedatzen duenez, kirol-ikasketak bi mailatan egituratuko dira: erdi-maila eta goi-maila, zeinak, hurrenez hurren, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondokoaren eta goi-mailako hezkuntzaren parte baitira.
Era berean, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendu orokorra ezartzen du.
Otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren bidez arautzen dira 1363/2007 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean aipatzen diren kirol-prestakuntzako jardueren curriculum-alderdiak, baldintza orokorrak eta ondorioak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak 3. artikuluan dio bizialdi osoko ikaskuntza sustatzea dela euskal hezkuntza-sistemaren printzipioetako bat. Lege horren beraren 9.1.b) artikuluko 3. zenbakian, xedatzen da euskal hezkuntza-sisteman sartzen direla araubide bereziko kirol-ikasketak ere, eta, 19. artikuluan, kirol-ikasketen erregulazioaren ezaugarriak definitzen dira.
Gainera, Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legeak, 83. artikuluan, aldi iragankorreko kirol-prestakuntzak direlakoen sailarteko koordinazioa jasotzen du.
Konstituzioaren 27.6 artikuluan, berriz, ikastetxeak sortzeko askatasuna jasotzen da. Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 16. artikuluak xedatzen duenez, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, modalitate eta espezialitate orotan, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 27. eta 149.1.30 artikuluetan ezarritakoa.
Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak lehenengo tituluaren III. kapituluan finkatzen du nola egikaritu behar den eskubide hori ikastetxe pribatuak sortzeko; zehazki, 23. artikuluan ezartzen du administrazio-baimenaren printzipioaren mende egongo direla araubide orokorreko nahiz araubide bereziko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen irekiera eta jardunbidea. Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, oro har, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikora jotzen du 2/2006 Lege Organikoan arautzen diren ikasketak eskainiko dituzten ikastetxeak arautzeko.
Aurretiazko baimenaren betekizuna jasota dago urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 45. artikuluan eta lehenengo xedapen iragankorrean eta otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren 25. artikuluan.
Bestalde, Hezkuntza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzeko azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 16.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren egitekoen eta arloen artean dago unibertsitateaz kanpoko unitate eta ikastetxe pribatuak baimentzeko eta baimen horiek aldatu eta azkentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea, bai eta emandako baimenen betekizunei eusten zaiela gainbegiratzea ere.
Horrenbestez, araubide bereziko kirol-ikasketak emango dituzten ikastetxeen sustatzaileei espedienteak izapidetzeko bitarteko egokia eskaini behar zaie, bermatuko dituena bai sustatzaileen eskubideak gordetzen direla, bai halako ikastetxeak irekitzeko eta funtzionatzeko eskatzen diren gutxieneko betekizunak betetzen direla.
Dekretu-proiektu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 4. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioekin.
Hori guztia aintzat hartuta, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, EAEko Eskola Kontseiluari entzunda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorrita, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 21ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Dekretu honen xedea da araubide bereziko kirol-ikasketak ikastetxeetan emateko administrazio-baimenaren prozedura arautzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruari dagokionez.
2.– Era berean, lehendik emandako baimenak aldatu eta azkentzeko prozedurak arautzen ditu dekretu honek.
2. artikulua.– Ikastetxeak.
Euskal Autonomia Erkidegoan araubide bereziko kirol-ikasketak emango dituzten titulartasun pribatuko ikastetxeei aplikatuko zaizkie dekretu honetan araututako prozedurak.
3. artikulua.– Kirol-federazioek sustatutako ikastetxeak.
Araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 45. artikuluko 2. apartatuaren arabera, Espainiako kirol-federazioek sustatutako ikastetxeak baimendu daitezke, salbuespenez, kirol-ikasketen ziklo jakin bateko bloke espezifiko bat eman dezaten, baldin eta prestakuntzaren eskaintza osoa bermatuta badago beste ikastetxe batekin sinatutako hitzarmen baten bidez, aipatutako dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Eskabideak Hezkuntza Sailari helaraziko zaizkio, Kirol Kontseilu Gorenaren bitartez.
4. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– Hezkuntza-sistemako araubide bereziko kirol-ikasketak ematen dituzten ikastetxe guztiek, oro har eta baimenduak izate aldera, bete egin beharko dituzte ikasketa horiek ematea arautzen duen edo horretarako aplikatu behar den indarreko araudian eta araudi autonomikoan ezarritakoa.
2.– Baimendutako ikasketak indarrean dagoen antolamendu akademikoko araudiaren arabera emango dira.
5. artikulua.– Prozedurak hasteko, izapidetzeko eta ebazteko eskumena.
1.– Errebokazioaren kasuan izan ezik, interesdunak eskatuta hasiko dira prozedurak.
2.– Ikastetxeak baimentzearen arloan eskumena duen saileko zuzendaritza organikoaren titularrari dagokio dekretu honetan araututako baimentze-, aldatze- eta iraungitze-prozedurak izapidetzea.
3.– Hezkuntzako sailburuari dagokio prozedura horiek ebaztea.
6. artikulua.– Erregistroko inskripzioa, argitalpen ofiziala eta sarbide publikoa.
1.– Hezkuntza-sistemako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako ikastetxeak baimentzearen arloan eskumena duen saileko zuzendaritza organikoak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatuko ditu, ofizioz, baimenari eta hura aldatzeari edo azkentzeari buruzko erregistro-datuak, eta arauz eskatzen den informazioa igorriko dio unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen Estatuko erregistroari.
2.– Hargatik eragotzi gabe jakinarazteko betebeharra, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek jakin dezaten, hezkuntza-sistemako araubide bereziko kirol-ikasketak emateko baimenen xedapenak, bai eta horiek aldatzeari eta azkentzeari buruzkoak ere.
3.– Unean-unean indarrean dauden ikastetxe baimenduei buruzko datuak egoitza elektronikoan egongo dira argitaratuta.
7. artikulua.– Bitarteko elektronikoak.
1.– Dekretu honen xede diren prozeduren eskaera, instrukzioa eta ebazpena bitarteko elektronikoekin egin eta jakinaraziko dira, egoitza elektronikoaren bidez, eta atari horretan bertan kontsultatu ahal izango dira dekretu honetan araututako prozedurak izapidetzeko baldintza eta jarraibide guztiak.
2.– Hargatik eragotzi gabe aurretik adierazitakoa, izapideak egin behar dituzten Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako unitateek edo zerbitzuek informazioa eta aholkuak emango dizkiote dekretu honetan araututako prozeduraren bat hasi nahi duen orori, bai prozedura formalki hasi aurretik, bai prozeduran zehar.
II. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-BAIMENAREN PROZEDURA
8. artikulua.– Titulartasuna.
1.– Baimen-eskaeran adieraziko da zein den ikasketak emango diren ikastetxeko pertsona fisiko edo juridiko sustatzailea, titular gisa.
2.– Titular izan daiteke Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko beste edozein estatu kidetakoa duen pertsona fisiko edo juridiko oro, bai eta beste estatu batzuetakoa ere, betiere aplikatu beharreko legerian ezarritakoa betetzen badu.
3.– Bat etorriz Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 21.2 artikuluarekin, ezingo dira ikastetxe pribatuen titular izan:
a) Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko hezkuntza-administrazioan zerbitzuak ematen dituzten pertsonak.
b) Dolozko delituengatik zigor-aurrekariak dituztenak.
c) Epai judizial irmo baten bidez eskubide horretaz espresuki gabetuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak.
d) Pertsona juridikoak, baldin eta aurreko paragrafoetako pertsonek zuzendaritza-karguak badituzte pertsona juridiko horietan, edo kapital sozialaren % 20 edo hori baino gehiago haien titulartasunekoa bada.
9. artikulua.– Baimendutako jardueraren xedea, mugak eta baldintzak.
1.– Baimenaren xedea da ikasketa jakin batzuk ematea gehieneko unitate eta ikaspostu kopuruan, baimenean ezarritako gainerako zehaztapenak beteta.
2.– Dekretu honen 3. artikuluan agindutakoari kalterik egin gabe, baimenaren xedea izango da baimendutako titulu akademikoa edo ikasketak lortzeko egin behar diren modulu, bloke eta ziklo guztiak ematea, egunez, presentzialki eta osorik.
Irakaskuntza presentzialaz, egunekoaz eta osokoaz bestelako araubideetan irakasteko baimena eman ahal izango da, betiere ikasketa jakin hori arautzen duen araudiak dagokion irakaskuntza-araubidea ahalbidetzen duen neurrian.
3.– Baimenean adieraziko da zenbat ikaspostu baimenduko diren, bat etorriz eman beharreko ikasketa jakinari aplikatzekoa zaion araudiarekin, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak arautzen dituen indarreko araudiarekin.
10. artikulua.– Betekizunak, espazioak eta instalazioak.
1.– Ikastetxeek prest izango dituzte ikasgelak eta beste espazio batzuk, instalazioak, ekipamenduak, irakasleak eta eman beharreko ikasketa arautzen duen araudian eskatzen diren baliabide material eta pertsonal guztiak, bai orokorrak, bai ziklo, titulu, modalitate edo espezialitate jakinetarako behar direnak.
2.– Ikastetxeek espazio komun hauek izango dituzte:
a) Zuzendaritzako eta koordinazio-jardueretako bulegoak.
b) Administraziorako espazioak.
c) Irakasle-gela, irakasle kopurura egokitua.
d) Komunak eta aldagelak, ikaspostuen kopuruari eta ikastetxeko ikasleen eta hezitzaileen beharrei egokituak.
e) Biltegia, zentroaren beharren araberakoa.
2.– Ikastetxeak eskola-erabilerarako soilik ez diren eraikin eta instalazioetan kokatu ahal izango dira, baldin eta, betiere, arauz eskatzen diren gainerako baldintzak eta prestakuntza-espazioak eta ekipamenduak betetzen badituzte.
3.– Baimenean sartu hartu ahal izango da espazioak eta instalazioak Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 45. artikuluko 4. apartatuan ezarritako baldintzetan erabili ahal izatea.
4.– Errege-dekretu horren 46. artikuluaren arabera, kirol-modalitate eta -espezialitate batzuei eragiten dieten urtarokotasun- eta iragankortasun-baldintzatzaileak kontuan hartuta, baimenek modua emango dute, hala badagokio, bloke espezifikoaren zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiteko, prestakuntza praktikoko moduluarena barne.
5.– Ikastetxeek higiene-, soinu-, bizigarritasun-, argiztapen-, aireztapen-, klimatizazio- eta segurtasun-baldintzak bete beharko dituzte, bai eta araudi teknikoek eta aplikatu beharreko araudiek eskatzen dituzten gainerako baldintzak ere.
6.– Ikastetxeek behar diren baldintzak izango dituzte desgaitasun fisikoa duten erabiltzaileak instalazioetara sartu eta horiek erabili ahal izateko, aplikatu beharreko legedian ezarritakoaren arabera.
7.– Titulartasun bereko sare bat Euskal Autonomia Erkidegora zedarrituta badago eta ikastetxe batek eta hainbat egoitzak osatzen badute, Hezkuntza Sailak, sarearen titularrari entzun ondoren, baimenean zehaztu ahal izango du zer betekizun bete behar dituen sareak zuzendaritzari eta administrazioari dagokienez, egoitza bakoitzean irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleen arreta eta segurtasuna zaintzeko.
Ikastetxe nagusia adierazi beharko da beti egoitza nagusi gisa ikastetxeak baimentzeko aginduan.
Baimenak ez ditu inola ere murriztuko eman beharreko ikasketa jakin horiek arautzen dituen araudi espezifikoan eskatutako baliabide material, instalazio, ekipamendu, irakasle eta gainerako langileen betekizunak.
11. artikulua.– Ikasle/eskola-unitateen eta ikasle/irakasleen ratioak.
Ikasle/eskola-unitateen eta ikasle/irakasleen ratioak Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 48. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira, eta, hala badagokio, titulu akademiko jakin hori sortzeko edo arautzeko araudi espezifikoaren araberakoak.
12. artikulua.– Irakasleen betekizunak.
Kirol-ikasketen irakaskuntza-jarduna bat etorriko da Araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 49., 50. eta 51. artikuluetan ezarritakoarekin.
13. artikulua.– Ikastetxeen izena.
1.– Araubide bereziko kirol-ikasketak ematen dituzten ikastetxeek, bat eginez Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izendapen generikoari aplikatu behar zaion indarreko araudiarekin, izendapen hau izango dute: kirol-ikasketen ikastetxe baimenduak (KIIB).
2.– Izendapen generikoari izendapen espezifiko bat gehituko zaio, entitate titularrak proposatua. Izen espezifiko hori ezin izango da bat etorri lehendik inskribatuta dagoen udalerri bereko beste ezein ikastetxeren izenarekin, eta ez du zalantzarik sortu beharko ematen diren ikasketei buruz, ezta ikastetxearen titulartasunari buruz ere, eta ikastetxeak ezin izango du izen hori ez den beste bat erabili.
3.– Ikastetxeen izen generikoak eta espezifikoak ikastetxe- eta ikasketa-moten izena jasotzen duen araudian ezarritakoari jarraituko diote, oro har.
Ez da erabiliko ikastetxearen izaerari eta titulartasunari, emandako ikasketei edo horien balio ofizialari buruzko nahasteak eragin ditzaketen izenik.
Ikastetxeek ezingo dute erabili 6. artikuluan aipatzen den erregistroan jasotako izenaz bestelako izenik.
14. artikulua.– Eskaintza modularra urrutiko irakaskuntzako araubidean ematea.
1.– Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 26. artikuluaren arabera, urrutiko irakaskuntzako araubidean eskaini ahal izango dira prestakuntzako bloke komuneko moduluak eta titulua eta dagozkion gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege-dekretuak hala xedatzen dituen beste batzuk.
3.– Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, urrutiko kirol-ikasketak emango dituzten ikastetxeek aurretiaz baimena eduki beharko dute ikasketa horiek araubide presentzialean emateko.
4.– Hezkuntza Sailak arautuko ditu ikasketen kalitatea bermatuko duten espazioei, ekipamenduari, baliabideei eta irakasleei buruzko alderdiak, ikasketa bakoitzaren curriculuma ezartzen duen araudiaren bidez.
15. artikulua.– Baimen-eskaeraren inprimakia.
Eskaera egoitza elektronikoan eskuragai dagoen inprimakiaren bidez egin eta aurkeztuko da, datu hauek jasota:
a) 8. artikuluan aipatutako pertsona fisikoa edo juridikoa.
b) Ikastetxearen izen espezifikoa.
c) Kokapena, honako hauek adierazita: kalea, zenbakia, udalerria eta lurralde historikoa. Kokaleku edo egoitza batez baino gehiagoz osatutako ikastetxeen kasuan, egoitza guztien kokapenari buruzko datuak jasoko dira, eta egoitza nagusia zein den adieraziko da.
d) Baimentzeko eskatzen diren ikasketa zehatzak, honako hauek adierazita: mailak, zikloak, graduak, modalitateak edo espezialitateak, bai eta blokeak edo moduluak ere eskaintza partzialen edo modularraren kasuan. Egoitza bat baino gehiago izanez gero, egoitza horietako bakoitzari dagokiona zehaztuko da.
e) Irakaskuntza-araubidea: egunekoa, presentziala, urrutikoa edo urrutiko modalitate birtualekoa, dagokion ikasketaren antolamendu akademikorako arauetan baimendutakoen artean, hala badagokio.
f) Maila, ziklo, gradu, modalitate edo espezialitate bakoitzerako eskatzen diren unitate eta ikaspostuen kopurua, eta, halaber, eskaintza partzialen edo modularraren kasuan, bloke edo modulu bakoitzerako eskatzen direnak, eta irakaskuntza-araubidea. Egoitza bat baino gehiago izanez gero, egoitza horietako bakoitzari dagokiona zehaztuko da.
g) Ikasketa emango den lehen ikasturtea.
16. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoa, eskaerari hurrengo apartatuetan zerrendatutako dokumentazioa erantsiko zaio, nahitaez.
1.– Titularraren nortasun fisiko edo juridikoaren ziurtagiria, eta, hala badagokio, ordezkariarena.
a) Pertsona fisikoa bada, nortasun-agiri nazionalaren kopia aurkeztuko da, salbuespen hauekin:
– Europar Batasuneko beste estatu kide bateko nazionalitatea duenak Atzerritarren Erregistro Zentralaren ziurtagiriaren kopia aurkeztuko du, Batasuneko herritarra dela egiaztatzeko.
– Beste estatu batzuetako nazionalitatea duenak egoitza eta jarduera Espainian izatea baimentzen duen agiri ofizialaren kopia aurkeztuko du.
Ez da beharrezkoa izango nortasun-ziurtagirien kopia fisikoa aurkeztea, baldin eta Hezkuntza Sailari baimena ematen bazaio dagozkion erregistroetan identitate pertsonaleko datuak zuzenean egiaztatzeko.
b) Ordezkari baten bidez jardunez gero, ordezkaritza egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Prozeduran interesa duten alderdien ordezkaritzak inskribatu egin behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko ahalordeen erregistro elektronikoan, zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan. Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazioarekin elektronikoki harremanak izatera behartuta dagoen interesdunaren ordezkari badira.
c) Pertsona juridiko pribatua bada, dagokion sozietatearen, fundazioaren edo entitatearen eraketa-agiria, administrazio-erregistroan inskribatua, hala badagokio, nahitaezkoa, bai eta haren ordezkari gisa jardungo duenaren izendapena edo egiaztagiria ere. Nolanahi ere, entitatearen nortasun juridikoaren egiaztapena eta jarduteko ahalmena frogatzeko, agiri hauen kopia autentifikatua aurkeztuko da: eraketa-eskritura edo -agiria, estatutuen agiria edo sortze-akta, jarduerari buruzko arauak zehazten dituena. Halaber, errektore-karguak betetzen dituzten pertsonak edo pertsona juridikoaren kapitalaren % 20 edo gehiagoren titular direnak jasotzen dituen ziurtagiria aurkeztuko da. Erlijio-entitateen kasuan, Justizia Ministerioko Erlijio Entitateen Erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria eman beharko da.
d) Pertsona juridiko publikoa bada, jarduera egiteko eskumena ematen dion zerbitzu juridikoaren txostena, erabakia hartzeko organo eskudunaren erabakia eta haren ordezkari gisa jarduten duenaren izendapena edo egiaztapena aurkeztuko dira.
2.– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez duela Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 21.2 artikuluan jasotako debekurik.
3.– Ikastetxearen funtzionamendu-ordutegia. Dekretu honen ondorioetarako, ikastetxearen funtzionamendu-ordutegia da irakasteko erabilitako instalazioak eta gelak ikasketak emateko erabiltzen diren denbora.
4.– Hezkuntza-proiektua edo prestakuntza-plana, guztizko orduak mailaka jasota eta horien banaketa adierazita.
5.– Irakasleen zerrenda eta, hala badagokio, jarduera hasten denetik ikasketa emateko nahitaez izan behar diren gainerako profesionalen zerrenda, haien titulazioa adierazita eta tituluaren kopia autentikoa aurkeztuta.
Eta, Haurrei eta nerabeei indarkeriaren aurrean babes osoa emateari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten jarduerak egingo dituzten langile guztiek egiaztatu beharko dute, hala badagokio, ez daudela epai irmo bidez kondenatuak Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako ezein delitugatik, ezta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketako ezein delitugatik ere.
Zerrenda eta egiaztagiri horiek aurkeztu ordez, 21. artikuluko 3. apartatuan jasotako gehieneko epean aurkezteko konpromisoa hartu ahal izango da.
Titulazioaren kopia eta kondenatuta ez dagoela ziurtatzen duen agiria aurkeztu ordez (5. apartatu honetan aipatzen dira), irakasleak edo profesionalak baimena eman ahal izango dio hezkuntza-arloko sail eskudunari inguruabar horiek zuzenean egiazta ditzan dagozkion tituluen eta zigortuen erregistro ofizialetan.
6.– Ikastetxeak ikasketak emateko izango duen material didaktikoaren eta ekipamenduaren zerrenda, edo 21. artikuluko 3. apartatuan jasotako gehieneko epean zerrenda hori aurkezteko konpromiso formala.
7.– 17. artikuluan adierazitako espazio, higiezin eta instalazioei buruzko dokumentazioa.
8.– Hala badagokio, baimendu beharreko ikasketa zehatzak emateko arauz eskatzen diren betekizunak egiaztatzen dituen bestelako dokumentazioa; besteak beste, dekretu honen II. kapituluan eta gaiarekin bat datorren araudian jasotakoak.
17. artikulua.– Espazio, higiezin eta instalazioei buruzko dokumentazioa.
Eskaerarekin batera, espazioei, higiezinei eta instalazioei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Jabetza Erregistroan inskribatutako higiezinaren jabetza-eskritura; hori izan ezean, errentamendu-kontratua edo higiezina, instalazioak eta espazioak erabiltzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein titulu juridiko edo egiaztagiri, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiak eskatzen duen esklusibotasun- edo lehentasun-baldintzetan.
b) Higiezinen eta instalazioen egoeraren planoa, dagokion udalerrian, baita haien eta ingurunearen argazkiak ere.
c) Obrarik edo instalaziorik egin behar ez bada, horien egungo egoeraren planoak aurkeztuko dira, eta espazio, gela edo instalazio bakoitzari emango zaion erabilera adieraziko da. Solairu eta estalki guztien banaketaren planoak 1/100 edo 1/50 eskalan egingo dira, zedarrituta, eraikitako azalera erabilgarria adierazita, eta teknikari eskudun batek sinatuta.
d) Obrak edo instalazioak egin behar badira, egin beharreko obren proiektua aurkeztuko da, hala badagokio, elkargo profesionalak nahitaez ikus-onetsita, eta espazio, gela edo instalazio bakoitzari emango zaion erabilera zein den adieraziko da.
e) Espazioei, higiezinei eta instalazioei eskatzen zaizkien betekizunak betetzen direla dioen memoria edo ziurtagiria. Besteak beste, betekizun hauek bete behar dira: higiene-, soinu- eta bizigarritasun-baldintzei dagozkienak, suteetarako segurtasunarenak (OD SS), egiturazko segurtasunarenak (OD ES), zarataren aurkako babesarenak (OD HR) eta gainerako oinarrizko dokumentuei (OD) dagozkienak, bat etorriz martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoaren indarreko legediarekin, bai eta irakasteko baimena eskatzen den tituluak arautzen dituen araudian ezarritako betekizunak ere.
f) Udalaren lizentzia, edo, bestela, 21. artikuluko 3. apartatuan jasotako epean aurkezteko konpromiso formala.
g) Hala badagokio, baimendu beharreko ikasketak emateko espazio, higiezin eta instalazioei arauz eskatzen zaizkien betekizunen bestelako egiaztagiriak; besteak beste, dekretu honen II. kapituluan eta gaiarekin bat datorren araudian jasotakoak.
18. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Baimen-eskaeran ez badaude jasota eskatutako datuak edo agiriak, izapidetu behar duen unitate edo zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio falta zuzen dezala edo nahitaezko dokumentazioa aurkez dezala, hamar egun balioduneko epean –epe hori bost egun luza daiteke, gehienez–, eta ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, eta jarduketak artxibatuko direla.
19. artikulua.– Zerbitzu teknikoen eta ikuskaritza-zerbitzuen proposamen-txostenak.
1.– Prozeduran, txosten hauek eskatuko dira nahitaez:
a) Higiezinen, espazioen eta instalazioen betekizunei buruzko proposamen-txostena, udal-lizentzia barne. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako unitate tekniko eskudunak egingo du, kokapen-lurraldearen arabera.
b) Ikastetxearen giza baliabideen, ekipamenduaren, funtzionamenduaren, unitate kopuruaren, ikaspostuen, irakasle/ikasleen zenbakizko zerrendaren, hezkuntza-proiektuaren edo prestakuntza-planaren betekizunei buruzko proposamen-txostena. Hezkuntza Ikuskaritzak egingo du.
2.– Proposamen-txostenak egin aurretik, behar beste bisita egingo dira espazio, higiezin eta instalazioetara.
3.– Gabeziak atzemanez gero, proposamen-txostenak egin aurretik, hautemandako gabezien zerrenda arrazoituaren berri emango zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko edo akatsak zuzentzeko. Epea igaro ostean, dagokion proposamen-txostena egingo da.
4.– Aipatutako proposamen-txostenak baimenaren aldekoak edo aurkakoak izango dira, behar bezala arrazoituta.
Obrak egin behar badira, edo konpromisoa hartu bada 16. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan eta 17. artikuluko f) letran aipatzen diren agiriak helarazteko ondoren, aldeko txostena ematea berariaz baldintzatuko dute bai 21. artikuluko 2. apartatuan jasotako jakinarazpen- eta helarazte-betebeharrak betetzeak, bai eta eskakizunak betetzen direla egiaztatzetik ondorioztatzen denak ere.
20. artikulua.– Ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendariaren txosten loteslea.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako proposamen-txostenen ondoren, aldeko edo kontrako txosten loteslea egingo du hezkuntza-sistemako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeak baimentzeko eskumena duen saileko zuzendaritza organikoak; horretarako, entzunaldia egin ondoren, hala badagokio, espedientea aztertuko du.
2.– Aldeko txostenean, baldin eta eskakizunetako bat betetzen dela oraindik jakinarazteko, helarazteko eta egiaztatzeko badago, ohartaraziko da ezen, aldeko txosten hori emateko, beharrezkoa dela kasu jakin horri dagozkion jakinarazpen- eta helarazte-betebeharrak betetzea, bai eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzetik sortzen diren ondorioei men egitea ere.
3.– Aldeko txostenean, baldin eta eskakizunak betetzen direla jada ez badago jakinarazteko, helarazteko eta egiaztatzeko, baimena ematea proposatuko zaio prozedura ebazteko organo eskudunari.
4.– Artikulu honetan araututako txostena izapide erabakitzaileko egintza bat da.
21. artikulua.– Eskakizunen bat betetzen dela jakinarazteko, aurkezteko eta egiaztatzeko zain dagoen txostena.
1.– Obrak egiteko zain dauden aldeko txostenen kasuan, obrak amaitu ondoren, eskatzaileak obrak amaitu direla jakinaraziko du, jarraian adierazitako gehieneko epean.
2.– Irakasleen eta ikastetxeak nahitaez eduki beharreko bestelako kolektibo profesionalen zerrenda eta titulazioa aurkezteko dauden aldeko txostenen kasuan, edo 16. artikuluko 5. apartatuan aipatutako deliturik ez dagoela egiaztatzeko dauden txostenen kasuan, edo artikulu bereko 6. apartatuan aipatutako materialari eta ekipamenduari buruzko zerrendaren eta dokumentazioaren zain dauden txostenen kasuan, jarraian adierazitako gehieneko epean aurkeztu beharko ditu eskatutako zerrenda eta dokumentazioa eskatzaileak.
3.– Eskaeran hasierako egun gisa adierazitako ikasturtea hasi aurreko maiatzeko azken egun baliodunean amaituko da aurreko apartatuetan aurreikusitako gehieneko epea.
Jakinarazpena eta helarazpena telematikoki egingo dira, «Nire karpeta» atalean jada hasitako baimen-espedientean.
4.– Proposamen-txostena egin duten zerbitzuek egiaztatuko dute betetzen direla egiaztatzeko dauden eskakizunak. Aldeko txostena luketen obra-proiektuen kasuan, egiaztapenaren xedea izango da obrak proiektuaren arabera egin direla egiaztatzea.
5.– Ondoren, hezkuntza-sistemako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeak baimentzeko eskumena duen saileko zuzendaritza organikoak, entzunaldia egin ondoren eta, hala badagokio, espedientea aztertuta, baimena ematea edo ukatzea proposatuko dio prozedura ebazteko eskumena duen organoari.
22. artikulua.– Baimen-prozedura ebaztea.
1.– 5. artikuluan ezarritakoaren arabera organo eskuduna denak baimena emango du, baldin eta betetzen badira indarrean dagoen legedian ezarritako gutxieneko betekizunak.
2.– Baimenean, eta, hala badagokio, aldeko txostenean, datu hauek agertuko dira (datuok aldatzeko, dekretu honen III. kapituluan ezarritako prozedura izapidetu beharko da):
a) Baimenaren titularra.
b) Ikastetxearen izen generikoa eta espezifikoa.
c) Kokapena, honako hauek adierazita: kalea, zenbakia, udalerria eta lurralde historikoa. Kokaleku edo egoitza bat baino gehiagoz osatutako ikastetxeen kasuan, Egoitza guztien kokapenari buruzko datuak jasoko dira, eta egoitza nagusia zein den adieraziko da.
d) Baimentzen diren ikasketa zehatzak, honako hauek adierazita: mailak, zikloak, graduak, modalitateak edo espezialitateak, bai eta blokeak edo moduluak ere eskaintza partzialen edo modularraren kasuan. Egoitza bat baino gehiago izanez gero, egoitza horietako bakoitzari dagokiona zehaztuko da.
e) Maila, ziklo, gradu, modalitate edo espezialitate bakoitzerako baimendutako unitate eta ikaspostuen kopurua, bai eta blokeak edo moduluak ere eskaintza partzialen edo modularraren kasuan. Egoitza bat baino gehiago izanez gero, egoitza horietako bakoitzari dagokiona zehaztuko da. Txanda desberdinak badira, ikasketa-planean ezarritako ordutegiaren arabera ezarriko da txanda bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua.
f) Irakaskuntza-araubidea: egunekoa, presentziala, erdi presentziala, urrutikoa edo urrutiko modalitate birtualekoa, dagokion antolamendu akademikorako arauetan ezarritakoaren arabera.
3.– Prozeduraren ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik aurrera.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluaren arabera, gehieneko epe hori zenbatzean kontuan hartuko dira legez ezarritako eteteak; besteak beste, eskaera zuzentzeko, akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko errekerimenduen ondoriozkoak eta proposamen-txostenak eta nahitaezko egiaztapenak egiteak eragindakoak.
Errekerimenduek berariaz jasoko dute ebazteko gehieneko epearen zenbaketa eten egingo dela, eta interesdunari horren berri emango zaio. Nahitaezko txostenek eragindako etenaldien kasuan, txostena noiz jaso den ere jakinaraziko zaio interesdunari.
Gehieneko epea igarota, prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, baimena onetsitzat joko da administrazio-isiltasun positiboaren bidez.
23. artikulua.– Administrazio-baimenaren data eta ondorioak.
Baimenak berau eman eta hurrengo ikasturtearen hasieran izango du eragina, non eta eskatzaileak ez duen berariaz eskatzen baimena eman eta hurrengo ikasturtearen hasieran izan ditzala ondorioak.
24. artikulua.– Irakasleen eta ikastetxeak nahitaez eduki beharreko bestelako kolektibo profesional batzuen zerrenda gerora aldatzea.
1.– Baimena eman ondoren aldaketaren bat egiten bada irakasleen eta ikastetxeak nahitaez eduki beharreko bestelako kolektibo profesionalen zerrendan, dela zerrenda zabaltzeagatik, murrizteagatik edo ordezkatzeagatik, aldaketa hori Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaio, Hezkuntza Ikuskaritzak txostena egin aurretik, zerrendaren aldaketa onartzeko ebazpena egin dezan.
2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritza organikoari.
25. artikulua.– Baimenean kontuan hartutako betekizunak betetzearen jarraipena eta kontrola.
19. artikuluan adierazitako zerbitzuek jarraipena eta kontrola egingo dute ziurtatzeko etengabe betetzen direla proposamen-txostenari dagozkion betekizunak. Gainerako betekizunak etengabe betetzearen jarraipena eta kontrola egitea ikastetxeak baimentzeko eskumena duen saileko zuzendaritza organikoari dagokio.
Horiek bete ezean, dagokion prozedura hastea proposatuko diote zerbitzu horiek eskumenaren organo titularrari.
III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-BAIMENA ALDATZEA
26. artikulua.– Baimena aldatzeko prozedura eta eskumena.
1.– 27. artikuluan ezarritakoaren arabera baimena aldatzea dakarten aldaketak aurretiaz baimendu behar dira, baimena emateko ezarritako prozedura- eta eskumen-arauen eta kapitulu honetan jasotako arau espezifikoen arabera.
2.– Baimena aldatzeko prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa da, legez ezarritako epearen zenbaketaren eteteak gorabehera. Gehieneko epea igaro ostean, berariazko ebazpenik egin ez bada, aldaketa onetsitzat joko da.
27. artikulua.– Baimena aldatzeko arrazoiak.
1.– Honako hauek izango dira baimena aurretiaz aldatzeko arrazoiak:
a) Baimendutako ikasketak zabaltzea, murriztea edo ordeztea, hauek barne: mailak, graduak, zikloak, modalitateak, espezialitateak, blokeak, moduluak eta eskola-unitateak edo ikaspostuak.
b) Erabilera edo helmuga zabaltzea, murriztea edo aldatzea dakarten espazio edo instalazioetako aldaketak.
c) Irakaskuntza-araubidea zabaltzea edo murriztea.
d) Ikastetxearen titulartasuna aldatzea.
f) Ikastetxearen izen espezifikoa aldatzea.
g) Baimenean jasotako datuak aldatzeko beste kasu batzuk, artikulu honen hurrengo apartatuetan salbuetsitakoak izan ezik.
2.– Kalearen izena edo zenbakia aldatzen bada, baina kokapen berari eusten bazaio, ez da baimena aldatuko. Nolanahi ere, nahitaez jakinarazi behar zaio Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroari, eguneratu dezan.
3.– Ikastetxearen helbidea aldatzen bada lekuz aldatu delako, beste baimen bat beharko da, baina ikastetxeak identifikazio-kode berari eutsiko dio.
28. artikulua.– Ikasketak egunekoaz eta presentzialaz bestelako araubideetan emateari buruzko aldaketa.
1.– Ikasketak egunekoaz eta presentzialaz bestelako araubideetan emateko baimena lortzeko, beharrezkoa izango da ikastetxeak aldez aurretik baimena izatea ikasketa jakin hori egunez eta presentzialki emateko, eta baimen-aldaketa gisa izapidetuko da, 27. artikuluko 1. apartatuko c) letran jasotako arrazoiagatik.
2.– Araudi espezifikoak hori ahalbidetzen duen ikasketak baino ezingo dira eman egunekoaz eta presentzialaz bestelako araubideetan.
3.– Hezkuntza Ikuskaritzaren proposamen-txostenean aipatuko da eskatutako irakaskuntza-araubidea aplikatu beharreko araudira egokitzen den eta eskatutako irakaskuntza-araubidearen giza baliabide eta baliabide material espezifikoak egokiak diren.
4.– Hargatik eragotzi gabe azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoa, Hezkuntza Sailaren arau-xedapen bidez finkatuko dira, irakaskuntza ez-presentzialetako araubideetarako, kasuan kasuko araubide zehatzari egokitutako betekizun teknikoak eta ikasketa emateko eta ebaluatzeko elementu funtzionalak; horien xedea izango da bermatzea ikasleek lortu ahal izango dituztela eskatutako ikaskuntza-emaitzak eta behar bezala ebaluatuak izango direla.
29. artikulua.– Titulartasuna edo izen espezifikoa aldatzeagatik baimena aldatzea.
1.– Titulartasuna aldatu dela-eta baimena aldatzeko, artikulu honetan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da, salbu eta jada administrazio jardulearen esku dagoen edo hark egin duen dokumentazioa.
Titulartasun-aldaketa izango da irakaskuntza emango duen ikastetxearen kostubidezko edo doako eskualdaketa oro, «inter vivos» edo «mortis causa». Titulartasun-aldaketagatiko aldaketa-prozedurak ez du eraginik izango ikastetxearen ohiko funtzionamenduan.
2.– «Inter vivos» titulartasun-aldaketagatik baimena aldatzeko, agiri hauek erantsiko zaizkio eskaerari:
a) Eskrituraren kopia autentifikatua edo entitate titular berriaren eta haren ordezkariaren eskubidea egiaztatzen duen beste edozein agiri publikorena.
b) Entitate titular berriaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
c) Titulartasuna aldatu izanaren formalizazio-agiria.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ikastetxearen titular berria ez dagoela dekretu honen 8. artikuluko 3. apartatuan jasotako ezein kasutan.
e) Titular berria titular lagatzaileak zegokion ikastetxearekiko zituen eskubide eta betebehar guztietan subrogatu dela egiaztatzen duen agiri publikoa.
3.– «Mortis causa» titulartasun-aldaketen kasuan, jaraunspen bidez eskuratu izanaren egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.
4.– Administrazio-baimena errebokatzeko espedientea izapidetze-bidean duen ikastetxeari ez zaio inoiz titulartasun-aldaketarik onartuko, «inter vivos» transferentzia denean.
5.– Aldaketa horrek ikastetxearen berezko izaera aldatzea badakar, hezkuntza-komunitateari eman beharko zaio horren berri, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 115. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Ikastetxearen izen espezifiko berriagatik baimena aldatzeko, 13. artikuluan ezarritakoa bete beharko da. Horretarako, titularraren eskaera bakarrik beharko da.
30. artikulua.– Ofizioz aldatzea.
Espedientea hasi, entzun eta ikusteko ebazpena eman ondoren, ikastetxeak baimentzeko eskumena duen saileko zuzendaritza organikoak ebazpen-proposamena egingo dio 5. artikuluko 2. apartatuan adierazitako organoari, administrazio-baimena ofizioz aldatzeko, baldin eta baimena baliogabetzeko arrazoi bat baino gehiago badago eta arrazoi horrek ez badie eragiten baimendutako ikasketa eta irakaskuntza-araubide guztiei.
IV. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-BAIMENA AZKENTZEA
31. artikulua.– Baimena azkentzeko arrazoiak.
1.– Honako hauek izango dira baimena azkentzeko arrazoi:
a) Baimenaren titularrak jarduerak etetea eskatzea.
b) Jarduera baimenduari ez ekitea baimena indarrean jartzen den egunean, edo jarduera etenda edukitzea bi ikasturtetan; kasu horretan, baimena azkentzea erabakiko da baimenaren titularrak hala eskatuta, edo ofizioz, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak erabakita, interesdunari entzun ondoren.
c) Baimena ofizioz errebokatzea, hurrengo apartatuan adierazitako arrazoiren batengatik.
2.– Honako hauek dira baimena errebokatzeko arrazoiak:
a) Gutxieneko betekizunak ez betetzea.
b) Baimena eman deneko baldintzak ez betetzea, baldintza horiek aldatzeko eskatu gabe.
c) Akademia-antolakuntzari, hezkuntza-proiektuari, curriculum-proiektuari edo prestakuntza-planari buruzko arauak ez betetzea, ez eta ikasketa emateko arauz ezarritako betebeharrak ere.
32. artikulua.– Titularrak eskatuta baimena azkentzeko prozedura.
1.– Laster jarduerak egiteari uztea aurreikusten bada, titularrak baimena azkentzea eskatuko du jarduerak egiteari uzteagatik.
Halaber, ofizioz errebokatzeko arrazoirik izanez gero, titularrak hezkuntza-arloko sail eskudunari eskatu ahal izango dio ofizioz errebokatzeko prozedura hasteko, hori justifikatzen duen arrazoi zehatza adierazita.
2.– Prozeduraren instrukzioak eta ebazpenak kontuan hartuko du ikasleak ikasketa baimenduetan jarraitzeko bermea. Horretarako, baimena azkentzearen ondorioak pixkanaka ezarri ahal izango dira.
33. artikulua.– Administrazio-baimena ofizioz errebokatzeko prozedura.
1.– Ofizioz errebokatzeko prozedura hasi aurretik, errebokatzeko arrazoia jakinarazi beharko zaio baimenaren titularrari, egokitzat jotako epean zuzen dadin, hauek kontuan hartuta: bai horretarako behar den gutxieneko zentzuzko denbora, gabeziaren tipologiaren arabera, bai behatutako gabeziak ikasleengan edo hirugarrenengan duen eragina.
2.– Epe hori igarota gabezia konpondu ez bada, ofizioz errebokatzeko prozedurari hasiera emateko ebazpena egingo du ikastetxeak baimentzeko eskumena duen saileko zuzendaritza organikoak. Ebazpen horretan, jokoan dauden interesak aintzat hartuta, baimena behin-behinean eteteko kautelazko neurri bat ezarri ahal izango da, ikasleek ikasketa baimenduetan jarraituko dutela bermatuz gero, betiere.
3.– Prozedura hasteko ebazpena jakinarazi ondoren, ikastetxeetako espazioen eta instalazioen betekizunak betetzen direla ikuskatzeko ardura duen unitate teknikoak edo Hezkuntza Ikuskaritzak txostena egin ondoren (gabeziaren izaera dela-eta dagokionaren arabera), eta entzunaldiaren izapidea eta espedientea aztertzeko izapidea egin ondoren, ikastetxeak baimentzeko eskumena duen saileko zuzendaritza organikoak jarduketa hauetako bat egingo du:
a) Errebokatzeko arrazoirik egonez gero, txosten loteslea egingo du baimena azkentzearen egokitasunari buruz, eta baimena errebokatzeko proposamena egingo dio 5. artikuluko 2. apartatuan adierazitako organoari.
b) Errebokatzeko arrazoirik ez bada, hori adieraziko du, eta jarduketak artxibatzeko aginduko.
34. artikulua.– Azkentzeko data eta azkentzearen ondorioak.
1.– Ikasketa araubide presentzialean emateko baimena iraungitzen bada, ikasketa hori erdi presentziala, urrutikoa, urrutiko modalitate birtualekoa edo mistoa den araubidean emango da, hura azken hauetarako betekizun denean.
2.– Oro har, azkentzeak ikasketa ematen den ikasturtea amaitutakoan izango ditu ondorioak. Ikasleen segurtasunak hala justifikatzen duenean, ondorioen data aurreratu ahal izango da.
3.– Nolanahi ere, baimena azkentzen bada, ikasleek ikasketetan jarraituko dutela bermatuko da. Horretarako, baimena amaitzean, pixkanaka etetea erabaki ahal izango da, ikastetxean matrikulatutako ikasleek aldaketarik izan ez dezaten beren hezkuntza-ibilbidean.
4.– Baldin eta 32. artikuluan ezarritako moduan baimena azkentzen bada jarduerak egiteari uzteagatik, edo 33. artikuluan aipatu bezala ofizioz errebokatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatu beharko da baja, eta ikastetxeak baimentzeko eskumena duen saileko zuzendaritza organikoak unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen Estatuko erregistroari helaraziko dio baja hori.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hezkuntza-administrazioaz bestelako titulartasuna duten ikastetxe pribatu eta publikoak hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxeei atxikitzea.
1.– Ikastetxe pribatu baimenduak eta hezkuntza-administraziokoaz bestelako titulartasuna duten ikastetxe publikoak Kirolene Kirol Irakaskuntzen Ikastetxe Publikoari atxikiko zaizkio (Hezkuntza Sailaren titulartasunekoa), hala badagokio, ikasketak arautzen dituen araudian ezarritako ondorioetarako.
2.– Lurralde-eremu berean edo desberdinetan dauden egoitza bat baino gehiago baimentzen edo sortzen badira, baimendutako egoitza guztiak Kirolene Kirol Irakaskuntzen Ikastetxe Publikoarekin erlazionatuko dira, administrazio-ondorioetarako, eta egoitza nagusia zentro horri atxikita egongo da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hitzarmenak kirol-federazioekin.
Bat eginez Araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 25. artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, hezkuntza arloko sail eskudunak honako hauek egin ahal izango ditu:
a) Lankidetza-hitzarmenak sinatu Kirol Kontseilu Gorenarekin eta Espainiako kirol-federazioekin, errendimendu handiko kirolarientzat eta kirol-teknifikazioko programetan daudenentzat kirol-ikasketen eskaintza espezifikoak egiteko, bai eta kirol-ikasketen eskaintza espezifikoak sortzeko ere baldin eta eskaintzarekin eta eskariaren sakabanatzearekin lotutako inguruabarrengatik gomendagarria bada.
b) Hitzarmenak egin, bloke komuneko ikasketak ikastetxe batean eskaini ahal izan daitezen (irakaskuntza-modalitatea ezein dela ere) eta gainerako ikasketak beste ikastetxe publiko edo pribatu batean.
a) Hitzarmenak sustatu Espainiako kirol-federazioekin eta, hala badagokio, autonomia-erkidegokoekin, araubide bereziko kirol-ikasketak eta ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeak sustatzeko.
Hitzarmen horietan titulartasun publikoko kirol-instalazioen erabilera aurreikusi ahal izango da, betiere zentro horien jardueren programazioa dela-eta behar hori badago.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hezkuntza-sistemaren parte ez diren ikasketak.
1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.2 artikuluan jasota ez dauden ikasketak emateko, ikasketa horiek arautzen dituzten arauek ezarritakoa bete beharko da, hala badagokio, eta, halakorik ezean, jarduera gauzatzeko zuzenbide erkideko arauek ezarritakoa.
Halaber, uztailaren 22ko 182/1997 Dekretuan ezarritakora egokituko dira, zeinaren bidez arautzen baita balio akademikoa duten tituluak lortzera bideratuta ez dauden unibertsitateaz kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatuetako erabiltzaileen informazio-eskubidea.
2.– Ezingo da inolaz ere erabili ikastetxearen titulartasunari buruz eta emandako ikasketak hezkuntza-sistematik kanpokoak izateari buruz nahastea eragin dezakeen izenik.
Era berean, ezingo dira erabili ziurtagiri, maila, gradu edo titulu ofizialen izenik, ez eta ikastetxeen izenei dagokienik ere, ez eta gaizki-ulerturen bat edo haiekiko nahasketaren bat eragin dezakeen izenik ere.
3.– Diplomak edo ziurtagiriak emateko erabiltzen diren euskarrien materialak, formatuak eta tamainak argi eta garbi bereiziko dira titulu ofizialetarako ezarritakoetatik.
4.– Egiten duten publizitatean, eta ikasketak amaitzean ematen diren diplometan edo ziurtagirietan, argi eta garbi adierazi beharko da ematen diren ikasketak ez direla ofizialak.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Emandako baimenak eta izapidetzen ari diren prozedurak.
Dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasita zeuden baimenak izapidetzeko, aldatzeko, azkentzeko edo errebokatzeko prozedurak eskabidea egin zen unean indarrean zegoen araudiaren arabera izapidetuko dira. Hala ere, prozedura ebatzi aurretik, interesdunak eskabidean atzera egin dezake, eta beste prozedura bat hasi, zeinari dekretu hau aplikatuko bailitzaioke.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Araubide iragankorra.
Harik eta dekretu hau garatzeko arauak onartzen diren arte –irakaskuntza-araubide erdi presentzialari, urrutikoari, urrutiko birtualari edo mistoari buruzkoak–, baimen-prozedurei martxoaren 16ko ECD/499/2015 Aginduan ezarritako betekizunak aplikatuko zaizkie aldi baterako (ECD/499/2015 Agindua, araubide bereziko kirol-ikasketen urrutiko irakaskuntzaren araubidea arautzen duena, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren kudeaketa-arloan).
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Bloke komuna.
Kirol-prestakuntzako jardueren bloke komuna emateko baimena arautzeko orduan, zeina aipatzen baita Araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean, aintzat hartuko dira xedapen hori eta otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren 25. artikulua eta harekin bat datozenak (ECD/158/2014 Agindua, Kirol-hezkuntzako jardueren curriculum-alderdiak, baldintza orokorrak eta ondorioak arautzen dituena, zeinak aipatzen baitira urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Eskumenak eskuordetzea.
Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez, eta 40/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzetan, ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendariaren esku utz daiteke dekretu honen III. kapituluan aipatzen diren baimena aldatzeko eskaerak ebazteko ardura.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urtarrilaren 21ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.