
24. zk., 2025eko otsailaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (224 KB - 13 orri.)
- EPUB (297 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
556
16/2025 DEKRETUA, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko jakintzagai jakin batzuen eta Musika eta Dantza Ikasketa Profesionaletako zenbait jakintzagairen arteko baliozkotzeak, bai eta goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari edo Dantza Ikasketa Profesionaletako ikasle izateak Heziketa Fisikoaren arloan dituen ondorioak ere.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 47.1 artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek aukera emango dute arte-ikasketak eta Bigarren Hezkuntza aldi berean egiteko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa argitaratzeak berekin ekarri du baliozkotu beharreko Batxilergoko materia batzuk desagertzea edo aldatzea, bai eta baliozkotu daitezkeen beste batzuk sartzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak, 9. artikuluan, Euskal Hezkuntza Sistemako ikasketen antolamendua aipatzen du. Araubide orokorreko ikasketen barruan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa sartzen dira, eta, araubide bereziko ikasketen barruan, Musika eta Dantza. Lege horren 10. artikuluan, berriz, legeak araututako ikasketa bakoitzaren curriculuma eta oinarrizko gaitasunak jorratzen dira.
Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuak, lehenengo xedapen gehigarrian, eta Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, Batxilergoko ikasketak Musika eta Dantza Ikasketa Profesionalekin bateragarri egitea aurreikusten dute, bai eta errendimendu handiko kirol-jarduerak egiten dituztenentzat eta antzeko egoeretan daudenentzat eskolatzeko salbuespenezko neurriak baimentzea ere.
Abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuak eta abenduaren 26ko 252/2007 Dekretuak, hurrenez hurren, Musika Ikasketa Profesionalen eta Dantza Ikasketa Profesionalen curriculumak ezartzen dituzte.
Otsailaren 27ko 242/2009 Errege Dekretuak, bestalde, baliozkotzeak ezartzen ditu Musika eta Dantza Ikasketa Profesionalen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren artean, bai eta goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateak eta Dantza Ikasketa Profesionalak egiteak Heziketa Fisikoaren arloan izan behar dituzten ondorioak ere.
Urtarrilaren 17ko 14/2023 Errege Dekretuak aldatu egin zuen otsailaren 27ko 242/2009 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira Musika eta Dantza Ikasketa Profesionalen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren arteko baliozkotzeak, bai eta goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari edo Dantza Ikasketa Profesionaletako ikasle izateak Heziketa Fisikoaren arloan dituen ondorioak ere.
Uztailaren 13ko 194/2010 Dekretuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko jakintzagai jakin batzuen eta Musika eta Dantza Ikasketa Profesionaletako zenbait jakintzagairen arteko baliozkotzeak ezarri zituen, bai eta goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari edo Dantza Ikasketa Profesionaletako ikasle izateak Heziketa Fisikoaren arloan izan behar dituen ondorioak ere.
Bidezkoa da, beraz, baliozkotze horiek egokitzea, alde batetik, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak egindako aldaketetara, eta, bestetik, 242/2009 Errege Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 17ko 14/2023 Errege Dekretuak egindakoetara. Eta, bestalde, Batxilergoko eta Oinarrizko Hezkuntzako curriculumak zehazteko eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 76/2023 eta 77/2023 Dekretuetara.
Horrenbestez, nahitaezko txostenak eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko jakintzagai jakin batzuen eta Musika eta Dantza Ikasketa Profesionaletako zenbait jakintzagairen arteko baliozkotzeak ezartzea. Era berean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan Heziketa Fisikoa jakintzagaia baliozkotzeko salbuespenak ezartzen ditu goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat eta Dantza Ikasketa Profesionaletako ikasleentzat.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Baliozkotzeak –edo, hala badagokio, salbuespenak– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak baimendutako ikastetxeetako ikasleei aplikatuko zaizkie, bi baldintza hauetako bat betetzen badute:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak osorik edo zati batean egitea edo egin izana, eta Musika edo Dantza Ikasketa Profesionalak egitea edo egin izana.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko jakintzagaiak egitea, eta Dantza Ikasketa Profesionaletako ikasle edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolaria dela egiaztatzea, bat etorriz Goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuarekin eta Euskadiko Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko martxoaren 30eko 2/2023 Legearekin.
3. artikulua.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako jakintzagaiak Musika eta Dantza Ikasketa Profesionaletako jakintzagaiekin baliozkotzea.
Ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Musika jakintzagaia baliozkotu ahal izango du I. eranskinean zehazten diren Musika edo Dantza Ikasketa Profesionaletako jakintzagaiekin.
4. artikulua.– Batxilergoko jakintzagaiak Musika eta Dantza Ikasketa Profesionaletako jakintzagaiekin baliozkotzea.
1.– Ikasleak Batxilergoko jakintzagaiak baliozkotu ahal izango ditu II. eranskinean agertzen diren Musika Ikasketa Profesionaletako jakintzagaiekin.
2.– Ikasleak Batxilergoko jakintzagaiak baliozkotu ahal izango ditu III. eranskinean agertzen diren Dantza Ikasketa Profesionaletako jakintzagaiekin.
3.– Ikasleak Musika Ikasketa Profesionaletako jakintzagaiak baliozkotu ahal izango ditu IV. eranskinean agertzen diren Batxilergoko jakintzagaiekin.
4.– Ikasleak Dantza Ikasketa Profesionaletako jakintzagaiak baliozkotu ahal izango ditu V. eranskinean agertzen diren Batxilergoko jakintzagaiekin.
5.– Baliozkotu beharreko jakintzagaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
5. artikulua.– Heziketa Fisikoa jakintzagaitik salbuestea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.
1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan Heziketa Fisikoa jakintzagaitik salbuestea eskatu ahal izango dute ikasketa horiek egiten ari diren ikasleek, baldin eta aldi berean egiaztatzen badute goi-mailako edo errendimendu handiko kirolariak direla, edo Dantza Ikasketa Profesionaletako ikasketak egiten ari direla. Heziketa Fisikoa jakintzagaitik salbuetsita dauden ikasleak ez dira ebaluatuko jakintzagai horretan.
2.– Heziketa Fisikoa jakintzagaia ez da kontuan hartuko Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko, jakintzagai horretan salbuespena onartu zaien ikasleen kasuan.
6. artikulua.– Baliozkotzeak edo salbuespenak eskatzeko prozedura.
1.– 2. artikuluan jasotako egoeran dauden ikasle interesdunek –edo, adingabeak izanez gero, haien legezko ordezkariek– baliozkotzea edo salbuestea eskatuko diote Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikastetxeko zuzendaritzari edo Hezkuntza Sailak baimendutako Musika edo Dantza Ikasketa Profesionalen ikastetxeko zuzendaritzari.
2.– Baliozkotzeko eta salbuesteko eskabideak egiteko epea dagokion ikasturteko irailaren 30ean amaituko da, eta dekretu honen VI. eranskineko ereduaren arabera egingo dira.
3.– Baliozkotzeko eskabidearekin batera, Musika edo Dantza Ikasketa Profesionaletan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan jakintzagai horiek gaindituak dituela edo jakintzagai horietan matrikulatu dela egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko da, dagokion ikastetxeak emana.
4.– Salbuespena justifikatzeko, eskabidearekin batera, Dantza Ikasketa Profesionaletako zentro batean matrikulatuta dagoela edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolaria dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
5.– Eskabideen ebazpenak:
a) Hezkuntza Sailak baimendutako ikastetxeko zuzendariak ebatzi beharko ditu baliozkotze- eta salbuespen-eskaerak, urriaren 15a baino lehen.
b) Ikastetxeak ebazpen horien kopia bidali beharko dio, azaroaren 1a baino lehen, antolamendu akademikoan eskumena duen zerbitzuari, arau honen VII. eta VIII. eranskineko ereduen arabera, hurrenez hurren.
6.– Baliozkotzeko edo salbuesteko eskabidea ebatzi ondoren, Hezkuntza Sailak horretarako diseinatutako aplikazioan jasoko da ebazpena.
7. artikulua.– Baliozkotzeen eta salbuespenen ondorioak.
1.– Alde emandako ebazpenak:
a) Baliozkotzearen alde emandako ebazpena behin-behinekotzat joko da, baldin eta matrikulazio-ziurtagiria soilik aurkezten bada.
b) Ebazpena automatikoki behin betiko bihurtuko da eskabidearen xede den jakintzagaiaren kalifikazio positiboa aurkeztean, betiere azken ebaluazioaren data baino lehen. Kalifikazio hori positiboa ez bada, jakintzagaia gainditu gabe gisa agertuko da.
c) Salbuespenaren alde emandako ebazpena behin betikotzat joko da, baldin eta Dantza Ikasketa Profesionaletako matrikulari eutsi bazaio edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izaten jarraitu bada ebaluazio arruntaren egunera arte.
2.– Ikasketa bakoitzari dagozkion ebaluazio-dokumentuetan, «Baliozkotua» terminoa eta «BA» kodea erabiliko dira, baliozkotu beharreko jakintzagaien kalifikazioari dagokion laukian.
3.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ebaluazio-dokumentuetan, «Salbuetsita» terminoa eta «SA» kodea erabiliko dira, Heziketa Fisikoa jakintzagaiari dagokion laukian, salbuespena ematen denean.
4.– Materia edo jakintzagai bakoitza dekretu honetan ezarritako baliozkotze bakarrerako erabili ahal izango da.
5.– Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeek eta Musika eta Dantza ikastetxeek dekretu honetan arautzen diren baliozkotzeak eta curriculum-egokitzapenak betetzeko beharrezkoak diren koordinazio- eta jarraipen-neurriak ezarriko dituzte. Ondorio horietarako, Hezkuntzako sailburuordeak koordinazio hori errazteko neurri egokiak ezarri ahal izango ditu.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzen duen abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak araututako "Anatomia aplikatua" jakintzagaiak eutsi egingo dio uztailaren 13ko 194/2010 Dekretuan ezarritako baliozkotze-araubideari.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da 194/2010 Dekretua, uztailaren 13koa, zeinaren bidez ezartzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko jakintzagai jakin batzuen eta Musika eta Dantza Ikasketa Profesionaletako zenbait jakintzagairen arteko baliozkotzeak, bai eta goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari edo Dantza Ikasketa Profesionaletako ikasle izateak Heziketa Fisikoaren arloan izan behar dituen ondorioak ere.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urtarrilaren 21ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.