Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2025eko otsailaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
545

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 21ekoa, Segurtasuneko sailburuordearena, EAEko segurtasun pribatuaren arloan 2024ko ohorezko aipamenak emateko prozesuaren deialdia egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen urriaren 21eko 207/2014 Dekretuak, 11. artikuluan, ezartzen du ohorezko aipamenak eman ahal izango zaizkiela beren betebeharrak aparteko moduan betetzeagatik nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileei. Segurtasun Sailak emango ditu aipamen horiek, aintzat hartuta saritzen diren ekintzen arrisku berezia, nekagarritasuna, ekimen profesionala edo garrantzi soziala. Aipamenak ofizioz edota partikularrek, langile horien enpresek edo segurtasun pribatuarekin zerikusia duten beste entitate batzuek proposatuta eman ahal izango dira.

Zehazki, Segurtasuneko sailburuordeak emango ditu ohorezko aipamenak, bat etorriz Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuaren 9.4.h) artikuluan xedatutakoarekin.

Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateari buruzko Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduak arautzen du ohorezko aipamenak emateko prozedura. Agindu horrek dio, hain zuzen ere, ohorezko kondekorazioak eta sariak eman ahal zaizkiela segurtasun pribatuko langileei, bai eta diplomak sektoreko enpresei eta ohorezko plakak pertsona fisikoei, erakundeei, korporazioei, entitateei edo establezimenduei ere, publiko nahiz pribatuei.

Agindu horren 8.2 artikuluan xedatutakoa betez, ebazpen honen bidez EAEko segurtasun pribatuaren arloan 2024ko ohorezko aipamenak emateko prozesuaren deialdia egiten da. Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– EAEko segurtasun pribatuaren arloan 2024ko ohorezko aipamenak emateko prozesuaren deialdia egitea, lau modalitate hauetarako:

a) Ohorezko kondekorazioa.

b) Ohorezko saria.

c) Diploma.

d) Ohorezko plaka.

Bigarrena.– Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateari buruzko Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduan arautzen da ohorezko aipamenak emateko modua, bai eta aipamen horien xedea, helburua, balorazio-irizpideak, pertsona edo entitate hautagaien betekizunak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere.

Hirugarrena.– Nolanahi ere, proposatzaileak bere burua identifikatu eta proposatutako pertsona edo entitatea zehaztu beharko du, eta, segurtasun pribatuko langilea bada, zein segurtasun-enpresarentzat lan egiten duen adierazi beharko du, hura identifikatu ahal izateko. Gainera, proposatzen den aipamenaren kategoria adierazi beharko du (ohorezko kondekorazioa, ohorezko saria, diploma edo ohorezko plaka), eta proposamena justifikatzen duten ekintzen azalpen-memoria xehatua aurkeztu, ekintza horiek bermatzen dituen dokumentazioarekin batera, hala badagokio.

Laugarrena.– 2025eko apirilaren 30ean amaituko da aipamen-modalitate guztietarako proposamenak aurkezteko epea.

Bosgarrena.– Eskabideak jarraian adierazten diren lekuetan eta moduan aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak.

– Aurrez aurre: Eskabideak Zuzenean Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegoetan aurkez daitezke: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48001 Bilbao), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro Maeztu 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Bulego horietan ez ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

– Elektronikoki: Eskabideak egoitza elektroniko honetan aurkeztuko dira: https://https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

Eskabide elektronikoaren osteko izapideak webgune honetan egingo dira: http://euskadi.eus/nirekarpeta.

Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak (aurrez aurrekoa edo elektronikoa) ez du behartzen aurrerantzean ere bide bera erabiltzera prozedurako gainerako izapideak egiteko, edozein unetan alda baitaiteke aukeratutako bidea.

b) Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoetatik aurkeztuko dituzte eskabideak, gorago adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Seigarrena.– Aipamenak 2025eko ekainaren 14an emango dira, EAEko Segurtasun Pribatuaren Egunean.

Zazpigarrena.– Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduaren 8.4 artikuluan adierazten den ebaluazio-batzordeari dei egingo zaio aipamenen proposamenak aurkezteko epea amaitutakoan, proposamenak baloratu eta ohorezko aipamenen ebazpen-proposamena egin dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 21a.

Segurtasuneko sailburuordea,

RICARDO ITUARTE AZPIAZU.


Azterketa dokumentala