
23. zk., 2025eko otsailaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
543
AGINDUA, 2025eko urtarrilaren 21ekoa, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarena, sail honetan hutsik dagoen lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.
Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat hutsik dagoenez (520010 kodea, 97 dotazioa), Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2.c) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz eta Enplegu Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du Agindu honen eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea. Hauek dira deialdiaren:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostuen Zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean daude zehaztuta).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.
2.– Orobat, parte har dezakete beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agindu honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte har dezakete, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
1.– Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren langileen arloko eskumena duen Zerbitzu Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak 15 egun balioduneko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-ezagupenak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.
Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan: elkarrizketa pertsonala, azterketa edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoei txostenak eskatzea.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean eduki behar dira beteta baldintzak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzeari utzi dioten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Laugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren Agindu baten bidez ebatziko da eskabideek aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lanpostua lortzen duen pertsonak ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du. Hala ere, zuzendariordetzetako eta lurralde-ordezkaritzetako titularren lanpostuen kasuan, lanpostua erreserbatu egingo zaie, baldin eta lehiaketa bidez edo karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu baten bidez lortua izan bada.
Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako izangaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako izangaia egokia dela beste izangaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo azterketaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, izangaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.
Administrazio bideari amaiera ematen dion Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke eman duen organoari berari agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzitarako Epaitegian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 21a.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,
SUSANA GARCÍA CHUECA.
ERANSKINA
Deitutako lanpostua:
– Izena: goi-kargudunaren idazkaria (520010 kodea, 97 dotazioa).
– Kokapena: Zerbitzu Zuzendaritza.
– Saila: Mugikortasun Jasangarria.
– Herria: Vitoria-Gasteiz.
– Kidegoak: C1 Administraria / C2 Administrari laguntzailea.
– Destino-osagarriaren maila: 18.
– Berariazko osagarria: VI-A.
– Hizkuntza-eskakizuna: 2.a.
– Derrigortasun-data: 1991-10-31.
RSS