Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2025eko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
386

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 14koa, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariarena, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzaileak «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» jatorrizko deitura babestuaren baldintza-agiria aldatzeko aurkeztutako eskaeraren aldeko erabakia ematen duena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2024ko azaroaren 28an, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzaileak, aitortutako ekoizleen elkartea den aldetik, jatorri-deitura babestu horri buruzko baldintza-agiria aldatzeko eskatu zuen.

Bigarrena.– Aldaketa-eskaerak babestutako ardoen ezaugarri fisiko-kimiko eta organoleptikoekin lotutako hainbat alderdiri eragiten die. Ardo mota berriak ere gehitu dira («Berezia» motakoak), guztiak ere «1» kategoriaren barruan (ardoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza-produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortu zen, eta honako erregelamendu hauek indargabetu: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EEE) eta 1234/2007 (EE). Hala ere, ez da ardo-kategoria berririk gehitu.

Bestalde, baimendutako bi mahats-barietate berri gehitzen dira: «Pinot Noir» eta «Cabernet Franc». Gomendatutako barietateekin batera erabili ahal izango dira, eta kasu horretan ez dute azalera-mugarik izango inskribatutako upeltegi bakoitzeko.

Oro har, barietate bakarreko ardoek ezaugarri horrek ematen dion mahats-barietatearen % 85 izan beharko dute gutxienez, eta gomendatutako barietateetakoak izan beharko dute. Aldaketa hori bat dator Batzordearen 2018ko urriaren 17ko 2019/33 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 50. artikuluan ezarritakoarekin. Erregelamendu horrek osatu egiten du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua (EB) mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko jatorri-deiturak, adierazpen geografikoak eta termino tradizionalak babesteko eskaerei dagokienez.

Era berean, «Berezia» motako ardo berriak egiteko zenbait baldintza zehazten dira. Besteak beste, zurezko upelak ez diren beste material batzuetako depositu edo ontziak erabili ahal izango dira.

Bestalde, eta oro har, gehieneko erauzketa-errendimendua mugatzen da elaborazioan, bai mahats beltzetan, bai mahats zurietan.

Aldaketa horietako batzuk kontsumitzaileen eskarira egokitzeko modu gisa jarri dira abian; beste batzuk ekoizpen-sektoreak sustatzen ditu, bere produktuak bereizi nahi baititu, eta beste batzuk klima-aldaketa deritzona arintzeko planteatzen dira, neurri batean. Aldaketa horietako bat ureztatzea ez debekatzearen ildoan doa, eta beste bat da jada ez dela mugatzen Jatorri Deitura Babestuko mahastiak landatu daitezkeen itsas mailako altuera.

Era berean, egungo baldintza-agirian agertzen den «Hondarrabi» hitza duten mahats-barietateen izendapenaren grafia aldatzen da: «Hondarrabi Beltza», «Hondarrabi Zuri» eta «Hondarrabi Zuri Zerratia». Kontuan hartuta «H» ikurrarekin nahiz gabe agertzen direla, ekoizleen elkarte aitortuak nahiago du «H» hizkia duen izendapena erabili, eta «Ondarrabi» terminoaren ordez «Hondarrabi» jarri.

Ardoen trazabilitatea ziurtatzeko, Jatorrizko Deitura Babestua (JDB) erabiltzeko eskubidea duten ardoak bertan erregistratutako mahastietako mahatsekin egingo direla azpimarratzen da. Horrela, ziurtatzen da babestutako produktu guztia aipatu JDBan erregistratutako mahatsekin egin dela.

Ardo apardunak eta mahats-bilketa berantiarrekoak jada aipatzen dira indarrean dagoen baldintza-agirian. JDBn inskribatutako upategietan ekoizten dira, baina, «Txakolina/Chacolí/Txakoli» termino tradizionalaren baldintzak betetzen ez dituztenez, ez dira «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» gisa etiketatzen, baizik eta «Bizkaia» aipamenarekin merkaturatzen dira. Baldintza-agiriaren aldaketa horrek ardoen karakterizazio fisiko-kimikoa eta organoleptikoa dakar.

Legezko erreferentzia batzuk eguneratu dira, zehazki (Jatorri Deitura eta Termino Tradizionala), baita agintaritza eskudunaren eta kontrol-erakundearen harremanetarako datuak ere. Testu osoan, «Erregelamenduari» egiten zaizkion aipamenak «baldintza-agiriari» egiten zaizkio. Ekoizle-erakundeak ekoizleen elkarte aitortu izena hartu du, adierazpen geografikoen Europako erregelamendu berrira egokitzeko.

Azkenik, baldintza-agiriko zereginak banatzeko eskemaren idazketa aldatu da. Operadore bakoitzak bere produktua kalifikatzeko ahalmena du, eta ez Kontseilu Arauemaileak. Kontrol- eta ziurtapen-erakundeak egiaztatu behar du operadoreak baldintza-agiria betetzen duela. Era berean, baldintza-agirian sartzen ez den eta, egiaz, Kontseilu Arautzailearen barne-araudian edo kontrol-erakundearen kontrol-prozeduran agertu beharko litzatekeen testua kendu da.

Proposatutako aldaketek ez diete eragiten 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 24.3 artikuluko kasuei, eta, beraz, normaltzat jo behar dira proposatutako aldaketak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio jatorri-deituren eta publizitatearen gaineko eskumen esklusiboa, Estatuarekin lankidetzan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 19. artikulua garatuz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak honako egiteko hauek ditu esleituta: «o) Nekazaritzako elikagaien politika: nekazaritzako elikagaien produktuen sustapena, tipifikazioa, jatorri-deitura eta kalitate-kontrola». Azkenik, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren 12.j) artikuluan, 7.h) artikuluarekin bat etorriz, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritza gaitzen da ebazpen hau emateko eskudun gisa.

Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuan aurreikusitako izapideak egin dira (dekretu horren bidez arautzen da jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak Europar Batasuneko erregistroan inskribatzeko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura), eta martxoaren 7ko 149/2017 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketak ikusi dira, hasierako eskaera eta izapidetze guztiari, aurkakotasun nazionaleko prozedurari eta abarri dagokienez.

Ondorioz, aplikatu beharreko araudia eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Adierazpen Geografiko Babestua aldatzeko eskaera onartzea eta horren aldeko erabakia ematea.

Bigarrena.– Jakinaraztea baldintza-agiriaren bertsioari eta aldeko erabaki hau emateko oinarri izan den dokumentu bakarrari dagozkien testuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren webgunean argitaratu direla, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko apirilaren 11ko 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 66. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera, ardoen, edari espiritutsuen eta nekazaritza-produktuen adierazpen geografikoei buruzkoa, bai eta espezialitate tradizional bermatuak eta nekazaritza-produktuetarako aukerako kalitate-terminoak ere, 1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduak aldatzen dituena eta 1151/2012 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena. Testuak webgune honetan daude argitaratuta:

https://www.euskadi.eus/web01-a2elikal/eu/contenidos/informacion/dop_txakoli_bizkaia/eu_dapa/index.shtml

Hirugarrena.– Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialera bidaltzea, argitara dadin, aldeko erabakiaren publikotasuna bermatze aldera. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epea irekiko da Espainian legez bizi den edozein pertsona fisiko edo juridikok, haren legezko eskubide edo interesak ukitutzat jotzen baditu, baldintza-agiriaren aldaketa horien aurka egin ahal izateko, behar bezala arrazoituta.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112., 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 14a.

Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria,

NORA BELTRÁN DE OTÁLORA ERRASTI.


Azterketa dokumentala