
16. zk., 2025eko urtarrilaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (437 KB - 50 orri.)
- EPUB (2920 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
382
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 4koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi egiten baita Irizar KSari Ormaiztegiko udal-mugartean (Gipuzkoa) autobus-karrozeria egiteko eta ibilgailu osoak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua.
EGITATEAK
1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko martxoaren 25eko hasierako ebazpen bidez, ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Irizar KSari, Ormaiztegiko udal-mugartean (Gipuzkoa) sustatzen duen autobus-karrozeriako jarduerarako, Kutsaduraren Prebentzio eta kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.
2.– Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez, Irizar KSak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezetsi zen, epez kanpo aurkeztu zelako.
3.– Ingurumeneko sailburuordearen 2009ko ekainaren 4ko Ebazpenaren bidez aldatu egin zen Irizar KSari Ormaiztegiko udal-mugartean (Gipuzkoa) autobus-karrozeriako jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua.
4.– Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko abenduaren 9ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen de Irizar KSari Ormaiztegiko udal-mugartean (Gipuzkoa) autobus-karrozeriako jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua.
5.– 2020ko abenduaren 9an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean 2020ko ekainaren 22ko 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakia argitaratu zen, industria-emisioei buruz eskuragarri dauden teknika onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz, gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzeko, zura eta zuretik eratorritako produktuak produktu kimikoen bidez kontserbatzea barne hartuta.
6.– 2023ko azaroaren 10ean, teknika erabilgarri onenak berrikusteko prozeduraren esparruan, ingurumen-organo honek aurretiko txostena eskatu zien Ormaiztegiko Udalari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko Sailari (AAI00193_REV_2023_001).
7.– 2024ko otsailaren 12an, ingurumen-organoak Irizar KSari eskatu zion instalazioaren funtzionamenduaren eta 2020/2009 Betearazpen Erabakian (EB) deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko konparazioa bidaltzeko, baimena berrikusi ahal izateko.
8.– 2024ko otsailaren 26an, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Irizar KSak.
9.– 2024ko apirilaren 8an, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko eskatu zion ingurumen-organoak Irizar KSari.
10.– 2024ko apirilaren 12an, eskakizunaren erantzuna aurkeztu zuen Irizar KSak.
11.– Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko ekainaren 20ko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, teknika erabilgarri onenen konparazio-dokumentazioa, berrikuspen-izapideak egiteko. Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2024ko uztailaren 4an, eta dokumentazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen 2024ko uztailaren 4an.
12.– 2024ko urriaren 15ean, ingurumen-organo honek txostena eskatu zien Ormaiztegiko Udalari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Sailari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailari eta Gipuzkoako Urak SAri.
13.– 2024ko urriaren 17an, Gipuzkoako Urak SAren txostena jaso zen.
14.– 2024ko urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Sailaren txostena jaso zen.
15.– Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak erreferentziako espedientea eta ebazpen-proposamena Irizar KSaren esku jarri zituen 2024ko azaroaren 19an, entzunaldi-izapiderako, espedientean jasotako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
2.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
3.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.
4.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.
5.– 2020ko urtarrilaren 27an, urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretua argitaratu zen, eta dekretu horrek indargabetu egin zuenez irailaren 25eko 183/2012 Dekretua (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), ingurumen-baimen bateratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.
6.– 2021eko abenduaren 31n Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa.
7.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduerak jabari publiko hidraulikora, itsaso eta lehorreko jabari publikora edo kolektorera isuriak egiteko baimena behar badu, nahitaezko txosten loteslea eskatuko zaio organismo eskudunari; izan ere, agiri horren bitartez zehaztuko dira isuriaren ezaugarriak eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak.
8.– 2022ko apirilaren 9an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea.
9.– 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 1. artikuluan xedatzen duenaren arabera, lege horren xedea da airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea da, edo, besterik ezin bada, hura murriztea eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako sistema bat ezarriz, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.
10.– Teknika erabilgarri onenen berrikuspenari dagokionez, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarrita dago zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenen (TEO) inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.
11.– Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta isurien muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Zehazki, dokumentu honen edukia izan da kontuan: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document on Surface Treatment Using Organic Solvents including Preservation of Wood and Wood Products with Chemicals» (2020), Europako Batzordearena.
12.– Aintzat hartuta organo honi dagokiola ingurumen-baimen bateratu hau emateko eskumena, arau hauek hartu dira kontuan: 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
13.– Honako hauek ikusi dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Irizar KSri Ormaiztegin autobus-karrozeriako jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, Batzordearen 2020ko ekainaren 22ko 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako baldintzetan. Horrela, baimenean jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ebazpen honen eranskinetan jasotakoak izango dira.
Bigarrena.– Ebazpen honen eranskinean zehaztutako baldintzetan, etengabe aipatutako ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek aldatzea:
– Lehenengoa.
– Bigarrena.
Hirugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Irizar KSari.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Ormaiztegiko Udalari, ingurumen-baimen bateratuaren berrikuste-prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondoreak izan ditzan, hau da, beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batzuk lortu ahal izatea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Errekurtsoak:
Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS