Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2025eko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
381

6/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Segurtasun Nuklearreko Kontseiluarekin eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenaren luzapena, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmenaren luzapena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Segurtasun Nuklearreko Kontseiluarekin eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenaren luzapena, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzekoa. Hitzarmen luzapen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 20KO 6/2025 EBAZPENARENA
VITORIA-GASTEIZEN, BILBON ETA DONOSTIAN DAUDEN ZAINTZA ERRADIOLOGIKOKO ESTAZIOETAKO DATUAK ERABILI, KUDEATU ETA ESKURATZEKO HITZARMENA LUZATZEA; HITZARMEN HORI SEGURTASUN NUKLEARREKO KONTSEILUAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK ETA UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAK SINATU ZUTEN
HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Juan Carlos Lentijo Lentijo jauna, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentea, kargu horretarako izendatu baitzuten apirilaren 12ko 275/2022 Errege Dekretuaren bidez (2022ko apirilaren 13ko BOE, 88. zk.); Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren izenean eta hura ordezkatuz dihardu, azaroaren 5eko 1440/2010 Errege Dekretuaren bidez onartutako kontseilu horren Estatutuaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Beste alde batetik, Mikel Jauregi Letemendia jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, ekainaren 24ko 24/2024 Dekretuaren bidez hala izendatua (2024ko ekainaren 25eko EHAA, 124. zk.); Gobernu Kontseiluaren 2023ko abenduaren 3ko baimena baliatuta dihardu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean adostasuna emateko eta hitzarmena sinatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 62. artikuluan araututa dagoenaren arabera.

Eta, bestetik, Eva Ferreira García andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore gorena, urtarrilaren 19ko 10/2021 Dekretuaren bidez izendatua (2021eko urtarrilaren 25eko EHAA, 17. zk.); unibertsitate horren izenean eta hura ordezkatuz dihardu, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatutako Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 20. artikuluan xedatutako eskumenen arabera.

Alderdi guztiek elkarri aitortzen diote luzapen hau hitzartzeko eta izenpetzeko ahalmena eta legitimazioa, eta, horrenbestez, hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– 2021eko otsailaren 22an Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu zutela beren eginkizunak eta eskumenak hobeto betetzeko, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzeari dagokionez.

Bigarrena.– Ikusi dela hitzarmen hori sinatu izana eta bertan alderdiek hartutako konpromisoak funtsezko tresna direla helburuak lortzeko eta Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzeko beharrezkoak diren jarduerak praktikan jarri eta garatzeko.

Hirugarrena.– Hitzarmenaren laugarren klausulan xedatutakoaren arabera, hitzarmenaren indarraldia 4 urtekoa dela, 2021eko otsailaren 22an Estatuko Sektore Publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan (REOICO) inskribatu zenetik aurrera.

Laugarrena.– Hitzarmen hori sinatu zuten alderdiek onartzen dutela beren gain hartutako betebeharrak indarrean daudela hitzarmena sinatutako egunetik hura amaitzen den egunera arte.

Ondorioz, eta lehen aipatutako hitzarmenaren laugarren klausulan ezarritakoaren arabera, premia teknikoak ebaluatu ondoren eta hitzarmen horren xedea betetzen jarraitze aldera, luzapen hau sinatzen duten alderdiek beharrezkotzat jotzen dute lankidetza horri jarraipena ematea beste lau urtez, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Luzapenaren xedea.

Alderdi sinatzaileek goian aipatutako hitzarmena lau urtez luzatzea adosten dute; hitzarmen hori Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzeko sinatu zuten Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

Hitzarmena lau urtez luzatzeak esan nahi du alderdiek errespetatu egin beharko dituztela hitzarmenean jasotako betebeharrak, bai eta eman edo mantendu beharreko zerbitzuak ere.

Beraz, hitzarmena luzatzeko akordio honek 2025eko otsailaren 22tik 2029ko otsailaren 21era arte izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.

Parte hartzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute luzapenaren xede den hitzarmenean jasotako jarduerak garatzen jarraitzeko, lankidetzaren xedeari jarraipena emate aldera.

Alderdi sinatzaileek beren gain hartutako betebeharrak luzapen-akordio hau amaitu arte egongo dira indarrean, lehenengo klausulan adierazitako epeen arabera.

Hirugarrena.– Hitzarmena azkentzea.

Dokumentu hau sinatzen duten alderdiek luzapen hau azkentzea erabaki ahal izango dute aho batez hala adostuz gero, egoera ekonomiko, sozial edo bestelakoek hitzarmen berri bat idaztea gomendatzen dutenean.

Laugarrena.– Araubide juridikoa.

Luzapen-akordio honek izaera administratiboa du, eta, berau eragin duen hitzarmena bezala, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoak arautzen du, eta arau horren 49.h) 2. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Akordio honi luzatutako hitzarmenaren kopia bat erantsi zaio. Ados daudela adierazteko, eta dagozkion ondorioetarako jasota gera dadin, alderdiek elektronikoki sinatzen dute luzapen-akordio hau.

Madril, 2024ko abenduaren 18a.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren izenean,

JUAN CARLOS LENTIJO LENTIJO.


Azterketa dokumentala