
15. zk., 2025eko urtarrilaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 6 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
367
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2018ko azaroaren 5ean egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpena, honako proiektu honi dagokiona: Arraia-Maeztuko (Araba) udal barrutiko Laminoriako frontean dagoen eta 1.893 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. frakzioa meatze-ustiategia handitzeko proiektua.
AURREKARIAK
2018ko azaroaren 4an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen, proiektu honi buruz: Arraia-Maeztuko (Araba) udal barrutiko Laminoriako frontean dagoen eta 1.89 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. frakzioa meatze-ustiategia handitzeko proiektua (2018ko azaroaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 230. zk.).
2020ko urriaren 21ean, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpen bat eman zuen, sustatzaileak aurkeztutako Ingurumena Zaintzeko Planaren dokumentu bategina onartzen zuena.
2022ko urriaren 26an, sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi zion hasiera eman zitzaiela handitze-lanei.
2024ko abuztuaren 9an, Arabako Meategien Ordezkaritzaren eskaera jaso zen ingurumen-organoan, hain justu ere «Esther 1. frakzioa, 1893-1 zk. meatze-emakidaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatzeko». Eskaera hori ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzeko prozeduraren esparruan egin da, zeina araututa baitago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan.
Zehazki, alderdi hauek aldatzeko eskatzen da:
I.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren (IIA) C.8.6 baldintza, hau dioena hitzez hitz:
C.8.6.– Lau urteko gehieneko epearen barruan, ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, sustatzaileak landare-lurra erabiltzearen ordezko beste aukera bat aztertuko beharko du, non hondakinen balorizazioa lehenetsiko den, eta, egindako azterlanaren emaitza bideragarria bada, ordezko aukera hori inplementatu beharko du gero, proiektuaren esparruan. Aukera hori, hain zuzen, «Agrobento proiektuan» planteatzen zenaren antzekoa izan beharko litzateke. Proiektu hura 2011 eta 2012 artean Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Ecofond SA enpresaren arteko elkarlanaren markoan garatu zen, eta Ihobek sustatu zuen, teknologia garbiak, hondakinen balorizazioa eta lurzoru kutsatuak berreskuratzea posible dela erakusteko proiektu baten esparruan.
Emaitza gisa lortzen den alternatiba inplementatzeak bermatu beharko du kutsadura ez dela barreiatuko. Alternatibak, edonola ere, administrazio publiko eskudunaren organoak ezartzen dituen baldintzak bete beharko ditu, baimendua izateko, edo, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aldez aurreko jakinarazpenaren araubidearen mende badago, kontrolatua izateko.
Sustatzaileak eskaeran adierazten duenez, azterlan honen xedea zen substratu bat ekoiztea, landare-estalkia hartuko zuen lurzoru baten funtzioak egingo zituena edo lurzoru horren baliokidea izango zena meatze-lanak pixkanaka amaitu ondoren. Izan ere, litekeena da landareztatze-lanak arrakastatsuak izateko substratu organikorik eta ez-organikorik ez egotea. Alde batetik, Laminoria harrobian teknolurzoruak sortzeko esperientziaren emaitzek erakutsi zuten metal-astunen mailak araudiaren erreferentzia-balioak gainditzen zituela. Kutsatzaile horiek teknolurzoruak ekoizteko erabilitako materialetatik zetozen: bentonitak, araztegiko lohiak eta EEH eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.
Beste alde batetik, ekoizpen-prozesuan sortzen diren material naturalak eurak erabiliz meatze-ustiategian lurzoru-geruzak ekoizteko jarraitutako metodologiari esker, emaitza onak lortzen ari dira, landareztatzeak arrakastatsuak izan daitezen. Horren erakusgarri da jadanik birgaituta dauden edo birgaitzeko prozesuan dauden eremuen egoera, non landare-estaldura errotuta baitago, espero zen bezala.
Horrez gain, ustiategiak baimena duenez kanpotik datozen hondeatutako material naturalak erabiltzeko (hala dago adierazita Hondeatutako material naturalak betelanetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan), azken urteetan landare-lur ugari jaso da, baita pilatu ere, etorkizunean erabiltzeko. Gainera, espero izatekoa da landare-lurra eta lehengoratzeko prozesurako egokiak diren beste material batzuk jasotzen jarraitzea.
Laburbilduz, alderdi hauek kontuan hartuta:
– Ustiategia ingurumen aldetik sentikorra den eremu batean dago, balio ekologiko handiko onura publikoko mendietan.
– Eremu horretan, akuifero bat dago, inguruko herriak edateko urez hornitzen dituena.
– Meategia birgaitzeko behar diren lurzoruak eta estalki organikoa ekoizpen propioaren bidez eta kanpoko lurrak sartuta eskuratzen dira.
Egokiagotzat jotzen da kanpoko materialekin teknolurzorurik ez sortzea.
II.– IIAko C.3 apartatuan aipatzen diren uraren kalitatea kontrolatzeko neurriei dagokienez, lurpeko uren kontrola sartu zen neurri horien artean, hasiera batean aurreikusita baitzegoen teknolurzoruen proiektua egitea eta hura leheneratze-fasean aplikatzea. Baina, teknolurzorurik ez erabiltzea proposatzen denez, era berean proposatzen da lurpeko uren kalitate-kontrola egiteko betebeharra kentzea.
III.– IIAren C.7 apartatuan (Kultura-ondarea babesteko neurriak), honako hau esaten da: «Erauzketa-jardueraren mendebaldean, arkeologia-interesa izan dezaketen bi eremu daude (15 Kerrianu herrixka eta 16 Aizpilleta herrixka); hortaz, eremu horietan eragina izan dezakeen edozein jarduketa egin aurretik, azterlan arkeologiko bat egin beharko da». Berez, ustiapen-eremuaren ekialdean daude eremu horiek, meatze-jardueraren ondorioz eraldatutako eremutik gertu, baina jarduketaren perimetrotik kanpo; beraz, EZ dute ustiapenaren eremuaren eraginik jasango.
Proposatzen da aurretiazko azterlan arkeologikoa egiteko betebeharra kentzea.
IV.– C.6 apartatuan (Hondakinak kudeatzeko neurriak), C.6.1 puntuan, hau ezartzen zen:
«Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean aurreikusitako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek aginduta bezala kudeatuko dira sortutako hondakinak, lohiak argitzeko eta deshidratatzeko instalazioan jatorria duten lohi deshidratatuen opilak barne direla.»
22/2011 Legea indargabetuta geratu zen, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea argitaratzeaz batera. Arau berri horretan, mineral industrialak sailkatzeko prozesuan sortutako lohiak azpiproduktutzat hartzen dira, arrazoi hauengatik:
• Substantzia geroago erabiltzen da.
• Zuzenean erabiltzen da, gerora eraldatu beharrik gabe.
• Ekoizpen-prozesu nagusian sortzen da.
• Substantziak ez du ondorio kaltegarririk sortzen giza osasunean edo ingurumenean.
Lohi-opilak silize-hareen matrizean dauden buztin eta hondar oso finak bereiztearen ondorioz sortzen dira. Prozesu industrialean ura birzirkulatzeko dekantatzen dira opilok, eta, horretarako, prozesua bizkortuko duen malutatzaile bat erabiltzen da.
Malutatzaile hori SIFLOC 11345 polielektrolitoa da. Haren segurtasun-datuen fitxan ezartzen denez, ez da arriskutsua, 1272/2008 Erregelamenduaren (CLP) arabera, eta ez dago ingurumenerako arriskutsu gisa sailkatuta (segurtasun-datuen fitxa erantsi da).
Horregatik, proposatzen da lohi-opilen katalogazioa hondakinetik azpiproduktura aldatzea.
Eskaera berrikusi ondoren, 2024ko abuztuaren 28an, ingurumen-organoak, 21/2013 Legearen 44. artikuluan adierazitakoaren arabera, kontsulta egin zien lehendik kontsultatutako administrazioei eta aurrez kontsultatutako pertsona interesdunei; hogeita hamar eguneko epea zuten iritzia emateko.
Honako hauei egin zien kontsulta:
– Arraia-Maeztuko Udala.
– Bernedoko Udala.
– Laminoriako Erret Haraneko Administrazio Batzarra.
– Azazetako Administrazio Batzarra.
– Birgaragoiengo Administrazio Batzarra.
– Apilaizko Administrazio Batzarra.
– Onraitako Administrazio Batzarra.
– Uribarri Jauregiko Administrazio Batzarra.
– Jauregiko Administrazio Batzarra.
– Atauriko Administrazio Batzarra.
– Sabandoko Administrazio Batzarra.
– Arluzeko Administrazio Batzarra.
– Okinako Administrazio Batzarra.
– URA.
– Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (URAren bitartez).
– usko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza: Hondakin ez-arriskutsuen zerbitzua.
– Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Hondakin Ez-arriskutsuen Zerbitzua.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Zuzendaritza.
– Arabako Lurralde Ordezkaritzaren Osasun Publikoaren Zuzendariordetza.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.
– Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza.
– Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza.
– Ihobe.
Ebazpen honen egunean, erantzun hauek jaso dira:
– EJko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Hondakinen Zerbitzua.
– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.
– Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza.
– AFAko Kultura Zuzendaritza, Ondaren Historiko Arkitektonikoaren Zerbitzua.
– AFAko Kultura Zuzendaritza, Museo eta Arkeologia Zerbitzua.
– EJko Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– URA, Uraren Euskal Agentzia.
Espedientean jasota dago erantzunen edukia.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela indarrean dagoen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatu behar diren ala ez erabakitzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatu ahal izango dira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenak ezarritako baldintzak betetzea ezinezkoa edo alferrikakoa bada, aldaketa eskatutako unean eskura dauden teknika berri eta hobeak erabiltzeak aukera ematen baitu ingurumena hobeto eta egokiago babesteko, hasieran ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende jarritako proiektuari edo jarduketari dagokionez; edo, baldin eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzen dela egiaztatzean detektatzen bada prebenitzeko, zuzentzeko edo konpentsatzeko hartutako neurriak nahikoa ez direla, beharrezkoak ez direla, edota eraginkorrak ez direla.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– C.8.6 apartatua kentzea Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko azaroaren 5eko Ebazpenetik (ebazpen horren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen, proiektu honi buruz: Arraia-Maeztuko (Araba) udal barrutiko Laminoriako frontean dagoen eta 1.893 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. frakzioa meatze-ustiategia handitzeko proiektua.– Ebazpen hau argitaratu eta gehienez ere lau urteko epean, sustatzaileak landare-lurra erabiltzearen ordezko aukera bat aztertu beharko du, hondakinen balorizazioa lehenetsiz, eta, azterketaren emaitza bideragarria bada, ondoren proiektuaren eremuan ezarri beharko du ordezko aukera hori.
Bigarrena.– Aldatzea IIAren C.8.3 apartatua. Honela idatzita geratzen da:
«Leheneratze-lanetan, inolako kutsatzailerik ez duten lur eta arroka naturalak baino ez dira erabiliko.
Kanpotik datozen hondeatutako material naturalak erabili ahal izateko, APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da, agindu horretan jasotzen baitira hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrak. Arau orokor horiek betetzen direnean, hondakin horiek balorizatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek ez dute baimenik beharko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluko aurreikuspenak aplikatzen diren neurrian.»
Hirugarrena.– IIAren baldintzak aldatzeko egindako eskaeraren gainerako puntuei dagokienez, eta jasotako txostenak ikusita, ingurumen-organoak kontsiderazio hauek egiten ditu:
– Beharrezkotzat jotzen da uren kalitateari buruzko kontrolei eustea, urak lurrazalekoak zein lurpekoak izan, eta funtsezkoa da ur-mailen, ur-kalitatearen eta urak izan ditzakeen joeren bilakaera aztertzea.
– Indarrean jarraitzen du C.7 apartatuak, zeinak nahitaezkotzat jotzen baitu azterlan arkeologiko bat egitea, «15 Kerrianu herrixka eta 16 Aizpilleta Herrixka» ustezko gune arkeologikoan eragina izan dezakeen edozein jarduera egin aurretik.
– Lohi-opilen katalogazioa hondakinetik azpiproduktura aldatzeko eskaerari dagokionez, adierazi behar da ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren helburua ez dela ezartzea noiz uzten dion hondakin batek halakoa izateari. Horretarako, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 4. eta 5. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da (7/2022 Legea, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa).
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Meategien Ordezkaritzari, organo substantiboa den aldetik, eta Sibelco Minerales SL proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 8a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS