
15. zk., 2025eko urtarrilaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (217 KB - 19 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
366
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 19koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Esergui SAren Zierbenako eta Donostiako lantokietako hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta argitaratzea xedatzen duena (hitzarmen-kodearen zenbakia: 86100322012017).
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2024ko azaroaren 18an, goian aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan (hitzarmen hori 2024ko irailaren 12an sinatu zuten negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak).
Bigarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek hitzarmena erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortu zuen 2. artikuluan, eta, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, sail horrek lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritu behar du, besteak beste.
Sail horren barruan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak du eskumena, 232/2024 Dekretuaren 13.1.i) artikuluaren arabera (232/2024 Dekretua, azaroaren 5ekoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa zuzentzeko eta kudeatzeko.
Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia honako hauetan dago jasota: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, Laneko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroari eta Gordailuari buruzkoa, eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroari eta Gordailuari buruzkoa.
Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Laneko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroari eta Gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera sinatu da.
Inskripzio-eskabidea eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskabideak; beraz, bat etorriz urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin (9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroari eta Gordailuari buruzkoa), hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 19a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
ÁNGEL LAPUENTE MONTORO.
ESERGUI SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
ZIERBENAKO LANTOKIA ETA DONOSTIAKO LANTOKIA
1. KAPITULUA
APLIKAZIO-EREMUA
1. artikulua.– Alderdiak zehaztea.
Hitzarmen kolektibo hau Esergui SA enpresak Zierbenan eta Donostian dituen lantokietako langileen legezko ordezkariek eta enpresaren legezko ordezkariek sinatu dute (Zierbenako lantokia Seballoko puntako zabalgunean (z/g) eta Luzueroko puntan (z/g) dago, eta Donostiakoa, berriz, Zuatzu industrialdeko Ulia eraikineko 1. solairuko 14. zenbakian).
2. artikulua.– Eremu funtzionala, lurralde-eremua eta langile-eremua.
Hitzarmen kolektibo hau Esergui SA enpresak Bilbon eta Donostian dituen lantokietako langileei eta enpresaren legezko ordezkariei aplikatuko zaie (Bilboko lantokia Zierbenan dago, Seballoko puntako zabalgunean (z/g) eta Luzueroko puntan (z/g), eta Donostiakoa, berriz, Zuatzu industrialdeko Ulia eraikineko 1. solairuko 14. zenbakian).
3. artikulua.– Denbora-eremua.
Hitzarmen kolektibo honek hiru urteko indarraldia izango du, 2023ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra.
4. artikulua.– Indarraldia, salaketa eta luzapena.
Berariaz erabaki da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatuaren ondorioetarako, hitzarmen kolektibo honetarako itundu den iraunaldia amaitu ondoren hitzarmenak indarrean jarraituko duela, hitzarmena salatuta eta hitzartutako indarraldia amaituta ere, hura ordeztuko duen beste bat negoziatu arte.
Hitzarmen kolektibo hau salatu eta amaitu ondoren, hitzarmenaren klausula arauemaile guztiek indarrean jarraituko dute beste akordio bat sinatu arte.
Hitzarmen honetarako adostutako iraunaldia amaitzen denean, automatikoki salatuko da hitzarmena, eta, hiru hilabete baino lehen, alderdiek negoziazioak hasi beharko dituzte hitzarmena berritzeko. Ezingo da luzatu epe hori.
Espresuki hitzartzen da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, hitzarmenak indarrean jarraituko duela salatu eta hitzartutako iraupena amaitu ostean ere, harik eta bi alderdiek berau ordeztuko duen beste bat sinatzen duten arte.
5. artikulua.– Osotasunarekiko lotura eta zuzenbide osagarria.
Zierbenako lantokia.
Hemen hitzartutako baldintzak osotasun organiko eta zatiezin baten parte dira, eta, aplikatzeko garaian, bere osoan hartuko dira kontuan.
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez denari dagokionez, Produktu Kimikoen eta Industrialen Handizkarien eta Inportatzaileen Hitzarmeneko arau orokorretan xedatutakoa beteko da. Orain arte aplikatu diren baldintza onuragarrienei eutsiko zaie.
Donostiako lantokia.
Hemen hitzartutako baldintzak osotasun organiko eta zatiezin baten parte dira, eta, aplikatzeko garaian, bere osoan hartuko dira kontuan.
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez denari dagokionez, Gipuzkoako Bulegoetarako eta Langeletarako Hitzarmeneko arau orokorretan xedatutakoa beteko da. Orain arte aplikatu diren baldintza onuragarrienei eutsiko zaie.
Enpresak argi eta garbi bereizitako jarduerak dituzten bi lantoki ditu. Zierbenako lantokian, enpresaren instalazio operatiboak daude, eta, han, lan-harremana Produktu Kimikoen Inportatzaileen eta Handizkarien Hitzarmen Kolektiboak arautzen zuen. Lantoki horretan egiten diren lanak oso lotuta daude zamalanekin, eta Donostiako bulego zentraletan egiten direnez guztiz bestelakoak dira. Donostian, erregulazioa bat zetorren Gipuzkoako Bulegoen eta Langelen Hitzarmen Kolektiboarekin, eta hango lana administratiboa baino ez da.
Hori dela eta, langileen eta enpresaren ordezkariek erabaki zuten hitzarmen bakarra sinatzea, lan-harremanak modu bakarrean arautzeko, baina eguneroko lanetik eratorritako aldeak kontuan hartuz. Horregatik adierazten da ezen, hitzarmen kolektiboan aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez, bi lantokietako lan-harremanak arautzen zituen hitzarmen kolektiboa aplikatzen jarraituko dela enpresako hitzarmen kolektiboa sinatu arte.
6. artikulua.– Berme pertsonala.
Hitzarmen kolektibo honetan jasotako baldintza ekonomikoak, edo bestelakoak, gutxienekotzat joko dira. Hitzarmen honetan ezarritako baldintzen gainetik dauden baldintza pertsonalak errespetatuko dira, baina soilik ad personam gordeko dira.
7. artikulua.– Hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea eta desadostasunak ebaztea.
Enpresak inola ere ezingo dio utzi hitzarmen hau aplikatzeari Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasotzen duen prozeduraren bidez; epea amaitu baino lehen, hitzarmena berriro negoziatzen ahalegindu beharko du, beste hitzarmen bat lortzeko, edo hura berrikusteko, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak ezarritakoari jarraituz.
Dena dela, bi alderdiek espresuki adosten dute ezen, desadostasunak ebazteko, PRECO lanbide arteko akordioan jasotako adiskidetze- eta bitartekaritza-prozesuak aplikatuko direla. Arbitraje-prozedura, berriz, bi alderdiek prozedura hori onartzea erabakitzen badute bakarrik aplikatuko da.
Enpresak hitzarmen kolektiboa aldi batean aplikatu nahi ez badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla eta) eta langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez badu eta gatazkak konpontzeko lanbide arteko akordioen prozeduretara jota ere desadostasun hori konpontzen ez bada, bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa) hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasuna ORPRICCEren esku jartzeko.
Enpresak, hitzarmen kolektibo hau aldi baterako ez aplikatzeko asmoa badu arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla eta, asmo horren berri eman beharko dio batzorde paritarioari, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan aipatzen den kontsultaldia hasi baino gutxienez zazpi egun lehenago. Kontsultaldian ez bada lortzen akordiorik langileen ordezkariekin eta ez bada konpontzen desadostasuna gatazkak konpontzeko lanbide arteko akordioen arabera aplikatu beharreko prozeduren bidez, bi alderdiek (enpresaren ordezkariek eta langileen ordezkari gehienek) akordioa lortu beharko dute aplikazio ezaren gaineko desadostasuna ORPRICCE Hitzarmen Kolektiboak Ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren esku uzteko edo, hala badagokio, CCNCC Hitzarmen Kolektiboen Aholkularitza Batzorde Nazionalaren esku uzteko.
2. KAPITULUA
BATZORDE PARITARIOA
8. artikulua.– Osaera.
Hitzarmen hau zaintzeko eta interpretatzeko batzorde paritario bat eratzen da. Batzordea langileen bi ordezkarik eta enpresaren bi ordezkarik osatuko dute, zeinek hitzarmen hau sinatuko baitute.
Hitzarmen hau betetzera behartuta dauden aldeen artean hitzarmenaren klausulak interpretatu edo aplikatzeari buruz zalantza edo desadostasunik badago, batzorde horretara jo beharko da nahitaez, irizpena eman dezan.
9. artikulua.– Eginkizunak.
Hauek dira batzorde paritario mistoaren eginkizun espezifikoak:
1.– Hitzarmen kolektiboa interpretatzea.
2.– Aldeek hala eskatuta, bitartekotza-, adiskidetze- edo arbitraje-lanetan aritu beharko du hitzarmena aplikatzeko eremuan sortzen diren kontu eta gatazka kolektibo guztiak tratatzeko eta konpontzeko.
3.– Itundutakoa betetzen dela zaintzea.
Hitzarmena aplikatzean edo interpretatzean lantokian sortzen diren gatazka kolektiboak ulertzea eta horien interpretazioa idatziz ematea, nahitaez, beste bide batera jo aurretik.
10. artikulua.– Desadostasunak ebaztea.
Batzorde paritario mistoa ezarritako epean ez bada ados jartzen aztertzekoa zuen gaiaren inguruan, auzia PRECOra igorriko da (Euskal Autonomia Erkidegoan Gatazka Kolektiboak Ebazteko Lanbide Arteko Akordioa), eta aldeak bertan aurreikusten diren adiskidetze- edo bitartekaritza-prozeduren mende geratuko dira.
Era berean, alde biek Laneko Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide Arteko Akordioa onartzen dute (GEP II), 2000ko apirilaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua (66. zenbakia).
Akordioa hitzarmen honen eremuan aplikatuko da, hitzarmenaren klausulak aplikatzean sortzen diren gatazka kolektiboak konpontzeko.
3. KAPITULUA
LANAREN ANTOLAKETA
11. artikulua.– Lanbide-sailkapena.
Barne-sustapena:
Enpresak konpromisoa hartzen du langileetan zer behar dituen garaiz argitaratzeko. Behar horiek iragarki-taulan argitaratuko ditu, eta postuak betetzeko zer ezaugarri behar diren adieraziko. Enpresako langileek aukera berdinak izango dituzte behin-behinean sortzen den lanpostua betetzeko.
Administrari laguntzaileen eta hirugarren mailako operadore ofizialen kategorietan hiru urtez izan ondoren, kategoria horietako langileak, hurrenez hurren, administrari ofizialen eta lehen mailako operadore ofizialen goragoko kategoriara igoko ditu enpresak, aurrez postuak ebaluatuta, eta hala hitzematen du.
12. artikulua.– Probaldia.
Kontratazio berrietan aplikatu behar den probaldia ezingo da izan sei hiletik gorakoa hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean.
13. artikulua.– Mugigarritasun geografikoa.
Enpresak, langile bat edo langileen talde bat lekuz aldatzeko neurriak hartu behar baditu Langileen Estatutuaren 40. artikuluari jarraituz, horren berri eman beharko die erabakiak eragingo dien langileei eta langileen lege-ordezkariei, lekualdatu baino gutxienez sei hilabete lehenago.
Lekuz aldatzeko kasu guztietan, langilearen esku egongo da enpresaren neurria onartzea edo ez; hark ez badu nahi, enpresak ezin izango du hartu neurria.
Gutxieneko konpentsazio-zenbateko hauek ezartzen dira langilea lekuz aldatzen den kasuetarako:
– Lekualdaketa hiru hilabeterako baino gutxiagorako bada, neurriak eragiten dien pertsonaren edo pertsona taldearen mantenua eta gaualdia kudeatuko ditu enpresak, eta gastu horiek guztiak enpresaren kontura izango dira.
– Lekualdaketa hori dela-eta langileak ezin badu igaro astean egun bat bere jatorrizko lekuan, bi jaiegun hartzeko eskubidea izango du egonaldia baliatu ezin izan duen hogeita hamar eguneko aldi bakoitzeko.
– Lekualdaketa hiru hilabetetik gorakoa bada, hilabeteko soldata finkoaren baliokidea emango dio enpresak, ordainketa bakar batean, konpentsazio gisa.
– Hasiera batean hiru hilabeterako izatekoa zen lekualdaketa bat luzatu beharra gertatzen bada baina sei hilabetera iritsi gabe, aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoa kalkulatzeko, hiru eta sei hilabete artean benetan igaro den denbora hartuko da kontuan, eta proportzioa ordainduko.
Lekualdaketa betiko baldin bada, konpentsazio ekonomikoa bi hilabeteko soldata finkoaren parekoa izango da.
14. artikulua.– Lan-baldintzen funtsezko aldaketa.
a) Lan-baldintzen funtsezko aldaketak, banakakoak zein kolektiboak, langileei zein langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaizkie, indarrean jarri baino hogeita hamar egun natural lehenago.
b) Lan-baldintzen funtsezko aldaketek, halakorik gertatuz gero, inola ere ez diete eragingo ez lanaldiari eta ez soldataren zenbatekoari.
c) Negoziatzeko zilegitasuna duten subjektuak, eta kontsultaldia.
1.– Izaera kolektiboko funtsezko aldaketak negoziatzeko legitimazioa, alde batetik, enpresak askatasunez izendatutako ordezkariek eta, bestetik, langileen legezko ordezkariek izango dute.
2.– Prozesu horien kontsultaldia, gutxienez, hogeita hamar egun naturalekoa izango da.
d) Kontsultaldia adostasunik gabe amaitzea.
Kontsultaldia alderdien arteko adostasunik gabe amaitzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Gatazka Kolektiboak Ebazteko Lanbide Arteko Akordioak (PRECO) arautzen dituen adiskidetze- edo bitartekaritza-prozedurak baliatu beharko dira nahitaez, enpresak neurririk hartu aurretik.
15. artikulua.– Kaleratze kolektiboa.
Lan-kontratuak ekonomiari, teknikari, antolaketari edo ekoizpenari lotutako arrazoiengatik suntsiarazten badira Langileen Estatutuaren 51. eta 52. artikuluetan ezarritako eran, hori kaleratze kolektibotzat hartuko da.
Kontsultarako eta negoziatzeko aldia gutxienez ere hogeita hamar egunekoa izango da, aldeek berariaz beste zerbait adosten dutenean izan ezik.
16. artikulua.– Ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpeneko arrazoiak bitarteko direla kontratua etetea edo lanaldia murriztea.
Ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpeneko arrazoiak direla eta, enpresaburuak lan-kontratua eten ahal izango du, Langileen Estatutuaren 47. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:
– Kontsultarako eta negoziatzeko aldia hamabost egunekoa izango da gehienez, aldeek berariaz beste zerbait adosten dutenean izan ezik.
4. KAPITULUA
LANALDIA
17. artikulua.– Urteko lanaldia.
Zierbenako lantokia.
a) Urteko lanaldia benetan lan egindako 1715 lanordukoa izango da eragiketetako langileentzat.
b) Urteko lanaldia benetan lan egindako 1700 lanordukoa izango da administrazio-arloko langileentzat.
c) Urteko lanaldia benetan lan egindako 1747 lanordukoa izango da arduradun eta ingeniariarentzat.
Donostiako lantokia.
Urteko lanaldia benetan lan egindako 1700 ordukoa izango da. Asteko lanaldia ostiralean amaituko da, 17:00etan beranduenez.
18. artikulua.– Ordutegia.
Lan-ordutegiak eta egutegiak enpresako zuzendaritzaren eskumena dira, baina horiek langileen legezko ordezkariekin adostea hitzematen du. Erabakirik hartzen ez bada, Zuzendaritzak finkatuko ditu.
Zuzendaritzak, hitzarmen kolektibo honen indarraldiko urte bakoitzean, aplikatu beharreko lan-egutegiak ezarri eta argitaratuko ditu. Egutegiak urte bakoitzeko abenduaren 1erako finkatuko dira beranduenez.
Zierbenako lantokia.
Ordutegi eta egutegi motak urtero negoziatuko dira, eta abian den urtean zehar aldatu ahal izango dira, langileen legezko ordezkaritzak esku hartu ondoren, ekoizpen-inguruabarren eta -premien arabera.
Egutegiak lanaldi zatitukoak, bi txandakoak, hiru txandakoak eta lau txandakoak izan daitezke. Horien ordutegiak langileen legezko ordezkariekin adostuko dira.
Lanaldi jarraituetan, 15 minutuko atsedenaldia ezarriko da (mokadu bat hartzekoa), eta lanaldi gisa hartuko da.
Donostiako lantokia eta eragiketei atxikita ez dauden Zierbenako langileak.
Astelehenetik ostegunera, lan-ordutegia 08:30etik 17:00etara izango da. Ordutegi horretan, gutxienez 30 minutuko atsedenaldi bat hartu beharko da, etenik gabea. Saileko arduradunarekin aldez aurretik adostuta eta saileko zerbitzua 17:00 arte mantenduta, langileak unean-unean aurreratu ahal izango ditu bere sarrera-ordua eta irteera-ordua, 07:30era eta 16:30era.
Ostiraletan, jai-bezperetan eta zubien bezperetan, ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da.
Ekainaren 15etik irailaren 15era, lan-ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da, Aste Nagusian izan ezik, orduan 08:00etatik 14:00etara izango baita.
Lanaldi jarraiturik ez dagoen lanaldi osoetan, langile guztiek denbora-tarte bat izango dute lantokira sartzeko: 08:00etatik 09:00etara.
Laguntzeko ordutegi luzatua.
Behar izanez gero, konpainiak egoki funtzionatzeko laguntzak ezarri ahal izango dira Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen arlo guztietan. Horretarako, gerta liteke laguntzeko ordutegian edo ordutegi luzatuan diharduten langileen ordutegi ofizialak eta ofizialki ezarritakoak desberdinak izatea.
Ezarri behar izanez gero, batzorde mistoa bilduko da, hura behar bezala aplikatzeko.
Laguntzeko ordutegia edo ordutegi luzatua 19:00etan amaituko da astelehenetik ostegunera, eta 17:00etan ostiral eta jai-bezperetan.
Ekainaren 15etik irailaren 15era, laguntzeko ordutegi luzatua 17:00etan amaituko da, Aste Nagusian izan ezik, orduan ez baita aplikatuko. Gabonetan ere ez da aplikatuko, abenduaren 24tik urtarrilaren 2ra, biak barne.
Laguntzeko ordutegi luzatu horiek txandaka aplikatuko dira, behar den eremu guztietan.
19. artikulua.– Txanda-aldaketak.
Langileek txanda aldatu ahal izango dute egun batean edo zenbait egunetan, baina atsedenaldiak eta araudi orokorra bete beharko dituzte betiere. Gainera, enpresari aldez aurretik jakinarazi beharko diote, eta enpresak oniritzia eman beharko die.
20. artikulua.– Laneguna ez denean eta jaiegunetan lan egitea.
Zierbenako lantokia.
a) Abenduaren 24a eta 31 lanik gabeko egun gisa hartuko dira.
b) Tokiko jaieguna Zierbenako herriari era ofizialean zehaztutakoa izango da, eta langileak, egun horretan lan eginez gero, egun hori beste egun batean hartzeko aukera izango du, bere arduradunarekin adostuta.
Donostiako lantokia.
a) Abenduaren 24a edo 31 lanik gabeko egun gisa hartuko da. Edonola ere, egun horietako lanaldia 08:00etatik 13:00etara izango da.
b) Tokiko jaieguna Donostiari era ofizialean zehaztutakoa izango da, eta egun berezitzat hartuko da.
21. artikulua.– Egutegia, koadrantea eta oporrak.
Urte bakoitzeko azaroan, enpresak hurrengo urterako lan-egutegia aurkeztuko dio langileen legezko ordezkaritzari, eta haren banaketa negoziatuko dute. Ados jartzen badira, bi aldeek hura sinatu eta enpresako iragarki-tauletan argitaratuko da.
Hasiera batean, opor-egunak finkatzeko irizpide ofiziala sail bakoitzean adostutakoa izango da. Sail bereko langileen artean desadostasunak sortuz gero, datak aukeratzeko txanda-irizpidea aplikatuko da.
Enpresaren opor-egutegian ezarritako oporraldia haurdunaldiak, erditzeak edo bular-emate naturalak eragindako aldi baterako ezintasun batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 eta 48 bis artikuluan xedatutako lan-kontratuaren etenaldiarekin batera suertatzen direnean, beste data batean hartu ahal izango dira oporrak, hau da, aldi baterako ezintasuna gertatzen den edo aipatutako araua aplikatuz baimena hartzeko dagokion data ez den beste batean, etenaldia amaitu ondoren, baita urte naturala bukatzen bada ere.
Aurreko paragrafoan adierazitako kontingentziez besteko arrazoiak direla-eta oporraldia heltzean langilea aldi baterako ezintasun-egoeran badago eta ezin baditu opor guztiak edo haien zati bat hartu oporrei dagokien urte naturalean, ezintasun-egoera amaitzean hartu ahal izango ditu, oporretarako eskubidea sortu den urtea amaitu denetik hemezortzi hilabete baino gehiago igaro ez badira.
Zierbenako lantokia.
a) Urteko oporraldia 23 lanegunekoa izango da eragiketen arloko langileentzat, eta 25 lanegunekoa administrazioko arlokoentzat.
b) Terminalaren lan-antolakunde osorako, beraren funtzionamendua edozein dela ere, lan-koadrantea urtero argitaratuko da, eta alderdi guztiek onartuko dute.
Donostiako lantokia.
Hitzarmen honi lotutako langile guztiek, urtero, 30 egun naturaleko opor ordainduak izateko eskubidea dute, eta horietatik 22 gutxienez lanegunak izango dira.
5. KAPITULUA
LANALDI-MALGUTASUNA ETA ERREGISTROAK
22. artikulua.– Lanaldi-malgutasuna.
1.– Langileen estatutuaren 34.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta langileen legezko ordezkariei jakinarazi ondoren, lanaldiaren % 5 modu irregularrean banatu ahal izango da; beraz, ezin izango da lanaldiaren bestelako banaketa irregularrik egin artikulu honetan berariaz xedatutakoa kontuan izan gabe.
Hala ere, urtero, dagokion malgutasuna adostu ahal izango da lan-egutegian, bi aldeak ados jartzen badira.
Hitzarmen hau indarrean dagoen aldi osorako, batera egokitzeko ordutegia deritzona adosten da. Horrenbestez, Zierbenako Eserguin, teknikariak ez diren eta lanaldi zatitua duten langileek gutxienez ordutegi hau bete beharko dute, langile guztiak lan-bileretarako libre egon daitezen:
09:00-13:00.
14:30-16:30.
2.– Hitzarmen honen eraginpean dauden eta gutxienez bost urteko antzinatasuna duten langileek eskubidea izango dute, arduradunarekin adostu ondoren, lanaldia gehienez % 50 murrizteko, ordainsariei dagokien murrizketa proportzionalarekin eta honako baldintza hauekin, baldin eta murrizketa-eskaera ezin bada sartu hitzarmen kolektibo honetan ezarritako lanaldi-murrizketaren edo ordaindu gabeko lizentzien kasuetako batean:
a) Murrizketa, gutxienez, 30 egunekoa izango da, eta, gehienez, 60 egunekoa.
b) Saileko edo arloko arduradunaren oniritzia beharko du murrizketa horrek.
c) Ezin izango dute baliatu arlo edo sail bereko pertsona batek baino gehiagok batera.
3.– 63 urtetik gorako langileek urtean gehienez 40 orduko baimen ordaindua hartzeko eskubidea izango dute norberaren eginkizunetarako. Baimenaz baliatu baino 30 egun lehenago jakinarazi beharko da asmoa, eta lanaldi osoz baliatu ahal izango da, edo, dagokion saileko arduradunarekin ados jarriz gero, lanaldi partzialean.
23. artikulua.– Salbuespenezko jarduera.
Ezin izango da aparteko ordurik ordaindu, salbuespenezko kasuetan izan ezik; zehazki, eragiketen arloko kolektiboari, barnean dela Zierbenako zentroko eragiketetako administrarien taldea. Enpresaren gainerako jardueretan (administrazioan, merkataritzan, finantzetan, marketinean, langileen kudeaketan, sistemetan eta abar) urteko zenbaketan sortzen diren soberako orduak atsedenaldiekin konpentsatuko dira, 1 = 1eko proportzioan.
Ezbeharrak eta aparteko beste kalte batzuk eragozteko edo konpontzeko ezinbesteko kasuetan aparteko orduak sartuz gero, ordu horiek % 75eko gainordainarekin ordainduko dira lanegunetan sartutakoak direnean; % 150ekoarekin, berriz, igandean, jaiegunean eta gauean direnean, eta % 200ekoarekin, azkenik, jaiegunetako eta gaueko orduak direnean.
Zierbenako lantokia.
a) Enpresaren jardueraren ezaugarriak direla eta, zenbait jarduera ezarritako lan-ordutegietatik kanpo egin behar dira ezinbestean. Hori dela eta, txandaka lan egiten duten langileen urteko lanaldiaren zati bat ohiko ordutegitik kanpo bete beharko da.
b) Aparteko ordutzat hauek hartzen dira: hitzarmen honetan eta urteko koadrantean zehaztutako lan-ordutegi arruntetik kanpo lan egiten den ordu guztiak. Ordu horiek ordain ekonomiko espezifiko bat izango dute, soldata-taulan aparteko orduetarako finkatutakoaren baliokoa, eta behar den atsedenaldiarekin erregularizatuko dira, enpresaren eta langileen artean ezarritako epeetan. Hiru ordu mota daude: Eguneko ordua; jaieguneko edo gaueko ordua, eta jaieguneko eta gaueko ordua.
c) Ordu-motak:
1. Eguneko ordua: astelehenetik larunbatera 07:00etatik 21:00etara lan egindako orduak.
2. Gaueko ordua: astelehenetik larunbatera 21:00etatik 07:00etara lan egindako orduak.
3. Jaiegunetako eguneko ordua: jaiegunetan 07:00etatik 21:00etara lan egindako orduak.
4. Jaiegunetako gaueko ordua:
a) Igande eta jaiegunetan, 21:00etatik 07:00etara.
b) Aparteko orduak sartzen direnean, arauzko atsedenaldiak egin beharko dira.
c) Abenduaren 24ko 18:00etatik abenduaren 25eko 20:00etara eta abenduaren 31ko 18:00etatik urtarrilaren 1eko 20:00etara, ezin izango da egin ponpaketekin eta itsasontziekin lotutako eragiketarik.
d) Gertakari operatibo bat gertatuz gero, etxetik lantokira joateko denbora benetan lan egindako denboratzat hartuko da.
24. artikulua.– Lanaldi-erregistroa.
Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioak 2019ko martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuari buruzko argibideak argitaratu ditu.
Horrez gain, gidak hau dio: «...goi-zuzendaritzakoak ez diren langileek (erdi-mailako agintariak, konfiantzazko karguak eta erantzukizun bereziak dituztenak, besteak beste) lanaldiaren norberaren aukerako erregimen bat itundua dute edo beren lan-jarduera erabat betetzeko guztiz prest egoteko kontratuzko betebeharra dute. Oro har, modalitate horien atzean eskubide-abusuzko egoerak ezkutatzen ez direlakoan, langile horien eguneroko lanaldia erregistratu behar da, baina horrek ez du eragozten lanaldia egiaztatzea ordu-erabilgarritasunari buruzko itunaren bidez, pentsatuta langileak bereganatzen dituen ordainsariak modu proportzionalean konpentsatzen duela lanaldiaren eskakizun handiagoko hori (edo hitzarmen kolektiboak eskatzen duena baino lanaldi txikiagoa, garrantzitsuena malgutasuna izanik). Horregatik, gomendagarria litzateke subjektu kolektiboek negoziazio kolektibo edo enpresaren akordio bidez autorregulatzeko duten gaitasunak inguruabar hori jasota uztea, gehiegizko edo neurriz kanpoko egoerak saihesteko».
Benetan lan egin ez den denborari dagokionez (kafea hartzeko denbora, tabakoa erretzekoa, eta abar), bi aldeek adosten dute inguruabar horiengatik gehienez ere 18 ordu erabili daitezkeela urtean profesional bakoitzeko. Ondorio horietarako, ez dira zenbatuko edo konpentsatuko adierazitako aparteko lehen 18 orduak, metatutako ordu horiek benetan lan egindako orduak ez direla iritzita.
Behar profesionalak direla-eta Esergui SA enpresako langileek beren ohiko lantokitik kanpo joan behar badute, benetan lan egindako denbora gisa hartuko den lanaldia egun horretako lanaldi osoa izango da, lan-egutegian jasotakoa, edo behar bezala justifikatutako orduak.
Aurrekoa alde batera utzi gabe, legeak enpresari ezartzen dion ordutegi-erregistroa modu digitalean edo gerora manipulatu ezin den sistema baten bidez egingo da. Lana lantokitik kanpo egiten bada, erregistroa enpresak emandako gailu baten bidez egingo da. Gailu hori lanaldian soilik erabili ahal izango da.
Makinaren bat instalatzen bada orduak erregistratzeko, makina hori lantokirako sarbidean egongo da, beste inon ez.
Langileek eta langileen legezko ordezkariek eskubidea izango dute dagozkien erregistroak ikusteko.
6. KAPITULUA
SOLDATA
25. artikulua.– Ordainsarien sistema.
Hitzarmen honi atxikitako langileei eman behar zaien soldata oinarrizko soldatak eta dagozkion osagarriek osatuko dute, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera.
26. artikulua.– Soldaten ordainketa.
Urteko soldata finkoa hamalau hilekotan ordainduko da, baina, salbuespen gisa, hamabi hilekotan jaso ahal izango dira, aldeek hala erabakitzen badute.
Aurrerakinak:
Enpresan 10 urte baino gehiago daramatzaten langile guztiek hiru hileko soldata erreala besteko aurrerakina eskatu ahal izango diote enpresari, interesik gabe eta premia behar bezala justifikatuta. Horien amortizazioak ezin du gainditu soldataren % 10a.
27. artikulua.– Soldata-arrakala.
Enpresak hitzematen du behar diren neurri guztiak hartuko dituela soldata-arrakalarik badago hura benetan murrizteko.
28. artikulua.– Aparteko haborokinak.
Zierbenako eta Donostiako lantokiak.
Aparteko haborokin bat emango da ekainean, eta beste bat abenduan. Zenbateko berekoak izango dira biak: hileko bateko soldata erreala eta antzinatasuna bestekoak.
Enpresan 25 urte betetzen dituzten langileek beste haborokin bat jasoko dute, hirugarrena, jarraikitasuna saritzen duena: soldata errealaren % 5eko igoera. Hirugarren haborokin hori urrian ordainduko da, urtero, eta kategoria administratiboetako, kategoria teknikoetako eta eragiketetako kategorietako langileei bakarrik, ez zuzendaritzako langileei.
29. artikulua.– Soldatak berrikustea.
Soldatak berrikusiko dira 2023., 2024. eta 2025. urteetan, taula honen arabera.
(Ikus .PDF)
30. artikulua.– Soldata-kontzeptuak.
Hitzarmen honetan, soldata-kontzeptu batzuk langile guztientzat dira; eta beste kontzeptu batzuk, berriz, espezifikoak dira, lantokiaren araberakoak (Zierbenakoa edo Donostiakoa). Hori dela eta, kontzeptuak hartu ditugu, eta langile guztientzat diren ala lantokiko kontzeptu espezifikoak diren zehaztu.
Bi lantokietan.
Oinarrizko soldata.
Langile guztiei aplikatu beharreko gutxienekoa. Haren zenbatekoa soldata-taulan ezarritakoa izango da.
Dietak eta kilometro-ordaina:
Zerbitzuaren beharrengatik langileak bere ohiko destinoa duen herritik joan behar badu, enpresak ordainduko dizkio egindako gastuak, aldez aurretik justifikatuz gero eta arrazoizkoak izanez gero.
2023an, eta hitzarmen hau sinatzen denetik hasita, laneko joan-etorrietan norberaren autoan egindako kilometro bakoitzeko 0,37 euro ordainduko dira. Hurrengo urteetan, kopuru horri aurreko urteko estatuko KPIa gehituko zaio.
Antzinatasuna:
Langile guztiek, kategorietan salbuespenik egin gabe, soldataz gain, antzinatasun-ordainsaria jasoko dute, eta honela ordainduko zaie:
1.– Antzinatasun-taulan ezarritako zenbatekoa ordainduko zaie 1981eko abenduaren 31ra arte lan egindako biurtekoengatik eta 1982ko urtarrilaren bata baino lehen lan egindako azken biurtekotik 1996ko abenduaren 31ra arte lan egindako hirurtekoengatik.
2.– 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera, bosturtekoen arabera zenbatuko da antzinatasuna, eta antzinatasun-taulan ezarritako zenbatekoa ordainduko da haiengatik.
Antzinatasun-plusa aplikatuta ere, langileei ezin izango zaizkie inola ere murriztu hitzarmen hau indarrean jartzean antzinatasunarengatik jasotzen dituzten zenbatekoak.
Hitzarmen honetan antzinatasunagatik itundu diren eta soldata-taulan antzinatasunari lotuta agertzen diren ordainketak, horiexek egingo dira, lantoki bakoitzean, hitzarmena indarrean jartzen denetik langileek bosturtekoak betetzen dituztenean.
Zierbenako plus espezifikoak.
Plusak: plusak langileek jasotzen dituzten ohiko hilekoetan hainbanatuta ordainduko dira.
Norberak lana zer jarduera-arlotan egiten duen, plusaren zenbatekoa bat da edo beste bat (batez ere, ponpaketaren eta administrazioaren arloetan).
Donostiako plus espezifikoak.
Egun berezietan (estatu osoan jaiegun ez diren egunak) lan egiteagatik dagoen plusa.
Urteko egutegian, urtero jaiegun batzuk ezartzen dira lantokirako estatu osoan jaiegunak ez direnak. Sail bakoitzak ziurtatu beharko du egun berezi horietako beharrak betetzen direla. Behar horiek nola bete sail bakoitzak erabakiko du. Egun berezian lan egin izanaren konpentsazioa 1=2 izango da.
Horretaz gainera, lan-egutegitik kanpo egun gehiago lan egin beharra ere gerta liteke:
a) Lan egin beharreko lehen egun berezia. Lan egindako orduak beste une batean hartzea jai egiteko, % 150eko igoerarekin.
b) Lan egin beharreko bigarren egun berezia edo hurrengoak. Jai egiteko hartutako orduek % 200eko konpentsazioa izango dute.
Zierbenan, aparteko orduak egiteagatik eragiketetako langileei eta eragiketei atxikitako langileei horiek ordaindu behar bazaizkie, eskema honen arabera ordainduko dira:
Eguneko aparteko ordua.
Aparteko ordua = Orduko soldata eta % 75eko gainordaina.
Gaueko eta/edo jaiegunetako aparteko ordua.
Aparteko ordua = Orduko soldata eta % 150eko gainordaina.
Jaieguneko gaueko aparteko ordua.
Aparteko ordua = Orduko soldata eta % 200eko gainordaina.
7. KAPITULUA
LIZENTZIAK, BAIMENAK ETA LANA, GIZARTE-BIZITZA ETA FAMILIA-BIZITZA BATERAGARRI EGITEA
31. artikulua.– Lizentziak.
Legekoa aplikatuko da indarrean dagoen hitzarmenekoa baino hobea bada.
Langileak, behar besteko aurrerapenez abisatuz gero, eskubidea izango du indarrean dagoen legediko lizentziak izateko.
Kasu batzuetan, hobeak badira, artikulu hauekin ordezkatuko dira:
1.– Ezkontzeagatik edo izatezko bikote gisa erregistratzeagatik, hogei egun natural; egun horiek, oporraldian egokitzen badira, ez dira galduko.
2.– Ezkontidea, gurasoak edo seme-alabak hiltzen badira, bost egun; horietatik hiruk egun baliodunak izan behar dute ondorio ofizialetarako. Neba-arrebak edo aurrekoez beste aurretiko edo ondorengoak hiltzen badira, hiru egun.
3.– Egutegiko egun bat, langilearen edo ezkontidearen seme-alabak, gurasoak edo neba-arrebak ezkontzeagatik, zeremonia egiten den egunean.
4.– Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik, egun bat. Beste udalerri batera aldatzeagatik, bi egun.
5.– Langileak titulu akademiko edo profesional bat lortzeko ikasketak erregulartasunez egiten baditu, azterketak egiteko behar duen denbora. Azterketa egiteko langileak 100 kilometrotik gorako bidaia egin behar badu etxetik, lizentzia hori egun osokoa izango da.
6.– Langilearen ardurapean dagoen lehen mailako ahaide bati mediku-kontsultara laguntzeko behar duen denbora, baldin eta kontsultaren ordutegia eta lanaldia bat badatoz.
Lizentzia hori baliatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Ezkontideari edo izatezko bikotekideari laguntzeko aplikatzekoa izatea, apartatu honetan aipatzen diren gainerako baldintzak betetzen dituenean.
b) Ezkontidea edo lehen mailako senidea langilearen «ardurapean» dagoela iritziko zaio, laguntzeari dagokionez, hura adinagatik, istripuren batengatik edo gaixotasunagatik laguntzeko benetako beharra duena denean eta, ondorioz, bere kabuz moldatu ezin denean eta bisita medikora bakarrik joateko moduan ez dagoenean.
c) Pazienteak langilearen etxean bizi behar du, edo antzeko egoera batean egon behar du, eta eguneroko bizitzan langilearekiko mendekotasun handia duela frogatu behar da; adibidez, adineko gurasoen kasuan, etxean edo egoitza geriatriko batean egotea.
d) Senitartekoa langilearen ardurapean ez dagoela iritziko zaio langileak ezkontideari edo senitartekoari medikutara laguntzeko lekualdaketaren bat egin behar badu kontzeptu hori aurreko b) apartatuan definitzen den eran.
e) Laguntzeko beharra egiaztatu egin beharko da, aurretik nahiz ondoren, adierazitako arrazoiengatik ahaidea kontsultara laguntzarik gabe joan ahal ez izateko egoera edo zirkunstantzia egiaztatzen duen medikuaren egiaztagiri edo dokumentu ofizial baten bidez.
f) Adinari dagokionez, mendekotasuna –eta, hortaz, laguntzeko premia– ahaideak legez adin-nagusitasuna iritsi arte dagoela iritziko zaio, hau da, 18 urte bete arte, edo urte gehiago izan eta desgaitasuna duenean.
7.– Seme-alaba goiztiarrak jaiotzen direnean edo edozein arrazoi dela-eta erditzearen ondoren ospitalean egon behar dutenean, amak edo aitak lanetik ordubetez irteteko eskubidea izango dute, horretarako motiboak dirauen bitartean.
Artikulu honen 1. zenbakitik 3. zenbakira artekoetan adierazitakoei dagokienez, behar bezala egiaztatutako aparteko kasuetan, lizentzia horiek inguruabarren arabera beharrezkoa den denborarako emango dira, eta lizentzia emateko baldintzak adostuko dira eta soldatarik ez jasotzea erabaki ahal izango da.
Lizentzia eragin duen gertakaria beste herrialde batean gertatzen bada, lizentzia sei egunera arte luzatuko da; horietatik lau ordaindu egingo dira, eta bi ordaindu gabeko lizentziakoak izango dira, eta enpresak eta langileak adostuta luzatu ahal izango dira, ordaindu gabeko gisa, herrialdearen egoerak eta eskuragarri dauden komunikabideek horretara behartzen badute.
Artikulu honetan adierazitako lizentzien kasuan jaso beharreko ordainsaria langileek ohiko lanaldian eta jarduera arruntean jaso beharreko ordainsari-kontzeptu finko guztiek osatuko dute, eta osagarri aldakorrak eta benetako lan-prestazioagatik jasotzen direnak bakarrik geratuko dira kanpoan.
Artikulu honetan jasotako lizentzien kasu guztietan, lizentzia hartzen hasteko unea bat etorri behar da gertaera eragilearen hasierarekin, ospitaleratze-kasuetan izan ezik; kasu horietan, lizentzia geroago hartu ahal izango da, baldin eta une horretan gertaera eragileak irauten badu. Azken kasu horretan, langileak aukeratuta, hurrenez hurrengo egunetan hartu ahal izango da lizentzia, edo ez, baina aurrez eta garaiz jakinarazi behar da betiere.
Artikulu honetan jasotako kasu guztietan, ordaindutako lizentziarako eskubidea aitortuko zaie bai bikote ezkonduei eta bai edozein eremu geografikotan sortu diren edo sortuko diren erregistro publikoetan legez erregistratutako izatezko bikoteei, edo, halako erregistrorik ezean, batera egiletsitako notario-eskritura publiko bidez egiaztatutakoei. Enpresari modu frogagarrian frogatu beharko zaio lizentzia hartzeko aurrez ezarritako baldintzak betetzen direla.
Ordaindu gabeko baimenak:
Bost urtez gutxienez lanean aritu diren langileek, beharra justifikatuz gero, gutxienez hilabete bateko eta gehienez sei hilabeteko ordaindu gabeko baimenak eskatu ahal izango dituzte, horrek enpresari kalte larririk eragiten ez badio. Lizentzia horiek ezin izango dira behin baino gehiagotan eskatu hiru urteko epean.
32. artikulua.– Lanaldia murriztea legezko zaintzagatik.
Legezko zaintzagatik lanaldia murrizteko eskubidea duten langileek Langileen Estatutuaren 37.5 eta 37.6 artikuluetan ezarritakoa bete beharko dute eskubideaz baliatzeko.
Langileak lanaldiaren murrizketa hitzartu ahal izango du enpresarekin, eta, horretarako, eguneko, asteko, hileko edo urteko lanaldia hartuko du erreferentziatzat.
Era berean, lanaldi-murrizketa hori hamalau urtera arte luzatu ahal izango du langileak, enpresari aldez aurretik eskatuta.
33. artikulua.– Eszedentziak. Baldintza orokorrak.
1.– Eszedentziak indarrean den lan-araudiaren arabera arautuko dira.
2.– Enpresan gutxienez bost urteko antzinatasuna duten langileek borondatezko eszedentzia berezia eskatzeko eskubidea izango dute. Eszedentzia hartu baino gutxienez hilabete lehenago egin beharko dute eskaera, eta eszedentzia hori ez da sei hilabetetik beherakoa izango, ezta hamabi hilabetetik gorakoa ere, eta beste eszedentzia mota baterako eskubiderik ematen ez duten justifikatutako familia-arrazoiengatik hartuko da. Eszedentzia-aldi osoan, lanpostua gordetzeko eskubidea izango dute langileek, eta berriro hartan lanean hastekoa. Ezin izango dute baliatu arlo edo sail bereko bi pertsonak batera.
Aurreko borondatezko eszedentzia berezia amaitzen denetik bost urtera eskatu ahal izango du berriro langileak eszedentzia modalitate hori.
34. artikulua.– Ordutegi-malgutasuna.
Enpresarekin ados jarrita, eta enpresaren funtzionamenduak hala egitea ahalbidetzen badu, langileek sartzeko eta irteteko nolabaiteko malgutasuna izango dute, lana eta familia bateragarriagoak izan daitezen.
8. KAPITULUA
GIZARTE-PRESTAZIOAK
35. artikulua.– Aldi baterako ezintasuna.
Lan-istripuagatik edo laneko gaixotasunagatik aldi baterako ezintasuna etortzen denean, enpresak sortu diren soldata eta plusak % 100 arte osatuko ditu egoerak irauten duen bitartean.
Kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunaren kasuan, enpresak soldata erreala eta sortu diren plusak % 100 arte osatuko ditu, aldi baterako ezintasuna etorri denetik gehienez ere hamabi hilabete igaro arte.
36. artikulua.– Osasun-azterketa.
Enpresek, beren osasun-zerbitzuen edo egokitzat jotzen dituzten zerbitzuen bitartez, urtean behin osasun-azterketa egingo diete langile guztiei. Azterketa hori urte natural bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan egingo da.
37. artikulua.– Ginekologia-azterketa.
Emakumezko langileek, hala nahi izanez gero, ginekologia-azterketa bat egin ahal izango dute enpresarekin ituna egina duen zentroan. Enpresaren ginekologia-azterketa egin beharrean Gizarte Segurantzakoa egitea hautatzen duten langileek horretarako behar duten denbora hartu ahal izango dute. Ginekologia-azterketa hori urteko lehen hiruhilekoan egingo da. Ginekologoak egokitzat jotzen dituen proba guztiak egingo ditu.
38. artikulua.– Istripu-asegurua.
Enpresak 150.000 eurora arteko istripu-aseguru bat hartuko du modu esklusiboan, eta polizaren kopia eta estaldurak helaraziko dizkie langileen ordezkariei.
39. artikulua.– Erregaia ordaintzeko laguntza.
Erregaia ordaintzeko laguntza izenekoa ezartzen da bi lantokietako langile guztientzat, baita prestakuntza-kontratua dutenentzat ere.
Erregaia AVIAren zerbitzuguneetan hartu behar da nahitaez, eta, kobratzeko, ezinbestekoa izango da horniduraren fakturak aurkeztea.
Era berean, laguntza hori ez da ordainduko eszedentzia-aldietan edo hilabetetik gorako bajetan.
Donostiako lantokirako hileko bi zenbateko ezartzen dira, irizpide hauen arabera:
Donostia: 75 litro.
Donostia aldea: 110 litro.
Tolosaldea, Urola-Kosta eta Bidasoa-Txingudi: 170 litro.
Goierri eta Debabarrena: 250 litro.
Debagoiena: 275 litro.
Bizkaiko lantokirako hileko zenbatekoak ezartzen dira, irizpide hauen arabera:
Zierbenako eremua eta udalerri mugakideak: 85 litro.
Gainerako eremuak: 100 litro.
40. artikulua.– Laneko arropa.
Enpresak mendeko langileei, uniformea janzteko eskatzen badie, uniformeak eman beharko dizkie bi urtean behin, bat negurako eta beste bat udarako. Hainbat lan egiten dituzten langileek eskubidea izango dute laneko segurtasunari eta higieneari buruzko xedapenetan ezarritako jantziak eskuratzeko.
41. artikulua.– Elebitasuna.
Ahal izanez gero, iragarki-tauletan jarriko diren ohar guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo dira; hori derrigorrezkoa izango da langileek gehiengoz hala eskatzen dutenean.
Euskarazko eta ingelesezko prestakuntza eskainiko zaie beren lanpostua betetzeko ezinbestekoa zaien langileei.
42. artikulua.– Jarraikitasunaren saria.
Enpresan gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten langileek, beren borondatez lanari uzten badiote, utzitako une horretan eskubidea izango dute enpresak hurrengo lerroetan aipatzen den ordainsaria eman diezaien enpresan izandako jarraitutasun horrengatik:
25 urteko antzinatasuna: bi hileko soldata erreala.
30 urteko antzinatasuna: hiru hileko soldata erreala.
35 urteko antzinatasuna: lau hileko soldata erreala.
43. artikulua.– Xedapen gehigarria. Geroa BGAEn ekarpenak egitea.
Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek gizarte-segurantzaren borondatezko hobekuntza bat ezarri dute: GEROA BGAEra atxikitzea.
9. KAPITULUA
KONTRATAZIOA
44. artikulua.– Behin-behineko kontratuak.
Indarrean dagoen lan-araudiari jarraituko zaio.
45. artikulua.– Prestakuntza-kontratuak.
Indarrean dagoen lan-araudiari jarraituko zaio.
10. KAPITULUA
SINDIKATU-JARDUERA ETA BERMEAK; ORDEZKARIAK, ETA ENPRESA-BATZORDEAK
46. artikulua.– Berme sindikalak.
Langileak ordezkatzeko organoek eta enpresako sindikatu-atalek sindikatu-jardueretan askatasunez aritzeko eskubidea izango dute.
11. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
47. artikulua.– Faltak eta zehapenak.
Zehapenen bat eman edo aplikatu behar izanez gero, zehapenak Langileen Estatutuaren eta sektoreko erreferentziako hitzarmen kolektiboen arabera arautuko dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aukera-berdintasunaren sustapena.
Enpresaren eta langileen ordezkariek adierazten dute emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatu behar dela.
Horretarako, enpresan ezarritako plana betetzen den begiratuko du aldian behin berdintasun-batzordeak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arrisku psikosozialen azterketa.
Enpresak arrisku psikosozialak aztertu beharko ditu, sei hilabeteko epean, langileen legezko ordezkarien gehiengoak hala eskatzen duenetik. Azterketa horrek enpresaren egoeraren azterlana beharko du berekin, lantoki bakoitzaren errealitatera egokitua.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Deskonexio digitala.
Enpresak jarritako gailuak lanaldian erabiltzera bakarrik egongo dira behartuak langileak; lanorduetatik kanpo, itzal ditzakete.
Enpresak ez die komunikaziorik bidaliko langileei lanorduetatik kanpo, justifikatuta dagoenean izan ezik.
Hori alde batera utzi gabe, enpresak langileen legezko ordezkariekin adostu beharko du zer lanpostutan mugatu daitekeen deskonexiorako eskubidea eta egon beharko den lanerako libre edo aurkitzeko moduan ohiko lanalditik kanpo lanpostuen ezaugarri bereziak direla eta.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bideozaintza.
Bideozaintza eta geolokalizazioa kasu hauetan bakarrik erabiliko dira: lan-jarduera kontrolatzeko beharrengatik bitarteko egokia, aukerakoa eta proportzionatua diren kasuetan eta instalazioen segurtasuna eta osotasuna zaintzeko ezinbestekoak diren lekuetan. Bitarteko horien berri emango zaie, zabal, langileen legezko ordezkariei eta langileei. Erabat debekatuta dago atsedentokietan edo aldageletan halako gailuak jartzea.
RSS