
14. zk., 2025eko urtarrilaren 22a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (174 KB - 6 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
342
3/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Zibersegurtasunaren Euskal Agentziarekin sinatutako hitzarmena, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziaren funtzionamendurako beharrezkoak diren zenbait kontratazio-jarduera kudeatzeko gomendioa egitekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Zibersegurtasunaren Euskal Agentziarekin sinatutako hitzarmena, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziaren funtzionamendurako beharrezkoak diren zenbait kontratazio-jarduera kudeatzeko gomendioa egitekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2025 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, ZIBERSEGURTASUNAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILAREN ARTEKOA, ZENBAIT JARDUKETA GOMENDATZEKO AGENTZIAREN FUNTZIONAMENDURAKO BEHARREZKOAK DIREN OBRAK, HORNIDURAK ETA ZERBITZUAK KONTRATATZEKO.
HONAKOAK BILDU DIRA
Alde batetik, Francisco Javier Diéguez Barriocanal jauna, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziako (aurrerantzean, Agentzia) zuzendari nagusia den aldetik, izendapenari buruzko irailaren 19ko 135/2023 Dekretuaren artikulu bakarraren arabera; zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren ordezkari jarduteko, Agentziaren Estatutuen 14. artikuluak esleitutako ahalmenei jarraikiz (martxoaren 19ko 34/2024 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutu horiek).
Eta bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Segurtasuneko sailburua den aldetik, Lehendakariaren ekainaren 24ko 25/2024 Dekretuaren artikulu bakarraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 11. artikuluan eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuaren 4.1 artikuluan jasotako eskumenei jarraiki.
Bi alderdiek, ordezkari diren aldetik, lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, eta honako hau
AZALTZEN DUTE
Lehenengoa.– Komunikazio digitalen arteko erlazioengatik eta mendekotasunagatik, eta informazioak sarean duen esposizio-mailagatik, premiazkoa da herritarren segurtasuna eta jarduera ekonomikoa ziurtatzea. Horregatik, komunikazio-azpiegiturak eta -zerbitzuak zibersegurtasunaren esparruko mehatxuetatik babestea oinarrizko zutabe bihurtu da zenbait sektore eta administraziorentzat azken aldi honetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak ez daude arrisku horietatik salbu, eta arriskuok zabaltzeko kinkan ere badaude.
Gaur egungo ingurumarian, zibersegurtasuna kontuan hartu behar da arlo guztietan, eta gogotik dinamizatu Euskal Autonomia Erkidegoko organismoen ekimenen esparruan. Are gehiago, ekimen horien euskarri izan behar du, behar bezala gara daitezen, eta laguntza emanez herritarrei nahiz enpresa-sektoreari.
Bada, testuinguru horretan sortu da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan ekimen komun bat garatzeko premia, dauden baliabideen koordinazioa artikulatu eta indartuko duena, eta zibersegurtasunaren inguruko heldutasun-maila eta erresilientzia areagotzeko balioko duena Euskal Autonomia Erkidego osoan. Horrela, bada, oso garrantzitsua da Euskal Autonomia Erkidegoko zibersegurtasunaren organismo integratzaile eta zeharkako bat bultzatzea, internet eta teknologia berrien erabileraren ondoriozko mehatxuen aurrean gizarteari segurtasuna eta egonkortasuna emango diona, eta kanpoko eragileekiko harremanetarako puntu bakarra izango dena.
Bigarrena.– Azaldutakoari jarraikiz, ekainaren 29ko 7/2023 Legearen bidez, Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, nortasun juridiko propioarekin, autonomia organiko eta funtzionalarekin eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa izango duena. Segurtasunaren arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da Agentzia, Segurtasun Sailburuordetzaren titularraren bidez.
Agentziaren xedea da zibersegurtasuna sustatzea eta koordinatzea Euskal Sektore Publikoan (hau da, maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak mugatutako euskal sektore publikoan), zehazki, sektore horren eskumeneko informazio-sistemen segurtasunaren eta sare elektronikoen segurtasunaren esparruan; eta zibersegurtasuneko jakintza eta garapen digital segurua bultzatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, bertako administrazio publikoan eta bertako enpresa-ehunduran.
Hirugarrena.– Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia sortzeko ekainaren 29ko 7/2023 Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, Agentziaren gobernu-organoak Administrazio Kontseilua eta Zuzendaritza Nagusia dira.
Haren 12. artikuluak araututa dauka bertako kontratazio-araubidea, eta xedatu du Agentziaren kontratazioa kontratazio publikoaren arloko legeriaren eta hura garatzeko araudiaren men egongo dela. Era berean, adierazi du kontratazio-organoa Zuzendaritza Nagusia dela.
Laugarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 11.1 artikuluan xedatzen duenez, «administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo erakunde batzuen esku utzi ahal izango dira, baldin eta haien eskumenen artean jarduera horiek badaude, eraginkortasun-arrazoiengatik edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez dagoenean».
Bestalde, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 37.1 artikuluan aurreikusten du kudeaketa-gomendioa egin behar dela administrazio edo erakunde publiko desberdinetako organoen artean, gomendio intersubjektiboa deritzona, manuak zerrendatzen dituen inguruabarretako bat gertatzen denean; besteak beste, erabaki honetan gertatzen den bezala, jarduera egiten duen organoak doan egitea gomendio intersubjektiboa.
Bigarren paragrafoak dioenez, administrazio arteko lankidetza-hitzarmenen bidez artikulatuko da subjektuen arteko kudeaketa-gomendioa. Hitzarmen horiek Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko onarpena behar dute, eta, eraginkorrak izango badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira, bai eta hitzarmena sinatu duten organoen web-orrian ere, dagokion gutxieneko edukiarekin.
Azkenik, aipatutako 37 artikulu horren 3. atalak dio kudeaketa-gomendioa formalizatzen duen hitzarmenak zehaztuko duela haren araubide juridikoa, berariaz aipatuz kudeaketa-gomendioak barnean hartzen duen jarduketa edo jarduketak, gomendatutako kudeaketaren indarraldia, izaera eta irismena, eta gomendioa hartzen duen organoak edo entitateak beren gain hartu dituzten betebeharrak.
Bosgarrena.– Agentzia sortu berria denez, gaur egun ez dago funtzionariorik, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera kontratazio publikoko prozedurak egiteko, eta lege horrek funtzionarioei erreserbatzen dizkie administrazio publiko bakoitzaren ahalmen publikoetan zuzenean edo zeharka parte hartzea edo interes orokorrak babestea eskatzen duten eginkizunak.
Gabezia tekniko hori konpontzeko, eta horretarako behar diren baliabideak eskuratu arte, egokia da Segurtasun Sailak (atxikita daukan sailak) hartzea bere gain kontrataziorako beharrezkoak diren eginkizun tekniko eta administratiboak, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen eta aplikatu beharreko gainerako kontratu-araudiaren babesean. Betiere, Agentziaren gobernu-organoek erabakiak hartzeko eta ordezkatzeko dituzten eskumenak eta eginkizunak errespetatu beharko ditu zeregin horretan.
Aurreko guztia dela-eta, bildutakoak, parte hartzaile diren heinean, kudeaketa-gomendioko akordio hau formalizatzea erabaki dute, ondoko klausula hauen arabera.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak Segurtasun Sailaren alde kudeaketa-gomendio bat eratzea, agentziaren funtzionamendurako beharrezkoak diren hornidurak, zerbitzuak eta obrak kontratatzeko.
Horretarako, Segurtasun Sailaren esku egongo da administrazio-kontratazioari buruzko legeriak kontratazio-organoari gomendatzen dizkion jarduera tekniko eta administratibo jakin batzuk egitea. Jarduera horiek Agentziaren eskumenekoak dira, eta ezinbestekoak dira Agentziaren funtzionamendurako behar diren hornidurak, zerbitzuak eta obrak kontratatzeko.
Bigarrena.– Iraupena eta indarra hartzea.
Segurtasun Sailak bere gain hartuko ditu Agentziaren administrazio-kontrataziorako beharrezkoak diren eginkizun teknikoak eta administratiboak, harik eta Agentziak kontratazio horiek erabat eta bere kasa egiteko bitarteko egokiak izan arte.
Nolanahi ere, gomendioak gehienez ere 4 urte iraungo du. Hala ere, indarraldia beste lau urtez luzatzerik izango da, aurreikusitako epea amaitu baino lehen alderdiek berariaz hala adosten badute.
Hitzarmen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.
Hirugarrena.– Aldeen betebeharrak.
1.– Segurtasun Sailak landu beharreko jarduketak:
a) Kontratua prestatzeko egin beharreko zuzemenak, Agentziak adierazitako beharren arabera.
b) Kontratazio-espedientearen parte izan behar duten klausula zehatzen pleguak prestatzeko zuzemenak (teknikoak eta administratiboak).
c) Kontratazio-espedienteak izapidetu eta kudeatzea, baita eskaintzen balorazio-txostenak eta esleipena ebazteko proposamenak egitea ere.
d) Alderdi sinatzaileek sinatu beharreko kontratu-dokumentuak prestatzea.
e) Kontratuaren gorabeherak izapidetu eta kudeatzea: aldaketak, ebazpenak eta luzapenak.
f) Kontratazio-espedienteak behar bezala izapidetzen eta kudeatzen direla eta behar bezala garatzen direla ziurtatzeko beharrezko jarduketa guztiak.
Gomendio honen xede diren eskumenak baliatzeko eta jarduketak eta jarduerak garatzeko, Segurtasun Sailak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeari eta aplikatu beharreko gainerako kontratu-araudia bete beharko du.
2.– Agentziak garatu beharreko jarduerak:
a) Kontratazio-espedienteak onesteko eta hasteko erabakiak onartzea.
b) Klausula berezien agiriak (teknikoak eta administratiboak) onartzea.
c) Kontratazio-mahaia izendatzea. Nork osatuko duten, eta kideen identifikazioa. Datuok administrazio-klausula partikularren agirian sartuko dira, eta kontratatzailearen profilean argitaratuko.
d) Administrazio-kontratua esleitzea.
e) Kontratuko gorabeherei dagozkien erabakiak onartzea (aldaketak, ebazpenak eta luzapenak) bai eta kontratuen indarraldian sortzen diren gainerako gorabeherak ebaztea ere.
f) Enpresa esleipendunek Agentziaren alde eratutako garantiak jasotzea.
g) Kontratua sinatzea, espedientearen kontratazio-organo gisa. Kontratuaren izaera juridikoa administrazio-kontratua izango da.
h) Gomendio honen ondoriozko kontratuak gauzatzen direla egiaztatzeko jarraipena eta kontrola egitea, eta kontratuen esleipendunei ordainketak egitea.
i) Enpresa kontratisten eta beste edozein motatako hirugarrenen aurrean erantzule izatea, kontratuak gauzatzeak ekar dezakeen erantzukizunagatik.
Laugarrena.– Eskumenaren titulartasuna.
Kudeaketa-gomendioak ez dakar kontratazio-eskumena besteren esku lagatzea, ez eta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea ere. Eskumen hori kontratazio-organoak du, Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia sortzeko ekainaren 29ko 7/2023 Legearen 12.2 artikuluan eta Zibersegurtasunaren Euskal Agentziaren estatutuak onartzeko martxoaren 19ko 34/2024 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Kontratazio guztietan, eta bereziki gomendioa daukan organoa tartean dela eginiko lizitazio-iragarkietan eta horri lotutako gainerako dokumentuetan, berariaz adierazi behar da zer kudeaketa-gomendiotatik datozen lizitaziook, hala lizitatzaileek nola prozedurako edozein interesdunek horren berri izan dezaten.
Bosgarrena.– Finantzaketa.
Gomendio honek ez du eduki ekonomikorik. Administrazio-lankidetza hutseko akordio bat da.
Seigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea sortu da, lau kide izango dituena: Agentziak izendatutako bi ordezkari eta Segurtasun Sailak izendatutako beste bi.
2.– Batzorde hori arduratuko da interpretazioari buruzko zalantzak eta auziak konpontzeaz, bai eta hitzarmena exekutatzearekin eta gauzatzearekin nahiz hitzarmenaren helburuak betetzearekin sor daitekeen beste edozein gai ebazteaz ere. Alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatzean bilduko da, edozein unetan.
Zazpigarrena.– Datuak babestea.
Gomendioa gauzatzean eskuratutako datu pertsonalak hitzarmen honetan ezarritako helburuetarako erabiliko dira, ez bestetarako. Kontratazioaren kudeaketa tratatzeko jardueraren parte dira datuok (ID 46).
Kudeaketa-gomendio hau dagozkion arauen men eginez gauzatuko da; alegia, hauek bete beharko ditu: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.2 artikuluaren arabera, Segurtasun Saila izango da kudeaketa-gomendioa gauzatzean eskuratuko diren datu pertsonalen tratamenduaren eragilea, eta datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.
Bi alderdiek dagokion tratamendu-mandatua sinatuko dute.
Zortzigarrena.– Aldaketak.
Hitzarmen honen aldaketa oro idatziz formalizatu beharko da.
Edozein alderdik dauka hitzarmena berrikusterik; horretarako, beste alderdiari jakinarazi beharko dio idatziz.
Komunikazioa jaso ondoren, bien artean negoziatuko dute hitzarmena zer-nola aldatu, eta, ados jartzen badira, idatziz dokumentatuko dute.
Prozedura ber-bera izango da aldaketa lege- edo erregelamendu-aldaketen ondorio bada ere. Nolanahi, lege- edo erregelamendu-mailako arau berriren bat indarrean jarriko balitz eta hitzarmeneko klausularen bat ez balitz horrekin bateragarri, eraginik gabe geratuko da klausula hori, baina, halere, alderdiei dagokie aldaketa hori gomendioan mamitzea eta gauzatzea, halakorik gertatu orduko.
Bederatzigarrena.– Ebazpena.
Hitzarmenaren indarraldiari buruz xedatutakoa xedatuta, honako hauek ere badira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:
a) Alderdi sinatzaileek hala adostea eta idatziz adieraztea.
b) Hitzarmena sinatu eta gerora, hitzarmenaren xede diren jarduerak garatzeko ezintasuna izatea, legezkoa edo materiala.
c) Alderdietako edozeinek klausularen bat modu larrian ez betetzea.
Hamargarrena.– Izaera juridikoa.
Hitzarmen hau, izaera juridiko-administratibokoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen babesean egin da.
Hamaikagarrena.– Jurisdikzioaren mende jartzea.
Akordio hau aplikatzean sor daitezkeen gatazka judizial guztietarako, bi alderdiak administrazioarekiko auzien jurisdikzio eskudunaren mende jarriko dira.
Eta adostasunaren frogagiri, alderdiek honako agiria sinatzen dute.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 18a.
Segurtasuneko Sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Zibersegurtasunaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
FRANCISCO JAVIER DIÉGUEZ BARRIOCANAL.
RSS