
13. zk., 2025eko urtarrilaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 11 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
329
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Getariako (Gipuzkoa) Arriarte baserriaren ondoko betelan-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko maiatzaren 8an, Getariako Udalak, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Getariako (Gipuzkoa) Arriarte baserriaren ondoko betelan-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera osatu zuen. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko urriaren 24an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskineko E9 taldeko («Bestelako proiektuak») c) epigrafean biltzen diren proiektuei: «Ibaietatik, lehorretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lehorreko instalazioak, hektarea bat edo azalera handiagoa hartzen badute».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Getariako (Gipuzkoa) Arriarte baserriaren ondoko betelan-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako hauen arabera:
A) Proiektuaren helburua hau da: Getariako Arriarte baserriaren hego-ekialdean dagoen ibarbide batean betelan bat egitea, txakolina ekoizteko mahasti-sail bat handitzeko, eta horrek lurraren baldintza agrologikoak hobetzea eskatzen du.
B) Getariako (Gipuzkoa) Arriarte baserriaren ondoko betelan-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren helburua da Getariako Arriarte baserriaren hego-ekialdean dagoen ibarbide batean betelan bat egitea, txakolina ekoizteko mahasti-sail bat handitzeko, eta horrek lurraren baldintza agrologikoak hobetzea eskatzen du.
Betelanean jarriko den materialaren bolumena 163.000 m3 ingurukoa izango dela kalkulatzen da. Proiektuak okupatuko duen azalera, sarbidearen hasiera barne, gutxi gorabehera 23.700 m2-koa da (17.268 m2 betelanak + 6.400 m2 sarbideak).
Ikuspegi hidraulikotik, diseinu-irizpide hau aukeratu da: areka perimetralak 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren arabera proiektatzea, eta drainatzeak, bete beharreko ibarbidean emariak izatearen arabera. Betegarri horren drainatze-arroa 3,87 ha-koa da guztira, bi azpiarrotan banatua.
Ibarbidearen hondoan drainatze bat egiteko asmoa dago, lurpean ager daitezkeen iturburu txikiak bilduz betelanari egonkortasun handiagoa emateko, draina betelanaren maila freatikoko uren bilketa egiteko erabiliko baita. Horren ondorioz, korronte-lerroak hondoko drainadurarantz bideratuko dira, betelanaren saturazio orokorra murriztuko da eta, beraz, ezpondak egonkortuko dira, horietan uraren bultzada txikiagoa izango baita.
Harri-lubetaren hondoko drainadurak, ibilguaren hondoaren arabera trazatuak, 50 l/s jaso ditzake, betelanetik bertatik edo mendi-hegalaren maila freatikotik.
Betelanaren egonkortasuna ikusteko, Geolarrea enpresak azterketa geotekniko bat egin eta egonkortasuna kalkulatu du. Betelaneko materialaren ezaugarri zehatzak zein izango diren ziur jakiterik ez dagoenez, ibarbidearen beheko aldean lubeta-oin bat proiektatzea eta ezponda 3H/1B-n jartzea erabaki da, betelanaren egonkortasuna ziurtatzeko.
Material-ekarpena zabaldu eta trinkotu egin beharko da. Zabaldu aurretik, lurzoruak gehienez % 30eko hezetasuna izan beharko du, eta materia organikoaren proportzioak gehienez % 2koa izan beharko du, PG-3ren arabera. Gainera, proiektuan lurren jatorria kontrolatzea aurreikusten da, eta flora inbaditzaileko espezieak agertuz gero jarraitu beharreko protokoloa jasotzen da.
Betelana egiteko erabiliko diren materialak ondoko herrietako obretako indusketetako lurrak eta harriak izango dira; hain zuzen ere, Europako hondakinen zerrendan EHZ 17 05 04 kodea duten materialak (Lurra eta harriak, 17 05 03 kodean zehazten ez direnak), Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz –Europako hondakinen zerrenda Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakiaren bidez argitaratu zen, zeinak aldatu baitzuen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera–. Proiektuan, berariaz adierazten da ezin izango direla onartu lurzoru kutsatu gisa katalogatu diren lurzatietako lurrak.
Betelanaren ustiapen-aldia 10 urtekoa izango dela aurreikusten da, baina sustatzaileak epe hori ahalik eta gehien mugatu nahi du.
Materiala kamioietan garraiatuko da soberakinen biltegira. Betelanera Abendaño industrialdetik iritsi ahal izango da, lehendik dauden landa-bideak baliatuz –kamioiak gurutzatzea ahalbidetzen duten bazterbideak dituzte–. Azken konexioa egiteko, 244 metroko luzerako pista-tarte berri bat egin beharko da, eta 148 metroko luzerako bidezidor baten trazadura zabaldu. Pistaren azken zati hori egiteko, zabor-legar artifiziala erabiliko da, eta betelana egin ondoren, hasierako egoerara itzuliko dira.
Sarbide-kontrola egiteko, betelanaren perimetro osoa itxiko da, eta sartzeko ate bat jarriko da. Betelanaren sarreran, putzu moduko gurpil-garbigailu bat jarriko da; hau da, igotzeko arrapala baten, jaisteko beste baten eta ura atxikitzeko gune horizontal baten bidez putzu bat sortuko da. Eremu horizontalak 6,50 m-ko luzera izango du, bi ardatzeko kamioiek lau gurpilak gainazal horretan sartu ahal izan ditzaten, eta arrapalak 3,50 m-koak izango dira, maldak handiak ez izateko eta betelanerako sarbidera egokitu ahal izateko. Horrez gain, zeharkako bi horma jarriko dira, ura atera ez dadin: zona altuetan 20 cm-ko altuera izango dute gutxienez; zona baxuetan, berriz, 50 cm-koa, eta 20 cm-ko albo-garaiera. Ura zisterna-kamioi batetik hartuko da, betelana ur-azpiegitura batez hornitu behar ez izateko.
Aztertutako dokumentazioaren arabera, aireko linea elektriko batek zeharkatzen du betelana, eta ez du materiala modu seguruan zabaltzeko eta trinkotzeko adinako galiborik. Linea desbideratzea proiektuarekin batera izapidetzen ari da. Telekomunikazioen aireko linea bat ere badago, baina, sustatzailearen arabera, ez dago martxan; beraz, printzipioz, ez du inolako eraginik izango obran.
Materialak uztea amaitu ondoren, eremua landareztatu eta paisaia lehengoratuko da, betelanaren eta sarbide-zati berriko lur-mugimenduen hedadura osoan. Ingurumena lehengoratzeko, hidroereintzak egingo dira, eta Quercus robur eta Quercus suber espezieetako haritzak landatuko dira, bai eta Corylus avellana, Crataegus monogyna, Ruscus aculeatus zein Frangula alnus espezieetako zuhaixkak ere.
Ingurumen-dokumentuan, betelanera iristeko 4 aukera jorratzen dira: 1, 2, 3a eta 3b aukerak. Horietako gehienak baztertu egin dira, hainbat arrazoirengatik, 3b aukera izan ezik, zeina gaur egun izapidetzen ari den.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, betelana egiteko kokalekua egokia da, mahastiak landatzeko eraldaketa ugari izan dituzten lurrak okupatuko baitira. Sarbidea 3b aukerako trazaduraren arabera egiteko justifikazioa da, Zarauzko Abendaño industrialdetik egingo denez, Zarauzko hirigunea saihestuko dela, lehendik dauden landa-bideak ahalik eta gehien erabiliko direla, kurbadura-erradio estuak saihesten dituela eta Arbiungo ustezko zona arkeologikoa saihesten duela.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektua Oriako Unitate Hidrologikoan (UH) sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Organo substantiboak bidalitako dokumentazioan, Uraren Euskal Agentziak betelana egiteko emandako baimena dago. Bertan adierazten denez, betelanaren eremuan ez dago lur gaineko ibilgu publikorik, arroaren buruan dagoelako, eta akuiferoen kalteberatasuna oso txikia da. Betelanaren oinetik 35 bat metrora, iturburu bat azaleratzen da modu naturalean; puntu horretatik aurrera, aintzat hartzen da Liñapotzu erreka dagoela, jabari publiko hidraulikokoa, eta, beraz, aurreikusitako betelan-jarduketak erreka horren ibilguak zaintzeko eremuan kokatuta daude. Liñapotzu erreka, 1 km2 baino gutxiagoko arro-azalera duenez, ez dago jasota EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean, eta aurreikusitako jarduketarekin errekaren sorburutzat jotzen den puntutik 5 metroko ibilgu-zortasuna errespetatzen da.
Litologikoki, okupatu beharreko eremuan kareharri hareatsu edo hareharri karedunak eta tuparri edo lutita karbonatatuak daude tartekatuta, eta pitzadura bidezko iragazkortasun ertaina du. Eragindako lurzoruen ikuspegitik, EAEko Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, azaleraren zatirik handieneko lurzoruak nekazaritza nahiz abeltzaintza, trantsizioko landa-paisaia eta basogintza kategoriakoak dira; proposatutako betelanaren iparraldeko muturreko azalera txiki bateko lurzoruak (117,49 m2) balio estrategiko handikoak dira.
Proiektuaren barruan ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Halaber, ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko puntu edo lekurik, ez eta paisaia-balio katalogaturik ere; era berean, ez du erabilera publikoko mendiekin bat egiten.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadin agertzen da), betelanak hartuko duen eremuan larre eta labore atlantikoak daude, bai eta harizti azidofiloak eta harizti/baso misto atlantikoak ere; sarbide-zati berriak belardiak, txilardi-otadi-iratze atlantikoko azalerak, harizti azidofilokoak eta harizti/baso misto atlantikokoak zeharkatuko ditu. Betelanak hartuko duen eremuan, ingurumen-dokumentuan aipatzen denez, batetik, mahastien presentzia dago, zeintzuk belardiei eremua irabazten joan diren, eta, bestetik, hariztiak. Hariztia hiru eremutan dago: ibarbidearen burualdean (haritz handiak, lizarrekin batera), hegalaren erdialdean (haritz nahiko handiak, arteekin batera), eta, azkenik, behealdean (haltzak, lizarrak, ezkiak eta astigarren bat). Bestalde, pista zati berriak eta aurreikusitako bidezidorraren zabaltzeak ukitzen dute Batasunaren intereseko «4030 Ulex espeziea nagusi den txilardi atlantikoa» habitata eta «6510 Artzaintzarik gabeko sega-belardi atlantikoak» habitata.
Eremuan dagoen fauna landazabaleko espezie tipikoetakoa da, eta horri baso-inguruneetako beste espezie batzuk gehitu behar zaizkio. Ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua kudeatzeko plan onartuen xede den espaziorik. Proiektuak ez du zuzenean ukitzen Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planeko interes bereziko eremurik, elikatzeko babes-eremurik, edo abifaunarentzako babes-eremurik. Horiek guztiak Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan finkatu ziren (2016ko maiatzaren 23ko EHAA, 96. zk.).
Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren eremuak ez du barne hartzen kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik; hala ere, aipatu behar da, ingurumen-dokumentuak adierazten duen bezala, betelanerako sarbide gisa erabiliko den Alderdi baserriaren inguruko baso-pistaren ondoan, mendebaldeko hegalean, Arbiungo aztarnategi arkeologikoa dagoela. Aztarnategi horretan indusketa partzial bat egin zen. Horri esker, erromatarren garai berantiarreko jarduera metalurgikoen (burdinaren erredukzioa edo forjaketa) ebidentziak aurkitu ahal izan ziren (Kultura Ondarearen Zentroko inbentario arkeologikoaren 49. eta 20. fitxak). Zepak eta zeramika agertu ziren, batez ere, muinoaren goialdeko erradio zabal batean sakabanatuta, pistaren hasieratik gertu kokatutako kontzentrazio bereziko gune batetik abiatuta. Arkeologia-gune hori kultura-ondasun gisa babesteko proposamena egin da; era berean, Zarauzko HAPOaren Ondarearen Katalogoan interes bereziko arkeologia-ondareko elementuen zerrendan dago.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentuan aipatzen den proiektuarekin lotuta egindako azterketa akustiko baten arabera, ez da aurreikusten lurraldeko ezein gunetan zuzenketa-neurriak hartu behar izango denik.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, geoEuskadiko informazioaren arabera, ingurunearen egungo egoeran higadura garbirik ez badago ere, eremuak higatzeko arrisku handia du, eta hori areagotu egingo da pista-tarte berria irekitzeko eta lehendik dagoen bidezidorra zabaltzeko landaredia kendu eta lur-mugimenduak egiten direnean. Bestalde, betelana eta haren sarbidea A-8 autobideko 600 metroko afekzio-bandaren barruan egongo dira, eta azken horretan arrisku handia dago, errepide bidezko salgai arriskutsuen garraioko istripuen ondorioz.
Beste arrisku batzuei dagokienez, eremua uholde-arriskuko eremuetatik kanpo dago, eta ez du ukitzen Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekurik; era berean, ez da identifikatzen sismikotasunaren, baso-suteen edo akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremuen presentziaren ondoriozko arrisku handirik.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektu mota eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak obrak gauzatzeko fasean sortuko dira, eta lurzorua okupatzearekin zein landare-estalkia kentzearekin lotuta daude.
Betelana eta sarbide berria egiteko, 8.660 m2 harizti moztu behar dira. Galera hori konpentsatzeko neurri gisa, proiektuan hariztiak landatzea aurreikusten da, 3:1-eko proportzioan (26.000 m2), hain zuzen, bai betelanaren inguruko ezpondetan (10.089 m2), bai sarbidearen zati berriak eragindako hegalean (4.764 m2), bai sustatzailearen jabetzako honako lurzati hauetan: Getariako 7. industrialdeko 7j lurzatian (2.736 m2), Getariako 7. industrialdeko 43a lurzatiaren zati batean (1.839,31 m2), Getariako 7. industrialdeko 7i lurzatiaren zati batean (4.414,82 m2) eta Getariako 7. industrialdeko 7n lurzatiaren zati batean (2.161,87 m2). Ingurumen-dokumentuan, leheneratzearen behin betiko kokalekua definitzen da; era berean, landaketen aurrekontua jasotzen da (Quercus robur eta Quercus suber zuhaitzen hornidura eta landaketa, bai eta Corylus avellana, Crataegus monogyna, Ruscus aculeatus eta Frangula alnus zuhaixkena ere), gainerako leheneratze-neurriekin batera. Ingurumen-dokumentuaren 3. eranskinaren arabera, Quercus suber espezieko 1.300 ale (leheneratuko diren zuhaitzen % 80) eta Quercus robur espezieko 325 ale (gainerako % 20a) landatuko direla aurreikusten da.
Ibarbidea prestatzeko fasean, baliteke drainatze-sarera solido esekiz kargatutako urak iristea, bai eta makineria-parketik istripuz isurketak iristea ere.
Era berean, obren fasean, paisaia eraldatu egingo da, baina betelana itxi eta mahastiak landatzean eraldaketa hori bertan behera geratuko da.
Nekazaritzako lurzoruen gaineko eragina betelana egiteko fasean sortuko da. Betelana egin ondoren, nekazaritza-erabilerari eutsiko zaio, lurzatia Arriarte baserriko mahastizaintza eta ardogintzako ustiategiaren parte izango baita. Gainera, gaur egungoak baino malda txikiagoak izango dituenez, baldintzak eta errendimenduak hobetu egingo dira.
Betelanaren egonkortasuna ziurtatzeko, ezpondek 3H/1B-ko malda izango dute, eta betelanean utziko diren materialak geruzaz geruza trinkotuko dira. Gainera, ibarbidearen beheko aldean lubeta-oin bat proiektatu da.
Eremura materialak garraiatzeak eta kokalekuan bertan makinak mugitzeak ere inpaktuak ekarriko dituzte. Airearen kalitatean eragingo dute, hautsa, zarata eta bibrazioak sortuko dituztelako.
Egoera akustikoari dagokionez, betelana emisio-foku berritzat hartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera. Aurkeztutako dokumentazioan aipatutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, jarduerak ezin izango du gainditu, egunez, 55 (+5) dB(A)-eko zaratarekiko esposizio-maila jardueratik hurbilen dauden bizitegi-erabilerako eraikinen fatxadetan. Egun-arratsalde aldian, jardueraren funtzionamendu-aldian, aipatutako azterlan akustikoan ondorioztatzen denez, ez da aurreikusten lurraldeko ezein eremutan zuzenketa-neurriak hartu behar izatea. Hala ere, betelana egiten den bitartean, in situ neurketen modelizazioaren bidez lortutako emaitzak begiratzea gomendatzen da. Neurketa-puntuen kokapena betelanaren progresioaren arabera doitu beharko da.
Azkenik, Arbiungo eremu arkeologikoa betelanera sartzeko pistatik gertu egoteari dagokionez, proiektuak ez du aurreikusten pista horren gaineko jarduketarik egitea, baina, nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legean eta Zarauzko HAPOaren Ondarearen Katalogoaren araudian xedatutakoa bete beharko da.
Ingurumen-dokumentuan, deskribatutako inpaktuak bateragarritzat edo neurritsutzat jotzen dira, harizti-azalerak galtzea izan ezik. Azken hori larritzat jotzen da, eta galera hori zuzentzeko eta konpentsatzeko neurri gisa, kokalekuan bertan eta inguruetan, eragindako harizti-azalera halako 3 den azalera batean, inguruneko landaredi potentziala landatu beharra ezartzen da. Batasunaren intereseko «4030 Ulex espeziea nagusi den txilardi atlantikoa» eta «6510 Artzaintzarik gabeko sega-belardi atlantikoak» habitaten afekzioari dagokionez, ingurumen-dokumentuan argudiatzen denez, betelanaren ustiapen-aldia amaitu ondoren erraz lehengoratu eta eboluzionatzeko modukoak dira, eta zuzenketa-neurri gisa ezartzen da habitatok zeharkatu dituen bidearen aztarna erabat itxi beharra.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Getariako (Gipuzkoa) Arriarte baserriaren ondoko betelan-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Hurrengo apartatuetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2024/11/19ko txostenaren arabera (espedientean dago), proiektuak zehaztapen hauek jasoko ditu:
– Proiektuaren eremuan dagoen harizti- eta artelatz-basoaren galera konpentsatzeko leheneratzea gauzatzeko, gutxienez 1.250 unitate/ha-ko landaketa egingo da (3.250 zuhaitz), Quercus suber (% 80) eta Quercus robur (% 20) erabiliz, baso baten dentsitatea lortzeko. Gainera, sustatzaileak proposatutako berme-aldian mantentze-lanak egin beharko dira (landaberritzea, ongarritzea...), landareak behin betiko errotu arte.
– Proiektuak plano espezifiko bat jasoko du. Bertan, lehengoratu beharreko azalera osoa grafikoki irudikatuko da: 10.089 m2 betelanaren inguruko ezpondetan, 4.764 m2 sarbide-zati berriak eragindako hegalean, 2.736 m2 Getariako udal-mugarteko 7. industrialdeko 7j lurzatian, 1.839,31 m2 Getariako 7. industrialdeko 43a lurzatian, 4.414,82 m2 Getariako 7. industrialdeko 7i lurzatian eta 2.161,87 m2 Getariako 7. industrialdeko 7n lurzatian.
– Lursailak materialen pilaketarako prestatzeko obren iraupena ahalik eta gehien murriztuko da, eta 11-12 hilabete baino gehiago ez irautea komeni da, natura-ondarearen gaineko higadura-prozesuak eta eragin nabarmenak saihesteko. Era berean, helburu berarekin, betelanaren ustiapen-aldia, kalkuluen arabera 10 urtekoa, ahal den guztia laburtuko da.
Getaria udalerriko 7. industrialdeko lurzatietako konpentsazio-neurriak betelana egokitzeko fasearen garai berean gauzatuko dira.
Betelanaren ustiapen-aldian, guneak ahalik eta denbora gutxien egongo dira landarerik gabe; hori horrela izan dadin, zonak bete ahala landareztatu behar dira. Betelanaren inguruko ezpondetan eta sarbide-zati berriak eragindako hegalean aurreikusitako konpentsazio-neurriak ahalik eta eperik laburrenean gauzatuko dira.
Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez egingo dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
Itxitura perimetralen zenbait puntutan tarte libreak utzi beharko dira, beheko aldean, lur-arrasetik 15-20 zentimetroko garaierakoak. Betelanak amaitzeko fasean, itxitura guztiak kentzea gomendatzen da.
Ahalik eta animalia txiki gutxien hil daitezen drainatzeko eta isurketak desbideratzeko hodietan itota edo atera ezinik, elementu horiek diseinatzean, arreta jarriko da animaliak atera ezinik geldi ez daitezen. Hori lortzeko, neurri hauek hartu beharko dira:
– Diseinuan irtetea ahalbidetzen duten elementuak barne hartzea, hala nola arrapala zimurtsu txiki bana 25 metroko tarte bakoitzeko, 30.º inguruko angeludunak edo ihes-zulodunak.
– Ubideen profilak trapezoideak eta uve formakoak izango dira, ez angeluzuzenak, azken horiek animalia txikiak ateratzea zailtzen duelako.
Betelanetako materialetan espezie aloktono inbaditzaileak detektatzeko (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Amaranthus spp., Echinochloa spp., Buddleja davidii, Baccharis halimifolia, banbuak, etab.) eta horiek sartu eta ugaldu ez daitezen lortzeko, jatorrian neurriak hartu beharko dira.
Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria.
Bakar-bakarrik onartuko dira hondeaketa-lanetatik ateratako lurrak eta arrokak, Europako hondakinen zerrendan EHZ 170504 kodea dutenak –Europako hondakinen zerrenda Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakiaren bidez ezarri zen, zeinak aldatu baitzuen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia–.
Proiektatutako betelanetik kanpo geratzen dira, berariaz, lehen aipatutako material naturalak, baldin eta:
a) Ikusten bada, hondeatzean, material naturalez bestelako material edo objektuekin nahasita daudela, hala nola hormigoi-hondarrak, material zeramikoak, metalak, plastikoak, zurak eta abar.
b) Materialak lurzoru hauetatik badatoz: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan definitutako lurzorua kutsa dezakeen jardueretakoren bat hartu duten zoruak; era berean, lurzorua kutsatuta egon daitekeen zantzuak badaude.
Proiektuaren eremua.
Jardueraren gehieneko afekzio-eremua bat etorriko da sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten diren mugekin.
Obrak, bai eta lurra okupatzea berekin dakarten eragiketa lagungarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Gainera, ez da belar-sastrakarik garbituko, ez landarerik kenduko, beteko den gunetik edo okupatuko diren bideetatik kanpo.
Adierazitako eremutik kanpo istripuz afekziorik egonez gero, hori zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokienak aplikatuko dira.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Arlo horretan eskumena duen organoak, Uraren Euskal Agentziak, ezarritakoaren arabera egin beharko dira obrak.
Aurrekoari kalterik egin gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:
– Obra-makinetarako eta beste instalazio lagungarri batzuetarako guneak drainatze naturaleko saretik isolatu beharko dira. Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baita oliorik edo erregairik isuriko lurrean.
– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Betelanean materialak metatzearekin lotutako jarduera guztietan, lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak beteko dira.
– Jabari publiko hidraulikora egiten den isurketa orok Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena izan beharko du.
Lurzoru emankorraren goiko geruza modu bereizian erretiratuko da, lurrak bota aurretik, lehengoratzean berrerabiltzeko eta nekazaritza-lurzatiaren emankortasunari eusteko. Horretarako, landare-lurra biltzeko eremu bat hautatu beharko da, proiektuak hartuko duen eremuaren barruan. Geruzak bereizita metatuko dira, gehienez ere 2 metroko altuera eta 3 metroko zabalera duten geruzetan. Komeni da pilaketa-eremuak seinaleztatzea.
Landare-lurra, pilatuta dagoen bitartean, obrako makinen edo lurra zapaltzearen eraginez ez trinkotzea lortu behar da. Orobat, landare-lurraren ezaugarriak mantendu edo hobetuko dira, ongarrituz eta gramineoak zein lekadunak ereinda edo lurra estalita. Pilatutako lurrak aldian behin aztertuko dira, espezie aloktono inbaditzailerik baden detektatzeko, eta, hala badagokio, zuzenketa-neurri egokiak proposatzeko.
Landare-lurra ahalik eta denbora gutxien edukiko da pilatuta. Ahal den neurrian, geruza horiek ahalik eta lasterren zabalduko dira berriro, haren ezaugarri fisikoen galera galarazteko eta hazien ernetze-gaitasuna eta jarduera biologiko naturala aprobetxatzeko. Edonola ere, materialak uzteko lanak amaitzen direnetik 6 hilabete igaro baino lehen zabaldu beharko da landare-lurra.
Proiektua gauzatzean eragindako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.
Airearen kutsadura murrizteko neurriak.
Ahalik eta hauts gutxien sortuko da betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean botatzean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:
– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.
– Garraiatu beharreko zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azaletik ureztatuko da.
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera onean egon beharko dute une oro, lokatzik gabe. Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
Ez da hondakinik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.
Zarata sorburuan murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata gutxitzean, obretan erabilitako tresnen soinu-emisioak kontrolatzean eta abarretan. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira beti.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batez pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu (I. eranskina, 2. zatia, F taula).
Jarduera dekretu horretan ezarritako parametroen arabera garatuko dela bermatzeko, aldiro neurketak egingo dira hurbilen dauden etxebizitzetan, bai egokitzapen fasean, bai betelanaren funtzionamendu fasean. Neurri hori betelanean materialak botatzeko erabiliko den sarbidearekiko mugan bizi direnen kasuan ere aplikatuko da. Hala badagokio, neurketen emaitzak ikusita, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak lortzeko beharrezko diren neurriak finkatuko dira.
Jarduera uztea.
Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta, beharrezkoa bada, aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.
Ingurumen-aholkularitza.
Obrak hasten direnetik betelanaren ustiapen-aldia amaitu arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan kualifikatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza jasoko da.
Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz Obra Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, bai obraren gauzatzean, bai ustiapen fasean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Xabier Illarramendi Egañak sustatutako Getariako (Gipuzkoa) Arriarte baserriaren ondoko betelan-proiektuari.
Laugarrena.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan eta egun bereko 21/2021 Legearen II.E eranskinaren 4. puntuan adierazitakoaren arabera, dagoeneko baimenduta, onartuta, gauzatuta edo gauzatze-prozesuan dagoen proiektu baten edozein aldaketa, baldin eta ingurumenean eragin nabarmenak izan baditzake, aipatu araudian jasotzen den bezala, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende egongo da.
Bosgarrena.– Getariako Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Zazpigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS