
13. zk., 2025eko urtarrilaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (344 KB - 36 orri.)
- EPUB (2242 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
328
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 5ekoa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu eta berrikusi egiten baita Ramondin Cápsulas SA sozietateari Guardiako udal-mugartean (Araba) botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCzko kapsulak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua.
EGITATEAK
1.– Ingurumen Sailburuordetzaren 2008ko martxoaren 25eko hasierako ebazpen bidez, ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Ramondin Cápsulas SA sozietateari, Guardiako udal-mugartean (Araba) duen botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCzko kapsulak fabrikatzeko instalaziorako, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.
2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko abenduaren 13ko ebazpen bidez aldatu eta eraginkor egin zen Ramondin Cápsulas SA sozietateari Guardiako udal-mugartean (Araba) botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCzko kapsulak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua.
3.– 2020ko abenduaren 9an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Batzordearen 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakia argitaratu zen, 2020ko ekainaren 22koa, industria-emisioei buruz eskuragarri dauden teknika onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz, gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzeko, zura eta zuretik eratorritako produktuak produktu kimikoen bidez kontserbatzea barne hartuta.
4.– 2023ko otsailaren 23an, Ramondin Cápsulas SA enpresak ingurumen-baimen bateratuaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen Offset teknologia bidezko dekoragailu berri bat instalatzeko (bernizagailua + 5 kolorera arteko inprimagailua). Dekoragailu hori gaur egungo dekoragailuaren (MCDL) osagarria da, eta tapa haridunaren ataleko dekorazio-prozesuan erabiltzen dira, prozesuaren gaitasuna handitzeko (AAI00225_MNS_2023_002).
5.– 2023ko azaroaren 10ean, teknika erabilgarri onenak berrikusteko prozeduraren esparruan, ingurumen-organo honek aurretiko txostena eskatu zien Guardiako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, eta Araba Garapen Agentziari (AAI00225_REV_2023_001).
6.– 2024ko otsailaren 12an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hau igortzeko eskatu zion Ramondin Cápsulas SAri: instalazioaren funtzionamenduaren eta 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa.
7.– 2024ko otsailaren 27an, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Ramondin Cápsulas SAk.
8.– 2024ko martxoaren 27an, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko eskatu zion Ingurumen Organoak Ramondin Cápsulas SAri.
9.– 2024ko apirilaren 10ean, eskakizunaren erantzuna aurkeztu zuen Ramondin Cápsulas SAk.
10.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa dela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko apirilaren 17ko iragarkiaren bidez, 30 egun baliodunez jendaurreko informazio-aldian jarriko da erabilgarri dauden teknikarik onenen dokumentazio konparatiboa, baimenaren berrikuspena izapidetzeko. Horretarako, 2024ko apirilaren 26an, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, eta dokumentazioa, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan.
11.– 2024ko apirilaren 26an, ingurumen-organo honek txostena eskatu zien Guardiako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza eta Araba Garapen Agentziari.
12.– 2024ko maiatzaren 13an, Araba Garapen Agentziaren txostena jaso zen.
13.– 2024ko maiatzaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso zen.
14.– 2024ko ekainaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostena jaso zen.
15.– 2024ko uztailaren 1ean, Ramondin Cápsulas SAk ingurumen-baimen bateratuaren funtsezko aldaketa eskatu zuen, bere ekoizpen-prozesuak berrantolatzeko eta, horrela, bere ekoizpen-ahalmena nabarmen handitzeko. Dokumentazio horretan bertan eskaera bat gaineratu zuen, atmosferara egiten diren emisioen fokuak eta hondakinak sortzekoak eguneratzeko (AAI00225_MS_2024_001).
16.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa dela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko uztailaren 3ko iragarkiaren bidez, 30 egun baliodunez jendaurreko informazio-aldian jarri zen Ramondin Cápsulas SAk aurkeztutako ingurumen-baimen bateratuaren funtsezko aldaketaren proiektua. Horretarako, 2024ko uztailaren 19an, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, eta dokumentazioa, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan.
17.– Ingurumen-baimen bateratua berrikusteari buruzko informazio publikoaren izapidea amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.
18.– 2024ko urriaren 15ean, ingurumen-organo honek txostena eskatu zion Arabako Errioxako Urkidetzari.
19.– 2024ko azaroaren 11n, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak erreferentziako espedientea eta ebazpen-proposamena Ramondin Cápsulas SAren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako; espedientean jasotzen da emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean 815/2013 Errege Dekretua argitaratu zen, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
2.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
3.– Testu bategin horren 26. artikuluan ezarrita dago zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenen (TEO) inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziazko TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.
4.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.
5.– 2020ko urtarrilaren 27an 4/2020 Dekretua argitaratu zen, urtarrilaren 21ekoa, irailaren 25eko 183/2012 Dekretua indargabetzen duena (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), eta, ondorioz, ingurumen-baimen bateratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.
6.– 2021eko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea.
7.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduerak jabari publiko hidraulikora, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora edo kolektorera isuriak egiteko baimena behar badu, nahitaezko txosten loteslea eskatuko zaio organismo eskudunari, isurketaren ezaugarriak eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak zehaztu ditzan.
8.– 2022ko apirilaren 9an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea.
9.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
10.– Teknika erabilgarri onenak berrikusteari dagokionez, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluak ezartzen du zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.
11.– Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, dokumentu honen edukia hartu da kontuan: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document on Surface Treatment Using Organic Solvents including Preservation of Wood and Wood Products with Chemicals», 2020koa, Europako Batzordearena.
12.– Aintzat hartuta organo honi dagokiola ingurumen-baimen bateratu hau emateko eskumena, arau hauek hartu dira kontuan: 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
13.– Honako araudi hau ikusi da: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Instalazioaren funtsezko aldaketatzat hartzea Ramondin Cápsulas SAk 2024ko uztailaren 1ean jakinarazitako aldaketa-proiektua, botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCzko kapsulak fabrikatzeko jarduerarako.
Bigarrena.– Ramondin Cápsulas SAri Guardian botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCzko kapsulak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, Batzordearen 2020ko ekainaren 22ko 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako baldintzetan. Horrela, baimenean jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ebazpen honen eranskinetan jasotakoak izango dira.
Hirugarrena.– Aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako baldintzetan, behin eta berriz aipatu den ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek:
– Lehenengoa.
– Bigarrena.
Laugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Ramondin Cápsulas SAri.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Guardiako Udalari jakinaraztea, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, bereziki, beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batzuk lortu ahal izan ditzaten.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Errekurtsoak:
Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 5a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS