
13. zk., 2025eko urtarrilaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (455 KB - 54 orri.)
- EPUB (3154 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
327
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 4koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu egiten baita Mercedes-Benz España SAUri Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba) ibilgailuak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen integratua.
EGITATEAK
1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 23ko hasierako ebazpen baten bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Mercedes-Benz España SAUri Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba) ibilgailuak fabrikatzeko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.
2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko azaroaren 15eko Ebazpenaren bidez aldatu eta indarrean jarri zen Mercedes-Benz España SAUri Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba) ibilgailuak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen integratua.
3.– 2020ko abenduaren 9an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Batzordearen 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakia argitaratu zen, 2020ko ekainaren 22koa. Betearazpen-erabaki horrek gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen ditu, zura eta zuretik eratorritako produktuak produktu kimikoen bidez kontserbatzea barne hartuta, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Industria-emisioei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.
4.– 2024ko urtarrilaren 24an, teknika erabilgarri onenak berrikusteko prozeduraren esparruan, ingurumen-organo honek aurretiko txostena eskatu zien Vitoria-Gasteizko Udalari, Osasun Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari (AAI00032_REV_2024_001).
5.– 2024ko urtarrilaren 30ean, Vitoria-Gasteizko Udalak, txosten batean, adierazi zuen beharrezkoa zela berrikustea isurien eta kutsadura akustikoaren inpaktuari eta horiek zuzentzeko neurriei buruzko dokumentazioa.
6.– 2024ko otsailaren 8an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, txosten batean, adierazi zuen beharrezkoa zela berrikustea autobabeserako plana, bai eta plan hori Autobabeserako Planen Erregistroan zuzen inskribatuta egotearen egiaztagiria, arrisku-analisiari buruzko dokumentazioa eta TEOak arriskuotan aplikatzearen ondorioei buruzko dokumentazioa ere –izan ere, TEOak aplikatzeak ezin ditu egungo arriskuak areagotu–.
7.– 2024ko otsailaren 12an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hau igortzeko eskatu zion Mercedes-Benz España SAUri: instalazioaren funtzionamenduaren eta 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa.
8.– 2024ko otsailaren 26an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Mercedes-Benz España SAUk.
9.– Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko apirilaren 17ko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea baimena berrikusteko izapidetze-prozesurako teknika erabilgarri onenen dokumentazio konparatiboa. Horretarako, 2024ko apirilaren 26an, iragarkia argitara eman zen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta dokumentazioa, berriz, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan.
10.– 2024ko apirilaren 26an, ingurumen-organo honek txostena egiteko eskatu zien Vitoria-Gasteizko Udalari, Osasun Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.
11.– 2024ko maiatzaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso zen.
12.– 2024ko maiatzaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostena jaso zen.
13.– 2024ko ekainaren 24an, Vitoria-Gasteizko Udalaren txostena jaso zen.
14.– 2024ko urriaren 31n, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak erreferentziako espedientea eta ebazpen-proposamena Mercedes-Benz España SAUren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako; espedientean jasotzen da emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
2.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua argitaratu zen, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
3.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.
4.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Agindu horretan ezartzen da noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea eratzeko Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei, baldin eta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak badaude.
5.– 2020ko urtarrilaren 27an, 4/2020 Dekretua argitaratu zen, urtarrilaren 21ekoa, irailaren 25eko 183/2012 Dekretua indargabetzen duena (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), eta, ondorioz, ingurumen-baimen integratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.
6.– 2021eko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea.
7.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta, jarduera egiteko, beharrezkoa bada baimena izatea jabari publiko hidraulikora, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora edo kolektorera isuriak egiteko, nahitaezko txosten loteslea eskatuko zaio organismo eskudunari, isurketaren ezaugarriak eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak zehaztu ditzan.
8.– 2022ko apirilaren 9an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea.
9.– 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 1. artikuluan xedatzen duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
10.– Teknika erabilgarri onenak berrikusteari dagokionez, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 26. artikuluan ezartzen du zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.
11.– Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta isurien muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, dokumentu honen edukia hartu da kontuan: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document on Surface Treatment Using Organic Solvents including Preservation of Wood and Wood Products with Chemicals», 2020koa, Europako Batzordearena.
12.– Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratua emateko, bat etorriz otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoarekin (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du).
13.– Honako hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berrikustea Mercedes-Benz España SAUri Vitoria-Gasteizen ibilgailuak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen integratua, Batzordearen 2020ko ekainaren 22ko 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian jasotakolarr baldintzetan. Horrela, baimenean jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ebazpen honen eranskinetan jasotakoak izango dira.
Bigarrena.– Aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako baldintzetan, hizpide dugun ingurumen-baimen integratuaren apartatu hauek:
– Lehenengoa.
– Bigarrena.
Hirugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Mercedes-Benz España SAUri.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea, ingurumen-baimen integratua berrikusteko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, bereziki, beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batzuk lortu ahal izan ditzaten.
Errekurtsoak:
Egintza honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS