
13. zk., 2025eko urtarrilaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (499 KB - 37 orri.)
- EPUB (2266 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
326
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 4koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi egiten baita Amcor Flexibles España SLUri Lezoko (Gipuzkoa) udal-mugartean enbalaje malgua sakongrabatuan inprimatzeko emandako ingurumen-baimen integratua.
EGITATEAK
1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko martxoaren 25eko hasierako Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Lezoko Amcor Flexibles España SLUk sustatutako enbalaje malgua sakongrabatuan inprimatzeko instalazioari, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.
2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2013ko martxoaren 14ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Amcor Flexibles España SLUri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, enbalaje malgua sakongrabatuan inprimatzeko jarduerarako, Lezoko (Gipuzkoa) udal-mugartean.
3.– 2020ko abenduaren 9an, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean Batzordearen 2020/2009 Betearazpen Erabakia (EB) argitaratu zen, 2020ko ekainaren 22koa, industria-emisioei buruz eskuragarri dauden teknika onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz, gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzeko, zura eta zuretik eratorritako produktuak produktu kimikoen bidez kontserbatzea barne hartuta.
4.– 2023ko azaroaren 10ean, teknika erabilgarri onenak berrikusteko prozeduraren esparruan, ingurumen-organo honek aldez aurreko txostena eskatu zien Lezoko Udalari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailari (AAI00137_REV_2023_001).
5.– 2024ko otsailaren 12an, Ingurumen Organoak Amcor Flexibles España SLUri eskatu zion instalazioaren funtzionamenduaren eta 2020/2009 Betearazpen Erabakian (EB) deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko konparazioa bidaltzeko, baimena berrikusi ahal izateko.
6.– 2024ko martxoaren 15ean, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Amcor Flexibles España SLUk.
7.– 2024ko apirilaren 5ean, Ingurumen Organoak Amcor Flexibles España SLUri eskatu zion aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko.
8.– 2024ko apirilaren 22an, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Amcor Flexibles España SLUk.
9.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa dela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko ekainaren 20ko Iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, jendaurrean jarri da baimenaren berrikuspena izapidetzeko erabilgarri dauden teknikarik onenen dokumentazio konparatiboa. Horretarako, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da 2024ko uztailaren 4an, eta dokumentazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu da 2024ko uztailaren 4an.
10.– Ingurumen-baimen integratua berrikusteari buruzko informazio publikoaren izapidea amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.
11.– 2024ko urriaren 16an, ingurumen-organo honek txostena eskatu zien honako hauei: Lezoko Udalari, Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak SAri, eta Osasun Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.
12.– 2024ko urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso zen.
13.– 2024ko azaroaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostena jaso zen.
14.– 2024ko azaroaren 14an, Lezoko Udalaren txostena jaso zen.
15.– 2024ko azaroaren 18an, Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak SAren txostena jaso zen.
16.– 2024ko azaroaren 15ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak erreferentziako espedientea eta ebazpen-proposamena Amcor Flexibles España SLUren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako; espedientean jasota dago emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
2.– 2016ko abenduaren 31n, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.
3.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.
4.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.
5.– 2020ko urtarrilaren 27an urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretua argitaratu zen eta, horrek indargabetu egin zuenez irailaren 25eko 183/2012 Dekretua (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), ingurumen-baimen integratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.
6.– 2021eko abenduaren 31n, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 10/2021 Legea argitaratu zen, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.
7.– 2022ko apirilaren 9an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea.
8.– 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
9.– Teknika erabilgarri onenak berrikusteari dagokionez, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarrita dago zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenen (TEO) inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.
10.– Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta isurien muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, Europako Batzordearen 2020ko «Best Available Techniques (BAT) Reference Document on Surface Treatment Using Organic Solvents including Preservation of Wood and Wood Products with Chemicals» dokumentuan jasotako edukia hartu da kontuan.
11.– Aintzat hartuta organo honi dagokiola ingurumen-baimen bateratu hau emateko eskumena, arau hauek hartu dira kontuan: 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
12.– Honako hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berrikustea Amcor Flexibles España SLUri Lezon enbalaje malgua sakongrabatuan inprimatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, Batzordearen 2020ko ekainaren 22ko 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako baldintzetan. Horrela, baimenean jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak izango dira.
Bigarrena.– Ebazpen honen eranskinean zehaztutako baldintzetan, etengabe aipatutako ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek aldatzea:
– Lehenengoa.
– Bigarrena.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Amcor Flexibles España SLUri jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Lezoko Udalari, ingurumen-baimen integratuaren berrikuspen-prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei jakinaraztea, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondoreak izan ditzan, hau da, beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batzuk lortu ahal izatea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Errekurtsoak:
Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS