Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2025eko urtarrilaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
325

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 25ekoa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta ingurumen-baimen integratua ematen diona Graphenea SA enpresak Oinartxo industrialdeko 115, 116, 117 eta 142 lurzatietan (20720 Azkoitia, Gipuzkoa) sustatutako grafeno oxidoa ekoizteko instalazioari.

AURREKARIAK

2023ko martxoaren 7an, Graphenea SAk ingurumen-baimen bateratua eskatu zuen Azkoitiko (20720, Gipuzkoa) Oinartxo industrialdeko 115, 116, 117 eta 142 lurzatietan grafeno oxidoa ekoizteko proiekturako, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zen:

– Administrazio-datuak.

– Planoak.

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

– Laburpen ez-teknikoa.

– Txostena, jardueraren hirigintza bateragarria dela egiaztatzen duena, Azkoitiko Udalak 2022ko urriaren 21ean emana.

– Isilpeko datuak.

Sustatzaileak 2024ko martxoaren 15ean osatu zituen izapideak egiteko behar zen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.5 artikuluarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko martxoaren 5eko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egunez, Graphenea SAk sustatutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, egoki jotzen ziren alegazioak aurkezteko. Iragarkia 2024ko martxoaren 19an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu zen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2024ko apirilaren 10ean, txostenak eskatu zizkien Azkoitiko Udalari, URA Uraren Euskal Agentziari, EJko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, EJko Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Ekologistak Martxan elkarteari, Recreativa Eguzkizaleak elkarteari eta Gipuzkoako Urak elkarteari.

2024ko ekainaren 14an eta 17an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Gipuzkoako Urak entitatearen txostenak jaso ziren, hurrenez hurren.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2024ko uztailaren 30ean, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak sustatzaileari igorri zizkion aldez aurreko izapideetan jasotako txostenak, hala bazegokion, proiektuaren bertsio berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan izateko.

2024ko abuztuaren 6an, sustatzaileak idazki bat bidali zuen. Zioenez, ez da beharrezkoa aurkeztutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea, baina jasotako txostenetan adierazitako zenbait ohar kontuan hartu dira.

2024ko azaroaren 7an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Graphenea SAren esku utzi zen espedientea, eta espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.

Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean aurreikusitako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea da, edo, besterik ezin bada, hura murriztea eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako sistema bat ezarriz, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Graphenea SAk Azkoitian sustatutako grafeno oxidoa ekoizteko proiektua I. eranskineko 4.1 zenbakian sartzen da, «Produktu kimiko organikoak fabrikatzeko instalazio kimikoak» izenekoan, bai eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.A eranskineko 4.1 zenbakian ere. Beraz, jarduera hori egin ahal izateko ingurumen-baimen bateratua lortu behar du.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa aplikatuz, Graphenea SAk Azkoitian sustatutako grafeno oxidoa ekoizteko proiektua Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I. eranskineko 5a taldean eta II.D eranskineko 5a taldean jasota dago, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko, eta administrazioaren esku-hartze bakar batean batzea indarrean dagoen legerian jasotako ingurumen-baimen guztiak.

Graphenea SAren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakinak kudeatzeko baimena, isurketak udalerriko saneamendu-sarera isurtzekoa, eta, ingurumen-arloko beste zehaztapen batzuen artean, lurzoruaren eta lurrazpiko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkion baimenak. Gainera, espedientean beste administrazio eta organismo eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak eginez.

Aipatutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada, edota zuzenketa-neurriak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte honako jarduketa hauek ingurumen-baimen bateratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluko 4. apartatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratuaren mendeko jarduera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende badago, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharreko babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.

Aipatutako abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie ingurumen-ebaluazioaren eremuan jasota dauden proiektuei, kasu honetan, II.D eranskineko 5a taldea:

5. taldean. Industria kimikoa, petrokimikoa, ehungintza eta papergintza.

a) Eraldaketa kimiko edo biologikoaren bidez, honako produktu edo produktu multzo hauek eskala industrialean ekoizteko instalazioak:

1.– Produktu kimiko organikoak.

– Hidrokarburo soilak (linealak edo ziklikoak, saturatuak eta ez-saturatuak, alifatikoak edo aromatikoak).

Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bateratuaren erregimenaren eraginpean dagoenean, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bateratu egingo dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen bateratuaren parte izango da, eta ekintza administratibo berean egingo dira bi adierazpen horiek.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion zuzenketa-neurriekin.

Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Instalazioan garatutako produktu edo prozesuetako bakar bat ere ez dago deskribatuta kimiko organikoen ekoizpenari aplika dakizkiokeen BREF erreferentziako dokumentuetan; beraz, 2016ko maiatzaren 30eko Batzordearen 2016/902 (EB) Betearazpen Erabakiaren edukia soilik hartu da kontuan. Erabaki horren bidez, sektore kimikoko hondakin-ur eta -gasen tratamendurako eta kudeaketarako sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso den informazioa aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Graphenea SAk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Goian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasunaren Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen inguruko balorazioa egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Sailburuordetza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: Sailburuordetza honen 2024ko azaroaren 7ko Ebazpena; 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Graphenea SA enpresak Azkoitiko (20720, Gipuzkoa) Oinartxo industrialdeko 115, 116, 117 eta 142 lurzatietan sustatutako grafeno oxidoa ekoizteko proiekturako, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.

Bigarrena.– Graphenea SAri (egoitza soziala: Miramongo Parke Teknologikoa, Mikeletegi pasealekua 83, 20009 Donostia, Gipuzkoa; IFK: A75022608) ingurumen-baimen bateratua ematea Azkoitiko (20720, Gipuzkoa) Oinartxo industrialdeko 115, 116, 117 eta 142 lurzatietan grafeno oxidoa ekoizteko dagoen instalaziorako, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.

Hirugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ezartzea Graphenea SAk Azkoitiko udal-mugartean (Gipuzkoa) sustatu duen grafeno oxidoa ekoizteko instalazioa egokitzeko obretarako, ustiapenerako eta jardunari uzteko.

Laugarrena.– AAI00442 erregistro-kodea eta 2000977605 NIMA erregistro-kodea esleitzea Kivoro instalazioari, zeina Graphenea SAk ustiatzen baitu Azkoitiko (20720, Gipuzkoa) Oinartxo industrialdean, 115, 116, 117 eta 142 lurzatietan. Kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 554863.025, Y: 4780288.740.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen bateratua jaso duen jarduera hasteko epea lau urtekoa da.

Instalazioaren titularrak jarduera gauzatu ahal izango du, legez eska daitezkeen gainerako baimenak lortzea edo legez eska daitezkeen erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpen sektorialak bidaltzea ezertan eragotzi gabe.

Zazpigarrena.– Graphenea SAri eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:

– Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eginda dagozkion erregistro sektorialetan, eta jarduera hasi aurretik:

– Organo honi eta Udalari teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkeztea, baimenaren helburu den jarduketa motaren arabera, egiaztatuko duena instalazioak onartutako proiektura egokitzen direla eta bete direla ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak.

As built proiektua; bertan, uren isurketa-puntuaren behin betiko koordenatuak ere sartu beharko dira.

– Ingurumen-arriskuen analisia (ARA) eta, hala badagokio, ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiko finantza-bermea eratu izanaren egiaztagiria.

– Lurzoruen txosten bakarra:

– Lurzoruaren egoerari buruzko txostena, as built proiektuan oinarrituta.

– Oinarrizko txostena.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena.

– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere txostenean eskatutako eskakizunak aurkeztu izanaren justifikazioa.

– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

– Espero diren immisioen modelizazioa (indize akustiko hauen ebaluazioa: Lk,d, Lk,e eta Lk,n), zarata-fokuen emisio-datu errealetatik abiatuta, eta lantegiaren ebaluazio akustikoaren txostena, ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak betetzen direla egiaztatzen duena.

Dokumentazio hori aurkeztutakoan, jarduketa martxan jarri ahal izango da. Nolanahi ere, administrazio publikoek beren eskumenen arloetan egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-gaitasunak baliatu ahal izango dituzte.

– Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:

– Tratamendu-kontratuak, sortzen diren hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandakoak.

– Inprimatzeko zintak eta kartutxoak EHZ 08 03 18 kodeko hondakinaren arriskugarritasun-ezaugarririk ez dagoela egiaztatzea (SDFekin alderdi hori justifika badaiteke, nahikoa izango da dagozkion SDFak aurkeztea).

– Graphenea SAk urteko tona bat ekoizteko muga gainditzen duen unean, Europar Batasuneko edozein fabrikatzaile edo produktu kimikoren inportatzaileei dagozkien betebeharrak bete beharko ditu, hala badagokio, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006/EE Erregelamendua, substantzia eta prestakin kimikoen erregistroari, ebaluazioari, baimenari eta murrizketari buruzkoan (REACH) xedatutakoa bete beharko du. Erregelamendu horren bitartez Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentzia sortu zen, 1999/45/EE Zuzentaraua aldatu zen, eta hauek indargabetu: Kontseiluaren 793/93/EEE Erregelamendua; Batzordearen 1488/94/EEE Erregelamendua; Kontseiluaren 76/769/EEE Zuzentaraua; Batzordearen 91/155/EEE, 93/67/EEE, 93/105/EE eta 2000/21/EE zuzentarauak.

Eskatutako dokumentazio hori guztia Nire Karpetatik aurkeztuko da, AAI00442_SOL_2023_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko beste espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aurretik aipatutako hasierako eskaera-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.

Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduketa egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.

Zortzigarrena.– Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan adierazi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta hurrengo eranskinetan ezarritakoari jarraituz. Gainera, babes- eta zuzenketa-neurri horiek eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Bederatzigarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondoreetarako (funtsezko aldaketak), artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.

Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko agirien kasuan, ingurumen-organoak eskatutako aldaketa aztertu eta kalifikatuko du, funtsezkoa dela edo ez ebazteko.

Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzerako eskatutako informazioarekin batera, webgunean eskuragarri dagoen formulario hau sartu behar da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194158899905/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.docx

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru gehigarria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, okupatu nahi den lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.– Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz organo honi eman zaizkion datuetan aldaketarik balego, Graphenea SAk aldaketa horien berri emango du.

Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.

Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako isurpenen edo emisioen muga-balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Arroko organismoak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen bateratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko organismoak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen bateratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko aldaketa-prozesua.

d) Prozesuaren edo jarduketaren funtzionamenduaren segurtasunagatik beste teknika batzuk erabili behar direnean.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.

g) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.

h) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

i) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aski ez direla egiaztatzen bada.

j) Aldaketa beharrezkoa denean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.

Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Graphenea SAk ebazpen honen xede den grafeno oxidoa ekoizteko jardueran gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio ingurumen-organo honi, azken horrek onar dezan.

Hamahirugarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zazpigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Bost urteko epean ez bada abiarazten ebazpen honen seigarren apartatuan arabera baimentzen den jarduera, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Graphenea SAren nortasun juridikoa azkentzea indarreko araudiak aurreikusitako kasuetan.

Hamalaugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamabosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Graphenea SAri, Azkoitiko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.

Hamaseigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.

Errekurtsoak:

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 25a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

JOSU BILBAO BEGOÑA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala