
13. zk., 2025eko urtarrilaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (168 KB - 9 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
321
47/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez lehiaketarako deialdia egiten baita Osasun Mentala Koordinatzeko Osasun Zerbitzuburu lanpostua betetzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako Prozesu Asistentzialen Zerbitzuan.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako Prozesu Asistentzialen Zerbitzuko Osasun Mentala Koordinatzeko Zerbitzuburu lanpostua hutsik dago Gasteizen. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren Hirugarren Arau Komunean, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du aipatutako lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea.
Lanpostuaren eginkizuna honako hau izango da: Osasun Mentaleko arreta koordinatzea Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzatik, bai helduentzako psikiatriaren eremuan, bai haur eta gazteen eremuan, lankidetzan arituz Erakunde Sanitario Integratuetako zuzendaritzekin, Osasun Mentaleko sareekin, Lehen Mailako Arretarekin eta ospitale-zerbitzuekin.
Hautaketa-prozesua lehiaketa bidez ebatziko da, honako hauen arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan, eskaerak aurkezteko epeko azken egunean baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen dutenek hartu ahal izango dute parte:
a) Estatutupeko, funtzionario edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan edo estatutupeko langile finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan, eta zerbitzu aktiboan egotea edo A1 lanbide-taldeko kategoria bateko lanpostua erreserbatzea dakarren beste administrazio-egoera batean egotea.
b) Deialdiko lanpostuari dagozkion titulua eta Psikiatriako FEM espezialitatea izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan aipatutako A1 lanbide-taldeko edozein kategoriatan, edo ekainaren 4ko 853/1993 Errege Dekretuan ezarritako titulu, ziurtagiri edo diplomaren bat izatea.
c) Gutxienez lau urteko lan-esperientzia izatea dagokion espezialitateko lanpostu batean.
d) 2. hizkuntza-eskakizuna izatea, derrigortasun-datarik gabe.
e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko gainerako baldintzak betetzea.
2.– Deialdia argitaratzea.
Ebazpen hau osorik argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Buletin Ofizialean (BOE), eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web-orrian.
3.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (helbidea: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpenaren deialdi hau dagozkion aldizkari ofizialetan azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskaerak.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dute eskaera, beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin (CV) batera.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.
– Ebazpenaren deialdia EHAAn argitaratu arte emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.
– Bete nahi den zerbitzu kudeatzeari buruzko memoria-proiektua.
– Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.
Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurretik azaldu den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Osakidetzaren web-orrian ebazpen baten bidez eta, baztertuen kasuan, arrazoia adieraziko du.
Baztertutako izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Baztertu izanaren arrazoia zuzendu daitekeen akatsa bada, interesdunei eskatuko zaie, aipatutako behin-behineko zerrenda horren argitalpenaren bidez, ikusitako akatsak zuzen edo nahitaezko dokumentuak bidal ditzaten 10 egun balioduneko epean, eta, jakinaraziko zaie horrela egin ezean prozesutik kanpo geldituko direla behin betiko.
5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera.
Erreklamazioak egiteko eta/edo eskabideetako akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak prozesuan onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera argitaratuko du ebazpen baten bidez, aurreko paragrafoan adierazitako toki beretan. Aipatutako ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea egongo da, web-orrian argitaratzen den egunetik aurrera. Era berean, prozesuko izangaiei ebazpen honen berri emango zaie.
Orokorrean, Balorazio Batzordeko batzordeburua Asistentzia Sanitarioko zuzendaria izango da, eta kide hauek izango ditu: Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zuzendariordea edo Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Atal Korporatiboko burua eta Langileen zuzendaria (azken hura idazkari gisa jardungo du eta hitza eta botoa edukiko du). Nolanahi ere, ezingo balitz hala izan, erakundeko beste kargu batzuek osatuko dute Batzordea. Horiek denak derrigor izan beharko dira estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo langile lan-kontratudun finkoak, deialdian eskainitako lanpostuaren titulazio-maila berekoak.
Esandakoak ez ezik, beste hiru batzordekide izango ditu batzordeak (bat IVAPek izendatua), hirurek ere izangaiei eskatutako titulua eta espezialitate bera izango dute, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo langile-lan kontratudun finkoak izango dira, eta, horrez gain, deialdian eskainitako lanpostu funtzionalaren hierarkia-maila berekoak edo goragokoak.
Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, haren lekua har dezan aurrekoak huts eginez gero. Ordezkoak kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa izanez gero, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da epaimahaiko kide.
Balorazio Batzordeko kide guztiak modu indibidualean izango dira batzorde horretako kide. Funtzionamenduan, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babesean jardungo dute, betiere zuzenbidearekiko mendekotasunari kalterik egin gabe.
Balorazio Batzordearen osaerak emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritakoaren arabera.
Batzordea osatzen duten pertsonek ez dute jardungo baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada, eta hala jakinarazi beharko diote deialdia egin duen agintaritzari. Halako kasuetan, prozesuan parte hartzen duten pertsonek errekusatzea sustatu ahalko dute edozein unetan, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, Balorazio Batzordeak aipatutako 40/2015 Legearen 15etik 24ra bitarteko artikuluetan zehaztutako arauetara egokituko du bere jarduna.
Balorazio Batzordeko kide guztiek hitza eta botoa izango dute. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta akta batean jasoko dira.
Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta objektibotasuna bermatzeaz arduratuko da. Halaber, deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta horietan aurreikusi ez diren kasuetan zein irizpide erabili behar den erabakiko du. Gainera, izangaiak ebaluatu aurretik, aktan jaso beharko dira ebaluazioko irizpide espezifikoak, oinarriei eta oinarriotan jasotako merezimendu-baremoari jarraituta.
6.– Hautaketa-prozedura.
Izangaien merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:
a) Kudeaketari buruzko memoria-proiektua eta defentsa.
Balorazio Batzordeak modu frogagarrian egingo die deialdia izangaiei, prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egin dezaten. Deialdi hori 72 ordu lehenago egin beharko da gutxienez, eta izangaien agerraldiaren eguna, tokia eta ordua adierazi beharko dira. Gainera, deialdi horren iragarki bat argitaratu beharko da Osakidetzaren web-orrian.
Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuak publikoki azaldu aurretik, Balorazio Batzordeko kideek haiei eragin diezaieketen abstentzio- edo errekusazio-arrazoiak aztertuko dituzte, eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko dizkiote.
Ondoren, izangai bakoitzari dei egingo zaio proiektuaren azalpena eta defentsa egin dezan. Gero, elkarrizketa bat egingo da, eta, horren bidez, Balorazio Batzordeko kideek galderak egingo dituzte proiektuan jasotako alderdiei buruz, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Bai proiektuaren azalpena eta defentsa bai elkarrizketa ere publikoak izango dira.
Izangaien proiektuen aurkezpen publikoa amaitutakoan, Balorazio Batzordeak puntuak emango dizkio izangai bakoitzari, deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera.
b) Merezimenduen balorazioa.
Balorazio Batzordeak izangai bakoitzaren merezimenduen balorazioa eta puntuazioa egingo du, deialdiaren oinarrietan xedatutakoaren arabera. Atxikiriko eranskinean jasotzen da buruzagitzako lanpostuak betetzeko prozesu hauetan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa.
c) Akta eta izendapen-proposamena.
Epaimahaiaren aktan, zehazki jaso beharko da epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioa, baita epaimahaiak hautagaiei emandako puntuazio osoa ere, eta hori ez ezik, epaimahaiak puntuazioak emateko –bai hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa– oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat ere jaso beharko da aktan, beste ataletako puntuazio xehatuaz gain.
d) Izendapena.
Izendatua izateko, prozesu osoko puntuazio maximoaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta haren defentsa baloratzeko atalerako finkatutako puntuazio maximoaren erdia, nahitaez.
Era berean, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldeko Balorazio Batzordearen proposamena jasoko da aktan.
7.– Prozedura ebaztea.
Izangaiek aurkeztutako proiektuak eta curriculumeko merezimenduak ebaluatzeko fasea amaituta, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamena egingo dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde, eta, proposamenean, modu xehatuan adierazi beharko ditu baremoaren epigrafe bakoitzean izangaiek lortutako puntuazioa. Ez badago deialdian zehaztutako eskakizunak betetzen dituen izangairik edo izangaiek ez badute lortu eskatutako gutxieneko puntuazioa, deialdia hutsik uztea proposatuko du Balorazio Batzordeak. Proposamen hori Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak, egindako proposamena ikusi ondoren, ebazpena emango du proposatutako izangaia deitutako lanpostua betetzeko izendatzeko, edo hutsik utziko du. Azkeneko kasu horretan, arrazoia adierazi beharko du. Arrazoia hauetako bat izan beharko da:
a) Ez da izangairik aurkeztu.
b) Ez dago deialdiko oinarrietako eskakizunak betetzen dituen izangairik.
c) Ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik.
Aurreko a) zerbitzuren kasuan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak deialdia hutsik utz dezake, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda onartu ondoren, izapide gehiagorik egin gabe.
Izendapenaren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da. Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza Ente Publikoko Administrazio Kontseiluari.
8.– Esleipenaren ondorioak.
Atalburu-lanpostua aldi baterako izendatuko da, lau urterako, eta epe hori luzatu ahal izango da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko EHAA, 138. zk.).
9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza Ente Publikoko Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea egongo da, Ebazpena dagozkion aldizkari ofizialetan azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 13a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
SUSANA LÓPEZ ALTUNA.
ERANSKINA
Merezimenduen baremoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako Prozesu Asistentzialen Zerbitzuko Osasun Mentala koordinatzeko Zerbitzuburu lanpostuaren deialdirako.
Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).
Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:
I.– Proiektua eta haren defentsa (gehienez, 30 puntu).
Izangaiek dagokion zerbitzuren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektu bat aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko dizkiete.
Fase honen puntuazioa bi atal hauetan xehatzen da:
a) Zerbitzuren kudeaketari buruz aurkeztu den memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).
Kudeaketari buruzko memoria-proiektuan, gutxienez atal hauek garatu beharko dira:
a.1.– Antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako zerbitzu (gehienez, 7 puntu):
Zerbitzuaren organigrama, buruzagitza-lanpostuaren funtzioak eta hari atxikitako gainerako lanpostuenak adierazita.
Zerbitzu eta erakunde bereko beste atalek/zerbitzuek elkarren artean duten harremana.
Buruzagitzaren/zerbitzuren kudeaketa-plana, hobekuntzako arloak antolatzeko, aztertzeko eta detektatzeko helburuak zehazten dituena eta helburu horiek lortzeko behar diren neurri egokiak identifikatzen dituena. Eta horrekin batera, esleitutako giza baliabideak eta baliabide materialak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromisoa edo plana.
a.2.– Zerbitzu asistentziala (gehienez, 5 puntu):
Zerbitzu asistentzialaren zorroaren deskribapena.
Adierazle eta helburu asistentzialak ezartzea, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.
a.3.– Irakaskuntzarekin eta ikerketarekin lotutako zerbitzu (gehienez, 3 puntu):
Zerbitzuan/atalean irakaskuntzaren planifikazioa ezartzea.
b) Memoria-proiektuaren azalpen publikoa Balorazio Batzordearen aurrean (gehienez, 15 puntu).
Proiektuaren jendaurreko azalpena baloratzean, memoria-proiektua defendatzeko izandako argitasuna eta zehaztasuna hartuko dira kontuan, baita haren arlo garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da, proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuta eta proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena kontuan hartuta.
II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).
Puntuazioa honela banatuko da:
II.1.– Lan-esperientzia (gehienez, 13 puntu).
– Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.
– Dagokion espezialitatean atalburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.
– Dagokion espezialitatean atalburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
– Administrazio publiko sanitarioen zuzendari gisa edo zuzendariorde mediko gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
Kontuan hartuko dira, lan-esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo edozein administrazio publikotakoan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.
II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena (gehienez, 17 puntu).
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu-kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.
II.2.1.– Prestakuntza kudeaketaren arloan (gehienez, 3 puntu).
Osasun-kudeaketari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.
– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.
– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.
– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.
– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, baita Osakidetzak edota beste edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).
Dagokion lanpostuaren espezialitateari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.
– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.
– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.
– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.
– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu).
– Doktore-titulua: 3 puntu.
– cum laude doktore-titulua: 4 puntu.
– Graduondoko masterra: 2 puntu.
– Unibertsitateko aditu- edo espezialista titulua: 1 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 1 puntu.
– Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (10 ikastaro, gehienez): 0,1000 puntu.
Ez dira kontuan hartuko doktore-titulua, cum laude doktore-titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroak.
II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).
Dagokion espezialitateari lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,2500 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 1,0000 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,5000 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,6000 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 1,5000 puntu.
II.2.5.– Irakaskuntzako jarduera (gehienez 3 puntu).
– Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1,0000 puntu.
– Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.
– Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,2500 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
III.– Euskararen ezagutza (gehienez 6 puntu).
Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
RSS