Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2025eko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
275

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 27koa, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aparteko dirulaguntzak eman edo ukatzen baitzaizkie ardogintzako sektorean Errioxa JDK Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespean dauden mahastizainei, Ukrainako gerraren ondorioz urrituta ikusi dituztelako enpresa-errendimenduak. Dirulaguntza horiek 2024rako onartu ziren, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2024ko urriaren 22ko Aginduaren bidez.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2024ko urriaren 22ko Aginduaren bidez, ardoaren sektoreari 2024rako aparteko laguntza ematea onartu zen, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuak (JDK) babestutako mahastizainei laguntzeko, enpresek lortutako etekinak urritu direlako Ukrainako gerraren ondorioz.

Agindu horren 8. oinarriaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza da laguntza horiek kudeatzeko eta ebazpen-proposamena emateko organo eskuduna; laguntzak ematea edo ez, berriz, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da, hala aurreikusita baitago aginduaren oinarri horretan bertan eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuan.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2024ko azaroaren 6ko Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitara eman zen deialdiko eskakizunak betetzen dituzten ustiategien titularren eta kontuan hartutako hektarea-kopuruaren behin-behineko zerrenda; halaber, hamar egun balioduneko epea eman zen, zerrendan sartzea onartzeko, ukatzeko, edo datuak aldatzea eskatzeko, edo, behin-behineko zerrendan agertu ez baina ezarritako eskakizunak betez gero, zerrendan sartzea eskatzeko, behar diren egiaztagiriak aurkeztuta.

Halaber, 2024ko abenduaren 11n argitara eman zen Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Ebazpen horretan, argitaratu zen zer ustiategi-titularrek zuzendu edo egiaztatu behar zuten alderdiren bat, honako laguntza hauek eskuratzeko: ardogintzako sektorean Errioxa JDK Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespean dauden eta Ukrainako gerraren ondorioz enpresa-errendimenduak urrituta ikusi dituzten mahastizainentzako 2024ko aparteko laguntzak.

Aurreko guztia kontuan hartuta, eta aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, egiaztatu da ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren onuradunek betetzen dituztela laguntza jasotzeko 2024ko urriaren 22ko Aginduan ezarritako baldintzak; besteak beste, egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Era berean, baldintza horiek betetzen ez dituzten ustiategien titularrak zehaztu dira, eta, beraz, haiei laguntza ukatu behar zaie (II. eranskinean daude jasota).

Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, 2024ko urriaren 22ko Aginduaren 7. oinarrian ezarritako zenbateko unitarioak aplikatu dira:

a) <=50 ha-ko ustiategiak: 487,5 euro/ha.

b) >50 - <=100 ha-ko ustiategiak: 325 euro/ha.

c) >100 ha-ko ustiategiak: 130 euro/ha.

Era berean, oinarri beraren arabera, gehienez ere 280.000 euroko laguntza emango da eskatzaileko.

Horregatik guztiagatik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak aurkeztutako ebazpen-proposamena ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean zerrendatutako ustiategien titularrei ematea 2024ko urriaren 22ko Aginduan araututako laguntzak. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu horren bidez, 2024rako aparteko dirulaguntzak onartu ziren, ardogintza-sektorean Errioxa JDK Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespean dauden mahastizainentzat, Ukrainako gerraren ondorioz urrituta ikusi dituztelako enpresa-errendimenduak.

Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean zerrendatutako ustiategien titularrei ukatzea 2024ko urriaren 22ko Aginduan araututako laguntzak, eranskinean bertan adierazitako arrazoiengatik. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu horren bidez, 2024rako aparteko dirulaguntzak onartu ziren, ardogintza-sektorean Errioxa JDK Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespean dauden mahastizainentzat, Ukrainako gerraren ondorioz urrituta ikusi dituztelako enpresa-errendimenduak.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gorako errekurtsoa jar dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 27a.

Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala