
11. zk., 2025eko urtarrilaren 17a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (464 KB - 50 orri.)
- EPUB (2929 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
270
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 4koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusten baita Ederfil Becker Koop. Elkarteari Legorretako (Gipuzkoa) udal-mugartean kobrezko eta aluminiozko hari esmaltatua ekoizteko emandako ingurumen-baimen bateratua.
EGITATEAK
1.– Ingurumen Sailburuordetzaren 2009ko azaroaren 24ko hasierako Ebazpen bidez, ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Ederfil Becker Koop. Elkarteari, Legorretan (Gipuzkoa) duen kobrezko eta aluminiozko hari esmaltatua ekoizteko instalaziorako, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.
2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko azaroaren 6ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta eraginkor egin zen Ederfil Becker Koop. Elkarteari Legorretako (Gipuzkoa) udalerrian kobrezko eta aluminiozko hari esmaltatua ekoizteko jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua.
3.– 2020ko abenduaren 9an, Batzordearen 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakia, 2020ko ekainaren 22koa, argitaratu zen Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean. Betearazpen-erabaki horrek industria-emisioei buruz eskuragarri dauden teknika onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz, gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzeko, zura eta zuretik eratorritako produktuak produktu kimikoen bidez kontserbatzea barne hartuta.
4.– 2023ko azaroaren 10ean, teknika erabilgarri onenak berrikusteko prozeduraren esparruan, ingurumen-organo honek aldez aurretiko txostena eskatu zien Legorretako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuari (AAI00295_REV_2023_001).
5.– 2024ko otsailaren 12an, ingurumen-organoak Ederfil Becker Koop. Elkarteari eskatu zion instalazioaren funtzionamenduan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko konparazioa bidaltzeko –2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian deskribatzen dira–, baimena berrikusi ahal izateko.
6.– 2024ko otsailaren 19an, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen Ederfil Becker Koop. Elkarteak.
7.– 2024ko apirilaren 5ean, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko eskatu zion ingurumen-organoak Ederfil Becker Koop. Elkarteari.
8.– 2024ko apirilaren 15ean, egindako eskaerari erantzun zion Ederfil Becker Koop. Elkarteak.
9.– Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko apirilaren 17ko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egunez, baimena berrikusteko izapidetze-prozesurako teknika erabilgarri onenen konparazio-dokumentua. Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren 2024ko apirilaren 26ko Aldizkarian argitaratu zen, eta, dokumentazioa, berriz, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan, 2024ko apirilaren 26an.
10.– 2024ko apirilaren 29an, ingurumen-organo honek txostena eskatu zien Legorretako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuari.
11.– 2024ko ekainaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailaren txostena jaso zen.
12.– Ingurumen-baimen bateratua berrikusteari buruzko informazio publikoaren izapidea amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
2.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
3.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.
4.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.
5.– 2020ko urtarrilaren 27an, urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretuak indargabetu egin zuenez irailaren 25eko 183/2012 Dekretua (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), ingurumen-baimen bateratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.
6.– 2021eko abenduaren 31n Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa.
7.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 38. artikuluaren arabera, jarduerak baimena behar duenean jabari publiko hidraulikora, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora edo kolektorera isuriak egiteko, nahitaezko txosten loteslea eskatuko zaio erakunde eskudunari, isurketaren ezaugarriak eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak zehazteko.
8.– 2022ko apirilaren 9an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea.
9.– 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema bateratu bat ezartzea.
10.– Teknika erabilgarri onenen berrikuspenari dagokionez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen du lege hori) ezarrita dago zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenen (TEO) inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.
11.– Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta isurien muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Zehazki, dokumentu honen edukia izan da kontuan: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document on Surface Treatment Using Organic Solvents including Preservation of Wood and Wood Products with Chemicals» (2020), Europako Batzordearena.
12.– Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen bateratu hau emateko, bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoarekin.
13.– Honako hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ederfil Becker Koop. Elkarteari Legorretan kobrezko eta aluminiozko hari esmaltatua ekoizteko emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, Batzordearen 2020ko ekainaren 22ko 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako terminoetan. Horrenbestez, baimenean jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ebazpen honen eranskinetan jasotakoak izango dira.
Bigarrena.– Ebazpen honen eranskinean zehaztutako baldintzetan, etengabe aipatutako ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek aldatzea:
– Lehenengoa.
– Bigarrena.
Hirugarrena.– Ederfil Becker Koop. Elkarteari ebazpen honen berri ematea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Legorretako Udalari, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondoreak izan ditzan, hau da, beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batzuk lortu ahal izatea.
Errekurtsoak:
Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS