Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2025eko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
264

4/2024 FORU ARAUA, abenduaren 20koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2025. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «4/2024 Foru Araua, abenduaren 20koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2025. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2024ko abenduaren 20a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2025erako Aurrekontu Orokorraren testuingurua hazkunde ekonomiko eta enplegu-sorkuntzan kokatu behar da. 2023. urtea % 1,9ko hazkundearekin itxi ondoren, Gipuzkoako ekonomiak joera horri eutsi dio 2024an, eta % 1,9 hazi da bigarren hiruhilekoan. Bizitasun hori enpleguan islatu da, 336.000 afiliatu baino gehiagorekin 2024ko hirugarren hiruhilekoaren amaieran.

Hala ere, nazioarteko testuingurua birdoitze bidean dago oraindik, eta ziurgabetasun maila handiak eta gatazka geopolitikoak nagusitu dira hainbat eragileren artean, izan hegemonikoen zein gorabidean daudenen artean. Zalantzarik gabe, Gipuzkoako Lurralde Historikoa baldintzatzen duten gertakizun ekonomiko, politiko eta beliko asko daude, eta honako hauek nabarmendu daitezke: Ukrainako gerra kronifikatzeari lotutako arriskuak, Ekialde Hurbileko gatazkaren areagotze eta hedatzea, Europako ekonomia indartsuenak zeharkatzen ari diren zailtasunak eta Estatu Batuetako hurrengo hauteskundeen ondorioz nazioarteko paradigman gertatuko litzatekeen aldaketa hipotetikoaren ondorioak.

Hala eta guztiz ere, 2025ari baikortasunez aurre egitea ahalbidetzen duten gertakizunak ere bereizi ditzakegu, hala nola energiaren prezioak beherantz doitzea, hornidura-kateen marruskadurak lasaitzea edo esportazio-prezioak murriztea, batzuk aipatzearren. Horren ondorioz, inflazioa pixkanaka hurbildu da Europako Banku Zentralak ezarritako helburuetara, eta, horri esker, 2024ko hasieratik interes-tasak hirugarren aldiz murriztu dira.

Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak trakzio-lana egin behar du, legegintzaldian proposatutako helburuak betetzeko hartutako konpromisoa oinarri hartuta. Horretarako, gipuzkoar guztiak ordezkatzen eta artatzen dituzten eta haien ongizate integrala babesten duten aurrekontuak beharrezkoak dira, erronkei kaudimenez, egokitzeko gaitasunez eta gizartearen eskaerei aktiboki entzunez.

Arlo sozialean, Gipuzkoak erronka eta eraldaketa handiei egin behar die aurre, eta honako hauek nabarmendu daitezke: biztanleriaren zahartzeak eragiten duen bilakaera demografikoa eta tentsionamendua, desberdintasunaren murrizketa arlo guztietan, kohesio sozialari eta egungo bizi-kalitatearen estandarrei eustea, etxebizitza eskuratzea, kontziliazioa, bazterketa-egoeren iraunkortasuna, migratzaileen gizarteratzea, adingabeen babesgabetasuna edo indarkeria matxista, adibidez.

Ekonomiaren arloan, beharrezkoa da Gipuzkoako ekonomiaren indarra eta lehiakortasuna bermatzen duten politikei eusten jarraitzea, egungo enpresen hazkundea eta sustraitzea sustatzea, belaunaldi-erreleboa bultzatzea, talentua atxikitzea eta erakartzea, interes estrategikoko enpresa berrien sorrera bultzatzea, lurraldearen loturak hobetzen jarraitzea, digitalizazioaren alde egitea aurrerapen- eta produktibitate-faktore gisa, eta lan-merkatuaren eraldaketari eta balio-aldaketari lotutako erronkei aurre egitea.

Eta horri guztiari trantsizio ekologikoari lotutako erronkak gehitu behar zaizkio, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politika publikoak eskatzen dituztenak, haien ondorioek munduko biztanleriaren garapena eta ongizatea arriskuan jartzen baitute, mugez haraindi. Eta testuinguru horretan, Foru Aldundiak irmo eusten dio garapen jasangarrian erreferentziazko erakundea izaten jarraitzeko konpromisoari, bere ekintza publikoan ingurumen-ikuspegia transbertsalki eta modu integratuan hartzen baitu.

Zalantzarik gabe, erronka konplexuak dira, inor atzean ez uztea eskatzen dutenak, Foru Aldundiak biztanleriaren ongizatea handitzeko jarduteko oinarriari jarraituz. Hori da foru-erakundearen jarduera gidatzen duen bektorea, zeinaren ibilbide-orria 2024-2027 legegintzaldiko Plan Estrategikoan jasota baitago. Ildo horretan, Etorkizuna Eraikiz estrategiaren esparruan abian jarritako proiektu estrategikoak nabarmentzen dira. Proiektu horiei esker, Foru Aldundiak lortu nahi duen etorkizuneko Gipuzkoa modu nabarian bistaratu ahal izango da, honako proiektu adierazgarri hauekin: Mubil, Adinberri, Quantum, Naturklima, Ziur edo Elkar Ekin Lanean.

Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publiko guztiak gauzatzeko oinarrizko tresna izateaz gain, foru-arau honek politika horien plangintza estrategikoaren eta ebaluazioaren bektore gisa jarduten du, ezarritako neurrien eraginkortasunean eta gastu publikoaren efizientzian aurrera egiteko helburu nagusiarekin, eskuragarri dauden baliabideak epe ertainerako esleituz. Gainera, aurrekontuaren urte anitzeko ikuspegiak genero-berdintasunerako, hizkuntza-berdintasunerako eta herritarren partaidetzarako zeharkako politikak integratzea ahalbidetzen du, politika horien aurrerapena aurrekontu-programekin lotzeko aukera ematen baitu.

Ondorioz, 2025eko ekitaldiko aurrekontua emaitzetara bideratutako ikuspegi argiarekin egin da berriz ere, aurrekontu publiko tradizionalen finantza-horizontea zabalduta. Horri esker, ekintza publikoa hura lortzeko behar diren baliabideekin lotzen da, eta emaitzak monitorizatzen dira adierazleen definizioan eta helburuen ezarpenean oinarrituta.

Aurreko ekitaldiari dagokionez, aurrekontu osoa % 4,52 hazi da, aurrekontu propioa % 8,49 hazi da eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, aldiz, % 3,37 handitu da termino homogeneoetan.

Gastu-politikei dagokienez, hasierako zuzkidurak beharrak betetzeko nahikoak ez badira, ekitaldian zehar zabalgarritzat jo dira gizarte-gasturako eta errepideko bidaiari-garraiorako kredituak, eta kreditu horiek aurrekontu-beharrak estali arte hornitzeko borondate politikoa adierazi da.

Halakotzat hartzen dira, halaber, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planei eta proiektu estrategikoei lotutako ordainketa-kredituak, bai eta ekitaldian zehar sortzen diren kreditu gehigarriak ere, honako beharrizan hauei erantzuteko: i) egoera ekonomikoa, ii) proiektu estrategikoak gauzatzea, iii) egoitza-eredu berria garatzearekin lotutako inbertsioak, edo iv) arrisku-kapitaleko inbertsioak, Gipuzkoako lurraldearentzat interes estrategikoa duten enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta lehendik dauden enpresen hazkundea eta sustraitzea sustatzeko.

Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 52,79 milioi euroko dirulaguntzak aurreikusten dituzte lurraldeko toki entitateen alde.

Aurrekontuen foru arauaren funtsezko edukia I. tituluan jasotzen da, bertan onartzen baitira foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak, eta bertan finkatzen baita, orobat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa.

Titulu horren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoena aurrekontuko sarrera eta gastuen egoera orrien zenbatekoa sartzen da.

II. tituluak ezartzen du zein den Foru Aldundiaren zorpetze muga eta zenbaterainoko bermeak eman ditzakeen, eta Bidegi, SA merkataritzako foru sozietatearen zorpetze muga ere jasotzen da bertan.

III. tituluan jasota daude 2025eko ekitaldian zehar aurrekontu kredituen araubide orokorrak eta haien aldaketenak izango dituzten berezitasunak. Zehazki, hauek: araubide orokorraren salbuespenak kredituen izaera mugatzaileari dagokionez; zabalgarritzat jotzen diren kredituak; konpromiso kredituak sortu eta banatzeko gehieneko muga; eta kreditu gaikuntzen eta txertaketen berezitasunak.

IV. tituluan aurrekontu kudeaketaren inguruko hainbat arau jasotzen dira (dirulaguntzenak, proiektu kofinantzatuenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia planekin eta proiektu estrategikoekin lotutako funtsen kudeaketa, gastuaren exekuzioa mugatzekoak, eta egindako gastuaren udalerrikako banaketari buruzkoak), bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.

V. tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan jorratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta foru organismo autonomoetako langileen eta pasiboen kredituei aplikatzen zaien araubidea, aurrekontu plantillaren osaera zehazten da, eta zehaztasun handiagoz arautzen dira aurrekontuetako lehen kapituluari ezartzen zaizkion mugak.

Bigarren kapituluan, berriz, foru sektore publikoko gainerako entitateen plantillaren osaera eta langileria gastuak gehitzeko muga arautzen dira.

VI. tituluan, lurralde historikoko udalen finantzaketa ezartzen da.

VII. tituluan arautzen da Foru Aldundiak aldian-aldian Batzar Nagusietara bidali behar duen informazioa.

Foru arauaren edukia osatzeko, hainbat xedapen ematen dira: gehigarriak, iragankorrak, eta amaierakoak. Horietan askotariko aginduak jasotzen dira.

Xedapen gehigarri gisa gehitu dira honako hauei buruzko aurreikuspenak: berandutze-interesaren, tasen eta katastro-balioen eguneratzea; Gipuzkoako Lurralde Historikoko AP-1 eta AP-8 autobideak eta AP-636 autobia erabiltzeko kanona; toki-korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea, eta kreditu gehigarriak.

17. artikuluan aipatzen diren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planei lotutako funtsen kudeaketarako hitzarmenen izapideak sinplifikatzeari buruzko xedapen gehigarriari eusten zaio.

Xedapen gehigarri berri bat gehitzen da, zortzigarrena: horren bidez, Gipuzkoako Batzar Nagusien kontratazio-jardueraren kontra jarritako kontratazio-arloko errekurtso bereziak aztertu eta ebaztea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kontratazio alorreko errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboari esleitzen zaizkio, haiek horretarako organo eskumenduna arautzen ez duten bitartean.

Xedapen iragankorretan, berriz, aurrekontuen kudeaketari buruzko arau osagarri batzuk jaso dira. Hain zuzen ere, aurreko ekitaldietan bezala, egoera jakin batzuetan aurrekontuaren egokitzapen teknikoak egiteko aukerari eta Ogasun eta Finantza Departamentuak kontabilitate saldoak arazteko aukerari eusten zaie. Azkenik, aurrekontuen luzapena arautzen da.

Amaierako xedapenekin amaitzen da. Lehenengoaren bidez, Gipuzkoako hiri-hondakinak kudeatzeko 2019-2030 aldirako plan integrala onartzen duen martxoaren 20ko 6/2019 Foru Arauaren 8. artikulua aldatzen da, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren Estatutuen Bigarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoa betez, zeinaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen baitu ekonomikoki parte hartzeko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean jasotako altako azpiegituren eraikuntzan.

Eta azkeneko hirurak erregelamenduzko garapenari, aplikazio eremuari eta foru araua bera indarrean jartzeari buruzkoak dira.

I. TITULUA
AURREKONTUEN ONESPENA, EREMU SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA

1. artikulua.– Aurrekontuak onestea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2025. urterako aurrekontu orokorrak onesten dira, foru arau honetan ezarritako eran.

2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren eremua.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2025. urterako aurrekontu orokorrak honela daude osatuta:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.

b) Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuak.

c) Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA, Etorlur Gipuzkoako Lurra SA eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE) merkataritzako foru sozietateen aurrekontuak.

d) Foru fundazioen aurrekontuak.

– Kirolgi Fundazioa.

– Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa.

– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa.

– Ziur Fundazioa.

– Fundación Adinberri Fundazioa.

– MUBIL Fundazioa.

– BSTK Fundazioa.

3. artikulua.– Aurrekontu orokorren edukia.

1.– Ordainketa kredituak eta sarrera bateratuen egoera-orria 7.003.328.488,96 euro izango dira 2025eko ekitaldian, I. eranskinean laburtutakoaren arabera.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko gastuen egoera-orria 6.770.184.875,00 euro da ordainketa kredituei dagokienez, eta 366.392.328,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II-I. eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2025tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Aurrekontu propioaren kasuan, gastuen egoera-orria 1.218.088.810,00 euro da. Aurrekontu propioa lortzeko, aurrekontu osoari kendu egiten zaizkio Estatuarentzako kupoa, Finantzen Euskal Kontseilutik ondorioztatutako ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa ordaintzeko kredituak.

Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera-orria 6.770.184.875,00 euro da, haren barruan sartuta diruzaintzako gerakina (9.533.311,00 euro).

3.– Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera-orria 24.182.000,00 euro da; eta 150.000,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II-II eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2025etik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera-orria 24.182.000,00 euro da.

4.– Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera-orria 70.565.494,00 euro da.

Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera-orria 70.565.494,00 euro da.

5.– Merkataritzako foru sozietateen gastu aurrekontuen zenbatekoa 259.155.676,96 euro da, eta banaketa hau du:

– Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE): 40.950.196,00 euro.

– Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA: 216.963.477,00 euro.

– Etorlur Gipuzkoako Lurra SA: 1.242.003,96 euro.

Sozietate horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onetsitako zuzkidurak berdinak dira.

6.– Foru fundazioen gastu aurrekontuen zenbatekoa 17.251.203,00 euro da, eta banaketa hau du:

– Kirolgi Fundazioa: 5.094.100 euro.

– Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa: 1.347.370,00 euro.

– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa: 1.382.930,00 euro.

– Ziur Fundazioa: 1.173.685,00 euro.

– Fundación Adinberri Fundazioa 2.412.718,00 euro.

– MUBIL Fundazioa:: 3.840.400,00 euro.

– BSTK Fundazioa: 2.000.000,00 euro.

Fundazio horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onetsitako zuzkidurak berdinak dira.

4. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorrak hartzen dituen aurrekontuak.

1.– Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuaren sarreren eta gastuen egoera orria jasotzen da, 8.525.750,00 eurokoa, eta konpromisozko kredituei dagokienez, 75.216,93 eurokoa

2.– Honako partzuergo hauen aurrekontuak jasotzen dira:

– Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren aurrekontu kontsolidatua: 57.046.744,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

– Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren aurrekontu kontsolidatua: 52.358.171,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

– Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren aurrekontua: 4.712.858,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

– Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoaren aurrekontua: 536.300,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

5. artikulua.– Tributuei dagozkien gastu fiskalak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalak 2.442.850.540,31 eurotan zenbatetsi dira.

II. TITULUA
GEHIENEKO ZORPETZE MAILA ETA BERMEAK EMATEKO MUGA

6. artikulua.– Abalen muga.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearen martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 109.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Aldundiak Bidegi SAri emandako abalak ezin izango dira izan, 2025eko abenduaren 31n, 156.602.300,01 eurotik gorakoak.

7. artikulua.– Foru Aldundiaren zorpetze muga.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2025eko abenduaren 31n, 394.085.000,00 eurotik gorakoa.

2.– 2025. urtean zehar, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ahal izango ditu diruzaintzaren unean uneko beharrei erantzuteko, edozein eratan dokumentatuta eta urtebeterako gehienez.

8. artikulua.– Bidegi SA merkataritza foru sozietatearen zorpetze muga.

Bidegi SA sozietatearen epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2025eko abenduaren 31n, 350.281.388,56 eurotik gorakoa.

III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK

9. artikulua.– Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontu kredituak.

Gastuen egoera orriko kredituak erabiliko dira aurrekontuetan eta martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren III. tituluaren III. kapituluari eta foru arau honi jarraituz onetsitako aldaketetan baimendutako helburuak betetzeko.

10. artikulua.– Kredituen lotura.

1.– 2025eko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Salbuespen bakarrak ondorengo zenbakietan ezarritakoak dira.

2.– Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten desagregazio mailarekin honako hauek:

a) Foru arau honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalgarritzat hartutako kredituak, salbu honako hauek: 1. zenbakiaren a) letran jasotakoak, mugatzaileak izango baitira kapitulu mailan; eta b) eta c) letretan jasotakoak, kapitulu eta programa mailan izango baitira mugatzaileak.

b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honen 3. zenbakiaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.

c) Ekitaldiaren barruan onesten diren kreditu gehigarriak.

d) Aurreko ekitaldietatik txertatutako kredituak.

e) Foru organismo autonomoak, merkataritzako foru sozietateak eta foru fundazioak finantzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatzen diren kredituak, eta haien zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen diren kredituak.

f) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen dirulaguntzei dagozkien kredituak.

g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.

h) Berdintasun-ekintza nagusiei esleitutako kredituak, langile-gastuei dagozkienak izan ezik.

i) Gobernantza Departamentutik partaidetza-prozesuak garatzeko jasotako kredituak.

j) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, berariazko zehaztapen maila behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.

3.– Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan:

a) Proiektu kofinantzatu bereko ordainketa kredituak.

b) II. kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.

c) Dirulaguntza lerro bereko laguntzak finantzatzera bideratutako kredituak.

d) Bere izaera bereziagatik edo xedeagatik Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.

4.– Konpromiso kredituak erregulatuko dira lotuak dituzten ordainketa kredituei titulu honetan aplikagarri zaizkien arauen arabera.

11. artikulua.– Kreditu zabalgarriak.

1.– Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 53. artikuluan xedatzen duenez, zabalgarritzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontuetan jasotzen diren kreditu hauek:

a) I. kapituluko gastuak (langileria gastuak), xedapen aplikagarrietan jasotakoaren arabera, eta foru arau honen V. tituluan ezarritako mugekin.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, eta zorpetze gastuak ordaintzeko bideratutakoak.

c) Estatuari kupoa ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egiteko, edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik lurralde historikoko udalerriek jaso beharrekoa ordaintzeko izendatutako zenbatekoak.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.

e) Batzar Nagusien eta foru organismo autonomoen aurrekontuak finantzatzeko bideratutako kredituak.

f) Beste administrazio publiko batzuek batera finantzatutako jarduerei dagozkien kredituak.

g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko bideratutako kredituak.

h) Beste eskumen batzuk bereganatzearen ondorio diren kredituak.

i) Lurralde historikoko aurrekontu orokorren eranskin numerikoetan berariaz adierazten diren kredituak.

j) Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planei eta proiektu estrategikoei dagozkien kredituak, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

k) Onetsitako kreditu gehigarriak, seigarren xedapen gehigarriaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera.

2.– Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak aldizkako prestazio ekonomikoen programaren barruan familiei egiten dizkien transferentziak zabalgarriak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.

12. artikulua.– Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.

1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoen ekimenez, konpromiso kreditu berriak onetsi ditzake, betiere haiek ez badira aplikatzen 4 ekitalditan baino gehiagotan, eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honetan onetsitako konpromiso kredituen % 10, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2.– Diputatuen Kontseiluak erabaki dezake, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik eta eragindako departamentuaren edo foru organismo autonomoaren ekimenez, konpromiso kredituen artean transferentziak egitea edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea 4 urteko epe mugarekin, betiere haien zenbateko osoa ez bada handiagoa foru arau honetan onetsitako konpromiso kredituen % 10 baino, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

3.– Pertsona fisikoek edo juridikoek urte anitzeko gastuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak ez dira konputatuko aurreko zenbakietan jarritako mugen ondorioetarako.

13. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.

1.– Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 58.8 artikuluan jasotakoaren arabera, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla. Gaikuntza horien helburua izango da:

a) Estatuari kupoa ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egitea edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ematea.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak ordaintzea.

c) Ohiz kanpoko izaerako giza gastua.

2.– Gaikuntza horiek ez dira konputatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.11 artikuluan jasotako mugaren ondorioetarako.

3.– Berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planei eta proiektu estrategikoei lotutako funtsak kudeatzeko kreditu gaikuntzak foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo dira.

14. artikulua.– Kreditu txertaketak.

Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 59.2 artikuluan aurreikusitako salbuespenarekin bat etorriz, 2025eko ekitaldian kreditu-gerakinak ere sartu ahal izango dira, edozein gauzatze-fasetan daudela ere, honako hauei dagokienez:

– Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak.

– Proiektu estrategikoak.

– IZFEren zerbitzuetara eta inbertsioetara bideratutako kapital-eragiketak.

IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA

15. artikulua.– Dirulaguntzak.

Diputatu nagusiak eta foru diputatuek martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 20.3.c) artikuluan aipatzen diren laguntzak eman ditzakete, nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura, betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe.

16. artikulua.– Proiektu kofinantziatuak.

Beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek osorik edo zati batean finantzatutako gastu proiektuak behar bezala identifikatuta egongo dira hasierako aurrekontuan edo kreditu aldaketarako espedienteetan. Era berean, finantzaketa bideak zeintzuk diren adierazi beharko da berariaz.

Kredituen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, aurrekontuko gastu egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

17. artikulua.– Berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planei eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoei lotutako funtsen kudeaketa.

1.– Berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planen ekimenetik eta proiektu estrategikoetatik eratorritako funtsak banatzearen ondorioz 2025eko ekitaldian lor daitezkeen diru-sarrera handiagoek dagozkien ordainketa-kredituak eta, hala badagokio, konpromiso-kredituak sortuko dituzte, Foru Aldundiaren Administrazioaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Administrazio Instituzionalaren aurrekontuko gastuen egoera-orrian.

2.– Diru-sarrera horiek berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planei eta proiektu estrategikoei lotutako jardueren eta proiektuen berariazko finantzaketari lotuta egongo dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-sarreren egoera-orrian sartuko dira.

3.– Kreditu gaikuntzen bidez sortutako kredituak ez dute konputatuko, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.11 artikuluan jasotako mugaren ondorioetarako.

4.– Ogasun eta Finantza Departamentuak bideratuko ditu kredituak, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion zenbatekoan, funtsak lurraldeen arten banatzeko eskumena duten Europako, estatuko edo autonomietako organoek hasierako erabakiak hartzen dituzten unetik aurrera, eta ez da aplikatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.3 artikuluan jasotakoa.

5.– Behin kreditua sortuta, erabilgarritzat joko da, bai gastu baimen eta xedapenak, bai haiek sorrarazi dituzten negozio juridikoak izapidetzeko. Ogasun eta Finantza Departamentuak behin betiko erabakiak, hitzarmenak, ebazpenak edo ekarpenak egiteko konpromiso irmoak kasu bakoitzean egiaztatzeko tresna juridikoak sinatzea edo onestea etengo duen baldintzaren pean jarri ahal izango du haien eraginkortasuna.

6.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberakinak deklaratu ahal izango ditu baldin eta, hasiera batean, 2025eko ekitaldirako onartutako aurrekontuan sartuta egonik, funts horiekin finantzatutako jarduketa eta proiektuekin bat badatoz. Soberazko kreditu horiek beste ordainketa baliabide batzuen zuzkiduren gabeziei erantzuteko aplikatu ahal izango dira, eta ez zaie aplikatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.4 artikuluan eta 56.1 artikuluaren b), c) eta d) letretan xedatutakoa.

7.– Hasierako aurrekontuan sartutako berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planei eta proiektu estrategikoei lotutako ordainketa-kredituak eta ekitaldian zehar sortzen direnak zabalgarritzat joko dira, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

8.– Diputatuen Kontseiluak, kreditu gehigarriak onartuz eta diruzaintzako gerakinaren kargura, ordainketa kreditu horiek gehitu ahal izango ditu ekitaldian zehar, kudeaketako aurrekontu propioaren % 5eko mugaraino.

9.– Hasierako aurrekontuan sartutako diruzaintzako gerakina, bai eta berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planei eta proiektu estrategikoei lotutako kredituak finantzatzeko erabiltzen dena ere, jarduera eta proiektu horien finantziazio espezifikoari geratuko da.

10.– Berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia planei eta proiektu estrategikoei lotutako konpromiso kredituak sortu eta transferitzea ez dago foru arau honen 12. artikuluko muga kuantitatibo eta denborazkoen menpe.

18. artikulua. Gastua gauzatzeko muga.

1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak agindu ahal izango du kredituak atxikitzea edo bestelako prebentzio neurriak hartzea, gastuaren kontrola bermatzearren.

Aipatutako kredituak liberatzeko tramitazioa haien atxikipenerako berbera izango da.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberazko kredituak bideratu ditzake nahitaezkoak diren gastuen aurrekontu beharrak betetzeko, gastu horien benetako exekuzioa hasierako aurreikuspenarekiko defizitarioa denean. Ondorio horietarako, ez dira aplikagarriak izango martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 56.1 artikuluaren c) eta d) letretan jasotzen dituen mugak.

3.– Proiektuen finantzaketa exekuzio erritmora egokitu beharragatik konpromiso kredituak onartzen badira, hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzeko agindu dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

19. artikulua.– Egindako gastua udalerrika banatzea.

1.– Gastu partiden aurreikuspenak udalerrika banatu badira 2025eko aurrekontuan, haien exekuzioa ere udalerrika banatuta agertuko da.

2.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak udalerrika banatzeko modukotzat har ditzake 2025eko aurrekontuan udalerrika banatutakoen pareko bestelako gastu partidak.

20. artikulua.– Batzar Nagusien eta foru sektore publikoko gainerako entitateen aldeko transferentziak.

1.– Foru Aldundiaren aurrekontuan Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko izendatzen diren kredituak Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira.

2.– Foru sektore publikoko entitateei zuzendutako transferentziak haien behar finantzarioen arabera egingo dira, aurrekontu-egonkortasunaren arloko lege-esparrua betetzen dela kontuan hartuta.

V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA FORU ORGANISMO AUTONOMOAK

21. artikulua.– Gipuzkoako Foru Aldundiko kideen eta goi kargudunen ordainsariak.

Diputatu nagusiaren, foru diputatuen eta zuzendari nagusien 2025eko ordainsariak 2024ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

22. artikulua.– Langileen ordainsariak.

Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru organismo autonomoetan jarduten duten langileen 2025eko ordainsari osoak 2024ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere kasu bakoitzean aplikagarria den araudiari jarraituz eguneratuta.

23. artikulua.– Aurrekontu plantillaren osaera.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretako langileei buruzko eranskinean funtzionario edo laboralen arabera sailkatuta ageri diren plazek osatzen dituzte Foru Administrazioko eta foru organismo autonomoetako 2025eko aurrekontu plantillak.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2025eko ekitaldirako aurrekontu orokorretan onesten dira aipatutako eranskinean ageri diren plaza guztiei dagozkien kredituak, lanpostuei atxikiak, urtea amaitu arte beharrezko irizten den diru kopuruarekin.

Era berean, onetsita geratu dira lanpostuei lotu gabeko plazei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.

24. artikulua.– I. kapitulua gehitzeko mugak.

1.– 2025eko ekitaldian, plantilla handitu edo aldatzeko espedienteak soil-soilik onartuko dira baldin eta haietatik ondorioztatzen den gastu gehikuntza beste lanpostu batzuen kredituak murriztuz konpentsatzen bada.

2.– Aurrekoa gorabehera, plantilla handitzeko espedienteak onartu ahal izango dira, aurrekontu-zuzkidura duten aldi baterako programetako lanpostuen kreditua murriztuta, baldin eta haien jarduerak egiturazkoak bihurtu badira, plantillan lanpostu berdinak sortzeko.

1. zenbakian jarritako muga ez da aplikatuko honako hauek direla-eta plazak edota lanpostuak sortu edo aldatzen direnean, betiere aldaketa horiek behar den finantzaketa badute: eskumen berriak hartzea, organo edo zerbitzu berriak sortzea, kanpora eraman edo kontratatzen diren zerbitzuak zuzenean ematea, arrazionalizazio programak aplikatzea edo lanpostuak baloratzea.

3.– Aurrekontu-plantilla handitzeko edo aldatzeko proposamenek Gobernantza Departamentuaren aldeko txostena beharko dute aldez aurretik.

25. artikulua.– Kreditu soberakinak.

Gobernantza Departamentuak I. kapituluko kredituen soberakin aurreikusgarriak bideratu ahal izango ditu soberakinari dagozkion lanpostuak ez diren beste batzuk finantzatzera eta izendapenak edo aldi baterako kontratuak egitera, indarrean dagoen araudiaren arabera.

26. artikulua.– Enplegu publikoko eskaintza eta pertsonal beharrak aldi baterako betetzea.

1.– Gobernantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Foru Aldundiak bere erakundeko enplegu eskaintza publikoa edo publikoak onetsi ahal izango ditu, baita foru organismo autonomoetakoak ere, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

2.– Araudiak ezartzen dituen kasuetan baino ezingo dira aldi baterako langileak kontratatu edo bitarteko funtzionarioak izendatu.

27. artikulua.– Pasiboen kredituei aplikagarri zaien araubidea.

Honako xedapen hauek kontuan hartuta eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Tokiko Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzan sartzeari buruzkoa; graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako langileen arteko lan harremanen arau erregulatzaileak, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea.

II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK

28. artikulua.– Ordainsariak.

1.– Foru sektore publikoko entitateetako zuzendari nagusien, gerenteen eta haiekin parekatutakoen 2025eko ordainsariak 2024ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

2.– Foru sektore publikoko entitateetako langileen 2025eko ordainsariak 2024ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

29. artikulua.– Langileria gastuak gehitzeko mugak.

1.– 2025eko ekitaldian, foru-sektore publikoko entitateek plantilla gehikuntzak edo aldaketak onartu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta eskakizunekin, soil-soilik, baldin eta haiek dakarten gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen bada. Beraz, edozein plaza sortzeko, ezinbestekoa izango da zuzkidura ekonomiko berdineko edo handiagoko beste plaza batzuk amortizatzea aldi berean.

Salbuespen gisa, zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten edo aplikatu beharreko araudiak lehentasunezkotzat jotzen dituen jarduerak egiten dituzten foru-sektore publikoko entitateek erretiro partziala hartzeko errelebo-kontratuak formalizatu ahal izango dituzte, zeinetan errelebista- eta errelebatu-kontratuak formalizatzeak kostua handitzea ekarriko baitu, errelebatutako langilearen kontratuari dagokion kostuarekin alderatuta, mantendu behar diren aldi osorako, langileak erabateko erretiroa hartu arte. Horretarako aurretik zerbitzua emateko edo jarduera gauzatzeko kostu-gehikuntzaren beharra justifikatu beharko da, eta gehikuntza hori langileen gastua aurrezteko beste neurri batzuekin konpentsatu beharko da, guztizko gastua handitu ez dadin.

2.– Dena den, artikulu honen 1. zenbakian ezarritako gastua ez handitzeko araubide orokorrari ondorengo salbuespen hauek ezarri zaizkio:

a) Sektore publikoan harreman mugagabea duten langile berriak sartzea, enplegu publikoko eskaintza baten bidez.

b) Zerbitzu berriak abian jartzeko eta funtzionatzeko behar diren plazak, baldin eta estatuko, autonomia erkidegoko edo foru araudi bidez ezarrita badaude.

30. artikulua.– Langileak kontratatzea.

Aurreko artikuluan aipatutako entitateek langile berriak kontratatu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta baldintzekin, aurretik Foru Aldundiak baimenduta.

VI. TITULUA
GIPUZKOAKO UDALERRIEN FINANTZAKETA

31. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2025erako zuzkidura.

1.– Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) zuzkidura 673.662.371,00 eurokoa izango da 2025erako, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzeagatik, Udal Finantzaketarako Foru Funtsa arautzen duen azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Aurreko zenbakian adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gainerako % 0,15a Euskal Udalen Elkartea (Eudel) finantzatzeko erabiliko da.

4.– Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatuak udalerrien artean banatuko du artikulu honetan aurreikusitako zenbatekoa, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauaren 3. artikuluak ezarritako irizpideak jarraituz.

32. artikulua.– Partaidetza itundu gabeko tributuetan.

Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko die Gipuzkoako udalerriei itundu gabeko zergetan duten partaidetza.

33. artikulua.– Udal zergen bilketa.

1.– Udal-mugarte bakoitzean likidatu beharreko udal-tributuetatik lortzen den diru-bilketa likidoa zuzenean egotziko zaio dagokion udalerriari.

2.– Udalerri bakoitzari borondatezko epean zein epe exekutiboan esleitutako zerga-bilketa likidotik honako hauek kenduko dira: Foru Aldundiak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren bilketan emandako zerbitzuaren kostua, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren udal-, probintzia- eta estatu-kuotak, eta udalen kontura bil litezkeen zuzenbide publikoko beste diru-sarrera batzuk.

3.– 2025eko ekitaldian, dagokion hitzarmenaren arabera zerga propioen borondatezko bilketa Foru Aldundiari eskuordetu dioten udalek konturako aurrerakinak jasotzeko eskubidea izango dute; aurrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiari ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartuta daudela iritzita.

Konturako ordainketak izaera honetako aldizkako entregen bidez egingo dira:

a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.

b) Bi hilean behin, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.

Ordainketa horiek urteko lehenengo 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, eta urte osoan Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren udal-arloko kuoten kasuan.

Aurrerakin horien zenbatekoa, funtsean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren bidez eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren udal-kuotaren bidez 2024an borondatez bildutako zenbatekoen arabera zehaztuko da. Baldin badagokio, zuzenduko da zerga-oinarrien, karga-tasen edo tarifen aldaketaren ondoriozko aldaketekin. Diru-bilketaren behin betiko zifrak ezagutu ondoren, dagokion likidazioa egingo da.

VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA

34. artikulua.– Foru Aldundiak aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru hilean behin, informazioa eman behar die Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta Foru Administrazioaren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Foru zorpetzearen egoera.

f) Emandako abalak eta abalatutako zenbateko osoa.

g) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

h) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

i) Departamentuz departamentu emandako dirulaguntzen zerrenda.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada Foru Aldundiak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

2.– Hilabete bakoitzaren lehen hamabost egunen barruan, Foru Aldundiak informazio hau emango du: kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; eskatutako eta emandako gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilabetean zehapenekin lotuta eskatutako eta ebatzitako barkamen espedienteak.

Horrez gain, informazioa emango da Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek zerga itunduengatik osotara izandako bilketa bateratuari buruz, aurreko lehen epeari dagokionez.

3.– Foru Aldundiak zerga iruzurraren aurka egindako ekintzen berri emango die, hiru hilean behin, Batzar Nagusiei. Informazioak arlo horretan egindako kudeaketaren emaitzak jasoko ditu, hala nola ikuskatutako zergadun portzentajeak eta segmentuak, kudeaketaren ondorioz erregularizatutako ondarea eta baliabideak, eta bestelako datu interesgarriak.

4.– Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango die Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.

35. artikulua.– Foru organismo autonomoek aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Foru organismo autonomoek, hiru hilean behin, informazioa eman behar diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

f) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

2.– Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada foru organismo autonomoak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

36. artikulua.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek aldizka eman beharreko informazioa.

Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek, hiru hilean behin, informazioa bidaliko diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Zorpetzearen egoera.

b) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

c) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada merkataritzako foru sozietateak edo foru fundazioak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berandutze-interesa.

2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze-interesa 100eko 4,0625 izango da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tasak eguneratzea.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak, departamentuek kudeatutakoak, zenbateko finkokoak badira oinarrian portzentaje baten arabera zehaztuta ez egoteagatik edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez egoteagatik, 2024an exijigarria den zenbatekoari 1,020 koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino igoko dira, hargatik eragotzi gabe garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituen uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak 5. artikuluaren 4. zenbakian ezarritakoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Balio katastralak eguneratzea.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren 13. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, 2024. urtean indarrean dauden balioei 1,020ko eguneratze koefizientea aplikatuko zaie 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko AP-8 eta AP-1 autobideak eta A-636 autobia erabiltzeko kanona.

1.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzeagatiko kanonaren zenbatekoak, Gipuzkoako Lurralde Historikotik igarotzen den ibilbidean, eta AP-636 autobia erabiltzeagatiko kanonaren zenbatekoak igo egingo dira, 2024an galdagarria den zenbatekoa % 2,60 igotzearen ondoriozko zenbatekoraino, eta honako zenbateko hauek izango dituzte (BEZa barne):

(Ikus .PDF)

2.– Dirutan egindako ordainketa esanguratsua den irteera/itzulera operazioetan aldaketa errazteko eta trafikoaren arintasuna hobetzeko, Irun Barreran ibilgailu arinentzat zenbatekoa 3,05 eurokoa izango da 2025eko uztailaren 18tik abuztuaren 31ra bitartean, biak barne.

3.– Joan-etorriko ibilbideagatiko kenkari gehigarria, ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3. artikuluan arautua, % 2,60 handituko da 2024an aplikatu beharreko zenbatekoari dagokionez, eta, horrela, 2025erako zenbatekoa 0,57 euro izango da.

4.– Ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3.bis artikuluan araututako hileko gastuaren muga: AP-8 eta AP-1 autobideen Gipuzkoako tarteetan eta AP-636 autobian egindako zirkulazioengatik 2024an aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa % 2,60 handituko da. Ondorioz, 2025. urterako zenbatekoa 36,98 euro izango da

5.– Araban AP-1 eta Bizkaian AP-8 autobideak Gipuzkoatik kanpoko ibilbideetan erabiltzeagatiko hileko gehieneko gastu gehigarriaren muga, Gipuzkoa ko Lurralde Historikoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 26ko 3/2017 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan arautua, 2024an aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa % 2,60 handituko da, eta, horrela, 2025. urterako zenbatekoa 53,43 euro izango da.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.

1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:

(Ikus .PDF)

2.– Lurralde historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 101.900,00 euro izango da; betiere Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den baldintza beretan eguneratuta.

3.– «1.000tik 5.000ra» arteko tarterako muga Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten ordainsaria -% 15 izango da, bi baldintza hauek betetzen direnean: toki entitateak 2.000 biztanle baino gehiago izatea, batetik; eta, bestetik, likidatutako azken ekitaldiko datuen arabera, zor publikoaren helburu nagusia betetzea edo, hori beteko ez balu, indarrean dagoen plan ekonomiko-finantzarioan ezarritako helburua betetzea.

4.– 1.000 biztanletik beherako udalerrietan toki korporazioko kideek, salbuespen gisa, dedikazio partzialez gauzatzen dituztenean beren karguak, horien ordainsarien gehieneko muga honela kalkulatuko da: «1.000tik 5.000ra» arteko tartearen mugari dagokion dedikazio ehunekoa aplikatuta.

5.– Dedikazio partzialen gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: xedapen gehigarri honen 1. zenbakian aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio ehunekoa aplikatuta.

6.– Xedapen gehigarri honen 1. zenbakian ezarri diren mugak Eusko Jaurlaritzako aipatu karguen ordainsariak eguneratzen direnaren arabera eguneratuko dira.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kreditu gehigarriak.

1.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, aurrekontuari aplikatu gabe dauden eta 2024ko abenduaren 31n «Aurrekontuari aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak» kontuan kontabilizatu diren betebeharrei edo horien baliokideei erantzuteko, aplikagarria den araudian xedatutako eran.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak mendiak hobetzeko funtserako kreditu gehigarriak onetsi ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, betiere funts horretan kontzeptu horretarako gordetako zenbatekoaren mugarekin.

3.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak kreditu gehigarriak onetsi ahal izango ditu, diruzaintzako gerakinaren kargura, konkurtso prozesuetan eta beste edozein bilketa prozeduratan ondasunak eta eskubideak eskuratzeko.

4.– 2025eko ekitaldian, Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, kreditu gehigarriak onetsi ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, kudeaketako aurrekontu propioaren % 4ko gehieneko mugarekin, honako hauetatik sortutako beharrak estaltzeko:

– Egoera ekonomikoa.

– Proiektu estrategikoak gauzatzea.

– Egoitza-eredu berriaren garapenari lotutako inbertsioak.

– Arrisku-kapitaleko inbertsioak, Gipuzkoako lurraldearentzat interes estrategikoa duten enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta lehendik dauden enpresen hazkundea eta sustraitzea sustatzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planei lotutako funtsak kudeatzeko hitzarmenen izapidetzea.

Dagozkion funtsen izapideak arintzeko, 17. artikuluan aipatzen diren berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planei lotutako funtsak kudeatzea xede duten hitzarmenak Gipuzkoako Batzar Nagusiek lehentasunez eta presaz berretsi beharko dituzte, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketari, Gobernuari eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 8.3.c) artikuluarekin bat etorriz.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Batzar Nagusien kontratazio-jardueraren aurkako kontratazio-alorreko errekurtso bereziak.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek arautzen ez duten bitartean beren kontratazio-jardueraren kontra jarritako kontratazio-arloko errekurtso bereziak aztertu eta ebazteko organo eskumenduna, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 46.5 artikuluan aurreikusten den bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko kontratazio-alorreko errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboa izango da eginkizun horiek beteko dituena.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.

Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek beharrezkoak direnean berrantolaketa administratiboak egin direlako edo aurreko ekitaldian konprometitu bai baina gauzatu ez diren gastuak –gastu txertatu gabeak– aurrekontuari egotzi behar zaizkiolako, edo, duten helburua sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.

Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egin ditzan, baldin eta haien helburua gastuak kontabilitatean egoki egoztea bada. Horretarako, behar diren aurrekontu partidak sortuko dira, kredituen lotura mailaren barruan.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Saldoen arazketa.

Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, benetan exijigarri edo egingarriak diren kredituak eta zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurrekontua luzatzea.

2025. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. tituluan ezarritakoa izango da.

Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. tituluetan jasotako artikuluak, eta foru arau honetako xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– 6/2019 Foru Arauaren 8. artikuluaren aldaketa (6/2019 Foru Araua, martxoaren 20koa, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorra onesten duena)

Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorra onesten duen martxoaren 20ko 6/2019 Foru Arauaren 8 artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero zehaztuko du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari egingo dion transferentzia, kontsortzioak egiaztatzen dituen urteko finantzaketa-beharren arabera, bai Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari laguntza ekonomikoa emateko –hartara aurre egiteko hiri-hondakinak tratatzeko zerbitzu publikoa ematearekin zuzenean lotuta ez dauden sistemaren kostuei–, bai Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 7. artikuluaren 2.e) apartatuan lurralde historikoetako foru organoei esleitutako eskumenari jarraikiz.

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak 23.452.500 euroko gehieneko muga duen aurrekontu-kreditua jasoko du, honela banakatuta:

(Ikus .PDF)

Zenbateko horiek ordaindu ondoren, osatutzat joko da Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa eratzeko akordioan hartu zuen konpromiso ekonomikoa.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Foru arauaren erregelamenduzko garapena.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Aplikazio eremua.

Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.


Azterketa dokumentala