Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2025eko urtarrilaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
213

AGINDUA, 2024ko abenduaren 30ekoa, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarena, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektuari hasierako onarpena ematen diona eta jendaurrean jarri eta entzunaldia ematen diona.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legeak mugikortasun jasangarria planifikatzeko tresnak arautzen ditu, zeinek mugikortasun-eredu jasangarria lortzera bideratutako ekintza guztien tratamendu sistematikoa, koherentea eta integrala ahalbidetzen baitute. Orobat, legeak ezartzen du ezen mugikortasun jasangarria planifikatzeko tresnetan jasotako zehaztapenak ingurumen-, energia-, lurralde-, hirigintza- eta azpiegitura-plangintzako tresnetan txertatuko direla.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana plangintza-tresna bat da, pertsonen mugikortasunerako eta salgaien logistikarako garraiobideen koordinazioan eta integrazio intermodalean oinarritua dagoena.

11/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako eskuduntzez baliatuz, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektua egin du, eta plana onartzeko prozedura hasi aurretik, oinarrizko dokumentua Eusko Legebiltzarrera bidali du, eta hark aztertu, eztabaidatu eta ekarpenak egin ditu, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren 199. artikuluaren bidetik, lege-testu beraren 196. artikuluari eta hurrengoei dagokienez.

Lege horren 14.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, bidezkoa da Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektuari hasierako onarpena ematea, eta jendaurrean jartzea, eta, aldi berean, administrazio publiko interesdunei entzunaldia ematea, egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak egin ditzaten.

Azaldutako guztiagatik, eta Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legearen 14.5 artikuluan ezarritako eskumena baliatuz, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 3. artikuluarekin lotuta, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektuari hasierako onarpena ematea.

Bigarrena.– Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektua jendaurrean jartzea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean, entitate publiko eta pribatuek eta, oro har, herritarrek egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak egin ditzaten.

Horretarako, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektua eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

Hirugarrena.– Entzunaldia ematea foru-aldundiei, udalerriei eta plan-proiektuaren eraginpean egon daitezkeen gainerako administrazioei, egoki deritzotena alega dezaten, agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 30a.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,

SUSANA GARCÍA CHUECA.


Azterketa dokumentala