
8. zk., 2025eko urtarrilaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (601 KB - 42 orri.)
- EPUB (2522 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
187
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 4koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu eta berrikusi egiten baita Plastigaur SA sozietateari Andoaingo udal-mugartean (Gipuzkoa) plastikozko produktuak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua.
EGITATEAK
1.– Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen hasierako 2021eko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Plastigaur SA sozietateak Andoaingo Ama Kandida Etorbidean (z/g) sustatzen duen plastikozko produktuak fabrikatzeko instalazioari, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren esparruan (1/2016 LED, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
2.– 2020ko abenduaren 9an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Batzordearen 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakia argitaratu zen, 2020ko ekainaren 22koa, industria-emisioei buruz eskuragarri dauden teknika onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz, gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzeko, zura eta zuretik eratorritako produktuak produktu kimikoen bidez kontserbatzea barne hartuta.
3.– 2023ko azaroaren 10ean, teknika erabilgarri onenak berrikusteko prozeduraren esparruan, ingurumen-organo honek aurretiko txostena eskatu zien Andoaingo Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailari (AAI00400_REV_2023_001).
4.– 2023ko azaroaren 24an, Andoaingo Udalak txostena bidali zuen. Bertan, KOLen emisioei buruzko ingurumen-baimen bateratuaren zatia berrikusteko beharra adierazten zen, ahalko balitz eta beharrezkoa izango balitz, Plastigaur SAri emisioak murrizteko TEO berri bat ezar dezan eskatzeko.
5.– 2024ko otsailaren 12an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hau igortzeko eskatu zion Plastigaur SAri: instalazioaren funtzionamenduaren eta 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa.
6.– 2024ko otsailaren 20an, Plastigaur SAk, idazki bidez, astebeteko luzapena eskatu zuen, errekerimendu horri erantzuteko.
7.– 2024ko martxoaren 11n, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Plastigaur SAk.
8.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa dela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko apirilaren 17ko iragarkiaren bidez, 30 egun baliodunez jendaurreko informazioaldian jarriko da baimenaren berrikuspena izapidetzeko erabilgarri dauden teknikarik onenen dokumentazio konparatiboa. Horretarako, 2024ko apirilaren 26an, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen eta dokumentazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen.
9.– 2024ko apirilaren 29an, ingurumen-organo honek txostena eskatu zien Andoaingo Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailari.
10.– 2024ko ekainaren 20an, ingurumen-organo honek txostena eskatu zion Gipuzkoako Urak-Aguas de Gipuzkoa SAri.
11.– 2024ko ekainaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Sailaren txostena jaso zen.
12.– 2024ko ekainaren 25ean, Gipuzkoako Urak-Aguas de Gipuzkoa SAren txostena jaso zen.
13.– Ingurumen-baimen bateratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, egiaztatu zen ez zela alegaziorik aurkeztu.
14.– 2024ko azaroaren 8an, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak erreferentziako espedientea eta ebazpen-proposamena Plastigaur SAren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako; espedientean jasotzen da emaitza.
15.– 2024ko abenduaren 4an, Plastigaur SAk ingurumen-baimen bateratuan funtsezkoa ez den aldaketa bat egiteko eskatu zuen, lurrun-galdarako erregailua aldatzeko. Hala, galdararen funtzionamendurako erabiliko den erregai nagusia gas naturala izango da, eta gasolioa ere erabili ahal izango da, ordezko erregai gisa, hornidura etetean edo antzeko egoeretan (AAI00400_MNS_2024_001).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean 815/2013 Errege Dekretua argitaratu zen, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
2.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua argitaratu zen, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
3.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.
4.– 2019ko urriaren 15ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.
5.– 2020ko urtarrilaren 27an 4/2020 Dekretua argitaratu zen, urtarrilaren 21ekoa, irailaren 25eko 183/2012 Dekretua indargabetzen duena (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), eta, ondorioz, ingurumen-baimen bateratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.
6.– 2021eko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea.
7.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduerak jabari publiko hidraulikora, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora edo kolektorera isuriak egiteko baimena behar badu, nahitaezko txosten loteslea eskatuko zaio organismo eskudunari, isurketaren ezaugarriak eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak zehaztu ditzan.
8.– 2022ko apirilaren 9an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea.
9.– 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
10.– Teknika erabilgarri onenak berrikusteari dagokionez, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluak ezartzen du zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.
11.– Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, dokumentu honen edukia hartu da kontuan: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document on Surface Treatment Using Organic Solvents including Preservation of Wood and Wood Products with Chemicals», 2020koa, Europako Batzordearena.
12.– Aintzat hartuta organo honi dagokiola ingurumen-baimen bateratu hau emateko eskumena, arau hauek hartu dira kontuan: 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
13.– Honako hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Plastigaur SAri Andoainen plastikozko produktuak fabrikatzeko jarduera garatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, Batzordearen 2020ko ekainaren 22ko 2020/2009 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako baldintzetan. Horrela, baimenean jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ebazpen honen eranskinetan jasotakoak izango dira.
Bigarrena.– Ebazpen honen eranskinean zehaztutako eran, aipatzen ari garen ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek aldatzea:
– Lehenengoa.
– Bigarrena.
Hirugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Plastigaur SAri.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Andoaingo Udalari jakinaraztea, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, bereziki, beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batzuk lortu ahal izan ditzaten.
ERREKURTSOAK
Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS