
8. zk., 2025eko urtarrilaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
185
AGINDUA, 2024ko abenduaren 20koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Obarburu de Asistencia Social izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2024ko urtarrilaren 8an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Fundación Obarburu de Asistencia Social izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera, administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Estatutuen 3. artikuluan, fundazioaren xedeak jasotzen dira; honela, hitzez hitz:
«(...) honako hauek dira fundazioaren xedeak: egoera ahulean dauden pertsona-taldeak artatzea, eta, oro har, bazterkeria- edo arrisku-egoeran dauden pertsonek (bereziki haur, nerabe eta gazteek) izan ditzaketen premiak asetzea. Horretarako, pertsona horiek gizarteratzen lagunduko duten programa eta zerbitzu orokor eta/edo espezifikoak landu eta garatuko dira. (...)».
Fundazioaren hasierako zuzkidura 200.000 eurokoa da; horietatik 50.000 euro eratze-egintzan ordaindu ziren. Hala egiaztatzen du eraketa-eskriturari erantsi zaion 2023ko abenduaren 22ko banku-ziurtagiriak. Gainerako 150.000 euroak, eskrituraren bigarren xedapen-puntuan adierazten denaren arabera, modu berean ordainduko dira eskritura egiletsi eta urtebeteko epean.
Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoa da.
Estatutuen 9. artikuluak ezartzen du patronatuak gutxienez hiru kide izango dituela; eta ez da gehieneko kide kopururik ezartzen.
Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (pertsona fundatzaileak izendatu zituen eraketa-egintzan):
• Presidentea: Francisco Javier Larrañaga Aretxederra jauna.
• Idazkaria: Luis Ángel Antiza Ormaza jauna.
• Kidea: Enrique Goicolea Basaguren jauna.
• Kidea: Lucio Soler Celaya jauna.
Larrañaga jaunaren eta Antiza jaunaren onarpena eraketa-egintzan bertan gauzatu zen. Goicolea jaunak eta Soler jaunak euren karguen onarpenak idazki pribatu bidez egin zituzten (notarioak legeztatutako sinadurekin). Idazki pribatu horiek eraketa-eskriturarekin batera protokolizatu ziren.
Presidente eta idazkari karguen iraupena mugagabea da, eta kideena lau urtekoa, fundazioaren estatutuen 9 eta 12. artikuluek xedatutakoaren arabera. Kargu-uzteak eta kide berrien izendapena estatutuen 9 artikulutik 11 artikulura bitarte araututa daude.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2024ko azaroaren 28an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna direnaz bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2024ko abenduaren 20an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman du.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eraketa espediente honen gaineko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua; eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Obarburu de Asistencia Social izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-495 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2023ko abenduaren 22an, Getxon, Enrique María Ruiz Santaflorentina notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan –2024ko martxoaren 15eko eta maiatzaren 13ko eginbidez zuzendua– jasotako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 3370).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 20a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS