
8. zk., 2025eko urtarrilaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
184
492/2024 DEKRETUA, abenduaren 23koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Energiaren Euskal Erakundeari CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei sozietate horren estatutuetako 5. artikulua aldatzeko onespena emateko.
2024ko martxoaren 27an, CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen Administrazio Kontseiluak erabaki zuen 22.310.000 euroko kapital-zabalkuntza proposatzea akziodun bakarrari, eta, ondorioz, estatutu sozialen 5. artikulua aldatzea.
2024ko apirilaren 25ean, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak erabaki zuen Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatean aurreikusitako 22.310.000 euroko kapital-zabalkuntza osorik izenpetzeko.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak dioenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskurapena ez baldin bada behinik behin, nahitaez adieraziko du zein den sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 111.2 artikuluak ezartzen duenez, zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak biek batera proposaturik.
CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen xedea da energia kontserbatzeko eta aurrezteko eta energia berriak garatzeko jarduerak aztertzea, sustatzea eta laguntzea. Horretarako, helburu horiei atxikitako jarduerak egingo ditu, eta, berariaz, eginkizun hauek burutzeko ardura ematen zaio:
a) Energia kontserbatzeko eta aurrezteko eta energia-kogenerazioko jarduerak bultzatzea.
b) Energia hidroelektrikoa eta, oro har, energia berriztagarri guztiak sortzeko proiektuak sustatzea eta babestea. Era berean, hondakin mota guztiak, fisio nuklearretik datozenak izan ezik, helburu energetikoetarako erabiltzea bultzatuko du.
c) Energia berrien garapena aztertzea eta horrelako proiektuetan parte hartzea.
d) Energiaren arloko eta energiarekin erlazionatutako ekipamendu-ondasunen eta industria-zerbitzuen arloko ikerketa teknologikoa sustatzea.
e) Meatokien eta beste baliabide geologiko batzuen ikerketak eta aprobetxamendua sustatzea.
Kapitala zabaltzeko arrazoia da parte hartzen duen proiektu eta sozietatetako inbertsioak finantzatzea, xede soziala Euskadiko 2030 Energia Estrategiarekin bat garatzeko.
Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Energiaren Euskal Erakundeari CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko baimena ematea, HOGEITA BI MILIOI HIRUREHUN ETA HAMAR MILA EUROKO (22.310.000,00) zenbatekoarekin, sozietatearen % 100ari dagokiona. Eragiketa honen ostean, Energiaren Euskal Erakundearen partaidetzak % 100 izaten jarraituko du.
2. artikulua.– Energiaren Euskal Erakundearen titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-zabalkuntzaren ondorioz CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzeko onespena emateko. Artikulu horren idazketan, kapital sozialaren zenbateko berria adieraziko da.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko abenduaren 23an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.
RSS