
6. zk., 2025eko urtarrilaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (280 KB - 26 orri.)
- EPUB (142 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
128
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Ventaja Solar 8 SL enpresak Vitoria-Gasteizen (Araba) sustatutako Bitxilore Solar planta fotovoltaikoaren (6,018 MW-eko potentzia) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko ekainaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzako Arabako Lurralde Ordezkaritzak eskaera bat egin zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Ventaja Solar 8 SLk Vitoria-Gasteizen (Araba) sustatutako Bitxilore Solar planta fotovoltaikoaren (6,018 MW-eko potentzia) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko azaroaren 9an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 4. epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie honako hauei: «4. Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak (...)».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ventaja Solar 8 SLk Vitoria-Gasteizen (Araba) sustatutako Bitxilore Solar planta fotovoltaikoaren (6,018 MW-eko potentzia) proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea, eta xedatzea, espedientean jasotako txostenekin bat, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela, efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian aipatzen diren arrazoiak direla eta. Espedientean jasota dauden hainbat txostenetan jasotzen den bezala, ezin da ziurtatu natura-ondarean (bereziki abifaunan) eta balio estrategiko handiko lurzoruetan eragina izango ez duenik, gertuko ingurunean proiektatuta dauden beste instalazioekin izan ditzakeen sinergia eta metatze-ondorioengatik (Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioek dagoeneko badute ingurumen-inpaktuaren adierazpena, eta energia berriztagarrien beste proiektu batzuk daude 15 kilometroko erradioan).
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da «Bitxilore Solar» izeneko planta fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea; instalazioak 6,018 MW-eko gehieneko potentzia izango du.
Proiektua Vitoria-Gasteizen dago, hirigunetik 3,3 km ipar-ekialdera gutxi gorabehera. Gainera, Jungituko kontzejuaren nukleotik 500 m iparraldera dago (proiektuaren mugen barruan sartzen da) eta Uribarri Arrazua kontzejuaren nukleotik 700 m hego-mendebaldera. Ezarpen-eremua, guztira, 7,46 hektareakoa da.
Instalazio fotovoltaikoa.
Instalazio fotovoltaikoak 540 Wp-ko gehieneko potentzia duten 11.144 modulu izango ditu guztira; horiek 155 egitura finkoren (6Hx12) gainean instalatuta egongo dira, 215 kVA-ko 23 inbertsorera konektatuta, eta 2.500 kVA-ko 2 transformazio-zentrorekin osatuta egongo dira. Transformazio-zentro horiek elkarri lotuta egongo dira erdi-tentsioko lurpeko kableatu baten bidez. Planta fotovoltaikoak 5 MW-eko potentzia instalatua dauka.
Eguzki-modulu fotovoltaikoak ekialde-mendebaldera begira dagoen egitura baten gainean jarrita daude (mahai finkoa). Panel fotovoltaikoen euskarri den egiturari esker, hormigoia erabiltzea saihestu daiteke, baldintza arruntetan. Profilak zuzenean lurrean iltzatuta instalatuko da.
Instalazioak 72 moduluko egitura finkoak ditu egitura bakoitzeko. Instalazioaren eremu osoan zehar banatutako egitura finkoak dira. Egiturak 12 metrotik behin (iparraldetik hegoalderako norabidean) ezarriko dira, jarduketan zehar moduluek itzalik ez egiteko. Kateak bloke edo azpi-instalazio bakoitzaren topologiaren arabera multzokatuko dira, eta horietako bakoitza inbertsore bati konektatuko zaio.
Inbertsoreen bidez, haien potentzia-elektronikaren bidez, modulu fotovoltaikoetako korronte zuzeneko energia behe-tentsioko korronte alternoko energia bihurtuko da; gero, transformazio-zentroan kokatutako transformadoreek erdi-tentsiora igoko dute, zehazki 30 kV-era, lurpeko sare baten bidez azpiestazio jasotzaileraino eramateko.
Erdi-tentsioko hainbat zirkuitu konektatzen dira, eta horiek transformazio-zentroetan sortutako energia biltzen dute. Mailaka, instalazioaren barrualdetik taldekatzen dira, puntu komun batera iritsi arte. Transformazio-zentro bakoitzean dauden erdi-tentsioko gelaxka batzuen bidez lortzen da hori, dagokion erdi-tentsioko zirkuituaren sarrera-irteera bat eginez.
Zirkuituak aluminiozkoak, HEPR isolamenduzkoak eta 30 kV-eko tentsio izendatutakoak izango dira, eta zangetan lurperatuta egongo dira.
Instalazioak datu meteorologikoak neurtzeko estazio bat izango du (instalazioan estrategikoki kokatuta egongo da), monitorizazio-sistemari eta egiturak kudeatzeko sistemari kontrolerako eta segurtasunerako beharrezkoak diren datuak hornitzeko.
«Bitxilore» planta fotovoltaikoak sartzeko eta konektatzeko baimena du Gasteizko Transformazio Azpiestazio Elektrikoaren (30 KV) Gasteiz-Matauko 2 linean (30 kV-ekoa), 1243 eta 1242 zenbakietako euskarrien artean, ebaketa-zentro baten bidez.
Energia instalaziotik ebakuatzeko, 30 kV-eko lurpeko zirkuitu elektriko bat erabiliko da (ebakuazio-linea berria) ebaketa-zentro berriraino (ETRS 89 (HUSO 30): [533311,0324726105; 4747402,553134914] i-DEk Gasteiz-Matauko 2 linearako proposatua. Ebakuazio-lineak 640 m inguruko luzera du guztira; horietatik 528 m lurzatitik kanpo doaz, ia tarte osoan bidearen azpitik, ebaketa-zentroarekin bat egin arte.
Ebaketa-zentro eraiki berriak teleaginte bidez funtzionatuko du, eta konpainia banatzaileari lagako zaio.
Obra zibila.
Instalaziorako sarbideak lehendik dauden landa-bideetatik egingo dira.
Planta fotovoltaikoaren barruko bideak ibilgailuak instalazioko eraikinetara eta inbertsoreetara sartu ahal izateko egingo dira. Barruko bideek 10 cm-ko lodierako ZA-20 zabor-legar artifizialezko oinarria izango dute, aukeratu den materialaren 20 cm-ko lodierako azpioinarri baten gainean. Beharrezkoa izanez gero, drainatze-arekak egingo dira.
Eraikinak.
Eragiketa- eta mantentze-zentroa (15 m2 eraiki) planta fotovoltaikoaren esparruaren barruan kokatuko da. Oinplano angeluzuzena izango du eta solairu bakarrekoa izango da, eta instalazioa behar bezala funtzionatzeko eta mantentzeko beharrezkoa den ekipoa izango du (hainbat faktore neurtzeko pantailak, kontrolagailuak eta aire girotua, barruan tenperatura egokia ziurtatzeko).
Finkapenak, zimenduak eta kanalizazio elektrikoak.
Egiturak finkatzeko, horiek 1,5 metroko sakoneran tinkatuko dira, eremuaren azterketa geoteknikotik eratorritako lurraren erresistentzia oso txikia denean salbu; kasu horretan, hormigoizko dadoak erabiliko dira.
Hesiak masa-hormigoizko zapata gisa zimendatuko dira. Potentzia-estaziorako zimenduak zimendatze-zangak izango dira, potentzia-estazioaren noranzkorik luzeenaren alboen azpian.
Kanalizazio elektrikoak zangan egingo dira.
Perimetro-hesia.
Hesiak 1.120,55 metroko luzera du guztira. Instalazioaren esparru osoa itxitura zinegetiko batek babestuko du, eta itxitura hori 2 metroko altuerako 20/15 bilbea duen bihurdura bakuneko alanbre-sare galvanizatuarekin egingo da. Lurzorutik 15 cm-ko tartea mantenduko da gutxienez. Hesien gutxieneko altuera 1,5 metrokoa izango da.
Lineako zutoin metalikoek 48 mm-ko diametroa eta 1,5 mm-ko lodiera izango dute. Lurrean ainguratuta egongo dira, 30x30x50 cm-ko masa-hormigoizko zapatekin, eta 3 metroko distantziara jarriko dira gehienez. Sartzeko ateek, perimetroko itxituran jarriak, altuera-baldintza berak dituzte. Ateko zutoinen kasuan ere, idulkiak berdinak izango dira. Euste-hodi diagonalek 1,5 hatzeko diametroa eta 0,9 mm-ko lodiera izango dute.
Drainatzeak.
Parke fotovoltaikoaren drainatzea bermatzeko, bideekiko paraleloa den areka-sare bat egingo da jariatze-uretatik babesteko. Kasu horretan, arekek ez dute estaldurarik izango; 1H/1V-ko ezponda izango dute, metro bateko zabalera eta 0,4 metroko sakonera. Estaldura duten arekak jarriko dira luzetarako malda % 3koa baino handiagoa bada, eremuaren topografia xehatuaren arabera.
Osagarri gisa, zeharkako drainatze-lanak egingo dira bideetako puntu zehatzetan, ura eremu batetik bestera igarotzen dela bermatzeko eta, horrela, ekarpen-arroetako jariatze-urak ez metatzeko.
Lur-mugimenduak.
Lur-mugimenduak ura ez pilatzeko eta jariatze-urak errazago husteko moduan diseinatu dira, eta egituren artean desnibel handiak ez sortzeko moduan, haien artean itzalak sor baitaitezke.
Proiektu honetarako egituraren perdoiak honako hauek dira: gehieneko malda onargarria, iparraldetik hegoaldera, % 15; gehieneko malda onargarria, hegoaldetik iparraldera, -% 8 (beherantz, hegoaldera aldera); eta gehieneko malda onargarria, ekialdetik hegoaldera eta hegoaldetik ekialdera, % 15.
Aztertutako alternatibak.
Aurkeztutako dokumentazioak 0 alternatibaren edo «ez esku hartzearen» azterketa jasotzen du, eta kokapen-aukera bakarra: «1. alternatiba. Eguzki-planta fotovoltaikoa Gasteizko Transformazioko Azpiestazio Elektrikoaren hegoaldean eta A-1 autobidearen iparraldean, eta lurrazpiko ebakuazio-linea oso bat». Ez jardutearen aukera alde batera utzi da, ez baitu laguntzen 2030erako Euskadiko Energia Estrategian aurreikusitakoaren arabera lortu beharreko klima-helburuak lortzen.
Proiekturako onartu den lehenengo alternatiba honela justifikatu da, eguzki-planta fotovoltaiko bat instalatzeko beharrezkoak diren aldez aurretiko baldintza teknikoak eta ingurumenekoak betetzen baititu: energia sortzeko aukera, sortutako energia ebakuatzeko gunearekiko distantzia egokia, okupatu beharreko lurren erabilgarritasuna, eta Natura 2000 Sarean eraginik ez izatea. Ingurumen-dokumentuak honako abantaila hauengatik babesten du aukera hori: ebakuazio-gunetik gertu dago, lurpeko ebakuazio-linea bat proposatzeko aukera ematen du, eta ez die eragiten ibai-ibilguei eta Natura 2000 Sareari. Gainera, ezarpen-eremua gizakiak eraldatutako lur-eremu batean dago, eta, bertan, Gasteizko hego-mendebaldeko azpiestazio elektrikoa, linea elektrikoak (oso hurbil), errepideak eta A-1 autobidea daude.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremuak Vitoria-Gasteizko udalerriko lurzoru urbanizaezinaren 7,46 hektareako azalera hartzen du. Bertan, nekazaritza-jarduerak garatzen dira, Gasteizko azpiestazio elektrikoaren ondoan.
– Planaren eremua Zadorraren unitate hidrologikoan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan. Instalazio fotovoltaikoan eta haren ebakuazio-instalazioetan (ebakuazio-linea eta ebaketa-zentroa) ez dago ur-ibilgurik. Honako hauek dira hurbilen dauden lurrazaleko hidrologia-ibilguak: Iturritxo erreka, planta fotovoltaikoa hartuko duen lurzatiaren ipar-mendebaldeko muturretik 100 metro baino gutxiagora; eta haren ibaiadarra, Uragea erreka, 440 m inguru hegoaldera. EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren kartografiaren arabera, Iturritxo erreka 0 mailako erreka gisa sailkatuta dago Gasteizko azpiestazio elektrikotik gertu «izenik gabeko 13312» errekarekin bat egiten duen arte, eta I. mailakotzat hartzen da une horretatik aurrera; ingurumenari dagokionez, erreka ez dago zonifikatuta. Hirigintza-arloan, eremua landa-izaerakoa da. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, proiektuak barne hartzen ditu nitrato-kutsadura izan dezaketen eremuak (Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren ekialdeko sektorea).
– Proiektua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean dago. Proiektuaren eremuan ez dago interes hidrogeologikoko eremurik, baina Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa alubialetik oso hurbil dago. Planta fotovoltaikoaren hegoaldean, lurpeko ur-masa hori bat dator lurpeko ur-masen ekialdeko sektorearekin, eta interes hidrogeologikoko eremu gisa identifikatzen da. Proiektuaren eremua akuiferoak kutsatzeko arrisku ertaina duten eremuetan dago.
– Litologia iragazkortasun txikiko (pitzaduragatik) margokareharriek eta tuparriek osatzen dute, eta orografia laua da. Eremuak ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen (GIL) inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko punturik edo lekurik, baina «Salburuako hezeguneak eta kuaternarioa» GILaren eragin-eremuan dago.
– Instalazio fotovoltaikoak laborantza-lurzoruak hartzen ditu, gaur egun landuta daudenak, eta balio estrategiko handikotzat jotzen ditu EAEko Nekazaritza eta Basogintzako LPSak. Lurpeko ebakuazio-linea berria, ebaketa-zentroraino, «Baso-mendi mehatzaren» unitatean dago, baina lehendik dagoen bidea da. Proiektuan ez dago onura publikoko mendirik.
– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» azterketaren eta geoEuskadi atarian eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, proiektua sentsibilitate goreneko eremu batean dago, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak halakotzat hartzen duelako (balio estrategiko handiko lurzoruak).
– Landarediaren ikuspuntutik, eta Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografia (geoEuskadi) kontuan hartuta, instalazio fotovoltaikoak eta ebaketa-zentroak okupatuko dituen lurretan zereala, patata eta erremolatxa lantzen dira. Lurpeko ebakuazio-linea berria lehendik dagoen bidearen azpian proiektatzen da, landaretzarik gabeko eremuetan edo landaredi erruderal nitrofiloa duten eremuetan. Aurkeztutako dokumentazioak landatutako lursailak hartuko direla berresten du, zeinak balio botaniko txikikotzat hartzen baititu, eta naturalizatutako landaredia dagoela adierazten du, Iturritxo errekaren ibilguan, hain zuzen. Gainera, proiektuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik, ezta mehatxatutako flora-espezierik ere.
– Ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko GAO, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako eremurik ere. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremuan nekazaritza- eta abeltzaintza-izaerakoak diren eta gizakiak eraldatu dituen ekosistemetara egokitutako ugaztunak daude; oro har, tamaina ertaineko edo txikiko ugaztunak dira, hala nola satitsu arrunta (Crocidura rusula), hainbat murido (Mus sp.) edo mikrotinoak (Microtus sp.), baina untxiak eta azeri, erbinude edo katajinetaren bat eta saguzarrak aurkitzeko aukera ere jasotzen du. Gainera, baliteke azterketa-eremuan narrastiak aurkitzea, hala nola muskerrak eta sugandilak, edo sugeak (hegoaldeko suge leuna edo gorbataduna), baita anfibioak eta hegazti multzo handi bat ere, horien artean kutturlio arrunta (Galerida cristata) eta hegatxabal arrunta (Alauda arvensis), bai eta estepako hegaztiak ere: mirotz zuria eta mirotz urdina (Circus cyaneus eta Circus pygargus), eta, noizean behin, zingira-mirotza (Circus aeruginosus).
– Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareak babestutako naturagunerik, ezta inbentariatutako beste eremu babestu edo natura-intereseko eremurik ere, eta ez dago katalogatutako paisaia-balioko gunerik edo kalifikatutako edo inbentariatutako kultura-ondareko elementurik ere. Era berean, eremuan ez dago EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik edo azpiegitura berdearen elementurik. Eremu babestu bakar bati ere zuzenean ez eragin arren, adierazi behar da, proiektuaren eremutik 150 m ingurura ibaian behera, Iturritxo erreka HBBE/KBE ES2110014 Salburuako babes-eremu periferikoan dagoela.
– Bitxilore proiektuaren 10-15 km inguruko erradioan hainbat instalazio daude proiektatuta, energia berriztagarrietakoak, proiektu horien edo urrunagoko beste batzuen ebakuazio-lineak barne.
– Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira uholde-arriskuarekin, sismikotasunarekin, SEVESO enpresetatik hurbil egotearen ondoriozko arrisku kimikoarekin, edo trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzearekin lotutako arriskuak. Proiektuaren eremua errepideen 200 metroko eta 600 metroko afekzio-bandek ukitzen dute; alde horretatik, A1 da erreferentzia-errepidea, zeina salgai arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskugarritasun ertainekoa baita. Proiektua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Ihoberen lurzoruen inbentarioko ezein lurzatiren zati. Azkenik, eta geoEuskadirekin bat etorriz, proiektuaren eremuan ez dago baso-suteen arriskurik.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Instalazioa egitean sortutako inpaktu nagusiak honako hauekin lotuta daude: eguzki-panelak jartzeko nekazaritza-lurzorua okupatzea; eguzki-jarraigailuak iltzatzea; transformazio-zentroen, ebaketa-zentroaren eta perimetro-hesiaren zutoinen oinarriak hormigoitzea; barne-bideen sarea egitea; eta lubakiak egitea kable elektrikoak jartzeko. Bestalde, lehendik dauden landa-bideetatik sartzen da lurzatira.
Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra fasean sortuko da, eta ustiapen fasean ere jarraituko du, instalazioaren balio-bizitzak irauten duen artean; dokumentazioaren arabera, 25 urtekoa izango da balio-bizitza. Inpaktua leheneratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, zuzenketa-neurri soil batzuk hartuta.
Nekazaritza-produktibitatearen galerari dagokionez, kontuan hartu behar da eguzki-panelak jarriko diren lurzatiak nagusiki nekazaritzakoa den ureztatze-eremu batean daudela, eta balio estrategiko handiko lurzoruetan, eta eremu horretan ukitutako labore motak ugariak direla. Nolanahi ere, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSren arabera, IFV A motako zerbitzu-instalazio tekniko ez-lineala da, eta, beraz, instalazio hori nekazaritza eta abeltzaintzako eta landazabaleko zonan instalatu ahal izango da, bai «estrategikoan», Araba erdialdeko eremu funtzionalean egoteagatik, bai eta «trantsizio-paisaian» ere, baldin eta nekazaritza eta basozaintzako jardueran izango duen eragin sektoriala aztertzen bada, eta neurri zuzentzaileak hartzen badira, sektore-eragina ebaluatzeko protokoloan (SEEP) jasotako baldintzetan (aipatutako Nekazaritza eta Basozaintzako LPSren I. eranskineko D dokumentua, «Jarduketa-tresnak»). Ingurumen-agiriak ez du azterketa hori jasotzen. Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailaren Nekazaritza Garapeneko Zuzendaritzak txostena eman du, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez ukitutako administrazio publikoei egindako kontsulten esparruan. Bada, txosten horretan, eranskin gisa jaso du azterketa hori, eta ondorioztatu du proiektu honek eragindako inpaktua bateragarritzat jotzen dela Vitoria-Gasteizko udalerrian, eta moderatutzat Jungituko kontzejuan, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan xedatutakoarekin bat etorriz. Era berean, txostenean adierazten da neurri berriak sartu eta birformulatu behar direla inpaktua minimizatzeko.
Ildo horretan, azpimarratu behar da, energia eoliko eta fotovoltaikoen ingurumen-zonakatzearen proposamenarekin bat etorriz (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratu zuen: Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin), IFVaren zatirik handiena energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzeko sentsibilitate handieneko kokaleku batean dagoela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Lurralde Plan Sektorialak halakotzat hartzen duelako (balio estrategiko handiko lurzoruak).
Bestalde, espedientean jasota dago Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren txostena, eta hor eskatzen da zabaldu dadila alternatiben azterketa, eta azter daitezela lurzoru urbanizaezinetik edo degradatuetatik kanpoko kokapenak, proiektuak ez dezan eragin nekazaritza-lurzoruetan, eta, bereziki, balio estrategiko handikoetan eta nekazaritzako ustiategietan.
Faunari dagokionez, eta bereziki abifaunari dagokionez, espedientean Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostena jasota dago. Uste dute dokumentuaren xehetasun-maila eskasa dela, ez baitira zehatz-mehatz aztertzen proiektuak zuzenean eragin diezaiekeen espezieak, hala nola mirotz urdina (Arabako Lautadako hainbat labore-eremutan egiten ditu habiak). Gainera, uste dute nekazaritza-eremuekin lotutako hegaztientzako ondorio metatzaile edo sinergiko garrantzitsuak izan ditzakeela, proiektuaren inguruan energia berriztagarrien beste instalazio-proiektu batzuk daudelako eta ondorio horiek ez dira aztertu. Bestalde, beharrezkotzat jotzen dute faunarentzat proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak berrikus daitezela (txostenean adierazitako irizpideak kontuan hartuta) eta ingurumena zaintzeko planak txostenean adierazitako irizpideak jaso ditzala. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren txostenean ere adierazten da ez direla aztertu beste instalazio fotovoltaiko batzuekiko metatze- eta sinergia-efektuak.
Obren fasean, obrako hondakinak sortuko dira, eta, hala badagokio, baita lur-soberakinak ere. Gainera, urak kutsatzeko arriskua dagoela ere izan beharko da kontuan, handik gertu Iturritxo erreka dagoelako, baita akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun-maila ertaina duten eremuak ere.
Eguzki-planta fotovoltaikoak eragindako paisaia-ondorioei dagokienez, ingurumen-dokumentuak ondorioztatu du, gertuko ingurunean, jarduketa oso ikusgarria dela Jungitu herrigunetik, eta ertaina A-1 errepidetik; ikusgarritasuna txikiagoa da urrunetik, eta, beraz, inpaktua bateragarria dela jasotzen du. Era berean, instalazio berriak disimulatzeko, instalazioaren perimetro osoan espezie autoktonoak landatzea aurreikusi da, 5 metroko zabalerarekin.
Azkenik, balizko inpaktuen artean kontuan hartu behar dira giza osasunaren eta atseden publikoaren gaineko eragin zuzenekoa edo zeharkakoa; hauts gehiago harrotuko da, soinu-maila igoko da, etab. Bitxilore Solar planta fotovoltaikoak guztiz eragiten dio Jungituko biztanle-guneari, 500 metrora baino gutxiagora baitago.
Bigarrena.– Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzaren Arabako Ordezkaritzari eta Ventaja Solar 8 SL proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 2a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
ERANSKINA
1.– Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.
Aurrekoari jarraikiz, garatzen diren atalek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:
– Proiektuaren deskribapen orokorra eta lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Sortuko diren hondakinen, isurien eta materia- eta energia-emisioen motak eta kantitateak zenbatestea.
– Aztertutako alternatiba nagusiak azaltzea, 0 alternatiba barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumen-ondorioak kontuan hartuta.
– Ingurumen-inbentarioa eta interakzio ekologiko edo ingurumen-interakzio garrantzitsuenen deskribapena.
– Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta neurtzea: ebaluatuko da ea zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko interakzioari, proiektua egikaritu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan gertatuko denari.
Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen ondorioen ebaluazioa, leku bakoitzeko kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Proiektuak naturagunean izango dituen inpaktuak, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak eta horien jarraipena jasoko dira.
– Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi handiren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte nabarmenen deskribapena, aztergai dagoen proiektuari dagokiona.
– Ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak.
– Ingurumena zaintzeko programa.
– Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako zailtasun informatibo edo teknikoen txostena, zailtasunik izan bada.
Ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko, energia berriztagarriak jartzeko ingurumen-zonakatzea kontuan hartzea gomendatzen da. Zonakatze hori Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egin du, «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» lanaren esparruan. Horren arabera, GIS tresna bat egin behar da, eta tresna hori geoEuskadi atarian egongo da eskuragarri; hari esker identifikatu ahal izango da lurraldeko zer eremuk dituzten ingurumen-baldintzatzaile handienak parke eolikoak ezartzeko.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu beharko da zonakatzea, eta dagozkion justifikazioak aurkeztu beharko dira, aipatu tresnarekin gertatzen diren gainjartzeen arabera.
Era berean, inpaktuari buruzko azterketa egiterakoan, honako dokumentu hauek hartuko dira kontuan: Parke fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuko ikerketen edukia, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena; Guía metodológica para la valoración de repercusiones de las instalaciones solares sobre especies de avifauna esteparia; eta Guía para la elaboración de estudios de impacto ambiental de proyectos de plantas solares fotovoltaicas y sus infraestructuras de evacuación, azken bi horiek Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak argitaratuak.
Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumen-inpaktuaren azterketak aipatutako atalak garatu beharko ditu, ondoren adierazitako zabaltasunarekin eta xehetasun-mailarekin.
1.1.– Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak xede den proiektuaren irismena zehaztu beharko du, Ventaja Solar 8 SLk Vitoria-Gasteizen (Araba) sustatutako Bitxilore Solar planta fotovoltaikoaren (6,018 MW-eko potentzia) proiektuari dagokionez. Hala ere, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren ataletan «Vitoria Solar 1» eta «Vitoria Solar 2» eremuetatik gertu dauden instalazioak izan beharko dira kontuan (ingurumen-inpaktuaren adierazpena dute), baita gaur egun izapidetzen ari diren tipologia bereko instalazioak ere. Horregatik, proiektuak eragindako inpaktuak baloratzen dituen atalean izan beharko dira gogoan, baita inguruan proiektatutako instalazio fotovoltaikoen proiektuekin izan ditzaketen metatze- eta sinergia-ondorioak ere. Horrez gain, 10-15 km-ko ingurunean kokatuta dauden instalazio fotovoltaikoko beste proiektu batzuekin izan dezakeen lotura izan beharko litzateke kontuan.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako natura-baliabideen erabilerari dagokionez. Halaber, jardueren ondorioz sortuko diren energia kopuruak eta materia-hondakin, -isurketa eta -emisioen motak eta kopuruak zenbatetsi behar ditu, eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan ondorio nabarmenak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu, egikaritze fasea eta funtzionamendu-fasearen azterketa xehatuaren bitartez.
Hala eta guztiz ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak esku-hartzearekin lotuta dagoen jarduketa multzoaren deskribapen xehea barne hartu behar du, eta okupatu edo aldatuko diren azalera guztiak kontuan hartu behar ditu; bereziki, inguruneko ingurumen-baldintzei nabarmen eragin diezaieketen ekintzak identifikatu behar ditu, zehatz aztertuta instalazioa egiteko fasea, instalazioaren funtzionamendu-fasea, baita instalazioa gelditu eta bertan behera uztekoa ere. Halaber, sortuko diren materia- edo energia-hondakin, isuri eta emisio motak eta kopuruak balioetsi behar dira.
Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak bai proiektuak proposatutako jardueratik beretik eta bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke; bereziki, honako hauetatik: lehendik dauden sarbideak egokitzetik, obrarako instalazio lagungarriak eta materialak eta makinak kokatu eta ezartzetik, nahiz parke eolikoan sortutako energia elektrikoa ebakuatzeko linea eraikitzeak eta abian jartzeak berekin dakartzan ekintzetatik.
Jarduketa guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuta.
Gainera, espedientean dauden txostenen arabera, justifikatu beharko da proiektuak bera gauzatuko den udalerrien lurralde- eta hirigintza-plangintzak betetzen dituela eta horiekin bateragarria dela. Hala, erabat definituta geratu behar dute gai hauek:
1.1.1.– Proiektuko ekintzak, eraikuntza fasean.
– Proiektuaren eragin-eremuaren kokapena eta mugaketa: instalazio fotovoltaikoak (aurrerantzean, IFV) hartzen duen eremu osoa, eragindako «uharte» bakoitzaren azalera bereizita, eta transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroak hartzen dutena; ebakuazio-linearen okupazio- eta zortasun-zerrendak; lanak egiten diren bitartean instalazio osagarrietarako okupatuko den eremua, metatze-eremua, sarbideak eta ebakuazio elektrikorako linea egiteko aldi baterako okupazioa, etab. Zehatz-mehatz zehaztuko dira zolatu edo zigilatu egingo diren azken gainazalak.
– Instalazioaren ezaugarri nagusiak: urtean sortzea aurreikusten dena (GWh/urte), instalatutako potentzia (MW eta MWp).
– Garraio-sarerako ebakuazio-puntua eta ustiapen fasearen iraupena.
– Lurzatiaren urbanizazioak eduki behar dituen ezaugarriak.
– Panel fotovoltaikoak:
• Panel fotovoltaikoen multzoen kopurua eta kokapena, xehetasunezko plano batean adierazita, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sisteman.
• Panelen neurriak, panelak nola dauden elkartuta eta panelen arteko distantzia.
• Bakoitzaren potentzia.
• Islapen horizontalaren gradua.
• Euskarri mota eta ainguraketaren eta zimendatzearen neurriak.
• Muntaketa-prozesuaren xehetasuna.
– Instalazioaren barneko azpiegitura elektrikoa: transformazio-zentroen kokapena eta ezaugarriak, interkonexioetako kableetarako zangen neurriak (zabalera eta sakonera). Zangen eta horiek egiteko lur-mugimenduen luzera osoa, lan-zabalera, eraikitzeko fasean okupatuko diren zerrenda eta azalera osoak.
– Linea elektrikoa:
• Lurpeko tarteen deskribapena: hasiera eta amaiera, tentsioa, trazadura, luzera, zangaren sekzio motak, aldi baterako eta behin betiko okupazio-zerrendak. Argitu beharko da zangak lehendik dauden bideetan edo errepideetan zehar joango diren edota haien ondotik. Horrez gain, ibilguak zeharkatzeko erabiliko diren metodoak deskribatuko dira, baita lurrazpiko tartearen eta zubien arteko loturak izan behar dituen baldintzak ere.
• Hala badagokio, aireko tarteen deskribapena: hasiera eta amaiera, tentsioa, trazadura, luzera, euskarrien kopurua eta ezaugarriak (altxaera, altuera, zimenduak), aireko kablearen altuerak, eroaleen eta euskarrien arteko distantziak, isolamenduak, eraikitzeko eta kableak jartzeko metodoa.
• Interkonexioko linea (parketik azpiestaziora doana) den edo ebakuazio-linea (azpiestaziotik lineak elkartzen den eremura doana) den zehaztea.
• Lineak zeharkatuko dituen azpiegiturak eta zerbitzuak (sare elektrikoa, bideak eta abar), eta horiek berrezartzeko lana.
• Segurtasun-kalearen zabalera, eta mozketak edo kimaketak egingo diren lekuen azalerak, halakorik balego.
• Instalazio osagarriak eta metatze-guneak: kokapena eta okupatuko duten azalera.
• Sarbideak irekitzeko beharrak. Lehendik dauden bideak erabili beharrean bide berriak irekitzeko beharra justifikatzea. Bide berri horiek aurreko puntuan adierazitako xehetasun-maila berarekin deskribatuko dira.
– Hala badagokio, aireko linearen euskarriak:
• Euskarri kopurua.
• Euskarri bakoitzaren X eta Y koordenatuak (ETRS89) eta euskarri bakoitza zer udalerritan dagoen kokatuta.
• Dagokion linea ebakuazio-linea den edo interkonexio-linea den.
– Azpiestazio elektrikoa eta ebaketa-zentroak: azpiestazioaren izena; instalazioa non kokatuta dagoen (X eta Y koordenatuak ETRS89 sisteman); interkonexio-linea den edo nodora iristeko linea den; sarrera-tentsioa eta irteera-tentsioa; neurriak eta eraikuntza-elementuak (hesia, sarbidea, eraikinak eta abar). Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduak. Lur-erauzketak eta betelanak egitea.
– Itxiturak: luzera, altuera eta eraikuntza-materialak. Itxitura mota, diseinua (jarraitua, esparruka, etab.), guztizko luzera eta altuera, faunarentzako iragazkortasunaren ezaugarriak eta proiektatutako zaintza-sistema. Ildo horretan, Vitoria-Gasteizko Udalak itxitura zinegetikoaren altuerari buruz egindako txostenean xedatutakoa bete beharko da; altuera ez da izango 1,50 m baino handiagoa.
– Zerbitzu-hornidura: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu-sarea, ur-hornidura, telefonia-sarea, argiteria eta abar; xehetasun nahikoaz aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik, aurreikusten diren trazaduren egokitasuna, lursailen okupazioa eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak. Kontuan izan behar da drainatze-sareak hustubide naturaletara kanalizatu behar duela inguruko jariatze-ura, eta sistema efizienteenak izan behar direla euri-urak bildu eta husteko, barrutia zeharkatzen duten jariatze-urek ez ditzaten kutsagarriak (lixibiatuak) arrastatu. Instalazioaren drainatzea baliatzeko aukera, faunarentzako babes gisa balioko duen urmael bat sortzeko.
– Parkerako sarbideak. Deskribapenean jaso beharrekoak:
• Trazadura. Bideen luzera.
• Luzetarako profila.
• Zeharkako profilak.
• Eredu-sekzioak.
• Egindako lur-erauzketak eta betelanak: aldapak eta gehieneko altuerak.
• Fabrika-obrak.
• Aldi baterako okupazioak.
• Lineak zeharkatuko dituen azpiegiturak eta zerbitzuak (sare elektrikoa, bideak eta abar), eta horiek berrezartzeko lana. Eroanbide eta bide berrien trazadura.
• Obrako instalazio osagarrien eta materialak metatzeko guneen kokapena.
• Ur-ibilguen desbideratzeak, kanalizazioak eta abar egin beharra (behin-behinekoak eta behin betikoak).
• Zailtasunak dauden tokietan –aldapak, harkaitz-eremuak, ur-ibilguak, jariatze-urak eta abar–, bideak nola eraikiko diren zehaztuko da.
• Bereizi egin beharko dira egokitu beharreko zatiak eta bide berriak –lehenengoaren kasuan, egokitzea zertan datzan adieraziko da–. Lehendik dauden bideak erabili beharrean bide berriak irekitzeko beharra justifikatuko da.
– Lur-mugimenduak, IFVa ezartzeko behar direnak eta ebakuazio-linea elektrikoa ezartzeko behar direnak bereizita. Lurren balantzea: zenbatetsitako soberakin-kantitatea, proiektuan bertan erabili ahal izango diren soberakinen bolumena eta soberakinen xedea, hala badagokio.
– Proiektuko fase bakoitzean sortutako hondakinak: ezaugarriak, sortutako kopuruak, metatzeko guneak eta tratamenduak.
– Hautsa, zarata eta bibrazioak sortzea.
– Osasunerako eta ondare materialetarako arriskuren bat dakarten jarduketak identifikatzea.
– Obra-aldiko trafikoa, aurreikusten den trafikoaren zenbatespena eta aukeratu diren ibilbideak, obrek egungo trafikoan norainoko eragina izan dezaketen eta nolako eragozpenak eratortzen diren zehaztuta.
– Obren iraupen aurreikusia eta obra-plana. Proiektua eraikitzeko eta martxan jartzeko kronograma.
1.1.2.– Funtzionamendu faserako:
– Instalazioaren aurreikusitako ekoizpena (GWh/urte).
– Panel fotovoltaikoen errendimendua denboran zehar. Ordezteko beharra, hala badagokio. Instalazioaren eta panel fotovoltaikoen bizitza baliagarria.
– Instalazioa ustiatzeko eta mantentzeko behar diren erregaiak eta produktu kimikoak, bai eta horiek biltegiratzeko elementuen edukiera eta kokapena ere. Biltegiratze-guneen ezaugarriak, isurtze edo errekuntzaren ondoriozko istripuak saihesteko segurtasun-neurriak.
– Beharko den uraren jatorria eta bolumena, hala badagokio, instalazioaren ustiapen fasean zehar.
– Instalazioko eta azpiestazio elektrikoetako elementuen gaueko argiztapen- edo seinaleztapen-sistema.
– Mantentze-lanetarako aurreikusitako makinak identifikatzea, hala badagokio.
– Zarata sortzen duten ustiapen-jarduerak, zarata horrek populazioan edo faunan ondorio nabarmenak eragin ditzaketenetan.
1.1.3.– Proiektua bertan behera uzteko eta eraisteko faseko ekintzak.
– Erabilitako ekipoen bizitza baliagarria. Jarduketa noiz etengo den (ixteko baimen administratiboa) eta eraistea noiz hasiko den. Eraispen fasearen iraupena.
– Panelak, transformadoreak, lurpeko eta aireko linea elektrikoak, azpiestazioak, bide-sarea, eraikinak eta gainerako elementu osagarriak eraisteko eragiketen xehetasuna. Bideekiko eta lurpeko linea elektrikoen ibilguekiko gurutzaketen eraistearen xehetasuna.
– Okupatu beharreko azaleren eta eraisteko jarduketa osagarrien kartografia (desmuntatze-lanak egiteko, materialak edo hondakinak aldi baterako metatzeko, zabortegietarako, makinak aparkatzeko edo haien mantentze-lanak egiteko eragiketa-azalerak, sarbideak eta abar).
– Eraispenaren ondoren parkeak erasandako azaleren lehengoratze/berreskuratze geomorfologikoa eta edafikoa egiteko eta landaredia leheneratzeko jarduketak.
– Instalazioak eraistean sortuko diren hondakinak, materialen ezaugarriak, sortuko diren hondakinen azken helmuga, haien ezaugarrien arabera, etab.
Atal honetako informazioarekin batera, proiektuaren eskalako planoak aurkeztuko dira, edukia hobeki ulertu dadin. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafiko posibleaz gain, honako plano hauek aurkeztu beharko dira:
– Linea elektrikoaren trazadura. Zortasun-eremua.
– IFVaren drainatze-sistema.
– Gune osagarrien eta sarbideen kokapena.
Proiektua deskribatzeko informazio grafikoa pdf geoerreferentziatu formatuan eta shape formatuan aurkeztuko da. Azken hori ingurumen-organoaren webgunean argitaratutako jarraibide hauetara egokituko da: (aurkeztu behar diren geruza geografikoen zerrenda, dagokien datu-egiturarekin): Parke fotovoltaikoetarako datuen egitura (XLSX, 32 KB).
1.2.– Alternatiben azterketa eta hartutako irtenbidearen justifikazioa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne.
IFVrako zein linea elektrikorako, proposatutako irtenbidea justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko zaie dauden soluzio tekniko guztiei ere.
Alternatiben azterketa hura osatzen duten instalazio guztietara zabaldu beharko da (ebaketa-zentroaren kokapena, elektrizitatea ebakuatzeko lineak, transformazioko azpiestazioa, etab.), eta lurzoru naturalaren kontsumoa ez dakarten alternatibak bultzatuko dira.
Alternatiba onenaren hautaketa irizpide anitzeko azterketa global batean oinarritu beharko da, eta, bertan, alderdi ekonomikoez gain, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuko dira.
Alternatibak baloratzeko prozesu horretan, kontuan hartuko da, gutxienez, zer inpaktu izango dituen alternatiba bakoitzak Batasunaren intereseko eta fauna mehatxatuaren habitatetan, naturagune babestuetan, kultura-ondarean eta balio estrategiko handiko lurretan.
Azterlanak zenbait irtenbide proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, ingurunearen osagai baliotsuenen gaineko eragina minimizatzeko; hau da, funtsean, proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturalaren, mehatxupeko faunaren eta balio estrategiko handiko lurren gainekoa.
Ildo horretatik, IFVa lurzoru urbanizaezinetik edo degradatuetatik kanpo jartzeko kokapen posibleak aztertu beharko dira, proiektuak ez dezan eragin nekazaritza-lurzoruetan, eta, bereziki, balio estrategiko handikoetan, ureztatze-eremuetan eta horiekin lotuta dauden nekazaritza-ustiategietan, eta, bereziki, ez diezaion eragin inguruan bizi den faunari.
Alternatibak aztertzean behar bezala justifikatu beharko da alderdi horiek nola kontuan izan diren.
Atala bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, horretarako, bermatu beharko da hautatutako alternatiba bideragarria dela bai teknikoki bai ingurumenari dagokionez, eta ahalegina egingo dela ahalik eta eraginik txikiena izan dezan ingurumenaren osagaietan.
Alternatibarik egokiena aukeratzeko, eta ebazpenaren aurreko ataletan adierazi den bezala, energia berriztagarriak jartzeko ingurumen-zonakatzea kontuan hartzea gomendatzen da. Zonakatze hori Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egin du, «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» lanaren esparruan. Horren arabera, GIS tresna bat egin behar da, eta tresna hori geoEuskadi atarian egongo da eskuragarri; hari esker identifikatu ahal izango da lurraldeko zer eremuk dituzten ingurumen-baldintzatzaile handienak parke fotovoltaikoak ezartzeko.
1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.
Atal honetan, eremua deskribatuko da, osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen eragina gehien jasan dezaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.
Atal hau egiteko, kontsultatutako administrazio publikoetatik eta interesdunetatik jasotako txostenak hartuko dira kontuan.
Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokiko mailan, eskualdekoan eta abar).
Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, edo norberak prestatuak edo bestelakoak.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak saihesturik, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuta.
Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko da.
Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak alderdi hauek jorratuko ditu:
Geologia eta geomorfologia.
Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologikoak eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, eremu eta ibilbideen identifikazioa.
Edafologia.
Ahalmen agrologiko handia duten lurzoruak identifikatuko dira, bai eta EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handikotzat jotakoak ere.
Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.
– Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko eremuen, interes hidrogeologikoko eremuen, karga-eremuen, iturburuen, hustubideen eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta eremu horien eta proiektuaren arteko lotura. Orobat, lurpeko uren kalitateari buruzko datuak emango dira.
– Ur Sarearen ezaugarriak. Aldi baterako ur-ibilguen eta ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioko elementuen arteko elkarreragina zehaztuko da, bereziki, proiektuaren eragin-eremuaren uholde-arriskuari dagokionez, ebakuazio-linea barne.
– Gainazaleko ur-puntuen inbentarioa, hezeguneak, ureztapen-putzuak, putzuak, uraskak eta abar barne hartuta.
Landaredia, flora, eskualdeko intereseko habitatak eta Batasunaren intereseko habitatak.
Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta babes- eta zuzenketa-neurri egokiak ezartzeko, kartografikoki zehaztu beharko da proiektuaren eragin-eremuko landaredi autoktonoaren, Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdeko intereseko habitaten banaketa. Kartografia hori habitatak zehazki mugatzeko erabiliko da –bereziki, lehentasunezkoak–, proiektuak eragin ez diezaien.
Aipatutako intereseko habitat eta komunitateei dagokienez, proiektuaren eraginpean egongo den azalera zenbatetsi beharko da, eta habitat horietako bakoitzaren adierazgarritasunarekin kontrastatu –tokikoa, eskualdekoa eta abar–, habitat horien azaleraren galera objektiboki ebaluagarria izan dadin eta proiektuaren eraginari buruzko irizpen argi bat eman ahal izateko.
Azterketa hau egiteko abiapuntu gisa, geoEuskadin dagoen kartografia tematikoa erabil daiteke, baina informazio hori eremuan bertan kontrastatu beharko da, xehetasun-kartografia in situ eginez, ahal dela GIS tresnen bidez, natura-balio handieneko elementuak identifikatzea eta horiek kuantifikatzea ahalbidetuko duen eskala batean.
Espezieen banaketa-mapa egingo da, landa-lanetan oinarrituta. Landarediaren karakterizazioak honako hauek hartuko ditu barnean: landare-komunitateen kontserbazio-maila, egituraren konplexutasuna, espezie bereizgarriak, enblematikoak edo esanguratsuak eta fauna-espezie mehatxatuak hartzeko ahalmena (umatze-, babes- eta elikadura-eremuak).
Azterketa horretan, espezie aloktono inbaditzaileen identifikazioa eta kokaleku zehatza barne hartuko dira.
Fauna.
Aztergai den eremuan dauden fauna-komunitateak deskribatuko dira, arreta berezia jarrita fauna-espezie mehatxatu (fauna ornogabeko espezie babestuak barne) eta haien umatze, babes eta elikadurarako eremuei. Prospekzioak espezie bakoitzaren ziklo biologikoari egokitzen zaizkien garaietan egingo dira, espezie bakoitzaren bizi-zikloko garai garrantzitsuenak (ugalketa eta umatzea) ezinbestean barne hartuta, baita espezie bakoitza aurkitzea edo identifikatzea errazagoa den garaiak ere. Ingurumen-inpaktuaren azterketetan, atal hau egiteko erabilitako metodologia, iturriak eta erreferentziako datu-baseak zehaztu eta justifikatu behar dira. Faunaren inbentarioak informazio bibliografiko eguneratuan eta fidagarrian egon behar du oinarrituta beti, eta honako datu hauek ezagutzeko aukera ematen duen (modu kualitatiboan eta kuantitatiboan) landa-eremuko azterketa batean: leku horretan garrantzi gehien duten fauna-populazioak, horiek nola banatuta dauden, kontserbazio-egoera, eta jarduketa-eremuan eta ingurunean egiten duten erabilera.
Proiektuaren eragin-eremuan putzuak eta hezeguneak baldin badaude, anfibioen komunitateak edo haiei lotutako beste espezie batzuk aztertuko dira. Eremu horiek xehetasun-mapa batean kokatuko dira, obrei ekin aurretik seinaleztatuta eta balizatuta egon daitezen lursailean, eta obrek inolako kalterik eragin ez diezaieten.
Horrelakorik dagoenean, faunari buruzko azterketan sartu behar dira hezeguneei lotutako uretako hegaztiak eta estepako hegazti-espezieak elikatzeko erabiltzen diren bizi-eremuen mugaketa, bereziki mirotz urdinarena (Circus pygargus). Gertuko ingurunean bizi diren «galzorian» katalogatutako espezie erdi-urtarrak izan beharko dira kontuan; izan ere, Salburuako KBEa (ES2110014) dago 2,6 km-ra (hego-ekialdera), Zadorra sistemako urtegien KBEa (ES2110011) 3 km-tik gorako distantziara (ekialdera) eta Zadorra ibaia KBEa (ES2110010) (mendebaldera).
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenaren arabera, kontuan izan beharko da orain arte faunari buruzko ingurumen-dokumentuan aurkeztutako datuak oso urriak direla; horrez gain, fauna asko eta askotarikoa erakartzen duten guneekiko gertutasuna izan behar da kontuan.
Ildo horretan, bat etorriz Guía metodológica para la valoración de repercusiones de las instalaciones solares sobre especies de avifauna esteparia eta Guía para la elaboración de estudios de impacto ambiental de proyectos de plantas solares fotovoltaicas y sus infraestructuras de evacuación gidetan jasotakoarekin, landa-eremuko azterketa bat egin beharko da urteko ziklo oso batean, eguzki-instalaziotik gutxienez 2 km-ra zabalduta dagoen eremu batean, funtsezko espezie bakoitzaren mugikortasunaren arabera, lehen aipatutako espezieren baten hazkuntza-, elikadura- edo kontzentrazio-eremuetan eragina izanez gero.
Gida horietan jasotakoa izango da kontuan, eta, besteak beste, abifaunari buruzko azterketan espezie bakoitzaren alderdi hauek adieraziko dira: lurraldean duen babes-kategoria, populazioen balioespena, banaketa-eremua, fenologia eta espezieak lurraldeari ematen dizkion erabilerak, eta, hala badagokio, habitatak erabilera motaren arabera bereiziko dira, eta habitat kritikoak, eragindako errekerimendu ekologikoak eta proiektuarekiko kalteberatasuna nabarmenduko dira. Espezie horiek kontserbatzeko neurri berezirik ba ote dagoen ere zehaztuko da. Neurri horiek, hala badagokio, espezie bakoitzaren kudeaketa-planetan edo beste dokumentu arauemaile batzuetan jasota egongo dira.
Azterketan, erabilitako metodologiaren xehetasunak eta nahikotasuna adieraziko dira (erabili diren laginketa-metodoak, laginketarako egin den ahalegina, laginketen egutegia, erabilitako puntuak edo ibilbideak, detekzio-aldien iraupena, datuak hartzeko eta erregistroak artxibatzeko eta dokumentatzeko protokolo espezifikoa, etab.).
Igarobide ekologikoak. Habitaten konektagarritasuna/zatiketa.
Inpaktu-azterketan, lurreko konektagarritasuna lortzeko azpiegitura berdeko elementuak identifikatuko dira, eta, ondorioz, proiektuak lurraldearen konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratuko da. Hala badagokio, beharrezkoak diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko ditu. Alderdi horiek aztertzeko garaian, kontuan hartu beharko dira inguruan beste parke fotovoltaiko batzuk egoteak (abian edo izapidetze-fasean) ekar ditzakeen sinergia- eta metatze-ondorioak. Komenigarria da kontuan izatea zer lotura izango duen gutxi gorabehera 10-15 km-ra egongo diren instalazio fotovoltaikoen beste proiektu batzuk gauzatzearekin; besteak beste, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioak izan beharko dira kontuan (dagoeneko ingurumen-inpaktuaren adierazpena dute), baita gaur egun izapidetzen ari diren instalazioak ere.
Paisaia.
Paisaiaren eta ingurunearen ezaugarri nagusiak identifikatu beharko dira, baita proiektatutako jarduketak ingurune horretan duen eragina ere. Zehazki, alderdi hauen azterketa egingo da:
– Kalteberatasuna.
– Jarduketaren ikusgarritasuna ikuseremuaren zenbait gunetatik, paisaiaren kalitate handiena dutenak eta jendearen bisita gehien jasotzen dituztenak lehenetsita.
– Lehendik dauden parke eolikoekin eta gaur egun izapidetzen ari direnekin dauden sinergien azterketa. Komenigarria da paisaiaren azterketa gutxi gorabehera 10-15 km hedatzea proiektuaren inguruan.
Paisaiaren kalitatearen berezko paisaiaren osagai bereizgarriei arreta berezia jarriko zaie, alderdi estetiko eta kulturalak kontuan hartuta. Horri dagokionez, kontuan hartuko dira osagai naturalen eta erabileren integrazioa, konposizio estetikoa eta sortzen den giro emozionala. Paisaiaren kalitateari buruzko azterketak behar bezala baloratu beharko du parke fotovoltaikoko instalazioen presentziak balio estetiko-kulturaletan eragindako galera.
Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.
Proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-intereseko elementu guztiak identifikatu beharko dira, eta elementu horiek babesteko erabakiak zehaztu. Erabaki horiek elementu horiei buruzko xedapen arauemaileetatik datoz eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoaren araberakoak dira.
Zarata.
Proiektuaren ingurunean dauden eremu akustikoak aztertu beharko dira, zaratari buruzko araudian jasotakoari jarraikiz, eta proiektuari lotutako azpiegituretatik 200 metrora baino gutxiagora osasun-, irakaskuntza-, kultura- edo bizitegi-erabilera nagusi den eremuren bat identifikatzen bada. Era berean, proiektuari atxikitako elementuetatik 200 metrora baino gutxiagora dauden etxebizitza isolatuak aztertu beharko dira.
Energia berriztagarrien ezarpen-eremuaren sentsibilitatea.
Kontuan hartuko da Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin dokumentuan egindako ingurumen-zonakatzearen proposamena, energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak ezartzeari dagokionez eremuak duen sentsibilitateari buruz egindakoa.
Inguruan baimenduta edo izapidetzen ari diren energia elektriko berriztagarriko beste proiektu batzuk identifikatzea.
Lurralde berean hainbat azpiegitura metatzeak metatze- eta sinergia-ondorioak izan ditzake, bereziki biodibertsitatean eta paisaiaren pertzepzioan. Horregatik, jatorri berriztagarriko energia elektrikoa sortzeko beste proiektu batzuk identifikatu eta kartografiatuko dira, abian edo baimenduta daudenak nahiz Estatuko Administrazio Orokorra nahiz Euskal Autonomia Erkidegoa izapidetzen ari direnak. Puntu honetan, identifikatutako, eraikitako, eraikitzen ari diren edo proiektatutako instalazio bakoitzak sortutako energia garraio-sarera konektatzeko azpiestazioak sartuko dira. 10 eta 15 km arteko azterketa-eremua gomendatzen da, eta, kasu guztietan, aztertutako lurralde-eremua justifikatu beharko da.
Horrez gain, proiektuaren inguruan eraikita dauden, eraikitzen ari diren edo proiektatuta dauden energia elektrikoa garraiatzeko beste linea batzuk identifikatuko dira.
Jatorri berriztagarriko energia elektrikoa sortzeko beste proiektuen oinarrizko deskribapena eta kartografia, baita konexio-azpiestazioena eta energia elektrikoa garraiatzeko lehen aipatutako lineena ere.
Ildo horretan, gogorarazten da Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioek ingurumen-inpaktuaren adierazpena badutela.
Dokumentazio grafikoa.
Atal honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira (pdf formatuan eta geoerreferentziatuta; alegia, pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean), bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazita. Besteak beste, proiektuaren eragin-eremuan dauden honako elementu hauen planoak jasoko dira: Natura 2000 Sareko lekuen mugaketa kartografikoa, Batasunaren intereseko habitatak, intereseko faunarentzako garrantzitsuak diren eremuak, hidrologia, jabari publiko hidraulikoaren eta haren babes-eremuen mugaketa, uholde-arriskua (lehentasunezko fluxugunearen mugaketa barne), balio estrategiko handiko lurzoruak eta kultura-ondareko elementuen mugaketa.
Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da, ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenenak jasoko dituena.
1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.
Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa egiteko, kontuan hartuko da ingurumen-inbentarioko elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioa. Kaltearen garrantzia zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragingo dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra fasean eta funtzionamendu fasean eragindako inpaktuak bereiziko dira.
Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak kontuan hartuta.
Dokumentu honetako aurreko ataletan adierazi den bezala, inpaktuak identifikatzeko orduan behar bezala aztertu behar dira instalazioak proiektatutako edo baimendutako gertuko instalazioekin batera izan ditzakeen metatze- eta sinergia-ondorioak, bereziki Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioekin (horiek ingurumen-inpaktuaren adierazpena dute).
Ingurumen-inpaktuak baloratzeko erabilitako metodologiak eta zenbatespen-prozesuak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.
Inpaktuen balorazioak kontuan hartuko ditu proiektutik eratorritako jarduketa guztiak, ebakuazio-linea elektrikoa egitearekin lotutakoak barne, bai eta, hala badagokio, aldi baterako sarbideak, instalazio osagarriak, hondakinen bilketa eta abar gauzatzearekin lotutakoak ere.
Obren fasean, baliteke lasaitasun publikoaren eta giza habitataren kalitatearen gaineko inpaktuak ere garrantzitsuak izatea; hautsa eta zarata sortuko dira, eremuan trafikoa ugaritzearen eta makinak joan-etorrian ibiltzearen ondorioz, nagusiki.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak arreta berezia jarriko du honako alderdi hauetan:
Edafologiaren eta nekazaritza-ahalmenaren gaineko inpaktuak.
Aldi baterako nahiz behin betiko okupatuko den nekazaritza-lursailaren azalera zehaztuko da. Inpaktua balioesteko, alderdi hauek hartuko dira kontuan: eraginpean hartutako azalera, azalera horren ezaugarriak eta nekazaritza-ahalmena eta azalera horrek azterketa-eremuaren ingurunean duen adierazgarritasuna. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean jasota dauden Balio Agrologiko Handiko lurzoruen gainean dauden ondorioak hartuko dira kontuan bereziki.
Ondare geologiko eta hidrogeologikoaren gaineko inpaktuak.
Proiektuarekin lotura duten lur-mugimenduek eragina izan dezakete intereseko baliabide hidrogeologikoetan.
Ziurtatu beharko da proiektuaren eragin-eremuan dauden geologia-intereseko lekuetan eta eremuetan ez dela gorabehera handirik gertatzen.
Hidrologiaren gaineko inpaktuak.
Behar adinako xehetasunez definituko dira hurbileko ur-puntuen gainean gerta daitezkeen eraginak, baita Iturritxo erreka zeharkatzeko gunea ere.
Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktuak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektua osatzen duten elementuek eragindako landaredi mota bakoitzaren azalerak zehaztu behar dira, horiei eska dakiekeen definizioaren arabera (ingurumen-inbentarioa egiteari buruzko puntuan zehazten da).
Obren faseko aldi baterako okupazioa (nolabaiteko leheneratze-ahalmena izango da, mugatua bada ere) eta okupazio iraunkorra bereiziko dira. Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktua baloratzeko, eraginpeko azalera ez ezik, kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasuna ere hartuko dira kontuan.
Floraren gaineko inpaktuak.
Mehatxupean dagoen edo EAEn oso kopuru mugatua duen flora-espezie bakoitzaren kasuan, proiektuak okupatuko duen populazioen azalera zenbatetsiko da, populazio horien kokapenaren xehetasun-kartografia eta proiektuaren okupazio guztien kartografia kontrastatuta. Azalera horietan suntsitu/kaltetuko diren funtsezko espezie bakoitzaren ale kopurua zehaztuko da.
Kudeaketa-planak onartuta dituzten flora-espezieen kasuan, ingurumen-inpaktuaren azterketan, informazioa jaso beharko da, azaltzeko kudeaketa-plan horietan xedatutakoa noraino hartu den kontuan, eta, behar izanez gero, aipatutako habitataren eta espezieen nahitaezko baldintzak mantentzeko prebentzio-, babes- edo zuzenketa-neurriak.
Faunaren gaineko inpaktuak.
Eraikuntza fasean habitata suntsitzearen ondorioz fauna-espezie sentiberei eragindako inpaktua baloratu behar du azterketak; horretarako, parkea eraikitzearen ondorioz suntsitutako edo epe luzera degradatutako espeziearen habitataren azalera eta kaltetutako populazioa balioetsiko da.
Azterketak zehaztu beharko du proiektuak zer eragin izan dezakeen onartutako kudeaketa-planak egin zaizkien espezieetarako interes bereziko eremuetan. Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketak informazioa jaso beharko du, azaltzeko nola hartu diren kontuan aipatutako kudeaketa-planetan xedatutakoa eta eragindako habitataren eta espezieen nahitaezko baldintzak mantentzeko prebentzio-, babes- edo zuzenketa-neurriak.
Inpaktuaren azterketak bereziki azpimarratuko du parkearen funtzionamendu fasean abifaunak jasango dituen inpaktuen balorazioa, ahaztu edo gutxietsi gabe obra osoak beste fauna-talde batzuetan izan ditzakeen ondorioak.
Habitataren zatiketa eta igarobide ekologikoek/migrazio-bideek funtzionaltasuna galtzea baloratuko da. Energia elektrikoa ebakuatzeko aireko linea planteatuz gero, talka edo elektrokuzioen ondorioz hil diren hegaztien tasaren balorazioa ere gehituko da.
1-5 km-tik beherako distantzian dauden beste linea elektriko batzuekin izandako metatze- eta sinergia-efektuak ere aztertuko dira, espezieen arabera. Azterketa egiteko hautatutako eremua justifikatuko du ingurumen-azterketak, egiaztatutako bibliografian oinarrituta.
Natura 2000 Sareko guneen eta gune babestuen gaineko eragina.
ES2110011 Zadorra sistemako urtegiak KBEari, ES2110010 Zadorra Ibaia KBEari eta ES2110013 Arabako Lautadako Irla-Hariztiak KBEari zeharka eragin diezaieketen aztertu beharko da, baita jarduketa-eremutik gertu dauden Uribarri urtegiko adarrei eta nazioarteko garrantzia duen Ramsar hezeguneari (3ES039 kodea) eragin diezaieketen ere. Baztertu egin beharko da proiektua gauzatzeak eremu horren kontserbazio-helburuetan eragin negatiboa izan dezakeenik.
Kontuan hartuta 92/43/EEE Zuzentarauak, edo Habitatei buruzkoak, zer dioen Natura 2000 leku batetik kanpo garatu arren bertan eragin nabarmena (kontserbatu beharreko bertako elementuak kontuan hartuta) sor dezaketen proiektuei buruz, ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukien artean, apartatu espezifiko bat sartu behar da, proiektuak parke fotovoltaikotik gertu dauden Natura 2000 Sareko espazioetan izango dituen ondorioen ebaluazio egokiari buruzkoa, espazio horietako kontserbazio-helburuak kontuan hartuta (Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikulua).
Konektagarritasunaren gaineko inpaktuak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuak (parke fotovoltaikoa eta horren azpiegitura osagarriak) lurraldearen konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratu beharko da, batez ere abifaunari dagokionez, eta, beharrezkoa bada, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko dira. Lehendik dauden parke fotovoltaikoekin eta gaur egun izapidetzen ari direnekin dauden sinergiak ere izan behar dira kontuan azterketan.
Alderdi horiek aztertzeko garaian, kontuan hartu beharko dira inguruan beste parke fotovoltaiko batzuk egoteak (abian edo izapidetze fasean) ekar ditzakeen sinergia- eta metatze-ondorioak. Komenigarria da kontuan izatea zer lotura izango duen gutxi gorabehera 10-15 km-ra egongo diren instalazio fotovoltaikoen beste proiektu batzuk gauzatzearekin; besteak beste, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioak hartu beharko dira kontuan.
Paisaiaren gaineko inpaktuak.
Proiektuak (panelak, bideak, linea elektrikoak eta azpiestazioa) paisaiaren gainean izango duen inpaktua aztertzeko, ikusgarritasun-azterketa bat egin behar da, informazio geografikoko sistema batean oinarritua, zeinaren bidez kuantifikatuko baita jarduketak eragingo dien ikuseremuko lurren ehunekoa; hau da, parke fotovoltaikoko lur gaineko elementuak nondik ikusi ahal izango diren.
Aurreikusitako proiektuaren ezaugarriak eta hesi berde gisa erabiltzen diren altuerako elementuak (zuhaitzak, eraikinak eta abar) hartuko ditu kontuan ereduak. Inpaktua kuantifikatzeaz gain, inpaktu hori zehaztean, kontuan hartuko da zer distantziatara dauden, azterketaren arabera, jarduketa ikusteko aukera emango duten guneak, eta gune horiek zer hauskortasun bisuala duten egon daitezkeen ikusleen kopuruaren ondorioz. Azterketaren emaitza gisa, ikusgarritasun-kartografia sortuko da, eta jarduketa aztertutako lurraldeko zer lekutatik ikusiko den irudikatuko da kartografia horretan.
Ikusgarritasun-azterketak parke fotovoltaikotik 5 km-ko inguruan dauden herri guztiak barnean hartu behar ditu.
Azterketak kontuan izan beharko ditu paisaia-inpaktuaren metatze- eta sinergia-efektuak, 5-10 km-ra baino gutxiagora dauden beste parkeekin batera.
Gomendatzen da egindako analisiaren emaitzak baloratzeko erraz interpreta daitezkeen datuak aurkeztea; adibidez, simulazio-irudiak sartuta.
Kultura-ondarearen gaineko inpaktuak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, kontuan hartu behar da proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-ondasunen gaineko eragina, ez bakarrik planta fotovoltaikoaren kokapenarekin zuzenki lotutakoa, baita sarbideekin, instalazio osagarriekin, husteko linea elektrikoarekin eta abarrekin lotutakoa ere.
Inpaktu akustikoa.
Inbentarioaren atalean identifikatzen bada instalazioetatik 200 metrora baino gutxiagora biztanleguneak daudela edo 100 metrora baino gutxiagora erabilera sentikorreko etxebizitza isolatuak edo eraikinak daudela, ingurumen-inpaktuaren azterketak atal zehatz bat jaso beharko du. Atal horretan behar bezala kuantifikatu beharko dira obrek eta eguzki-instalazioaren, azpiestazio elektrikoen eta ebakuazio-linea elektrikoaren funtzionamenduak eragindako ondorio akustikoak; horretarako, instalazioen emisio akustikoaren indizeak kalkulatuko dira, baita immisio-indizeak ere. Horrela, identifikatutako eremu akustikoetan aplikatuko diren kalitate akustikoaren helburuak edo mugako immisio-balioak betetzen direla egiazta daiteke, zaratari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz. Balizko emisio akustikoen fokuen eta hartzaile sentikorren kartografia aurkeztea gomendatzen da, baita kurba isofonoen mapak ere.
Metatze-efektuak eta efektu sinergikoak.
EAEn, hedadura txikiko lurraldea izanik, bata bestetik hurbil dauden parke fotovoltaikoak metatzeak ondorio handiak, metagarriak edo sinergikoak eragin ditzake.
Parke fotovoltaikoek sor ditzaketen efektu sinergiko nagusiak lurzoruek nekazaritza-ahalmena galtzea eta intereseko landarediaren eta abifaunaren habitatetan eta paisaian eragina izatea dira.
Horregatik, ingurumen-inpaktuaren azterketak honako hauek sartu behar ditu ondorioen azterketan, zehazki abifaunaren, intereseko habitat naturalen, eremu babestuen eta paisaiaren gaineko eraginen azterketaren kasuan: hurbil dauden eta ustiatzen ari diren edo izapidetze fasean dauden beste parke fotovoltaiko batzuekiko metatze- eta sinergia-inpaktuak, esaterako, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoen proiektuen kasuan, eta 10-15 km-ko erradioan kokatuta dauden beste batzuen kasuan. Bereziki izan beharko dira kontuan «dei-efektua» deiturikoak abifaunari eragiten dizkion ondorioak.
Nolanahi ere den, modu frogagarrian justifikatu beharko da sinergien azterketan jasotako azterketa-ingurua, eraginpean egon daitezkeen inguruneko elementuen arabera.
Eragin zuzenekoa edo zeharkakoa pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan.
Obrak egin eta ustiatu bitartean, zarata, trafikoa eta makinen joan-etorriak areagotzearen ondorioz pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan izan daitezkeen inpaktuak baloratuko dira.
1.5.– Proiektuaren kalteberatasuna.
Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazioa erabili ahal izango da.
Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte nabarmenak prebenitzeko eta arintzeko aurreikusitako neurri guztiak bildu behar dira deskribapenean, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.
Irizten bada atal hori ez zaiola aplikagarria proiektuari, justifikazio-txostena erantsi beharko da.
1.6.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzak izango dituen ingurumen-ondorio negatibo nabarmenak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta, beharrezkoa bada, konpentsazio-neurriak diseinatzeko, proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak hartu behar dira kontuan, eta bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuak hartzen duen espazioko ingurumen-elementu eta balioen gaineko ekintzek eragindakoekin.
Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko, egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten apartatuak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere.
Oro har, neurriak behar bezala egokituko dira Contenido de los estudios de impacto ambiental de los parques fotovoltaicos dokumentuko 2.5 atalean (Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien proposamena) adierazitakora; dokumentua Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena da, 2021eko ekainekoa.
Zehazki, eta ezertan galarazi gabe aurreko ataletan eskatutako analisien emaitzen ondorioz sartu beharko liratekeen beste neurri batzuk, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek hartu eta garatuko ditu, besteak beste:
– IFVaren perimetro-hesiaren diseinuak kontuan hartuko ditu Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren txostenean jasotako zehaztapenak.
– IFVaren itxitura perimetralaren kanpoaldean jarriko den landare-pantaila diseinatzean, kontuan hartuko dira Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren txostenean adierazitako zehaztapenak.
– Zangek eta lur-mugimenduek landaredian izango duten eragina minimizatzeko neurriak.
– Obrak faunarentzako ugalketa-aldi kritikotik kanpo egitea, arriskuan diren espezieak detektatu diren eremuetan.
– Gaueko argiztapena ahalik eta gehien murriztuko da, faunaren arreta ez erakartzeko. Halaber, argiztapena behar bezala diseinatuko da argi-kutsadura orokorra minimizatzeko eta energiaren kontsumoa murrizteko.
– Prebentzio-neurriak ezarriko dira lursaila ez dadin iragazgaiztu; izan ere, nekazaritza- eta landa-ingurunean jariatze-urengatiko kalteak izateko arriskua areagotuko luke horrek.
– Neurriak hartuko dira lurzoruaren landare-geruza birlandatzeko erabiltzeko. Leheneratzeko neurriak proposatuko dira proiektuak ukitutako gainazal guztietarako, baita aldi baterako okupatzen direnetarako ere; espezie autoktonoak erabiliko dira, eskualde bioklimatikoaren baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak.
– Balio estrategiko handiko lurzoruen okupazioa konpentsatzeko neurriak zehaztu beharko dira: kokapena, iraupena, erein beharreko espezieak, guztirako kostua (hala badagokio, baita alokairuaren kostua ere).
1.7.– Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da sistema bat ezartzea, ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak betetzen direla bermatzeko, bai eta bertan adierazitako jarraibideak eta zuzenketa-neurriak ere.
Ingurumena zaintzeko programa funtsezko edukia da ingurumen-inpaktuaren azterketa orotan. Diseinuak, oro har, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2021eko ekaineko Parke fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuko ikerketen edukia agiriaren «2.6 Ingurumen-zaintzako programa diseinatzea» atalaren araberakoa izan beharko du.
Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki non dauden jakiteko planoko kokapena eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko dira. Puntu horretan, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketari buruzko txostenean jaso beharko dira egindako gogoetak.
Kalitate-helburuak legediak zehazten dituen muga-balioen edo balio-giden araberakoak izango dira, edo oro har onartutako azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira, hala egitea beharrezkoa den parametroetan.
Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.
Proiektuari eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programak ondoren adierazitako kontrolak izan beharko ditu:
Obra fasean, kontuan hartu beharko dira honako hauek:
– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.
– Intereseko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.
– Mehatxupeko flora- eta fauna-espezieen gaineko eraginak kontrolatzea.
– Ur-ibilguen eta erriberako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.
– Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, honako hauek saihesteko: hondakin-uzteak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen ondorioz, eta eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.
– Arkeologia-ondarearen gaineko eragina kontrolatzea.
– Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.
Ustiapen fasean, hauek kontuan hartu beharko dira:
– IFVaren ustiaketan zehar higadura-prozesurik agertzen den kontrolatzea.
– Birlandaketaren eta pantaila bisualaren arrakasta kontrolatzea.
– Landarediaren mantentze-lanen gauzatzea kontrolatzea, ebakuazio-linea elektrikoak aireko zatiak baldin baditu.
– Airearen kalitatea, zarata eta eremu elektromagnetikoak kontrolatzea.
– Argi-kutsadura kontrolatzea.
– Faunaren gaineko inpaktuak kontrolatzea (habitata galtzea, lineekin talka egitea, elektrokuzioa, hesi-efektua, etab.).
– Landareztatzearen eta ekologia eta paisaia leheneratzearen arrakasta eta proposatutako konpentsazio-neurriak betetzen direla kontrolatzea.
– Paisaia-integrazioko neurriak betetzen direla kontrolatzea.
1.8.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriekin.
Dokumentuan labur-labur eta edonork ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.
Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean aurkitutako zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.
2.– Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta jaso diren alegazio eta txostenen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egin dituen oharren dokumentu bat, oharrok nola hartu diren kontuan azaltzen duena.
Dokumentazioa aurkezteko, aintzat hartuko dira xede horretarako egin diren jarraibideak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumen-ebaluazioa/), atal honetan: Arloak > Ingurumen-ebaluazioa > Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea > Eskaerak aurkeztea.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren webgunean dago eskuragarri, esteka honetan:
Indarreko xedapenen arabera isilpekoak diren datuak dokumentu bereiz batean aurkeztuko dira. Kasu horretan, enpresa eskatzaileak argi adierazi beharko du zein informazio den isilpekoa bere iritzian, eta eskaera hori justifikatzeko ondorengo datu hauek eman beharko ditu:
– Eskatzailearen aburuz isilpekotasuna zer arauditan oinarritzen den identifikatu beharko da; bai eta dagokion agiri egiaztatzailea aurkeztu ere.
– Merkataritza-sekretua denean, enpresaren barruan sekretua bermatzen duten protokoloak.
Ingurumen Batzordeak erabakiko du dokumentazioa isilpekoa den ala ez, eta agiri horiek jendaurreko informazioaren izapidetik kanpo geratuko dira.
RSS