Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2025eko urtarrilaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
127

AGINDUA, 2024ko abenduaren 20koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Iris Lasagabaster Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2024ko maiatzaren 27an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Fundación Iris Lasagabaster Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera, administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Estatutuen 3. artikuluan, fundazioaren xedeak jasotzen dira; honela hitzez hitz:

«1.– Fundazioak interes orokorreko xede hauek ditu:

a) Natura eta haren biodibertsitatea zaindu eta babestea.

b) Naturaren bidez pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzea, premia bereziak dituzten pertsonen errehabilitazioari lehentasuna emanez.

c) Natura oinarri duten hezkuntza eta irakaskuntza bultzatzea.

d) Gizakiak eragindako klima-aldaketaren ondorioak arintzea; horretarako, ekosistema naturalak zaindu eta berroneratuko dira.

e) Naturan oinarritutako konponbideak sustatzea, gizakiak eragindako klima-aldaketara egokitzeko.

Xede horiek guztiak osagarriak dira, eta metodo zientifikoaren prozeduretan eta jasangarritasun-irizpideetan daude funtsatuta. Era berean, fundazioak bigarren mailako beste helburu batzuk ere izan ahalko ditu, hala nola jarduerak sustatzea eta zabaltzea, bai eta beste xede batzuk ere, baldin eta –lege-xedapenen kontra egin gabe eta a), b), c), d) eta e) ataletan araututako helburu nagusiekin lotuta– patronatuak erabakitzen baditu, 23.4 artikuluaren azken paragrafoan xedatutako gehiengo indartua aintzat hartuta.

2.– Helburu horiek lortze aldera, Fundazioak jarduera hauek egin ahal izango ditu:

a) Proiektuak garatzea, programak, ikastaroak, tailerrak, mintegiak, jardunaldiak, bisita gidatuak, landa-irteerak, eta, oro har, fundazioaren helburuak lortzera bideratutako era guztietako jarduerak antolatzea.

b) Fundazioaren xedeak erdiesteko, mota guztietako ondasun eta zerbitzuak erosi edo alokatzea.

c) Lursailak eskuratu edo zaintzea, naturgune gisa kontserbatzeko eta erabilera terapeutiko eta hezigarrietarako.

d) Fundazioarekin zerikusia duten arloetan ikerketa zientifikoa sustatzea.

e) Fundazioarekin zerikusia duten arloetan aurrerapen teknologikoak erabili eta esperimentatzea.

f) Fundazioaren jarduerak eta fundazioarekin lotutako ezagutzak zabaltzea.

g) I+G+Bko proiektu propioak sustatzea eta kalitatea betetzen dela bermatuko duen jarraipena egitea.

Fundazioak, bereziki, baso natural helduak babestea eta sortzea bultzatuko du, biodibertsitate-erreserba egonkor gisa duten interesagatik, klima erregulatzeko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko duten ahalmenagatik, paisaia-balioengatik, ikerketarako duten interesagatik, hezkuntza-balioengatik eta giza ongizatea eta osasuna ontzeko duten ahalbideagatik. Fundazioak baso horien naturaltasuna mantenduko du beti, basa-egoeran, eta esku hartu gabe edo esku-hartze minimoak baliatuta. Naturaltasunari eusteko irizpide hori bera ezarriko da Fundazioak kudeatzen dituen gutxi gizatiartutako natura-gune guztietan, hala nola harkaiztegietan, hezeguneetan, zohikaztegietan eta abarretan.

Fundazioak osasunarekin eta hezkuntzarekin lotutako jarduerak egingo ditu; ahal dela, gizatiartuen dauden naturguneetan, bai landaguneetan, bai hiriguneetan. Jarduera horiek terapia- eta hezkuntza-indar handia duten etxe-animaliak baliatuta osatu ahal izango dira, ekidoak, esaterako.

Fundazioak garatzen dituen proiektu eta jarduera guztiak jasangarritasun-irizpideetan eta metodo zientifikoaren prozeduretan egongo dira oinarrituta, eta horietan guztietan natura eta izaki bizidunak errespetuz eta orekaz tratatuko dira».

Fundazioaren hasierako zuzkidura honako ondasunek osatzen dute: batetik, sei erregistro-finka, bat Ubiden (Bizkaia) eta beste bost Eskoriatzan (Gipuzkoa) –guztira, 231.868,18 euroko balioa dute–, zeinak Pedro María Lasagabaster Armendariz jaunak, Amaia Sáenz de Viteri Pozuelo andreak eta María Dolores Armendariz Abasolo andreak (azken hori ez da fundatzaile) jarri baitituzte; eta, bestetik, Paula Sáenz de Viteri Pozuelo andreak jarritako eta osorik ordaindutako 1.000 euro.

Ondasun higiezinak eraketa-eskriturari erantsitako txosten baten aztergai izan dira. Txostena Jon Imanol Iturbe Camino jaunak egin zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialeko 83. kideak.

Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoa da.

Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatuak gutxienez hiru kide izango dituela eta gehienez bost.

Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (berorien izendapena eta onarpena eraketa-egintzan daude jasota):

• Presidentea: Pedro María Lasagabaster Armendariz jauna.

• Idazkaria: Amaia Sáenz de Viteri Pozuelo andrea.

• Diruzaina: Paula Sáenz de Viteri Pozuelo andrea.

Lehen patronatuaren kargualdia mugagabea da, fundazioaren estatutuen 12. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kargu-uzteak eta kide berrien izendapena estatutuen 9. artikulutik 11. artikulura bitarte daude araututa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2024ko azaroaren 28an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2024ko abenduaren 20an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman du.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eraketa espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua; eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Iris Lasagabaster Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-494 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2024ko maiatzaren 8an, Vitoria-Gasteizen, Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan –2024ko azaroaren 8ko eginbidez zuzendua– jasotako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 601).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 20an.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala