
6. zk., 2025eko urtarrilaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
124
AGINDUA, 2024ko abenduaren 16koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Ehunbide Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2024ko uztailaren 8an eskabide bat sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Ehunbide Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Fundazioaren estatutuen 3. artikuluak, fundazioaren xedeak jasotzen ditu:
«Fundazioak Gizarte Zerbitzuen esparruan garatuko du bere jarduera, eta bere interes orokorreko helburua izango da laguntza psikologikoa, soziala eta hezkuntzakoa ematea eskola-jazarpeneko egoeretan dauden adingabeei, senideei eta eragile sozializatzaileei».
Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da. Eraketa-egintzan 7.500 euro ordaindu dira; gainerakoa gehienez 5 urteko epean ordainduko da, eratzeko eskritura publikoa eman zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12.2 artikuluaren arabera.
Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoa da.
Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatuak gutxienez 3 kide izango dituela.
Fundazioaren patronatua hasieran kargu eta kide hauek osatzen dute (horien izendapena eta onarpena eratze eskrituran daude jasota):
● Presidentea: Zulaima García Reguero andrea.
● Idazkaria: Joana Mendez Gallastegui andrea.
● Diruzaina: Samuel García Reguero jauna.
Lehen patronatu hori iraupen mugagaberako izendatu da, Fundazioaren estatutuen 12. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kargu-uzteak eta kide berrien izendapena estatutuen 9. eta 10. artikuluetan araututa daude.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2024ko azaroaren 28an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2024ko abenduaren 16an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.
Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ehunbide Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-497 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, eskritura hauetan jasotako baldintzetan: 2024ko ekainaren 27an, Vitoria-Gasteizen, Francisco Rodríguez-Poyo Segura notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 3430), eta berori zuzentzen duen 2024ko azaroaren 11n notario beraren aurrean emandako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 4929).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 16a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS