Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2025eko urtarrilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
77

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo HAPOko 15.6.1 HE eta 15.6.2 HE azpieremuen eta Etxeberrieta 15 HJEko beste lursail publiko batzuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko uztailaren 15ean, Andoaingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Andoaingo HAPOko 15.6.1 HE eta 15.6.2 HE azpieremuen eta Etxeberrieta 15 HJEko beste lursail publiko batzuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien, 2024ko urriaren 1ean, ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean dago horren emaitza. Era berean, Andoaingo Udalari jakinarazi zitzaion prozedura abiarazi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen zehazteko, edo, hala ez bada, ingurumena behar bezala babesteko asmoz plana zer eratan garatu behar den erabakitzeko. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago 18/2024 Dekretuan (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Andoaingo HAPOko 15.6.1 HE eta 15.6.2 HE azpieremuen eta Etxeberrieta 15 HJEko beste lursail publiko batzuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO), 2011ko otsailaren 24an behin betiko onartu zenak, Planaren xede den eremuaren egiturazko hirigintza-araubidea zehazten du, bizitegitarako hiri-lurzoru gisa sailkatuta. Bestalde, HAPOak eremuaren antolamendu-adibide bat proposatzen du, baina antolamendu xehatuaren zehaztapena, eremu horren identifikazioa eta zehaztapena barne, plan berezi baterako uzten du.

Planaren xede den eremua 15.6.1 HE, 15.6.2 HE eta 15.4 AD azpieremuek eta Etxeberrieta 15 HJEko beste lursail publiko batzuek osatzen dute, eta 1,87 ha-ko azalera hartzen du.

Plan bereziaren xedea da dagokion eremuaren hiri-berroneratzearen eta antolamendu xehatuaren baldintzak zehaztea. Hona hemen proposamen garrantzitsuenetako batzuk:

– Dagozkien azpieremu xehatuak mugatzen dira: bizitegi-lurzatiak, bide-sarea, espazio libreak, komunitate-ekipamendua eta abar.

– Azpieremu xehatu horietako bakoitzaren hirigintza-araubidea zehazten da, horien eraikigarritasun fisikoa eta hirigintza-eraikigarritasuna eta lurzati eraikigarrien eraikuntza-parametroak barne (lerrokadurak, sestrak, eraikinen altuera eta solairu kopurua, etab.). Hori horrela, antolatutako bizitegi-lurzatietan, sestra gaineko hirigintza-eraikigarritasuna 15.700 m2(t)-koa izango da guztira.

– Planteatutako hirigintza-antolamendua egikaritzeko eta kudeatzeko baldintzak zehazten dira, antolamendu xehatuaren baldintzetan eta irismenarekin.

Zonakatze xehatuak honako taulan adierazitako lurzatiak dakartza, eta, guztira, 6.747 m2-ko erabilera publikoko azalera hartzen dute, hau da, eremuaren % 62 [gaur egungo lurzoru publikoaren ehunekoa (% 41,5) baino gehiago].

(Ikus .PDF)

* Lehendik dagoen sestra gaineko eraikigarritasuna finkatzen da

a.2.4 lurzatia izan ezik, hiri-lurzoru finkatua baita, eremuaren gainerakoa hiri-lurzoru finkatugabe gisa kategorizatzen da.

IDEaren arabera, antolamenduaren diseinuak aukera ematen du ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren I. eranskinean jasotako bizigarritasun-baldintzak betetzeko eta Planaren eraikuntza-araudian sartzeko, 6. artikuluarekin eta 3. artikuluko jasangarritasun-printzipioarekin bat etorriz.

IDEak hiru antolamendu-alternatiba aztertzen ditu, «0» alternatiba edo esku ez hartzekoa barne. Planteatutako beste bi alternatibak bat datoz HAPOaren zehaztapenekin eta bertan planteatutako helburu eta irizpideekin.

1. alternatibak Belabi kale itsuaren amaiera plaza bihurtzen du, eta hiru eraikin antolatzen ditu Aita Larramendi kalearen aurrealdean (R1, R2 eta R3), haren eta Aita Larramendi atzekaldearen arteko iragazkortasuna erraztuz, baita eraikin bat ere (R5), zati batean egungo aparkalekua okupatuz, eta beste bat (R4), Atzekaldea 1i eta 3ri atxikia (R6), finkatu egingo dena, irisgarritasun-baldintzak hobetzeko aukera emanda. R1, R2, R3 eta R5 lurzatietan, sestra gaineko sei solairu eta atiko gehigarri bat dituzten eraikinak antolatuko dira, eta R4 lurzatian, sestra gaineko bost solairu dituen eraikin bat. Horrez gain, eremuan bertan espazio libreak antolatuko dira, baina ez beste ekipamendu batzuetarako lurzatiak.

Plana garatzen duen 2. alternatiba bat dator indarreko HAPOan adibide gisa proposatutako antolamenduarekin, doituta. 1. alternatiban bezala, Belabi kale itsuaren amaiera plaza bihurtzen da; bestalde, eremuaren mendebaldeko muturrean aire zabaleko kirol-zuzkidura gehigarri bat lortzeko aukera ematen du. Horretarako, 1. alternatiban aurreikusitako Aita Larramendi kalearen aurrean lerrokatutako hiru blokeen ordez, bakarra (R1) proposatzen da, jarraitua, aurrealdean lerrokatua. Aita Larramendi atzekaldearako irisgarritasuna errazteko, bide-zortasun bat ezarri nahi da beheko solairuan, kalea Etxeberrieta plazarekin eta Oriako parkearekin lotzeko. Gainera, eraikin bat (R3) antolatu da, zati batean egungo aparkalekua okupatuz, eta beste bat (R2) Atzekaldea 1i eta 3ri atxikia (R4), finkatu egingo dena, irisgarritasun-baldintzak hobetzeko aukera emanda. R1 eta R3 lurzatietan, sestra gaineko sei solairu eta atiko gehigarri bat dituzten eraikinak antolatuko dira, eta R2 lurzatian, sestra gaineko bost solairu dituen eraikin bat. Horrez gain, eremuan bertan espazio libreak antolatuko dira, baina ez beste ekipamendu batzuetarako lurzatiak.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen edo ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, nahiz eta planak baldintzatzaileak eduki –besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez– etorkizunean legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartuta dauden proiektuak baimentzeko, hala nola urbanizazio-proiektua, plan horrek udal-mailako eremu txiki baten erabilera baino ez du ezartzen.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Ez da bateraezintasunik edo kontraesanik hauteman Andoaingo HAPOko 15.6.1 HE eta 15.6.2 HE azpieremuen eta Etxeberrieta 15 HJEko beste lursail publiko batzuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren eta ebaluatutako beste plan eta programen artean.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, bat eginik, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plan horrek aukera ematen du klima-aldaketa arintzera eta horretara egokitzera bideratutako neurriak hartzeko, adibidez, ibai-uholdeek edo estres termikoak eragindako arriskua murrizteko –espazio publikoak iragazkor bihurtuta eta landareztatuta– edo energia aurreztea eta energia-efizientzia sustatzeko, eraikuntzan aurrezteko eta efizientziarako neurriak hartuta, bai eta energia berriztagarriak ezarrita ere. Halaber, zarataren aurrean eta pertsonen osasuna eta ingurumena hobeto babesteko neurriak hartzea ahalbidetzen du.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hautematen Plana gauzatzeak ingurumen-arazo nabarmenik ekarriko duenik, betiere, besteak beste, uholde-arriskuari, JPHari eta babes-eremuei (zortasun- eta zaintza-eremuak), kutsadura akustikoari, argi-kutsadurari eta hondakinen eta isurien kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Eremua gehienean urbanizatuta dagoen ingurune batean dago eta ez du intereseko landaredirik, eta bertan ez da espezie babesturik identifikatu. Halaber, ez dago Batasunaren intereseko habitatik, naturagune babesturik, EAEko igarobideen sareko elementurik, interes geologikoko lekurik, ezta beste katalogo batzuetako espaziorik ere (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko eremuen zerrenda).

Kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik identifikatu ez bada ere, Donejakue bidea (barnealdekoa) Belabi kaletik igarotzen da, iparraldean eremuarekin muga egiten duena.

Ingurumen-arrisku handienak honako hauekin lotuta daude: Aita Larramendi kalearen aurrealdean aurreikusitako eraikin berriaren (R1) ekialdeko aldea uholde-arrisku handiko eremu batekin (UAHE) bat dator (Andoain ES017-GIP-15-3 kodea), 500 urteko errepikatze-denborarekin; eraikinen kanpoaldean ez dira KAHak betetzen, eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna handia da.

Horregatik, Plana garatzeak izan ditzakeen ondorioak obrak egitearekin lotuta daude. Obra horien ondorioz, lurzorua okupatuko da, makinak joan-etorrian arituko dira, emisioak egingo dira, hondeaketa-soberakinak sortuko dira, hondakinak, isurketak eta zaratak sortuko dira, eta, ustiapen fasean, areagotu egingo dira mugikortasuna, baliabideen kontsumoa eta hondakinen eta zarataren ekoizpena.

Hala ere, Planaren jarduketa-eremua, irismena eta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horien ondorioz ingurumenean modu nabarmenean eragingo denik, baldin eta indarrean dagoen legedia betetzen bada, eta, bereziki, arlo hauetan: kutsadura akustikoa, uholde-arriskua, isurketak, indusketa-soberakinak, hondakinak, mugikortasuna edo baliabideen kontsumoa.

3.– Ebazpen honetan, Planean sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezartzen dituztenak.

Kutsadura akustikoari dagozkion neurriak.

Planaren eremu akustikorako kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, Babes Akustiko Bereziko Eremua izendatu behar da, proiektua gauzatu aurretik. Izendapen horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren b) letran eta 46. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoarekin. Eremuko plana.

Bestalde, txosten honen xede den Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ziurtatu beharko du etorkizuneko hirigintza-garapenaren inpaktu akustikoaren azterlanaren esparruan (Plan honetan jasotzen dena) zuzenketa-neurriak ezarri direla, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren III. tituluko II. kapituluko zehaztapenei jarraikiz.

Neurri horiek, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluaren arabera, honako hau zehaztu beharko dute:

– Neurri espezifikoak, teknikoki eta ekonomikoki proportzionalak, gauzatze-epeak eta -arduraduna, kalitate akustikoko helburuak (KAH) lortzeko, lehenik eta behin, eremu akustikoen kanpoaldea babestera bideratuak –altuera guztietan sentikorrak diren eraikinetako leihodun fatxada guztietan, bai eta lurretik 2 metroko altuerara kanpoaldean ere, eraiki gabeko eremuetan–.

Kanpoaldea babestu ezin bada, eta eremu akustikoan aurreikusitako KAHak betetzeko neurriak teknikoki edo ekonomikoki proportzionalak ez direla behar bezala arrazoituta badago, neurri gehigarriak hartuko dira, kasu guztietan, eraikinen barrualdeari aplika dakizkiokeen zarataren eta bibrazioen kalitate akustikoaren helburuak betetzeko.

Horretarako, inpaktu akustikoaren azterlanak zarata-mapak eta ebaluazio akustikoak jasoko ditu, eremuaren inpaktu akustiko globala aurreikusteko. Horretarako, inpaktu akustikoaren azterlana honako hauekin osatu beharko da:

– Eguneko hiru aldietan zehar gaur egun 2 metroko altueran dagoen kanpoko zarata osoaren mapak.

– Trenbidetik 75 metrora baino gutxiagora eraikinak egiteko asmoa dagoenez, bibrazio-mailen ebaluazioa jaso beharko da inpaktu akustikoaren azterlanean, garapenak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituela egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, zuzenketa-neurriak ezartzeko.

– Kanpoko zarataren mapak, 2 metroko altueran, etorkizuneko egoeran, eguneko hiru aldietan, eta altuera guztietan sentikorrak diren eraikinetako leihodun fatxada guztietan eta aztertutako eguneko hiru aldietan, soinu-mailen emaitzen irudikapena.

Azkenik, Planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onarpena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek –zehazki, ADIFek– kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.

Ingurune hidrikoari eta haren babes-eremuei buruzko neurriak.

Grafikoki egiaztatu beharko da eraikin berriek, handitzeek, sotoek eta balizko itxiturek Pagoeta erreka estaliaren zortasun-eremua errespetatzen dutela. Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoan edo haren babes-eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremuak) egiten diren jarduketa guztiek Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena lortu beharko dute aldez aurretik, eta Uraren Euskal Agentziak izapidetuko du.

Uholde-arriskuari dagokionez, Planetik eratorritako jarduketek kontuan hartu beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudiaren 45. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) E.2 atalean jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14 bis artikuluan jasotakoa ere.

Baliabide hidrikoen eskuragarritasunari dagokionez, Plan Bereziaren ondorioz sortutako eskari berrien zenbatespena gehitu beharko da, arroko organismo eskudunak, hala badagokio, eskari horiei erantzuteko baliabide nahikorik dagoen edo ez erabaki dezan, ULTBren 25.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Azkenik, Plan Hidrologikoaren araudiaren arabera, hirigintza-garapen berriak zoladura-azalera edo okupazio-azalera iragazgaitza murriztu beharko ditu, eta behar-beharrezkoa denetara mugatu, eta drainatze jasangarriko sistema hiritarrak sartu beharko ditu (zoladura iragazkorren, tangen edo ekaitzetarako gailuen erabilera, etab.).

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Planak bat etorri beharko du hauetan jasotako Donejakue Bidearen trazadura babesteko araubidearekin: 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa (2012-01-27ko EHAA, 19. zk.); eta 66/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duena (2022-06-02ko EHAA, 106. zk.).

Aurretik adierazitako neurriak alde batera utzi gabe, plana egitean aplikatu beharreko neurriek loturik egon behar dute alderdi hauei buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak egitea, lurrak eta soberakinak kudeatzea, hondakinak sortu eta kudeatzea, hondeatutako lurzoruak kontrolatzea eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea eragoztea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak aldi batean pilatzeko guneak, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko eremuak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza eta eraispen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, baliabideak haien bizi-ziklo osoan erabiltzeko orduan eta, bereziki, ziklo horren amaieran hondakinak aprobetxatzeko orduan modu efizienteagoan jokatuko duen eraikuntza bat bultzatzeko.

Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.

– Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Andoaingo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara eta, bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, azterketa bat egin beharko da eragin akustikoari buruz, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Espazio libreen trataera: hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, «Lorategi eta eremu berde jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Udalsarea 2017» jarraikiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak egina.

Gainera, espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak eta espezie arriskutsuak erabiltzen ez direla bermatu beharko da landarez eta lorategiz hornitzeko lanetan (Espezie apaingarriak hautatzeko gida. Udalsarea. 2017). Adibidez, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo Cortaderia selloana. Halaber, leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatu beharko da.

– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

– Jasangarritasuna eraikuntzan - Gutxieneko bizigarritasun-eskakizunak: ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-eskakizunak ezertan eragotzi gabe (Plana haietara egokitu behar da), ingurumenaren aldetik jasangarriak diren eraikuntza-gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokien multzoa hartuko da kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin behar dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Andoaingo HAPOko 15.6.1 HE eta 15.6.2 HE azpieremuen eta Etxeberrieta 15 HJEko beste lursail publiko batzuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Andoaingo Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren plana ez bada onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala