
4. zk., 2025eko urtarrilaren 8a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (204 KB - 14 orri.)
- EPUB (131 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
75
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Bilbo, Alonsotegi eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan sustatzen duen «Alonsotegi – Retuerto 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-eko aireko linea Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9023 euskarriaren artean berritzeko proiektuarena.
AURREKARIAK
2024ko irailaren 4an, Bizkaiko Industria Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, proiektu hau zela eta: i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Bilbo, Alonsotegi eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan sustatzen duen «Alonsotegi – Retuerto 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-eko aireko linea Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9023 euskarriaren artean berritzeko proiektua, betiere Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea aplikatuz eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan arautua).
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko irailaren 13an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz: «Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua beharko dute II. eranskinean aipatutako proiektuek». Zehazki, 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.b) epigrafean sartuko litzateke proiektua: «15 kV edo gehiagoko tentsioa eta 3 km-tik gorako luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak eraikitzea (I. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak), lurzoru urbanizatuaren zorupean oso-osorik igarotzen direnak izan ezik, eta haiekin lotutako azpiestazioak».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailak sortzeko, ezabatzeko eta aldatzeko eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehazteko lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Bilbo, Alonsotegi eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan «Alonsotegi – Retuerto 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-eko aireko linea Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9023 euskarriaren artean berritzeko proiekturako, honako baldintza hauetan:
A) «Alonsotegi – Retuerto 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-eko aireko linearen eroaleak eta euskarriak berritzea da proiektuaren helburua, Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9023 euskarriaren artean, hain zuzen, 3.660 metroko luzeran.
B) Bilbo, Alonsotegi eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan «Alonsotegi – Retuerto 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-eko aireko linea Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9023 euskarriaren artean berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren bidez 30 kV-eko linea berrituko da, Alonsotegi transformazio-azpiestazioan (3003) hasi (UTM ETRS89 X: 501461, Y: 4.788.252 koordenatuak) eta 9023 euskarrian (UTM ETRS89 X: 500703, Y: 4.791.530 koordenatuak) amaitu arte. Era berean, Basatxu aterpez kanpoko transformazio-zentro euskarridunerantz bideratzea aurreikusten da, eremu horretan hornidura elektrikoa baldintza onetan eskaintzen jarraitzeko.
Horrela, guztira 12 sareta-euskarri berri instalatzea aurreikusten da: 9001N, 9002N, 9003N, 9005N, 9006N, 9008N, 9009N, 9010N, 9013N, 9019N, 9020N eta 1902N, desegin beharreko gaur egungo 13 sareta-euskarrietatik hurbil (9001, 9002, 9003, 9005, 9006, 9008, 9009, 9010, 9013, 9019, 90190, 9020 eta 1902).
Horrez gain, CU-95 motako eroaleak ordeztuko dira LA-180 motako eroale berriekin (147-AL1/34-ST1A) 3.660 metroko luzeran (3.118 metro Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren eta 9023 euskarriaren artean, 542 metro Basatxurako deribaziotik), honako tarte hauetan:
– Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9011N euskarri berriaren artean (beste proiektu baten xede). Zirkuitu bikoitzeko 1.655 metro izango dira guztira.
– 9013N zenbakiko euskarri berriaren eta 9015 zenbakiko gaur egungoaren artean. Zirkuitu bikoitzeko 244 metro izango dira guztira.
– Lehendik dagoen 9016 zenbakiko euskarriaren eta 9023 zenbakikoaren artean, eta azken horretatik, lehendik dagoen 9128 zenbakiko euskarriraino (deribazioa La Paz-Barakaldo banaketa-zentrorantz: 901133650). Zirkuitu bikoitzeko 1.219 metro izango dira guztira.
– Lehendik dauden 9017 eta 1901 zenbakietako euskarrien artean (zirkuitu bikoitzeko 55 metro).
– Lehendik dauden 1901 eta 1900 zenbakietako euskarrien artean (zirkuitu soileko 487 metro).
Lehendik dauden LA-110 motako eroaleak erregulatuko dira 9008N euskarri berriaren eta gaur egungo 1801 euskarriaren arteko tartean. Erregulatutako tarteak 12 metroko luzera du zirkuitu soilean.
Gainera, lehendik dagoen 9004 zenbakiko euskarria saneatu beharko da; eta, gaur egungo 9023 euskarrian, autobalbulak instalatu eta goiko gurutzetak behekoekin konektatu beharko dira lurpeko kable isolatu bidez, 9128 euskarrirantz doan lineari jarraipena emateko (deribazioa La Paz-Barakaldo banaketa-zentrorantz: 901133650).
Lehendik dagoen 1903 zenbakiko euskarrian egungo gurutzeta ordeztu eta CBTA-HV2-1750 motako gurutzeta berri bat jarriko da. 1904 zenbakiko euskarrian, berriz, armadura aldatuko da; beheko gurutzeta kendu eta goiko gurutzetaren orientazioa aldatuko da.
9011N eta 9012N zenbakietako euskarri berriak beste proiektu batzuen xede dira, ingurumen-dokumentuan adierazten den bezala.
Aipatutako jarduketetarako behar-beharrezkoa izango da sarbide berriak irekitzea eta lehendik daudenak egokitzea. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak aurreikusten du zortzi sarbide berri irekitzea jarraian adierazten diren euskarrietara, guztira 1.308 metro linealeko luzeran eta 2,5 metro inguruko zabalerarekin:
– 9001N (1) zenbakiko euskarria, 149 metrokoa, Alonsotegiko azpiestazioaren ondoan, intereseko landaredirik ez duen eremu bat zeharkatuz.
– 9002N (2) zenbakiko euskarria, 219 metrokoa, eukaliptoak landatzeko baso-eremu batean zehar. Eremu horretan bidezidor txiki bat dago eta, agian, zuhaitzen bat edo beste moztu beharko da.
– 9005N eta 9006 (3) euskarriak, 235 metrokoak, duela gutxi moztutako eremu batean.
– 9013N (4) euskarria, 13 metroa, belardi eta sastrakadietan zehar.
– 1902N (5) euskarria, 310 metrokoa, belardietan zehar.
– 1904N (6) euskarria, 41 metrokoa, baratze-eremu batean.
– 9019N (7) zenbakiko euskarria, 120 metrokoa, pinudi batetik zehar; hala ere, landaketaren dentsitatea txikia da, eta ez da zuhaitzik moztu beharko.
– 9020N (8) zenbakiko euskarria, 221 metrokoa, pinudi batetik zehar; hala ere, landaketaren dentsitatea txikia da, eta ez da zuhaitzik moztu beharko.
Gainera, jarraian adierazten diren euskarrietarako hiru sarbideak egokitzea aurreikusten da, 420 metro linealeko luzeran, eta horietan ez da mozketarik aurreikusten:
– 9009N (1) zenbakiko euskarria, 183 metrokoa.
– 9010N (2) zenbakiko euskarria, 194 metrokoa.
– 9013N (3) zenbakiko euskarria, 43 metrokoa.
Instalazio berriak osagai nagusi hauek izango ditu: eroale elektrikoak, isolamendua, euskarriak, armatuak, burdineria, zimenduak eta lur-konexioa.
Aurkeztutako informazioaren arabera, euskarriek 57,73 m2-ko guztizko azalera hartzea aurreikusten da. Euskarri bakoitzaren inguruko lan-plataformek obretan zehar sortutako aldi baterako okupazioa 56 m2 eta 103 m2 artekoa izango da; guztira, 976 m2-ko azalerari eragingo dio.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, sortuko diren hondakin gehienak eraikuntza eta eraispenekoak izango dira, eta hondakin mota horri dagokion moduan kudeatuko dira, kudeatzaile baimenduen bidez. Hondakin horiek hondeaketa-soberakinetatik eta lehendik dauden egiturak eraistetik eta ordeztetik etorriko dira batez ere. Hamabi euskarri berrien zapatak hondeatzeari eta zimenduei dagokienez, hondeaketa-bolumena 102,34 m3-koa izango da guztira.
Bidalitako dokumentuetan ez da zehazten obrak egiteko epea.
Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba aurkeztu da, hau da, proiektua ez gauzatzearena, eta, horrez gain, proiektua gauzatzeko beste alternatiba bat. 0 alternatiba baztertu egin da, proiektatutako jarduketa beharrezkoa baita linearen hornidura elektrikoaren jarraitutasuna bermatzeko eta kalitatea hobetzeko. 1. alternatibaren trazadura ia lerro zuzen bat da, apur bat mendebaldera kurbatzen dena, landaredi handieneko eremuetatik igarotzea saihesteko eta trazadura komunikazio-bide nagusien eta biztanleguneen paraleloan jarraitzeko. Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, linea berririk egingo ez denez, baizik eta dagoena aldatu, trazadura-alternatibarik onena lehendik dagoen trazadura aprobetxatzea da. Hala, hautatutako trazadura (proiektatutako linea), oro har, egungo zortasunaren ardatz nagusitik igarotzen da, tarte jakin batzuetan izan ezik.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremua Bilbo, Alonsotegi eta Barakaldoko udal-mugarteetan dago, zehazki Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (UTM ETRS89 X: 501461, Y: 4.788.252 koordenatuak) eta 9023 zenbakiko euskarriaren (UTM ETRS89 X: 500703, Y: 4.791.530) artean, eta Basatxu aterpez kanpoko transformazio-zentro euskarriduneranzko deribazioa. Linea nekazaritza- eta baso-lurretatik igarotzen da batik bat.
Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:
– Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, jarduketa-eremua ur-masa hauen isurtze-arroetan dago: Cadagua IV, Nerbioi barruko trantsizio-drainatzea eta Galindo-A. Lineak Cadagua ibaia zeharkatzen du behin, aztergai den eremuaren hegoaldean, Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren inguruan. Era berean, lineak Urgozo, Maltercio, Solondo eta Aldaiko Troka errekak zeharkatzen ditu, horiek guztiak Cadagua ibaiaren adarrak. Gainera, Basatxurako deribazioak bi ibai-ibilgu zeharkatzen ditu, Sorginek eta izenik gabeko beste jariatze bat, biak ere Galindo ibaiaren adarrak.
– Lurpeko urei dagokienez, eremua hegoaldeko Antiklinorioko masan kokatzen da. Cadagua ibaiaren ertzak, linea elektrikoak zeharkatzen dituenak, interes hidrogeologikoko eremuetan daude.
– Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera, trazadura kategoria hauetan sartutako lurzoruen gainetik igarotzen da: Nekazaritza eta Basozaintza, Landa Paisaia eta Basoak.
– Eremuko sare hidrografiko osoa bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) interes berezikoa den eremu gisa (Cadagua, Urgozo, Maltercio) eta hobetu beharreko tarte gisa (gainerako ibilguak) dago identifikatuta. Galzorian dagoen espeziea da, eta hura kontserbatzeko kudeaketa-plana indarrean dago Bizkaiko Lurralde Historikoan: Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola; Lineo, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, galzorian dagoen eta babesteko neurri espezifikoak behar dituen espeziea delako.
– Eremua hegaztiak babesteko eta ez elektrokutatzeko «Artigas-Ganekogorta» babes-eremuan dago. Agindu honen bidez deklaratu ziren eremu horiek: Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez mugatzen baitira mehatxupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak eta argitaratzen baitira abifaunaren babes-eremuak.
– Eremuko landaredia mosaiko modukoa da; sega-belardiak, espezie autoktonoen heskaiak horien ertzetan, eta hostozabal autoktonoen masen formazio sakabanatuak eta landaketak. Era berean, ur-ibilguen ertzetan ibaiertzeko basoko espezie bereizgarriak daude.
– Jarduketen esparruan Batasunaren intereseko bi habitat (BIH) daude: «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak» (6510 kodea) eta «Ulex sp. nagusi den txilardi atlantikoa» (BIH 4030). Halaber, hostozabal autoktonoen masak, hala nola hariztia, interes handiko formaziotzat hartzen dira eskualde mailan.
– EAEko azpiegitura berdeari dagokionez, intereseko ibai-igarobideak barne hartzen dituen bilbe urdinean sartzen da Cadagua ibaia.
Eremua ez dago ezein naturagune babestutan, ez eta Natura 2000 Sareko gune bakar batean ere. Jarduketa-eremua ez dago jasota EAEko intereseko naturaguneen katalogo irekian, ezta EAEko hezeguneen inbentarioan, onura publikoko mendietan edo geologia-intereseko lekuetan ere.
– Kantauri Ekialdeko Demarkazioko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera, Cadagua IV ibaiko ur-masa «hornidura-harpenak dituzten masak» gisa identifikatzen da.
– Eremua Barakaldoko eta Kastrexanako ikusmen-arroan dago, eta paisaia oso arrunt eta kalitate txikikoan; beraz, ez dago sartuta EAEko paisaia berezien eta apartekoen katalogoan.
– Ingurumen-arriskuei dagokienez, Cadagua ibaitik hurbilen dagoen tarteak, jarduketa-eremuaren hegoaldean, uholde-arriskua du. Zehazki, Alonsotegiko azpiestaziotik gertu, desegin beharreko 9001 zenbakiko euskarria eta hura ordeztuko duen euskarri berria (N9001N zk.) lehentasunezko fluxu-eremuan daude, eta 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan. Bestalde, Alonsotegi transformazio-azpiestazioa 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago. Cadagua ibaiaren tarte hori III. taldeko «ES017-BIZ-7-3 ALONSOTEGI 2» Uholde Arrisku Handiko Eremuan dago.
– Bestalde, adierazi behar da proiektuaren eremuan bi lurzati industrial daudela (48020-00846, 48013-00013, 48013-00148 eta 48013-00121 kodeak), lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten kokalekuen inbentarioan jasota daudenak. Horietako bat (48020-00846 kodea) Alonsotegi transformazio-azpiestazioari dagokio, baina, a priori, ez da jarduketarik aurreikusten. 48013-00013 lurzatian ere ez da jarduketarik aurreikusi, eroalea aldatzeaz gain. 48013-00148 eta 48013-00121 lurzatietan euskarriak ordeztea aurreikusten da, eta horrek lur-mugimenduak eragingo ditu.
– Bestalde, eremuaren oinarri diren akuiferoek kutsadurarekiko urrakortasun txikia eta oso txikia dute. Oro har, eremuan ez da identifikatzen higadura-arriskua izan dezakeen eremurik, lehendik dagoen 9013 zenbakiko euskarria 9013N zenbakiko euskarri berriarekin ordeztuko den eremuan izan ezik. Baso-suteen arrisku-maparen arabera, proiektua baso-sutearen arriskua oso txikia den eremu batean dago oro har; arriskua zertxobait handiagoa da hegoaldean, baso-landaketen presentzia dela eta.
– Ondarearen arabera, linea Done Jakue Bidean dago, zehazki «Kostaldeko Bidean» eta «Enkarterriko Bidean».
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, lan-plataformak sortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan eta sarbideak ireki beharko dira, non lurzorua trinkotu egingo baita makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz.
Zortzi sarbide berri irekitzeak 1.308 metroko luzerari eragingo dio; horiek 2,5 metroko zabalera izango dute gutxi gorabehera. Era berean, hamabi euskarri berriak instalatzeko 57,73 m2 okupatu beharko dira, eta horrek 102,34 m3-ko lur-mugimenduen bolumena eragingo du. Ingurumen-dokumentuaren arabera, euskarri berrien eragin-azalera konpentsatu egingo da; izan ere, lurzorua askatuko da, hamahiru euskarri deseginda.
Bestalde, obretan 976 m2 okupatuko dira aldi baterako, euskarrien inguruko lan-plataformak direla eta.
Lan-plataformak eta euskarri berriak gauzatzeak, eta sarbideak irekitzeak lehendik dagoen landaredia kentzea ere ekarriko dute. Ildo horretan, eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, lineak interes handiko landaredia duten eremuak zeharkatzen ditu (BIH eta baso autoktonoak). Edonola ere, proiektatutako euskarri berriak eraitsiko direnen inguruetan instalatuko dira, eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eroale berria lehendik dagoenaren hegaletik igaroko da. Ingurumen-dokumentuaren arabera, ez da zuhaitzik moztu beharrik izango, 9002N zenbakiko euskarrira iristeko salbu; izan ere, tarte horretan eukalipto sail bateko zuhaitz-aleren bat moztu behar izatea gerta liteke.
Batasunaren intereseko habitaten kasuan, 6510 habitatari puntualki eragitea aurreikusten da, sarbideak irekiko direlako eta 9020N zenbakiko euskarria ezarriko delako. Batasunaren intereseko 4030 habitatari ere eragingo dio, sarbide berri bat sortuko delako eta 9002N eta 9003N euskarri berriak ezarriko direlako. Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, lehen aipatutako euskarriek (gaur egungo euskarrietatik oso hurbil daudenek) kokaleku berriak hartzen badituzte ere, habitat berean espazioa libre uzten da, ordezkatu beharreko linearen euskarriak eraistearen ondorioz; beraz, inpaktua ez da nabarmena.
Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripu edo gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta linearen zortasun- eta babes-eremua mantentzeko ebaketa- edo inausketa-lanak egingo dira. Proposatutako jarduketen garrantzia kontuan hartuta, ingurumen-dokumentuak ez-nabarmentzat eta bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek.
Proiektatu den trazadurak zazpi ibai-ibilgu zeharkatzen ditu: Cadagua, Urgozo, Maltercio, Solondo, Aldaiko Troka, Sorginek eta izenik gabeko beste jariatze bat. Dena den, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eremu horietan ez da jarduketarik aurreikusten eroale-aldaketaz gain. Horrela, gaur egungo zortasuna mantenduko da, eta, beraz, ez zaio eragingo ibaiertzeko landarediari.
Kultura-ondareari dagokionez, obren fasean erabiliko diren bideetako batzuk Done Jakue Bidearen barruan daude, eta, beraz, neurri egokiak aplikatu beharko dira.
Uholde-arriskuei dagokienez, Ibaizabal ibaitik hurbilen dagoen tarteak, jarduketa-eremuaren hegoaldean, uholde-arriskua du. Zehazki, Alonsotegiko azpiestaziotik gertu, desegin beharreko 9001 zenbakiko euskarria eta hura ordeztuko duen euskarri berria (N9001N zk.) lehentasunezko fluxu-eremuan daude, eta 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan. Bestalde, Alonsotegi transformazio-azpiestazioa 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago. Cadagua ibaiaren tarte hori III. taldeko «ES017-BIZ-7-3 Alonsotegi 2» Uholde Arrisku Handiko Eremuan dago. Ildo horretan, arlo horretan indarrean dagoen legeria eta organo eskudunak egindako oharrak bete beharko dira. Bestalde, obrek irauten duten bitartean, urak har ditzakeen eremuetan materialak metatzea saihestu beharko da, eta, hala badagokio, horiek azkar kentzeko protokoloak ezarri beharko dira, balizko uholdeak aurreikusi badira.
Kutsatu daitezkeen lurzoruei dagokienez, jarduera kutsagarriak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioan sartuta dauden 48013-00148 eta 48013-00121 kodeetako lurzatietan euskarriak ordeztea aurreikusten da, eta horrek lur-mugimenduak eragingo ditu. Beraz, lurzati horietan jarduteko arlo horretan aplikatu behar den araudia bete beharko da.
Funtzionamendu fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Funtsean, lehendik dagoen trazadura egokitu behar denez, eta, gainera, ingurumen-dokumentuaren arabera, linea elektrikoan elektrokuzioaren eta talken aurkako neurri egokiak txertatuko direnez, inpaktu horiek ez dira nabarmentzat jo.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, jarraian adierazten diren babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Bilbo, Alonsotegi eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan «Alonsotegi – Retuerto 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-eko aireko linea Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9023 euskarriaren artean berritzeko proiektuari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta soiltze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta uholde-eremuei eragitea saihestuko da.
Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.
– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, eragina proiektua egiteko beharrezkoa den azalerara mugatu dadin.
– Eremu sentikorretan eta natura-balio handienekoetan (Batasunaren intereseko habitatak eta eskualdeko habitatak eta ibai-ibilguen gurutzatzea) kokatutako euskarriak eta linea elektrikoa eraistean arreta handia jarriko da. Eremu horietan, arreta-neurri zorrotzak ezarriko dira linearen segurtasun-kaletik kanpo dauden espezieei kalterik ez egiteko.
– 9006N eta 9007 euskarrien artean eta 9010N eta 9011 euskarrien artean, lineak kartografiatutako eremuak zeharkatzen ditu, harizti azidofiloa, adibidez; horietan, eraikitze-lanak garatzean formazio horiei ez eragitea bermatuko da. Era berean, zuhurtziaz jokatuko da 9010 zenbakiko euskarri zaharra eraistean eta 9010N euskarri berria jartzean, harizti azidofiloari kalterik ez eragiteko.
– Haltzadien eta lizardien 91EO* habitatak hartutako azaleren eremuan ezin izango da egin landaredi autoktonoaren eraldaketa fisikorik, soiltzerik edo mozketarik.
– Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, haltzak, hurritzak eta haritzak).
– Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira zein zuhaitz ebaki edo lepatuko diren erabakitzeko irizpideak.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuak emandako ebazpenari kalterik egin gabe, ezin izango da mozketarik egin linearen zortasunean dauden kerzineen eta pagoen masa edo oinetan. Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoak diren zuhaitzak bakarrik inausi ahal izango dira.
– Ahal izanez gero, inausketa horiek geldialdi begetatiboan egingo dira (udazken-neguan), eta zuhaitzak ondo osatuta eta orekatuta utzi beharko dira.
– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko.
– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Lehentasunez, obrek eragindako euskarrietara iristeko sarbideak egokituko dira. Landan zeharreko sarbideak egiteko eta sarbide berriak eraikitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua minimizatuz eta lehen aipatutako eremu kalteberekiko eragina saihestuz egingo dira. Sarbideek 2,5 metroko zabalera izango dute gehienez, salbuespenak salbuespen, eta horiek behar bezala justifikatu beharko dira.
– Ezin izango da sarbiderik edo obrarik egin horiek kerzineen eta pagoen masa edo oinei eragiten badiete. Proiektuak ordezko aukerak jaso beharko ditu sarbideak eta euskarri berriak planifikatu diren tokietan landaredi autoktonoa dagoenean.
– Ahal izanez gero ez da jarduketarik egingo obraren eremuan dauden heskai autoktonoetan eta harlangaitzezko hormetan.
Fauna babesteko neurriak.
– Obraren eremuan dauden basoko hegaztiak edo espezie mehatxatuen EAEko katalogoan eta babes berezia behar duten espezieen zerrendan sartuta dauden hegaztiak babesteari dagokionez, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:
• Hegaztiak ugaltzen diren garaian (martxoaren 1etik abuztuaren 15era) lan egitea aurreikusten den baoetan, obrei ekin aurretik, gaian adituak diren langileek obraren eremuaren alde banatan 250 metrora dagoen abifaunaren azterketa xehea egin beharko dute, eta txostena bidali beharko diote Bizkaiko Foru Aldundiko natura-ondarearen zerbitzuei.
• Txostena aztertu ondoren, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen muga guztiak jarri ahal izango ditu obratik gertu egon daitezkeen intereseko abifaunaren nukleoak kontserbatzeko.
• Langile espezialistek egiazta badezakete habiarik edo ugalketa-nukleorik ez dagoela obrekin okupatzea aurreikusten den eremu guztietatik 250 metrora baino gutxiagora, ez da zuzenketa-neurririk beharko proiektua egikaritzeko.
• Gainera, obra garrantzitsuak aurreikusten diren lineetako deskarguak planifikatzea gomendatzen zaio sustatzaileari, iraila, urria, azaroa, abendua eta urtarrila bitartean.
– Proiektuaren eraginpeko eremua bisoi europarraren interes bereziko gunearen mugan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola; Lineo, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita. Bisoi europarraren aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, honako hauek kontuan hartuko dira: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, EAEko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta itsas fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieen EAEko Zerrenda arautzeko duena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.
Prebentzio-neurri gisa, proiektuko lanak mugatu egin beharko dira lan horiek bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremuan gauzatu behar direnean, espeziearentzat bereziki sentikorra den garaian.
– Hegaztiak ez elektrokutatzeko hartu behar diren neurriei dagokienez, obrek eragindako euskarri eta burdineria guztiak isolatu beharko ditu sustatzaileak.
– Era berean, talka ez egiteko neurriak hartu beharko dira berritu beharreko linea elektrikoan.
Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.
Proiektu hau gauzatzeko egin behar den edozein jarduketa motatan, kontuan hartu beharko dira uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruaren barnean egin dituen txostenetan ezarritako baldintzak. Hori horrela izanik ere, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:
– Oro har, ezin da makinarik eta ibilgailurik igaro ur-ibilguetan. Ezin izango da egin sare hidrografikoari eragiten dion sarbiderik.
– Ezin da zuhaitzik moztu eta kendu bisoi europarra kudeatzeko planaren eremuan, eta ezin da garbiketarik egin jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremutzat jotako 5 metroetan, ibilguen eta erreken bi aldeetan.
– Trazadurak zeharkatzen dituen ibai-ibilguen gaineko bidegurutzean, eta bereziki Cadagua ibaiaren gainekoan, neurri bereziak hartuko dira ibaiertzeko landarediari kalterik ez eragiteko.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
– Oro har, eraikuntza fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Debekatuta daude urak uhertzea eragin dezaketen jarduerak, eta obrak geldiarazi egin beharko dira meteorologiak premisa hori betetzea eragozten badu.
– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Arreta berezia jarri beharko da hormigoirik edo deribaturik ez isurtzeko inguruko sare hidrografikora irits daitekeen ezein puntutara; horregatik, hormigoi-ontziak edo bestelako makinak garbitzeko leku espezifiko bat planifikatzea gomendatzen da.
– Debekaturik dago, baimen administratiborik izan ezean, ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea.
Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
Ingurumena leheneratzeko proiektu bat egin beharko da, obrek aldi baterako ukitutako eremuetan landareztatzeak egiteko berariazko neurriak garatzeko. Proiektuak irizpide hauek izan behar ditu kontuan:
– Obrek eragindako azalera guztiak leheneratuko dira, hau da:
• Euskarrien inguruan, desegin direnak nahiz lehendik daudenak eta berriak.
• Linea elektrikoaren azpian, linea zaharra desmuntatu eta berria jartzeko lanen ondorioz guneren bat kaltetu bada.
• Ireki diren sarbideetan edo egokitu behar izan direnetan, mantentze-lanetarako sarbide horiek mantendu beharra behar bezala justifikatzen den kasuetan izan ezik.
– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.
– Proiektua gauzatu ondoren kaltetutako eremuak inguruko habitatetako berezko espezieen bidez landareztatuko dira, masa horiek zatitzea saihestuz. Zehazki, kalterik eraginez gero, ibai-ibilguen ertzak leheneratzean Batasunaren intereseko 91E0* habitataren berezko espezieak (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior) erabiliko dira lehentasunez, habitat horren oihanpeko espezieekin batera. Bestalde, landaredi naturala zegoen gainerako eremuetan, harizti azidofiloko eta harizti/baso mistoko berezko espezieak erabiliko dira, Quercus robur, Fraxinus excelsior, Tilia sp. eta Acer sp. zuhaitz-espezieak, besteak beste, eta, zuhaixka-geruzan, Cornus sanguinea, Crataegus monogyna, Ligustrum vulgare eta abar.
– Landareztatu beharreko zonaren antzeko klima- eta lurzoru-baldintzak izan eta barietate autoktonoak ekoizten dituzten tokiko haztegi egiaztatu eta akreditatuetatik datozen haziak eta landareak erabiltzea aholkatzen da.
– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren. Ondoren, beheragoko geruzetan jarri gabe, ahal den neurrian, jatorrizko lekuan kokatuko da.
– Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen. Hala badagokio, kaltetutako laboreak birlandatu beharko dira.
– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.
Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunean. Obra gauzatzen den bitartean, lineako zortasunetan eta sarbideetan dauden Cortaderia selloana aleak desagerrarazteko ahalegin berezia egingo da, mekanikoki edo eskuz erauzita. Lan horiek egiteko dagozkion premisa teknikoak kontsultatu ahal izango zaizkio Natura Ondarearen Zerbitzuko teknikari arduradunari.
Gainera, sustatzaileak ingurumen-zaintza egin beharko du hurrengo 2 urteetan, obrako lanen ondoren eremu osoan finka daitezkeen espezie exotiko inbaditzaileak identifikatzeko eta ezabatzeko helburuarekin, bereziki obrek eragindako intereseko habitatetan.
– Leheneratze-proiektu hori linea elektrikoa berritzeko proiektuan sartuko da ondorio guztietarako (aurrekontua barne), eta proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren diseinu-datuak jasoko ditu: leheneratu beharreko eremuak, erabili beharreko espezieak, aleen tamaina, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sei hilabetetik gorako iraupena aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
– Lur-mugimenduak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Ihoberen lurzoruen inbentarioan jasota dauden lurzatietan egiten badira, ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa. Horren harira, esan behar da, lege horren arabera, besteak beste argi-, ur-, gas- edo telekomunikazio-zerbitzuak aldatzearen ondoriozko lur-mugimenduen kasuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastetik salbuetsita geratuko liratekeela.
– Bestalde, aipatutako 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 5. apartatua bete beharko da, eta, hondeatutako bolumenaren arabera, hondeaketa-plan bat aurkeztuko da, eta beharrezkoa izango da hondeatutako materialen ezaugarriak ematea, haiek kudeatu edo berrerabili aurretik.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.
– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako txostenaren arabera, kontuan izanik euskarri berrietan indusketak eta lur-mugimenduak egingo direla zimenduak eta zapatak eraikitzeko, obra horien eta sarbide berrien jarraipen eta kontrol arkeologikoa egitea gomendatzen da.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.
– Batasunaren intereseko habitatei eta intereseko habitatei (baso mistoa), ibai-ibilguei eta arriskuan dauden fauna-espezieei eragiten zaien kaltea kontrolatzea.
– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Proiektuak afektazio-eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Garbiketa eta obra-akabera.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz Obra Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obrak gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Bilbo, Alonsotegi eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan sustatzen duen «Alonsotegi – Retuerto 1 eta 2» zirkuitu bikoitzeko 30 kV-eko aireko linea Alonsotegi transformazio-azpiestazioaren (3003) eta 9023 euskarriaren artean berritzeko proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar izatea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industriako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 27a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS