
1. zk., 2025eko urtarrilaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (175 KB - 9 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
7
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Tolosako (Gipuzkoa) Amarotz eremuko Sasoeta baserriaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko irailaren 6an, Tolosako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Tolosako Amarotz eremuko Sasoeta baserriaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa (aurrerantzean, Plana) egin zedin. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da eskabidea, eta arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.
Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2024ko urriaren 8an, kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Tolosako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartekoetan ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluaziokoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, zeinaren bidez ezartzen den Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Tolosako Amarotz eremuko Sasoeta baserriaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Tolosako Amarotz eremuan dagoen Sasoeta baserriaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburua da Sasoeta baserria gaur egun dagoen bezala mantentzea, bi eraikin nagusiekin, eta ez ordeztea 500 m2-ko bizitegi-erabilerako eraikigarritasun fisikoa eta Amarotz auzoaren iparraldeko zatian daudenen antzeko ezaugarriak dituen eraikin berri batekin, 2009an onartutako HAPOak aurreikusten zuen moduan. Indarreko plangintzak deklaratzen zuen bertako eraikuntza guztiak antolamendutik kanpo zeudela.
Aldaketa horren arrazoia da ez dela ekonomikoki bideragarria lehendik dauden eraikinak eraistea eta 500 m2 bakarrik dituen bizitegi-bloke kolektibo berri bat eraikitzea. Izan ere, 2009an garapen hori ahalbidetzen zuen HAPOa onartu zenetik, eragile bakar batek ere ez du azpieremua garatzeko interesik izan, eta jabeek beti erakutsi dute baserriaren egungo hirigintza-estatusa mantentzeko interesa. Beraz, justifikatuta geratzen da jarduketa hirigintzaren aldetik berrantolatzearen komenigarritasuna eta egokitasuna.
HAPB honek antolamenduz kanpokotzat jotzen ditu dauden hiru eraikin osagarriak, eta horiek bakarrik: oilategia, nekazaritza-tresnen eta erreminten etxola eta biltegi txikia. Horien ordez, bizitegi-erabilerako eraikinaren osagarri izango litzatekeen eraikin berri bat egin daiteke, HAPOak lurzatiari emandako eraikigarritasuna agortu arte, bai sestra gainean, bai sestra azpian.
Bestalde, zerrenda bat eraiki gabe lagatzeko betebeharra ere ezartzen da, Udalak, hala erabakitzen duenean, Amarotzetik San Blas ermitarako oinezkoen zirkulazioa hobetuko duen espaloi bat gaitu ahal izan dezan.
Plan Berezi hau onartzeak indarreko HAPOan aplikatu beharreko zehaztapen xehatu batzuk aldatzea dakar; horrela: lehendik dauden bizitegi-eraikinak finkatu gisa deklaratuta geratzen dira, antolamenduz kanpoko gisa kalifikatuta geratuko diren eraikin osagarriak salbu, eta Sasoeta baserri zaharra birgaitzea baimenduko da, jabetza horizontaleko erregimenean bi etxebizitza berri sortuz. Etxebizitza horiek baserriaren ondoko eraikinean dagoenari gehituko zaizkio (1986an eraberritua).
Hala ere, gainerako zehaztapenei eusten zaie, hala nola eraikigarritasuna handitzeagatik hiri-lurzorua finkatugabe gisa sailkatzeari, a.30.1/20 azpisektorearen kalifikazioa 20. Amarotz eremuaren barruan sartzeari eta esleitutako eraikigarritasun fisikoari (500 m2 sestra gainean eta 300 m2 sestra azpian).
HAPBaren eremu zehatza 20. Amarotz eremuaren a.30.1/20 azpisektorea da. Lurzatiak 1.808 m2-ko azalera du, hirigintza-dokumentuaren eranskin gisa dagoen jasotze topografikoaren arabera. Eremu hori hiri-eremu batean dago, San Blas kaleko 2 zenbakiaren oinean.
Gaur egun, eraikin bat bakarrik erabiltzen da jarduketaren sustatzailearen ohiko bizileku iraunkor gisa; gainerakoak, besteak beste, Sasoeta baserri zaharra, ez dira erabiltzen. Finkaren gainerakoa baratzetarako erabiltzen da, eta, gainera, nekazaritza-tresnetarako, baratzezaintzarako eta aisialdiko abeltzaintzarako (batez ere, norberaren kontsumorako oiloen hazkuntza) hainbat eraikin daude.
IDEak jasotzen duenez, Tolosako Udalak Plana behin betiko onartu ondoren, honako hauek jaso beharko ditu proiektuak: antolamenduz kanpokotzat katalogatutako eraikin osagarriak eraistea (a.30.1 lurzatia) eta Amarotz auzoa eta San Blas ermita lotzen dituen espaloia egitea, urbanizazioko obra osagarrien proiektu gisa.
Alternatibei dagokienez, garapeneko hiru alternatiba aztertzen dira (indarrean dagoen HAPOaren antolamendu xehatua mantentzeko 0 alternatibaz gain). Alternatiba horietan, finkatu beharreko eraikinen kopurua aldatzen da, bai eta Udalari espazioa lagatzea edo ez lagatzea ere Amarotz auzoa eta San Blas ermita lotzen dituen oinezkoentzako ibilbidearekin jarrai dezan.
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.
b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean eraikuntza gehienak finkatzea proposatzen da, eraispen handiak eta eraikuntza berriak egin daitezen ekiditeko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da detektatu Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, ingurumenari, kultura-ondareari, segurtasun eta osasunari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan izan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Aztergai dugun Plan Berezia hiri-eremu batean dago, Amarotz auzoan, Tolosa hegoaldean, Iruñera doan errepide zaharraren eta Madril/Irun A-1 autobidearen ondoan, eta Usabal eta San Blas auzoekin egiten du muga.
Lurzatiak honako hauekin egiten du muga: iparraldean, San Blas ermitara sartzeko bidearekin; hegoaldean eta mendebaldean, lorategi publiko batekin; eta ekialdean, lorategi eta bide publiko batekin. Lurzatiak aldapa handia du, eta ipar-ekialderantz igotzen da.
Hidrologiari dagokionez, jarduketa-eremua ez du ezein ibilgu edo errekak zeharkatzen. Eremua Oriako Unitate Hidrografikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren barruan, eta hurbilen dagoen ur-ibilgua Araxes da, hego-mendebaldetik 350 metrora igarotzen dena.
Landarediari dagokionez, Geoeuskadiko landaredi-maparen arabera, unitate nagusiak hauek dira: landaredi erruderal-nitrofiloa, eta harizti azidofiloa eta harizti/baso misto atlantikoa lurzatiaren ekialdean. Eremuan ez dago espezie mehatxatuko florarik. Ingurumen Dokumentuaren arabera, eremuaren barruan ez dago Batasunaren intereseko habitatik edo zuhaitz mota autoktonorik, eta bertan dauden unitateak zuhaitz apaingarriak da. Era berean, adierazi da, nolanahi ere, dagoen landaredi naturala ez dela ezabatuko.
Larre, baserri eta palaxuz osatutako paisaia horretan, gizakien presentzia jasateko gaitasuna duten fauna-espezieak aurki daitezke. Eremuan ez dago fauna-espezie mehatxaturik. Mehatxatutako faunarengandik hurbilen dagoen eremua Araxes ibaia da, eremutik 350 metrora hegoaldera dagoena, eta bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) intereseko eremu gisa identifikatzen da, hala ezarrita baitago Gipuzkoako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarraren (Lineo, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduan.
Planaren xede den eremuan ez da naturagune babesturik, ez EAEko LAGetako azpiegitura berdeko elementurik, ez eta interes geologikoko lekurik ere. Hurbilen dagoen naturagune babestua ES2120012 KBE Araxes ibaia da, eremutik 350 m hegoaldera.
Sasoeta baserria ustezko arkeologia gune gisa dago deklaratuta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1997ko irailaren 17ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horren bidez, 1997ko irailaren 11ko Ebazpenak argitaratu ziren, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait udalerritan ustezko arkeologia guneen deklarazioa egiteko.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du HAPBa gauzatzeak lehendik dauden bizitegi-eraikinak finkatzen dituela, eta ez duela bizitegi-erabilerako eraikin berririk ahalbidetuko, soilik bizitegi-erabilerako eraikinak erabiltzeko eraikin osagarri berri bat (barneko KAH baliorik ez dago).
Arrisku naturalei dagokienez, Geoeuskadik dioenez, eremuan baso-sutearen arrisku handia dago lurzatiaren ekialdeko erdialdean, zuhaitz-landaredia dagoelako eta akuiferoen kalteberatasunagatik kutsatzeko arrisku ertaina dagoelako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxu Maparen arabera, A-1 errepideari dagokionez, plan partzialaren eremua 200 metroko bandaren eraginpean dago. Tarte horren arriskua oso handia da.
Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du eragin nabarmenik ingurumenean.
Planak gehienbat obra fasean sor ditzakeen inpaktu hauek identifikatu dira:
– Lurzorua okupatzea eta iragazgaiztea, bizitegi-erabilerarako eraikin osagarri berria eraikitzeagatik, HAPOan esleitutako eraikigarritasun fisikoa agortu arte, eta Tolosako Udalak espaloia eraikitzeagatik, lagatako espazio-zerrenda erabilita.
– Hondakinak sortzea eta baliabideak kontsumitzea, 3 eraikin osagarriak eraisteagatik eta eraikin berria eraikitzeagatik, Sasoeta baserria birgaitzeagatik eta espaloia egiteagatik.
– Arkeologia-gune bat kaltetu daiteke, baldin eta ez badira lur-mugimenduetan hartu beharreko neurriak hartzen.
– Istripuz isurketarik bada, lurzorua eta ura kutsa daitezke.
– Zarata eta atmosferako kutsadura obra fasean.
– Paisaiaren kalitatearen gaineko eragina, nabariagoa obren fasean, nagusiki landare-estalkia desagertzeagatik eta lurren mugimenduagatik.
– Bizi-kalitatearen gaineko eragina, eragin negatiboa obra-fasean, zarata sortzearen, airearen kutsaduraren, trafikoa handitzearen eta abarren ondorioz.
– Eraginak ekosistemen zerbitzuetan, hain zuzen, elikagaien hornidura-zerbitzuan; izan ere, garapenak oilategia ezabatzen du eta laboreak eta baratzeak dauden eremu batean egiten da.
Obra fasean, garrantzi txikiagoko beste inpaktu negatibo batzuk ere izango dira: landaredia kentzeak eragindakoak, eta faunari edo paisaiari eragindakoak. Ustiapen fasean ere beste eragin negatibo batzuk egon daitezke, hala nola mugikortasun-eskaria handitzea eta airearen kalitatea kaltetzea.
3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira bertan.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen Ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoari jarraikiz.
Aplikatu beharreko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra faseari nola jardueraren funtzionamendu faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
Sasoeta baserria gaur egun dagoen moduan finkatuko bada ere, baserria kokatzen den 20. Amarotz eremua Balizko Arkeologia Gune gisa izendatuta dago; hori dela eta, Plan Bereziaren proposamenak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan zehaztutakoa bete beharko du.
Gainera, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenei jarraikiz, obretan aztarna arkeologikoren bat egoteko arriskua dagoela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri behar den.
Lurzorua eta lurpeko urak babestera bideratutako neurriak.
Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-fasean, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari buruzko neurriak:
Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek sistemak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Tolosako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.
Lanek iraun bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki indusketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Lurraldearen paisaia-lehengoratzerako neurriak.
Inguruko ingurumen-ezaugarriak aintzat hartuta, eta eraikin osagarri berria eremu horretako paisaian integratu dadin, hainbat eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), inguruko eraikuntza-tipologiarekin eta estetikarekin bat etorrita.
Era berean, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz berriro landareztatzeko lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.
Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak ugaltzea ekiditeko, hala nola Buddleja davidii, Cortaderia selloana eta beste. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.
Planaren eremuko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20 b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza, hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza jasangarrirako gidan (hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin behar dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez dela aurreikusten Tolosako Amarotz eremuko Sasoeta baserriaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, Planak ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Tolosako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Tolosako Amarotz eremuaren Sasoeta baserriaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 26a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.