Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2025eko urtarrilaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
6

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 11koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «6.2.09 Hegoaldeko Ingurabidea» eremuaren 3. aldaketa puntualari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Irungo Udalak, 2024ko uztailaren 11n, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «6.2.09 Hegoaldeko Ingurabidea» eremuaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia jasotzen zuen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko urriaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «6.2.09 Hegoaldeko Ingurabidea» eremuaren aldaketa puntuala (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluaziokoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, zeinaren bidez ezartzen den Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehaztekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, sektore publikoaren araubide juridikoarena eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «6.2.09 Hegoaldeko Ingurabidea» eremuaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, HAPO) berrikuspenak, 2015eko urtarrilaren 28an behin betiko onartu zenak, barne hartzen ditu 6.2.09 - Hegoaldeko Ingurabidea eremua eta lotura bere plangintza-eremuetan.

AP-8 autobidea 6.2.01 «Oinaurre» eremuarekin lotzen den biribilgunera arteko konexioaren obrak eginda, baita Hegoaldeko Ingurabidearen 1. fasekoak ere A-8 autobidearekin lotzeko biribilgunearen eta Txenperenea sektorean aurreikusitako bidearekiko behin-behineko konexioaren arteko zatian, Miguel Ambulodi kaleko biribilgune berrira arteko luzapena barne, Irungo Udalak Hegoaldeko Ingurabide horri jarraipena ematea sustatzen du; hala, 2. fasea handitzea sustatzen du, GI-3452 errepidearekiko (Olaberriarako errepidea) bidegurutzeraino, Berio kalearekiko loturan.

Ikusita HAPOak Irungo hegoaldeko Ingurabidearen 2. faserako eta hurrengoetarako hasieran aurreikusten zuen bide-eskema ez zela onargarria, ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenari dagokionez, Hegoaldeko Ingurabideko bide-eskema orokorra aldatzea adostu da, eta, bereziki, 2. fasekoa; horretarako, beharrezkoa da 6.2.09 eremuaren aldaketa puntuala egitea.

Aldaketaren helburua Txenpereneako egungo lotunetik Hegoaldeko Ingurabidearen trazadurari jarraipena emango dion bide-zati bat sortzea eta eragindako lurzoruen antolamendu berria aurreikustea da. Trazaduraren lehenengo zatia A-8 autobidearekiko paraleloan joango da, eta, azken zatia (EE 13 Santa Elena Ikastetxea, EE 20 HHI Lapitze eta ED 10 Lapitze frontoia kirol-ekipamendua zainduz) biribilgune baten bidez batuko da Olaberriko errepidearekin, Berio kalearekin gurutzatzen den lekuan.

Jarduketa-eremuaren muga HAPOaren antolamendu xehatuak eragindako eta mugatutako lurzatien mugetara doituta, eremuak, guztira, hiri-lurzoru finkatuko 61.715 m2-ko azalera hartzen du, eta hauetan eragiten du: Planaren xede den 6.2.09 eremuan, 6.2.09 (2) azpieremua deitutakoan; RC 1 (Egiluze) komunitateko bizitegi-lurzatian; EE 13 (Santa Elena Ikastetxea) eta EE 20 (Lapitze HHI) eskola-ekipamenduko lurzatietan; ED 10 kirol-ekipamenduko lurzatian (Lapitze pilotalekua); LJ eta LL espazio libreetako bi gunetan; eta VE bide-komunikazioko zonan.

Ondoriozko antolamenduak zertxobait aldatzen du lurzati horien azalera, horietako bakoitzean finkatutako eraikinetan eraginik sortu gabe, eta horietako bakoitzerako irisgarritasuna mantendu edo hobetu ere egiten du.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo ez esku hartzekoa eta dagoeneko deskribatu den 1. alternatiba planteatzen dira.

0 alternatiba baztertu egiten da; izan ere, HAPOan aurreikusitako bide-eskemaren mantentze-lanak zailtasun handiak dakartza hura diseinatzeko eta eraikitzeko, eta horrek eragin handia du ingurunean, eta garestitu egiten ditu egin beharreko obrak. HAPOan jasotako bide-eskemaren arabera, hainbat ezaugarritako bideen trafikoak nahasten dira (iragaitzazko trafikoak eta agitazioko hiri-trafikoa), eta horrek zerbitzu-maila oso txikia izatea dakar, espero den trafikorako nahikoa ez, eta eragin negatibo handia du «inguruko hiri-sarean» (hiri-bideak, aparkalekuak, oinezkoen pasabideak eta abar).

1. alternatiba Irungo Hegoaldeko Ingurabidearen 2. fasearen konexiora egokitzeko planteatzen da, eta horren 1. faseari (6.2.09 (1) azpieremua) jarraipena emateko beharra ebazten du, dagoeneko eraikita dagoena, GI-3452 errepideraino (Olaberriarako errepidea); HAPOaren etorkizuneko berrikuspenean adosten diren irizpideei irekita uzten die Hegoaldeko Ingurabidea – Lotura (6.2.09 (3) azpieremua) eremuan geratzen den eremuaren jarraitutasuna egitea edo ez. Gainera, AP-8 autobidean hirugarren erreia egitearekin bateragarria da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak edo programak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokaleku, izaera, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuak daudenak barne: Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: iritzi zaio plana egokia dela garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, besteak beste, kultura ondareari, kutsadura akustikoari, urei, hondakinei, isurketei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremuak 61.715 m2-ko azalera du. Irungo hirigunearen hegoaldean dago; iparraldean, Berio kalearekin egiten du muga; ekialdean, GI-3452 errepidearekin; mendebaldean, Hegoaldeko Ingurabideko 1. fasearen eta Berio kalearen arteko loturarekin; eta hegoaldean, AP-8 autobidearekin.

Eremua Bidasoko Unitate Hidrologikoaren barnean dago, eta unitate hori, berriz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Zehazki, «Bidasoa drainatzea trantsizioa» ur-masaren isuri-arroan dago. Eremutik ez da gainazaleko ibai-ibilgurik igarotzen, eta hurbilen daudenak hauek dira: Sartaka erreka, AP-8aren hegoaldetik eta harekiko paraleloan doana; eta Olaberri erreka, urak Dunboa ibaian eta, azkenik, Bidasoan isurtzen dituena. Eremua Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren eta haren babes-zortasunaren mugatik kanpo dago.

Eremua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren gainean dago, eta horren zati bat Zumaia-Irun Kuaternario sektorearen gainean, zeina bat baitator Interes Hidrogeologikoko Zona batekin. Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroaren arabera, mantenugai-ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-gune batean dago egikaritze-eremua.

Landarediari dagokionez, Geoeuskadiren informazioaren arabera, eremuaren zati handi batean parkeetako eta lorategietako landaredia eta landaredi erruderal edo nitrofiloa daude, eta eremuaren hegoaldean dauden harizti-masak eta harizti gazteak nabarmentzen dira. Ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazten da ez dela espezie inbaditzailerik hauteman eremuan.

Bestalde, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duenez, eremuan dagoen fauna antropizazio-maila handia duten hiri-inguruneetako espezieek osatzen dute, eta ez da hauteman kudeaketa-planik duen espezie mehatxaturik.

Eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta EAEko Igarobideen Sareko elementurik edo geologia-intereseko lekurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrenda). Eremuaren iparraldetik kilometro batera baino gehiagora, Bidasoaren itsasadarra eta Txingudiko padurak daude. Interes natural handiko eremuak dira, eta zenbait babes-figurek babesten dituzte, hala nola RAMSAR hezeguneak (Txingudi (3ES048)) eta Natura 2000 Sareak (Txingudi-Bidasoa (ES2120018)).

Irungo HAPOko Ondare Arkeologikoaren Katalogoaren arabera, eremuak paduren eremu arkeologikoarekin bat egiten du hego-ekialdean. Bertan, betelan zaharrak egin aurretik, aztarna arkeologikoak aurki zitezkeen. Euskal Kultura Ondarearen Informazio Sistemaren arabera, eremuan ez da aitortutako ondare arkitektonikoko edo arkeologikoko elementurik identifikatzen, ez eta intereseko besterik ere.

Egoera akustikoari dagokionez, Irungo udalerriko zonakatze akustikoaren arabera, eremuaren zatirik handiena A eremu baten barruan dago (bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -sektoreak).

Gipuzkoako errepideen foru-sarearen zarataren mapa estrategikoaren arabera (2017), eremua bat dator AP-8 autobidearen eragin-eremuarekin.

Irungo Udaleko Zarata Maparen arabera, 2016an egin zena, eremuan lortzen den soinu-maila ia berdina da goizeko eta arratsaldeko ebaluazio-aldietan, eta 70 dB (A)-tik gorako mailetara iristen da; gauez, berriz, 65 dB (A)-ra iristen da A-8 autobidetik gertuen dagoen eremuan, eta eremuaren gainerakoan mailak txikiagoak dira.

Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, eremuari aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH) bizitegi-erabilerako lurzorua nagusi duten eremuetakoak dira; haatik, inguruko ikastetxeetan, fatxadako soinu-mailari dagokionez, adierazten da irakaskuntza-erabilerako lurzorua nagusi den eremuei aplikatu behar zaizkien kalitate akustikoko helburuak bete behar direla. Gainera, ez denez aurreikusten etorkizunean inolako garapenik edo hirigintza-kalifikazioaren aldaketarik egingo denik, egin beharreko hiri-bideak (Irungo Hegoaldeko Ingurabidearen 2. fasea) sortuko dituen zarata-mailak ebaluatzen dira, eremu horretan gaur egun dauden soinu-mailak kontuan hartuta, bai eta bide hori gauzatu ondoren aurreikusten direnak ere.

Egungo egoeran, aztertutako ia eremu osoan, kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira 2 metroko altueran kanpoan. Era berean, etorkizuneko hiri-bidetik hurbilen dauden eraikinen fatxadako soinu-mailak kontuan hartuta, kasu guztietan gainditzen dira aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak. Gainditze horiek AP-8 autobideak sortutako soinu-mailen ondorio dira.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan akuiferoen kutsadurarekiko dagoen kalteberatasuna oso txikia da, ez du ibai-uholdeengatiko arriskurik, eta ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako ezein lurzatitan ere. Salgai arriskutsuen garraioari dagokionez, eremua arrisku handikotzat jotzen diren AP-8 autobideko 100, 200 eta 600 metroko afekzio-zerrendan dago. Eremuan ez dago SEVESO enpresarik.

Aurrekoa ikusita, errepide berria egiteko obra fasean sortuko dira inpaktu nagusiak, eta hauen ondorioz izango dira: mozketak eta belar-sastrakak garbitzeak, lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak eta abar. Hala, jarduketak egitean, lurzorua okupatuko da, landaredia kenduko da, faunari enbarazu egingo zaio, emisio atmosferikoak izango dira, eta indusketa-soberakinak, hondakinak, isurketak, zaratak eta abar sortuko dira.

Ustiapen fasean, Plana garatzearen ondoriozko inpaktuak (Hegoaldeko Ingurabidearen bigarren fasea abian jartzea), nagusiki, emisio atmosferiko eta zarata gehiago sortzea izango dira.

Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, bide berriak eta errepideek sortutako soinu-mailek, gora egingo badute ere, berez, ez dituzte gaindituko lurretik 2 metrora aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH). Etorkizuneko hiri-bidetik eta bide-zatietatik hurbilen dauden eraikinen fatxadako soinu-mailei dagokienez, eguneko aldiko batez besteko intentsitateak gora egingo du bide hori martxan jartzean, kasu guztietan, gaueko aldian Lapitzeko HHIaren kasuan izan ezik, non bide berriak ez baitu aplikatu beharreko KAHak gainditzea eragingo. Lapitze HHIaren kasuan, identifikatutako gainditze hori ez da oso handia; izan ere, gauez ez da zentroa erabiltzen, eta egunez eta arratsaldez ez da gainditzen.

Etorkizuneko agertokian (Hegoaldeko Ingurabidearen 2. fasea gauzatuta dagoen egoera akustikoa), eta zarata-foku guztiak kontuan hartuta, aztertutako ia eremu osoan KAHak gainditzen dira 2 metroko altueran, kanpoaldean. Era berean, etorkizuneko hiri-bidetik hurbilen dauden eraikinen fatxadako soinu-mailak kontuan hartuta, kasu guztietan gainditzen dira aplikatu beharreko KAHak. Gainditze horiek, nagusiki, AP-8 autobideak sortutako soinu-mailen ondorio dira, eta egiaztatu da Hegoaldeko Ingurabidearen bigarren faseak ez duela eragingo 2 metrora arteko soinu-mailak okertzea, ez dagoelako ia alderik egungo egoeraren eta etorkizuneko egoera akustikoaren artean.

Fatxadako zarata-mailei dagokienez, hegoaldeko ingurabidearen bigarren faseak Gurutzearen Alaben komentuari soilik eragingo dio, eta bertako egoera akustikoak gauez okerrera egitea ekarriko du. Nolanahi ere, okertze hori eraikinaren ekialdeko hegalaren hegoaldeko fatxadara mugatzen da.

Egoera akustikoak okerrera egitea Gurutzearen Alaben komentuko fatxadetako eremu bakar batera mugatzen denez, egoera hori zuzentzea ahalbidetuko duten pantaila akustikoak jartzeak ez ditu proportzionaltasun tekniko eta ekonomikoaren printzipioak betetzen. Nolanahi ere, isolamendu akustikoa bermatu beharko da eraikinaren barruan KAHak betetzen direla bermatzeko.

Bestalde, kontuan izan behar da Hegoaldeko Ingurabidea abian jartzeak Irungo hiriguneko trafikoa murriztea ekarriko duela, eta hori onuragarria izango hiri-ingurumenarentzat.

3.– Ebazpen honetan babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Irungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «6.2.09 Hegoaldeko Ingurabidea» eremuaren aldaketa puntualean sartu beharrekoak, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan ez ditzan eta ez dadin beharrezkoa izan ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezartzen dituztenak. Horregatik, planak neurri hauek jaso beharko ditu garatuko diren egikaritze-proiektuetarako:

Bide berria lehengoratzeri buruzko neurriak.

Irungo Hegoaldeko Ingurabidearen 2. fasearen etorkizuneko proiektuak eragingo dien eremuen ekologia eta paisaia behar bezala lehengoratzen direla bermatzeko, Planak ekologia eta paisaia lehengoratzeko plan bat jasoko du. Plan hori xehetasunez definitu beharko da dagokion eraikuntza-proiektuan, eta, gutxienez, alderdi hauek jasoko ditu:

– Bide-konponbide berriari lotuta dauden eta lehengoratu edo lorategiz hornitu behar diren zonen mugaketa kartografikoa, proiektua garatzeko behar diren ondorengo egokitzapenak ezertan eragotzi gabe.

– Irungo Hegoaldeko Ingurabideko 2. faseak eragindako eremuak tratatzeko jarraibide eta irizpide orokorrak:

– Lehengoratzeko eta landareztatzeko jarduketak diseinatzeko, kontuan hartuko da Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Argitalpenak – Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (ihobe.eus))». Espezie autoktonoak erabiliko dira. Espezieak hautatzeko garaian, irizpide bioklimatikoak hartuko dira kontuan.

– Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lehengoratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak ez du izango flora inbaditzailearen propagulurik. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia,Cortaderia selloana edo beste batzuk.

– Proiektua gauzatzeak eragin diezaiekeen eremu guztiak lehengoratu behar direla zehaztuko da.

– Halaber, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egin daitezen gomendatuko da; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

– Ereintzetan edo hidroereintzetan erabiliko diren espezieen nahasketak eta dosiak zein diren adieraziko da, bai eta landatuko diren espezieak (betiere autoktonoak), aleen tamaina eta landaketa-esparrua zein diren ere.

– Bide berriaren iparraldean sortzen den ezpondaren kasu zehatzean, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzea aurreikusi beharko da, iparralderantz doan errepidearen hesi akustiko eta bisual bat sortzeko adinako dentsitatea duena. Horretarako, tamaina handiko aleak erabiliko dira, eremu horren funtzionaltasuna ahalik eta lasterren berreskura dadin.

– Lehengoratutako eremuak zaintzeko eta mantentzeko lanak behar bezala egiteko jarraibideak ezarriko dira, gutxienez 5 urterako.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Planak, bere zehaztapenen artean, jasotzen du Irungo Hegoaldeko Ingurabidearen 2. fasearen eraikuntza-proiektuak behar diren neurriak jasoko dituela hau bermatzeko: etorkizuneko bidea eraikitzearen ondorioz egungo zarata-egoera okertzen den eraikin sentikorren fatxadetan eraikuntzako kode teknikoaren (1371/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa) «DB-HR Zarataren aurkako babesa» Oinarrizko Dokumentuko eskakizunak betetzen direla. Kode horrek aireko zaratarekiko isolamendu akustikoaren balioak (D2m, nT, Atr) ezartzen ditu, fatxadetan eguneko aldiko zarata-indizerako (Ld) lortzen diren zarata-mailen arabera.

Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari lurrak mugitzea dakarten obra-lizentzien eskabideen berri eman beharko zaio; hala, egokitzat joz gero, Sail honek ezarriko du, sustatzailearekin bat etorriz, obren jarraipen arkeologikoa egiteko plana.

– Aurretik esandakoa eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurrekoak eragotzi gabe, garapen-proiektua gauzatzean aplikatuko diren neurriak, berriz, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, urbanizazio-proiektua burutzeko neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean jasotzen dituen erabakietan sartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea eragoztea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Intereseko landaredia duten eremuak babestuko dira, proiektuak horietan eragin negatiborik ez izateko, eta, hala badagokio, obra-eremuarekin muga egiten duten eta kaltetu behar ez diren zuhaitzak babestuko dira.

• Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko. Ildo horretan, ezin izango da espezie aloktono inbaditzaileak hauteman diren eremuetako landare-lurrik berrerabili obran, eta behar bezala eta modu bereizian kudeatu beharko da.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Kamioiek obran sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, ekortzeko makina mekanikoak erabiliz edo dekantazio-putzura konektatuta dauden gurpilak garbitzeko sistemak instalatuz edo, ahal dela, ura birzirkulatzeko sistemekin.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketaren alde ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez kanpoko argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen baitira, EA-01etik EA-07ra.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta sustatzaileak planteatutakoak hartuta, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «6.2.09 Hegoaldeko Ingurabidea» eremuaren aldaketa puntualak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak eragingo dituenik, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egitea.

Hirugarrena.– Irungo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukiaren berri.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Ficoba eta Kostorbe inguruneari (Gipuzkoa) dagokion Irungo HAPOaren aldaketa puntuala onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroak 11.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala