
252. zk., 2024ko abenduaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (154 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5987
AGINDUA, 2024ko abenduaren 23koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez epea luzatzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 19ko Aginduaren bidez nekazaritza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan maileguak bermatzeko eta finantza-kostuak murrizteko ezartzen diren finantza-laguntzak eskatzeko (Sendotu Programa 2023-2024).
2023ko abenduaren 27an, 2023ko abenduaren 19ko Agindua argitaratu zen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez finantza-laguntzak ezarri baitziren nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan maileguak bermatzeko eta finantza-kostuak murrizteko (Sendotu Programa 2023-2024).
Agindu horren xedea da 2023ko eta 2024ko ekitaldietarako laguntza-programa bat iragartzea eta ezartzea, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetako pertsona fisiko edo juridiko pribatuei zuzendua, inbertsio-proiektuak finantzatzeko, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-entitate kolaboratzaileen maileguentzako bermeak emanda eta aipatutako maileguen interes-tasetan hobariak emanda, mailegu horien finantza-kostua murrizteko.
13. oinarriaren 1. apartatuan jasotzen dira finantza-bermeen bidezko arrisku-finantzaketako lerroaren finantza-baliabideak; lerro horrek gehienez 17.550.000 euroren erreferentziazko muga izango du, Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-entitateek formalizatu beharreko mailegu gisa.
Aipatutako 2023ko abenduaren 19ko Aginduaren 5. oinarriak xedatzen duenez, eskabideak aurkezteko epea, bai finantza-bermeen bidezko arrisku-finantzaketarako laguntzarena, bai finantza-kostua murrizteko laguntzarena, agindu hori indarrean jartzen den egunean hasiko da, eta hamahirugarren oinarrian jasotako funts guztiak agortzen direnean amaituko da, edo 2024ko abenduaren 31n; ezartzen du, halaber, epe hori gehienez ere 24 hilabetez luzatu ahal izango dela, baldin eta 2024ko abenduaren 31n aginduan aurreikusitako funtsak agortu ez badira, eta luzapena 2024ko abenduaren 31 baino lehen adostu eta argitaratu beharko dela.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Finantzen Euskal Institutuaren eta zenbat finantza-erakunderen arteko Finantza-lankidetzarako Hitzarmenak, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan inbertsioak finantzatzeko lerro bat (Sendotu 2023-2024 programa) gauzatzeko xedez, beharrezkoa baita aipatutako deialdi-agindua abian jartzeko, hamahirugarren klausulan xedatzen du hitzarmena sinatzen denetik 2024ko abenduaren 31ra arte aplikatuko dela, edo, hala badagokio, eman beharreko maileguen gehieneko bolumena agortu arte, data hori baino lehen hala gertatzen bada.
Halaber, xedatzen duenez, finantzaketarako bermeak eskaintzeko behar adinako zuzkidura ekonomikoa badago, hitzarmena urteko aldietan luzatu ahal izango da, bi urtera arte gehienez, amaitzen den unetik aurrera. Alderdiek aho batez onartu behar dute luzapena eta idatziz formalizatu behar da, amaitu baino lehen.
Aipatutako finantza-baliabideak agortu ez direnez eta sektoreak laguntza-sistema horretara jotzeko interesa duenez oraindik ere, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Luzapena.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 19ko Aginduaren eskaerak aurkezteko epea luzatzea, 2025eko abenduaren 31ra arte edo agindu horren hamahirugarren oinarrian jasotako funts guztiak agortu arte.
2. artikulua.– Egokitzapenak.
1.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduari egiten zaizkion aipamen guztiak, deialdi-aginduan egiten direnak, ulertu behar da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduari egiten zaizkiola.
2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Ekonomia eta Ogasun Sailari egindako aipamen guztiak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eta Ogasun eta Finantza Sailari egindakotzat hartu behar dira, hurrenez hurren.
3. artikulua.– Baldintza.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduari jarraikiz, finantza-kostua murrizteko interes-tasen hobariari dagozkion laguntzak emateko ebazpena eman ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da behin betiko ebazpena ematen den unean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 23a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS