Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2024ko abenduaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5986

AGINDUA, 2024ko abenduaren 17koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako laguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onartzen baitira 2025eko ekitaldirako; laguntza horiek MAES Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialaren barruan daude, 2023-2027ko NPE Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionalaren esparruan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduak, 57. artikuluan eta hurrengoetan, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean egin beharreko esku-hartze motak jasotzen ditu, eta horiek egiteko Europar Batasunak emango duen finantza-laguntza. 58.1 a) artikuluan, zehazki, mahastien berregituratzea eta birmoldaketa jasotzen ditu (erregelamendu horretan, batetik, arauak ezartzen dira Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako –NPEren plan estrategikoetarako– laguntzari buruz, zeina Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatzen baita, eta, bestetik, 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira).

Erregelamendu horrek funtsezko aldaketa dakar NPEn. Horren arabera, NPEren orientazio berria da erregelamenduaren 5. artikuluko hiru helburu orokorrei lotuta dauden emaitza zehatzak lortzea. Hiru helburuak hauek dira: epe luzerako elikadura-segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimendun, lehiakor, erresiliente eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenari ematen zaion babesari laguntzea eta hura sendotzea (biodibertsitatea eta klimaren aldeko ekintza barne), eta Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea.

Orientazio berri hori Batasuneko estatuekiko subsidiariotasun handiago baten inguruan egituratuta dago, estatu horiek diseinatu beharko baitituzte beren esku-hartzeak. Ikuspegi berri horretan, helburu horietako bakoitzari lotutako beharrak identifikatu eta lehenetsi ditu Espainiak, eta Espainiako Erresumaren 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionala proposatu du (PEPAC), zeinaren helburua nekazaritzaren, elikaduraren eta landa-eremuen garapen jasangarria baita, gizartearen elikadura-segurtasuna bermatzeko, sektore lehiakor baten eta landa-ingurune bizi baten bidez. Aipatu plan estrategikoa 2022ko abuztuaren 31n onartu zuen Europako Batzordeak, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez, eta gerora, 2023ko abuztuaren 30ean, aldatu egin zuen C (2023) 5746 Erabakiaren bidez.

PASVE Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programari, orain, MAES Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektoriala deritzo, eta NPEren Plan Estrategikoaren barruan dago, beste edozein esku-hartzeren moduan. Hori dela eta, aurrerantzean, lehen aipatutako hiru helburu orokorrak lortzen lagundu behar du.

Horri dagokionez, adierazi behar da 2023-2027ko PEPAC planak xedatzen duela esku-hartze sektorial horren helburua Espainian mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean atzemandako ahuleziak arintzea dela, lehiakortasuna handitzeko, bai eta sektorea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamenduaren 6. artikuluan definitutako NPEren helburu berrietara egokitzea ere, eta, zehazki, klima-aldaketara, ingurumenaren hobekuntzara eta jasangarritasunera. Horretarako, Espainiako Erresumak zenbait esku-hartze mota aukeratu ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 58.1 artikuluan adierazitakoen artean. Besteak beste, Nekazaritza Politika Erkidearen helburu orokorrekin bat datozen ekoizpen-eredu jasangarriagoak lortzen saiatzen diren mahastiak berregituratzea eta birmoldatzea.

Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektoriala arautzen duenak, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko esku-hartze motari aplikatu beharreko oinarrizko arauak jasotzen ditu II. kapituluaren lehen atalean, eta agindu honen xedea da esku-hartze hori hainbat alderditan garatzea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

Bi errege-dekretu hauek ere aplikatzekoak dira: 1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Plan Estrategikoko esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena, eta 147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, zeinaren bidez Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen baitira eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege-dekretu batzuk aldatzen baitira.

Era berean, nabarmendu behar da ezen, lehen sektorearen ezaugarri profesionalak kontuan hartuta, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarri dela esku-hartze sektorial hori eskatzen dutenek bitarteko elektronikoen bidez soilik izan behar dutela Administrazioarekiko harremana, izan pertsona fisiko edo juridikoak, izan nortasunik gabeko enteak; nekazaritza-sektorearen datuak digitalizatzeko beharra betetze aldera ezarri da hori, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoari jarraituz (aurrerantzean, urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren xedea da arauak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu ahal izateko Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa (aurrerantzean, PEPAC), Europako Batzordeak C (2022) 6017 Erabakiaren bidez onartua 2022ko abuztuaren 31n eta, gerora, 2023ko abuztuaren 30ean, C (2023) 5746 Erabakiaren bidez aldatua. Neurri horien artean daude mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak, eta, zehazki, laguntza horien urteko deialdiek bete behar dituzten baldintzak Dekretuaren 66.etik 69.era bitarteko artikuluetan ezarrita daude. Bada, agindu hau baldintza horien arabera egituratu da.

Azkenik, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko abenduaren 9ko 275/2020 Dekretua da (aurrerantzean, abenduaren 9ko 275/2020 Dekretua) neurri hori Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundien arteko harremanaren esparru arautzailea.

Laguntza-deialdiaren agindu hau aurretiaz izapidetuko da, eta hark sortutako gastuak 2025eko ekitaldian gauzatuko dira. Laguntzak, bestalde, iraungitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude; hain justu, 5.3.2.14 programan –«Mahastien berregituraketa eta birmoldaketa»–; dirulaguntzen plan estrategiko hori agindu honen bidez onartu zen: Agindua, 2023ko abenduaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea aplikatu da, zeinaren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2025erako, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako Europako laguntza-neurriaren laguntzen deialdiaren oinarriak onartzea. Laguntza-neurri hori MAES Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialaren barruan dago, Espainiako Erresumaren 2023-2027ko NPE Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionalaren esparruan, eta deialdiaren oinarriak agindu honen I. eranskinean jasota daude.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak.

Agindu honetan aurreikusten diren ondoreetarako, ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak daudela aitortu ahal izango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta onuradunari egotzi ezin zaizkion beste arrazoi batzuk alegatzen diren kasuetan ere, ukaezina den froga dokumental bat aurkezten bada eta dagokion lurralde historikoko organo kudeatzaileak berariazko ebazpen baten bidez onargarritzat jotzen baditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak.

1.– Agindu honen xedea da mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko esku-hartzeei Europak emandako laguntza-neurriaren deialdia egitea 2025erako. Laguntza-neurri hori MAES Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialaren barruan dago, Espainiako Erresumaren 2023-2027ko NPE Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionalaren esparruan, eta helburutzat du mahasti-ustiategien lehiakortasuna handitzea, haien laborantza klima-aldaketara egokitzea eta hura ingurumenaren aldetik jasangarriagoa egitea.

Laguntza horien kudeaketak hainbat ekitaldi ekonomiko hartzen dituela kontuan hartuta, denbora-aipamenak «n» urterako egingo dira, non «n» laguntza-eskabideak aurkezten diren Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren ekitaldiari dagokion urtea baita; deialdi honen kasuan, 2025a.

2.– Agindu honen aplikazio-eremua ardogintzarako mahatsak ekoizteko asmoz mahastiak berregituratzeko edo birmoldatzeko egiten diren esku-hartzeak izango dira, eragiketen xede diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatuta dauden lurzatietan egiten diren horiek.

3.– Agindu honetan xedatutakoa aplikatzeari dagokionez, honela ulertuko dira definizio hauek:

a) Agintaritza eskuduna: Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua.

Abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuarekin bat etorriz, organismo ordaintzaileak berak baimenduko ditu ordainketak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek, berriz, informazioa eta aholkuak emango dizkiete eskatzaileei, eta eskabideak hartzeaz eta administrazio-kontrolak eta tokian bertakoak egiteaz arduratuko dira.

b) Jabea: kasuan kasuko eragiketa egingo den mahastia dagoen lurzatiaren jabetza-titulua duen pertsona edo pertsonen taldea, taldearen edo kideen forma juridikoa edozein dela ere.

c) Mahastizaina: pertsona fisiko edo juridikoa, edo pertsona fisiko edo juridikoen taldea, taldearen edo haren kideen forma juridikoa edozein dela ere, mahastiz landatutako sail bat duena jabetzan zein errentamendu- edo partzuergo-erregimenean, edo zuzenbidearen araberakoa den eta dagozkion tributuen likidazio-dokumentuaren bidez froga dezakeen beste edozein eratan, eta uzta mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak merkaturatzeko erabiltzen duena. Definizio hori betetzat jotzen da, baldin eta Batzordearen abenduaren 11ko (EB) 2018/273 Erregelamendu Eskuordetua indarrean jarri aurretik pertsona fisiko edo juridikoa mahasti sail bat lantzen aritzen bazen eta mahastizaintza-erregistroan mahastizain gisa inskribatuta bazegoen.

d) Etorkizuneko mahastizaina: pertsona fisiko edo juridikoa, edo pertsona fisiko edo juridikoen taldea, taldearen edo haren kideen forma juridikoa edozein dela ere (hala nola ondasun-erkidegoak eta titulartasun partekatuko ustiategiak), erauzteko ebazpen baten, birlandatzeko baimen baten edo mahastizaintza-erregistroan bere izenean inskribatutako eskubideen bihurketa-baimen baten titularra dena eta, gainera, aurreko definizioaren arabera mahastizaina ez dena.

e) Mahasti-lurzatia: mahastizain bakar batek mahatsondoa lantzeko erabiltzen duen lursail jarraitua, barruti multzo batez osatua, zeinak Nekazaritzako Lurzatiak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) erreferentzia alfanumeriko batez edo gehiagoz grafikoki adierazita baitaude.

f) Ekintza: agindu honen II. eranskineko jarduerak, diruz laguntzeko jardueratzat zehaztutakoak.

g) Eragiketa: mahastizain baten eskabidean sartutako mahasti-lurzati jakin bat berregituratzeko eta birmoldatzeko ekintzen multzoa.

h) Erauzketa: mahatsondoz landatutako lurzati batean dauden mahats-orpoak erabat ezabatzea. Erauzketa horren barruan, landarearen txertaka nahiz aireko zatia kentzea sartzen da.

i) Finantza-ekitaldia edo NBEFen ekitaldia: «n–1» urteko urriaren 16tik «n» urteko urriaren 15era bitartekoa.

j) Kanpaina edo mahastizaintzako kanpaina: urte jakin bateko abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra bitarteko aldiari dagokiona.

k) Laguntzaren xede den mahastizaintza-azalera: mahastiz landatutako azalera, mahats-orpoen kanpo-perimetroak eta, horri gehituta, ilaren arteko distantziaren erdia hartzen duen tarteak mugatzen duena, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuko 42. artikuluak ezartzen duen bezala. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2115 Erregelamendua osatzen du, Europar Batasuneko estatuek, erregelamendu horren arabera, 2023-2027ko NPEaren plan estrategikoetan zehaztutako esku-hartze mota jakin batzuen baldintza osagarriei dagokienez, eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokietako (NIBE) 1. arauaren inguruko proportzioaren arauei dagokienez (aurrerantzean, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetu esango diogu).

l) Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketa egiten den mahasti sailaren malda: SIGPAC barrutiarena, edo, SIGPAC barruti bat baino gehiago badaude, eragiketa egingo den lurzatiaren SIGPAC barrutien malda lurzatiaren arabera haztatzearen emaitza. Terraza-lurzatiei dagokienez, lurzatiak berez duen inklinazioaren arabera zehaztuko da malda, terrazak kontuan hartu gabe.

m) Abandonatutako mahasti-lurzatia: duela bost urte baino gehiago landatutako mahasti-lurzatia, merkaturatu daitekeen produktu bat lortzeko laborantza erregular bati lotuta ez dagoena eta erauzita ere jada ez diona ekoizleari eskubiderik ematen birlandatzeko baimena lortzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 66. artikuluaren arabera (erregelamendu horren bidez, nekazaritza-produktuen merkatu-antolakunde erkidea sortzen da eta 922/72 (EEE) Erregelamendua, 234/79 (EE) Erregelamendua, 1037/2001 (EE) Erregelamendua eta 1234/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen dira).

n) Sakoneko lana: lurra prestatzeko lana, ezarriko den mahastiaren sustrai-sistema eta mahats-orpoak egoki garatuko direla ziurtatzekoa. Lur-iraulketako eta zorupe-lanketako lanak ere barne har ditzake, baita aitzurtzea ere. Potentzia handiko traktoreen, golde belarridunen, «ripper»-en, neurri handiko txisel-en edo atzerako hondeamakinen bidez egiten da.

o) Harrigabetzea: makineria egokiarekin –hala nola harrigabetzeko makina edo atzerako hondeamakina– egiten den lana, mahastia landatzeko eta ezartzeko eta ondorengo labore-lanak egin ahal izateko lurzorutik behar adina harri kentzekoa. Ekintza horretan kendutako harriak behar bezala kudeatu behar dira, eta ez dira alde batera utzi behar laguntza jasotako lurzatiaren mugakide diren eta nekazaritzarako ez diren lurretan.

p) Egokitzea: irregulartasunak berdintzeko lana, horrela landaketan erosoago aritzeko edo lurzorua bera zein lurzatiko ur-banaketa homogeneizatzeko egiten dena. Horrek ez du esan nahi ezpondak edo lur-erauzketak egin behar direnik, baizik eta lurra berdindu eta lautu egin behar dela.

q) Lurrazaleko lana: lur-lantze sakonen ondoren geratu diren zokorrak xehatzeko eta lurzoruaren azaleko geruzak aireztatzeko da lan hori. Kultibadore-, txisel-, erdi txisel- edo rotavator-pasaldien bidez lortzen da, eta, horren ondoren, alperra edo area pasa daiteke lurrazala ixteko.

r) Berdintzea: lurzorua fisikoki egokitzea goiko aldeetako lurra kenduz, beheko aldeetara eramanez eta han utziz, azalera laua uzteko eta, hala, nekazaritza-lanak errazago egiteko. Ezpondak eta lur-erauzketak egin beharra dakar. Lan hori kanpoko enpresa espezializatu batek egin behar du, lurzatia lautzeko makineria egokiarekin, hala nola motonibelagailua, hondeamakina eta bulldozerra. Berdintze-lana eskatu ahal izango da eragiketak egingo diren SIGPAC barrutiaren malda % 5etik gorakoa bada; SIGPAC barruti bat baino gehiago daudenean, ehuneko hori bete beharko da, eragiketa egingo den lurzatiaren SIGPAC barrutien malda azaleraren arabera haztatu ondoren.

s) Sestra-kurben araberako landaketa: nolabaiteko malda duten lursailetan, lursailaren sestra-kurben norabidean landatzen da. Oro har, trazadura kurbatua izaten da, jariatzea eta higadura murrizteko. Ekintza hori eskatzeko, proiektu tekniko bat aurkeztu behar da.

t) «Key line» sistemaren bidez landatzea: lerro giltzarria identifikatuz lur-eremu bateko ur-baliabideen erabilera onuragarria maximizatzeko eta lur-eremu hori berroneratzeko teknika. Horrekiko paraleloan landatzen da. Ekintza hori eskatzeko, proiektu tekniko bat aurkeztu behar da.

u) Oholesia: landaredia gidatzeko sistema goratua, besorakoa baino gorago ipintzen dena, 1,75 m-ko altueratik gora. Inguruneko erabilera ohikoa da, eta erabilitako mahats-barietateen labore-lanak hobeto egitea ahalbidetzen du. Mahastiari eusteko sei alanbre edo gehiago izan behar ditu.

v) Parrala: mahastiko landaredia gidatzeko sistema, 60-80 cm-an behin gurutzatzen diren alanbreen egituraz osatua; egitura bi metrotik gorako luzera duten zutoinetan bermatzen da, eta mahastiaren lursail osoa estaltzen du. Landaredia plano horizontalean garatzen da, alanbreen gainean.

w) Kalitate bereiziko figurak: kalitate bereiziko figura batek babestutako ardotzat hartuko dira jatorri-deitura babestu baten (JDB) edo adierazpen geografiko babestu baten (AGB) babesa dutenak –kasu bakoitzean zer dagokion– eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 96. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituztenak, erregelamendu horren II. zatiko II. tituluko I. kapituluko 2. atalean jasotako produktuei dagokienez.

2. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak mahastizainek edo etorkizuneko mahastizainek jaso ahal izango dituzte, baldintza hauek betetzen badituzte: mahastiak ardotarako mahatsa ekoizteko erabiltzea, eta, haiek ustiatutako mahasti sail guztietarako, mahasti-landaketen indarreko araudia betetzea, bai eta nahitaezko aitorpenei buruzko xedapenak ere, Batzordearen 2017ko abenduaren 11ko (EB) 2018/273 Erregelamendu Eskuordetuaren VI. kapituluaren arabera. Berregituratutako edo birmoldatutako lurzatiek, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako batean kokatuta egon behar dute.

2.– Honako hauek ezin dira izan laguntzen onuradun:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako inguruabar eragozleren bat dutenak.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko e) eta g) letretan aurreikusitakoaren ondoreetarako –hau da, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzea–, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak xedatzen duena beteko da; agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 62. artikuluaren arabera araudian ezarritako onargarritasun- eta lehenespen-irizpideak betetzeko baldintzak berariaz sortu dituztenak, horrela izan dela frogatzen bada; erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa da, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du.

c) Uraren arloan eskumena duen agintaritzak (Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak edo Uraren Euskal Agentziak, kasuan kasuko eremu geografikoaren arabera) baliabide hori legez kanpo erabiltzeagatik zehapen irmoz zigortu dituen eskatzaileak, laguntza eskatua duten ureztalurretarako.

Hala ere, pertsona horiek, lehorreko mahastietarako, eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek.

d) 2019-2023 aldirako PASVE mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programaren edo 2024-2027 aldirako MAES Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialaren aurreko deialdietan –kasu bakoitzean zer dagokion– laguntza-eskabideak onartu zaizkien mahastizainak, hurrengo bi deialdietarako, baldin eta:

1) Eskatutako eragiketa baten laguntzari uko egin bazioten onartua izan ondoren, salbuespen honekin: laguntza onartzen zuen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean jakinarazi bazuten ukoa.

2) Ez bazuten onartutako eragiketa bat ordaintzeko eskatu, laguntza eskatu ondorengo bigarren finantza-ekitaldiaren urriaren 16tik ekainaren 30era arteko epea amaitu ondoren.

3) Onartutako eragiketa batean ordainketa eskatu zuten arren, eragiketa ez bazuten egikaritu.

1), 2) eta 3) apartatuetako kasuak ez zaizkie aplikatuko lehenengo xedapen gehigarrian aipatu diren ezinbesteko kasuei edo salbuespenezko inguruabarrei.

3. oinarria.– Eragiketen eta haien ekintzen onargarritasuna.

1.– Eragiketatzat hau hartzen da: mahastizain baten eskabidean sartutako mahasti-lurzati jakin bat berregituratzeko eta birmoldatzeko ekintzen multzoa.

Horretarako, bide, ubide, ezponda edo beste elementu batzuk egotearen ondorioz mahasti-lurzatiaren zati bat gainerakoetatik bereizita badago, mahasti-lurzati beraren zatitzat hartu ahal izango da, baldin eta elementu horrek ez badu eragozten mahastiaren eragiketa eta maneiua gainerakoarekin batera egitea.

2.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 58.1 a) artikuluaren arabera, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketak honako prozesu hauetako bat baino ezingo dira izan:

a) Barietatez aldatzea, baita txertoen bidez ere, eta, bereziki, ingurumenaren kalitatea edo jasangarritasuna hobetzeko –klima-aldaketara egokitzeko– edo dibertsitate genetikoa hobetzeko.

b) Mahastiak birkokatzea.

c) Mahastiak kudeatzeko teknikak hobetzea, bereziki ekoizpen jasangarriko sistema aurreratuak sartzea, barnean dela produktu fitosanitarioen erabilera murriztea.

d) Mahastiak birlandatzea, beharrezkoa denean, arrazoi sanitarioak edo fitosanitarioak direla-eta agintaritza eskudunaren aginduz erauztera behartu ondoren.

3.– Eragiketak urtean behin edo bi urtez behin egin ahal izango dira:

a) Urtean behingo eragiketa: berregituratzeko edo birmoldatzeko ekintzen multzoa, laguntza eskatu eta hurrengo finantza-ekitaldian amaituko dena.

b) Bi urtez behingo eragiketa: berregituratzeko edo birmoldatzeko ekintzen multzoa, gehienez ere laguntza eskatu ondorengo bigarren finantza-ekitaldian amaituko dena.

4.– Eragiketek, onargarriak izan daitezen, agindu honen III. eranskineko A zatian ezarritako helburu orokorretako bat bete beharko dute gutxienez, eta, horretarako, eranskinean bertan jasotzen diren eta 4. oinarrian zehazten diren gutxieneko ekintzak jaso eta helburu bakoitzari lotutako ezaugarriak bete beharko dituzte.

Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 12.4 artikuluaren arabera, foru-aldundiek zainduko dute, mahastizainei ekoizpen-sistema jasangarri batera aldatzeko prozesuan laguntze aldera, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 12.1 artikuluaren a), d) eta g) letretan jasotako ingurumen-helburuengatik ezaugarritzen diren eragiketak eskatzen dituzten onuradun potentzialek sarbidea izatea eragiketa horiek egiteko behar diren ezagutza eta informazioetarako, eta, era berean, ezagutza espezializatuetarako sarbidea ematea horixe eskatzen dutenei.

5.– Birlandaketa-eragiketetan, nahitaezkoa izango da txertaka egiaztatuak erabiltzea.

6.– Mahastiak berregituratzeko edo birmoldatzeko eragiketa egin ondoren, mahasti-lurzatiaren azalerak 0,3 hektareakoa izan behar du gutxienez.

Horren harira, 0,3 hektareatik beherako azalera eskatzen den eragiketetan, laguntza-eskabidean adierazi beharko dira mahastizaintza-ustiategi berak landatutako mahasti mugakideak, mahasti-lurzati berekotzat hartu behar direnak.

Barietatea edo gidatze-sistema aldatzeko bakarrik baldin bada eragiketa, gutxieneko azalera hasierako bera izango da.

7.– Mahastizain bakoitzak, gehienez, 25 hektareako azalera eska dezake deialdiko.

8.– Ez dira sartzen laguntza-araubide honen barnean:

a) Mahastien berritze arrunta, hau da, mahats-orpoak ziklo naturalaren amaierara edo bizitza baliagarrira iritsi direnean, lurzati berean mahats-orpoen laborantza-sistema beraren arabera mahats-barietate bera birlandatzea.

b) Azken hamar kanpainetan mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzaz baliatu diren lurzatiak, salbu eta:

1) Agindu honen 5. oinarriko 3. apartatuaren arabera kudeaketa-teknikak hobetzeko eragiketa bat egiteko bada.

2) Lurzatiari eragin dioten ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatu badira, baldin eta lurzati horretan zegoen ardotarako mahats-barietate bera eta laborantza-sistema bera erabiltzen ez badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 58.1 artikuluaren a) letraren iv. zenbakian xedatutakoaren arabera.

Onuradunak lurzati horretarako laguntzaren azken ordainketa eskatu zuen data hartuko da epe horren hasieratzat.

c) Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Eskuordetuko II. eranskinaren II. zatian jasotako ekintzen kostua. Hauek dira ekintza horiek:

1) Mahasti baten eguneroko kudeaketa.

2) Ehizaren, txorien edo txingorraren kalteen aurkako babesa.

3) Haizetik babesteko heskai edo hormak eraikitzea.

4) Sarbideak eta igogailuak.

5) Traktoreak edo edozein motatako garraio-ibilgailuak erostea.

6) Kutsatutako mahastiak erauztea eta diru-sarrerak galtzea, arrazoi fitosanitarioak edo sanitarioak direla-eta derrigorrean erauzi behar izateagatik.

d) Landaketa berri baterako baimenarekin landatutako lurzatiak, baimena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 63. eta 64. artikuluen arabera eman bada, landaketa-datatik hasita lehen bost urteetan.

e) Landaketa berri baterako baimenarekin egitekoak diren birlandaketak, baimena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 63. eta 64. artikuluen arabera eman bada.

f) Ureztatze-sistema bat instalatzea.

g) Bigarren eskuko materiala.

h) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 66. eta 68. artikuluen arabera emandako landatzeko baimenak erabiltzen diren lurzatietako erauzketa-kostuak, berregituraketa-eragiketa aplikatzean sortutakoak ez direnak, eta laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik egin bazen erauzketa.

i) Balio erantsiaren gaineko zerga. Horri dagokionez, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 77. artikuluan jasotakoa hartuko da kontuan.

9.– Administrazio-gastuak. Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 76. artikuluak ezartzen duena hartuko da kontuan.

10.– Lurra egokitzeko lanak eta lurra berdintzekoak ez dira bateragarriak.

11.– Foru-organo eskudunari behar beste denboraz jakinarazi behar zaio lurra egokitzeko, berdintzeko eta harrigabetzeko ekintzak hasteko unea, tarteko ikuskatze bat egiteko.

12.– Ongarri minerala erabiliz gero, lurraren analisia eta ongarri mota hori erabiltzea justifikatzen duen txosten teknikoa egin behar dira.

13.– Zapaldak egiteko eta harrizko hormen bidez zapaldak egiteko, nahitaezkoa izango da behar den titulazioa duen teknikari batek proiektua egitea.

Hori betetzen ez bada, laguntzaren onuradunak, ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko inguruabarretan izan ezik, jasotako laguntza itzuli beharko du, dagozkion legezko interesekin batera.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen eragiketa motak. Eragiketen ezaugarriak, lortu nahi diren helburu orokorrak, ingurumen-helburuak eta haiek betetzeko gutxieneko ekintzak.

1.– II. eranskinean daude diruz lagundu daitezkeen eragiketak eta eragiketa mota bakoitzean egin daitezkeen ekintzak. Eranskin horretan, gainera, informazio hau dago:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen Elkargoak 2024ko urrian egindako kostu-azterketaren arabera ekintza bakoitza diruz laguntzeko erabil daitekeen zenbatekoa.

b) Ingurumenaren aldeko ekintza jakin batzuetarako kostu espezifiko gehigarriak, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren III. eranskineko 1. puntuan ezarritakoaren arabera. Hauek dira ekintzak:

– Sestra-kurbei jarraituz egindako landaketak.

– «Key Line» sistemari jarraituz egindako landaketak.

– Landare gazteen babesle biodegradagarrien erabilera.

I) Birlandaketa, gidatze-sistemarekikoa edo gidatze-sistemarik gabekoa.

Eragiketa hori urterokoa edo bi urtez behingoa izango da. Barietatea aldatu beharko da, edo laborantza-sistema, edo biak, jatorrizko lurzatian zegoenarekiko, non eta mahastiaren kokapena aldatzen ez den.

Gidatze-sistema aldatzen denean eta aurrerago deskribatzen den e) ezaugarrirako ezarritako baldintzak betetzen direnean irizten zaio labore-sistema aldatzen dela.

II. eranskinean zerrendatutako ekintzak barne hartu ahal izango ditu, eta III. eranskineko A zatian ezarritako helburu orokorretako bat edo gehiago lortu beharko ditu, honako ezaugarri hauetako bat edo batzuk betetzen dituen:

– a) ezaugarria: Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko kalitate bereiziko figuretan (JDB edo AGB) sartutako barietateekin egin dadila. Jatorri-deitura babestuak eta agindu hau argitaratzen den unean baimenduta dauden barietateak IV. eranskinean daude; horrek ez du ezertan eragozten jatorri-deitura babestu berriak aitortzea zein lehendik daudenetan aldaketak izatea barietate baimenduei eta eremu geografikoari dagokienez.

– b) ezaugarria: aurreko landaketarekin alderatuta dentsitatea gutxienez % 10 murriztu dadila, landaketa-barrutia aldatuz.

– c) ezaugarria: lehorreko mahatsondora aldatzea ekar dezala edo mahasti-lurzatia lehorrean mantendu dadila. Ezaugarri horrek berekin dakar mahastizainak konpromisoa hartzea hamar kanpainatan ureztatze-sistemarik ez instalatzeko, azken ordainketa eskatu eta hurrengo kanpainatik hasita.

– d) ezaugarria: zapalda bat egin dadila.

– e) ezaugarria: gidatze-sistema jasangarri bat instala dadila. Gidatze-sistema jasangarritzat jotzeko, hark aukera eman behar du mahats-mordoak aireztatzeko, eguzkiaren argitan egoteko edo lurzorutik tarte batera egoteko, era horretan gaixotasun gutxiago harrapa daitezen eta, ondorioz, produktu fitosanitarioak gutxiago erabil daitezen. Honako hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan jasangarritzat jotzen diren gidatze-sistemak: besorakoa, ontzi bermatua, banakako goratzea, oholesia eta parrala.

– f) ezaugarria: klima-aldaketara egokitzeko edafoklimatikoki egokiagoak diren alderdietara alda dadila kokapena, baldin eta azterlan baten bidez ziurtatzen bada proposatutako kokapenak baldintza hori betetzen duela.

– g) ezaugarria: mendi-eremuetara alda dadila kokapena, baldin eta azterlan baten bidez ziurtatzen bada proposatutako kokapenak baldintza hori betetzen duela.

– h) ezaugarria: dagokion lurralde-eremuko baldintza edafoklimatikoetara hobekien egokitzen diren barietateekin egin dadila, baldin eta azterlan baten bidez ziurtatzen bada proposatutako kokapenak baldintza hori betetzen duela.

– i) ezaugarria: erauzitako mahasti bat edo gehiago birkokatzea ekar dezala berekin, mahastiak lurzati berean bateratzeko, era horretan lanketa eta bilketa errazteko.

Diruz lagundu daitezkeen birlandaketa-eragiketek, b), c), d), e), f), g), h) eta i) apartatuetan ezarritako ezaugarriak betetzen dituztenek, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 12.1 artikuluko ingurumen-helburuak izango dituzte, hurrenez hurren, agindu honen III. eranskinaren B zatian erakusten den moduan. Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II-B eranskinean jasotako batzuekin bat datoz eragiketa horiek.

II) Mahastiak birmoldatzea barietateak aldatuz: makatzean gaintxertatzea edo txertatzea.

Eragiketa hori urtean behin egingo da, eta makatzean gaintxertatzea edo txertatzea besterik ez da. Landare-materialaren kostua eta txertaketa barne hartzen ditu, II. eranskinean zehazten den moduan.

Hautatutako barietatearen edo barietateen orporik balego ekarritako lurzatian lehenagotik, eta, ondorioz, hautatutakoez bestekoak bakarrik aldatu beharko balira, egiatan aldatuko diren orpoen kopurua zehaztu beharko litzateke eskabidean, orpo horien azalera baliokidea adierazita.

III. eranskinaren A zatian zehaztutako helburu orokorretako bat bete beharko du, eta helburu horiek justifikatutzat hartuko dira, honako ezaugarri hau izanez gero:

– Euskal Autonomia Erkidegoan aitortutako jatorri-deitura babestuetako batean sartutako barietateekin egin dadila, bere lurralde-eremuaren barruan.

Era berean, eragiketa mota horien barruan diruz lagundu daiteke edozein barietate-aldaketa egitea, baita barietate bateko klon bat barietate bereko beste klon batez txertoen bidez aldatzea ere, helburu honekin egiten bada besteak beste: landareen gehiegizko indarra murriztea eta gaixotasunekiko erresistentzia areagotzea. Edo diruz lagundu ahal izango da aldaketa, erabilitako landare-materiala ezaugarri nabarmenak erakutsi dituzten mahastietatik lortu bada eta, horregatik, justifikatutzat jotzen bada baliabide genetikoak kontserbatzeko eta garatzeko. Baldin eta frogatzen bada eragiketa horiek onuragarriak direla Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 12.1 artikuluaren a), d), h) edo i) letretan zerrendatutako ingurumen-helburu baterako edo batzuetarako, eragiketon gastua ardoaren nahitaezko ingurumen-konpartimentaziorako kontabilizatu ahal izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean ezarritakoaren arabera jakinaraziko du.

III) Kudeaketa-tekniken hobekuntza.

Eragiketa hori urterokoa izango da, eta, hautatutako gidatze-sistemaren eta eraldatu nahi den mahastiaren adinaren arabera, baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Lau urte edo gutxiago dituzten mahastietan, diruz lagundu ahal izango da gidatze-sistema goratua jartzea, barnean direla materiala eta haren instalazioa, baina ez da diruz lagunduko eraldaketarako inausketa, edozein dela ere aukeratutako gidatze-sistema.

b) Ontzi-itxurako formazio-sistema duten 4 urtetik gorako mahastietan, zeinetan ontzi bermatuko gidatze-sistema bat instalatuko baita, besorako edo banakako goratzean ezarria, kontuan hartuta eraldatze-inausketak ez duela eskatzen aurretik zegoen formazioaren besoak kentzea, diruz lagundu ahal izango da gidatze-sistema jartzea, barnean direla materiala eta haren instalazioa, baina ez eraldaketarako inausketa.

c) Ontzi-itxurako formazio-sistema duten 4 urtetik gorako mahastietan, zeinetan besorako gidatze-sistema bat instalatuko baita eta, gainera, edalontzi-itxurako formaziotik sobera dauden besoak kentzea dakarren eraldatze-inausketa bat egin behar baita, diruz lagunduko dira bai besorako gidatze-sistema instalatzeko ekintza, bai gidatze-sistema eraldatzeko inausketa ere.

d) Lau urtetik gorako mahastietan, zeinak parral formazio-sisteman egonik besorako edo banakako goratze sistemara aldatuko baitira, diruz lagunduko dira, bai hautatutako gidatze-sistema instalatzeko ekintza, bai gidatze-sistema eraldatzeko ekintza. Azken horren barruan, aurreko gidatze-sistemaren materiala kentzeko lana eta inausketa sartzen dira, baldin eta eragiketa horren ondorioz produktu fitosanitarioen premia txikiagoa bada eta aireztapen eta argiztapen hobea lortzen badira.

II. eranskinean zerrendatutako ekintzak barne hartu ahal izango ditu, eta III. eranskinaren A zatian ezarritako helburu orokorra izan beharko du, baldin eta ezaugarri hau betetzen bada:

– l) ezaugarria: mahats-orpoak lantzeko sistematik gidatze-sistema jasangarriago batera alda dadila. Gidatze-sistema jasangarritzat jotzeko, hark aukera eman behar du mahats-mordoak hobeto aireztatzeko, eguzkiaren argitan gehiago egoteko edo lurzorutik urrunago egoteko, era horretan gaixotasun gutxiago harrapa daitezen eta, ondorioz, produktu fitosanitarioak gutxiago erabil daitezen. Horren harira, gidatze-sistema jasangarriak 4. oinarriko e) ezaugarrian jasotakoak dira.

Diruz lagundu daitekeen kudeaketa-teknikak hobetzeko eragiketak, beretzat zehaztutako l) ezaugarria betetzen duenak, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 12.1 artikuluaren a) ingurumen-helburua izan behar du, III. eranskinaren B zatian agertzen den moduan.

IV) Birlandaketa, arrazoi sanitario edo fitosanitarioak direla-eta agintaritza eskudunaren aginduz behartutako erauzketaren ondoriozkoa.

Azaroaren 2ko 905/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, mahastiak birlandatzeko laguntza eman ahal izango zaie mahastia kokatuta dagoen lurralde historikoko agintaritza eskudunak arrazoi sanitario edo fitosanitarioak direla-eta aginduta sail bat erauztera behartuta egon diren mahastizainei, erauzketa derrigortu horretan bete bada Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko urriaren 26ko (EB) 2016/2031 Erregelamenduan eta Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legean xedatutakoa –(EB) 2016/2031 Erregelamendua, 2016ko urriaren 26koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Landare-izurriteen aurkako babes-neurriei buruzkoa, zeinak aldatu egiten baititu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 228/2013 (EB), 652/2014 (EB) eta 1143/2014 (EB) erregelamenduak eta indargabetu egiten baititu Kontseiluaren 69/464/EEE, 74/647/EEE, 93/85/EEE, 98/57/EE, 2000/29/EE, 2006/91/EE eta 2007/33/EE zuzentarauak–.

Eragiketa hori urtero edo bi urtez behin egin behar da, eta II. eranskinean jasotako ekintzak ere tartean izan daitezke. Eragiketaren helburua birlandatzea bera da.

Laguntza eskatzeko gehieneko azalerak ez du gaindituko arrazoi sanitario edo fitosanitarioak direla-eta erauztera behartutako sailarena.

2.– Oinarri honen I. eta II. apartatuetan definitutako eragiketak ere, ezarritako ezaugarrietako bat bera ere ez bete arren, diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta haien helburu orokorra mahastien ustiapenean lehiakortasuna hobetzea bada, III. eranskinaren A zatiak ezartzen duen moduan. Kasu horretan, eskabidean zehaztu beharko dira helburu hori lortu nahi dela justifikatzen duten ezaugarri bereziak.

3.– Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 12.1 artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoaren arabera, laguntza eskatzen dutenek laguntza-eskabidean justifikatu beharko dute beren eragiketak dituen ezaugarriak kontuan hartuta ingurumen-helburuei ekarriko dien onura.

Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 12.3 artikulua betetzeko, kontuan hartuko dira agindu honen III. eranskinaren B zatian zerrendatutako ingurumen- eta klima-helburuekin lotuta egindako eragiketetarako kostu gehigarriak, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren III. eranskineko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

Era berean, diru-sarreren galera kalkulatzeko, kontuan hartuko da III. eranskinaren B zatian zerrendatutako ingurumen- eta klima-helburuekin lotuta egindako eragiketak aplikatzearen ondoriozko kostu gehigarria.

5. oinarria.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntza-eskabideetan jasota geratuko dira egin nahi diren eragiketak, bai eta horietako bakoitzari dagozkion ekintzak ere, zehaztuta.

Eragiketatzat hartuko da mahasti-lurzati osoan ekintza berberak egiten badira. Egin beharreko ekintzak ez badira berak mahasti-lurzati guztirako, eragiketa desberdin bakoitzarentzat bere laguntza eskatu behar da.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak dituen egunetik hasita.

Eskabidearekin batera, oinarri honen 9. apartatuan aipatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dira; nolanahi ere, dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango da, egokitzat joz gero.

3.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu behar dira, hala ezartzen baita arau hauetan: urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan; Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan; Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta harekin lotutako beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikuluan, eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan.

4.– Berregituratu edo birmoldatuko den dena delako nekazaritza-ustiategia edo mahasti-lurzatiak zer lurralde historikotan dauden, hango foru-aldundian aurkeztu behar dira eskabideak; hain zuzen, dagokion aldundiaren egoitza elektronikoan. Hauek dira helbideak:

– Arabako Foru Aldundia: https://egoitza.araba.eus/eu/-/mahastiak-berregituratu-eta-birmoldatzeko-laguntzak.

– Bizkaiko Foru Aldundia: https://appstac.ebizkaia.eus/eu/hasiera

– Gipuzkoako Foru Aldundia: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/erregistroa

5.– Eskabidearen osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, helbide hauetan egingo dira:

– Arabako Foru Aldundia: https://egoitza.araba.eus/eu/-/mahastiak-berregituratu-eta-birmoldatzeko-laguntzak.

– Bizkaiko Foru Aldundia: https://appstac.ebizkaia.eus/eu/hasiera

– Gipuzkoako Foru Aldundia: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/erregistroa

6.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin daiteke, eta, horretarako, ordezkaritza hori dagokion administrazio publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da.

7.– Laguntzen eskabide-eredua eskuragarri dago 4. apartatuan adierazitako helbideetan, eta haren oinarrizko edukia X. eranskinean jasota dago.

8.– Eskabideak banaka edo taldean aurkeztu ahal izango dira. Taldean aurkeztuz gero, dagokion administrazioaren solaskidea izango den pertsona bakar baten bidez aurkeztu beharko da.

Eskabideak taldean aurkezteko, gutxienez bost eskatzaile behar dira.

9.– Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, informazio eta dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Eskatzailearen identifikazioa:

1) Pertsona juridikoen kasuan, ordezkari gisa baimendutako pertsonaren identifikazioa.

2) Taldean egindako eskabideen kasuan, ordezkari gisa baimendutako pertsonaren identifikazioa, bai eta ordezkatutako mahastizainena ere.

b) Hala badagokio, V. eranskinean (lehenespen-irizpideak) aipatutako baldintzen artean betetzen den edo diren baldintzak betetzen direlako egiaztapena.

c) Laguntza eskatzeko eragiketa edo eragiketak, bai eta eragiketa bakoitzerako proposatutako ekintzak eta agindu honen II. eranskinaren arabera diruz lagundu daitezkeen kostuak ere.

d) Eragiketa bakoitzak betetzen duen edo dituen ezaugarriak, 3. oinarrian eta III. eranskinaren A eta B zatietan xedatutakoaren arabera.

e) Zer finantza-ekitalditan eskatuko den eskabidean jasotako eragiketa bakoitzaren ordainketa; urteko eragiketen kasuan –eta teknikak hobetzeko eta birmoldatzeko eragiketek halakoak izan behar dute–, ekitaldi horrek nahitaez izan behar du laguntza-eskabidea aurkeztu ondorengo finantza-ekitaldia.

f) Eragiketa bakoitzaren eraginpeko eremua, ekarritako lurzatien eta lurzati berregituratuen kokapena eta ezaugarriak adierazita (barietateak, formazio-sistemak, landaketa-barrutia, etab.), bai eta lurzati bakoitzaren SIGPAC barrutien identifikazioa ere.

g) Berregituratu edo birmoldatu beharreko sailaren jabetzarik ez badu mahastizainak, jabearen baimena aurkeztu beharko du, edo, bestela, baliokidea den egiaztagiria.

h) Eskatutako eragiketak mahasti sail bat erauztea badakar, eta laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik egin bada erauzketa:

1) Erauzketa-ebazpenak edo landaketa-baimenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 66. artikuluaren arabera emanak.

2) Birlandatzeko eskubideen bihurketa-baimenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 68. artikuluaren arabera emanak,

non eta dokumentazio hori, ordurako, Administrazioaren eskuetan ez dagoen.

i) Eragiketaren baterako aurrerakina eskatu nahi bada, ordainketa zein finantza-ekitalditan eskatuko den eta zenbatekoa izango den, 9. oinarriaren arabera.

j) Arrazoi sanitarioak edo fitosanitarioak direla-eta derrigorrean egindako erauzketen ondorengo birlandaketa-eragiketetan, eskatzaileak, gainera, aurkeztu beharko du sail horretako erauzketa hori agintari eskudunak arrazoi sanitarioak edo fitosanitarioak direla-eta behartuta egin duela justifikatzen duen dokumentazioa.

k) Ordainketa eskatu ondorengo kanpainatik zenbatzen hasita gutxienez hamar kanpainatan mahasti-lurzatia lantzeko konpromisoa.

10.– Foru-aldundiek automatikoki egiaztatuko dituzte hauek: NANa, IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Era berean, uraren arloan eskumena duen agintaritzak (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, edo Uraren Euskal Agentzia, dagokion eremu geografikoaren arabera) zuzenean egiaztatuko du ez duela zehapen irmorik baliabide hori legez kanpo erabiltzeagatik.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake, laguntza-eskabidean, aurreko paragrafoan aipatutako ofiziozko egiaztapenak egiteko inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.

11.– Eskatutako dokumentazioa beste administrazio batean entregatuta badago eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentazio horretan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

12.– Laguntza-eskabidea eta eskatzen den dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean agindutakoaren arabera.

13.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideak ez baditu betetzen 3. oinarrian ezarritako baldintzak edo aplikatzekoa den Europako edo Estatuko legediak eskatutako beste edozein baldintza, eskatzaileei hamar eguneko epea emango zaie gabezia hori zuzentzeko edo aurkeztu ez dituzten nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean eskabidean atzera egin dutela iritziko zaiola, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzailearen zuzendariak horri buruzko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

6. oinarria.– Lehenespen-irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideen lehenespen-hurrenkera egiteko orduan, baldintza hauetako bat edo gehiago betetzen diren hartuko da kontuan, eta V. eranskinaren arabera haztatuko da:

a) Ekoizpen ekologikoa: ekoizpen ekologikoko operadoreen erregistroan inskribatuta egotea, mahastien laborantzan.

b) Ekoizpen integratua: ekoizpen integratuko operadoreen erregistroan inskribatuta egotea, mahastien laborantzan.

c) Landareen osasuna kudeatzeko eta produktu fitosanitarioen erabilera jasangarriaren helburua betetzeko asmoz ekoizle elkarte autonomiko egiaztatuengandik (nekazaritzako tratamendu integratuetarako elkarteak edo haien baliokide diren entitateak) izurrite-kudeaketako aholkularitza teknikoa jasotzen duten mahastizaintza-ustiategietako titularrak. Aipatutako entitate baliokide horiek autonomia-erkidegoko araudian behar bezala araututa egon behar dute, eta zehaztu behar dute zer modutan bermatzen den aipatu den helburua betetzen dela.

d) Gaztea: eskabidea aurkezteko urtean 40 urte baino gehiago betetzen ez dituzten eskatzaileak. Eskatzailea pertsona juridikoa denean, eta irizpide hori ezin bada zuzenean egiaztatu, baldintza hori bete beharko dute, gutxienez, pertsona juridiko horren barruan erabakitzeko ahalmena duten pertsona fisikoen % 50ek, edo, bestela, hau bete beharko da: irizpide hori betetzen duen edo duten pertsona fisikoek kapital sozialean % 50etik gorako partaidetza izatea, edo haren barruan boto-eskubideen erdiak baino gehiago izatea.

e) Aurreko urteko asegurua: laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko urte naturalean mahastizaintza-ustiategian nekazaritza-asegurua kontratatu dutenak.

f) Taldeko eskabidea: eskabideak taldean egiten direnean, Administrazioarekiko solaskide bakarraren bitartez.

g) Titulartasun partekatua: titulartasun partekatuko nekazaritza-ustiategiak, Titulartasun Partekatuko Nekazaritza Ustiategiei buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean aurreikusitakoak.

h) Lehentasunezko ustiategiak: Nekazaritza Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen definizioari jarraikiz hala direnak.

i) 1965eko edo lehenagoko landatze-urtea duen mahasti bat erauztea ez dakarten eragiketak.

j) Emakumea: titularra emakumezkoa duten nekazaritza-ustiategiak. Eskatzailea pertsona juridikoa denean, eta irizpide hori ezin bada zuzenean egiaztatu, baldintza hori bete beharko dute, gutxienez, pertsona juridiko horren barruan erabakitzeko ahalmena duten pertsona fisikoen % 50ek, edo, bestela, hau bete beharko da: irizpide hori betetzen duen edo duten pertsona fisikoek kapital sozialean % 50etik gorako partaidetza izatea, edo haren barruan boto-eskubideen erdiak baino gehiago izatea.

k) Azken bost urteetan laguntzaren onuradun izan ez diren nekazaritza-ustiategiak, edo, onuradun izanda ere, laguntza horri ezarritako epearen barruan uko egin diotenak, edo epez kanpo uko egin diotenak edo onartutako eragiketaren bat gauzatu ez dutenak ezinbesteko kasuengatik edo salbuespenezko inguruabarrengatik.

l), m) eta n) Eskatzailearen mahastien azalera. Tamaina txiki eta ertaineko ustiategien alde egingo da, laguntzak eskuratzeko aukera-berdintasuna errazteko, hiru lurralde historikoetako mahastizaintza-ustiategien batez besteko tamainan alde handia dagoela eta.

2.– a), b), c), g) eta h) letretan ezarritako irizpideak betetzat joko dira laguntzaren eskatzailea dagokion erregistroan inskribatuta badago laguntza horiek eskatzeko epea hasten den egunean.

Laguntza-eragiketen onargarritasuna kontrolatzen den bitartean egiaztatuko da lehenespen-irizpideak betetzen direla, eta, betiere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Fruta, Barazki eta Mahastizaintza eta Ardogintzako Zuzendariordetza Nagusiari finantza-beharrak jakinarazi aurretik.

Eragiketa bat egiteak ez du inola ere behartzen lehenespen-irizpideak betetzera.

7. oinarria.– Funtsen esleipena eta ebazpena.

1.– Onartutako eskabideak ordenatu egingo dira, 6. oinarrian aipatutako lehenespen-irizpideei dagokien haztapena aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoak honela jokatuko du jakiten duenean Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Fruta, Barazki eta Mahastizaintza eta Ardogintzako Zuzendariordetza Nagusiak proposatuta Nekazaritzaren eta Landa Garapenaren Arloko Biltzarrak esku-hartze honetarako zer funts esleitu dituen eskabideak aurkezten diren ekitaldiaren («n») ondorengo finantza-ekitaldirako («n+1») eta zer aurrekontu konprometitu duen bi urtez behingo eragiketen kasuan ondorengo bigarren finantza-ekitaldirako («n+2»):

a) Lehenik eta behin, aurreko paragrafoan «n+1» ekitaldirako aipatutako funtsen esleipenetik beharrezkotzat jotzen diren funtsak hartuko dira, hurrengo finantza-ekitaldian egingo diren uneko edo aurreko ekitaldietako egin gabeko ordaintzei erantzuteko.

b) Gainerako funtsek osatuko dute deialdi honetan aurkeztu eta onartutako laguntza-eskabide berriak onartzeko erabilgarri dagoen aurrekontua.

Funts horiek, berriz, honela kudeatuko dira:

1) Lehenik eta behin, arrazoi sanitario eta fitosanitarioak direla-eta behartuta erauzi ondorengo birlandaketa-eragiketak onartuko dira, halakorik badago, puntuazioaren arabera beherantz ordenatuta, 6. oinarriko a), b), c), d) eta e) lehenespen-irizpideen haztapena aplikatuta lortutako puntuazioan oinarrituta, eta, hori, esleitutako funtsen % 15 gastatu arte.

2) Bigarrenik, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko onartutako gainerako eragiketak onartuko dira, bai urterokoak, bai bi urtez behingoak. Erabilgarri dauden funtsak nahikoak badira kalkulatutako laguntza guztien kostuari aurre egiteko, guztiak onartuko dira, eta dagokien laguntzaren % 100 aplikatuko zaie.

3) Aurreko paragrafoko eragiketak finantzatzeko zenbateko osoak aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 11.3.b) artikuluaren arabera jokatuko da, honela:

a) Lehenik eta behin, 2 puntutik beherako puntuazioa lortu dutenen artean, behar beste eragiketa ukatuko dira, puntuazio txikienetik hasita eta goranzko ordenan, erabilgarri dagoen zenbatekora egokitu arte aurrekontua.

b) Baldin eta aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatu ondoren aurrekontu erabilgarria oraindik ere nahikoa ez bada 2 puntu edo gehiagoko puntuazioa duten eragiketa onargarri guztiak finantzatzeko, onartutako laguntza % 80ra murriztuko da, kalkulatutako laguntza teorikoarekiko, 2 eta 14 puntu arteko (biak barne) puntuazioa lortu duten eragiketetan, puntuazio txikienetik hasita eta goranzko ordenan, eskuragarri dagoen zenbatekora egokitu arte aurrekontua.

c) Baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako murrizketa 2 eta 14 puntu arteko (biak barne) puntuazioak dituzten eragiketa guztiei aplikatu ondoren oraindik ere aurrekontu erabilgarria nahikoa ez bada, tarte horretan dauden eragiketei aplikatutako murrizketaren ehunekoa hainbanatuta handituz joango da, erabilgarri dagoen zenbatekora egokitu arte.

Baldin eta oinarri honetako b).3 apartatuan jasotako kasuak aplikatu ondoren eragiketen puntuazioan berdinketa badago, laguntzaren zenbateko handieneko eragiketei emango zaie lehentasuna.

c) Nolanahi ere, «n» urteko deialdiko laguntza-eskabide berrien bi urtez behingo eragiketak behin betiko onartzeak ezin izango du konprometitu «n+1» finantza-ekitaldirako jasotako esleipenaren % 50 baino gehiagoko aurrekontua «n+2» finantza-ekitaldirako.

d) Euskal Autonomia Erkidegoari aurrekontu gehigarri bat esleitzen bazaio urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 12.4 artikuluan deskribatutako funtsak egokitu ondoren, aurrekontu gehigarri hori honako hauetara bideratuko da, ordenan eta funtsak amaitu arte:

1) Eragiketei aplikatutako ordainketa proportzionala % 100eraino handitzea, puntuazio-mailaren arabera, murrizketak aplikatzeko jarraitutako ordenari alderantziz jarraituz, aurrekontua zenbateko erabilgarrira egokitu arte.

2) Bukatutako eragiketak ordaintzea, baita hurrengo finantza-ekitaldian amaitzea aurreikusita zeudenak ere, baldin eta onuradunak azken ordainketa-eskaera aurkeztu badu eta dagozkion administrazio-kontrolak eta tokian bertakoak egin badira.

3) Onartutako eragiketen aurrerakinak ordaintzea, baita hurrengo finantza-ekitaldian ordaintzea aurreikusita zeudenak ere.

3.– Aurreko paragrafoetan deskribatutako prozesua amaitu ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa dagoela egiaztaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzailearen zuzendariak ebazpen bakarra emango du, eskatutako eragiketak onartzeko edo ukatzeko.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. apartatuko b) letran xedatutakoaren arabera.

Hala ere, ebazpena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundietan nekazaritzaren arloan eskumena duten zuzendaritzetara bidaliko da, interesdunei banan-banan jakinaraz dakien. Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

Eskabideak ordezkari baten bidez modu kolektiboan aurkeztu badira ere, eragiketa kolektiboetako kide bakoitzari banakako ebazpena emango zaio.

4.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Onartutako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo sozietate-izena eta IFK edo NANa.

2) Eragiketa kolektiboetan, haien ordezkariaren izena edo sozietate-izena, eta IFK edo NANa.

3) Onuradun bakoitzarentzat sartuta dauden lurzatiak, eta horietako bakoitzean egingo diren ekintzak.

4) Lortutako puntuazioa.

5) Onartutako eragiketak egikaritzeko epea.

6) Emandako laguntzaren zenbatekoa.

B) Ukatutako eskabideei dagokienez:

1) Eskatzaileen izena edo sozietate-izena, eta IFK edo NANa.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

5.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 2. apartatuan aipatutako Nekazaritzaren eta Landa Garapenaren Arloko Biltzarra egin eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Aipatutako arloko biltzarra egin eta hurrengo egunetik sei hilabete igaro badira eta berariazko ebazpenik ez badago, interesdunek pentsatu beharko dute ukatu egin zaiela eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek nekazaritzaren arloko sailburuordetza eskuduneko titularrari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat.

8.– Eskatzaileak hilabete izango du, laguntza onartzeko ebazpena jakinarazten denetik, onartutako eragiketei uko egiteko eta ukoa aurkezteko.

9.– Ezin izango da inolako ekintzarik hasi, aurrez ez bada egin ex ante kontrola, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 94. artikuluak xedatzen duena.

8. oinarria.– Laguntzaren kalkulua.

1.– Laguntzak bi zati izango ditu: mahastizainentzako konpentsazio bat, eragiketa gauzatzeak eragindako diru-sarreren galeragatik, 2. apartatuan eta VII. eranskinean ezarritako xedapenekin bat etorriz; eta eragiketa hori egitean izandako kostuetarako ekarpen bat, 4. apartatuan eta VIII. eranskinean ezarritako xedapenekin bat etorriz.

2.– Diru-sarrerak galtzeagatik ematen den konpentsazioan bi kasu daude:

a) Birlandatze-eragiketetan, mahatsondo zaharrak eta berriak aldi berean egotea, gehienez ere hiru urtez. Epe hori amaitu baino lehen erauzi beharko da jatorrizko landaketa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 59.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Dagokion diru-sarreren galeraren % 33rainokoa ere izan daitekeen konpentsazio ekonomikoa, gehienez ere hiru kanpainatan. Konpentsazio hori kalkulatzeko, biderkatu beharko dira eragiketa motaren arabera VII. eranskinean ezarritako 1. koefizientea eta lurralde-eremu bakoitzerako kalkulatutako diru-sarreren galera. Diru-sarreren galera honela kalkulatuko da lurralde-eremu bakoitzean: datuak dauden azken hiru kanpainetako mahatsaren batez besteko prezioa bider batez besteko errendimendua. 2025eko deialdirako balioak VI. eranskinean jasotakoak dira.

3.– Honako hauek ez dute izango diru-sarrerak galtzeagatiko konpentsaziorako eskubiderik:

a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 66. eta 68. artikuluen indarrez emandako landaketa-baimen baten laguntzarekin berregituratutako lurzatiek, laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik egindako erauzketa baten bidez sortu direnean.

b) Arrazoi sanitario edo fitosanitarioak direla-eta behartuta egindako erauzketa-eragiketek, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren II. eranskineko II. zatian ezarritakoaren arabera.

4.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketen kostuetarako laguntza soilik II. eranskinean jasotako ekintzetarako eman ahal izango da, VIII. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Zenbatekoa kalkulatzeko, eragiketen kostuei laguntza-ehuneko hauek aplikatu beharko zaizkie:

a) % 50, arrazoi sanitario edo fitosanitarioak direla-eta behartuta erauzi ondorengo birlandaketa-eragiketetarako. Arrazoi hori dela-eta egindako eragiketa guztietan aplikatzen da.

b) % 50, onuradunek honako irizpide hauetako bat betetzen duten eragiketetarako (salbu eta arrazoi sanitario edo fitosanitarioak direla-eta behartutako erauzketa dutenak):

1) Ekoizpen ekologikoko operadoreen erregistroan inskribatuta egotea, mahastien laborantzan.

2) Ekoizpen integratuko operadoreen erregistroan inskribatuta egotea, mahastien laborantzan.

3) 6.c) oinarriaren arabera, nekazaritzako tratamendu integratuetarako elkarte bateko edo haien pareko bateko kide izatea.

4) Eskabidea aurkezten den urtean 40 urte baino gehiago ez betetzea.

5) Laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko urte naturalean mahastizaintza-ustiategian nekazaritza-asegurua kontratatuta edukitzea.

c) % 45, aurreko ataletan aipatu ez diren gainerako eragiketetarako.

Eragiketa motaren araberako kostuetarako ekarpena VIII. eranskinean definituta dago, eta, horren kalkulua egiteko, egindako kostuen guztizko balioari eragiketa motaren arabera ezarritako 2. koefizientea aplikatuko zaio.

5.– Izandako kostuetarako laguntza kalkulatzeko, onuradunek aurkeztutako egiaztagiriak hartuko dira oinarri. II. eranskinean jasota daude diruz lagundu daitezkeen ekintzei dagozkien laguntzeko moduko gehieneko kostuak.

Laguntza kalkulatzeko, VIII. eranskinean ezarritako laguntza-ehunekoa aplikatuko zaie (2. koefizientea aplikatuz) II. eranskinean ekintza bakoitzerako ezarri diren zenbateko maximoei, edo, dagokion zenbatekoa maximoa baino txikiagoa bada, benetan egindako eta faktura eta ordainketa-egiaztagiri bidez egiaztatutako gastuari.

6.– Ebaluatuko da, orobat, aurkeztutako kostuak onargarriak diren; hau da, egiaztatuko da, batetik, kostuek ez dituztela gainditzen merkatuan dauden prezio normalak eta, bestetik, kostu horiek guztiak neurritsuak direla.

9. artikulua.– Aurrerakinak.

1.– Laguntza honen eskatzaileek hasieran onartu zaien laguntzaren aurrerakina eska dezakete, baina eskabidean adierazi behar dute, 5. oinarrian xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabidean, ordainketa zer finantza-ekitalditan eskatuko den adierazi behar da, eta dagokion zenbatekoa zehaztu. Emandako aurrerakinaren zenbateko guztia gastatu behar da, eskabidean adierazitako finantza-ekitaldiaren ekainaren 30a baino lehen.

Lurzati baten azalerak hondamendi natural bat edo hondamendi naturalen pareko klima-fenomeno bat jasan badu, agintaritza eskudunek aitortua Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 9. eta 16. apartatuen arabera, agintaritza eskudunak aldatu ahal izango du aurrerakinaren zenbatekoa gastatzeko epea –702/2014 (EB) Erregelamendua 2014ko ekainaren 25ekoa da, Batzordearena, zeinetan, ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko inguruabarretan izan ezik, deklaratzen baitira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, laguntza-kategoria jakin batzuk nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta barne-merkatuarekin bateragarriak diren landa-eremuetan–.

Halaber, agintaritza eskudunak alda dezake epe hori, egitekoak diren eragiketak ezin badira egin landare-materialaren arazo fitosanitarioen ondorioz; dagokion agintaritza eskudunak egiaztatutako organismo batek ziurtatu behar du arazo horiek daudela.

3.– Aurrerakinaren zenbatekoa ezingo da izan hasieran onartutako laguntzaren % 80 baino handiagoa.

4.– Aurrerakina ordainduko da baldin eta onuradunak gutxienez aurrerakinaren zenbatekoaren adinako bermea eratu badu organismo ordaintzailearen alde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 64. artikuluaren arabera, eta Batzordearen (EB) 2022/127 Erregelamendu Eskuordetuaren IV. kapituluaren arabera, zeinak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2021/2116 Erregelamendua osatzen baitu hauei buruzko arauekin: organismo ordaintzaileei eta beste organo batzuei buruzkoak, finantza-kudeaketari buruzkoak, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari buruzkoak.

5.– Bermea exekutatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzaileak egiaztatzen duenean dagokion esku-hartzearekin lotutako betebeharren bat ez dela bete, edo betebehar horiek epe jakin bati lotuta daudenean eta epe hori gainditu denean, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/127 Erregelamendu Eskuordetuaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Araudian aurrerakinaren zenbatekoa gastatzeko ezarritako epea betetzen ez denean ere exekutatuko da bermea, ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko inguruabarretan izan ezik.

6.– Bermea askatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzaileak egiaztatzen duenean ezarritako betebehar guztiak bete direla eta ondorioztatzen duenean aurrerakinaren zenbatekoa txikiagoa dela Batasunak egin diren eragiketetara bideratutako ekarpenari dagozkion gastu errealena baino.

10. oinarria.– Onuradunen eragiketen aldaketak.

1.– Hasieran onartutako eragiketetan aldaketak egitea eska dezakete onuradunek. Aldaketa horiek bi motatakoak izan daitezke:

a) Aldaketa handiak; eragiketaren azken ordainketa egiteko eskatu baino lehen eskatu behar dira.

Aldaketa handiak egin aurretik, dagokion foru-aldundiaren berariazko baimena behar da, zeren eta foru-aldundiak baitira laguntzak kudeatzen dituzten organoak. Aldaketak onartzeko, begiratuko da ea aldatutako ekintzarako aurkeztu diren kostuak onargarriak diren; hau da, egiaztatuko da, batetik, kostuek ez dituztela gainditzen merkatuan dauden prezio normalak eta, bestetik, kostu horiek guztiak neurritsuak direla.

Eragiketa batean sartutako ekintza bat ez egikaritzea aldaketa handitzat hartuko da beti.

Aldaketa handiek, onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte nahitaez:

1) Ez dute arriskuan jarriko eragiketaren helburu orokorra, III. eranskinaren A zatian adierazia, edo, eragiketa batek bere ezaugarriak direla-eta helburu orokor bat baino gehiago badu, ez dituzte horiek guztiak arriskuan jarriko.

2) Ez dute aldaketarik eragingo eragiketaren edo onuradunaren onargarritasunean.

3) Ez dute aldaketarik eragingo laguntza-eskabideak aurreko hautaketa-prozesuan jaso zuen puntuazioan, baldin eta eskabideak onartuak izateko gutxieneko puntuazioaren azpitik geratzea badakar.

b) Aldaketa txikiak; IX. eranskinean jasotako bat izan daiteke.

Aldaketa txikiek ez dute berariazko baimenik behar egikaritu aurretik. Dena den, eragiketaren azken ordainketa egiteko eskatu baino lehen, dagokion foru-aldundiari jakinarazi behar zaizkio aldaketak, zeren eta foru-aldundiak baitira laguntzak kudeatzen dituzten organoak.

2.– Hasieran onartutako aurrekontuak handitzea dakarten aldaketa handiek eta txikiek ez dute ekarriko onartutako laguntza handitzea.

Hasieran onartutako aurrekontuak murriztea dakarten aldaketa handiek zein txikiek eman diren laguntzak proportzionalki murriztea ekarriko dute.

3.– Aldaketak eskatzeko epea onarpen-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasiko da, eta ordainketa-eskabidea aurkezten den finantza-ekitaldiko maiatzaren 31n amaituko.

4.– Eskabidea onartzearen ondoriozko eskubideak eta betebeharrak beste mahastizain bati subrogatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta mahastizain horrek bere gain hartzen baditu eskabidea onartu zitzaion mahastizainak subrogatutako lurzatietan hartutako konpromisoak.

11. oinarria.– Laguntzak ordaintzeko prozedura.

1.– Eragiketa bakoitza amaitu ondoren, onuradunak laguntza ordaintzeko eskaera edo jakinarazpena aurkeztu behar dio dagokion foru-aldundiari, eragiketa amaitu den finantza-ekitaldiko urriaren 16tik ekainaren 30era bitartean.

Ordainketa-eskabideekin batera, egoki den dokumentazioa aurkeztu beharko du, hala nola fakturak eta ordainketa-egiaztagiriak, laguntza kalkulatzeko oinarri gisa hartuko baitira.

2.– Foru-aldundiek, ondoren, administrazio-kontrolak eta tokian bertakoak egingo dituzte, eta berregituratu edo birmoldatu den eta, hala badagokio, erauzi den azalera kalkulatuko da, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Eskuordetuaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dagokion foru-aldundiak kontrolen txostena egingo du, bai eta ordainketa-eskaera baiesteko edo ezesteko proposamena ere.

3.– Aurrekoa oinarri hartuta, eta beharrezkoak diren egiaztapenak egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzailearen zuzendariak ebazpena emango du. Horren bidez, onuradunaren ordainketa-eskaera onartu edo ukatuko du, eta dagokion ordainketa-ebazpena emango, hala badagokio.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzailearen bulego likidatzaile ofizialak diren aldetik, onuradunei emandako laguntzen zenbatekoak ordainduko dituzte, ordainketa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzailearen zuzendariak emandako ebazpena betetzeko, abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz. Dekretu horretan ezartzen dira Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak ordaintzeko organismo ordaintzailearen antolaketa eta funtzionamendu-araubidea.

4.– Laguntza 8. oinarrian ezarritako xedapenen arabera kalkulatuko da.

5.– Eragiketa batean diruz lagundu daitezkeen ekintzen artean erauzketa sartzen bada eta erauzitako saila mahastizainaren ustiategiari berari badagokio baina EAE ez den beste autonomia-erkidego batean badago, beharrezkoak diren egiaztapenak egiteko eta ekintza horri dagokion laguntzaren kalkulua egiteko behar den informazioa eskatuko zaio erkidego horri.

6.– Ordainketa bakarrean ordainduko zaio laguntza onuradunari, aurrerakina ematen denean izan ezik. Ordainketan, eragiketa horri diru-sarreren galeragatik dagokion konpentsazio ekonomikoaren zenbateko osoa sartu beharko da, konpentsazioa kanpaina batekoa edo gehiagokoa den kontuan hartu gabe.

Eragiketa baten edo (aurrerakina eskatu bada) saldoaren azken ordainketaren eskaera aurkeztu zen finantza-ekitaldi berean egingo da ordainketa hori, edo gehienez ere urtebeteko epean, ordainketa-eskaera aurkeztu zen egunetik zenbatzen hasita, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluan jasotako kasuren bat gertatu ezean.

7.– Azkenean ordaintzen den zenbatekoak ezin du gainditu onartutako zenbatekoa.

8.– Aurrerakina eman den kasuetan, honako hauek hartu behar dira kontuan laguntzaren saldoa ordaindu aurretik:

a) Aurrerakinaren zenbatekoa behin betiko laguntza baino handiagoa bada, onuradunak bien arteko aldea itzuli beharko du.

b) Aurrerakinaren zenbatekoa behin betiko laguntza baino txikiagoa bada, onuradunak diferentzia kobratzeko eskubidea izango du, baina behin betiko laguntza osoa ezin da inola ere izan hasieran onartutakoa edo aldatutakoa baino handiagoa.

12. oinarria.– Ageriko akatsa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioz agintari eskudunei egindako edozein jakinarazpen, eskabide edo eskaera –laguntza-eskaera barne– zuzendu ahal izango da aurkeztu ondoren, baldin eta ageriko akats materialak, egitezkoak eta aritmetikoak gertatu badira eta agintari eskudunak aitortu baditu.

13. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialaren funtsekin ez dira finantzatuko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren babespeko landa-garapenerako programetan jasotako esku-hartzeak eta Batzordearen 2002ko ekainaren 14ko 1040/2002 (EE) Erregelamenduan jasota dauden neurriak –Batzordearen erregelamendu horren bidez, arazo fitosanitarioei aurre egiteko Batasunaren parte-hartze finantzarioaren esleipenari dagozkion xedapenak betetzeko arau partikularrak ezartzen dira, eta 2051/97 (EE) Erregelamendua indargabetzen da–, ez eta Europar Batasunaren finantza-tresnen bidez finantzatutako beste neurriak ere.

2.– Aurkeztutako eragiketa edo programa finantzatzeko agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzea bateraezina izango da xede bererako beste administrazio publiko batzuek edo beste ente publiko edo pribatu nazional zein nazioarteko batzuek ezartzen duten beste edozeinekin.

14. oinarria.– Foru-aldundietako kudeaketa-organoen komunikazioak organismo ordaintzaileari.

Laguntza hauen kudeaketak urtebetetik gorako garapena duenez eta NBEF funtsen hainbat finantza-ekitaldi hartzen dituenez, foru-aldundien kudeaketa-organoek Eusko Jaurlaritzako organismo ordaintzaileari egin beharreko jakinarazpenetarako epeak ezartzen dira. Epeek «n» urteari egiten diote erreferentzia, deialdiaren urteari; agindu honen kasuan, 2025. urtea. Hauek dira:

1) «n» urteko deialdiari dagozkion eskabide onargarri berrien finantza-beharrak: urte bereko apirilaren 26an jakinaraziko dira beranduenez.

2) «n» urteko uztailaren 10a eta irailaren 10a baino lehen, jakinarazpen bana bidaliko da «n» finantza-ekitaldiko urriaren 15a baino lehen gastatzekoak diren aurreko deialdietako funtsen aurreikuspenari buruz.

3) «n» finantza-ekitaldiko urriaren 16tik irailaren 30era bitartean, foru-aldundiek beren lurralde historikoari dagozkion ordainketa-proposamenak bidaliko dizkiote organismo ordaintzaileari, «n» finantza-ekitaldiko urriaren 15a baino lehen ordaindu beharrekoenak, egindako kontrolei buruzko txostenekin batera.

4) «n» finantza-ekitaldiari dagokion kontrolen txostena «n+1» ekitaldiko urtarrilaren 10a baino lehen helaraziko da.

15. oinarria.– Kontrolak.

1.– Kontrol-jarduketa eraginkorrak egingo dira Europar Batasunaren finantza-interesak babesten direla bermatzeko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzaileak kontrol-plan autonomiko bat ezarriko du, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa organismo autonomoak egindako Kontrolen Plan Nazionalaren irizpide orokorrei egokitua, bat etorriko dena Batasuneko araudian zehaztutako irizpideekin eta abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 70. artikulutik 84.era bitartekoetan (biak barne) eta 94. artikuluan adierazitakoarekin.

3.– Kontrol-jarduketa guztiak eta haien emaitza kontrol-txosten batean erregistratu beharko dira. Antzemandako akatsen berri emango zaie onuradunei, eta, hala badagokio, hartu beharreko neurri zuzentzaileen berri ere bai.

16. oinarria.– Laguntza murriztea eragiketa bat osorik ez egikaritzeagatik.

1.– Onartutako edo, hala badagokio, aldatutako eragiketa batean jasotako ekintzaren bat gauzatzen ez bada eta hala egiaztatzen bada, oinarri honetan ezarritakoa kontuan hartuta ordainduko da laguntza, otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren 44. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.– Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak direla-eta ekintza bat edo gehiago egikaritu ez badira, azken laguntza honela kalkulatuko da: erabat egikaritu diren banakako ekintzei dagozkien zenbatekoak batuta, eta, partzialki egikaritutako ekintzarik badago, egikaritutako zati proportzionala batuta, zati bat ez egikaritzea ezinbesteko kasuen edo salbuespenezko inguruabarren ondorio izan bada.

3.– Ekintza bat edo batzuk ezinbesteko kausez edo salbuespenezko inguruabarrez bestekoen ondorioz egikaritu ez badira edo partzialki egikaritu badira, baina eragiketaren helburu orokorra edo orokorrak bete badira, azken laguntza era honetan murriztuko da: erabat egikaritu ez diren edo partzialki egikaritu diren ekintzei dagokien zenbatekoaren % 100eko zehapena aplikatuz. Hau da, azken laguntza honela kalkulatuko da: erabat egikaritu diren banakako ekintzei dagozkien zenbatekoak batuz, eta egikaritu ez diren edota partzialki egikaritu diren ekintzei legokiekeen zenbatekoa kenduz.

4.– Ekintza bat edo batzuk ezinbesteko kausez edo salbuespenezko inguruabarrez bestekoen ondorioz egikaritu ez badira edo partzialki egikaritu badira, eta, gainera, eragiketaren helburu orokorra bete ez bada, ez da dirulaguntzarik emango.

5.– Murrizketa horiek aplikatuz gero, eta aurretik banakako ekintzetarako laguntzarik ordaindu bada, ekintza horiei dagozkien zenbatekoak eta interesak itzultzeko eskatuko da.

6.– Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzailearen zuzendariak laguntza aldatzeko dagokion ebazpena emango du, eta, haren bidez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokituko dira. Gainera, hala badagokio, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. 698/1991 Dekretuaren bidez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta, bestetik, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira (aurrerantzean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

17. oinarria.– Laguntzaren beste murrizketa batzuk.

1.– Ordainketa egiteko kontuan hartuko den azalera tokian bertan kontrolak eginez zehaztu behar da, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuak 94.11 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ordainketa egiteko kontuan hartuko den azalera ez badator bat laguntza onartzeko kontuan hartu zenarekin, laguntzaren zenbatekoa behin betiko kalkulatzeko, bi azaleren arteko aldeari erreparatuko zaio, honela:

a) Alde hori % 20 edo hortik beherakoa bada, izandako kostuei egin beharreko ekarpena kalkulatzeko, ordainketa egiteko kontuan hartu den azalera hartuko da oinarritzat.

b) Alde hori % 20tik gorakoa bada, baina % 50ekoa edo txikiagoa, izandako kostuei egin beharreko ekarpena kalkulatzeko, ordainketa egiteko kontuan hartu den azalera hartuko da oinarritzat, eta egiaztatu den aldearen ehunekoa halako bi kenduko zaio.

c) Aldea % 50etik gorakoa bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

2.– Onartutako laguntza-eskaeran adierazitako finantza-ekitaldiko ekainaren 30a baino geroago aurkezten badu onuradunak eragiketa baten azken ordainketa-eskabidea, laguntza % 20 murriztuko da.

Laguntza-eskabidea aurkeztu ondoko bigarren finantza-ekitaldiko ekainaren 30a baino geroago aurkezten bada ordainketa-eskabidea, onuradunak galdu egingo du laguntza kobratzeko eskubidea.

Aurrekoa gorabehera, atzerapena ezinbesteko kasuei edo salbuespenezko inguruabarrei zor bazaie, ez dira aplikatuko apartatu honetan jasotako laguntza-murrizketak.

3.– Aurrerakina eskatu den kasuetan, onuradunak onartu den laguntza-eskabidean adierazitako finantza-ekitaldiko ekainaren 30a baino geroago aurkezten badu aurrerakina ordaintzeko eskabidea, laguntza % 20 murriztuko da, ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko inguruabarretan izan ezik.

4.– Diru-sarrerak galtzeagatiko konpentsazioa mahatsondo zahar eta berriak batera egotearen bidez ezarri den birlandaketa-eragiketetan, jatorrizko landaketa ez bada erauzi baterako aldia amaitzean, onuradunak itzuli egin beharko ditu jasotako laguntza eta legezko interesak, eta horrek ez du eragozten, gainera, hari mahasti-landaketen araudiko zehapenak ezartzea.

5.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 16.6 artikuluan ezarritako iraunkortasun-baldintzak betetzen ez direnean, onuradunak jasotako laguntza itzuli beharko du, legezko interesekin batera, ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko inguruabarretan izan ezik.

6.– Onuradunak, birlandaketa-eragiketa bat egiten duenean, landaketa-sistemarekin edo gabe, agindu honen 4.1.I oinarriko c) ezaugarrian ezarritako ezaugarria betetzen duena eta sinatutako konpromisoa betetzen ez duena, jasotako laguntza itzuli beharko du, legezko interesekin batera.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzailearen zuzendariak laguntza jasotzeko eskubidea galtzeari buruzko ebazpena emango du, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozedura aplikatuko da.

18. oinarria.– Iruzurra eta interes-gatazka.

Europar Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren finantza-interesak babesteko, organismo ordaintzaileak iruzurraren aurka borrokatzeko politika indartuko du NBEF funtsekin finantzatutako NPBaren esku-hartzeen eremuan.

Ondore horietarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: abenduaren 27ko 1046/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Espainiako Plan Estrategikoaren eta Europako NBEF eta LGENF nekazaritza-funtsen gobernantza arautzen duena, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala