
252. zk., 2024ko abenduaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (264 KB - 24 orri.)
- EPUB (450 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5985
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 17koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita lan-arriskuen prebentzioaren arloko jardueretarako dirulaguntzak emateko 2025. urteko deialdia.
Lan Arriskuak Prebenitzeko Estatuko Fundazioaren (aurrerantzean, FEPRL) xedea da laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntza sustatzea, bereziki enpresa txikietan, arriskuak prebenitzeko arautegia betetzeari buruzko informazio, laguntza tekniko, prestakuntza eta sustapeneko ekintzen bidez.
FEPRLen Patronatuak, 2024ko martxoaren 21ean egindako bileran, lan-arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak finantzatzen dituzten dirulaguntzetarako funtsak banatzeko proposamena onartu zuen, Enplegu eta Lan Gaietako Arloko Biltzarrak xede horretarako kredituak lurraldean banatzeko ezarritako irizpide objektiboekin bat etorriz. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoari 581.484,14 euro egokitu zaizkio.
Ekainaren 25eko TES/645/2024 Aginduak, lan-arriskuen prebentzioaren arloan jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko oinarri arautzaileak onartzen dituenak, xedatzen du dirulaguntza horiek publizitate, gardentasun, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera antolatuko direla, bai eta horien kudeaketaren eraginkortasun eta efizientziaren printzipioen arabera ere.
Agindu horretan, oinarri komun batzuk ezartzen dira; beste batzuk, berriz, osagarriak dira, eta zuzenean aplikatzen zaizkie FEPRLek emandako dirulaguntzei. Ebazpen honek zehazten du nola kudeatu eta emango diren dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan, hargatik eragotzi gabe Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak finantzatzea, transferentzia finalista bidez.
Kudeaketa bizkortzeko, deialdi hau EAEko 2025erako Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeari atxikiko zaio, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoari jarraituz. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen da. Ondorioz, deialdiaren xede diren dirulaguntzak gauzatzeko, nahitaezkoa da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu orokorretan.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea, aldez aurretik, Osalaneko zuzendari nagusiaren 2024ko urriaren 24ko ebazpenean jasotzen da (horren bidez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2023-2026 aldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoa aldatzen da). Ebazpen honetan deitutako laguntzak Dirulaguntza Plan Estrategikoan jasotako helburuak betetzen lagunduko du; zehazki: kontzientzia piztea, lan-arriskuen prebentzioarekin erlazionatutako prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza bultzatuz generoaren ikuspegitik; horrela, aurrea hartuko zaie gizartean (zahartzea, lana antolatzeko beste aukera batzuk, globalizazioa), teknologian (digitalizazioa, automatizazioa) eta ingurumenean (klima-aldaketa) gertatzen ari diren aldaketei. Laguntza hau 2023-2026 aldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoaren (DPE) 9. Helburu estrategikoan sartzen da, 9. dirulaguntza-lerroan (Lan Arriskuen Prebentzioaren eremuan jarduerak egitea, FEPRL).
Printzipio horiekin bat, eta gastu-kredituaren habilitazioan oinarrituta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak norgehiagoka-araubidean emango dituen dirulaguntzak iragartzea, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera, lan-arriskuen prebentzioaren arloan sektorearteko edo sektoreko ekintzak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietan lan egiten duten enpresa eta langileei zuzenduta.
2. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Ebazpen honetan araututako laguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunak dirulaguntza horiek eskuratuz gero, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko dio.
2.– Emandako laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekimen horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta. Holakorik gertatuz gero, gehiegizko zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.
3.– Beste laguntzarik jasoz gero instrukzio-organoari jakinarazi beharko zaio, halakorik gertatzen den unean, laguntza hori proiektua egikaritu aurretik edo bitartean jasota ere, dirulaguntza ematen duen ebazpena aurkeztuz, uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren arabera.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdia ebazteko nahitaezkoa da kreditu egokia eta nahikoa izatea horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu orokorretan, honako hau kontuan hartuta: Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa; zehazki, aginduaren 5.3 artikuluan xedatua.
Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak 2024rako transferitutako aurrekontu-kreditutik aterako dira ebazpen honen xederako baliabide ekonomikoak. Bostehun eta laurogeita bat mila laurehun eta laurogeita lau euro eta hamalau zentimo dira (581.484,14 euro), ekainaren 25eko TES/645/2024 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, lurralde-eremuko lan-arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak finantzatzeko kredituak banatzen zaizkie autonomia-erkidegoei, 2024ko ekitaldirako, Estatuaren Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuta (2024ko ekainaren 27ko BOE, 155. zenbakia).
4. artikulua.– Ekintzen hartzaileak.
Ekintzen hartzaile izango dira:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietan zerbitzuak ematen dituzten enpresak eta langileak.
2.– Langileak eta enpresak, bereziki enpresa txikiak. Enpresa txikitzat joko da berrogeita hamar langiletik beherako plantilla duena, uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren 4. artikuluaren arabera.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke:
1.– Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren erakundeak.
2.– Dagokion sektore- eta lurralde-eremuan ordezkaritza duten enpresa- eta sindikatu-erakundeak.
3.– 1. eta 2. puntuetan aurreikusitakoek eratutako fundazioak, taldeak edo bestelako erakundeak.
Sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren arabera eratuta egon beharko dute sindikatuek eta enpresa-erakundeek.
6. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
1.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutako inguruabarren batean dauden erakundeak.
2.– Erakunde eskatzaileek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik hasita; hau da, deialdi hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik. Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.
8. artikulua.– Eskabideak egitea eta aurkeztea.
1.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (irispidea, izapidea eta jarraipena) eta ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Eskabidea eta ondorengo izapideak erakunde eskatzailearen ordezkari batek elektronikoki egin ahalko ditu soilik; horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman dezake, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoen erregistro elektronikoetan. Helbide honetan eskura daitezke identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Izapidetze elektronikoa arautzen du Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak. Eskabidea, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 76-79 artikuluetan xedatutako moduan.
5.– Formulario elektroniko normalizatuaren bidezko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun-agiri nazionalaren (NAN) edo identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) datuak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez eman dela ulertuko da, berariaz baimena ukatzen ez bada.
Laguntza-eskabidea aurkeztten denean, erakunde eskatzaileak berariazko baimena ematen dio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako inguruabarren egiaztapena. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak ez du ziurtagiri hori aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, deialdi honen IV. eranskinean aurreikusitako moduan.
6.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:
1.– Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:
– Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia kautoa edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.
– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia kautoa. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.
2.– Eskatutako jardueraren deskribapena, I. eranskineko ereduaren arabera.
3.– Eskatutako jardueraren aurrekontu ekonomikoa, II. eranskineko ereduaren arabera.
Ez dira aurkeztu beharko dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua).
9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikulua aplikatuz, erakundeek justifikatzen badute ez daudela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako ezeinetan onuradun izateko, lekukotza judizial, ziurtagiri telematiko edo datuen transmisio bidez nahiz administrazioaren ziurtagiri bidez egin ahalko da, eta agiri hori ezin badu agintaritza eskudunak igorri, haren ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da, eskabidearekin batera.
2.– IV. eranskinean erantzukizunpeko adierazpen bat jasotzen da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aipatutako inguruabarrekin.
10. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1. eta 21.1 artikuluetan eta uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduak 8.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epearen barnean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.
2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/. Jakinarazpen hori egindakotzat joko da interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.
11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epeak.
1.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2025eko azaroaren 30era bitartean egin beharko dira, eta, zalantzarik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzea izan beharko dute helburu, bereziki enpresa txikietan.
2.– Diruz lagundu beharreko jarduerek genero-ikuspegia jaso behar dute, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak) 3., 16. eta 18.4 artikuluetan jasotakoaren arabera. Laburbilduz, garatzen den jardueraren eremu zehatzean emakumeen eta gizonen artean egon daitezkeen aldeak sistematikoki kontuan hartzen dira.
Horretarako, kontuan izan behar ditugu hauek:
– Egiten diren datu-bilketetan, sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea.
– Emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak, desberdinkeria horiek nola azaleratzen diren eta aztertu beharreko errealitatean zer eragin duten ezagutzea ahalbidetuko duten adierazleak ezartzea eta sartzea.
– Beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, aipatutako legearen 3.1 artikuluko azken paragrafoan aipatutako diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen dituzten beste aldagai edo faktore batzuen eragina ezagutzeko.
– Lagin zabalak hartzea, sartutako aldagai guztiak sexuaren aldagaia oinarri hartuta ustia eta azter daitezen ahalbidetzeko.
– Datuak ustiatzea eta zabaltzea emakumeek eta gizonek azterlanaren eremuan dituzten egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanak ezagutu ahal izateko moduan.
3.– Uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren 2.2 artikuluaren arabera, diruz lagun daitezkeen jardueretan honako ekintza hauek sartuko dira:
1.- Informazio-ekintzak: Lan-arriskuen prebentzio-ekintzaren printzipioak edo printzipio horiek aplikatzeko arau zehatzak langileen eta enpresaburuen artean zabaltzea helburu dutenak izango dira.
2.– Laguntza teknikoko ekintzak: Prebentzio-jardueren aplikazio praktikoaren eta materialaren ondoriozko arazoak aztertzeko eta ebazteko direnak izango dira.
3.– Prestakuntza-ekintzak: Ekoizpen-jardueraren sektoreetan eta azpisektoreetan eman daitezkeen programen metodoak eta edukiak diseinatzean datza, batez ere enpresa txikiek osatutako egitura duten programetan.
4.– Lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen dela sustatzeko ekintzak: langileek eta enpresaburuek lan-arriskuen prebentzioari buruzko legezko, arauzko eta hitzarmenezko xedapenak ezagutu eta aplikatzea sustatzen dutenak izango dira, bereziki produkzio-jardueraren sektore- eta lurralde-eremuetan garatutako mekanismoen eta tresnen bidez.
Ebazpen honen III. eranskinean, ekintza-mota bakoitzerako diruz lagun daitezkeen jardueren zerrenda orientagarria jasotzen da.
12. artikulua.– Hirugarrenen kontratazioa.
1.– Hirugarrenekiko kontratazioetan 20/2023 Legean eta TES/864/2023 Aginduan xedatutakoa beteko da. Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren parte diren jarduerak hirugarrenekin kontratatu ahal izango dira, baldin eta erakunde onuradunak berak egin ezin baditu (dena dela, hori diruz lagundutako proiektuaren memoria teknikoan egiaztatu beharko da). Hasierako memorian edo ondorego baimenetan onartutako gastuak finantzatuko dira. Kontratazio-kontzeptu honetatik kanpo geratuko dira onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren arabera diruz lagundutako jarduera bere kabuz garatzeko egin beharreko gastuak.
Ezingo da kontrataziorik egin Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden pertsona edo erakundeekin.
Ezingo da gainditu diruz lagundutako proiektuan finantzatu daitekeen kostu osoaren % 50, uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren 17.2 artikuluaren arabera. Edonola ere, hirugarrenen kontratazioa formalizatzeko, hautatutako kontratistarekin idatzizko kontratu bat sinatu beharko da, eta hirugarrenak behartuta geratuko dira soilik onuradunaren aurrean. Azken horrek bere gain hartuko du diruz lagunduko den jardueraren egikaritzaren erantzukizun osoa.
2.– Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, izendatu behar da ordezkari edo ahaldun bat, nahiko ahal duena taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko. Taldea ezingo da desegin, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren eskubideen legezko preskripzio-epea igaro arte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluaren arabera.
13. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak, diruz lagundu ezin direnak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Sektorearteko ekintzek gehienez 100.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango dute, eta sektoreko ekintzek 50.000 eurokoa proiektu bakoitzeko.
2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak:
Jarduerak garatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, baldin eta jarraian ezarritako mugak betetzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan ezarritako eta behar bezala zehaztutako gauzatze-aldian egiten badira, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betez.
Dirulaguntzaren bidez, jarduera diruz lagungarriaren kostuen ehuneko ehuneraino finantzatu ahalko da. Jarraian banakatzen den zerrendaren barruan egonik proiektua egiteko jardueren garapenean sortzen direnak hartuko dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat.
Kostu horien artean daude honako hauek:
a) Langileen gastuak:
Langileen gastuak justifikatzeko, proiektua osatzen duten pertsonen kontratuak eta nominak aurkeztu beharko dira. Gainera, langileen gastuek bete egin beharko dituzte uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren 18.6 a) artikuluan aipatutako mugak. Artikulu horrek tarifa-sistema bat biltzen du, langile-gastuak aipatutakoak baino altuagoak direnean aplikatzeko.
Erakunde onuradunaren langileen gastuak; erakunde horrek egiaztatu beharko du langile horiek zenbat ordu egin dituzten proiektuari loturiko jardueretan eta orduen kostua zein den.
Teknikari laguntzaileak proiektura biltzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, bi kasuetan jarduerarako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.
b) Gauzatze-gastuak:
Aparatuak, ekipoak eta dibulgazio-materiala: Ekipamendu eta tresnen kostuak jarduera zehatzerako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Aparatu eta tresna hauek aurkeztuko dira justifikatzeko: hasieran onartuak, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparatuak eta tresnak aldatzeko eskatu beharko, baldin eta berriek pareko funtzionalitatea badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta tresnak «renting» eta «leasing» formulen bidez eskuratzea. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko gastu finantzagarritzat: tresna horiek jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak. Dibulgazio- edo prestakuntza-ekintzetarako materialetik eratorritako gastuak finantzatu ahal izango dira.
Hirugarrenen kontratazio-gastuak: Hirugarrenen kontratazio-gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzeko egindakoak soilik hartuko dira aintzat. Hirugarrenen kontratazioa deialdi honen 12. artikuluan ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako hirugarrenen kontratazio-gastuak finantzatuko dira.
Proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.
Bidaiak, joan-etorriak eta mantenu-gastuak: jardueraren lantaldeko kideenak edo proiekturako kontratatutako teknikari laguntzaileenak baino ez, laneko segurtasunaren eta osasunaren gaineko proiektuetarako finantzatu daitekeen kostuaren % 5eko mugarekin. Diruz lagundutako jarduera egiteko ezinbesteko gastuak baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren onartzen direnak, jarduera gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.
Inoiz ez da diruz lagunduko benetan jasan ez den BEZa, edo dirulaguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.
Zeharkako gastuak: Justifikatutako zenbatekoaren % 15 onartuko da, gehienez, zuzeneko gastu gisa. Behar bezala justifikatzeko, aurkezpen-datan ikuskatutako azken urteko kontuak aurkeztuko dira, erabilitako egozpen-irizpideen azalpenarekin. Aurkeztu beharreko nominak diruz lagunduko den aldian gauzatutakoak eta aurreikusitakoak izango dira.
3.– Eskura dauden baliabideak ezin izango dira erabili azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako enpresa-betebehar prebentiboak edo lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudian aurreikusitako beste edozein betebehar betetzeko ekintzak finantzatzeko.
14. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko balorazio-batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek osatuko dute:
Batzordeburua:
Osalanen Plangintza Zuzendariordetzan diharduena.
Batzordekideak:
– Osalanen Zuzendariordetza Teknikoan diharduena.
– Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko arduraduna.
– Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako Lan Osasuneko Unitateko medikua.
– Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Osasuneko Unitateko medikua.
– Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria.
– Osalanen Gipuzkoako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria.
– Osalanen Arabako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria.
– Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako berdintasun-teknikaria.
Idazkaria:
Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako ikerketa-teknikaria.
2.– Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, bat etorriz, betiere, hurrenkera horretan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin.
Bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin, Osalanen Plangintzako Zuzendariordetzako ikerketa-teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Plangintza Zuzendariordetza betetzen ez duen batzordekide batek beteko du aldi baterako ordezkapena, baldin eta kargua hutsik badago, langilea kanpoan badago edo gaixorik badago.
3.– Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, ahotsarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, deialdiaren xedeko gaian duten kualifikazio eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.
4.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna EHAAn edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) jakinaraziko da, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
15. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
Balorazio-batzordeak onartutako eskabideetan aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta honako balorazio-irizpide hauen arabera baloratuko ditu (gehienez 100 puntu):
a) Inpaktu- eta egokitasun-irizpideak (gehienez 50 puntu).
– Langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko aurreikuspena: prebentzioaren integrazioaren gaineko eragina, prebentzio-tresnen diseinuaren eta egikaritzaren hobekuntza: arriskuen ebaluazioa, prebentzio-plangintza, osasunaren zaintza. Esperientzia langileen prestakuntza eta ezagutza hobetzen: eragina langileen, enpresaburuen eta beste eragile batzuen prestakuntzan, ezagutzan eta aholkularitzan. (0-15 puntu).
– Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren eragin sozioekonomikoa: proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazioak lan-arriskuen prebentzioan (enpresetan, ekoizpen-sektoreetan edo orokorrean duten aplikazioa). Esperientzia enpresekiko eta langileekiko harreman zuzenean. Enpresa txikiei bereziki zuzendutako jarduera (0-15 puntu).
– Proiektua deialdiko gaietara egokitzea: III. eranskineko aukeratutako proiektuaren gaiarekiko zehaztasuna, argitasuna eta egokitasuna, eta proiektuan genero-ikuspegia txertatzeko moduaren zehaztasuna, argitasuna eta egokitasuna (0-10 puntu).
– Emaitzak zabaltzeko plana: jardueraren hedapen aktiborako plana, tailer, mintegi, webinar eta abarren bidez. Bitartekoak, publizitatea, iragarkiak eta inpaktu-tokiak langileen kolektiboentzat zabaltzeko aukera. Proiektua argitalpen zientifikoetan, aldizkari espezializatuetan, jardunaldi eta bilera zientifikoetan, beste argitalpen batzuetan, patenteen erregistroan eta abarretan argitaratzeko aukera (0-10 puntu).
b) Irizpide teknikoak: proiektuaren kalitate-maila, hedapena eta genero-ikuspegiaren txertaketa (gehienez 50 puntu).
– Metodologia: argi deskribatuta dagoen, ikergaiarekin bat datorren, lanaren helburuak zein diren, lan-ildoaren garapenerako elementu eta teknikak zer-nola deskribatuta dauden, adierazleak zenbakarriak, justifikatuak eta kontrolatzeko modukoak diren baloratuko da (0-10 puntu).
– Proiektuaren plangintza: zereginen deskribapena kronograma baten bidez (zereginen banaketa, sekuentzia eta iraupena). Eskura dauden baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea: giza baliabideak eta baliabide teknikoak, kudeaketa-plan koherentea eta posibilista, aurreikusitako epeak, etab. Azpikontratatutako jarduerak kronograman eta kudeaketa-planean nola txertatzen diren (0-10 puntu).
– Proiektua gauzatuko duen taldearen eta pertsonen gaitasun teknikoa eta profesionala. Esperientzia eskaintzen duen laguntza profesionaleko sare edo egitura bat izatea. Taldeak antzeko proiektuetan duen esperientzia (0-10 puntu).
– Memoria ekonomikoa bat etortzea proiektua gauzatzeko lanekin: aurrekontu xehakatua, deskribatutako jarduerekiko egokitasuna, partaide vs jarduera denbora-diagrama, ikertzaileen kostua orduko, proiekturako instalazioak eta azpiegiturak (0-10 puntu).
– Proiektuaren berrikuntza-maila: proiektuaren faktore berritzaileak, baliabide teknologikoak, abantaila aipagarriak, gaiaren ezagutza eta aurrekariak: esperientzia proiektuaren gaian, esperientzia lan-eremu horretan genero-ikuspegia txertatzen, ikerketa-jardueraren lan-esparruarekin lotutako argitalpenak (0-10 puntu).
Ezetsi egingo dira gutxienez puntuazio hauetakoren bat lortzen ez duten proposamen guztiak:
– Guztira 60 puntu bi atalak batuta.
– Gutxienez 30 puntu atal bakoitzean.
Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, hurrengo irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen proiektuaren alde egingo da, ondoren planteatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera:
1.–Pertsonen osasuna hobetzeko aurreikuspena.
2. Aplikagarritasuna enpresa txikietan edo lan-arriskuen prebentzioa kudeatzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetan.
3. Emaitzen aplikagarritasuna eta ikerketa-proiektuaren eragin sozioekonomikoa.
4. Genero-ikuspegia aintzat hartzea.
5. Proiektuaren berritasuna.
16. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta behin-behineko ebazpen-proposamena.
1.– Osalaneko plangintzako zuzendariordetzari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen direla egiaztatzea.
2.– Aldez aurreko administrazio-eskakizunak betetzen dituzten proiektu guztiak baloratuko ditu 14. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 15. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Eskabideak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkez dezatela eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei.
3.– Eskabideak ebaluatutakoan, balorazio-batzordeak txosten bat igorri beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz. Organo kudeatzaileak, balorazio-batzordearen txostena eta espedientea ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Ebazpen-proposamen hori interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetan ezartzen den eran, eta hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluaren arabera.
4.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak hautatzean, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan garatzen diren jarduerak direla ikusiko da, eta III. eranskinean jasotako gaiekin bat datozela baloratuko da.
17. artikulua.– Eskaerak birformulatzea.
1.– Behin-behineko ebazpen-proposameneko dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino baxuagoa bada, onuradunari eskatu ahalko zaio bere eskabidea birformulatzeko, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 24. artikuluaren arabera.
2.– Eskabideak kide anitzeko organoaren adostasuna behar badu, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio, azken horrek ebazpena eman dezan.
3.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, eskabideetarako ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.
4.– Eskabidea berriro egiteko eskatu denean eta laguntzaren eskatzaileak emandako epean erantzun ez duenean, aurkeztutako eskabidearen zenbatekoari eusten zaiola ulertuko da.
18. artikulua.– Behin betiko esleipen-ebazpena eta laguntzaren onarpena.
1.– Interesdunek, hala badagokio, egindako alegazioak aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da. Bertan, dirulaguntzaren hartzaile izango diren erakunde eskatzaileen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda adieraziko da, hala badagokio honakoak zehaztuz: ebaluazioa eta horretarako aplikatutako balorazio-irizpideak. Ebazpen hori erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta EHAAn argitaratuko da.
2.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.
3.– Behin betiko ebazpen-proposamena jakinaraziko zaie kudeaketa-fasean onuradun gisa proposatu diren pertsonei, 15 eguneko epean proposamen hori onartzen ote duten adieraz dezaten. Onartzen ez badute, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskabideari uko egiten diola ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.4 artikuluaren arabera.
4.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez dute eskubiderik ematen proposatutako onuradunaren alde, administrazioaren aurrean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.5 artikuluaren arabera.
19. artikulua.– Prozeduraren ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartutakoan, Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura ebatziko du.
2.– Ebazpenak espresuki adierazi beharko du zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainerako baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere. Deialdiaren oinarrietan ezarri diren edukien erreprodukzioa diren baldintza eta betekizunak ez dira zertan sartu ebazpenean eta, horien ordez, deialdiaren eta oinarrien esteka sartu ahalko da egoitza elektronikora, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluaren arabera.
3.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, aurreko paragrafoan adierazitakoa betez.
4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
20. artikulua.– Esleipen-ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen VI. tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.
2.– Esleipen-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduketak. Alabaina, beste dirulaguntza batzuk ere eskuratzen badira edo dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, betiere dirulaguntzaren bidez lortutako helburuei edo laguntza emateko funtsezkoak diren edo erabakigarriak izan diren alderdiei, erakunde onuradunaren zehaztapenari eta hirugarrenei eragiten ez badie, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta, hala badagokio, emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoitu. Erakunde edo pertsona onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozeduraren arabera.
3.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.
21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko prozedura eta dirulaguntza ordaintzea.
1.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak erregistratuta egon behar du hirugarrenen erregistroan. Alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
2.– Dirulaguntza horren zenbatekoa honela ordainduko da:
Lehen ordainketa: % 50eko aurrerakina, aurretiazko ordainketa gisa, jarduerak egiteko, deialdi honen 18.2 artikuluan jasotako ebazpena emandakoan.
Bigarren ordainketa: gainerako % 50a aurreikusitako jarduerak amaitu ondoren ordainduko da, 2025eko abenduaren 1a baino lehen eta hurrengo atalean adierazten diren frogagiriak aurkeztu ondoren.
3.– Eskatutako ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta onartutako jardueraren kostua ordaindu aurretik, erakunde onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.– Egindako jarduerak eta horien kostua jasotzen dituen memoria ekonomikoa, II. eranskinaren arabera. Memoria honetan jasotzen diren langile-gastuek honako hauek izan beharko dituzte: proiektuan emandako ordu-kopurua, langilearen izen-abizenak, guztizko kostua edo urteko edo aldiko kostua (soldata eta gizarte-segurantzaren kostua banakatuta), urteko ordu-kopurua edo, gastua zein langileri egozten zaion, haren aldia eta orduko kostua.
2.– Egindako gastuen fakturak edo egiaztagiriak.
3.– Deklarazio osagarria, administrazio publiko eskudunei edo horiei lotutako edo mendeko erakundeei jarduera bererako eskatutako laguntzak jasotzen dituena, bai onartutakoak bai ebazteke daudenak, bai jasotako zenbatekoa edo jasotzeke dutena.
4.– Jardueraren onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak justifikatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurrekontuan jasotako gastua benetan egin dela egiaztatuz. Fakturak zalantzarik gabe lotuta egongo dira diruz lagundutako jarduerekin, eta horietan bereizita eta banakatuta agertu beharko dira finantza daitezkeen kontzeptuak. Fakturekin batera, horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Ordainketen egiaztagiriak fakturetarako ezarritakoez bestelako epeetan aurkeztu daitezke, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari eskabidea egin ondoren.
5.– Fakturetako edo agirietako gastuaren datak ezingo dira izan 2025eko azaroaren 30a baino geroagokoak.
6.– Ez da ordainketarik egingo onuraduna egunean ez badago zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.
7.– Dokumentazioa jaso ondoren, Osalaneko langileek txosten tekniko bat egingo dute, enpresak eraman dituen jarduerak Osalaneko Batzorde Teknikoak balioetsitakoekin bat datozen adierazteko. Txosten hori egin ondoren, Administrazio Sailak, fakturak eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak egiaztatu ondoren, ordainketa egingo du jakinarazpen bat eginez, azkenean onartutako zenbatekoa adierazita.
22. artikulua.– Jarduketen jarraipena eta kontrola.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileek aldian behingo jarraipena egingo dute, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, bai eta egiten ari diren eta egin diren ekintzak egiaztatzeko ere. Alde horretatik, erakunde onuradunek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa eman beharko dute.
23. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena baliogabetzea.
Ekainaren 25eko TES/864/2023 Aginduaren 20. artikuluaren arabera, laguntza emateko ebazpena deuseztatu eta baliogabetzeko arrazoiak abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 35. artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko dira.
24. artikulua.– Borondatez uko egitea eta itzultzea.
1.– Emandako dirulaguntzari borondatez egiten bazaio uko behin betiko emakida-ebazpena argitaratu ondoren, galdu egingo da dirulaguntza kobratzeko eskubidea, eta hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak itzuliko dira, dagokion atzerapen-interes eta guzti, TES/864/2023 Aginduaren 21.1 artikuluaren arabera.
2.– Jasotako aurrerakina borondatez itzuli nahi bada, hau da, onuradunak berak erabakita, dirulaguntza eman duen organoaren aurretiazko errekerimendurik gabe, onuradunak modu sinesgarrian igorri beharko dio banku-transferentziaren egiaztagiria aurrerakina igorri duen organoari, TES/864/2023 Aginduaren 21.2 artikuluaren arabera.
25. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.
1.– Dirulaguntza jaso duen erakunde onuraduna Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo ebazpen honetan, edo aplika daitezkeen gainerako arauetan, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta aplika daitezkeen atzerapen-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, aipatu Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. artikuluan ezarritakoaren arabera, itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira, eta horiek kobratzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa bete beharko da.
Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak partzialki betetzen ez badira, emandako laguntzaren zenbatekoa azkenean justifikatutako jardueretara egokituko da, ebazpen honen 11. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
2.– Dirulaguntza hauen onuradunek bete egin beharko dituzte gai honetan arau-hausteei buruz abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. eta 47. artikuluetan ezartzen diren erantzukizunak eta zehapen-araubidea.
3.– Dirulaguntzen gainean zehapenak jartzeko administrazio-espedientea izapidetu beharko da. Izapide horren bidez, entzunaldia emango zaio interesdunari, dagokion erabakia ezarri baino lehen, hori guztia urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluan, urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko III. kapituluan eta abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan ezarritakoaren arabera.
26. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Argitalpen, liburuxka, agiri eta euskarri informatiko guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2023ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zenbakia).
Sortutako eduki horietan guztietan hizkera eta irudi inklusibo eta ez-sexistak erabili beharko dira, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 19.4 eta 23.3 c) artikuluetan xedatutakoa betez.
2.– Erakunde onuradunek egindako jarduerak ikuskatzeko aukera emango diote Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari.
3.– Aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari diruz lagundutako jardueretan aurreikusitako baldintzetan aldaketarik gertatzen bada.
4.– Erakunde onuradunek betebehar hauek konplitu beharko dituzte:
a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoena taxutzea (helburua bete, proiektua egikaritu, jarduera burutu edo jarrera hartu).
b) Ezarritako epeetan, eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta jarduera egin dela eta dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin zuen helburua bete dela egiaztatzea ere.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundeak egingo dituen egiaztapen-ekintzak betetzea, eta eskumena duten kontrol- eta jarraipen-organoek (esaterako, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak) finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen beste edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.
d) Laguntza eman duen organoari jakinaraztea helburu bererako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla estatuko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik, eta horiei eman zaien aplikazioa. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.
e) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiri guztiak gordetzea eta jarraipen-organoari ematea, organo horrek hala eskatzen duenean, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen heinean.
f) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, erakunde onuradunari kasu bakoitzean aplika dakiokeen merkataritzako eta sektoreko legerian eskatzen den bezala, baita deialdi-agindu honetan eskatzen diren erregistro espezifikoak eta kontabilitateko egoera-orriak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabili ahal izateko.
g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.
h) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako baldintza guztietan jasotako funtsak itzultzea.
27. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Datu pertsonalak izen hau duen tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira: Laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.
Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.
Helburua: Bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea horiek eskatzen dituzten pertsonei edo erakundeei. Lanen zabalkundea egitea, hainbat euskarritan argitaratuta. Deialdiak ezagutaraztea.
Legitimazioa:
Interesdunaren adostasuna.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzeko eginkizun bat betetzeko.
20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa.
– Interesdun legitimoak.
– Kontuen Epaitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.
– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/162100-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzek bete egin beharko dute honako hauetan ezarritakoa: TES/645/2024 Agindua, ekainaren 25ekoa, zeinaren bidez lurraldean banatzen baitira 2024ko ekitaldirako, eskumenak bereganatuta dituzten autonomia-erkidegoek kudeatu ditzaten, lurralde-mailako lan-arriskuak prebenitzeko ekintzak finantzatzeko kredituak, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera; TES/864/2023 Agindua, uztailaren 21ekoa, lan-arriskuen prebentzioaren arloan jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko oinarri arautzaileak onartzen dituena, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Horrela ezartzen du urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 123. eta 124. artikuluetan eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duenak) 8.3 eta 46. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.
Barakaldo, 2024ko abenduaren 17a.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MARÍA LOURDES ISCAR REINA.
RSS