Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2024ko abenduaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5984

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 13koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duena.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (aurrerantzean, Osalan) laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-jarduerak bultzatzea du bere eskumenen artean. Osalan sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean laneko segurtasun, higiene eta osasunaren prebentzio- eta sustapen-helburuak betetzeko beharrezko egitekoak ezartzen dira, eta, besteak beste, laneko segurtasun eta osasun arloan ikerketa-programak landu, bultzatu eta garatzea proposatzen da.

Deialdi honen lehentasunezko arloak Laneko Segurtasun eta Osasuneko 2021-2026 Euskal Estrategiaren esparruan daude, eta hau da deialdiaren helburua: laneko segurtasun eta osasunaren arloko gai batzuetan ikerketa-proiektuak egitera bultzatzea, haien emaitza lan-jardunean aplikatu ahal izateko, eta, modu horretara, laneko arriskuak prebenitzeko eta langileen osasuna hobetzeko. Horrez gain, ikerketa-taldeak finkatu nahi dira, eta talde berriak sartu, haien bidez laneko segurtasun eta osasunaren eremuan ikerketa aurreratzeko eta garatzeko.

Kudeaketa bizkortzeko, deialdi hau EAEko 2025erako Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeari atxikiko zaio, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoari jarraituz. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen da. Ondorioz, deialdiaren xede diren dirulaguntzak gauzatzeko, nahitaezkoa da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu orokorretan.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea aldez aurretik sartzen da Osalaneko zuzendari nagusiaren 2024ko urriaren 24ko Ebazpenean, zeinaren bidez aldatzen baita Osalan-laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2023-2026 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa. Bada, ebazpen honetan deitutako laguntzak dirulaguntzen plan estrategikoan jasotako helburuak lortzen lagunduko du; zehazki, kontzientziatzen lagunduko du, laneko arriskuen prebentzioaren (LAP) arloko prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza sustatuta genero-ikuspegiarekin, zeinak aukera ematen baitu aurrea hartzeko aldaketa sozialei (zahartzeari, lana antolatzeko modu berriei, globalizazioari), teknologikoei (digitalizazioari, automatizazioari) eta ingurumen-aldaketei (klima-aldaketari). Laguntza hau 2023-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 9. helburu estrategikoan dago, «10. dirulaguntza-lerroan (ikerketa-proiektuak LAP arloan)».

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetara bideratutako 2025eko dirulaguntzen deialdia egitea eta lehia-araubidearen arabera arautzea.

2. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honetan araututako laguntza bateragarria da administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, entitate onuradunak dirulaguntza horiek eskuratuz gero, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko dio.

2.– Emandako laguntza eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jarduketaren kostu osoaren % 100, jarduketa horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekintza horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.

3. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.- Deialdia ebazteko, nahitaezkoa da aurrez kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu orokorretan, hau kontuan hartuta: Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa; zehazki, aginduaren 5.3 artikuluan xedatua.

2.– Ebazpen honen xedera bideratuko diren baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2025-2026 aldiko aurrekontuen IV. kapituluan ezarritako aurrekontu-kreditutik etorriko dira. Zenbatekoa berrehun eta hogeita bost mila (225.000) eurokoa da, eta aurrekontu-egozpena 3113 programatik dator (Laneko Segurtasun eta Osasuna, 01 zerbitzua, Zuzendaritza Orokorra), IV. kapituluaren barruan (eragiketa arruntetarako transferentziak eta dirulaguntzak, 450. artikulua, PEP 19/1556 elementua).

4. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Deialdi honen arabera emango diren dirulaguntzen finantzaketa Osalanen 2025-2026 aldiko gastu-aurrekontuari egotziko zaio, eta, guztira, 225.000 euro:

– 112.500 euro 2025erako konpromiso-kreditu gisa.

– 112.500 euro 2026rako konpromiso-kreditu gisa.

5. artikulua.– Entitate onuradunak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzaren onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa garatzen duten pertsona juridikoak.

6. artikulua.- Entitate onuradunen betekizunak.

1.- Ezingo dira entitate onuradunak izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.

2.– VIII. eranskinean erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat dago, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aipatutako egoerekin.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Osalaneko Plangintzako Zuzendariordetzari dagokio deialdian aurreikusitako laguntzari buruzko kudeaketa-lanak egitea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik hasita; hau da, deialdi hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik. Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.

9. artikulua.– Eskabideak egitea eta aurkeztea.

1.– Entitate eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta entitatearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:

– Entitatearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.

– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Entitatearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den entitatearen izenean egiteko.

2.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoen erregistro elektronikoetan. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

3.– Eskabidea eta ondorengo izapideak entitate eskatzailearen ordezkari batek elektronikoki egin ahalko ditu; horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman ahal izango du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak elektronikoki izapidetzeari buruzko jarraibideak, ebazpen honen eranskinean jasotakoak, helbide elektroniko hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048507.

5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, helbide honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/.

6.– Entitate eskatzaileek EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

7.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, egunean dituztela automatikoki egiaztatuko da, behar den guztietan. Deialdiko erakunde kudeatzaileak egiaztatuko du, eskatzaileen baimen-beharrik gabe, eta 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 8.3 artikuluan xedatutakoari jarraituta (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen diren egiaztatzeari buruzkoa).

8.– Dirulaguntzaren entitate eskatzaileek berariaz aurka egin ahal izango diote deialdiaren organo kudeatzaileak administrazio eskudunean egiaztatzeari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, bai eta nortasun- eta bizileku-datuak ere; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Aukera hori eskabidean sartuko da.

9.– Deialdian ezarritako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak edo egiaztagiriak eskatu ahalko dizkie organo kudeatzaileak entitate parte-hartzaileei.

10.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartzea.

11.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

Ikerketa-proiektuaren memoria (II. eranskina), atal guztiak beteta.

Ikerketa-taldeko kide bakoitzaren curriculuma, araututako ereduari jarraituz (V. eranskina).

Ikerketa-proiektua egiteko beste entitate batzuen lankidetza edo parte-hartzea behar bada, haren lankidetzarako konpromisoa adierazten duen idazkia erantsi beharko da, entitatearen legezko ordezkariak izenpetua (VI. eranskina).

10. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikulua aplikatuta, entitateek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako onuradun izateko debekuen eraginpean ez daudela justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute (eredua eskabidean sartuta dago).

2.– VIII. eranskinean erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat dago, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aipatutako egoerekin.

3.– Kasuan kasuko dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik, subjektu onuradun gisa aurkezten direnek berretsi beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta. Pertsona edo entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko du eskabidea egiteko unean betetzen dituela dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileetan eskatzen diren baldintzak, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan adierazitakoaren arabera.

4.- Entitate eskatzaileek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak ere bete behar dituzte.

11. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero eskabidea izapidetzea onartzeko behar diren dokumentuak falta direla edo haietan akats formalak daudela edota balioesteko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapiderako eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.

2.– Zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean joko da egindakotzat jakinarazpen hori. Jakinarazpena bidali eta 10 eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ulertuko da uko egin diola eta izapidea prozeduraren arabera egin dela, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.

12. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epeak.

1.– Ikerketa-proiektuak ebazpen honen I. eranskinean jasotako jarduera eta gaietako bati buruzkoak izango dira.

Ikerketa-proiektuek genero-ikuspegia txertatu beharko dute, 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3., 16. eta 18.4 artikuluetan jasotakoaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena). Hau hartuko da kontuan, labur-labur: Ikerketa-proiektuaren esparru zehatzean emakumeen eta gizonen artean egon daitezkeen aldeak sistematikoki kontuan hartzea.

Horretarako, hau hartuko da kontuan:

a) Sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea egiten den datu-bilketan.

b) Emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak, desberdinkeria horiek nola azaleratzen diren eta aztertu beharreko errealitatean zer eragin duten ezagutzea ahalbidetuko duten adierazleak ezartzea eta sartzea.

c) Beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, aipatutako legearen 3.1 artikuluko azken paragrafoan aipatutako diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen dituzten beste aldagai edo faktore batzuen eragina ezagutzeko.

d) Lagin zabalak hartzea, sartutako aldagai guztiak sexuaren aldagaia oinarri hartuta ustia eta azter daitezen ahalbidetzeko.

e) Datuak ustiatzea eta zabaltzea emakumeek eta gizonek azterlanaren eremuan dituzten egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanak ezagutu ahal izateko moduan.

Proiektuak gauzatzeko epea 18 hilabete artekoa izango da, dirulaguntza ematea onartzen den egunetik aurrera. Nolanahi ere, 2026ko urriaren 1a baino lehen justifikatu beharko da diruz lagundutako jardueren zenbatekoaren % 100, deialdi honetako 23. artikuluan jasotako baldintzetan.

13. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako erregimenaren babespean ikerketa-proiektuetarako emango diren laguntzen zenbatekoak eskabidean aurkeztutako aurrekontuaren defizitaren ehuneko ehun (% 100) lortu ahal izango du.

2.– Proiektu bakoitzari 100.000 euroko dirulaguntza emango zaio gehienez urtean.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa-proiektuak garatzeko behar diren gastu guztiak, baldin eta ondoren zehaztutako mugak betetzen badira, deialdi honen 12. artikuluan proiektua gauzatzeko ezarritako epean gauzatzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan behar bezala zehazten badira, eta, betiere, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betetzen badira.

Dirulaguntzaren bidez, jardueraren guztizko gastuen ehuneko ehuneraino finantzatuko da. Ikerketa-proiektua egiteko jardueren garapenean sortzen direnak hartuko dira guztizko kostutzat.

Kostu horien artean daude hauek:

a) Langile-gastuak:

Entitate onuradunaren langile-gastuak; erakunde horrek egiaztatu beharko ditu langile horiek zenbat ordu egin dituzten proiektuari loturiko jardueretan eta orduen kostua zein den.

Teknikari laguntzaileak proiektura biltzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, proiekturako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.

b) Gauzatze-gastuak:

Aparatuak eta ekipoak. Ekipamendu eta tresnen kostuak ikerketa-jarduerarako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Aparatu eta tresna hauek aurkeztuko dira justifikatzeko: hasieran onartuak, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparatuak eta tresnak aldatzeko eskatu beharko, baldin eta berriek pareko funtzionalitatea badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta tresnak «renting» eta «leasing» formulen bidez eskuratzea. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko gastu finantzagarritzat: tresna horiek ikerketa-jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak.

Azpikontratazio-gastuak. Azpikontratazio-gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzeko eginikoak soilik hartuko dira aintzat. Hirugarrenekiko azpikontratazioa deialdi honen 14. artikuluan ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.

Ikerketa-proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.

Proiekturako kontratatutako ikerketa-taldearen edo teknikari laguntzaileen parte diren langileekin soilik lotutako bidaiak, desplazamenduak eta mantenua, guztizko kostu finantzagarriaren % 5 arte gehienez. Gastu hauek baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren onartzen direnak, ikerketa-proiektua gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.

Ez dira finantzatuko egungo egoerari buruzko ikastaroak, prestakuntza-jarduerak, berrikuspen bibliografikoak eta zeharkako gastuak.

Inoiz ez da diruz lagunduko benetan jasan gabeko BEZa, edo dirulaguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.

14. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak onuradunek kontratatzea.

1.– Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren parte diren proiektuko ikerketa-jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, baldin eta entitate onuradunak berak egin ezin baditu (dena dela, hori ikerketa-proiektuaren memoria teknikoan egiaztatu beharko da). Hasierako memorian edo ondorego baimenetan onartutako gastuak finantzatuko dira. Kontratazio-kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikulua.

Ezingo da kontrataziorik egin Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikulua xedatutako egoeraren batean dauden pertsona edo entitateekin.

Hirugarrenekiko kontratazioek 20/2023 Legean xedatutakoa bete beharko dute, eta ezingo dute gainditu ikerketa-proiektuaren guztizko gastu finantzagarriaren % 50.

15. artikulua.– Ikerketa-lantaldeen eskakizun orokorrak.

1.– Proiektua garatuko duten ikerketa-taldeak ikertzaile nagusi batek zuzendu beharko ditu, eta taldeak hauek betetzen dituzten langileek osatu beharko dituzte:

Ikertzaile nagusiak hauek izan beharko ditu:

Doktoretza-titulua edo MEC 3 unibertsitate-titulua edo baliokidea. Bestalde, entitate onuradunarekin lotura izatea funtzionario-harreman baten bidez edo estatutupeko edo lan-kontratuko kontratu baten bidez, eta zerbitzu aktiboan egotea proiektua gauzatzen den aldi osoan.

Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatua izatea I+G+b jardueratan.

Hauek ikerketa-taldeko kide izan daitezke:

Titulu hauek dituztenak: doktoretza edo unibertsitate-titulua.

Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak, prestakuntza-beka baten bidez edo praktiketako kontratuaren bidez proiektuan ari direnak, Prestakuntza jasotzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Ikerketa-taldeko kide guztiek aurkeztutako ikerketa-proiektuaren garapenarekin lotura argia duten ikerketa-lanak egin beharko dituzte.

Artikulu honetan ikertzaile nagusientzat ezarritako eskakizunak ikerketa-proiektuak irauten duen aldi osoan bete beharko dira.

Artikulu honetan ikerketa-taldeko gainerako kideentzat ezarritako eskakizunak ikerketa-proiektuarekin duten loturak irauten duen bitartean bete beharko dira.

16. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko balorazio-batzorde bat eratuko da, eta kide hauek osatuko dute:

Presidentea:

Osalanen Plangintzako zuzendariordea.

Kideak:

Osalaneko zuzendariorde teknikoa.

Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko arduraduna.

Osalanen Arabako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria.

Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako Bizkaiko Laneko Osasunaren Unitateko arduraduna eta Laneko Osasunaren Unitateko medikua.

Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Osasuneko Unitateko medikua.

Osalanen zuzendariordetza teknikoko prestakuntza eta dokumentazio arloko kudeatzailea.

Osalanen Zuzendaritzako Berdintasun Teknikaria.

Osalanen Gipuzkoako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko arduraduna.

Idazkaria:

Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako ikerketa-teknikaria.

2.– Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, bat etorriz, betiere, hurrenkera horretan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin.

Bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin, Osalanen Plangintzako Zuzendariordetzako ikerketa-teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaria ez badago, kanpoan bada edo gaixorik baldin badago, beste batzordekide batek, zuzendariorde teknikoaz bestelakoa, hartuko du haren lekua aldi baterako.

3.– Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, ahotsarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, deialdiaren xedeko gaian duten kualifikazio eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.

4.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna jakinaraziko da euskadi.eus egoitza elektronikoan, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan, EHAAn edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Esleitzen diren laguntzek I. eranskineko ikergaien zehaztapenak bete behar dituzte. Ikerketa-proiektuaren helburuak gai horiekin bat ez etortzea proposamena kanpoan uzteko arrazoia izango da.

Balorazio-batzordeak onartutako eskabideetan aurkeztutako ikerketa-proiektuak aztertuko ditu, eta irizpide hauek kontuan hartuta baloratuko ditu (gehienez 100 puntu lor daitezke):

Hauek izango dira balorazio-irizpideak:

Irizpide teknikoak: ikerketa-proiektuaren maila zientifiko-teknikoa eta genero-ikuspegia txertatzea (gehienez 60 puntu).

Metodologia: argi deskribatuta dagoen, ikergaiarekin bat datorren, lanaren helburuak zeintzuk diren, lan-ildoaren garapenerako elementu eta teknikak zer-nola deskribatuta dauden, adierazleak zenbakarriak, justifikatuak eta kontrolatzeko modukoak diren baloratuko da (0-10 puntu).

Gaiaren ezagutza eta aurrekariak: ikerketa-proiektuaren gaian lantaldeak zer esperientzia duen, lantaldeak genero-ikuspegia lan-eremu horretan txertatzen zer esperientzia duen, ikerketa-jardueraren lan-esparruarekin loturiko argitalpenak (0-5 puntu).

Ikerketa-proiektuaren plangintza: zereginen deskribapena kronograma baten bidez (zereginen banaketa, sekuentzia eta iraupena). Azpikontratatutako jarduerak kronograman eta kudeaketa-planean txertatzea (0-10 puntu).

Eskura dauden baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea: giza baliabideak eta baliabide teknikoak, kudeaketa-plan koherentea eta posibilista, aurreikusitako epeak eta abar (0-5 puntu).

Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila: proiektuaren faktore berritzaileak, abantaila zientifiko-teknologiko nabarmenak, berrikuntza genero-ikuspegia txertatzean (0-10 puntu).

Memoria ekonomikoa bat etortzea ikerketa-proiektua gauzatzeko lanekin: aurrekontu xehakatua, deskribatutako jarduerekiko egokitasuna, partaide vs jarduera denbora-diagrama eta ikertzaileen kostua/orduko (0-10 puntu).

Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana: jarduera modu aktiboan hedatzeko plana, ikertzaileek emandako tailer, mintegi edo saio klinikoen bidez; proiektua argitalpen zientifikoetan, aldizkari espezializatuetan, jardunaldi eta bilera zientifikoetan eta bestelako argitalpenetan argitara emateko aukera; patenteak erregistratzea eta abar (0-10 puntu).

b) Egokitasun-irizpideak (gehienez 25 puntu lor daitezke).

Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren eragin sozioekonomikoa: proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazioak laneko arriskuen prebentzioan (enpresetan, ekoizpen-sektoreetan edo orokorrean duten aplikazioa) (0-15 puntu).

Proiektuaren egokitasuna deialdiko ikergaiekiko: I. eranskinean aukeratutako gaiarekiko zehaztapena, argitasuna eta bat-etortzea, bai eta proiektuan genero-ikuspegia txertatzeko moduaren zehaztapena, argitasuna eta bat-etortzea ere (0-10 puntu).

c) Gainerako irizpideak (15 puntu gehienez).

Ikertzaile nagusiaren curriculuma eta egokitasuna proiektua garatzeko: gaian duen esperientzia, zuzendutako beste ikerketa-proiektuak, proiektuaren lan-esparruarekin loturiko argitalpenak, genero-ikuspegia txertatzen duten ikerketa-proiektuetan parte hartzea (0-10 puntu).

Proiektua garatuko duen ikerketa-taldearen historia zientifiko-teknikoa eta curriculuma: tituluak, ikerketa-taldeak proiektuaren gaiari buruz aurrez egindako lanak, taldeko kideek gaiarekin loturiko egindako argitalpenak, taldearen konpentsazioa eta lantaldea lan-arlo guztiak jorratzeko nahikoa izatea, emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izatea, eta profil anitzak egotea adinari, jatorriari, dibertsitate funtzionalari edo beste batzuei dagokienez. (0-4 puntu).

Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako diseinuan, argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean euskara erabiltzea (puntu 1).

Ezetsi egingo dira gutxienez puntuazio hauetakoren bat lortzen ez duten proposamen guztiak:

40 puntu a) atalean (irizpide teknikoak).

Guztira 60 puntu atal guztiak batuta.

10 puntu, genero-ikuspegia txertatzeari buruzko azpiirizpideetan.

Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, hurrengo irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen ikerketa-proiektuaren alde egingo da, ondoren planteatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera:

1.– Proiektuaren egokitasuna deialdiko ikergaiekiko.

2.– Emaitzen aplikagarritasuna eta ikerketa-proiektuaren eragin sozioekonomikoa.

3.– Genero-ikuspegia aintzat hartzea.

4.– Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila.

5.– Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana.

18. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta adjudikazio-proposamena.

1.– Osalaneko plangintzako zuzendariordetzari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen diren egiaztatzea.

2.– Aldez aurreko administrazio-eskakizunak betetzen dituzten ikerketa-proiektu guztiak baloratuko ditu 16. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 17. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Eskabideak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkez dezatela eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei.

3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, balorazio-batzordeak txosten bat egin beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Organo kudeatzaileak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdi honetan ezartzen den moduan, eta hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikulua.

4.– Entzunaldiaren izapidea alde batera utzi ahal izango da, baldin eta prozeduran interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak soilik kontuan hartzen badira, baina ez, ordea, beste alegaziorik edo frogarik. Kasu horretan egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

19. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Baldin eta aurkeztutako eskabidean jaso den zenbatekoa baino txikiagoa bada behin-behineko ebazpen-proposamenaren dirulaguntzaren zenbatekoa, onuradunari eskatu ahal izango zaio eskabidea berriz egin dezala, konpromisoak eta baldintzak dirulaguntzara egokitzeko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Eskaerak kide anitzeko organoaren adostasuna merezi duenean, organo kudeatzaileak jarduketa guztiak organo eskudunari igorriko dizkio, ebazpena eman dezan.

3.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte, eskabideei dagokienez.

4.– Birformulazioa eskatu eta eskatzaileak erantzunik eman ez badu emandako epean, aurkeztutako eskabidearen zenbatekoari eusten zaiola ulertuko da.

20. artikulua.– Behin betiko esleipenaren ebazpena eta laguntzaren onarpena.

1.– Interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da. Bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den entitate eskatzaileen zerrenda adieraziko da, bai eta zenbatekoa ere, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta erabilitako balorazio-irizpideak zehaztuko dira. Ebazpen hori entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta EHAAn argitaratuko da.

2.– Kudeaketa-fasean onuradun izateko proposatu direnei jakinaraziko zaie behin betiko ebazpen-proposamena, 15 eguneko epean onar dezaten. Onartzen ez bada, joko da onuradun gisa proposatutako pertsonak eskabideari uko egin diola, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.4 artikuluarekin bat etorrita.

3.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez diote onuradun proposatuari inolako eskubiderik ematen Administrazioaren aurrean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.5. artikuluan ezarritakoaren arabera.

21. artikulua - Prozeduraren ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, organo eskudunak prozedura ebatziko du.

2.– Ebazpenean berariaz adieraziko dira xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zein xedapenen babesean eman den eta oinarri hauetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideak ezetsi direla ere. Deialdiaren oinarrietan jada jaso diren edukien erreprodukzioei buruzko baldintzak eta betekizunak ebazpenean jaso gabe utzi ahal izango dira, eta egoitza elektronikora bidaltzen duen deialdiarekiko eta oinarriekiko esteka jarri ahalko da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat hartu daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.

4.- Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, aurreko paragrafoan adierazitakoa betez.

5.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

22. artikulua.– Esleipen-ebazpena aldatzea.

1.- Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, edonola ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, eta, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4. k) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Oinarri arautzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk aldi berean lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Legearen Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25.1. artikuluaren arabera, dirulaguntza eman duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:

1.– Dirulaguntzaren aldaketa interesdunak eskatzen badu, onuradunak, 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster komunikatzen badu, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

2–. Zenbatekoa handitu behar ez denean.

3.– Gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea oinarri erregulatzaileen xedeen artean badago.

4.– Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

5.– Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

6.– Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

4.– Pertsona onuradunak emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo partziala jaso badu, eta, aldaketaren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizten bada, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitu egingo dira, eta entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako itzulketa-prozeduraren arabera.

23. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko prozedura eta dirulaguntza ordaintzea.

1.– Behin amaituta ikerketa-proiektua esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran gauzatzeko epea, agiri hauek aurkeztu beharko dira gehienez 20 egun balioduneko epean:

a) Ikerketaren memoria zientifikoa, III. eranskineko ereduaren arabera. Gehienez 30 orrialde izango ditu.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jarduerak eta horien kostua jasotzen dituena, IV. eranskinari jarraituz. Langileen gastuak nominekin eta gizarte-aseguruekin justifikatu beharko dira.

c) Jasandako gastuen fakturak edo egiaztagiriak: onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak fakturen eta balio frogagarri baliokidea duten dokumentuen bidez justifikatu beharko dira. Merkataritza-trafiko juridikoan baliozkoak izan beharko dira edo eraginkortasun administratiboa izan beharko dute, aurrekontuan adierazitako gastua benetan egin dela egiaztatzeko. Fakturek lotura argia izan beharko dute diruz lagundutako jarduerekin, eta kontzeptu finantzagarriak bereizita eta banakatuta agertu beharko dira. Fakturekin batera, horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Ordainagiriak fakturetarako ezarritakoez bestelako epeetan aurkeztu ahal izango dira, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik eskatuta.

2.– Ikerketa-proiektuan aurreikusitako gastuak hura egiteko denboraren barruan egin beharko dira. Entitate onuradunak emandako ordainketa-dokumentuek geroagoko muga-eguna izan dezakete, betiere justifikaziorako agiriak aurkezteko eman den epearen barnean baldin badago data hori.

3.– Laguntza onartzeko izapideak bete ostean, dirulaguntzaren zati bat aurreratuko da, ikerketa-proiektua burutzeko jarduerak egiten hasteko behar den finantzaketa gisa. Zehazki, emandako laguntzaren zenbateko osoaren % 25 ordainduko da.

Onartutako laguntza osoaren bigarren % 25eko ordainketa egingo da, eta 2025eko azken hiruhilekoan ordainduko da. Bigarren ordainketa egin aurretik, entitate onuradunek, 2025eko abenduaren 1a baino lehen, jarraipen-memoria aurkeztu beharko dute, VII. eranskineko ereduaren araberakoa, eta memoria ekonomiko bat, IV. eranskineko ereduaren araberakoa, ordura arte jasandako gastuekin, bai eta jasandako gastuen fakturak eta egiaztagiriak ere.

Hirugarren ordainketa % 50ekoa izango da, behin ikerketa-proiektua eginda, eta edonola ere 2026ko azken hiruhilekoan egingo da. Entitate onuradunek dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu beharko dute, onartu eta 18 hilabetera. Dirulaguntza gehienez ere 2026ko urriaren 31 baino lehen justifikatu behar da.

4. Entitate onuradunei ordainketak egiteko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira. Artikulu horretako betekizunak deialdi honetako VIII. eranskinean jaso dira.

24. artikulua.– Jarduketen jarraipena eta kontrola.

Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta ikerketa-proiektua gauzatzeko egiten ari diren eta egin diren jarduerak egiaztatzeko, behar diren aldizkako jarraipen-jarduerak gauzatuko dituzte Osalaneko langileek. Ildo horretatik, entitate onuradunak behartuta egongo dira Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematera.

25. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.

Dirulaguntzaren entitate onuraduna Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetako batean badago, edo ebazpen honetan, gainerako arau aplikagarrietan edo emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du. Horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza eta aplika daitezkeen berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, aipatutako legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. artikuluak ezartzen duenez, itzuli behar diren zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa aplikatuko da horiek kobratzeko.

Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak partzialki betetzen ez badira, emandako dirulaguntza azkenean justifikatutako jardueretara egokituko da.

26. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntzen onuradun diren proiektuekin lotutako jardueren ondorioz sortutako argitalpen, liburuxka, dokumentu eta euskarri informatiko guztietan, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu dituela, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (145. zenbakiko EHAA, 2013ko uztailaren 31koa).

Sortutako eduki horietan guztietan hizkera eta irudi inklusibo eta ez-sexistak erabili beharko dira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 19.4 eta 23.3 c) artikuluetan xedatutakoa betez.

2.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako jardueren baldintzetan izandako edozein aldaketa.

3.– Proiektuak amaitu ondoren, entitate onuradunek proiektuaren memoria oso eta xehatua emango diote Osalani, eta entitate onuradunetako ikerketa-taldeko pertsona batek edo batzuek diruz lagundutako proiektua aurkeztuko dute, Osalanek zehaztutako egunean eta tokian.

27. artikulua.– Datuen tratamendua.

Datu pertsonalak «Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

Xedea: arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzen eskabideen kudeaketa.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean burututako eginkizun bat betetzeko.

20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.

Hartzaileak:

Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

Interesdun legitimoak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/101700-capa2-eu.shtml.

Araudia:

Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa: www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE–A–2018–16673.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Horrela ezartzen du urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak) 123. eta 124. artikuluetan eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duenak) 8.3 eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Barakaldo, 2024ko abenduaren 13a

Osalaneko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala