
249. zk., 2024ko abenduaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (209 KB - 12 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5927
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 18koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Durangoko (Bizkaia) 17. Kabilduoste EUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko abuztuaren 8an, Durangoko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Durangoko (Bizkaia) 17. Kabilduoste EUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien, 2024ko irailaren 9an, ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean dago horren emaitza. Era berean, Durangoko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok egin ahal izan zitzan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Durangoko (Bizkaia) 17. Kabilduoste EUaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Durangoko (Bizkaia) Kabilduoste EUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, Plana), jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Durangoko Plangintzako Arau Subsidiarioetan mugatutako «EU-17 Kabilduoste» hiri-lurzoruaren eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (HAPB) helburu nagusia da unitate horren hirigintza-eraikigarritasuna aldatzea, indarreko hirigintza-araudian eskatzen den gutxieneko hirigintza-eraikigarritasunera eta erabilera berrietara egokitzeko.
Planak, antolamendua indarrean dagoen hirigintza-araudira eta erabilera berrietara egokitzeaz gain, aipatutako prozedura judizialaren emaitza betetzen du eremuaren espazio-doikuntzari dagokionez, eta, hala, Plan Bereziaren mugaketa eta gaur egun indarrean dauden Durangoko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioen mugaketa bateratzen ditu.
Indarrean dauden arau subsidiarioen arabera, unitatea dentsitate txikiko bizitegi-eremua da, familia bakarreko etxebizitza isolatuetarako parametro egokiekin, eta 0,2 m2t/m2s-ko eraikigarritasunarekin, bertan familia bakarreko 34 etxebizitza ezartzeko. Haatik, kontuan izan behar da eremu horren eraikigarritasunak ez duela betetzen Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 77. artikuluan hiri-lurzoru finkatugabeko eremuetarako ezarritako gutxieneko eraikigarritasuna. Horregatik, HAPBaren arabera, automatikoki egokitzen da 0,4 m2t/m2s-ko eraikigarritasunera, etxebizitza babestuaren legezko estandarretara eta zenbatekoetara egokituta, eta dagozkion zuzkidura eta sistema lokalekin.
Antolamenduaren helburuak, plangintza orokorrean jada ezarrita daudenak, honela laburbiltzen dira:
– 17. Kabilduoste EUaren barruan mugatutako gune zabal bat bizitegirako hiri-bilbean sartzea.
– Saihesbidearekiko paraleloa den bide nagusi baten bidez antolatzea, hobetutako bide zaharren bidez bide-egiturari lotuta dagoena; San Roke etxebizitza-sektorerako lotura berria, ibilgailu-igaro mugatukoa eta oinezkoa, Ikastolaren ondoan dagoen bidetik.
– Eraikuntza-lerroa saihesbidearen kanpoko ertzetik 25 metrora baino gehiagora egongo da, eta etxebizitzen eta saihesbidearen artean babes-zerrenda berde bat jarriko da, bidegorria eta oinezkoen bidea, etab., araudi-planoan agertzen den moduan.
Hautatu den antolamenduak honako baldintza hauek hartu ditu kontuan:
– Eremuaren kokapena, bai paisaia-ezaugarriengatik, bai hiri-eremuagatik.
– Eremuari oinezkoentzako izaera nabarmena emateko asmoa, San Roke auzoarekin lotzeko bide nagusi baten bidez ingurunearekiko konexioak planteatuz. Bide nagusi horretatik igaroko dira ibilgailuak, eta bertatik irtengo dira eremuko bizitegi-eraikinetarako sarbideak, eta auzotarrentzako harreman-guneak ere eratuko dira.
– Eremuari nortasuna eman diezaioketen eta espazio naturalizatu bat sor dezaketen tokiko elementuei balioa ematearen aldeko apustua egiten da, jariatze-urak bideratzea, kasu baterako.
– Berdeguneak sortzea espazio-jarraitutasunean, behar besteko zabalerarekin eta aldapekin, oinezkoentzako bideak eratzeko eta herritarrek erabiltzeko.
– Eusko Jaurlaritzaren Irisgarritasuna Sustatzeko 20/1997 Legea eta hura garatzen duen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua betetzea.
Zaratari buruzko Legea garatzen duen 1367/2007 EDa eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez, HAPBa. Horretarako, azterketa akustiko bat egiten ari dira, 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluaren ondorioetarako. Eremuko kalitate akustikoko helburuak betetzeko, 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz, urbanizazio-obretan, hala badagokio, inpaktu akustikoaren azterketan zehaztutako neurriak hartuko dira, eraikinak ezarri aurretik, eta eraikinek isolamendu akustikoko neurriak bete beharko dituzte, 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 1. zatiko B taulan oinarrituta aplikatzekoak diren barneko espaziorako kalitate akustikoko helburuen (KAH) balioak lortzeko.
– Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren hirigintza-planteamenduarekin lotura duten eskakizunak betetzea.
17. Kabilduoste EUaren eremua finkatu gabeko hiri-lurzoruko eremua da, 42.189,00 m2-ko azalera du (jasotze topografikoaren eta partzelarioaren arabera) eta Durangoko hirigunearen hego-mendebaldean dago. Eremuak forma irregularra du, ingurunera egokitzen da. Honako hauekin egiten du muga: iparraldean, ondoko bizitegi-lurzatiekin; hegoaldean, Durangoko saihesbidearekin (BI-623); mendebaldean, saihesbiderako sarbidearekin, Astxiki kaletik eta San Roke auzotik; eta, ekialdean, Kurutziaga ikastolaren ondoko bidearekin.
Orain proposatutako antolamenduak familia bakarreko hamabi etxebizitza (BS+1+AT) proiektatzen ditu, eremuaren ipar-ekialdean, San Roke kalean daudenen ondoan, eta etxebizitza kolektiboko zazpi eraikin, BS+3ko bost erdialdean eta BS+5eko bi eremuaren mendebaldean.
Gainera, eremuaren erdialdean, erabilera komunitarioko eraikin bat duen lurzati bat jartzea planteatzen da, solairu batekoa, etxebizitzei laguntzeko.
Eremua saihesbidearekiko nahiko paralelo doazen bide-ardatzen arabera dago egituratuta, lehendik dagoen bide-egiturari konektatuta hobetutako bide zaharren bidez eta saihesbiderako sarbidearen azpiko pasabide baten bidez, unitatea San Rokeko etxebizitza-sektorearekin lotzen duena.
Eremu horretako berdegunea eremu bereko ekialdeko eta hegoaldeko ardatzean hedatzen da, eta zerrenda bat sortzen du. Zerrenda horrek parkeko eremuak, jolasak, bidezidorrak eta aire zabalean dagoen erreka bideratzeko lanak hartuko ditu.
Planteatutako antolamendu xehatuari dagokionez, espazio libreen eta berdeguneen tokiko sistemetarako 13.135,2 m2-ko azalera erabiliko da. Ibilgailuen eta oinezkoen bideragarritasun-sistema lokalek 3.888,74 m2-ko azalera dute. Bizitegi-erabilerako lurzatiei dagokienez, azpizonek (EL, BOE, PTE) 25.165,06 m2 okupatzen dituzte guztira.
Planaren aurreikusitako garapenari dagokionez, dagokion urbanizazio-proiektua eta eraikuntza-proiektuak beharrezkoak izango dira aurreikusitako hirigintza-garapena gauzatzeko.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak edo programak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparru bat, bai kokapenari, izaerari, neurriei eta funtzionamendu-baldintzei dagokienez, bai baliabideen esleipenari dagokionez: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Plan Bereziak 17. Kabilduoste EUa urbanizatzeko proiektua etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen du (42.189,00 m2). Proiektuaren kokalekua, eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta proposatutako garapenaren garrantzia kontuan izanik, esan daiteke planak ez duela berezitasunik arrazoi horregatik ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izateko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak 17. Kabilduoste EUaren hiri-lurzorurako indarrean dagoen plangintzan ezarritako hirigintza-araubidea egokitzen du, eremurako aurreikusitako garapena dentsifikatuz. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, betiere, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste: urak, zarata, hondakinak, isurketak, segurtasuna eta osasuna, kultura-ondarea eta ingurumena.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan izan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
17. Kabilduoste EUaren eremua Durangoko hirigunearen hego-mendebaldean dago. Eremuak forma irregularra du, ingurunera egokitzen da. Honako hauekin egiten du muga: iparraldean, ondoko bizitegi-lurzatiekin; hegoaldean, Durangoko saihesbidearekin (BI-623); mendebaldean, saihesbiderako sarbidearekin, Astxiki kaletik eta San Roke auzotik; eta, ekialdean, Kurutziaga ikastolaren ondoko bidearekin.
Eremuak ezaugarri hauek ditu: hego-ekialdetik ipar-mendebalderantz doan malda txiki bat du, aldi baterako ibilgua bertatik igarotzen da eta gaur egun sega-belardiek, laborantza-lurzati txikiek, baratzeek eta fruta-arbolek, zuhaitz autoktonoen eremuek eta lorategiek hartzen dute.
Hidrologiari dagokionez, azterlanaren eremua Ibaizabal Unitate Hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan, eta Ibaizabalen adarra den Larrinagatxu errekaren azpiarroan. Ibilguaren zati handi batean hodietatik barrena eta lurperatuta doa. Azterketa-eremua ur-ibilgu txiki batek zeharkatzen du, emari iraunkorra ez duena, udan erabat lehor egoten da eta.
Gaur egun dagoen landarediari dagokionez, eremu horretan sega atlantikoko belardiak, laborantza-lurzati txikiak, baratzeak eta fruta-arbolak, zuhaitz autoktonoak eta lorategiak daude. Eremu osoa har lezakeen zuhaizti autoktonoa Planaren eremuaren goi-goiko aldean dago, BI-623 errepidean eta errekan zehar. Kartografiatutako 3 orbanak formazio linealak dira, basoko orbanena baino heskai bizien antz handiagoa dutenak. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren (IDE) arabera, honako espezie hauek hauteman dira: Salix alba, Salix atrocinerea, Fraxinus excelsior eta Alnus glutinosa, beste espezie exotiko apaingarri hauekin batera: Robinia Pseudoacacia, Salix babylonica, Platanus hispanica, Catalpa bignonioides, Ligustrum ovalifolium, etab.
Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kartografiaren arabera, azterketaren eremuan Batasunaren intereseko 6510 habitata duten bi eremu identifikatu dira: bazkatu gabeko belardi atlantikoak. Dena den, IDEaren arabera, landa-eremuan egiaztatu da aipatutako bi orbanen gehiengoa sasi bihurtu dela, sega edo bazkatze bidezko mantentze faltagatik; horietan 6510 BIH habitataren bereizgarri diren espezieak falta dira. Mendebaldeko ertzean dagoen lurzatia soilik mantentzen da larre gisa, uzta bidez, eta 6510 BIHaren antza du. Eremu horretan ez da flora-espezie mehatxaturik identifikatu.
Bertako fauna-komunitatea landazabal atlantikoari lotuta dago, eta, neurri txikiagoan, baso-inguruneko espezieak agertzen dira. Humanizatutako eremuen ondoan egoteak espezie askok izaera oportunistagoa eta ubikistagoa izatea ahalbidetzen du, eta, ondorioz, ez da probablea Espezie Mehatxatuen Espainiako edo EAEko Katalogoan jasotako espezieak eremuan egotea. Zuhaitz hostoerorkorrak eta erreka bat egoteak espezie aniztasun handiagoa ahalbidetzen dute.
Eremuan eta haren ingurune hurbilean ez dago ezein eremu babesturik, ez nazioarteko tresnek babestutako eremurik, ez eta inbentarioan jasotako natura-intereseko lekurik ere (LAGetako azpiegitura berdearen elementuak edo EAEko hezeguneen inbentarioa). Halaber, ez dago interes geologikoko gunerik bertan. Hurbilen dagoen Natura 2000 Sareko eremua, Urkiola KBEa (ES2130009), eremuaren 2,8 km ingurura dago, hego-mendebalderantz.
Ondarean eskuragarri dagoen informazioaren arabera,17. Kabilduoste EUan ez dago ondare arkeologiko edo arkitektoniko babestuko elementurik.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak I. eranskin gisa jasotzen du «Durangoko (Bizkaia) 17. Kabilduoste EUaren Plan Bereziaren 2024ko uztaileko inpaktu akustikoaren azterketa». Aipatutako azterketa akustikoaren arabera, egungo egoeran, emaitzek erakusten dute aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua) gainditu egin direla Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH) Planaren xede den lurzatirako, BI-623 errepidearen presentziari eta hura hiri-bideekin lotzen dituen eremuaren hegoaldeko eta mendebaldeko mugetatik hurbilen dagoen zerrendari lotutako zaraten ondorioz (eguneko eta arratsaldeko aldietan 0-24 metro artean eta gaueko aldian 10-75 metro artean).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, etorkizuneko hirigintza-garapena kokatuko den eremuak ezaugarri hauek ditu: akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikia, lurzoruaren higadura-maila txikia, baso-suteen arrisku txikia zuhaitz-eremuan, eta uholde-arriskuko eremuetatik kanpo dago.
Azterketa-eremuan BI-623 errepidearen tarte bateko 100 eta 200 metroko arrisku-zerrendak daude, zeinak oso arrisku txikikotzat jotzen baitira.
Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, balizko inpaktu nagusiak eraikin berrien urbanizazio- eta eraikuntza-obrek sortzen dituztenak izango dira. Ekintza horien ondorioz hondakinak sortuko dira, lurrak mugituko dira, makinak joan-etorrian ibiliko dira, isurketak egongo dira, zaratak sortuko dira, etab. Horrek landarediari eta lurrazaleko nahiz lurpeko urei eragin diezaiekete, bai eta lurzoruei ere, isurketengatik. Halaber, eremuaren inguruan bizi diren biztanleei ere eragozpenak eragin diezazkieke, emisio atmosferiko eta akustiko eta abarren ondorioz.
Planak 29.053,8 m2-ko azalera bat okupatzea ekarriko du, hots, eremuaren azaleraren % 66 artifizializatzea. Eremuaren gainerakoa berdeguneetara eta ibai-ibilgura bideratuko da.
Hondakinak sortzeari eta lur-mugimenduei dagokienez, lur-soberakinen bolumen handi samarra sortuko da, eraikin berriak eraikitzeko lurzoruaren berdintze-lanetan, sestra azpiko eraikigarritasuna gauzatzeko lanetan eta ibilgu berria irekitzeko lur-indusketetan.
Eremuaren garapenak sare hidrologikoari eta lur gaineko uren kalitateari eragingo die; izan ere, Planak eremua zeharkatzen duen aldi baterako erreka desbideratzea eta haren ordez mendebaldeko eta hegoaldeko muturrean naturalizatu beharreko ibilgu bat egitea ekarriko du.
Aldi baterako emarian dagoen zuhaitz-masa, zuhaixka-eremuak eta Batasunaren intereseko habitat gisa identifikatutako belardiak (6510 Altitude baxuetako belardi txiroak) kentzeak landarediari kalte egingo dio.
Ustiapen fasean, berriz, eraginak bizitegi-garapen berriaren paisaia-inpaktuarekin lotuta egongo dira, bai eta baliabide- eta energia-kontsumoa handitzearekin, eremuko mugikortasuna areagotzearekin eta inpaktu akustikoarekin ere.
Zaratari eta airearen kutsadurari dagokienez, etorkizuneko kanpoko egoeran kalitate akustikoko helburuen (KAH) mugak gaindituko dira aztertutako hiru aldietan. Eremuaren azterketa akustikoak ondorioztatzen duenez, proposatutako zuzenketa-neurriak aplikatuta, eta, bereziki, BI-623 errepidearen galtzadako mugan 3-5 metroko altueran eta 332 metroko luzeran metalezko pantaila akustiko bat instalatuta, KAHak betetzen dira fatxadako ia hargailu guztietan, salbuespenak salbuespen: hegoaldeko fatxadako goiko solairuetatik mendebalderago daudenetan eta mendebaldeko fatxadako goiko solairuetatik ekialderago daudenetan ez dira betetzen (horiek guztiak B4 eremuko etxebizitzako fatxadak dira, eta gauez 1 dBA gainditzen dute). Barnealdeetako kalitate helburuak betetzeko, isolamendu akustikoak egokia izan beharko du.
Ingurumen-eraginen balorazioa indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoeraren arabera egin behar da. Proposatzen diren jarduketak eta horien ondoriozko eraginak mugatuak direnez, uste da eragin horiek arrazoizkoak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere urei, zaratari, ingurumenari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, ur, zarata, hondakin, isurketa, segurtasun, osasun eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
3.– Ebazpen honetan, Durangoko (Bizkaia) 17. Kabilduoste EUaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik ez izateko eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar ez izateko.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezartzen dituztenak.
Besteak beste, honako hauek dira Planak bere zehaztapenetan jaso beharko dituen eta garapeneko etorkizuneko proiektuak modu eraginkorrean ezarri ahal izateko behar den xehetasunarekin definituko dituzten babes- eta zuzenketa-neurriak:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
– Aurreikusitako erabileretarako, eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
– 17. Kabilduoste EUaren kasu jakinean, BI-623 errepidera begira dauden fatxadetako eraikin batzuetan KAHak gainditzen direnez eguneko hiru aldietan, igorritako dokumentazioa betez, 3-5 metroko altuera eta 332 metroko luzera duen pantaila akustiko bat instalatu beharko da BI-623 errepideko galtzadaren mugan. Pantaila akustikoa jartzea bideragarria ez bada, bestelako zuzenketa-neurriak ezarri beharko dira, eraikinen fatxada guztietan KAHak betetzeko.
– Ezin bada kanpo-ingurunea babestu, aplikagarri diren kalitate akustikoko helburuak bete arte neurri osagarriak garatuko dira, gutxienez, eraikinen barruan kalitate helburuak bete daitezen.
Eremua leheneratzeko neurriak.
Planak honako irizpide hauek garatuko dituen leheneratze-plan bat izan beharko du:
– Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita.
– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.
– Bermatuko da ez dela biodibertsitatearen galera garbirik eman (zero balantzea), eta ezabatu beharreko zuhaitzen funtzionaltasun ekologikoa berreskuratuko da, nahiz eta txikia izan.
– Oro har, gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/20b-udalsarea21-kuadernoa-lorategi-eta-berdegune-jasangarriak-diseinatzeko-eskuliburua) argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin.
– Ingurumen-dokumentuaren arabera, errekaren ertzak leheneratzeko, sahatsak aldaxkatuko dira eta haltzadi-lizardiak landatuko dira.
– Leheneratzearen xehetasuna txertatuko da, eta honako hauek zehaztuko ditu: leheneratu beharreko lurrazalak, erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintza/hidroereintza dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak, etab., eta horiek gauzatzeko aurrekontua ere jasoko du.
– Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.
– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen leheneratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.
Bai, oro har, espazio libreak eta berdeguneak tratatzeko neurriak, bai, bereziki, errekaren inguruak leheneratzeari buruzkoak, hirigintza-araudian jaso behar dira, zehaztapen nagusietan, Plana garatzen ari diren proiektuek garatu eta inplementatu ditzaten.
Urak babesteari buruzko neurriak.
– Ingurumen-dokumentu estrategikoko ur-ingurunean eragin negatiboak prebenitzeko, murrizteko eta, ahal den neurrian, zuzentzeko neurri guztiak modu xehean sartu beharko dira Plan Berezian, bai eta eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuan ere.
– Ibilgu berriaren gainean proiektatutako bi zubiek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 47.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute (Hirugarren ziklorako berrikuspena: 2022-2027).
– Hirigintza-garapen berriak behar-beharrezko diren azaleretara mugatu beharko du zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko ditu (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abar); lehendik zegoen egoeraren aldean jariatzea handitzen bada, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko dute horien bitartez. Sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko du, halaber (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Planaren 48. artikulua: 2022-2027).
– Urbanizazio-proiektuko dokumentazio kartografikoan egungo eta etorkizuneko hornidura-, saneamendu- eta euri-sareen trazadurak mugatu beharko dira.
– Jabari Publiko Hidraulikoaren zortasun- edota zaintza-eremuan egin beharreko Plan Bereziko jarduketa guztiek Kantauriko Ur Konfederazioaren nahitaezko baimena izan beharko dute, Uraren Euskal Agentziak (URA) izapidetu beharko duena. Baimen horren esparruan aztertuko dira, zehatz-mehatz, 17. Kabilduoste EUa urbanizatzeko proiektuan proposatutako jarduketak.
Errepideak babesteko eremuei buruzko neurriak.
– Jarduketaren xede den lurzatia BI-623 foru errepidearen iparraldean dagoenez, hots, Bizkaiko foru-errepideen sarearen oinarrizko sarean, babes-eremuen barruan, Planaren hirigintza-araudian aplikatu beharreko errepideei buruzko foru-araua (5/2021 Foru Araua, urriaren 20koa, Bizkaiko errepideei buruzkoa) eta haren mugak aipatu beharko dira, jabari publikoko eremuari, zortasun-eremuari eta eraikuntza-lerroari dagokienez.
– Era berean, Planaren dokumentazio grafikoan eta idatzian dagokion eraikuntza-lerroa sartu beharko da, Errepideei buruzko Foru Arauaren 38. artikuluan jasotakoa, eta galtzadaren kanpoko ertzetik hogeita bost metrora kokatu.
Eraikuntza-lerro horretatik galtzadarainoko tartean debekatuta dago eraikuntza-lanak egitea, edozein motatakoak direla ere, sestra gainean zein sestra azpian. Gainera, errepidearen eraikuntza-lerroaren barruan dauden eraikinetan, konponketa-lanak higiene-, kontserbazio- eta apainketa-arrazoiengatik bakarrik egin ahal izango dira.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak eta aurreikusitako jarduketak aurrera eramateko beharrezkoa diren izapideen ondorioz ezartzen diren neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, urbanizazio-proiektua burutzeko neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean jasotzen dituen erabakietan sartu beharko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; uretara ezer isurtzea eragoztea; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarrak aztoratzen dituzten jarduerak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Durangoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Halakorik izanez gero, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eraman eta hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena ere. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Durangoko (Bizkaia) 17. Kabilduoste EUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Durangoko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Durangoko (Bizkaia) 17. Kabilduoste EUaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 18a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS