Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2024ko abenduaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
5926

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurarena, 2024ko uztailaren 10eko bilkuran hartua, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren 2022ko fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak 2024ko uztailaren 10ean egindako bilkuran, hau

ERABAKI DU:

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren 2022ko fiskalizazio txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 10a.

HKEEren lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
BILBAO BIZKAIA UR PARTZUERGOAREN 2022ko FISKALIZAZIO TXOSTENA

Laburtzapenak:

BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.

BBUP: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.

EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.

EUA: Edateko Uren Araztegia.

HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.

HUA: Hondakin Uren Araztegia.

LPZ: Lanpostuen Zerrenda.

SPKL: 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa.

I.– Sarrera.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Urteko Lan Programan erabakitakoari jarraikiz, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren 2022ko ekitaldiaren Kontu Orokorraren fiskalizazioa mamitu du. HKEEk gauzatutako BBUPren aurreko fiskalizazio lana 2019ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

BBUP 1967ko martxoaren 17an sortu zuten Bilbo Handia Udalbatza Administratiboaren eta data horretan partaide ziren udalen artean. Berezko nortasun eta gaitasun juridikoa du, martxoaren 30eko 3/1995 Foru Arauan —Bizkaiko Udalaz gaindiko Erakundeak arautzen dituena— eta apirilaren 2ko 7/1985 Legean —Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena— xedatutakoaren arabera. BBUPren Batzar Nagusiak 2014ko azaroaren 5ean estatutuak aldatu zituen eta, horren ondorioz, BBUP Bizkaiko Foru Aldundira atxikita geratu da.

BBUPren jarduera nagusia partaide diren udalerrien lurralde esparruan uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuak ematea da, lurralde esparru horretan hiriko uraren zikloaren kudeaketaren integrazio, zerbitzuaren kalitatearen homogeneotasun eta tarifen uniformetasun printzipioetan oinarritutakoa.

BBUPren Batzar Nagusiak 2021eko azaroaren 9an onartu zuen Busturialdeko Ur Partzuergoa BBUPn sartzea 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta hala, partzuergoa osatzen duten 16 udalerriak BBUPan sartu ziren. Horrela, 2022ko abenduaren 31n, partzuergoko udalen kopurua 97 udalerrikoa da, guztiak ere Bizkaiko Lurralde Historikokoak.

BBUPren Kontu Orokorrak sozietate hauek hartzen ditu:

– Udal Sareak SA, % 100ean partaidetua. 2000ko maiatzaren 9an eratu zen sozietatea eta bere egitekoa lotua dago uraren azpiegiturako obra publikoen kudeaketarekin eta uraren zerbitzu publikoari dagozkion zerbitzuekin, hornidura eta saneamendua bi atalak besarkatzen dituela, bai sare nagusian, bai bigarren mailakoan, bere izenean edo BBUPren —akziodun bakar dena— kontura eta haren aginduz. 2019ko ekainaren 30ean, BBUPk amaitutzat eman zituen Udal Sareak SA enpresaren alde egindako mandatuak eta, ondorioz, Udal Sareak sozietateak bere aktiboak, kontratuak eta langileak BBUPra transferitu zituen; honek 2019ko uztailaren 1ean bere gain hartu zuen zerbitzuak ematea. 2019ko urriaren 29an, Udal Sareak SAri egindako mandatua onartu zen, 2020ko ekitaldirako sozietatearen administrazio-lan hutsak garatzeko. Mandatu hori luzatu da eta indarrean jarraitzen du 2022ko ekitaldian.

– Bilboko Urak SA, % 51n partaidetua. 2000ko uztailaren 28an Bilboko Urak SA sozietatea eratu zen BBUPk kanpoan zuen jarduera kudeatzeko. 2017ko azaroaren 10ean, bazkideen Ezohiko Batzar Orokor unibertsalak erabaki zuen sozietatea desegitea eta likidazioaldia irekitzea (txosten hau idatzi dugun egunean oraindik likidazioaldian dago).

Fiskalizazioak alderdi hauek hartzen ditu:

– Legezkoak: ezargarria den araudia alor hauetan betetzen dela egiaztatzea: aurrekontua, finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak, dirulaguntzak eta laguntza publikoak ematea eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak.

– Kontabilitatekoak: BBUPren kontuak eta BBUPren partaidetza gehiengoa duten sozietate publikoen Kontuak —Udal Sareak SA eta likidazioaldian dagoen Bilboko Urak SA— ezargarri zaizkien kontabilitateko printzipioen arabera gauzatu diren aztertzen da.

Lanaren zabalak ez du jaso gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterketa. Hala ere, aurkitu diren akatsak «Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak» epigrafean azaldu dira xehetasunez.

Kanpoko auditoreek BBUPren urteko kontuen auditoretza egin dute eta alor hauetan legea betetzen dela egiaztatu: aurrekontuak, zerbitzuak, obren eta horniduren kontratazioa, langileen kontratazioa eta kudeaketa, eta tasa eta tarifak. Udal Sareak SAk urteko kontuen eta legezkotasunaren berrikuspenaren auditoretza egina du. Gure lana auditoretzako txostenak berrikustea izan da eta, horretarako, egoki iritzitako proba osagarriak eta auditoretzako beste zenbait prozedura gauzatu ditugu.

2022ko ekitaldiari dagokion BBUPren Kontu Orokorra Batzar Nagusiak onartu zuen 2023ko apirilaren 4an eta onarpena 2023ko apirilaren 11n eman zen argitara BAOn. 2024ko apirilaren 29an, Batzar Nagusiak erabaki zuen berradieraztea BBUPren diruzaintza-geldikina, BBUPren balantzea eta balantze bateratua 2022ko abenduaren 31n. Berradierazpena egin da BFAtik dirulaguntzengatik (17 milioi euro) kobratu beharreko saldoaren epe luzeko epemugak behar bezala adierazteko; horren ondorioz, kopuru hori Diruzaintzako Geldikinetik murriztu behar da eta BBUPren Balantzean eta Balantze Bateratuan «Zordunak eta kobratu beharreko beste kontu batzuk» epigrafean epe laburretik epe luzera birsailkatu. Onartutako urteko kontuei buruz HKEEk eman duen iritzia 2024ko apirileko berradierazpen-erabakia kontuan hartuta eman du.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, lan honen behin-behineko emaitzak 2024ko ekainaren 20an Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora helarazi ziren, egindako fiskalizazioari dagokionez egoki iritzitako alegazioak egin eta agiriak aurkezteko.

Alegazio guztiak aztertu eta baloratu dira, eta txosteneko testua ezabatu edo aldatu egin da komenigarri iritzi zaionean, eta bere horretan eutsi zaio txostenean deskribatutako egoera berresten duten azalpenak direla uste izan bada, edo justifikazioekin bat ez badatoz edo adierazitako adierazpenak dokumentu bidez justifikatzen ez badira. Alegazio horiek txosten honi txertatu zaizkio.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Gure iritziz, legea betetzeari buruzko iritziaren oinarriaren atalean deskribatutako ez-betetzea alde batera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Udal Sareak SAk eta likidazioaldian dagoen Bilboko Urak SAk hainbatean bete dute 2022ko ekitaldian beren jarduera ekonomikoa eta finantzarioa arautzen duen lege araudia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Gure iritziz, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Udal Sareak SAren eta likidazioaldian dagoen Bilboko Urak SAren urteko kontuek (BBUPren 2024ko apirilaren 29ko Batzar Nagusiaren berradierazpen-erabakia kontuan hartuta), alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute, 2022ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza-egoeraren irudi zehatza, bai eta data horretan bukatutako urteko ekitaldiari dagozkion emaitzena eta eskudiruzko fluxuena ere, aplikatzekoa den finantza-informazioko arau esparruari jarraiki, eta, bereziki, hor jasotako kontabilitateko printzipio eta irizpideekin bat etorriz.

III.– Iritziaren oinarria.

Gure lana Fiskalizazioaren oinarrizko printzipioen eta sektore publikora egokitutako Auditoretzako nazioarteko arauen arabera egin dugu. Arau horien ondorioz gureak diren erantzukizunak aurrerago deskribatu ditugu HKEEren Erantzukizunak atalean.

BBUPren Kontu Orokorren parte diren erakundeekiko independenteak gara, otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta fiskalizazio publikoko jarduera arautzen duen araudian eskatutakoaren arabera gure fiskalizazio-lanari aplikatzekoak zaizkion etikako eta independentzia babesteko eskakizunei jarraikiz.

Gure ustez, eskuratu dugun auditoretzako ebidentziak oinarri nahikoa eta egokia ematen du legea betetzeari buruz, salbuespenekin, eta urteko kontuei buruzko aldeko iritziari buruz.

III.1.– Legea betetzeari buruzko iritziaren oinarria.

– 2019an bost urterako esleitutako elektrizitatearen hornidura-kontratua (12. espedientea) aldatu egin da 2022ko martxoan, Busturialdeko Ur Partzuergoa integratu izanaren ondorioz haiek zeuzkaten hornidura elektrikoko 105 puntuak sartzeko; puntu berri horietarako hasierako kontratuan zegoena baino prezio handiagoa ezarri da. Preskripzio tekniko partikularren agirian jasotako urteko gehieneko kontsumoen aurreikuspenen arabera, ez zen bidezkoa prezioa aldatzea.

IV.– Funtsezko gaiak.

BBUPren eta Udal Sareak SAren kontuak kanpoko auditoreen bidez auditatu dira, eta txosten honetan kontu horien gainean adierazi dugun iritzia auditoretza horren txostenetan oinarritzen da; txosten horiek BBUPren eta Udal Sareak SAren kontuei atxikita daude eta, BBUPren kasuan, funtsezko gaien paragrafo bat jasotzen du.

Funtsezko gai hori alde batera, ondorioztatu dugu ez dagoela gure txostenean jakinarazi beharrekoa den auditoretzan aintzat hartzen den bestelako arrisku esanguratsurik.

V.– Enfasi-paragrafoa.

2022ko urtarrilaren 1ean, Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartu zen, azken erakunde horren estatutuak eta integraziorako dokumentuan adierazitako baldintzak berariaz onartuta. Gure iritzia ez da aldatu gai horri dagokionez.

VI.– Kudeaketa-, gobernu- eta zuzendaritza-organoen erantzukizuna.

BBUPko lehendakariak eta Udal Sareak SAko Administrazio Kontseiluak BBUPren eta Udal Sareak SAren urteko kontuak egiteko erantzukizuna dute, hurrenez hurren. BBUP erakundeko ondarearen, finantza-egoeraren, emaitzen eta aurrekontuaren exekuzioaren irudi zuzena jaso behar dute, aplikatzekoa den finantza-informazio publikoaren arau-esparruaren arabera eta urteko kontuak iruzurragatik edo akatsagatik oker materialik gabe prestatu ahal izateko beharrezkotzat jotako barne-kontrolaren arabera. Bilboko Urak SAren kontuak likidazio-prozesuan daude, eta, beraz, izendatutako likidatzaileek egingo dituzte.

Gainera, BBUP, Udal Sareak SA eta likidazioaldian Bilboko Urak SA erakundeen kudeaketa-, gobernu- eta zuzendaritza-organoek bermatu behar dute ekitaldian zehar egindako jarduerak, aurrekontuko eta finantzako eragiketak eta urteko kontuetan jasotako informazioa bat datozela aplikagarriak zaizkien arauekin; berebat, egoki iritzitako barne-kontroleko sistema bat ezarri behar dute, gauzatutako jarduerak legezko ez-betetzerik ez duela bermatzeko.

VII.– Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren erantzukizuna.

Gure helburuak dira, batetik, arrazoizko segurtasun bat izatea adierazteko finantza-egoerek, oro har, ez dutela iruzur edo errore baten ondoriozko oker materialik eta, bestetik, kontu horietan jasotako jarduerak, aurrekontu- eta finantza-eragiketak eta informazioa bat datozela aplikagarria zaien araudiarekin, gure iritzia jasoko duen fiskalizazio-txosten bat egiteko.

Arrazoizko ziurtasuna izateak ziurtasun maila handia dagoela esan nahi du, baina ez du bermatzen kanpoko kontrol-organoak arautzen dituen araudiaren arabera egindako fiskalizazioak beti akats materiala aurkituko duenik, halakorik dagoenean. Akatsak iruzur edo errore baten ondorio izan daitezke eta/edo legea ez betetzearen ondorio, eta materialtzat jotzen dira Epaitegi honen irizpideak aplikatuta, baldin eta arrazoiz aurreikus badaiteke txostenen erabiltzaileen erabakietan eragina izango dutela.

VIII.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan jasotzen dira jarduera ekonomikoa eta finantzarioa arautzen duten printzipioak betetzean nabarmen eragiten ez duten akatsak, eta kudeaketa hobetzeko agerian jartzen diren prozedura-alderdiak.

VIII.1.– Langileen gastuak.

Atal honetan akats hauek azpimarratu ditugu:

– 2023ko urtarrilaren 31ko Zuzendaritza Batzordeak 2020-2022 aldirako indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan aurreikusitakoarekin bat etorriz, 483.244 euroren funts ekonomikoa ordaintzea onartu zuen, langileei 2022ko ekitaldiko helburuen betetze-mailaren arabera ordaintzeko. Ordainketa egiteko justifikazioak erreferentzia egiten dio hasiera batean aurreikusitako kudeaketarako helburuei eusteari, helburu horiek zeintzuk diren eta nola bete diren zehaztu gabe; gainerako balorazioak dira, besteak beste, zerbitzuak handitzeari eta langileen inplikazioari buruzko irizpen globalak eta generikoak.

– 2022ko ekitaldiko jardunaren ebaluazioa aztertuta, karrera profesional horizontalaren garapenetik eratorritako gradua kobratzeko beharrezkoa dena, ikusi da ebaluazio horiek ez direla egin 3 zuzendaritzatako 16 lanpostutan (guztira 86 lanpostu hautatu zirela kontuan hartuta).

VIII.2.– Ondasunak eta zerbitzuak kontratatzea.

Kontratazio-espedienteak.

Kontratazio-espedienteak aztertuta, oro har, ez-betetze hauek azaleratu dira:

– BBUPk ez du onartu aurrekontuko ekitaldian edo urteanitzeko aldietan garatuko den kontratazio publikoaren jarduera barne hartuko duen urteko kontratazio-plana. Araudiak agintzen du plan hori aldez aurretik ezagutarazi behar dela, aldez aurreko informazio-iragarki baten bidez, eta horrek gutxienez erregulazio harmonizatuaren mende geratuko diren kontratuak jasoko ditu.

– «Prezioa» irizpidea baloratzeko asmoz baldintza-agirietan ezarritako formulak aukeratzea ez da espedientean justifikatu.

– Kontratuen aldaketak ez dira argitaratu kontratatzailearen profilean, ezta EBAOn ere, hala dagokionean.

– Zerbitzu-espedienteetan, horniduren 6. espedientean, esleipenaren ebazpenean eta kontratuan ez dira aipatzen esleipenaren aleko prezioak.

– Enpresa esleipendunetako langileei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboari buruzko informazioa ez da esleipen-ebazpenean aipatzen, eta kontratatzailearen profilean ere ez da argitaratzen.

Hona hemen aztertutako espediente batzuetan azaleratu diren beste alderdi aipagarri batzuk:

–Bost kontratazio espedientetan (2, 3, 4, 8 eta 10 zenbakiko espedienteak), guztira 74,2 milioi euroko zenbatekoan esleitutakoetan, atzeraldiak ikusi dira proposamenak irekitzen direnetik esleipena egiteko finkatutako bi hilabeteei dagokienez. Horietako bitan (4 eta 10 zenbakiko espedienteak) atzerapena, hurrenez hurren, hogeita hiru eta hogeita lau hilabetekoa da.

–Lau kontratazio-espedientetan (1, 2, 6 eta 10 zenbakiko espedienteak), guztira 38,8 milioi euroko zenbatekoan esleitutakoetan, kontratuaren formalizazioa EBAOra bidali da bi eta hogei hilabete bitarteko atzerapenarekin, nahiz eta araudian hamar eguneko epea ezarri horretarako.

– Obrak kontratatzeko espediente batean (4. espedientea), 16,5 milioi euroan esleitutakoan, kontratua formalizatu eta zazpi hilabeteko atzerapenaz sinatu da zuinketa egiaztatzeko akta.

–Kontratazio-espediente batean (6. espedientea), 14,2 milioi euroan esleitutakoan, baldintza-agiriek luzapena egiteko aukera ezartzen dute, betiere esleipendunarekin bat etorrita; baina legeak ezartzen du kontratistarentzat nahitaezkoa dela. Era berean, baldintza-agiriek aukera ematen dute aldaketak ez izapidetzeko unitate gehiago eskuratzen direnean, aintzat hartu gabe araudiak izapidetze hori eskatzen duela gehieneko aurrekontua gainditzen denean. Bestalde, 4. lotea 2024ko ekainaren 25ean esleitu da, legezko aurreikuspenekin alderatuta 18 hilabeteko atzerapenarekin.

– 10,1 milioi euroan esleitutako kontratu baten aldaketa (9. espedientea) SPKLren 205.2.b) artikuluan oinarritzen da, zeina kontratuaren lizitazioaren unean ustekabeko eta aurreikusi ezinezko inguruabarrei baitagokie. Aldaketa horren arrazoia da Busturialdeko Ur Partzuergoa gehitu izana; gehitze hori 2021eko azaroaren 9an onartu zen, eta lizitazioaren administrazio-klausula partikularren agiriak 2021eko azaroaren 30ean onartu ziren. Gure ustez, baldintza-agiriek aldaketen aurreikuspena jaso behar zuten (SPKLren 204. artikulua).

Administrazio-kontratazioko espedienterik gabeko gastua.

– BBUPk amaitutako lau kontratu egikaritzen jarraitu du 2022ko ekitaldian, 74.589 euroko gastua izan dutenak ekitaldian (221.731 euroko gastua aurreko kontratuaren mugaegunetik); baina SPKLren 29.4 artikuluak jatorrizko kontratuak gauzatzen jarraitu ahal izateko aurreikusten duen hiru hilabeteko gutxieneko aurrerapenik gabe egin da kontratu berrien lizitazioa. Honenbestez, espedienteak prozedura ireki sinplifikatu laburtu bidez izapidetu behar izan ziren.

– Hamahiru jarduerari dagozkion zenbait hornidura eta zerbitzu, guztira 367.090 euroko zenbatekoarekin kontrataturikoak, errepikatu egiten dira ekitaldi guztietan eta, honenbestez, planifikatzekoak eta lizitazio prozedura batean jaso daitezkeenak. Jarduera horietako seiren gastua, 2023ko ekitaldian zehar, dagozkion lizitazioen bidez izapidetu da.

VIII.3.– Beste alderdi batzuk.

BBUPren eta zenbait udalen artean sinatutako bigarren mailako sarearen kudeaketa-, mantentze-, ustiapen- eta birjarpen-hitzarmenei dagokienez —horien bidez, BBUPk eskumen horiek bere gain hartu ditu—, 2022ko abenduaren 31n 47 udalek 25,2 milioi euroko gauzatzeko inbertsioak dituzte konprometituak. Inbertsio horiei dagokienez, alderdi hauek nabarmenduko ditugu:

– Hogeita lau udalek eskatu dute sinatutako hitzarmenean ezarritako epea luzatzeko, eta horietatik bederatzik epearen bigarren luzapen bat eskatu dute; epe-luzapen guztiak baimendu dira.

– Justifikatu gabeko 633.648 euroko inbertsioak dituzten sei udalek ez dute epea luzatzeko eskatu, adostutako epea amaitu denean.

Bigarren mailako sareak BBUPren esku utzi dituzten udalek inbertsio-bolumen handi hori gauzatzeko denboran izandako atzerapena konpondu egin beharko litzateke, BBUPk kudeatutako sare horien funtzionamendu eta aprobetxamendu egokia lortzeko.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren fiskalizazioaren emaitzen behin-behineko dokumentuari egindako alegazioak (2022).

Txostenaren ondorioei egindako alegazioak.

HKEEren testua:

III.1.– Legea betetzea:

– 2019an bost urterako esleitutako elektrizitatearen hornidura-kontratua (12. espedientea) aldatu egin da 2022ko martxoan, Busturialdeko Ur Partzuergoa integratu izanaren ondorioz haiek zeuzkaten hornidura elektrikoko 105 puntuak sartzeko; puntu berri horietarako hasierako kontratuan zegoena baino prezio handiagoa ezarri da. Preskripzio tekniko partikularren agirian jasotako urteko gehieneko kontsumoen aurreikuspenen arabera, ez zen bidezkoa prezioa aldatzea (ikus A.15.1).

Alegazioak:

2022ko urtarrilaren 1ean Busturialdeko Ur Partzuergoa gehitzeak BBUPrentzat ezezaguna zen egoera bat erregularizatzeko beharra sortu zuen: konpainia elektriko batekin legez lizitatutako eta indarrean zegoen kontratu bat ez egotea. Egoera hori BBUPko zenbait sailen artean aztertu zen (Aktiboak Ustiatu eta Kudeatzeko Zuzendaritza, Ekonomia Zuzendaritza eta Zerbitzu Juridikoen eta Pertsonen Zuzendaritza), eta, era berean, prestigio aitortuko abokatu-bulego bati kanpoko lege-aholkularitza eskatu zitzaion, arazoari irtenbide bat eman ahal izateko.

Aztertutako aukerak hauek izan ziren:

1.– Lizitazio-prozedura bati ekitea Busturialdeko 16 udalerrietan dauden 105 hornidura elektrikoko puntuen hornikuntzarako. Horren ondorioz, izapideak irauten duen hilabeteetan egoera irregularra mantendu beharko litzateke, eta energia elektrikoaren fakturak ordainduko lirateke legezko babesik gabe. Aukera horretan, Partzuergoak bere gain hartzen zuen Iberdrola enpresa hornitzaileak azken baliabideko tarifarako ezarritako % 20ko zigorra, etxeko kontsumitzaileentzat pentsatutako tarifa horren berezko potentzia baino handiagoa izanez gero. Era berean, BBUPrentzat askoz kostu handiagoa zukeen kontratu bat esleitzea zekarren, merkatuaren une hartako egoeragatik, eta, halaber, etorkizunean erosketa bat egiteagatik zeuden baldintza onuragarriak ez erabiltzea.

2.– Kontuan hartzea Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen zuten udalerriei dagozkien 105 hornidura elektrikoko puntuen gehitzea energia elektrikoaren hornidura-kontratuaren Preskripzio Tekniko Partikularren Agiriaren (PTPA) 16. artikuluan sartuta dagoela. Horrek desoreka ekonomikoa ekarriko lioke kontratistari, kontratua uztea ekarriko lukeena, eta, halaber, kalte ekonomiko eta legalak eragingo lizkioke BBUPri.

3.– BBUPren eta Nexus Energía konpainiaren artean indarrean dagoen kontratua aldatzea, Busturialdeko 16 udalerrietako 105 hornidura elektrikoko puntuak sartzeko.

Zeuden aukerak eta konponbideak aztertu ondoren, eta SPKLren 190. artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki zen konponbiderik onena zela desagertutako Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen zuten 16 udalerrietako 105 hornidura elektrikoko puntuak BBUPren indarreko energia elektrikoko hornidura-kontratuan gehitzea. Konponbide hori bat zetorren legediarekin, eta bat zetorren kontratazio publikoa arautzen duten printzipioekin. Printzipio horien artean, aipatzekoak dira aurrekontu-egonkortasunaren eta gastuaren kontrolaren printzipioak, eta baliabide publikoen osotasun eta erabilera efizientearen printzipioa.

Ildo horretan, espedientean dauden txostenak nabarmendu behar dira: Aktiboak Ustiatzeko eta Kudeatzeko Zuzendaritzaren txosten teknikoak, Kontratazio Zuzendariordetzaren legezkotasun-txostena eta Kontu-hartzailetzaren txostena.

Txosten horiei gehitu zitzaien, halaber, abokatu-bulegoak egindako kanpo-txostena. Txosten horretan adierazten da kontratuaren aldaketa bat zetorrela legediarekin eta hori zela Busturialdeko Ur Partzuergoan energia elektrikoaren hornidura-kontratazioaren egoerari eman zekiokeen erantzunik onena.

Ildo horretan, abokatu-bulegoak emandako txostenean hau azaltzen da:

«(...) Bi kontratu-aurreikuspen horien —PTPAren 2. eta 16. artikuluak— exegesi zentzuzko bati esker ondoriozta dezakegu bi errealitate daudela: (i) kontratuaren indarraldiko bost urteetan halabeharrez aldaketak egingo direla hornidura-puntuetan, bai kopuruari dagokionez, bai dauden tokiari dagokionez (instalazioak), eta hori berezko ezaugarria dela beti aldatzen ari den errealitate batean, eta (ii) aldaketa horien aipatutako arrazoiak ohiko gisa kalifika daitezkeela: kontsiderazio horrek konexio- edo hornidura-puntuak aldatzeko aurreikusitako arrazoiak bete behar ditu, hala nola hobekuntza teknikoak, zerbitzuaren premiak edo konexio-puntu berriak gehitze hutsak, nahiz eta hirugarren arrazoi horrek ñabardurak eskatzen dituen benetako irismenari eta esanahiari dagokienez.

Gauzak horrela, geure buruari galde diezaiokegu ea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak izandako lurralde-hedapena, hau da, hamasei udalerri Partzuergo horretan blokean, batera eta aldi berean integratzea, PTPAren 16. artikuluak aipatzen dituen konexio-puntuak gehitze hutsarekin pareka daitekeen. Azken batean, aztertu beharko da ea BBUPren hedapen hori, haren irismena, esanahia eta munta dela-eta, Nexusen kontratuan aurreikusitako ohiko inguruabar gisa har daitekeen ala ez, bat etorriko dena BBUPren kudeaketa-hobekuntza tekniko batekin edo BBUPek izan ditzakeen premiekin.

4.6.– Azken batean, bereizi egin behar dugu, lehenik eta behin, ea PTPAren 16. artikulu horretan aurreikusitako konexio-puntu berriak gehitzearen faktoreak barne hartzen duen lurralde edo udal-eremu berriak sartzeko kasua, Nexusekin kontratua egitean existitzen zirenetatik bestelakoak.

4.7.– Eta soilik erantzuna baiezkoa bada, hau da, uler badaiteke PTPAren 16. artikulu horrek, kontratuaren xedearen barruan, ordura arte Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratuta ez zeuden udalerri berriak sartzeko aukera aurreikusten duela, kasu horrek biltzen dituen hipotesiak mugatu beharko dira. Udalerriak sartzeko hipotesi horiek kasu mota asko hartuko dituzte, hala nola udalerri bakar bat sartzea edota udalerri kopuru handi bat, denak batera eta blokean, sartzea.

4.8.– PTPAren 2. eta 16. artikuluetan jasotako konexio- edo hornidura-puntuen aldaketak eragiten dituzten hiru kasuak alderatzen badira, ikusiko da guztiek dutela nolabaiteko homogeneotasuna; homogeneotasun horrek kontratu-aldaketak dakartza, garrantzi txikiko kasuetan eta ohiko kasuetan oinarrituak, betiere, BBUPren jarduera normalean berezkoak direnak.

Kontratu-aldaketak justifikatuko lituzketen hiru faktoreen artean (premiak, hobekuntza teknikoak, gehitzeak) egindako kontrastearen ondoriozko lehen iritzi horrek zilegitasuna emango digu zalantzan jartzeko, BBUPren lurralde-eremua hedatuz gero, irismena edozein dela ere, eta BBUPren 16. artikulu horren arabera, udalerri berri horiek elektrizitatez hornitzera behartu ahal izango den Nexus.

4.10.– Zalantza legitimo hori argitu egiten da, ordea, BBUPren lurralde-oinarriaren hedapena hain handia eta ohiz kanpokoa bada, izan ere, udalerri kopurua % 19,6 handituko da jada Partzuergoan daudenei dagokienez, eta % 14 zerbitzua emango zaion lurralde-oinarriari dagokionez, eta hori da, hain zuzen, Busturialdeko Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzearen kasua, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondoreekin gauzatutakoa.

4.11.– Aitortu behar da ez dela udalerri bakar bat sartzearen pareko egoera Busturialdeko Partzuergoa berriki Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartu izanak erakusten diguna, eta horrek, diogun bezala, BBUP handitzea ekarri du, udalerri kopuruaren % 19,6 eta lurraldearen % 14: azken finean, ez da inondik inora ohikoa BBUPren egitura organikoari, dimentsioari eta funtzionamenduari berari eragiten dion gehitze anizkoitz eta kualitatiboki nabarmen hori. (...).

(...) 5.– Ondorioa.

5.1.– Busturialdeko Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeak Partzuergoa osatu behar duten udalerri kopurua % 19,6 handitzea eta haren lurralde-eremua % 14 handitzea ekarri du eta, ondorioz, BBUPk udalerri berri horiek elektrizitatez hornitzeko ahaleginak egin beharko ditu eta hornidura bermatu behar du.

5.2.– Gaur egun indarrean dagoen BBUPren eta Nexus Energía konpainiaren arteko elektrizitatez hornitzeko kontratuaren Preskripzio Tekniko Partikularren Agiriaren 2. eta 16. artikuluak kontuan hartuta, ulertu behar da Busturialdeko Partzuergoaren integrazioaren kasuan egiten den tamaina eta irismeneko udalerrien integrazioaren kasua ez dela kontratuaren xedearen barruan sartzen. Integrazio horren bidez, aldi bakarrean, blokean, batera eta aldi berean, udalerri asko gehituko dira ohiko operazio gisa kalifikatu ezin den operazio batean. Azken batean, egiturazko irismena eta garrantzi nabarmeneko eragina du BBUPren bizitza organikoan eta jarduera funtzionalean. Hori dela eta, operazio hori ezin da parekatu Nexus Energia konpainiarekin sinatutako kontratu horren arabera zerbitzua eman behar zaien eta estali behar diren «gehitze» ohiko horiekin.

5.3.– Aukerarik zentzuzkoena, bai ekonomikoki, bai funtzionalki, bai juridikoki, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko udalerri berrien hornidura elektrikoaren premiari erantzutea ahalbidetzen duena da Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legean aurreikusitako baldintzetan aldatzea kontratua; izan ere, lege horren 205. artikuluan xedatutako aurreikuspen eta betekizun guztiak betetzen dira, eta horiek zilegitzen dute kontratu-aldaketa».

Gerokoen merkatuaren erosketa une desberdinetan egiten da kontratuaren indarraldian. Partzuergoak erosia zuen aurreikusitako energia guztia 2020ko otsailean. Logikoa denez, Busturialdeko 105 puntuak ez zeuden hor sartuta. Puntu berriak gehitzean, erosketa hori egin behar izan zen. Nolanahi ere, horren ondoriozko prezioak kontratuaren aurrekontuaren barruan zeuden. Izan ere, kontratua aldatu ondoren, ez zen beharrezkoa izan kontratuaren aurrekontua handitzea.

Kontratuan agintzen zuen formula polinomikoaren barruan esleipendunari ordaintzen zaizkion kontzeptuak berberak dira. Aldakuntza gerokoen merkatuan energia erosten den uneari lotuta dago.

Horregatik guztiagatik, eta aipatutako txostenetan (Aktiboak Ustiatu eta Kudeatzeko Zuzendaritzaren txostenetan, Kontu-hartzailetzaren txostenean, legezkotasun-txostenean eta kanpoko txostenean) oinarrituta, kontratua aldatzeko erabakia hartu zen, adostutako baldintzetan.

HKEEren testua:

VIII.2.– Ondasun eta zerbitzuen kontratazioa.

– Kontratuen aldaketak ez dira argitaratu kontratatzailearen profilean, ezta EBAOn ere, hala dagokionean.

Alegazioa:

Aldaketa batzuk ez dira argitaratu legeak ezarritako epean, baina beste batzuk bai. Legez ezarritako epean argitaratu ez direnak geroago argitaratu dira.

Gaur egun, izapidetutako aldaketa-espediente guztiak argitaratuta daude.

HKEEren testua:

– Bost kontratazio espedientetan (2, 3, 4, 8 eta 10 zenbakiko espedienteak), guztira 74,2 milioi euroko zenbatekoan esleitutakoetan, atzeraldiak ikusi dira proposamenak irekitzen direnetik esleipena egiteko finkatutako bi hilabeteei dagokienez. Horietako bitan (4 eta 10 zenbakiko espedienteak) atzerapena, hurrenez hurren, hogeita hiru eta hogeita lau hilabetekoa da.

Alegazioa:

Atzerapenaren arrazoiak, oro har, hauek dira: balio-judizioaren mende dauden irizpideen balorazio teknikoaren konplexutasun handia eta administrazio-izapideen konplexutasuna. Horrek ia ezinezko egiten du epea betetzea.

Dena den, kontratuak bi hilabeteko epean ez esleitzearen ondorio bakarra 158. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoa da. Bertan, hau ezartzen da: «Adjudikazioa ez bada aipatutako epe horietan egiten, lizitatzaileek eskubidea izango dute atzera egin eta beren proposamena kentzeko, eta behin-behineko bermea itzul dakien, halakorik badago». Atzerapenak ez du baliorik kentzen, eta haren ondore bakarra da eskaintzak erretiratzeko aukera ematen duela.

HKEEren testua:

– Kontratazio-espediente batean (6. espedientea), 14,2 milioi euroan esleitutakoan, baldintza-agiriek luzapena egiteko aukera ezartzen dute, betiere esleipendunarekin bat etorrita; baina legeak ezartzen du kontratistarentzat nahitaezkoa dela. Era berean, baldintza-agiriek aukera ematen dute aldaketak ez izapidetzeko unitate gehiago eskuratzen direnean, aintzat hartu gabe araudiak izapidetze hori eskatzen duela gehieneko aurrekontua gainditzen denean. Bestalde, 4. lotea 2024ko ekainaren 25ean esleitu da, legezko aurreikuspenekin alderatuta 18 hilabeteko atzerapenarekin.

Alegazioa:

Administrazio-klausula partikularren agiriaren karatulan xedatzen denez, lote bakoitza osatzen duten udalerriek ez dute izaera mugatzailerik. Hala, kontratuaren premien arabera, udalerri gehiago sar daitezke, kontratua aldatu beharrik gabe, eta esleipenduna behartuta dago zerbitzua eskainitako prezio unitario berberetan ematera, betiere SPKLn ezarritako mugei lotuta.

HKEEren testua:

– 10,1 milioi euroan esleitutako kontratu baten aldaketa (9. espedientea) SPKLren 205.2.b) artikuluan oinarritzen da, zeina kontratuaren lizitazioaren unean ustekabeko eta aurreikusi ezinezko inguruabarrei baitagokie. Aldaketa horren arrazoia da Busturialdeko Ur Partzuergoa gehitu izana; gehitze hori 2021eko azaroaren 9an onartu zen, eta lizitazioaren administrazio-klausula partikularren agiriak 2021eko azaroaren 30ean onartu ziren. Gure ustez, baldintza-agiriek aldaketen aurreikuspena jaso behar zuten (SPKLren 204. artikulua).

Alegazioa:

2705. espedienteari dagokionez, baldintza-agiriak idazteko unean —hilabete asko lehenago hasi ziren idazten—, lizitazioa sustatu zuten teknikariek ez zekiten zer eragin izango zuen haietan Busturialdeko Partzuergoaren integrazioak.

Gero, 2021eko azaroaren 9an BBUPren Batzar Nagusiak Busturialdeko Partzuergoa integratzea erabaki zuenean, ez zen ezagutzen Busturialdeko sare primarioaren ustiapen- eta kontserbazio-zerbitzuaren egoera, eta ezin zen aurreikusi Busturialdeko Partzuergoa gure kontratuetan sartzeak ekarriko zituen ondorioak. Abiapuntutzat hartzen zen zerbitzu horiek Busturialdeko Partzuergoak lizitatutako kontratuen bidez ematen zirela edo zuzenean langile propioek kudeatzen zituztela; ezin zen aurreikusi kontratua aldatu beharko zenik legean mota horretako aldaketetarako aurreikusitako eskakizuna betetzen ez zelako; izan ere, horiek zehatz, argi eta zalantzarik gabeko moduan sartu behar dira, eta haien irismena, mugak eta izaera behar beste zehaztu.


Azterketa dokumentala