
246. zk., 2024ko abenduaren 19a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (228 KB - 12 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5840
AGINDUA, 2024ko abenduaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, eskola-garraiorako banakako dirulaguntzak emateko prozedurarako deialdia egiten duena 2024-2025 ikasturterako.
Hezkuntza Sailak eskola-garraioa antolatzen du ikasturte bakoitzerako, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri gisa. Zerbitzu hori ibilbideak kontratatzean datza, eta ibilbide horiek zehazteko, ikasleen errolda-bizilekuaren eta ikastetxearen arteko distantzia eta ikasleen kopurua hartzen dira kontuan.
Eskola-garraiorako eskubidea duten ikasle batzuek zuzenean ordaintzen dute, batez ere bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, ezin direlako egokitu sail honek antolatutako ibilbideetara, eta, bigarrenik, egokitzat jotzen delako ikasleek garraio publikoa erabiltzea.
Gainera, aipatzekoa da urriaren 31ko 164/2023 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzkoak, bere aplikazio-eremuan sartu dituela hirigune sakabanatuetan edo landaguneetan bizi diren Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, eta neurri hori Dekretuaren 8.1 artikuluko behin-behineko baimenaren bidez gauzatu duela, ikasle horiei eskola-garraiorako eskubiderik eman gabe. Beraz, eskola-garraioari buruzko Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek behin-behineko baimenaren modalitatea baliatu ahal izango dute, Hezkuntza Sailak antolatutako ibilbideetako ibilgailuak erabiliz, baldin eta horietan plaza librerik badago.
Hala ere, arauak berak aurreikusten du behin-behineko baimena lortu ez duten eta, aldi berean, Dekretuaren 8.2 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei gastuak ordaintzeko aukera.
Era berean, kontuan izan behar da desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean, HPB) dituzten ikasle batzuek ezin dutela eskola-garraioa erabili, bai ibilbideetan Sailak antolatutako garraiorik ez dagoelako, bai ibilbideak edo garraioa haien ezaugarrietara egokituta ez daudelako. Kasu horietan, ibilgailu partikularra, taxia, ikastetxeak antolatutako autobusa edo garraio publikoa erabiltzen dute egunero ikastetxera joateko.
Beraz, eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako deialdi honen helburua da ikasleen ikastetxerako joan-etorrien kostua finantzatzea, joan-etorriak zailtasun gehigarririk edo kostu gehigarririk izan ez dezan, bai eskolatzea etxebizitza bakoitzeko dagokion ikastetxe publiko batean egiten bada, bai publikoa edo itunpeko pribatua bada, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleituta.
Horregatik, kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea.
Eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako deialdia onartzea 2024-2025 ikasturterako, Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Batxilergoa eta Erdi Mailako Heziketa Zikloak egiten dituzten ikasleentzat. Agindu honen eranskinean jasotzen dira deialdiaren oinarri arautzaileak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da:
• 164/2023 Dekretua, urriaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzkoa.
• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
• 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
• 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
• 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
• Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 3a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA
2024-2025 IKASTURTERAKO ESKOLA-GARRAIORAKO BANAKAKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Agindu honen xedea da 2024-2025 ikasturterako dirulaguntzak emateko prozeduraren deialdia egitea; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuan jasotako eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako.
2.– Deialdi honen aplikazio-eremua urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 1. artikuluan aipatzen diren ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleak dira, baldin eta dekretu horren 2. artikuluaren c) letran ezarritako modalitatean eskola-garraiorako eskubidea badute eta irakaskuntza hauetakoren bat egiten badute:
a) Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.
b) Lehen Hezkuntza.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
d) Oinarrizko Lanbide Heziketa.
e) Batxilergoa.
f) Erdi-mailako heziketa-zikloak.
2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da laguntzen deialdia kudeatzeko organo eskuduna.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko 7.959.270 euro erabiliko dira.
2.– Lehen atalean esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da, kontuan hartuta laguntzak jasotzeko eskubidea duten eskabideen zenbatekoa, Hezkuntza Sailaren konprometitu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera. Halakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez.
4. artikulua.– Ikasle onuradunak. Betekizunak eta egiaztapena.
1.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izateko, baldintza orokor eta espezifiko hauek bete behar dira:
a) Betekizun orokorrak:
i. Deialdiaren xede den ikasturtean 1. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako aplikazio-eremuan sartuta egotea. Baldintza hori betetzen dela ofizioz egiaztatuko du deialdia kudeatzen duen zuzendaritzak.
ii. Ez izatea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuren bat. Eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak baimena ematea Hezkuntza Sailak ofizioz egiazta dezan egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baimen hori ere uka dezake; kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Gainerako debekuen eraginpean ez dagoela egiaztatzeko, helbide elektronikoan eskuragarri dagoen eskaera-formularioan jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko da: https://www.euskadi.eus/servicios/0168910
a) Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako betekizun espezifikoak: ikasle horiek urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzako betekizun espezifikoak: ikasle horiek urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
c) Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleentzako betekizun espezifikoak: ikasle horiek urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 8. artikuluaren 2. apartatutik 4.era bitartean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2.– Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituztelako edo mugikortasun urri iraunkorra dutelako beren hezkuntza-etapari dagozkionak baino distantzia txikiagoak aplikatuko zaizkien ikasleek, aurreko baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Ezin erabili izatea Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa joan-etorrietan, eta ikastetxera ezin joan izatea doan edo sail hori ez den beste erakunde publiko edo pribatu batzuek erabat diruz lagundutako garraio baten bidez.
b) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat izatea, eta desgaitasun-ziurtagiria indarrean izatea, lurralde-erakunde publiko eskudunak emana, desgaitasun-mota eta -maila adierazita, eta mugikortasun urri iraunkorraren kasuan, egoera hori.
c) Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak hezkuntza-premia bereziak dituen ikasle gisa aitortuta egotea.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Ikasleek 2024-2025 ikasturterako jasoko duten banakako esleipenak garraioaren kostu osoa barne bildu ahal izango du.
2.– Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eguneko bi bidaia hartuko dira kontuan, bata joateko eta bestea etortzeko, etxebizitzaren eta ikastetxearen artean, salbu eta jantoki-zerbitzurik ez badago edo ezin bada erabili; kasu horretan, gehienez ere lau bidaia zenbatuko dira eskola-egun bakoitzeko.
3.– Kostua eskola-egunen kopuruaren arabera bakarrik kalkulatuko da, honako arau hauen arabera:
a) Ikaslearen erroldatze-bizilekuaren eta ikastetxearen edo geralekuaren artean garraio-zerbitzu publiko erregularra eta/edo trena (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiltzen bada, esleipen honen zenbatekoak aukera guztien artetik merkeena ordainduko du.
b) Ikaslearen erroldatze-bizilekuaren eta ikastetxearen edo geltokiaren artean ibilgailu partikularra erabiltzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa 0,29 euro/kilometro ordainduko da, eta, ibilbidea motozikletan egiten bada, 0,15 euro/kilometro.
c) HPBko ikasleen kasuan, aurreko bi kasuez gain, joan-etorria taxiz edo Sailak antolatu gabeko autobusez egin daiteke. Kasu horretan, esleitu beharreko zenbatekoa bat etorriko da taxilari, talde edo tokiko taxilari-talde desberdinek edo zerbitzu-emaile desberdinek eskatzaileari emandako aurrekonturik merkeenarekin. Taxia edo autobusa partekatua bada, esleipen honen zenbatekoa, gehienez ere, honako hau izango da: zerbitzuaren benetako kostua zati zerbitzua erabiltzen duten ikasleen kopurua.
d) Sailak antolatu gabeko autobusetan lekuz aldatu ahal izango dira, aurreko atalean aurreikusitakoaz gain, Administrazioak berariaz esleitutako matrikulazioa izan duten itunpeko ikastetxeetako ikasleak. Kasu horretan, esleitu beharreko zenbatekoa bat etorriko da konpainia edo zerbitzu-emaile desberdinek (hiruko kopurua) emandako aurrekonturik merkeenarekin.
Distantziak neurtzeko, GeoEuskadi kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.
4.– Erreferentziako Berritzeguneko HPB aholkularitzaren iritziz ikasleak autobus, tren, tranbia edo metroko joan-etorrietan laguntza behar badu, laguntzailearen txartelaren kostua eskabidean sartu ahal izango da. Laguntzailearen bi bidaia zenbatuko dira eskola-egun bakoitzeko, baldin eta benetan egiten badira, salbu eta ikasleek egunean lau joan-etorri egin behar badituzte jantokira joan ezin dutelako.
6. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
1.– Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira eskola-garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 3.2 artikuluan jasotako terminoetan jasotako beste edozeinekin.
2.– Gainfinantzaketa-zantzuak badaude, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak emakida-ebazpena aldatzeko prozedura hasiko du, gainfinantzaketa egiaztatzeko eta emandako zenbatekoa murrizteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluei jarraikiz. Aldaketa-prozedura hori deialdia kudeatzen duen zuzendaritzak bideratuko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera eta onuradunari entzun ondoren, eta hasierako zenbatekoa eman zuen organoak ebatziko du.
7. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Ebazpena aldatzea erabaki ahal izango da laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, aldi berean beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortzen badira, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badira, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25.1 artikuluan jasotako beste edozein arrazoi gertatzen bada.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak Eskola garraioa – Ikasleak – Hezkuntza – Euskadi.eus helbide elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakia erabiliz aurkeztuko dira, eta ikasleak berak sinatuko ditu, baldin eta adinez nagusia bada eta jarduteko gaitasun osoa badu, edo, bestela, haren legezko ordezkariak.
2.– Eskabideak aurkezteko ohiko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Eskabideak modu hauetakoren batean aurkeztuko dira:
a) Elektronikoki, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0168910 web-helbidera sartuta eta horretarako gaitutako aplikazio informatikoa erabilita; horretarako, sinadura elektronikoa eduki beharko da, indarrean dagoen ziurtagiri digitalarekin (NAN, Izenpe txartela) edo itsasontzi-jokoa (B@kq).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus
Eskabidea bete ondoren, eskaneatuta erantsiko dira eskatutako dokumentuak, eta elektronikoki sinatuko da.
Eskabidearen osteko izapideak, kanal elektronikoaren bidez, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: Nire karpeta – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus.
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: Ahalordeen erregistro elektronikoa – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus
b) Paperean. Horretarako, aplikazioak sortuko duen eskabide-inprimakia inprimatu, sinatu eta ikaslea ikasten ari den ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharko zaio. Kasu horretan, ikastetxea arduratuko da eskatutako datuak eta dokumentuak aplikazio informatikoan sartzeaz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetan ere aurkeztu ahal izango da.
4.– Formularioan, eskatzaileak, egoki iritziz gero, baimena eman ahal izango dio Hezkuntza Sailari agindu honen 12. artikuluan jasotako ohar gehigarriak egiteko. Horretarako, «telefono mugikorra» eta «posta elektronikoa» atalak bete beharko ditu.
5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena ematen dio Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
9. artikulua.– HPBko ikasleek eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Indarrean dagoen desgaitasun-ziurtagiria ez badago jasota Hezkuntza Laguntzako Premia Espezifikoak dituzten Ikasleen Erregistroan, dagokion ikastetxean aurkeztu beharko da, eta horrek interesdunari jakinarazi ahal izango dio erregistratuta badago. Ziurtagiri hori lurralde-erakunde eskudunak eman beharko du, desgaitasun-mota eta -maila adierazita, eta, hala badagokio, mugikortasun murriztu iraunkorrekoa den adierazita.
2.– Bidaia taxiz egiten bada, hiru aurrekontu, honako hauek adierazita: eskola-egunen kopurua, eguneko bidaia-kopurua, kilometro bakoitzeko zenbatekoa eta kilometroko prezioa, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan automobiletan egiten den bidaiarien herriz kanpoko garraio publikoaren tarifa berriak onartzen dituen 2023ko abenduaren 11ko Aginduarekin bat etorriz.
Aurreko zenbakian aipatutako hiru aurrekontuak aurkeztea ezinezkoa bada, hori eragozten duten arrazoiak justifikatu beharko dira. Justifikatutako arrazoitzat joko da aurrekontuen eskaerari idatzizko erantzunik eman ez izana.
10. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
Lurralde-ordezkaritza eskudunak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak edo aurkez ditzala eskatutako laguntza izapidetzeko behar diren dokumentuak. Horretarako, zuzendu beharreko akats zehatza edo, hala badagokio, aurkeztu beharreko dokumentua adieraziko zaio, eta esango zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera emandako ebazpenaren ondoren.
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ezohiko epea.
1.– Agindu honen 8.2 artikuluan eskabideak aurkezteko ezarritako ohiko epea amaitu ondoren, honako baldintza hauetako bat betetzen bada soilik aurkeztu ahal izango dira eskabideak:
a) Ikastetxeko matrikulazioa eskaera-epe arrunta amaitu ondoren egin da.
b) Gerora sortutako zirkunstantziak: egoitza-aldaketa, desgaitasunaren onarpena edo hezkuntza-premia berezien aitorpena, eskaera egiteko epea amaitu ondoren sortutakoak, eskola-garraio arrunta modu iraunkorrean erabiltzea eragozten dutenak.
2.– Aparteko eskabideak aurkezteko prozedura hilabetekoa izango da, eta sortutako gorabehera gertatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Zuzenbidean onartutako edozein modutan egiaztatu beharko da data hori. Inola ere ez da onartuko 2025eko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.
12. artikulua.– Laguntza osagarria.
Epe arrunteko garraiorako banakako esleipen horien onuradunek, aurreko artikuluan aipatutako ezohiko epean, hasieran emandakoaren osagarri den laguntza bat eskatu ahal izango dute, emandako zenbatekoaren eta zerbitzuaren azken kostuaren arteko aldeagatik, baldin eta gastua handitzea eragiten duen helbide-aldaketa gertatzen bada. Eskabide berri horrekin batera, agindu honen 4. artikuluan aipatutako inguruabarrak eta zerbitzu berriaren gutxi gorabeherako aurrekontuak egiaztatuko dira.
13. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, lurralde-teknikariek 10 egun balioduneko epea izango dute aurkeztutako eskabideei buruzko datuak egiazkoak direla egiaztatzeko, agindu honen 8.2 artikuluan ezarritako eskaera-epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Lurraldeko teknikariek eskabideak aztertuko dituzte, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eskatu ahal izango ditu, Berritzeguneetako laguntza-zerbitzuetako HPB aholkularitzak eta saileko beste unitate tekniko batzuk barne.
3.– Eskabideak aztertu ondoren, dagokion lurralde-ordezkariak ebazpen-proposamena egingo du, lurralde-arduradunaren oniritziarekin.
4.– Zerbitzu zentralek lurralde-proposamenak berrikusiko dituzte, eta ebazpen-proposamena Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariari aurkeztuko diote.
14. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta argitalpena.
1.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin-behineko ebazpena emango du. Ebazpen horretan, alde batetik, dirulaguntza emango zaien ikasleen zerrenda jasoko da, emandako laguntzaren guztizko zenbatekoa adierazita. Bestalde, dirulaguntza ukatzen zaien ikasleen zerrenda jasoko du, ukatzeko arrazoia adierazita.
2.– Behin-behineko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, https://euskadi.eus webgunean eta Hezkuntza Sailaren webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus). Eskatzaileek hamar (10) egun baliodun izango dituzte egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Behin-behineko ebazpenaren aurkako alegazioak aztertu ondoren, epea igaro ondoren, eta beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://euskadi.eus eta Hezkuntza Sailaren webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus) argitaratuz jakinaraziko da, gehienez ere hilabeteko epean, behin-behineko ebazpena argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
4.– Behin betiko ebazpenean, ebazpen horren testu osoa jasoko da, bai eta laguntza eman eta ukatu zaien eskatzaileen zerrenda ere, laguntza ukatzeko arrazoiak adierazita.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko 1 epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Telematikoki edo aurrez aurre egin ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotara joanda.
6.– Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez ere sei (6) hilabeteko epean argitaratuko da behin betiko ebazpena. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
7.– Ezohiko epean egindako eskabideak eta 11. eta 12. artikuluetan aurreikusitako laguntza osagarrikoak, hurrenez hurren, ebazpen bidez ebatziko dira, ohikoak bezala, artikulu honen 4. eta 5. apartatuetan adierazten den moduan.
8.– Organo kudeatzaileak, baimena emanez gero, jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie interesdunei, SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Emandako laguntza bi zatitan ordainduko da, deialdiaren behin betiko ebazpena eman ondoren, eskoletara joandako egun-kopuruaren arabera:
a) Lehen ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 70ekoa, deialdiaren behin betiko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, salbu eta onuradun gisa proposatutako pertsonak ez badu onartu; kasu horretan, eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
b) Bigarren ordainketan gainerako zenbatekoa ordainduko da, ikasturtea amaitzean, laguntzaren justifikazioari buruzko 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Laguntzaren zenbatekoa eskatzaileak laguntza-eskabidean adierazitako kontu korrontean sartuko da. Hala ere, HPBak dituzten ikasleen kasuan, laguntzaren zenbatekoa dagokion ikastetxearen kontu korrontean sartuko da, hala adierazi badute, eta ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreek berariaz baimendu beharko dute, laguntza-eskabidean bertan.
16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har jasotako betebeharrak alde batera utzi gabe, agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onartutzat joko da, baldin eta deialdiaren behin betiko ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean onuradunak espresuki eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badio.
b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatutako betekizunei edo kostuei eragiten dien edozein gorabehera; bereziki, edozein erakunde publikok edo pribatuk xede berarekin emandako beste edozein laguntza jasotzea.
d) Lurralde-ordezkaritzei, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzen fiskalizazio-funtzioak betez eskatzen duten informazioa ematea.
17. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.
1.– Ikasturtea amaitzean, eta 2024ko ekainaren 20a baino lehen, ikasle onuradunek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte, erregistro elektronikoaren bidez edo ikastetxean, laguntzaren zenbatekoa justifikatzen duten garraio-ordainagiriak (txartelak, taxien kontratazioaren fakturak, erantzukizunpeko adierazpena ibilgailu partikularra bada). Ikastetxeek banakako esleipenen garraio-aplikazioan sartu beharko dituzte, eta dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari jakinaraziko diote. Ikaslea ikastetxera ez joateagatik joan-etorria egin ez den egunei dagokien murrizketa jaso beharko dute.
Justifikazio partzial bat baino egiten ez bada, onartutako laguntzaren bigarren ordainketa murriztuko da benetan justifikatutako zenbatekora arte; kasu horretan, dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez jardungo da, eta, behar izanez gero, errebokatzeko eta itzultzeko prozedurari ekingo zaio.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa kontrolatzeko, lurralde-ordezkaritzek egokitzat jotzen dituzten dokumentu guztiak aurkezteko eskatu ahal izango diete onuradunei.
3.– Ikastetxeak antolatutako garraioaren kasuan, ikasturtea amaitzean eta 2025eko ekainaren 20a baino lehen, haiek emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek jasoko dituena:
a) Garraioaren eguneko kostua.
b) Erabiltzen duten ikasleen kopurua.
c) Ikasle bakoitzak ordaindu beharreko kuota.
4.– Justifikazio-agiriak (txartelak, fakturak, kuotak eta, ibilgailu partikularra bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, egiaztapenak egin ahal izateko.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
Dirulaguntzen onuradunek, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidea bete beharko dute, eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute emandako eta jasotako zenbatekoa, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:
a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako itzulketa-kausaren bat denean.
b) Dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen helburu zehatzerako.
c) Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.
d) Ez justifikatzea dirulaguntza eman zen helburu zehatzetarako erabili dela.
e) Oro har, ez betetzea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.
19. artikulua.– Itzulketa.
1.– Laguntza itzuli beharko da, baldin eta laguntza ez bada erabiltzen eman zen helburu zehatzerako, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak ez direla betetzen egiaztatzen bada, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako gainerako kasuetan.
2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, bidezkoak diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «unibertsitateaz kanpoko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: unibertsitateaz kanpoko ikasleei bekak, laguntzak eta subsidioak kudeatzea, ematea eta horien jarraipena egitea, eta ikasleei eskola-garraiorako laguntzak ematea.
Legitimazioa:
• Aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko beharrezkoa den tratamendua.
• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
• Toki-administrazioko beste organo batzuk.
• Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
• Ikastetxe publikoak, pribatuak eta itunduak. Arabako Foru Aldundia. Gasteizko Udala.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/043500-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
RSS