
246. zk., 2024ko abenduaren 19a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5838
AGINDUA, 2024ko abenduaren 4koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen baita bitartekotzarik gabeko prozedurari atxikitzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren deialdiak argitaratzeko.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 15.10 artikuluaren arabera, "Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorreko datuak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren eskura jarriko dira, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabakitzen duen moduan, eta bi publizitate-tresna horien artean informazioa trukatzea ahalbidetuko da. Dirulaguntzen programa bakoitzaren hasierako informazioa eskuragarri egongo da arau erregulatzailea edo deialdia onetsi ondoren, eta interesdunek eskabideak epe barruan aurkeztu ahal izateko behar besteko aurrerapenarekin".
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren nahitaezko esku-hartzeari buruzko aipamenak Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak 2015eko ekainaren 16an hartutako erabakiaren edukia jasotzen du, Sektore Publikoa Arrazionalizatu eta Administrazioa Eraberritzeko beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legeari dagokionez.
Martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuaren (Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautzen duena) 6.3 artikuluan arautzen da dirulaguntza-deialdiei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzeko prozedura, autonomia-erkidegoek deialdiak onartu ondoren eta deialdia aldizkari ofizialean argitaratu baino lehen aurkeztu gabe.
Estatuko araudi horren arabera, bi argitalpen-prozedura ezartzen dira: batetik, bitartekotzadun prozedura, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren esku-hartzearekin argitaratzea ezartzen duena (berak jakinarazten dio deialdia dagokion aldizkari ofizialari, argitaratu aurretik), eta, bestetik, bitartekotzarik gabeko prozedura, hau da, deialdiak erregistratzeko sistema, dagokion aldizkari ofizialean argitaratzearekiko loturarik gabe, eta aukera ematen duena izapideak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartekotzarik gabe egiteko. Bi sistemek elkar baztertzen dute.
Estatuko Administrazioak, bere barne-antolamenduan, prozedura bat onartu du, Dirulaguntzen eta Laguntza Publikoen Publizitatearen Sistema Nazionalean deialdiak erregistratu eta argitaratzeko modua arautzeko. Sistema horren bidez, autonomia-erkidegoak espresuki erabaki beharko du deialdi horietako informazioa bidaltzeko bitartekorik gabeko prozedura aukeratzen duen.
Horregatik guztiagatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 8. artikuluko 1. apartatuko d) letran ematen zaizkidan eskumenaz baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Erabakitzea bitartekotzarik gabeko prozedurari atxikitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren sektore publikoko entitateek egindako dirulaguntza- eta laguntza-deialdiei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari bidaltzeko.
Bigarrena.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari baimena ematea behar diren jarduerak egin ditzan Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari informazioa bidaltzeko bitartekotzarik gabeko prozedura ezartzeko, bai eta prozedura horren administratzaileari jakinarazteko ere.
Hirugarrena.– Egintza hau informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzeko behar diren akordioak artikulatzeko Itunaren Batzorde Mistoan lortzen den akordioari kalterik eragin gabe hartzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.
RSS