Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2024ko abenduaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5837

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 12koa, HABEko zuzendariarena, helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko beka bat emateko oinarriak onartu eta deia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorraraztekoa eta euskaltegiak araupetzekoak, 2.b artikuluan zehazten du HABEren egitekoen baitan helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerlanaren sustapena eta bere helburuak lortzearren irakasbide eta tresna egokienen bilaketa. Lege honen 12. artikuluak Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzura biltzen ditu egitekook, euskaltegietako irakasleen prestakuntza eta eguneratzearekin batera.

HABEk ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu helduen euskalduntzean, bereziki aniztasun funtzionalaren eremuari erreparatuz, bigarren hizkuntzen ikas-irakas prozesuen eta desgaitasunen eremuekin zerikusia duten gaietan prestatzeko egitasmo zehatzak emanez. Horretarako, ikertzaileen gaikuntzarako beka-deialdia egitea erabaki du. 2024ko maiatzaren 28ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduaren bidez sailaren 2024ko dirulaguntzen urteko plana onartu eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatu zen; plan horretan, hain zuzen ere, honako beka-deialdia aurreikusi zen.

Beka ez da behin betiko ebatziko kreditu egokia eta nahikoa dagoela egiaztatu arte. Bekaren hasiera 2025etik aurrera egiaztatuko da.

Horregatik guztiagatik, eta HABEren arau organikoak onartzen dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Beka baterako (1) oinarriak onartu eta deialdia egitea, helduen euskalduntzearen didaktika aplikatuaren metodologiagintza-eremuan ikertzaileen gaikuntzarako.

Bigarrena.– Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko den abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa aplikatzea.

Hirugarrena.– Interesdunei jakinaraztea Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak, eta bere aurka, administrazio-bidea agortzen ez duenez, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epearen barruan.

Donostia, 2024ko abenduaren 12a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

ERANSKINA
OINARRIAK

I.– Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da helduen euskalduntzearen didaktika aplikatuaren metodologiagintzaren alorrean ikertzaileak gaitzeko beka bat ematea; zehazki, helduen euskalduntzean desgaitasunen bat duten ikasleen egoeraren analisitik abiatuta, bigarren hizkuntzen ikas-irakas prozesuen eta desgaitasun eremuekin zerikusia duten gaiei buruzko prestakuntza eskuratzeko.

II.– Baliabide ekonomikoak.

HABEren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu-kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak berrogeita bost mila eta bostehun euro (45.500 euro) dira guztira, honela banatuta:

1.– Hemezortzi mila eta hirurehun euro (18.300 euro) 2025ean ordaintzeko kredituan.

2.– Hogeita bi mila eta seiehun euro (22.600 euro) 2026ko konpromisozko kredituan.

3.– Lau mila eta seiehun euro (4.600 euro) 2027ko konpromisozko kredituan.

III.– Bekaren edukia.

1.– Beka-hartzaileak helduen euskalduntzearen didaktika aplikatuaren metodologiagintzaren atal jakinetako ikerketan aditu gisa gaitzeko aukera izango du, HABE erakundearen kudeaketan eragina duten alderdi guztiak ikertuz, betiere deialdiaren xedea sustatze aldera.

2.– Beka honen deialdia abian jartzeko helburuak honako hauek dira:

a) Bigarren hizkuntzen irakaskuntzari aplikatutako hizkuntza-espezializazio osagarria lortzea.

b) Hizkuntza-gaitasunaren eta desgaitasunaren eremuei lotutako gaietan aditu gisa prestakuntza osagarria lortzea.

IV.– Onuradun izateko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko den abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzez gain:

a) Gehienez, 35 urte izatea bekaren deialdia egin den urteko urtarrilaren 1ean.

b) Unibertsitateko goi-mailako titulazioa edukitzea, batez ere pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta psikologia arloetakoa. Nolanahi ere, atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluek baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dute eskabidea aurkezten denean.

c) Gutxienez, Euskararen C1 ALTE ezagutza-maila ziurtatzen duen egiaztagiriren baten jabe izatea (C1 maila HABE; EGA; 3. HE– IVAP; C1 maila HEO), edo:

– Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzekoak, araututako unibertsitate-titulu ofiziala izan, lurralde nazional osoan baliozkoa dena, eta ondoren zenbatutako baldintzetakoren bat betetzea:

(Ikus .PDF)

– Edo Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzekoak, araututakoak baino lehenagoko unibertsitate-titulu ofizialetakoren bat izatea; betiere, 2008ko apirilaren 16aren ondoren eskuratutakoa bada eta lurralde nazional osoan baliozkoa, eta ondoren zenbatutako baldintzetakoren bat betetzen bada:

(Ikus .PDF)

d) Eduki berdina edo euskararen irakaskuntzaren arloko prestakuntzarekin lotura duen bekarik jaso gabea izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ez egotea; alegia, honako hauek betetzea:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izatea.

– Zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean ez egotea.

Baldintza horiek beka-eskaera aurkezten den unetik beka bera amaitu arte bete beharko dira.

V.– Bekaren ezaugarriak.

1.– Bekaren iraupena hogeita lau hilabetekoa izango da, onuraduna HABEn hasten den lehen egunetik zenbatzen hasita.

2.– Beka hilero mila zazpiehun eta hemezortzi euroko zenbateko gordina (1.718,00 euro) emanez gauzatuko da, eta zerga-atxikipenak aplikatuko zaizkio, XI.f) puntuan aipatutako txostena aurkeztu ondoren.

3.– Zuzkidura horrez gain, HABEren kontura izango dira ere honako gastu hauek:

– Hileroko zenbateko gordinari aplikatu beharreko Gizarte Segurantzaren kotizazio-gastuak.

– Prestakuntzarekin lotutako ikastaro eta kongresuetako izen-emateen kostuak, bai eta bidaia-gastuak ere, tutorearekin egiten dituen bileretara edo bisitetara joaten denean, gehienez ere 2.000 euroko mugarekin, betiere, gastu horiek egin aurretik, HABEren zuzendaritzak ontzat ematen baditu, eta ondoren bekadunak frogagiriz zuritzen baditu. Bidaia-gastuetarako garraio publikoari emango zaio lehentasuna, eta ezinezkoa bada, autoa erabiltzeagatik zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko 121/2006 Dekretuak ezarritakoa ordainduko da (0,29 euro/km).

4.– Beka hau jasotzen bada, ezin izango da beste erakunderen baten laguntzarik jaso; soilik jaso ahal izango dira, salbuespen moduan, kontu pertsonalei lotutakoak. Era berean, beka bateraezina da onuradunak bere edo besteren baten kontura egindako ordaindutako lanekin.

5.– Beka eman eta gozatzeak, prestakuntzako helburuaz egiten denez, ez du inolako kontratu edo estatutupeko harremanik sortzen HABErekin, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin ere. Administrazioaren bulegoetan arituko den beka-onuradunaren egutegiek, lanaldiek eta ordutegiek ez dute zertan bat etorri Administrazioko langileek dutenekin, lan-kontratudunekin edo funtzionarioekin. Bekadunak egutegi propioa izango du.

6.– HABEko Curriculumaren Garapena eta Prestakuntza Arloko arduradunak tutore-lanak egingo ditu, eta, beraz, bekaren prestakuntza-programak irauten duen bitartean onuraduna gidatu, orientatu eta laguntzeko ardura izango du, eta aurrez finkatutako prestakuntza-helburuak lor ditzan zainduko du.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erantzukizun zibileko eta istripuetarako poliza bat harpidetuko du, bekadunaren alde.

8.– HABEk bekari etekin egokia atera diola frogatzen duen bekadunari ziurtagiria luzatuko dio, horren lekuko.

VI.– Eskariak.

1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi honen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabidea egiteko, Eusko Jaurlaritzako Egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskaera-formularioa bete beharko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1095503

3.– Bi modu daude eskaera-formularioa eta berarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko:

a) Bide telematikoa: eskabidea bide elektronikoz egingo da. Izapidetza-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabide-inprimakira sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1095503

b) Aurrez aurrekoa: eskaria ordenagailuan bete, inprimatu eta sinatu ondoren aurrez aurre aurkeztu beharko da HABEren bulegoetan, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo EAEko erregistro osagarrietan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoetan) edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1095503

Bide telematikoa edo aurrez aurrekoa erabiltzeak, bai eskabideak aurkeztean, bai dokumentazioa aurkeztean, ez du behartzen prozedurako hurrengo izapideetan bide bera erabiltzera, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak ezartzen duen bezala.

4.– Eskabidea bide elektronikoz aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Administrazioak beka ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako Hirugarrenen Erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

6.– Eskabidea eta hari lotutako dokumentazioa Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira, bekaren eskatzailearen aukeran. Halaber, prozeduran zehar, beka eskatzen dutenek aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, 8. puntuan ezarritakoa kontuan izanik:

a) Titulu eta ziurtagiri akademiko pertsonala.

b) Curriculum vitaea, honako hauek zehaztuz:

– Bekaren xede den jakintza-arloetako graduondoko masterrak eta ikastaroak, eta bestelako merezimenduak (akademikoak nahiz metodologiaren ikerketa eta garapenekoak), helduen bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren alorrean.

– Helduei euskara irakasteko jasotako edo emandako ikastaroak.

– Helduei euskara irakasteko metodologiari buruzko argitalpenak.

– Desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioa sustatzeari begira jasotako edo emandako ikastaroak.

– Desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioari buruzko argitalpenak.

– Lan- edo lanbide-esperientzia.

– Hizkuntzak jakitea, lortutako ziurtagiriak edo tituluak adierazita.

– Bekaren xedearekin hertsiki lotutako beste edozein merezimendu.

c) Curriculum vitaean alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.

8.– Eskariarekin batera aurkeztutako agiriak egiazko kopiak izango dira.

Elektronikoki aurkeztutako dokumentuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) PDF formatuan aurkeztuko dira, ahal bada.

b) Aurkeztutako dokumentazio guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

9.– Eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio beka-deialdiaren organo kudeatzaileari dokumentazioa eskuratzeko edo egiaztatzeko (nortasunari, helbideari, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari eta abarri buruzko datuak), bide presentziala zein telematikoa erabilita ere. Eskatzaileak uko egin diezaioke Administrazioak egiaztapena zuzenean egiteari, eta kasu honetan interesdunak berak aurkeztu beharko du dokumentazioa.

10.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

11.– Eskabideak osorik beteta ez badaude edo horiekin batera aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago, HABEk atzemandako akatsa zuzentzeko edo falta den dokumentazioa aurkezteko eskatuko du. Horretarako, hamar eguneko epea emango dio interesdunari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan aurreikusitako baldintzetan eman ondoren ebazpena.

12.– HABEk edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentazioa entregatzeko, egiaztatze aldera.

VII.– Organo kudeatzailea.

1.– HABEko Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Curriculumaren Garapena eta Prestakuntza Arloaren bitartez, deialdi honen kudeaketa- eta egiaztatze-lanak.

2.– Halaber, aipatutako arloa arduratuko da bekadunaren tutoretza-lana bideratzeaz HABEko Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuan.

VIII.– Hautagaien hautaketa.

1.– Merezimenduak baloratzeko Hautapen Batzordea osatuko da honako kideekin:

Mahaiburua:

– Curriculumaren Garapena eta Prestakuntza Arloaren arduraduna: Alex Mungia Idarreta.

Mahaikideak:

– Hizkuntza Teknologien Arloaren arduraduna: Igor Odriozola Sustaeta.

– Metodologia eta Edukien Arloaren arduraduna: Eskarne Lopetegi Zalakain.

– Ebaluazio eta Egiaztatzerako Arloaren arduraduna: Iñaki Villoslada Fernández, batzordeko idazkari.

2.– Hautapen Batzordeak erabaki guztiak gehiengoz hartuko ditu.

3.– Bekadunaren hautapena, ondoren zehaztutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta gauzatuko da:

a) Eskatzailearen espediente akademikoa; pedagogia, hizkuntzalaritza, filologia eta psikologia alorretako ikasketak lehenetsiz. Gehienez, 15 puntu.

(Ikus .PDF)

b) Bekaren xede den irakasgaietako masterrak eta graduondoko ikastaroak, eta beste merezimendu akademiko batzuk edo helduen bigarren hizkuntzak irakasteko metodologiaren ikerketa eta garapenean edota aniztasun funtzionalarenean. Gehienez, 5 puntu.

(Ikus .PDF)

c) Aniztasun funtzionalen eremuan, desgaitasunen bat eta, oro har, premia bereziak dituzten pertsonekiko eskarmentua: gehienez 2 puntu.

d) Euskararen komunikagaitasun-maila. Gehienez, 5 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

C2 ALTE = 4. HE– IVAP; C2 maila HABE; B agiria Euskaltzaindia; apirilaren 3ko 47/2012 eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuen bitartez onartutako salbuespenak = 5 puntu

e) Ingeles-maila. Gehienez 3 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

C1 ALTE= Hizkuntza Ofizialetako C1 mailako agiriak; Advanced; BEC3; BULATS3; ESOL10-11; TRINITY 10-11; TOEFLen 600 puntu baino gehiago ohiko azterketetan = 3 puntu.

B2 ALTE= Hizkuntza Eskola Ofizialetako B2 mailako agiriak; FIRST; BEC2; BULATS3; ESOL 7-9; TRINITY 7-8-9; TOEFLen 310 puntu baino gehiago ohiko azterketetan = 1,5 puntu.

B1 ALTE= Hizkuntza Eskola Ofizialetako B1 mailako agiriak; PET; BEC1; BULATS2; ESOL 5-6; TRINITY 5-6 = puntu 1.

f) Frantses- edota aleman-maila. Gehienez puntu 1, honelaxe baloratuko dena:

C1 ALTE= Hizkuntza Eskola Ofizialetako C1 mailako agiriak = puntu 1.

4.– Hautapen Batzordeak objektibatu egingo ditu beka eskatu duten pertsona guztiek lortutako puntuazioak eta bekaren esleipen-proposamena egingo du lehiaketa bidezko norgehiagoka prozedura jarraituz, eta balizko ukapen edo bestelako gorabeherarik izatekotan, beka eman dakien eskubidea izango duten ordezkoak ere proposatuko ditu dagokien hurrenkeran.

Era berean, Batzordeak baztertu eskaerak eta baztertzeko arrazoiak ere azalduko ditu bere proposamenean, edo horrela estimatuz gero, beka esleitu gabe uzteko proposamena.

5.– Izangaien sailkapen-hurrenkera bakoitzak guztira lortutako puntuazioak emango du, eta, berdinketa gertatzen bada, ondorengo irizpideak erabiliko dira berdinketa hausteko:

a) Aniztasun funtzionalaren eremuarekin lotutako masterra izatea.

b) Aniztasun funtzionalaren eremuan, desgaitasunen bat eta, oro har, premia bereziak dituzten pertsonekiko eskarmentua dela-eta lortutako puntu-kopurua.

c) Aniztasun funtzionalaren arloan izandako ikerketa-eskarmentua dela-eta lortutako puntu-kopurua.

d) Berdinketa hausteko beste irizpiderik behar izanez gero, Hautapen Batzordeak erabakiko du irizpidea, merezimenduen printzipioarekin bat.

IX.– Bekaren esleipena.

HABEko zuzendariak, Hautapen Batzordearen proposamena ikusita, eskariak aurkezteko epea amaitu eta lau hilabeteko epean erabakiko du beka nori eman, baita jakinarazpena bidali ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenean. Jakinarazpen-data EHAAren argitalpen-egunarena izango da (39/2015 Legearen 45.1 artikulua) eta HABEren webgunean ere argitaratuko da. Ebazpen horren aurka, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ordeztu beharra izanez gero, ordezpena gertatzen denean bekadunari beka amaitzeko geratzen zaion tarterako eskubidea aitortuko zaio bekadun berriari, betiere gelditzen den epea hamar hilabetekoa edo luzeagoa bada.

Deialdia hutsik gera liteke, inor aurkeztu ez delako edo hautagai bat bera ere ez delako eskatutako mailara iritsi.

Beka esleitzeko epean dagokion ebazpenik argitaratzen ez bada, eskatzaileek ezetsitzat jo beharko dituzte beka-eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

X.– Bekaren onarpena.

Bekaren onarpena idatziz jakinarazi beharko dio HABEko zuzendariari esleipendunak, hamar egun naturaleko epearen barnean, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, esleipendunak bekari uko egin diolako, hurrengo sailkatuari jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Aldi berean, ondoren zehaztutako erantzukizunpeko adierazpenak eginez:

– Beka emateak dakartzan betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen duela.

– Deialdi honetan finkatutako arauak onartzen dituela.

– Ez duela jaso beka honekin bateraezina den beste erakunde batek emandako laguntzarik.

– Ez duela bere edo besteren baten kontura ordaindutako lanik egiten.

– Familia-egoeraren aitorpena, zerga-atxikipenak kalkulatu ahal izateko.

XI.– Onuradunaren betebeharrak.

Bekadunaren betebeharrak honako hauek dira, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27 eta 42. artikuluetan ezarritakoaren arabera:

a) Beka eman den helbururako erabiltzea.

b) Bekari dagokion jarduera bost egun balioduneko epean hasi beharko du garatzen, beka onartzen duen egunetik kontatzen hasita.

c) Prestakuntza-proiektuaren etapa desberdinak ondo aprobetxatuta bete beharko ditu, HABEko Curriculumaren Garapena eta Prestakuntza Arloak emandako jarraibideak betez.

d) Erabiliko diren datu asko pertsonalak izango direnez, HABEren egoitza barruan bakarrik erabili ahal izango ditu bekadunak eta ezingo ditu kanpora atera edozein delarik erabilitako euskarria edo baliabidea. Hori dela eta, bekadunak HABEren egoitzan gauzatu beharko du prestakuntza-jarduera.

e) Sekretua gorde beharko du beka lortzearen ondorioz jakin dezakeen beste edozein informazio-motari dagokionez, eta, ondorio horietarako, berariazko adostasuna eman beharko du.

f) Hilabete bakoitza amaitzean eta hurrengo hamar egunak igaro aurretik, eta proiektua amaitzean ere, bekadunak egindako prestakuntza-jardueraren eta lortutako emaitzen txostena bidaliko dio HABEko zuzendariari; emaitzok Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko arduradunaren adostasuna edo oniritzia izan beharko dute. Era berean, proiektua amaitzean, bekadunak egindako proiektuaren kopia aurkeztu beharko du jasotako dirulaguntza zuritzearen ondorioetarako bakarrik. Kopia hori entregatzeak ez darama berekin ustiapen-eskubideen lagapena.

g) Bekan landu duenari buruzko argitalpenetan edo inolako publizitatean, HABEren kolaborazioa adierazi beharko du, erakundearen identitate-marka barne.

h) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, bekak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEko zuzendariari.

i) Beka ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri eman beharko dio HABEko zuzendariari.

j) HABEk tutoretza-, kudeaketa- eta kontrol-jardueretarako egingo dituen egiaztapenen menpe egon beharko du, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dion informazio guztia eman beharko du, dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko beren zereginetan ari direnean.

XII.– Baldintzen aldaketa.

Beka emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, dirulaguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere onuradun izateko arauzko oinarriak eta oinarri hauek ezartzen dituzten gutxienekoak betetzen baldin badira.

Halaber, bekadunak jasandako gaixotasunaren edo istripuaren ondorioz baja-egoera aitortzen zaionean, etenda geldituko da prestakuntza-prozesua egoera horrek hilabete baino gehiago irauten badu. Kasu horretan hilabetero egiten zaion ordainketa ere etenda geldituko da, Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion ordainketa-zatia salbu; ordainketa hori ez da etengo. Baja-egoerari dagokion prestakuntza-aldia iraupen guztia osatzeko gelditzen den denboraldian errekuperatuko da; hala ere, baja-egoerak hilabete baino gehiago iraun duen kasuetan, bekadunak beka-iraupenaren data atzeratzeko aukera izango du, gehienez ere prestakuntzaren epealdia etenda egon den epe berdina osatu arte.

XIII.– Ez betetzeak, kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.

1.– Esleipendunak deialdi honetan ezarritako betebeharrak urratzen baldin baditu, HABEko zuzendariak, esleipendunari berari entzunaldi-izapidea eskaini ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak eskatu behar direla adieraziko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko den abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluan ezarritakoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Arau orokor gisa, jasotako zenbateko osoa itzuli beharko da. Hala ere, kasuan kasuko egoeren arabera, jasotako zenbatekoen zati bat itzultzeko erabaki ahal izango du HABEko zuzendariak, izandako aprobetxamenduaren arabera eta uko egiteko arrazoiei erreparatuta.

2.– Izapidetutako espedientearen zioz jasotako zenbatekoak, eta hala badagokio atzerapen-interesak, itzuli behar direla ondorioztatzen bada, ebazpen bat emango da, itzulketa hori egiteko beharrezko informazioa jasoko duena. Dirua bi hilabeteko epean itzuli beharko da, itzuli beharra adierazten duen jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, eta, betiere, kontuan hartu beharko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoa. Dekretu horrek, hain zuzen, Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

3.– Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera.

XIV.– Bekari uko egitea.

Esleipendunak bekari uko egiten badio, idatziz jakinarazi beharko dio HABEko zuzendariari eta aprobetxatu ez den bekaren zatirako V. oinarrian aurreikusten diren eskubide ekonomikoak galduko ditu. Uko egitea beste izapiderik gabe onartuko da. Halakoetan, HABEko zuzendariak ebatziko du Hautapen Batzordeko mahaiburuaren proposamena ikusita, ea beka ordezkoen zerrendan hurrengo puntuazioa duten pertsonei esleitu behar zaion.

XV.– Datu pertsonalen tratamendua.

Beka-deialdi honen kudeaketaren ondorioz eskuratutako datu pertsonalak abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta araututakoari jarraikiz, «Ikerketarako prestakuntza-bekak» izeneko tratamenduan erantsiko dira, Helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko beka tutorizatuen kudeaketa burutzeko.

HABEko zuzendaria izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala