
246. zk., 2024ko abenduaren 19a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (415 KB - 24 orri.)
- EPUB (583 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5834
AGINDUA, 2024ko abenduaren 11koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025eko «Kultura Ondarea Gazte-Saria» deitzen eta arautzen duena.
Deialdi honen helburua da saritzea 2024-2025 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Oinarrizko Lanbide Heziketa Zikloetako lehenengo eta bigarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak; hain zuzen ere, euskal kultura-ondarearen ezagutza hedatzen hobekien laguntzen dutenak.
Sari honen bidez, ikasleen talde-lana sustatuko da (ikastetxeetako irakasleek gidatuko dute lan hori), eta, era berean, sustatuko da kultura-ondarearen ezagutza hedatzea sare sozialen bidez; hain zuzen ere, ekimen horiei tokia eman nahi zaie sariaren blogean (www.kulturaondareasaria.euskadi.eus), eta han geratuko dira artxibatuta aurkeztutako bideoak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak EAEko kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea du xede, eta 3.2.i artikuluan xedatzen du Eusko Jaurlaritzari dagokiola, besteak beste, euskal kultura-ondarea hedatzeko eginkizuna.
Halaber, Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, 6.1.c) artikuluan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitzen dio kultura-ondarearen arloko eskumena.
Bestalde, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eskumena da euskal kultura-ondarea zaintzea, aberastea, babestea, hedatzea eta sustatzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta hura garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoaren arabera.
Nahiz eta aurten deialdiaren izena aldatu den gaztelaniazko «juvenil» eta euskarazko «gazte» terminoak gehituz, deialdia nori zuzenduta dagoen zehazte aldera, dirulaguntza proiektu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (PES 2021-2024) oinarritu da orain arte. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen, zeinak Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen baitu (euskadi.eus webgunean argitaratua). II. eranskinean, deialdia, helburu estrategikoa, pertsona edo erakunde onuradunak eta sariaren helburua jaso ziren.
Deialdia aldez aurretik izapidetu denez, gaur egun oraindik ez da onartu 2025-2029 urteetarako hurrengo plan estrategikoa.
Gaur egun, indarrean daude bai Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 Plan Estrategikoan ezarritako helburu estrategikoa («Euskadiko kultura-ondarea babestea eta haren balioa nabarmentzea»), bai «Kultura Ondarea Gazte-Saria» Sariaren helburuak (Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen duten ikasleak saritzea; hezkuntza-jardueraren ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-gaitasuna, sormena eta gizarte-garapena sustatzea, Euskal Kultura Ondarearen – materiala zein immateriala- ezagutzarekin eta balorizazioarekin lotuta; eta ikasleen talde-lana eta kultura-ondarearen ezagutza sare sozialen bidez zabaltzea sustatzea).
Era berean, adierazi behar da Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluak irekita uzten duela deialdi bat planean aurreikusi gabe onartzeko aukera, betiere deialdi hori beharrezkoa delako arrazoitzen bada.
Horregatik guztiagatik, eta 2025-2029 urteetarako Plan Estrategikoa onartu arte, behar bezala egiaztatutzat jotzen da «Kultura Ondarea Gazte-Saria» ren zortzigarren deialdia egiteko beharra.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2025erako «Kultura Ondarea Gazte-Saria» emateko deialdia egiten duen agindu honen eranskinean jasotako oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 11.
Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
I. ERANSKINA
2025. URTERAKO «KULTURA ONDAREA GAZTE-SARIA» EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK.
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da «Kultura Ondarea Gazte-Saria»ren oinarriak ezartzea eta horretarako deialdia egitea. Sari horren helburua da 2024-2025 ikasturtean Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Oinarrizko Lanbide Heziketa Zikloetako lehenengo eta bigarren mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleak saritzea.
2.– «Kultura Ondarea Saria»ren helburua da hezkuntza-jardueraren ekimena, berrikuntza, ekintzailetzarako gaitasuna, sormena eta garapen soziala sustatzea, Euskal Kultura Ondarearen forma material zein immaterialen ezagutzarekin eta balorazioarekin lotuta. Zehazki:
a) Kultura berritzailea sustatzea eta Euskal Kultura Ondareari buruzko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko egindako ahalegina aitortzea.
b) Euskal Kultura Ondarea ezagutaraztea, euskal hezkuntza-sistematik eta hezkuntza-sistemarako.
c) Hezkuntza-ekimen berritzaileak abian jartzen laguntzea.
d) Gazteek Euskal Kultura Ondareari lotutako ezagutzaren balorizazioan eta eraikuntzan duten zeregina aitortzea.
e) Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea, jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
Agindu honetan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 35.000 eurokoak dira gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden Aurrekontu Orokorren kargura.
3. oinarria.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan 2024-2025 ikasturtean matrikulatutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Oinarrizko Lanbide Heziketa Zikloetako lehenengo eta bigarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute «Kultura Ondarea Saria»-n, baldin eta gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6k osatutako talde batek egindako bi bideo aurkezten badituzte (bideo bat, eta bideo horren making of delakoa).
Ikasle parte-hartzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore batek ordezkatuko ditu. Tutore horrek ordezkaritza-eginkizunak beteko ditu, eta, gainera, parte-hartzaileen lana egiteko prozesua motibatu, gidatu eta koordinatuko du, baina inola ere ez du prozesu horretan zuzenean parte hartuko.
2.– Honako pertsona fisiko eta ikastetxe hauek izango dira «Kultura Ondarea Gazte-Sariaren» onuradun:
a) Hobekien baloratutako bideoak egin dituzten hiru taldeetako kideak (ikasleak eta tutoreak); 2024-2025 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Oinarrizko Lanbide Heziketa Zikloetako lehenengo eta bigarren mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak izan beharko dute.
b) Sariaren onuradunen ikastetxeek egiaztagiri bat jasoko dute.
c) Halaber, edizio honetan bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxea ere onuraduna izango da.
3.– Deialdi honetako sariak eskuratzeko, ezinbestekoa da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuetako baten eraginpean ez egotea.
4.– Halaber, ezin izango dituzte sari hauek eskuratu, kasuan kasuko zehapenak ezartzen duen aldian, sexu-bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsonek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera debeku horrekin zigortutakoek ere.
5.– Agindu honen babesean emandako sariak eskuratzeko, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren ordainketak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
6.– Sarien onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza-eskabidea aurkezten den unetik ematen den sariaren likidaziora arte, agindu honen 16. oinarrian ezartzen den bezala.
4. oinarria.– Proiektuen betekizunak.
1.– Talde bakoitzak bi bideo aurkeztu beharko ditu:
a) 1. bideoa Euskal Kultura Ondarearen elementu bati buruzkoa izango da, ahal dela ikasleen ingurunekoa.
b) 2. bideoan, 1. bideoa egiteko jarraitu den prozesu osoa jasoko da (making of), eta arreta berezia jarriko da lortu nahi diren helburuetan eta erabilitako metodologian.
2.– Bideoaren gaia librea izango da, betiere Euskal Kultura Ondare material eta immaterialarekin zerikusia badu.
3.– Bideoek, gainera, honako baldintza eta betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Jatorrizko eta argitaratu gabeko obra izatea.
b) Bideo nagusiak gutxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu irautea; making of bideoak gutxienez 2 minutu eta gehienez 5 minutu irautea.
c) Bereizmen handiko kalitatea izatea (gutxienez 720 p).
d) Eskubiderik gabeko edukiak erabiltzea (idatzizkoak, soinudunak edo ikusizkoak) edo, bestela, egilearen edo ustiapen-eskubideen titularraren baimena izatea. Kasu horietan, dagokion baimen-agiria bidali beharko da izen-emate eskaerarekin batera.
e) Eskolako curriculumean onartutako edozein hizkuntza edo hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea.
f) Pertsonen oinarrizko eskubide guztiak errespetatzea; ez dira onartuko konnotazio bortitzak, sexistak edo arrazistak dituzten edukiak, besteak beste.
g) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, saritu daitezkeen jardueretan hizkera sexistarik ez erabiltzea. Era berean, jarduera horietan, jarduerak eskaintzean bertan bermatuko da ez dela erabilera estereotipaturik egongo gizonen eta emakumeen rolei dagokienez.
4.– Aurkeztutako bideo guztiak eta sarituak www.kulturaondareasaria.euskadi.eus webgunean egongo dira ikusgai, lurralde historikoen arabera ordenatuta. Horri dagokionez, parte hartzen duen talde bakoitzaren ardura da, bideoetan ager daitezkeen datu pertsonalak ikusita (bideoetan agertzen diren pertsonen irudia barne), datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera beharrezkoak diren adostasun guztiak eskatzea.
5. oinarria.– Saria.
1.– Hiru bideorik onenak (bideo nagusia eta making of bideoa) egin dituzten lantaldeetako kideei emango zaie saria, tutorea eta ikastetxea barne. Honako hauek osatuko dute saria:
a) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Europako hiri edo eskualde batera antolatzen duen 7 eguneko bisita kultural batean parte hartzeko eskubidea. Tokiko gida batek lagunduko die saridunei ibilbide bat egiten. Ibilbide horri esker, aukeratutako lekuko inguru enblematikoenetako batzuk bisitatu ahal izango dituzte, eta beren kulturaren adierazpen esanguratsuak ezagutu. Bidaian garraioa, ostatua, otorduak eta gida sartzen dira, eta ekainean egingo da, ikasturtea amaitu ondoren.
b) Diploma bat lantalde irabazleetako pertsona bakoitzarentzat, baita tutorearentzat ere.
c) Diploma bat talde irabazleen ikastetxeentzat.
2.– Halaber, edizio honetan bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxeari aintzatespen-plaka bat emango zaio.
6. oinarria.– Emateko prozedura.
1.– Deialdi hau lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuz emango da saria, 12. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz eskabideen arteko hurrenkera ezartzeko. Saria baloraziorik onena jaso duten 2 bideoak (tutoreak barne) aurkezten dituzten 3 taldeetako kideei emango zaie, bai eta talde irabazleen ikastetxeei ere.
2.– Aurrekoa gorabehera, edizio honetan bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxea ere sarituko da.
7. oinarria.– Deialdiaren kudeaketa.
Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio, deialdia kudeatzen duen organoa den aldetik, agindu honetan aurreikusitako sariak kudeatzea.
8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea: epea, eskatzailea eta eskabideen onarpena.
1.– Sarian parte hartu ahal izateko, talde parte-hartzaile bakoitzak dagokion eskabidea aurkeztu beharko du, zortzigarren oinarri honetan eta agindu honen bederatzigarren eta hamargarren oinarrietan ezarritakoari jarraituz.
2.– Eskabidean URL bat adieraziko da (baliabideen bilatzaile uniformea), parte hartzen duen taldeak edo ikastetxeak irekitako Youtubeko kanal bat seinalatuko duena, eta talde bakoitzak aurkeztuko dituen bi bideoak (bideo bat eta bere making of-a) jasoko dituena, deialdi honen 4. oinarrian adierazten den bezala.
3.– Eskabideak egiteko eta beharrezko dokumentazioa prestatzeko, parte hartzen duten taldeek Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari baten laguntza teknikoa izango dute.
4.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko martxoaren 21ean amaituko da.
Eskabideak telematikoki eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, honako dekretu honetan jasotakoaren arabera: 91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko dena; edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan.
5.– Parte hartzen duten taldeetako ikasleak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore bat izango da eskatzailea, eta bere izenean egingo du eskaera, bai eta ikastetxearen eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako ikasleen ordezkari gisa ere.
6.– Izapidetze elektronikorako, eskatzaileak identifikazio elektronikorako onartutako eta argitaratutako bitarteko bat izan beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/egoitza-eletronikoa/
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke, helbide elektroniko hauetan:
http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1051306
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/
Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, helbide honetan egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/
7.– 2025eko apirilaren 4an, Kulturako sailburuordearen ebazpena argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan, onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrendarekin, eta, hala badagokio, akatsak edo omisioak zuzentzeko arrazoia eta epea adieraziko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera.
8.– 2025eko apirilaren 28an, akatsak edo omisioak zuzentzeko epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira.
9. oinarria.– Eskabidea zuzentzea.
Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren agiriak falta direla edo horietan formazko akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.
10. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskatzaileari buruzko agiriak:
Eskatzaileak bere nortasuna egiaztatu beharko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako identifikazio-bideetako edozein erabiliz.
Taldeko kideak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutoreak bere izenean egingo du eskaera, bai eta ikastetxearen eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako ikasleen ordezkaritzan ere. Ordezkaritza egiaztatzeko, tutore eskatzaileak ordezkatzen dituen ikasle guztien baimena aurkeztu beharko du, edo, 14 urtetik beherakoak badira, haien legezko tutoreena, bai eta ikastetxeko zuzendariaren gaikuntza ere, bera baita ikastetxearen ordezkaria, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 132.a) artikuluan eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 32. artikuluan oinarrituta.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, eskabidean jasotako lantaldeko kide bakoitzaren eta ikastetxearen erantzukizunpeko adierazpenen bidez, honako baldintza hauek egiaztatuko dira:
a) Eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
b) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
d) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa barne.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, subjektu onuradun izateko proposatzen direnek berretsi egin beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta, dena delako dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
Betekizunak egiaztatzeko eta ofizioz egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoa aplikatuko da. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa da, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
4.– Gainera, eskabide-idazkiarekin batera, eskatzaileak agiri hau ere eman beharko du: taldekide bakoitzaren berariazko baimena, saria izapidetzeko orduan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere datu pertsonalak erabil ditzan.
5.– Eskatzaileen eskura eredu bat jarriko da ordezkaritza egiaztatzeko, taldeko kide bakoitzaren datu pertsonalak tratatzeko berariazko adostasuna lortzeko eta parte-hartzaileek «Kultura Ondarea Gazte-Saria» sariaren onuradun izateko baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela adierazten duten erantzukizunpeko adierazpenak egiteko. Eredu bereizi bat egongo da onuradun mota bakoitzerako: Ikastetxerako eredu bat, zuzendariak sinatu beharko duena; eredu bat, tutoreak sinatu beharko duena; eta eredu bat, taldeko ikasle bakoitzak edo, 14 urtetik beherakoen kasuan, haren legezko tutoreek sinatu beharko dutena.
11. oinarria.– Balorazio-batzordea.
1.– Sarian parte hartzen duten proiektuak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera), aurkezteko epea amaituta eta proiektuak onartu diren ala ez erabaki ondoren.
2.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura Sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez jakinaraziko da. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eratu aurretik.
3.– Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:
– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Lanpostua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera ordezkatuko da.
– Batzordekideak:
• Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.
Ordezkoa: Hezkuntza Berriztatzeko teknikaria.
• EITBko zuzendari nagusia.
Ordezkoa: EITBko Komunikazio Arloko teknikari arduraduna.
• Gaian ospe handia duten bi aditu, Kultura-ondarearen zuzendariak aukeratuta.
• Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikaria.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat izango da balorazio-batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe, eta Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatuko du. Idazkariari dagokio kide anitzeko organoaren jardunen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.
4.– Balorazio-batzordeak, egoki iritziz gero, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan adituak diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
5.– Balorazio-batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria bertan egotea.
6.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egin beharko dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.
7.– Balorazio-batzordeak, ezarritako balorazio-irizpideen arabera, kide bakoitzeko 5 bideo aukeratuko ditu aurrez. Aurrez hautatutako bideo guztiak bilera batean bistaratuko dira, eta bertan puntuaziorik handiena duten 3 bideoak aukeratuko dira.
8.– Balorazio-batzordeak, agindu honen 12. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideetan oinarrituta, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko duen txostena egingo du.
Balorazio Batzordeak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari helaraziko dio txosten hori, eta hark, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
12. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
Aurkeztutako eskabideak irizpide hauen arabera ebaluatuko ditu balorazio-batzordeak:
Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:
1.– Edukia (45 puntu). % 45
a) Edukiek berrikuntza dakarte kultura-ondarearen tratamenduan, ikuspegi eta «begirada» berriak: sormena, bideoa egiteko prozesuari eta/edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna ematen dioten alderdiak. Gai berriak jorratzea baloratuko da, herritarrek gutxiago ezagutzen dituztenak. % 10.
b) Hainbat informazio-iturri erabiltzea: dokumentazio-prozesua, informazio-iturrien bilaketa eta jarraipena, aurkeztutako materiala lantzeko aukeratutako gaiari buruzko dokumentazioa lortzeko. % 10.
c) Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera: aurkeztutako materialaren argitasuna, interesa eta komunikazio-ahalegina. % 10.
d) Gizarte-ingurunearekiko interakzioa, bai informazioa biltzean, bai aurkeztutako materiala grabatzean: Ikerketa-prozesuan, informazioa biltzean eta grabatzean, inguruneko eta hautatutako gaiarekin lotutako pertsona eta eragile garrantzitsuekin elkarreragitea. % 10.
e) Genero-ikuspegia txertatzea: emakumeek euskal kultura-ondareari egiten dioten ekarpenaren balioa nabarmentzea, zabaltzea eta ikusaraztea baloratuko da, bai eta ikerketaren, informazio-bilketaren eta grabazioaren prozesuan iturri femeninoak sartzea ere. % 5.
2.– Forma (25 puntu). % 25.
a) Sormena: bideoa egiteko prozesuari eta/edo azken emaitzari originaltasuna ematen dioten alderdiak baloratuko dira. % 10.
b) Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea: kalitate teknikoa, irudiarena, soinuarena eta edizioarena, betiere kontuan hartuta ez direla bideo profesionalak. % 10.
c) Bideoaren irisgarritasuna erraztea: azpitituluak. % 5.
3.– Proposamenaren balio erantsia (30 puntu). % 30.
a) Bideoaren inpresio orokorra: balorazio orokorra: bideoak ikuslearengan uzten duen inpresioa. % 10.
b) Lehiaketan parte hartzeko jarrera, ideia berriak ekartzea: prozesu parte-hartzailea, talde bat sortzea eta lan-dinamika plurala, non kide guztiek ekitatez eta aktiboki parte hartzen duten lan-prozesuaren fase guztietan. Proiektuaren aurrerapenari buruzko jakinarazpenak (irudiak bidaltzea, making of delakoari buruzko bideo txikiak...), ideia eta iradokizun berriak aurkeztea, horretarako Kultura Ondarea Sariaren sare sozialak eta erakundearekin harreman zuzena (kulturaondareasaria@euskadi.eus) erabili ahal izango dira. % 10.
c) Euskararen erabilera hizkuntza nagusi gisa. % 10.
13. oinarria.– Sarien bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Deialdi honetan aurreikusitako sariak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.
14. oinarria.– Ebazpena.
1.– Kultura Ondarearen zuzendariak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena aztertu ondoren, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, eta Kultura sailburuordeari bidaliko dio espediente osoarekin batera, ebazpen egokia eman dezan. Prozeduran ez denez agertzen interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak besterik, ebazpen-proposamen hori behin betikoa izango da.
2.– Sariak emateko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, eta gehienez sei hilabeteko epean argitaratuko da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.
2. paragrafoan ezarritako gehieneko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek zilegi dute saria jasotzeko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzea.
3.– Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko ‘Nire Karpeta’ atalaren bidez jakinaraziko da: Nire karpeta – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus. Abisu bat bidaliko da pertsona edo erakunde interesdunaren gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, pertsona edo erakunde horrek aldez aurretik jakinarazi badu eskabidean, eta ebazpenaren jakinarazpenaren berri emango zaio. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
Halaber, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin dena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, ondorioz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan deitzen diren sarien pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako saria onartzea. Alde horretatik, sariak eman direla jakinarazi eta hamabost eguneko epean pertsona eta erakunde onuradunek hurrenez hurren berariaz uko egiten ez badiote, dagokien saria onartu dutela ulertuko da.
b) Saritutako ikasleek Gazte Txartela indarrean izan beharko dute bidaian parte hartu ahal izateko. Txartel horrek arriskuak estaltzeko aseguru bat du. Gainerako parte-hartzaileek asegurua izateko eskubidea izango dute.
c) Saritutako taldeetako kide guztiek Europako Osasun Txartela eduki beharko dute.
d) Talde irabazleetako tutoreak edo tutoreek izango dute beren taldea osatzen duten adingabeen tutoretza, eta haien ardurapean bidaiatuko dute. Tutoreak edo tutoreek ezin badute antolatutako bidaiara joan, ikastetxeak, dagokion baimena jaso ondoren, pertsona bat izendatuko du haren ordez joan eta lan hori egiteko.
e) Onuradunek baimena eman beharko diote Eusko Jaurlaritzari, aurkeztutako bideoak hedatzeko. Eusko Jaurlaritzak jendearen eskura jarriko ditu bideook www.kulturaondareasaria.euskadi.eus webgunean.
f) Dirulaguntza eman duen organoak edo erakundeak egin beharreko egiaztapen-jarduketei men egitea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketei ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura jasotako sariei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoei eta finantzazioa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenei ere.
g) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea saria eman duen erakundeari.
h) Saria emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo edo subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea saria eman duen erakundeari.
i) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak egunean dituela egiaztatzea.
j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako hedapen-neurriak hartzea.
k) Hizkuntzaren eta irudien erabilera intersekzionala eta, bereziki, sexuaren eta generoaren ikuspegia errespetatzen dituen erabilera egitea sariaren xede den jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan.
l) Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, saritutako jardunarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean euskararen erabilera bermatzea.
16. oinarria.– Sariak ematea eta likidatzea.
1.– Sariak Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak deitutako aintzatespen publikoko ekitaldian emango dira. Ekitaldi horretan emango dira 5. oinarrian ezarritako sariak.
2.– Sariak, izaeraren arabera, bi une hauetan likidatuko dira:
a) Lantalde irabazleetako kideei (tutoreak barne) eta kide diren ikastetxeei ematen zaizkien diplomak eta ahalik eta bideo gehienekin parte hartzen duen ikastetxerako aintzatespen-plaka likidatutzat joko dira diplomak eta aintzatespen-plaka ematean.
b) Europako hiri edo eskualde batera 7 eguneko bisita kultural batean parte hartzeko eskubidea diren sariak kitatutzat joko dira Europako hiri edo eskualde batera bisita kulturala amaitzean eta Euskal Autonomia Erkidegora itzultzean.
17. oinarria.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
RSS