Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2024ko abenduaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5808

AGINDUA, 2024ko abenduaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, dirulaguntzen deialdia egitekoa Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek 2025eko ekitaldian konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten beren jarduera-eremuan.

Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak dio Eusko Jaurlaritzak hartu beharreko neurriak hartuko dituela lan-esperientziaren eta bide ez-formal zein informalen bitartez ikasitakoa aitortzea sustatzeko.

1/2013 Lege horretan bertan aurreikusten da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak gizarte-eragileen parte-hartzea bideratuko dutela ohiko prestakuntza-sistemetatik kanpo lortutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistemak behar bezala funtzionatzeko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 20 artikuluak dio Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua dela administrazio publikoek, ordezkaritzarik handieneko antolakunde enpresarial eta sindikalek eta lanbide-heziketako eredu konbinatuan espezializatutako ikastetxeek parte hartzeko organoa, zeinean eztabaidatu, adostu eta bilatuko baita lanbide-heziketako politika guztien gaineko akordioa, orokorrean.

Era berean, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak (lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan) Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua konfiguratzen du eta dio aholku-organoa izango dela egin beharreko deialdien plangintzan, eta ebaluatu beharreko pertsona-kopurua, egiaztatu daitezkeen konpetentzia-unitateak eta deialdi bakoitzeko aholkulari eta ebaluatzaileak izendatzeko irizpideak kontsultatuko zaizkiola. Deialdien garapenari buruzko azken txostena jaso behar du eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak kalitatea kudeatzeko sistemari buruzko txostena igorri behar dio, prozedura osoaren xede, helburu eta printzipioak betetzen direla ziurtatuz, eta lortutako emaitzen helburuen arabera ebaluatuta prozedura.

Ikaskuntza ez-formalak aitortzeko prozedura arautzen duen oinarrizko esparruak funtsezko aldaketak izan ditu duela gutxi. Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak (lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ezagutzeari buruzkoak) hasierako bertsioan deialdi puntualen sistema bat aurreikusten zuen, eta ebaluatu eta egiaztatu beharreko konpetentzia-unitateak eta partaide-kopurua mugatzen zituen. Martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuak (1224/2009 Errege Dekretua aldatzen duena) arau horretan sartutako aldaketen ondorioz, prozedurak malgutasun handia du eta lanbide heziketako eskaintzako konpetentzia-unitate guztiak iraunkorrak eta irekiak dira orain. Urrats garrantzitsua da, hautagaiak aukera baitu, bideratu eta aholkatu ondoren, bere profilerako konpetentzia-unitate egokienak zein diren erabakitzeko, eta, ondorioz, horien ebaluaziora bideratu daiteke.

Gure inguruan prozeduraren egokitzapena 2021eko azaroaren 23ko Ebazpenaren bidez egin da, Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariak batera emana, zeinaren bidez lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura ireki eta iraunkorra ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

Prozeduran sartutako funtsezko aldaketez gain, konpetentziak ebaluatu eta egiaztatzeko sistemaren erabilera sustatzeko erabateko borondatea dago, erabiltzaile kopurua nabarmen hazi dadin berehala. Horrek guztiak esan nahi du prozedurarekin zerikusia duten administrazio-organoek nahiz lanbide-heziketako eredu konbinatuko ikastetxe espezializatuek parte-hartze aktiboa izan behar dutela prozedurako zereginetan.

Era berean, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek ahalegin gehigarri handia egin behar dute beren jarduera-eremuan, lanbide-heziketan zerikusia duen gizarte-sareko kide diren heinean; ahalegin horrek prozedurako zereginen garapen eraginkorrari lagundu behar dio eta horrek ondorioak izango ditu gizarte osoan, pertsonen enplegagarritasunean eta euskal enpresen lehiakortasunean aurrera egin ahal izango baita.

Agindu honen bidez ahalegin gehigarri hori babestu nahi da laguntzen bidez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek bitarteko pertsonalak areagotu ditzaten berariaz kontratatuz edo esklusibotasunez esleituz teknikari espezializatuak, beren jarduera-eremuan, gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko sistema sustatu eta bultzatzeko lanak egin ditzaten.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2025. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez onartu baitzen.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuak Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari egiteko hauek egozten dizkio, besteak beste: hezkuntza- eta ekoizpen-sektoreek Lanbide Heziketako ikastetxeetako bizitzan parte har dezaten bultzatzea eta lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aitortzeko ekintzak planifikatzea, Lan eta Enplegu Sailarekin koordinatuta.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten enpresa-erakundeei eta sindikatuei dirulaguntzak emateko deialdia egitea, beren jarduera-eremuan konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurekin zerikusia duten jarduera sustatzaileak eta eragileak garatzeko, baita horiek behar bezala gauzatzeko behar diren koordinazio- eta kudeaketa-lanak egiteko ere.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunak izan daitezke:

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten enpresa- eta sindikatu-erakundeak eta haien erakunde federatuak edo konfederatuak.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Deialdi honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak dira:

a) Dibulgazio-jarduerak aditzera ematen dutenak lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura modu iraunkorrean irekita dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako eskaintzan jasota dauden konpetentzia-unitatea guztietarako.

b) Konpetentziak ebaluatu eta egiaztatzeko sistemaren erabilera sustatu eta pizteko jarduerak, erabiltzaile kopuruan jauzi kuantitatiboa egiten laguntzeko.

c) Apartatu honetako aurreko paragrafoetan definitutako jarduerak behar bezala gauzatzeko erakunde onuradunek egin beharreko zereginak koordinatzea eta kudeatzea.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira aurreko paragrafoan definitutako jarduerak garatzeko berariaz kontratatutako edo esklusibotasunez esleitutako langileen gastuak. Ondorio horietarako, honako hauek izango dira egotz daitezkeen gastuak:

a) Erakunde onuradunaren konturako ordainsariak eta gizarte-kargak.

b) Artikulu honetako 1. apartatuan definitutako jardueren ondorioz berariaz kontratatutakoak edo esklusibotasunez esleitutakoak ohiko lantokitik kanpo joan behar badira, joan-etorri horretako jatordu- eta bidaia-gastuak egotzi ahal izango dira.

Ondorio horietarako, jatordu-gastuak izango dira, banaka hartuta, bazkariak eta afariak.

Bidaia-gastuetan sartuko dira txartelaren gastuak edo, norbere garraiobidea erabiltzearen ondoriozkoak, egindako ibilbidearen kilometroei dagozkienak, baita ibilgailua aparkatzeko egindakoak eta autobideko ordainsariak ere.

3.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira. Alde horretatik, egindako gastutzat joko dira justifikazio-agiria aurkezteko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbatekoa, guztira, laurehun eta hirurogeita zortzi mila eurokoa (468.000,00) izango da.

Agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

5. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

Edonola ere, agindu honen deialdiko dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, interesdunek honako hauek bete behar dituzte:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak (otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.) ezartzen duen bezala. Betekizun horiek emandako dirulaguntza likidatu arte mantendu beharko dira, beraz, dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko unean betetzen direla egiaztatu beharko da.

f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

g) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera.

h) Sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

i) Berdintasun-plana indarrean izateko betebeharra ez betetzea, Estatuko araudiaren arabera, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ez betetzea, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

j) Ez egotea zigortuta Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena ordaindu arte.

k) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota beteta izatea, edo hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatzea.

l) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasoa.

ll) Berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte.

2.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak arautzen du izapidetze elektronikoa (91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko bideari buruzkoa).

3.– Honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak bide elektronikoz izapidetzeko xehetasunak, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217204

4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Izapidetze elektronikoak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (I. eranskina), baldintza guztiak behar bezala beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dituzte, agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez ere hiru pertsonentzako laguntza eskatu ahal izango du. Pertsona bat baino gehiagorentzako laguntza eskatuz gero, bakoitzak Lurralde Historiko desberdinean garatu beharko du bere jarduera.

3.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4.– Eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko inguruabarrak egiaztatuko dira.

5.– Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egin dela egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da administrazio-ziurtagiri positiboen bidez. Ziurtagiri horiek emango dituzten organoek, zergadun- edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean- eskudun diren organoek izango dira. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Interesdunak horren aurka egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera (I. eranskina), honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurarako jarduera sustatzaile eta eragileen plana, eta horiek behar bezala betetzeko beharrezko koordinazio- eta kudeaketa-zereginak, honako elementu hauekin:

– Lortu beharreko helburuen eta jarduera sustatzaile eta eragileak garatzeko egin beharreko ekintzen zehaztapena, eta horiek behar bezala garatzeko beharrezko koordinazio- eta kudeaketa-lanen zehaztapena.

– Jarduera-planaren hedapena egituratzea eta definitzea, eta kontratatu edo esklusibotasunez esleitu beharreko pertsonen eginkizunak eta zereginak zehaztea.

– Euskararen erabilera jarduera-planean, ebidentziak aurkeztuta.

– Jarduera-planean genero-ikuspegia sartzea.

– Esperotako emaitzak eta jarduera-planaren jarraipen eta ebaluazioaren adierazleak.

b) Eskatutako zenbatekoaren zehaztasuna (II. eranskina).

c) Agindu honetako 2. artikuluan definitutako erakunde federatuek edo konfederatuek aurkezten badute eskabidea, izaera horren egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko agiriak aurkez ditzala. Hala egingo ez balu, eskaerari uko diola ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.

10. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza izango da agindu honetan deitutako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

11. artikulua.– Balorazio-batzordearen eginkizuna eta osaera.

1.– Balorazio-batzordearen eginkizuna aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzea izango da.

2.– Balorazio-batzordea honako hauek osatuko dute:

Presidentea: Nicolás Sagarzazu Alzua jauna, Plangintza eta Antolaketako zuzendaria, edo haren ordezkoa.

Bokalak:

Beatriz Aranaga Elorriaga andrea, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Argiñe Lopez Población andrea, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Leire Zelaya Juaristi andrea / Julen San Vicente Martinez jauna, Arabako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Estibaliz Abarrategui Aranceta andrea, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanetan arituko da, hitzarekin baina botorik gabe.

3.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuetan, lege horren 24. artikuluan jasotako errekusazioa sustatu ahal izango da.

12. artikulua.– Zenbatekoa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, lehia bidezko konkurrentzia-prozedura erabiliko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuz emango dira, eta, 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira, puntu 1 eta 10 puntu arteko puntuazioarekin.

Artikulu honetako 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako mugekin esleituko dira laguntzak, baldin eta gutxienez 5 puntu lortu badituzte, eta, aipatutako irizpideak aplikatuz, balorazio onena lortu dituztenak funtsak agortu arte. Hala ere, kreditu nahikoa badago, gutxienez 5 puntu lortzen dituzten eskabide guztiek laguntza jasoko dute gutxienez pertsona bati lotutako kostuei aurre egiteko, janaria eta bidaia barne; ondoren, bigarren eta hirugarren pertsonak kontratatzeko/esleitzeko dirulaguntza, ezarritako balorazio-irizpideetan oinarrituta, oinarriak onartzen duten gehieneko zenbatekoa esleituko zaie funtsak agortu arte, gehieneko puntuazioaren beheranzko hurrenkerari jarraituz.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak garatzeko berariaz kontratatu edo esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzaren gastuak finantzatzeko gehienezko dirulaguntza kontrataziorako/esleipenerako aurreikusitako dataren eta eskabidean adierazitako jarduerak amaitzeko aurreikusitako dataren arabera finkatuko dira (II. eranskina).

Erakunde onuradun bakoitzak diruz lagundu daitezkeen hiru pertsonen gastuen zenbatekoa jaso ahal izango du eta kontratatutako/esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzeko dirulaguntza ezingo da izan urteko 52.000 euroren zenbateko proportzionala baino handiagoa.

3.– Agindu honetako 3. artikuluko 1. apartatuan definitutako jarduerak behar bezala garatzeko berariaz kontratatutako edo esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzaren joan-etorrietako jatordu eta bidaietako gastuak finantzatzeko diruz lagundu daitekeen zenbatekoa honela kalkulatuko da:

a) Bidaia-gastuak diruz laguntzeko, erabilitako garraiobidearen txartelaren zenbatekoa emango da. Joan-etorria norbere garraiobidearekin eginez gero, erakunde eskatzaile bakoitzak xede horretarako ezarritako akordioetan finkatutakoa ordainduko da kilometroko. Horrelakorik ezean, egindako kilometro bakoitzeko zero euro eta hogeita bederatzi zentimo (0,29) ordainduko dira. Kilometroak kalkulatzeko, onuradunaren egoitza soziala izango da abiapuntua. Bizilekutik lantokirako joan-etorrien eta alderantzizkoen gastuak ez dira diruz lagunduko inolaz ere.

Era berean, aparkatzeko eta autobideko gastuak egiaz gastatu eta justifikatutako zenbatekoaren arabera ordainduko dira.

b) Jatorduetarako gastuetan diruz lagundu daitekeen zenbatekoa egiaz gastatu eta justifikatutakoa izango da, eta erakunde eskatzaile bakoitzak xede honetarako akordioetan finkatutako zenbatekoa ezingo du gainditu inolaz ere. Horrelakorik ezean, gehienez ere 21 euro emango dira jatorduko/bazkariko.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Jardueren balorazio-plana irizpide hauei jarraikiz egingo da, dagozkien haztapenak eginda:

a) Helburuen garrantzia eta jarduera-planean zehaztutako ekintzen egokitzapena. Helburuen garrantzia kontuan izango da, deialdiko xedeekin duten loturaren arabera, eta sustatzeko eta eragiteko jarduerak garatzeko egin beharreko ekintza zehatzen egokitasuna baloratuko da (gehienez 3 puntu).

b) Euskararen erabilera jarduera-planean. Alde horretatik, euskararen erabileraren ebidentziak aurkeztu beharko dira (gehienez 0,50 puntu).

c)Jarduera-planean genero-ikuspegia sartzea (gehienez 0,50 puntu).

d) Jarduera-plana hedatu eta egiteko egitura eta metodologia egokitzea (gehienez 3,5 puntu).

e) Jarraipen-adierazleen egokitasuna eta jarduera-planaren ebaluazioa (gehienez 2,5 puntu).

14. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura amaitzea, jakinaraztea eta publikotasun-prozedurak.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz, eta Plangintza eta Antolaketako zuzendariari helaraziko dio.

2.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo izapidegilea den aldetik, behin-behineko ebazpen-proposamena emango du, behar bezala arrazoituta. Bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adierazi beharko dira, baita ebaluazioa egiteko jarraitutako balorazio-irizpideak eta onuradun izateko proposatutako pertsonek baldintza guztiak betetzen dituztela ere.

3.– Ondoren, behin-behineko ebazpena jakinaraziko zaie eskabidea aurkeztu duten pertsonei, agindu honen 6. artikuluan ezarritako bitarteko elektronikoen bidez, eta 10 egun balioduneko epea emango zaie, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko.

4.– Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.

5.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egilea den aldetik, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Lanbide Heziketako sailburuordeari, ebazpena eman dezan.

6.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluaren arabera. Bertan, onuradunen zerrenda jasoko da, lortutako puntuazioa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita, 10 eguneko epean onarpena jakinaraz dezaten. Onartzen ez bada, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

7.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta aurreko apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, erakunde interesdunek dirulaguntza jasotzeko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo dezakete, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honen hurrengo apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkezteko ondorioetarako.

8.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek, 2026ko urtarrilaren 10a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jardueraren memoria: agiri honetan zehatz azalduko dira dirulaguntzaren babesean kontratatutako/esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzak egindako jarduerak, eskabidearekin batera aurkeztutako jardueren planeko ekintzen banakapenaren arabera. Era berean, lortutako emaitzak zehaztuko dira, jarduera-planean ezarritako adierazleen arabera. Dena dela, egindako ekintza-kopurua adierazi beharko da.

b) Memoria ekonomiko justifikatzailea (III. eranskina). Agiri honek dirulaguntzaren babesean kontratatutako/esklusibotasunez esleitutako langileen inguruko gastuen zerrenda izango du. Eranskinarekin batera justifikazio-agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak garatzeko lan-kontratuaren benetako kopia edo, hala badagokio, esleitutako pertsonaren dedikazio esklusiboaren egiaztagiria.

– Dirulaguntzaren aldiari dagozkion nominen benetako kopia, eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak.

– Dirulaguntzaren aldian erakunde onuradunaren edo haren antolakunde federatu edo konfederatuen kargura gizarte segurantzan egindako gastuak egiaztatzeko kotizazio-agiriak.

– Fakturak, dagozkien ordainagiriekin, eta gastuen beste edozein ziurtagiri, legez onartuak, egindako gastuak ziurtatzen dituztenak eta emandako dirulaguntzari egotz dakizkiokeenak.

– Dagokionean, erakunde eskatzaileak jatorduak eta bidaiak konpentsatzeko ezarritako akordioen kopia.

2.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Onuradunek jatorrizko justifikazio-agiri guztiak izan behar dituzte zaintzapean eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura, hark eskatzen baditu ere.

16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da.

a) Lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren, 20.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 15. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

2.– Onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kudeatutako hirugarrenen erregistroan agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da elektronikoki: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

17 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, kobratzeko eskubide osoa galduko da, edo jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34.1, 36.1 eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Aipatutako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrerak hartuko dira legezko ondorio guztietarako, eta horiek kobratzeko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa aplikatuko da.

18. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari. Horretarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

19. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk batera jaso ezina.

Agindu honetan deitutako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.

20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek laguntzaren xede diren jarduerak egin beharra dute.

2.– Halaber, Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte; besteak beste, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamar balioduneko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, ez badute berariaz onartzen emandako dirulaguntza, eskabideari uko egiten diotela ulertuko da.

b) Agindu honen esparruan diruz lagundutako gastuak dituzten pertsonen jarduera finantzatuak kontratatzea edo esklusibotasunez esleitzea, gehienez ere dirulaguntza onartzen denetik edo eskabidean kontratatzeko/esleitzeko aurreikusitako dataren ondorengo 15 egun naturaletan.

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera garatuko duten pertsonak kontratatu edo esklusibotasunez esleitu ondoren, horien nortasunaren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

d) Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egin beharreko egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoei ere.

e) Emandako dirulaguntza justifikatzea 15. artikuluan jasotakoaren arabera.

f) Dirulaguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

g) Lanbide Heziketako Sailburuordetzari jakinaraztea edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik agindu honetan jasotako helburu bererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana, jakin bezain laster, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu aurretik edo erabili diren unean.

h) Lanbide Heziketako Sailburuordetzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo edo subjektibo aldatu dela, horren berri izan bezain laster, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu aurretik edo hura justifikatzeko unean.

i) Dirulaguntzaren ordainketak egiten direnean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehazten den moduan.

j) Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

k) Jasotako dirulaguntzak zabaltzeko neurriak hartzea. Hedapen-neurri horiek honako adierazpen hau euskarri informatikoetan edo bestelakoetan sartzera mugatuko dira: «Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatu du 2025eko deialdian».

21. artikulua.– Jarraipena.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren jarraipena, zuzen betetzen dela bermatzeko.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Lanbide Heziketarekin lotutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Dirulaguntzak, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura sustatu, bultzatu, koordinatu eta kudeatzeko jarduerak gara ditzaten beren jarduera-eremuan.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena.

– DBEO 9.2.b) Lan-zuzenbidearen eta gizarte-segurtasun eta -babesaren eremuko betebeharrak betetzea.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: onuradunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/047400-capa2-eu.shtml.

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan deitutako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 11a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala