
245. zk., 2024ko abenduaren 18a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 17 orri.)
- EPUB (143 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5807
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Magna FV SL enpresak sustatutako Asparrengo (Araba) «Asparrena» instalazio fotovoltaikoaren (4 MW-eko potentzia instalatua) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko uztailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzaren Arabako Ordezkaritzak Asparrengo (Araba) «Asparrena» instalazio fotovoltaikoaren (4 MW-eko potentzia instalatua) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko abuztuaren 30ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. E4 taldea. Energiaren industria: 4.h. Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenean. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek guztira 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute. Kanpo gelditzen dira jada finkatutako lursail urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan kokatutako energia fotovoltaikoko instalazioak.
Proiektatutako instalazio fotovoltaikoak 52.243,13 m2-ko azalera izango du guztira eta bi irletan banatua egongo da. Instalazioaren kanpoaldean, ebakuazio-linea (2.176 m-ko luzerakoa) lurpeko eta aireko trazadura bidez egingo da.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailak sortzeko, ezabatzeko eta aldatzeko eta haien funtzioak eta jarduketa-arloak zehazteko lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera–. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer kondiziotan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluaziokoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, zeinaren bidez ezartzen den Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta haien funtzioak eta jarduketa-arloak zehaztekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, sektore publikoaren araubide juridikoarena eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Asparrengo (Araba) «Asparrena» instalazio fotovoltaikoaren (4 MW-eko potentzia instalatua) proiekturako, honako hauen arabera:
a) Proiektuaren xedea da energia elektrikoa sortzeko instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, «Asparrena» instalazio fotovoltaikoa izenekoa, 4 MW-eko potentzia instalatua izango duena.
b) Ebazpen honetan, «Asparrena» instalazio fotovoltaikoaren (4 MW-eko potentzia instalatua) ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ematen da eta proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektua Asparrengo udalerrian kokatzen da, Iguarte, Ilarra eta Larrabaste aurkintzetan; 52.243,13 m2 ditu.
Proiektuaren helburua da energia elektrikoa sortzeko instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea. Energia hori erdi-tentsioko lurpeko linea elektriko (LSMT) baten bidez ebakuatuko da Altsasu TAko 30 kV-eko Altsasu-Gamarra 1-2 lineara (30 kV).
Proiektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoa 700 Wp-ko Canadian Solar etxearen CS7N modeloko edo antzerako 6.510 modulu fotovoltaikok osatzen dute, eta 4,56 Mwp-ko potentzia-erpina duten eguzki-eremu bat osatzen dute. Instalazio fotovoltaikoa 2 gunetan banatuta dago; batean 4.620 modulu fotovoltaiko daude eta bestean 1.890, eguzki-erradiazioa energia elektriko bihurtzen dutenak, eta korronte jarraitua sortzen dutenak.
Modulu fotovoltaikoak altzairuzko egitura mekaniko finkoetan (ardatz baten jarraitzaileak) muntatuko dira eta hegoaldera begira egongo dira. Inklinazio hori optimoa izango da urtean zehar eguzki-erradiazioaren intzidentzia maximizatzeko, instalazioaren kokapena kontuan hartuta. Euskarri-egituren oinarritarako, lurrean zuzenean sartutako zutoinak erabiliko dira, eta ez dira gehiago zimendatuko.
Mahaien banaketa proiektatzen da errenkaden arteko distantziak eguzki-erradiazioa maximizatzeko, itzalak saihesteko eta igarobideak uzteko. Eremua 9,6 metroko tartearekin diseinatu da, betiere atzeraemanguneak errespetatuz.
Hauek dira proposatutako modulu fotovoltaikoen ezaugarri tekniko nagusiak:
(Ikus .PDF)
Korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko, Sungrow etxearen String SG125HV motako edo antzeko 33 inbertitzaile fotovoltaiko instalatuko dira, eta, haiei esker, instalazioak 4 MW-eko potentzia izendatua izango du. Inbertsoreak lurrean zuzenean sartutako saretazko egituretan jarriko dira.
Inbertitzaile fotovoltaikoek energia elektrikoa korronte alterno bihurtu ondoren, bi transformazio-zentro daude. Haietan kokatuko diren potentzia-transformadoreek sortzen den energiaren tentsioa handituko dute. Bi transformazio-zentro proiektatuko dira; bata 1.200 KVA-koa eta bestea 2.800 KVA-koa. Transformazio-zentroa osatzen duten elementuak zimendutako eraikin prefabrikatu batean kokatuko dira.
Konpainia elektriko banatzaileak ezarritako konexio-baldintzak betetzeko, proiektatzen da Altsasu TAko 30 kV-eko Altsasu-Gamarra 1-2 lineetan sarrera eta irteera egingo duen aginte urruneko ebaketa-zentro independente bat eraikitzea. Proiektatutako ebaketa-zentroa Ormazabalen kanpoalderako pfu-7 modeloa edo antzekoa da.
Instalazio fotovoltaikoaren instalazio elektrikoa bi zatik osatzen dute. Alde batetik, behe-tentsioko korronte zuzeneko zatia dago, modulu fotovoltaikoen eta inbertsoreen arteko konexioari dagokiona. Bestetik, korronte alternoko zatia dago, elementu hauek dituena: inbertitzaileak; transformazio-zentroak, kokapen berean; eta erdi-tentsioko lineak, transformazio-zentroetatik ebaketa-kutxara. Korronte zuzeneko eroaleak kobrezkoak izango dira, eta tentsio erorketak eta beroketak eragozteko sekzio egokia izango dute. Korronte alternoko eroaleak aluminiozkoak izango dira, eta tentsio-erortzeak eta beroketak saihesteko sekzio egokia izango dute. Korronte zuzeneko kableatu guztia egokia izango da kanpoan erabiltzeko –airean edo lurperatuta–, UNE 21123 arauaren arabera. Instalazioak babes-sistemak izango ditu, azaroaren 18ko 1699/2011 Errege Dekretuaren –instalazio fotovoltaikoak behe-tentsioko sarera konektatzeari buruzkoa– 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.
30 KV-eko ebakuazio-linea transformazio-zentro bakoitzetik abiatuko da, lurpean (zanga). Denak elkartu egingo dira, eta horrela iritsiko dira ebaketa-zentrora, eta, ondoren, konexio-puntura. Ebakuazio-linea sare hidrografikoarekin eta errepideekin gurutzatzeko, zulaketa gidatua egingo da, Arakil ibaian izan ezik, airetik gurutzatuko baita. Linea lurpetik airera bihurtzeko, euskarri batean bermatuko da, eta, era horretan, erdi-tentsioko sarearekiko konexioa egingo da. Lurpeko eta aireko ebakuazio-trazadurak 2.176 m-ko luzera du.
Instalazio fotovoltaikorako sarbidea lehendik dauden errepideetatik egingo da. 1. eremura iristeko, A-3020 errepidetik abiatzen diren bideak erabiliko dira, eta, 2. eremura iristeko, A-3012 errepideari lotutako bideak. Instalazio fotovoltaikoak barne-bideen sare bat izango du, gutxienez 3,00 m-ko zabalerakoa, operazio- eta mantentze-lanak egiterakoan igaro ahal izateko, bai eta ibilgailuak igaro eta aldameneko instalazioetara sartzeko ere. Trackeren artean 5,5 metroko korridorekoak egongo dira, bai horizontalak, bai bertikalak. Bi tracker-errenkadako, zabalera bikoitzeko korridore horizontal bat egingo da, 9,6 metroko pitcha duena. Haren sekzioa honela osatuko da: inguruko materialaz egindako azpioinarri bat, 0,20 m-ko lodierakoa eta behar bezala trinkotua, eta 0,20 m-ko lodiera duen zabor-legarrezko errodadurako geruza bat.
Hodi galvanizatuz osatutako hesi perimetral zinegetiko bat proiektatzen da, 3 metrotik 3 metrora H-25 hormigoi-masaz betetako hobietan sartutako neurri hauetako hodiz osatuak: 50 mm-ko diametroa, 12 mm-ko lodiera eta 2,50 m-ko altuera. Bihurdura bakuneko sare galvanizatua jarriko da, 2,40 m-ko altuerakoa. 16 mm2-ko alanbrezko 4 tirante jarriko dira, dagokien tenkagailu eta torlojuekin. Hesiak 0,30 x 0,30 m-ko sarbide txikiak izango ditu, 50 metrotik 50 metrora kokatuak, inguruko animalia txikiei igarotzen uzteko.
Lur-mugimenduak aurreikusten dira barneko bideak egiteko, transformazio-zentroaren zimenduak egiteko eta eroanbide elektrikoen banaketarako zangak egiteko. Zutoinak lurrean zuzenean sartuko direnez, euskarri-egituren zimenduetarako ez da lur-mugimendurik aurreikusten. Hondeaketatik ateratako lurren eta harrien bolumena 2.527,77 m3-koa izango dela kalkulatu da.
5 hilekoa da instalazioa egikaritzeko epea.
Alternatibei dagokienez, hauek jasotzen ditu ingurumen-dokumentuak: 0 alternatiba edo «ez esku hartzea»; erabili beharreko teknologiari dagozkion hiru alternatiba (eguzki-panelen sistema finkoa, ardatz bateko jarraitzaileak, bi ardatzeko jarraitzaileak); instalazioak kokatzeko hiru alternatiba (1. aukera, instalazioak Asparrena ekialdean eta Araia hegoaldean; 2. aukera, instalazioak Zalduondo hegoaldean; 3. aukera, instalazioak Araia mendebaldean); eta, azkenik, aukeratutako kokapenetik abiatuta, ebakuazio-linearako hiru alternatiba.
Ez esku hartzeko aukera baztertu egin da proiektuaren sustatzailearen nahiarekin ez datorrelako, eta, gainera, ez datorrelako bat Europako eta estatu mailako estrategiarekin; hain zuzen, erregai fosiletan edo nuklearretan oinarritutako energia-iturri tradizionalak pixkanaka utzi eta izaera berriztagarriko beste batzuekin ordeztea. Ikuspegi teknologikotik, ardatz bateko eguzki-jarraitzaileak instalatzearen arrazoia da sistema horrek nabarmen areagotzen duela (% 30) elektrizitatearen sorkuntza, sistema tradizional finkoekin alderatuta, eta errendimendua soilik % 5 txikiagoa dela bi ardatzeko jarraitzaileen instalazioekin alderatuta. Gainera, bi ardatzeko sistemak energia gehiago kontsumitzen du, mantentze-lan gehiago behar ditu, ikusmen-inpaktu handiagoa sortzen du (instalazioaren altuera handiagoa) eta lurzoruaren hedadura handiagoa behar du.
Kokapen-alternatibei dagokienez, irizpide anitzeko azterketa egin ondoren, ingurumen-dokumentuak bi argudioren bidez justifikatzen du 1. alternatiba hautatzea: erdi-tentsioko aireko linearen (LAMT) lotunetik gertu dagoelako (beraz, gainerako alternatibek baino askoz trazadura laburragoko ebakuazio-lineak behar ditu) eta instalazioak bi eremutan zatitzeak faunari igarotzen laguntzen diolako.
Azkenik, sortutako energia ebakuatzeko lineetarako trazadurari dagokionez, aukera hauek aztertu dira: batetik, ekoizpen-eremuetatik abiatzen den lurpeko trazadura bat (1. alternatiba), ahal den neurrian lehendik dauden bide eta errepideen ertzetara mugatuta, konexio-puntuaren inguruetaraino, non trazadura, konektatzeko, aireko izatera aldatzen baita, eta, bestetik, trazadura bera, baina linea erabat airetik eginez (2. alternatiba). 3. alternatiba airekoa da ibilbide osoan, eta lehendik dauden bideei atxikitzen ez zaion trazadura du. Ingurumen-dokumentuak 1. alternatiba hautatu izana justifikatzeko argudiatzen du lurperatuta egoteak hegazti-faunaren gaineko eragina eta ikusizko inpaktua murrizten dituela.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremua 52.243,13 m2-koa da; Arabako Asparrena udalerrian dago, batez ere nekazaritzako lurzoruetan. Ebakuazio-linearen azken zatia jarduera ekonomikoetarako nahiz espazio libreen sistema orokorreko hiri-lurzoruetan dago.
– Planaren eremua Arakilgo unitate hidrologikoan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan (ES091). Proiektua, zenbait gunetan, jabari publiko hidraulikoan eta haren zaintza-eremuan gauzatzen da. Proiektuaren 2. eremua Lanbiaran errekaren mugakidea da. Instalazioaren ebakuazio-lineek hiru aldiz gurutzatzen dute sare hidrografikoa: puntu baten, Zirauntzar ibaia (lurrazpitik); beste batean, Lanbiaran erreka (lurrazpitik); eta hirugarren batean, Arakil ibaia (airetik). Horrez gain, Arakil ibaiaren mugakide dira linearen konexio-linearen azken zatia; linearen airetik lurperako bihurketa, euskarri baten bidezkoa; eta erdi-tentsioko aireko linearen (LAMT) konexio-puntua.
EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren kartografiari jarraituz, honela sailkatzen dira errekak eta ibaiak ikuspuntu hidraulikotik: Zirautza ibaia, proiektuarekiko gurutzagunean, 0 mailan (1 eta 10 km2 arteko arroa), eta, puntu horretatik metro gutxi batzuk beherago, 1. mailan (10-50 km2 arteko arroa); Lanbiaran erreka 0 mailan sailkatzen da; eta Arakil ibaia (Ametzaga ere esaten zaio) I. mailan. Ingurumen-alderdiari erreparatuta, Arakil ibaia, erdi-tentsioko aireko linearen (LAMT) lotunetik gertu, leheneratzeko beharra duen ibaiertz gisa sailkatzen da. Arakil ibaiaren eta Lanbiaran errekarekin elkargunetik behera, Arakil ibaia Europako «Natura 2000» sare ekologikoaren barruan dago. Hirigintza-alderdiari erreparatuta, landa-eremu sailkapena dute, eta hiri-lurzoruetan dauden zatietan, hirigintza-garapen berriak izan litzaketen ibaiertz gisa sailkatzen dira.
Bestalde, proiektua Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko (EBE) «hornidura-harguneak dituzten masetan» garatzen da (Arakil ibaia Altzaniaraino, ES091549 kodea). Proiektutik gutxi gorabehera 250 m beherago, ES2110023 KBEa (Arakil ibaia) dago («ingurune urtarrarekin lotutako habitat eta espezieen babes-eremua»). Era berean, proiektutik ekialdera 450 m ingurura, ES2120002 KBEa (Aizkorri-Aratz) dago; hain zuzen, EBEan «beste naturagune babestu batzuk» gisa jasota dagoena.
– Litologia aldetik, pitzaduragatiko iragazkortasun ertain eta baxuko kareharriak, kalkarenitak eta tuparri-kareharriak dira; ibai-ibilguen inguruan, porositatearen ondoriozko iragazkortasun ertaineko alubioi-metakinak garatzen dira, orografia laua osatzen dutenak. Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.
– Proiektua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren (ES091MSBT013) gainean dago, eta Hegoaldeko Antiklinorioaren eremuko lurpeko ur-masen Aldaia sektorearekin gainezartzen da. Proiektuaren eremua interes hidrogeologikoko gune batean dago.
– Instalazio fotovoltaikoan, EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren LPSko kategoria hauetan sartuta dauden lurrak daude: batetik, gaur egun lantzen ari diren nekazaritza-lurrak, Nekazaritza nahiz Abeltzaintzako eta Landazabaleko, Balio Estrategiko Handiko, Nekazaritza nahiz Abeltzaintzako eta Landazabaleko kategorietakoak; bestetik, kategoria hauetako lurzoruak: Basoa eta Basoa - Mendi Barbana. Proiektuan ez dago onura publikoko mendirik.
– Landarediaren ikuspegitik, eta Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren (geoEuskadi) arabera, instalazio fotovoltaikoak zerealei, patatari eta erremolatxari dagozkion laboreak hartzen ditu, batez ere. Proiektuaren 2. eremuaren hegoaldeak Lanbiaran errekako sahastiarekin egiten du muga; 1. eremua, berriz, arbiztien (Brachypodium pinnatum) edo beste larre mesofilo batzuen ondoan eta erkamezti subkantauriar baten ondoan dago. Esandakoa Batasunaren intereseko habitat hauei dagokie: 6210* Albiztiak eta Mesobromion taldeko larreak eta 9240 Erkamezti subatlantikoa; hesitutako esparrutik kanpo geratuko liratekeen arren, lurzati baten barruan daude. Honako leku hauetan, zurzuridi-haltzadi mediterraneoa eta/edo trantsiziokoa dago (Batasunaren intereseko 91E0* Trantsizioko haltzadia habitatari dagokio): ebakuazio-lineak Zirauntzar erreka gurutzatzen duen puntua; konexio-linea; linearen airetik lurperako bihurketa, euskarri baten bidezkoa; Arakil ibaiaren ondoan dagoen erdi-tentsioko aireko linearako (LAMT) konexio-puntua; eta erdi-tentsioko aireko linearen (LAMT) konexio-puntua. Aurkeztutako dokumentazioan aipatzen da bereziki laboreek okupatzen dutela eremua, eta aipatzen da, halaber, proiektuko 1. eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ipar-erdiko zatia SIGPACen «larre» gisa katalogatutako eremuetan dagoela.
– Faunari dagokionez, proiektuaren eremua Bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planaren Interes Bereziko Eremutik (azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduaren bidez onartua, zeinaren bidez Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola Bisoi Europarra Kudeatzeko Plana onartzen baita) ibaian gora joanda, 250 m-ra dago, gutxi gorabehera. Proiektuak ez du zuzeneko kointzidentziarik Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.) izendatutako abifaunaren babes-eremuekin, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen kudeaketa-planeko Interes Bereziko Eremuekin eta Elikadurarako Babes-eremuekin ere. Aurkeztutako dokumentazioan, aipatzen dira Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Lurreko Espezieen Espainiako Inbentarioko (IEET) 10x10 km-ko 30TWN54 UTM gelaxkan egon litezkeen aipatutako espezieak, eta adierazten da haien presentzia baldintzatzen dutela proiektuaren eremuan dauden habitatek eta faktore antropikoek.
– Proiektuaren eremuan badago EAEko azpiegitura berdeko elementu bat: bilbe urdina (Zirauntzar ibaia). Proiektuak naturagune babestuekin zuzeneko kointzidentziarik ez badu ere, Arakil ibaia, 250 m inguru beherago, ES2110023 Arakil Ibaia KBEan sartzen da; gainera, inguruan daude ES2120002 Aizkorri-Aratz KBEa eta ES2110013, Arabako lautadako irla-hariztiak KBEa.
– Proiektuaren eremuan ez dago katalogatutako paisaia-baliorik edo kalifikatutako zein inbentarioa egindako kultura-ondareko elementurik; hala ere, gertu dago Nuestra Señora del Cerro baseliza balizko arkeologia-gunea. Gainera, parkea eta ebakuazio-azpiegitura instalatzea aurreikusten den eremuaren barruan, San Bartolome errotaren azpiegitura hidraulikoa dago; ondasun arkitektonikoa da, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko proposamena duena. Azpiegitura hidrauliko horrek bi osagai ditu: grabitate-presa bat, Araia ibaian (Zirauntzar ere esaten zaio) gora dagoena, eta lurrean egindako ubide bat, presaren hegoaldeko muturretik abiatzen dena eta Araiaren ibilguaren eta A-3012 errepidearen artean doana, errotaren kuboraino. Proiektu honek aurreikusten du Araiaren ibilgua eta A-3012 errepidea PHD bidez (zulaketa horizontal gidatua) gurutzatzea; zulaketa horrek errotaren ubidea ere zeharkatuko du.
Bestalde, parkearen eremutik eta ebakuazio-azpiegituratik kanpo, iparralderago dagoen parke-zatiko lurzatitik 250 bat metrora, Ajuria SA fabrika eta haren garai bateko zentral hidroelektrikoa daude. Azken hori etxebizitza-eraikin gisa birgaituta dago gaur egun (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Asparrengo ondasun arkitektonikoen inbentarioko 35. eta 34. zenbakiak, hurrenez hurren). Lantegi multzo hori garai bateko Leon Ajuriaren Etxeak eta haren kapera pribatu exentuak osatzen dute (Inbentarioko 69. zk.), eta tokiko babesaren behin-behineko proposamena du. Instalazio horiek Ajuria enpresaren ekoizpen-instalazioen eta energia sortzeko azpiegituren multzo ez-jarraitu zabalaren parte dira. Ajuria SA lantegi multzoak babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzearen aldeko balorazioa du.
– Proiektuan badaude energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzearekiko sentikortasun handiko eta maximoko guneak, energia eolikoari eta fotovoltaikoari lotutako ingurumen-zonakatzeko proposamenari dagozkionak, zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratu baitu (Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin. 2022. https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2022/energia-eoliko-eta-fotovoltaikoaren-garapena-eta-horren-bateragarritasuna-eaeko-natura-ondarearen-kontserbazioarekin/web01-a2ingdib/eu/).
– Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuak proposatutako ebakuazio-lineak kointzidentzia du 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denboran uholdeek eragindako lursailekin eta ibai-jatorriko Asparrena UAHEarekin (ES091_ARPS_ARK-0); halaber, 2. eremua eta haren ebakuazio-linea 01009-00019 lurzatiaren ondoan daude, zeina lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan (Ihobe) sartuta baitago. Sismikotasunarekin eta SEVESO enpresen gertutasunak eragindako arrisku kimikoarekin lotutako arriskurik ez da aurreikusten, ez eta salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzearekin lotutako arrisku handirik ere. Proiektuaren eremua errepideen 600 m-ko afekzio-bandak ukitzen du; alde horretatik, proiektuaren eremuaren inguruan A1 da erreferentzia-errepidea, zeina salgai arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskugarritasun handikoa baita. Proiektuan ez dago akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremurik. Azkenik, eta geoEuskadirekin bat etorriz, baso-sute handien arriskua soilik bi gunerekin lotzen da: Lanbiaran errekaren eta Arakil ibaiaren inguruko landaredi multzoekin (hurrenez hurren, sahastia eta zumardi/haltzadi mediterraneoa).
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, hauek izango dira instalazioa eraikitzeak obra-fasean sortuko dituen inpaktu nagusiak: itxitura barruan, belar-sastrakak kentzea, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea, makinen joan-etorria, lurzatiak hesitzea, eguzki-panelei eusteko egiturak instalatzea eta lurpeko instalazioak egitea (behe-tentsioko lineak, zangan); barneko bideak egitea; eta, itxituratik kanpo, ebaketa-zentrorainoko ebakuazio-linea berria instalatzea (zati batzuk zangan eta beste batzuk iltzatze bidez), eta, hortik aurrera, konexio-linea instalatzea. Horrez gain, honako hauek hartu behar dira kontuan: 30 KV-eko Altsasu-Gamarra 1-2 linearekin lotzeko erdi-tentsioko aireko linea-zatirako euskarria instalatzea, Arakil ibaia gurutzatzeko aireko linea instalatzea eta instalazio osagarriak eraikitzea (transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroa). Jarduera horien ondorioz, lehorreko laborantza-lurrak galduko dira (batzuk balio estrategiko handikotzat jotzen dira Nekazaritza eta Basogintzaren LPSaren arabera), eta jabari publiko hidraulikoari eta Batasunaren intereseko habitatei eragingo zaie; haietako batzuk lehentasunezkoak dira, hala nola 91E0* Trantsizioko haltzadia. Era berean, fase horretan, afekzioa espero daiteke atmosferaren kalitatean (obretan atmosferara hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzea), giza habitataren kalitatean (zarata), paisaian eta faunarentzako habitataren kalitatean. Gainera, afekzio horiei gehitu behar zaie baliabideen kontsumoa, kultura-ondarea kaltetzeko arriskua (hurbil dago Nuestra Señora del Cerro baseliza balizko arkeologia-gunea) eta erabilitako makinen istripuzko isurien ondorioz uren kalitatean kaltetzeko arriskua. Horrez gain, lurrak iraultzeak erraztu egingo du, fase honetan, landare-espezie inbaditzaileak sartzea; horrelako espezieak ugaritzeko arrisku-faktorea izango da, beraz.
Proiektatutako jarduketak ikusita, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak jakinarazten du ez dela espero afekzio nabarmenik izatea hurbileko natura-ondarearen eremu babestuetan (ES2110023 Arakil Ibaia KBEa, ES2120002 Aizkorri-Aratz KBEa eta ES2110013 Arabako lautadako irla-hariztiak KBEa). Hala ere, Arakil ibaitik dorretxoraino doan erdi-tentsioko lurpeko linearen azken zatia egiteak, proiektuan planteatuta dagoen bezala, trantsizioko haltzadiari eragingo lioke. Habitat hori Batasunaren 91E0* lehentasunezko intereseko habitata da, eta aipatutako ibaiaren ertzean garatzen da. Beraz, hura kontserbatzeko, inguru horretan proiektua berriz planteatu beharko da.
Nekazaritzako lurzoruen gaineko eraginari dagokionez, eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren txostenean jasotako Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren arabera, Asparrena udalerrirako bateragarritzat jotzen da Nekazaritza eta Basogintzaren LPSko Nekazaritza nahiz Abeltzaintzako eta Landazabaleko lurzoru gisa katalogatutako lurzoruan sortutako inpaktua; hala ere, proiektuan konpentsazio-neurriak sartu beharko dira eragindako lurzoruetarako, eta, bereziki, parke fotovoltaikoak eragindako nekazaritza-ustiategiaren gaineko inpaktua minimizatzeko.
Lurzoruaren okupazioari dagokionez, proiektuko 2. eremuko jarduketen ondoan Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioko (Ihobe) 01009-00019 kokalekua dago, eta, beraz, ekainaren 25eko 4/2015 Legean –Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa– xedatutakoa bete beharko da.
Ondare arkeologikoaren presentzia hurbilari dagokionez, ingurumen-dokumentuak proposatzen du proiektuak eragiten dion eremuaren azterketa arkeologiko bat egitea; hala, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa bete beharko da.
Ebakuazio- eta lotura-lineak ibai-sarearekin gurutzatzeari dagokionez (iltzatze bidez eta aireko linean, hurrenez hurren), eta ebakuazio-lineako zati batzuk uholde-arriskugeneetan egoteari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa bete beharko da: Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenak eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudi espezifikoa.
Instalazio fotovoltaikora (bi irlak), lehendik dauden errepideetatik sartuko da, eta, beraz, bertara sartzeko bide-azpiegitura berriak eraikitzearekin lotutako inpaktuak saihestuko dira.
Proiektuaren arabera, hondeatzearen ondorioz 2.527,77 m3 inguru lur- eta harri-hondakin sortuko da. Haiek balorizatzea ezinezkoa bada, xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Ustiapen fasean, pentsatzen da inpaktu nagusiak eremu horretako jarduera antropikoa handitzeagatik sortuko direla (instalazio fotovoltaikoa kontrolatzeko/kudeatzeko), eta, ondorioz, hondakin gehiago sortuko dela eta eragindako mugikortasuna handitu.
Faunari dagokionez, panel-irlen perimetro-itxiturak ondorioak izan ditzake konektibitate ekologikoan, lehorreko faunarentzat hesi bat izan baitaiteke; beraz, beharrezkotzat jotzen da fauna horrentzat igarobideak uztea. Abifaunari dagokionez, kontuan hartuta instalazio fotovoltaikotik gertu badaudela zenbait gune fauna-intereseko espezie ugari eta askotarikoak erakartzen dituztenak, ingurumen-dokumentuan proposatutako ingurumena zaintzeko plana indartu egin beharko da, aurrerago zehaztuko diren Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak ezarritako irizpideekin.
Era berean, ustiapen-fasean, paisaiaren gaineko inpaktua ez da garrantzitsutzat jotzen, kontuan hartuta, alde batetik, ebakuazio-linearen gehiengoa lurpetik joango dela, eta, bestetik, hesia zuhaixka bidez pantailatzea aurreikusita dagoela bi panel-irletan.
Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioaren bizitza baliagarri osoan. Inpaktua lehengoratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, neurri zuzentzaile soil batzuk hartuta. Hala ere, instalazio fotovoltaikoak urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinean daude jasota (9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, Lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena), I. eranskinean, EJSNko 2009 35.19 kodearekin: Beste mota batzuetako energia elektrikoen ekoizpena. Jardueraren irismenari dagokionez, bizitegi-eraikinetan uko egiten zaio eguzki-energia fotovoltaikoa eraldatuz energia elektrikoa ekoizteari, eta, energia fotovoltaikoa ekoizteko jardueren artean, bihurketa- eta eraldaketa-instalazioak baino ez dira proiektatzen. Beraz, lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena egin eta aurkeztu beharko da.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Asparrengo (Araba) «Asparrena» instalazio fotovoltaikoaren (4 MW-eko potentzia instalatua) proiektuari buruzko ingurumen-ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Lehentasunezko 91E0* BIHa kontserbatzeko, beharrezkotzat jotzen da proiektua birplanteatzea erdi-tentsioko lurpeko linea elektrikoaren (LSMT) azken zatian. Zati hori Arakil ibaiarekiko paraleloan doa, dorretxoraino (ibaiertzeko basoaren mugakide diren 112 metroan zehar); LSMTa Arakil ibaitik urrundu behar da, mugatze-lerrotik 30 metrora atzeratuz, ibaiertzeko basoaren osotasuna errespetatzeko. Horrez gain, bermatuko da laborantza-eremu abandonatuan kokatutako LSMT linearen eta ebaketa-zentroaren trazadurak ez diela eragiten Arakil eta Lanbiaran ibaien ibilguen artean dauden birsorkuntza ekologikoko eremuei.
– Dorretxoaren kokapenari eta lineak Arakil ibaiaren gainean duen aireko tarteari dagokienez, ibaiertzeko basoaren osotasuna bermatu beharko da. Ildo horretan, aireko linea elektrikoek segurtasun-arrazoiak direla-eta zuhaitzik gabeko zerrenda bat behar badute ere, inausketei eman beharko zaie lehentasuna mozketen aurretik, eta azken horiek salbuespena izan beharko dute. Era berean, ibai-ingurunearen gaineko eragina ahal bezain txikia dela ziurtatzeko, eremu horretako jarduketen zuinketa, kasua bada, URAko teknikariek gainbegiratuta egin beharko da.
– Jarduketak gauzatu izanak eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada.
– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.
– Instalazio fotovoltaikoen pantailatzeak 5 metroko zabalera izan beharko du, eta eremuko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiliko dira (harizti eutrofoaren seriea eta erkamezti-subkantauriarraren seriea).
– Hesiaren barruko eremuan, beharrezkotzat jotzen da lehengoratze bat planteatzea, neurri hauek oinarri hartuta:
• Espezie belarkara eta zurkara autoktonoak ereitea (altueragatik panel fotovoltaikoen presentziarekin bateragarriak izan daitezkeen zuhaixkak barne direla).
• Erkamezti subatlantikoaren serieko espezieak dituzten zuhaixka-landaketak, zuhaixka horien presentziak panel fotovoltaikoen funtzionamendua oztopatuko ez duen eremuetan.
– Modulu fotovoltaikoen akaberak islatzearen aurkako tratamendu kimiko bat izan behar du, argiaren isla minimizatuko edo eragotziko duena, baita gauez ilargi betearekin ere, era horretan hegazti urtarrenganako dei-efekturik egon ez dadin, eta instalazioaren ikusizko inpaktua minimizatzeko.
– Proiektuak leheneratze-lanen xehetasunak jasoko ditu, eta xehetasun hauek zehaztuko ditu: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea eta/edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak, etab., eta haiek gauzatzeko aurrekontua ere jasoko du.
– Kontuan hartuta ES2120002 Aizkorri-Aratz KBEa, ES2110023 Arakil KBEa eta ES2110013 Arabako lautadako irla-hariztiak KBEa gertu daudela eta fauna-espezie asko eta askotarikoak erakartzen dituztela (bereziki abifauna), ingurumen-dokumentuan proposatutako Ingurumen Zaintzako Plana (IZP) indartu egin beharko da, horretarako, gutxienez, irizpide hauek txertatuz:
• IZParen indarraldia instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar luzatu behar da (ez bakarrik lehen hiru urteetan, ingurumen-dokumentuak adierazten duen bezala).
• Bisitak, oro har, hamabostean behin egingo dira (ez hilean behin, ingurumen-agirian adierazitakoaren arabera), eta, abifaunaren migrazio-garaietan, astean behin –gutxienez eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioaren (EFVI) funtzionamenduko lehen bi urteetan–. Lehen bi urteetan lortutako emaitzen arabera, bisiten maiztasuna murriztea plantea liteke.
• Jarraipenaren metodologia zehaztu behar da: kontrol-ibilbideak, EFVIan emandako denbora, egin beharreko kontrol mota (gorpuak bilatzea, abifaunaren mugimenduak aztertzea, etab.).
• Faunan aditua diren langile teknikoek egin beharko dute jarraipena.
– Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ez daitezen hedatu lur-mugimenduen bitartez. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen xede diren lursailen leheneratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera.
– Instalazio fotovoltaikoaren perimetro-itxiturak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan beharko du; hesi-efektua saihestu beharko du, eta ingurunean integratu. Ehiza- edo abeltzaintza-sare bat erabiliko da, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena. Ez da erabiliko bihurdura soileko sarerik, ez eta txarrantxa edo bestelako elementu ebakitzailerik ere. Hesiaren behealdea lurretik 20-30 cm altxatuko da, eta «katazulo» erako pasabideak jarriko dira, haien funtzionaltasuna bermatuta.
– Proiektuak sortzen duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu egin beharko da, baldintza naturalei eusteko, eta, horrela, faunaren gaineko eragina nahiz gaueko zeruaren baldintzen gainekoa saihesteko.
– Ustiatze-fasean, instalazio fotovoltaikoaren barruko landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira; ahal dela, ardi-azienda larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen eremuko landaretza kontrolatzeko.
Urak babestera zuzendutako neurriak.
– Kontuan izanik Proiektuaren hegoalderen dagoen «irlak» izenik gabeko ibilgu baten zaintza-eremua hartzen duela eta ebakuazio- eta konexio-lineek (iltzatze bidez eta airetik, hurrenez hurren) kointzidentziak dituztela ibai-sarearekin, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko –Uren Legearen testu bategina eta ondorengo aldaketak onartzen dituena, zeinaren arabera, jabari publiko hidraulikoan nahiz lotutako babes-eremuetan egiten den jarduera orok arroko erakundearen aldez aurreko administrazio-baimena beharko baitu–, Dekretuak aipatzen duen aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Baimena Uraren Euskal Agentziaren aurrean izapidetuko da, zeinak, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko baititu.
– Natura-ondarea babesteko neurrien artean jaso denez, Amezaga ibaitik eta Lanbaran errekatik urrundu beharko da ebaketa-zentroa aireko trazadurarekin lotzen duen zanga; izan ere, EAEko Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plan Sektorialaren (azaroaren 19ko 449/2013 Dekretua) araudiaren C.4 atalean oinarrituta, ibilguaren kanpoko ertzetik 15 metrora jarriko dira ibilguekin muga egiten duten lurpeko azpiegitura linealak, salbu eta lehendik dagoen tokiko bide baten azpian kokatuta joan behar badute. Beraz, baldintza hori bete beharko da bi ibilguei dagokienez.
– Azken euskarria jartzeari dagokionez, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 6., 7. eta 127. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da, ibilguekiko distantziari eta ibilguekiko altuerari dagokionean.
– LSMTa ibilguen azpitik igarotzeko zulaketa horizontal gidatuak (PHD) egiteko, ibaien ur-goraldiak saihestuko dira; izan ere, Zirauntzar ibaiaren kasuan, behinik behin, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskugunean dago zulaketa gidatuaren ekite-putzua.
– PHD zulaketak egiteko lohi bentonitikoak erabiltzeko beharrari dagokionez, arreta berezia jarri beharko da haien erabileran, eta, kasua bada, atxikipen-hesiak jarri beharko dira ibilguetara isuriak saihesteko.
– Bestalde, ebaketa-zentroaren kokapenari dagokionez, teknikari eskudunak inguruaren azterketa hidrauliko bat egin beharko du, analizatzeko ea zentro hori kokatuko den lursailak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskugunean dauden, bai eta lehentasunezko fluxu-eremuaren hedadura zehazteko ere.
– Asparren ekialdeko irlaren metaketa-, bulego- eta hondakin-eremuen artean Lanbaran errekaren ibilgu zaharretik gertu daudenak ibilgutik ahalik eta urrunen kokatu beharko dira, eta hesiak edo beste babes-elementu batzuk jarri beharko dira, errekara istripuzko isuriak saihesteko.
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira. Proposatutako neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak jabari publiko hidraulikora irits ez daitezen.
– Iltzatzeak egitean sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, bai eta, istripuz isurtzen badira, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko ere, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.
– Obrak egin bitartean lursailera edo ibilgu publikoetara isurketak egiteari dagokionez, oroitarazi behar dugu horretarako ere beharko dela isurketa aurretiaz baimentzea, eta baimen horren esparruan ezarriko dira, hala badagokio, egokiak diren arauak.
– Gogoan izan eraikuntza-proiektuak ura hartzea aurreikusten badu, aldez aurretik aldi baterako baimena/emakida eskatu beharko zaiola Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.
– Ibai-saretik hurbil egiten diren obretan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa eskura izan beharko da, istripuzko isuri edo ihesen bat gertatzen bada berehala erabili ahal izateko.
– Ez da egingo lur-bilketarik ibai-ibilguen ingurumarietan.
Lurzoruak babesteko neurriak.
– Lur-mugimenduak minimizatuko dira; horretarako, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta haiek parke fotovoltaikoaren esparruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremuan gauzatuko dira.
– Landare-lurra gaika kenduko da, zangak, transformazio-zentroa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landareztatzeko lanetan berrerabiliko da landare-lur hori. Instalazioko gainerako eremuetan, lurzoruaren gainazaleko horizontea bere horretan utziko da.
Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak.
– Uholde-arriskuguneak ukitzen dituzten ebakuazio-linearen zati batzuei dagokienez, kontuan hartu beharko dira Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetan xedatutakoa eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoa.
Edonola ere, urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren 37.6 artikulua aplikatzeko, uholde-arriskugunean ezingo da inolako hondakinik metatu.
Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren –zeinak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez garatzen baitu– 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
– Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.
– Energia ekoizteko instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu, zeinak I. eranskinaren F taulan jasota baitaude.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Proiektuak Araia edo Zirauntzako ibilgua eta A-3012 errepidea PHD (zulaketa horizontal gidatua) bidez gurutzatzea aurreikusten duenez, zulaketa hori errotaren ubidearen azpitik ere igaroarazi beharko da; beraz, aldez aurretik haren dimentsioak eta ezaugarriak zehaztu eta dokumentatu beharko dira trazaduraren zati horretan, kalteak saihesteko informazio nahikoa izan dadin. Aldez aurreko azterlan hori kultura-ondarearen azterketetan espezializatutako enpresa batek egin beharko du.
– Iparralderen dagoen parkeko irlaren eta Ajuria SAko eraikinen artean dagoen distantzia txikia dela-eta, inguruan duen ikusizko inpaktua aztertu beharko da, eta paisaian integratzeko jarduketen bidez arintzeko neurri zuzentzaileak proposatu.
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Landa-ingurunea babesteko neurriak.
– Nekazaritza-balio handiko lurrak okupatuko direnez, nekazaritza-gaietan eskumena duen foru-organoaren txostena eduki beharko da, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan xedatuta dagoen bezala.
– Proiektuak konpentsazio-neurriak jasoko ditu eragindako nekazaritza-lurzoruentzat, eta, bereziki, parke fotovoltaikoak eragindako nekazaritza-ustiategiaren gaineko inpaktua minimizatzeko.
– Erregistratutako mendi-bideetan edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, eta Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da.
Nolanahi dela ere, eragindako bideak leheneratu egingo dira obrak amaitzean.
Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak.
– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kuboetan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa horiek eragozteko.
– Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kuboetan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituko zaie.
– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
– Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
• Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
• Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.
• Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.
– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Garbitzea eta obra amaitzea.
– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Jarduera etetea.
Jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzekoak, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako eremu guztiak leheneratu beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak aipatutako gaiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak erabakirik hartu behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua egikaritzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Asparrengo (Araba) «Asparrena» instalazio fotovoltaikoaren (4 MW-eko potentzia instalatua) proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzaren Arabako Ordezkaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroak 14a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS